47. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

34E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten baita 2023ko denboraldirako.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko arrantza-baliabideen aprobetxamendua babestu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea, jasangarritasun irizpideen arabera.

Ildo horretan, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 70. artikuluak ezartzen duenez, arrantza-aprobetxamendua antolatzeko, ingurumen gaietako eskumenak dauzkan departamentuko titularrak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

Foru agindu honek, beraz, Nafarroan kirol arrantza garatzeko behar diren zehaztapen eta arauak jasotzen ditu, basa populazioak kontserbatzearekin bateragarri eginez eta baliabidearen jasangarritasuna bermatuz.

Uretako faunaren habitata osatzen duen ibai-ingurunea tentsio handien eraginpean dago aldaketa globalaren ondorioz, eta horrek baliabide horien aprobetxamendua etengabe egokitzera behartzen du. Aldi berean, habitataren baldintzak hobetzeko ahalegin handia eskatzen du, ibaiertzeko formazioak berreskuratuz, arrabalekuak babestuz eta faunaren mugimendu askerako oztopoak kenduz, zeinak baitira, besteak beste, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak duela urte batzuetatik garatzen dituen ekintzak.

Nafarroan, espeziea presente dagoen Europako beste eskualde batzuetan bezala, izokin arrunta kudeatzeko plan bat dago, eta plan hori betetzen ari da. Izokinaren populazio basatia leheneratzea du helburu, denboran zehar bere buruari eutsi ahal izateko, eta izokinaren kirol-arrantza arautzea halako moduan non ez duen helburu hori oztopatzen. Espeziearen monitorizazioa, habitatari eta genetikari buruzko azterlanak, populazioa indartzea eta iragazkortze-ekintzak plan honetan sartzen dira.

Arrain-haztegian arrainkumeak ekoizteko lanez eta urteko birpopulatzeaz gain, aspalditik ari gara espeziearentzat erabilgarria den habitata hobetzen, batez ere izokina zailtasun handirik gabe edo arazo gutxirekin irits daitekeen ibai-tartea handituz. Hori lortzeko, batez ere oztopoak eraitsi behar dira eta, hori ezinezkoa denean, arrainentzako eskailerak eta pasabideak eraiki. Garrantzitsua da azpimarratzea lan honek, batez ere izokinak eragindakoa, ondorioak dituela berarekin bizi diren gainerako arrain-espezieengan ere, eta horrek ibai-habitataren hobekuntza globala dakar.

Lan horiek gorabehera, azken urteetan izokinaren egoerak okerrera egin duela ikusi da, hein batean bere banaketa-eremuaren baldintza klimatiko eta hidrologiko txarrek eraginda. Egoera hori espezieak Atlantikoan presentzia duen hegoaldeko eremu osoan gertatzen da.

2014tik aurrera, izokinaren populazioak behera egin zuen, eta egoera hori areagotu egin da 2018tik aurrera, eta, bereziki, azken bi urteetan; izan ere, igotzen diren izokinen kopurua modu kezkagarrian murriztu da, euri gutxi eta ohiz kanpoko tenperatura altuak izan ditugularik.

Egoera horrek arriskuan jar dezake espeziearen iraupena, eta salbuespenezko neurriak hartzera behartzen du. Horregatik, arrain-haztegian arrainkumeak ekoizten jarraitzeaz, iragazkortze-lanez eta izokina kudeatzeko planean jasotzen diren gainerako neurriez gain, lantalde bat sortzeko lan egiten ari da, LIFE Kantauribai proiektuaren barruan, konponbideak lantzeko inplikatutako eragileekin batera, bai Nafarroakoekin eta Gipuzkoakoekin, bai Frantziakoekin. Horrekin batera, nazioartekoa den tartean, Itsas Komandantziaren eskumenekoan, monitorizatzeaz eta konponbide bateratuak bilatzeaz ere arduratzen da. Gainera, hasi berri den LIFE Kantauribai proiektuak bultzada handia eman behar dio espezie horren habitataren hobekuntzari, batez ere oztopoak kenduz eta beste batzuk iragazkortuz, aprobetxamendu hidroelektrikoen inpaktuak minimizatuz, baita aurreikusten diren ibaiertzeko baso-formazioak hobetuz ere.

Horretaz gain, espezie horren egoeraren larriak eta Bidasoan izokinak irautea arriskuan jartzen duten ale urriek izokinaren arrantzaren geldialdi biologikoa egitera behartzen dute 2023ko denboraldi honetan. Horregatik, espezie hori ez da sartzen arrantza-debekualdien agindu honetan.

Hori horrela, Arrantzako Aholku Batzordearen eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenak ikusirik, eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 70.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2023ko denboraldirako (eranskinean jaso da).

2. Foru agindu hau eta eranskina (debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2023ko denboraldirako) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko otsailaren 14an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

ARRANTZAKO DEBEKUALDIEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRA 2023. URTERAKO

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Foru agindu honen xedea da Nafarroan, 2023an, arrantzarako aprobetxamendugai izaten ahal diren espezieak ezartzea, bai eta eremu, garai, egun eta aldi baliodunak ere, espeziearen edo modalitatearen arabera eta aprobetxamendugai diren espezieak babesteko muga orokorren arabera, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurrien arabera ere.

Era berean, foru agindu honen helburua da espezie exotiko inbaditzaileen populazioak eraginkorki kontrolatzeko neurriak hartzea, eta horretarako, espezie horiek harrapatzea eta, kasua bada, harrapatutako aleak deuseztatzea.

2. artikulua. Arrantza jarduera Nafarroan 2023ko denboraldian.

1. Arrantza jarduera Nafarroan, 2023ko denboraldian, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzkoa, haren erregelamendua eta foru agindu hau.

2. Beste lurralderen batekin muga egiten duten ibai tarteetan, arrantzaleak Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden arauak eta baldintzak bete beharko ditu, arrantza Nafarroan egiten bada.

3. artikulua. Uren zonifikazioa, arrantzaren eta ur bilduen ondorioetarako.

1. Xedapen honen ondorioetarako, eta Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat, Nafarroako ibaien tarteak eta ur-masak honela zonifikatzen dira: salmonidoen eremua eta ziprinidoen eremua.

2. Ur bilduetako arrantzari dagokionez, zer ibilgutan isurtzen duten ura, haien arrain-eskualdeko araudi bera bete beharko da. Arro endorreikoen edo itxien kasuan, ibilgu hurbilenerako aurreikusita dagoen araudi bera izanen du. Esako urtegia ziprinidoen eremutzat jotzen da.

Urtegien, ureztatzeko idoien eta antzekoen kasuan, bildutako uren inguruko perimetrora sartzea ur horien titularrari dagokion eskubidea da, eta, horregatik, bere esku du sartzeko baimena edo debekua ematea. Arrantzarako eskubidea, beraz, jendearentzako sarrera-eskubidearen ondotik helduko da.

4. artikulua. Arrantza baimenak.

Arrantza baimena izateaz gainera, baimendutako edozein espezie harrapatzeko salmonidoen goiko eremuan, izokin-tartean eta ziprinidoen eremuko arrantzarako kirol guneetan, beharrezkoa da eguneko baimen berezia izatea, pertsonala eta besterenezina, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emana.

a) Salmonidoen goiko eremurako baimenak:

16 urtetik beherakoek ez dute baimen hori beharko arrantzan egiteko arro guztietako hirigunearen barreneko ibai tarteetan. Salbuespen hori aplikatuko da soilik salmonidoen goiko eremurako arrantza-denboraldian eta arraina harrapatu eta askatzeko arrantza motan.

Bi baimen izanen dira: arraina harrapatu eta eramatekoa, edo arraina harrapatu eta askatzekoa. Arraina harrapatu eta askatzeko modalitateko baimena eskatuz gero, baimenaren titularra modu horretan baizik ezin izanen da aritu arrantzan. Beste baimena duena, berriz, bi moduetan aritzen ahalko da arrantzan, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako betebeharrak errespetatuz, baina ezin izanen da arraina harrapatu eta askatzeko arrantza modalitateko tarte batean sartu arraina harrapatu eta eramateko arrantza modalitateko baimenarekin.

Hauexek dira arrantza arro bakoitzeko emanen den gehieneko baimen kopurua:

–Baztan-Bidasoa: 9.455 baimen.

–Oria-Urumea: 4.667 baimen.

Honako arro hauetan, harrapatu eta askatzeko modalitaterako bakarrik emanen dira baimenak (salbu amuarrainen arrantza barrutietako zati batzuetan).

–Ega-Urederra: 467 baimen.

  • Zudairiko barrutia: 260 baimen.

–Arakil-Larraun: 882 baimen.

–Arga-Ultzama: 1.115 baimen.

  • Eugiko barrutia: 441 baimen.

–Irati-Erro: 361 baimen.

b) Izokin-tarterako baimenak:

Izokin-tartean debekua egonen da 2023ko denboraldian.

c) Baimenak, ziprinidoen eremuko arrantzarako kirol guneetarako:

Arrantzaleko eta urteko ematen diren baimenek ez dute mugarik izanen urteko. Erabili aurretik gordetzen ahal den baimen kopurua, gehienez, 5ekoa izanen da.

Aurretik ezarritako akordioen arabera, kirol guneen mantentze-lanez arduratzen diren erakundeek lehentasunez eskatzen ahalko dituzte gune horretako zenbait postu.

Postu bakoitzean aritzeko baimena daukan titularraz gain (edo bi titular, baldin eta postua partekatzen badute), beste pertsona batzuk ere aritzen ahalko dira arrantzan postu horretan baldin eta baimenen titularrak han badaude eta horrekin konforme badaude.

5. artikulua. Arrantzatzen ahal diren espezieak.

1. 2023ko denboraldian, arrainen espezie hauek arrantzatzen ahalko dira:

a) Autoktonoak edo bertakoak:

–Graellsko barboa (Luciobarbus graellsii).

–Txipa edo ezkailua (Phoxinus bigerri).

–Zarboa (Gobio lozanoi).

–Tenka (Tinca tinca).

–Amuarrain arrunta (Salmo trutta).

b) Exotikoak:

–Zamo txikiak (Carassius auratus eta beste Carassius batzuk).

2. Horretarako baldintzak betetzen badira, eta foru agindu honetan adierazitako zonetan, exotiko inbaditzaile gisa deklaratutako espezie hauek arrantzatzen ahalko dira:

a) Arrainak:

–Alburnoa (Alburnus alburnus).

–Karpa (Cyprinus carpio).

–Lutxo arrunta (Esox lucius).

–Perka amerikarra edo Black-bass izenekoa (Micropterus salmoides).

–Arrain katua (Ameiurus melas).

–Silurua (Silurus glanis).

–Ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss).

b) Ornogabeak:

–Paduretako karramarroa (Procambarus clarkii).

–Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus).

6. artikulua. Hil beharreko arrainak.

1. Ondoren zehazten diren aleak hil behar dira:

a) Arrain hauek hil behar dira harrapatutakoan:

–Alburnoa.

–Karpa: salmonidoen eremuan arrantzatutako aleak nahitaez hil beharko dira; ziprinidoen eremuan arrantzale bakoitzak aukeratuko du (harrapatutakoan, hil edo itzuli beharko dira, ezin baitira bizirik eduki).

–Urre-arraina eta beste zamo batzuk.

–Lutxoa.

–Perka amerikarra edo Black-bass izenekoa.

–Katu arraina.

–Silurua.

–Ortzadar-amuarraina.

b) Ornogabe hauek hil beharko dira arrantza gunea utzi baino lehen:

–Paduretako karramarroa.

–Karramarro seinaleduna.

2. Era berean, gainerako espezie exotikoak, arrantzarako debekua dutenak, hil egin beharko dira; harrapatu bezain azkar hilko dira foru agindu honetan baimendutakoez bestelako espezieen aleak, horiek uretatik nola edo hala harrapatu, atxiki edo ateratzen direnean.

7. artikulua. Arrantzarako egunak eta orduak.

1. Arrantzarako egunak dira espezie bakoitzarentzat adierazitakoak.

2. Nafarroan arrantzarako ordutegia, karramarroarena alde batera utzita, honako hau izanen da, hilabetez hilabete:

–Martxoan eta apirilean: 07:00etatik 21:00etara.

–Maiatzean, ekainean eta uztailean: 06:30etik 22:30era.

–Abuztuan: 07:00etatik 22:00etara.

–Irailean eta urrian: 07:00etatik 21:00etara.

Urteko gainerako egunetan, eguzkia atera baino ordu bat lehenago hasten ahal da arrantzan, eguzkia sartu eta ordubete pasatu arte (betiere, ordu ofizialaren arabera, 06:00etatik 24:00ak bitarte). Entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baizik ez zaie baimenik emanen ziprinidoen eremuko arrantzarako kirol guneetan adierazitako ordutegitik kanpo arrantzatzeko, Nafarroako Arrantza Federazioan federatuta daudela egiaztatzen badute.

8. artikulua. Arrantza tresnak.

1. Kanabera baino ez da baimenduko arrainen espezieak arrantzatzeko, eta baldintza hauekin:

–Salmonidoen eremuan: arrantzale bakoitzak kanabera bakarra izaten ahalko du eskura; ordezko bat eraman dezake, aparailua muntatuta duela. Arrantzale federatuen kasuan, federatuta daudela egiaztatzen badute, beste bi ordezko eramaten ahalko dituzte, aparailua muntatuta dutela.

–Ziprinidoen eremuan: arrantzale bakoitzak bi kanabera izaten ahalko ditu eskura, gehienez ere.

2. Karramarroak harrapatzeko, sare-saskiak baino ez dira baimentzen. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura, arrantzako baimenaren zenbakia eta arrantzalearen telefono zenbakia.

9. artikulua. Debekatuta dauden harrapaketa metodoak eta baliabideak.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak arrantzarako debekatzen dituen metodoez eta baliabideez gain, honako hauek ere debekatzen dira:

–Mota guztietako sareak, eta selektiboak ez diren gainerako aparailu guztiak.

–Ninfa edo eulia "har" edo "puru"arekin erabiltzea, edo buia edo buldo beruneztatuak edo zamatuak, hondoratzea dakarren edozein materialekin, jaurti eta hondoratu ondoren azalera itzultzea eragozten dela.

–Arrain bizia edo hila beitarako erabiltzea, edozein ale, zati edo eratorri barne. Karramarro aloktonoak arrantzatzeko soilik erabil daitezke merkaturatutako arrain-zatiak.

–Atxamarta bat baino gehiago edo hiru amu arrunt baino gehiago dituzten aparailuak erabiltzea, arrain artifiziala izan ezik, hori ziprinidoen eremuan erabil baitaiteke atxamarta batekin baino gehiagorekin, bestetan ez.

–Ibaia beitaz ereitea arrantzatu aitzin edo arrantzatu bitartean, beita gisa ilean edo hair delakoan sartuta ez dauden boilieen erabilera barne. Entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baizik ez zaie baimenik emanen ziprinidoen eremuko eta Itoizko urtegiko tarteetan ibaia beitaz ereiteko, Nafarroako Arrantza Federazioan federatuta daudela egiaztatzen badute.

–Clonk-a edo ur-jotzailea erabiltzea silurua arrantzatzeko, bai eta arrantzaren beste arte eta osagarri batzuk ere, espezie exotikoen edo inbaditzaileen berariazkoak badira.

Horrez gain, salmonidoen eremuan hauek ere debekatuta egonen dira:

–Garrangadun amuak erabiltzea salmonidoen goiko eremuan.

–Atxamartak erabiltzea, amuarrainen barruti intentsiboetan izan ezik.

–Gazta, gantz solidoak, haragi oreak, arrabak eta "haragiaren harra" edo "asticot" izenekoa erabiltzea, eta, oro har, Nafarroako ibai guztietan, larba, pupa edo ninfak edo bertako faunakoak ez diren espezieak.

10. artikulua. Arraina harrapatu eta askatzeko arrantza.

1. Sare ez-metalikoa duen hargailua erabili beharko da nahitaez, eta gomendatzen da sare horrek korapilorik ez izatea eta harrapatutako arrainak, ahal dela, uretan bertan maneiatzea, haiei kalte ez egiteko.

2. Harrapatutako arrain guztiak berehalaxe itzuli beharko dira uretara, eta behar diren bermeak jarri behar dira hil ez daitezen. Harrapatzean hiltzen direnak ere uretara botako dira, salbu derrigorrez hil behar direnak, foru agindu honetan ezarritakoarekin bat.

3. Ezin izanen da arrainik garraiatu, ezta beste tarte batzuetan harrapatutakoak ere.

4. Salmonidoen eremuan (arrantza barruti naturaletan harrapatu eta askatzeko arrantzarako tarteak barne) eta salmonidoen eremu mistoan, apeu artifizialak erabiliz bakarrik egiten ahalko da arrantzan, gehienez ere hiru apeu artifizial erabiliz aparailu bakoitzean, eta haietako bakoitzean amu soil bakarra, garranga gabea. Arrantza-koilaran, arrain artifizialetan, biniloetan eta abarretan, amu soil bakar bat jartzen ahalko da, garranga gabea.

5. Salmonidoen goiko eremuan, harrapatu eta askatzeko modalitateko baimen batekin baimentzen da arrantzatzea bai harrapatu eta askatzeko tarteetan bai arrantzarako debekurik ez dagoen gainerako tarteetan, betiere baimenean aukeratutako modalitatea errespetatuz.

6. Amuarraina ziprinidoen eremuan arrantzatzeko, salmonidoen eremuan arrantzatzeko baldintza berak bete behar dira, harrapatu eta askatzeari dagokionez.

11. artikulua. Ontzitik edo flotazioko beste sistema batzuetatik arrantzatzea.

1. Nafarroako ur kontinental nabigagarrietan baizik ezin da egin arrantzan ontzitik, ibai-arroaren ardura duen erakundeak ezarritako arau eta baldintzei jarraikiz.

2. Zilegi da bainuaren osagarriak diren flotazio bitarteko edo tresnekin (ahateak edo katamaran-ahatea) arrantzan egitea jabari publiko hidraulikoaren eremuetan, haietan bainatzea debekatuta ez badago.

3. Oro har arrantzarako debekua duten tokiez gain, ez da zilegi ontzitik arrantzan egitea, ez eta bainuaren osagarriak diren flotazio bitartekoekin ere (ahateak edo katamaran-ahatea) toki hauetan:

–Ebro ibaia: Soto de las Norias lekune naturalaren (EN-11) goiko mugatik eta ibaian behera Soto de la Mejana lekune naturalaren (Soto de Traslapuente lekune naturala barne) beheko mugara arteko ibai tartean: ezin izanen da erabili martxoaren 1etik uztailaren 31ra.

–Pulguerko urmaela (RN-35), Tutera.

–Cardeteko urmaela, Tutera.

–Corellako urmaela.

–Valdelafuenteko idoia, Tutera

–Las Estanquillasko idoia, Cintruenigo.

–Cintruenigoko urmaela.

–Arradako aintzira.

–Allozko urtegia: ertzetik 50 metrotik behera dauden tarteetan, Lerateko, Hiriberri Deierriko eta Ugarko bainu-eremuetan. Debekatuta dago ekainaren 1etik irailaren 30era arte.

12. artikulua. Arrainak eduki, garraiatu eta merkaturatzea.

1. Foru agindu honetan aurreikusitakoarekin bat, debekualdiak dirauen bitartean, debekatua dago debekuan diren espezieak eduki, garraiatu, merkaturatu eta jatea, legez arrantzatua dela frogatzen duen dokumentazioa ez baldin badute aldean.

2. Debekatuta dago arrantzatutako arrainak merkaturatzea, espeziea edozein dela ere.

3. Zilegi da foru agindu honen arabera arrantzatzen ahal diren espezie exotiko inbaditzaileen aleak eduki eta garraiatzea, arrainak hilik badaude eta desagerrarazteko toki egoki batean uzteko asmoz edo autokontsumorako harrapatzen badira. Arrantzatzea debekatuta dagoen espezieen kasuan, garraioa baimenduta dago arrainak desagerrarazteko soilik.

13. artikulua. Salbuespeneko neurriak.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, salbuespen gisa, arrantza-denboraldiak eteten ahalko dira, ingurumeneko baldintzek arrain populazioak arrisku larrian jartzen badituzte edo departamentuko kudeaketa-teknikariek eskaturik.

II. KAPITULUA

Arrantzarako espezieak

14. artikulua. Amuarrain arruntaren arrantza.

1. Salmonidoen goiko eremuan:

a) Salmonidoen goiko eremuan arrantzatu ahal izateko, Nafarroako arrantza-baimena izateaz gainera, beharrezkoa da eguneko baimen berezia izatea, pertsonala eta besterenezina. Baimena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emanen du, Internet edo telefono bidez.

b) Salmonidoen goiko eremurako arrantza-denboraldian eta arraina harrapatu eta askatzeko modalitatean bakarrik, 16 urtetik beherakoek ez dute baimen hori beharko hirigunearen barreneko ibai tarteetan, arro guztietan. Hiriguneko tartean debekua duten arro irekietan, debekua errespetatuko da tarte horietan.

c) 15 baimen izanen dira arrantzale eta denboraldiko, eta harrapatu eta eramateko modalitatean gehienez ere 5 baimen emanen dira.

d) Arrantzaleak arrantza-egunetan lortzen dituen arrainen berri eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, dela Interneteko inkestak betez, dela behar bezala betetako baimenak postaz itzuliz.

e) Arraina harrapatu eta eramateko arrantza mota egiten dutenek nahitaez eraman beharko dute aldean ibai-txartela arrantza-egunean. Txartel horretan idatziko dute arrantza egunetan zenbat amuarrain harrapatu dituzten, amuarrainak hartu eta berehala, eta arrainaren tamaina eta ordua apuntatu, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak eta bestelako agintaritzaren agenteek tokian-tokian egiten duten kontrolerako. Ibai-txartel hori Arrantzaren web-orrian aurkitzen ahalko da (https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea). Harrapatu eta eramateko arrantza modalitateko baimena duten arrantzaleek ezin izanen dute arrantzan egin harrapatu eta askatzeko arrantzarako tarteetan.

f) Zonifikazioa: libre da amuarraina harrapatzea salmonidoen goiko eremu guztian, salbu Ezka-Zaraitzu ibaietako arroen tarteetan, han debekatuta egonen baita.

g) Arrantza-denboraldia: maiatzaren 1etik ekainaren 30era. Arrantza-denboraldia uztailaren 15era arte luzatzen ahal da arrazoi hauengatik bakarrik:

I. Denboraldian arrantzatzeko baldintza desegokiak.

II. Uztailaren erdialderako emarien eta tenperaturen aurreikuspenak bereziki kontrakoak ez direnean arrainen populazioetarako.

Denboraldia luzatzen bada, baimen sistema bera aplikatuko da, eta horren bidez eskainiko dira denboraldian erabili gabe dauden baimenak. Arraina harrapatu eta askatzeko modalitatean baizik ez dira eskainiko, eta denboraldia luzatzeko baimen-kopurua 3 izanen da arrantzaleko, denboraldi arruntean erabili dituen baimenak alde batera utzita.

Luzapen hori Ingurumeneko zuzendari nagusiak onetsi beharko du ekainaren 15a baino lehen, eta gehienez ere uztailaren 15era artekoa izanen da. Ebazpena errebokatzen ahalko da baldin eta eguraldiak arriskuan jartzen baditu arrainen populazioak.

h) Arrantza-egunak: asteko egun guztiak, jaiegun ez diren astearteak izan ezik.

i) Neurriak: nola ibilgu nagusietan hala bigarren mailako ibilguetan, gutxienez 23 zentimetro eta gehienez 35 zentimetro.

j) Kupoa: 2 amuarrain, arrantzale eta eguneko. Egun horretan harrapatu eta eramateko kupoa bete duen arrantzaleak ezin izanen du jarraitu beste modalitate batean arrantzatzen.

k) Tresnak: kanabera baizik ez da onartuko, eta bat bakarra arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatuta duela.

l) Amuak eta aparailuak: beita naturalerako amuek gutxienez 20 mm-ko luzera izanen dute, guztira, eta 7 mm-ko zabalera oinean. Salmonidoen goiko eremuan ez da zilegi garrangadun aparailurik erabiltzea. Debekatuta dago atxamartak edo hiru amu arrunt baino gehiago dituzten aparailuak erabiltzea. Arrain artifizialak erabiltzen direnean, hiru amu arrunt eduki beharko dituzte gehienez.

2. Salmonidoen eremu mistoan:

a) Arrantza-denboraldia: apirilaren 1etik uztailaren 31ra, abuztuaren 1etik aurrera eta irailaren 30era arte soilik Irati ibaiaren salmonidoen eremu mistoan (Itoizko eta Nagoreko urtegiak barne) harrapatu eta askatzeko modalitatean (amuarrainen arrantza intentsiborako barrutietan, arrantza-denboraldia otsailaren 1etik azaroaren 30era artekoa da).

b) Arrantza-egunak: asteko egun guztiak, jaiegun ez diren astearteak izan ezik.

c) Neurriak: 20 zentimetro gutxienez eta 35 zentimetro gehienez. Barrutietarako, ikus dagokien apartatua.

d) Kupoa: 2 amuarrain, arrantzale eta eguneko. Egun horretan harrapatu eta eramateko kupoa bete duen arrantzaleak ezin izanen du jarraitu beste modalitate batean arrantzatzen.

e) Tresnak: kanabera baizik ez da onartuko, eta bat bakarra arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatuta duela.

f) Amuak eta aparailuak: debekatuta dago atxamartak edo hiru amu arrunt baino gehiago dituzten aparailuak erabiltzea. Arrain artifizialak erabiltzen direnean, hiru amu arrunt eduki beharko dituzte gehienez.

3. Ziprinidoen eremuan:

Baimentzen da eremu horretan arrantzatzea, arraina harrapatu eta askatzeko arrantza motan soilik, eta 10. artikuluan ezarritako araubide horretako mugekin.

Eremu horretako arrantza barrutietan, amuarrainaren arrantza egiteko, hari dagokion Arrantza Kudeatzeko Plan Teknikoari jarraituko zaio.

15. artikulua. Barboaren, tenkaren, ezkailuaren eta zarboaren arrantza.

a) Zonifikazioa eta arrantza-denboraldia:

–Ziprinidoen eremuan, espezie horiek urte osoan arrantzatzen ahal dira.

–Salmonidoen eremuan, amuarrainaren arrantzarako denboraldi berean harrapatzen ahalko dira. Ez da zilegi zarboa harrapatzea Kantauriko arroetan.

b) Espezie horiek harrapatzeko eta askatzeko modalitatean baino ezin dira arrantzatu.

c) Neurria: ez da behar.

d) Kupoa: ez dago gehieneko kuporik.

e) Tresnak: arrantzale bakoitzak bi kanabera izaten ahalko ditu eskura, gehienez ere, ziprinidoen eremuko ur eta ibaietan. Salmonidoen eremuan bat bakarra izaten ahalko da arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatuta duela.

16. artikulua. Zamo txikien arrantza.

a) Zonifikazioa eta arrantza-denboraldia:

–Ziprinidoen eremuan, espezie horiek urte osoan arrantzatzen ahal dira.

–Salmonidoen eremuan, amuarrainaren arrantzarako denboraldi berean harrapatzen ahalko dira.

b) Neurriak eta kupoa: ez dago inolako debekurik arrainen neurri edo harrapaketa kopuruaren gainean.

c) Tresnak: arrantzale bakoitzak bi kanabera izaten ahalko ditu eskura, gehienez ere, ziprinidoen eremuko ur eta ibaietan. Salmonidoen eremuan bat bakarra izaten ahalko da arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatuta duela.

d) Foru agindu honen 6. eta 12. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

17. artikulua. Arrain exotiko inbaditzaileen arrantza: karpa, perka amerikarra edo black-bass izenekoa, lutxoa, alburnoa, silurua, arrain katua eta ortzadar-amuarraina.

a) Zonifikazioa: ziprinidoen eremuan harrapa daitezke bakarrik, salbu eta perka amerikarra edo black-bass delakoa, Itoizko urtegian ere arrantza baitaiteke, amuarraina urtegi horretan harrapatzen ahal den egun eta baldintza beretan.

b) Arrantza-denboraldia: espezie horiek urte osoan arrantza daitezke.

c) Neurriak eta kupoa: ez dago inolako debekurik arrainen neurri edo harrapaketa kopuruaren gainean.

d) Tresnak: arrantzale bakoitzak bi kanabera izaten ahalko ditu eskura, gehienez ere.

e) Foru agindu honen 6. eta 12. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

f) Ziprinidoen eremuan, arrantzarako kirol guneetan, gauez arrantzatzeko, entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baimena emanen zaie aldi baterako aterpeak jartzeko (bivvy-ak), Nafarroako Arrantza Federazioan federatuta daudela egiaztatzen badute.

18. artikulua. Karramarro exotiko inbaditzaileen arrantza: paduretako karramarroa eta karramarro seinaleduna.

Zonifikazioa: zilegi da karramarroa harrapatzea ibai eta tarte hauetan:

–Ebro ibaia: ibilgu nagusian, eta Lodosatik Arnedorako errepide nazionaleko zubitik ibaian behera ura Ebron isurtzen duten ibaiadarretan; eta ibai horrek zeharkatzen dituen udalerri guztietako ureztatzeko erreten eta ubideetan.

–Ega ibaia: ibilgu guztian eta adarretan, Alloko zentraletik Ebro ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko erreten eta ubideak barne direla.

–Arga ibaia: ibilgu guztian eta adar guztietan, Larragako zubitik Aragoi ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko erretenak, ubideak eta uharkak barne direla.

–Zidakos ibaia: ibilgu guztian eta eskuinaldeko adarretan, ureztatzeko ubide eta erretenak barne, Puiuko eta Tafallako mugatik Aragoi ibaiarekin bat egin arte.

–Aragoi ibaia: ibilgu guztian eta ibaian behera ezkerraldeko adarretan, Galipentzuko Arribako presatik Zarrakazteluko mugaraino, eta ur guztietan, Galipentzu eta Zarrakaztelu arteko mugatik Ebro ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko erreten eta ubideak barne direla.

Barnean gelditzen da idoi, aintzira eta urtegietan egiten den arrantza, hura zilegi den ibai tarte edo adarren arroetan, ur-masa hauetan izan ezik:

–Salobreko edo Las Cañasko urtegia (RN-20 ).

–Juncaleko aintzira (RN-23).

–Pitillasko aintzira (RN-27).

–Agua Saladako idoia (RN-34).

–Pulguerko idoia (RN-35).

–Dos Reinosko aintzira (EN-13).

–Valdelafuenteko idoia.

–Cardeteko idoia (ez da zilegi arrantzan egitea idoiaren mendebaldean).

–Nafarroako ubidea, bai eta ubidearen erregulazio idoi guztiak ere.

Halaber, zilegi da espezie horiek harrapatzea karramarro exotikoen kontrol tarte guztietan. Tarte horien zerrenda 25. artikuluan agertzen da, bakoitzerako ezarritako mugekin batera.

Ur haietatik kanpora, debekatua dago karramarroa harrapatzea.

g) Arrantza-denboraldia: karramarroa urte osoan harrapatzen ahalko da, karramarro exotikoen kontrol tarteetan salbu. Karramarro exotikoen kontrol tarteen barrenean dauden ibai tarteetan, arrantza-denboraldia kontrol tarte horietan karramarroak harrapatzeko ezarritako berbera izanen da.

h) Neurriak eta kupoa: ez dago mugarik, ez kupoan, ez tamainan.

i) Tresnak: karramarroa sare-saskiz baizik ezin da harrapatu. Arrantzale bakoitzak gehienez ere zortzi sare-saski erabil ditzake. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura, arrantzako baimenaren zenbakia eta arrantzalearen telefono zenbakia.

j) Harrapatutakoak berehala hil beharko dira, bertantxe, arrantza egiteko tokitik alde egin baino lehen.

k) Ordutegia, hilabetearen arabera:

–Martxoan eta apirilean: 07:00etatik 21:30era.

–Maiatzean, ekainean eta uztailean: 06:30etik 22:00etara.

–Abuztuan, irailean eta urrian: 07:00etatik 21:30era.

Urteko gainerako egunetan, eguzkia atera baino ordu bat lehenago hasten ahal da, eta sartu ondotik ordu bat pasatzen denean utzi beharko da.

III. KAPITULUA

Araubide bereziko urak

19. artikulua. Aldi baterako debekualdiak.

Debekatua dago aldi baterako arrantzan egitea foru dekretu honen I. eranskinean adierazitako ibai tarteetan eta ur-masetan, babestu beharrekoak direlako.

20. artikulua. Harrapatu eta askatzeko arrantzarako tarteak.

1. Hona hemen harrapatu eta askatzeko arrantzarako tarteak salmonidoen goiko eremuan:

–Bidasoa ibaia: Bertizko zubitik Bidasoak Donezteben Ezkurra ibaiarekin bat egiten duen tokiraino. Luzera: 5,6 km.

–Bidasoa ibaia: Murgesko zentralaren presatik Igantziko errepideko zubiraino (NA-4020). Luzera: 2,7 km.

–Ezpelura ibaia: Donamariako bentetako presatik Ezpelurako zubiraino (Ezkurra ibaiarekin bat egiten duen tokiraino). Luzera: 2,9 km.

–Ezkurra ibaia: ur emaria neurtzeko estazioa dagoen tokitik hasi, Elgorriagako bainuetxearen ondoan, eta Doneztebeko industrialdea hasten den arte. Luzera: 1,4 km.

–Urumea ibaia: Goizuetako Magdalenako zubitik Isillasko errekarekin bat egin arteko tartea. Luzera: 4,0 km.

–Leitzaran ibaia: Leitzako arrain-haztegiko presaren eta Astibia Behekoa baserrirako sarbidea den zubiaren arteko tartea. Luzera: 2,4 km.

–Araxes ibaia: Arribe-Atalluko herrigunetik ibaian behera dagoen zubitik Gipuzkoako mugarainoko tartea. Luzera: 4,7 km.

–Araxes ibaia: NA-7513 errepideak Betelun duen zubitik Arribeko herrigunean dagoen zubiraino. Luzera: 1,4 km.

–Salmonidoen goiko eremuan egonik, debekurik ez duten tarte guztietan, honako arro hauetan, harrapatzeko eta askatzeko modalitatean bakarrik arrantzatzen ahalko da (salbu amuarraina arrantzatzeko barrutien zati batzuetan):

I. Arga eta Ultzama.

II. Ega eta Urederra.

III. Arakil, Larraun eta Basaburua.

IV. Irati, Urrobi eta Erro.

2. Hona hemen harrapatu eta askatzeko arrantzarako tarteak salmonidoen eremu mistoan:

–Irati ibaia: Itoizko urtegiko presarako sarbide den zubitik Artieda eta Geretzen arteko errepideko (NA-2455) zubiraino. Gutxi gorabeherako luzera: 17,4 km.

–Arakil ibaia: NA-7065 errepideak Errotzen duen zubitik NA-7063 errepideak Egillorren duen zubiraino. Luzera: 8,3 km.

–Ega ibaia: Lizarrako batan edo irin fabrikako presatik Lizarrako kiroldegiko zubiraino edo trenbideraino. Gutxi gorabeherako luzera: 0,9 km.

3. Harrapatu eta askatzeko arrantzarako tarteak dira, ziprinidoen eremuan, foru agindu honen 22. artikuluan aipatutako kirol gune guztiak.

21. artikulua. Arrantzan ikasteko eskola eta jaurtiketa praktiketarako eremua.

1. Arrantzan ikasteko eskola Donezteben egonen da, Ezkurra ibaian, hain zuzen ere, Ezkurra ibaiaren eta Ezpelura ibaiaren zubietatik Bidasoa ibairaino.

2. Nafarroako Arrantza Federazioak, arrantzaleen elkarteek, toki entitateek edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatzen dituzten hezkuntza jardueretarako baizik ez da erabiliko, arraina harrapatu eta askatzeko arrantza mota eginez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena badute.

3. Eremu bat ezartzen da euliaren jaurtiketa simulatua praktikatzeko Bidasoa ibaian, Zia errekaren bukaeraren eta Berako San Martin presa zaharraren eraikinaren artean. Apirilaren 1etik urriaren 31ra bitarte erabiltzen ahalko da eremu hori. Erabilitako aparailuek ezin izanen dute inola ere arrainak harrapatzeko amurik edo gailurik izan.

22. artikulua. Arrantzako kirol guneak.

1. Hona hemen arrantzarako kirol guneak salmonidoen goiko eremuan:

–Bertizarana-Bidasoa ibaia: Bertizko zubitik Bidasoak Donezteben Ezkurra ibaiarekin bat egiten duen tokiraino. Luzera: 5,6 km.

–Aribe-Irati ibaia: Hiriberri Aezkoako errota zaharreko presatik Esklusa azpiko presaraino (Aribe). Luzera: 4,1 km.

–Artzibar-Urrobi ibaia: Arrañosin eta Xuringoa erreken elkargunetik, Aurizberriko kanpinaren ondoan, errepideak Urrobi ibaiaren gainean duen zubiraino, Arrietan. Luzera: 7 km.

–Larraingoa-Erro ibaia: Tarteko zubitik hasi eta, NA-2331 errepidearen eta Ardaitzen arteko bidegurutzetik ibaian behera NA-2330 errepidean dagoen zubiraino. Luzera: 4,0 km.

–Kintoa-Arga ibaia/Olazar: Olazar errekako Urtzelgo plazuelatik Sasoaran errekarekin bat egin arte. Luzera: 5,9 km.

2. Hona hemen arrantzarako kirol guneak ziprinidoen eremuan:

–Plazaola-Arga ibaia: Arrotxapeko zubitik Cuatro Vientos zubiraino, Iruñean. Luzera: 1,0 km.

–Hodien oinzubia-Arga ibaia: Cuatro Vientos zubitik Biurdanako presa eta errotaraino, Iruñean. Luzera: 1,0 km. Kanpoan utzita ibai ertzeko tarte hormigoiztatua, Biurdanako presatik ibaian gora eskuinaldean dagoena, eremu hori arrantza sustatzeko gune gisa erabiliko baita.

–Morea-Moreako idoia, Beriainen: idoiaren iparraldeko muturretik (industrialde ondoan) eta mendebaldeko bazterretik jarraituz (dikearen parean) hegoaldeko muturreraino, oinezkoen bidean barna. Luzera: 1,1 km.

–Errekarte-Zidakos ibaia: Errekarte zubitik San Martin Unx-Tafalla NA-132 errepideko zubiraino. Luzera: 1,2 km.

–Soto del Churri-Azkoiengo idoia: Santa Eulaliako lekunearen hegoaldeko idoia, beheko tartea, 260 metrokoa (Argaren lehengo ibilgua). Perimetroa: 0,6 km.

–Arradako aintzira, Arrada. Perimetroa: 1,1 km.

–Gobella-Ebro ibaia: Alcanadreko errepideak Lodosan duen zubitik Electra Sartagudaren presaraino. Luzera: 3,6 km.

–El Marinal-Ebro ibaia: ezkerreko bazterrean, El Marinaletik San Adriángo futbol zelairaino. Luzera: 3,2 km.

–La Barca-Ebro ibaia: ezkerreko bazterreko tartea, La Barcatik (puntu horretatik 100 metro ibaian gora) Errioxako mugaraino (Azagrako La Boleta parajeraino). Luzera: 2,9 km.

–Campiel-Ebro ibaia: ezkerreko bazterreko tartea, Campielgo amildegietatik Machinen presaraino, Azagran. Luzera: 1,5 km.

–Barca Vieja-Ebro ibaia: ezkerreko bazterreko tartea, Tuterako zubitik ibaian behera (NA-8703 errepidea) Soto de Barca Viejaren bukaeraraino, Tuteran. Luzera: 0,9 km.

–La Peñica-Ebro ibaia: eskuin bazterreko tartea, Tuterako zubitik ibaian behera (NA-8703 errepidea) Tuterako El Prado pasealekuaren bukaeraraino. Luzera: 1,1 km.

–Valdelafuente-Valdelafuenteko idoia: Valdelafuenteko trokaren eskuineko bazterreko tartea, Tuteran. Luzera: 0,3 km.

–Barcelosa-Barcelosako urtegia, Tuteran. Perimetroa: 1,6 km.

–Rinuevo-Rinuevo Altoko idoia, Cascanten. Perimetroa: 0,4 km.

–La Estanca-La Estanca urmaela, Corellan: urmael osoa, hego-mendebaldeko ur-bazterraren tartea salbu, la unica almenararen ondoko postuaren eta hegaztien behatokitik gertuko postuaren artean. Perimetroa: 1,4 km.

–La Estanquilla-La Estanquillako urmaela, Corellan. Perimetroa: 1,6 km.

–Las Estanquillasko idoia edo edateko urarena, Cintruénigon. Perimetroa: 1,6 km.

3. Salbuespen gisa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak arrantzarako oro har aldi baterako debekatuta dauden ibai tarteak baimentzen ahalko ditu kirol gune gisa erabiltzeko, baldin eta Nafarroako Arrantza Federazioak ekitaldi horiek Nafarroako txapelketa gisa sailkatuta baditu.

IV. KAPITULUA

Arrantza barrutiak

23. artikulua. Arrantzarako barrutietan arrantzatzeak dituen alderdi komunak.

1. Tarifa murriztuaren onuradun izaten ahalko dira pertsona fisikoak, federatuta badaude eta 65 urtetik gora eta 16 urtetik behera badituzte, baita ongintzako elkarteek antolatutako jardueretan parte hartzen duten beste talde batzuetan dauden pertsonak ere. Aipatu tarifa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean dago aurreikusia.

2. Arrantza barruti naturaletan, barruti osoan arrantzatzen ahalko da harrapatzeko eta askatzeko eguneroko baimen batekin (bai harrapatu eta askatzeko tarteetan bai harrapatu eta eramateko tarteetan), betiere aukeratutako modalitatea errespetatuz.

3. Barrutiaren barreneko edo barrutiarekin muga duten udalerri edo kontzejuetako herritarrak hartuko dira bertakotzat, baita ibaiko salmonidoen tartean dauden sozietate federatuetako kideak ere.

4. Arrantza intentsiborako barrutietan, asteazkenetan 65 urtez goitikoek, 16 urtez beheitikoek eta arrantzale federatuek izanen dute lehentasuna.

5. Sozietate administratzaileek aparkatzeko guneak jarriko dituzte eta barrutietako arrantzaleek derrigor erabili beharko dituzte.

24. artikulua. Amuarrainen arrantza barrutiak.

2023. urterako, ondoan aipatzen diren ibai tarteak eta ur masak amuarrainen arrantza barruti izanen dira:

a) Arrantza barruti naturalak.

–Arrantza-denboraldia bi sektoreetan: maiatzaren 1etik ekainaren 30era, biak barne. Debekatuta dago jaiegun ez diren astearteetan arrantzan aritzea.

I. Eugiko arrantza barruti naturala, Arga ibaian.

Eugiko urtegiko presatik ibaian behera dagoen neurketa-estaziotik (Eugi) Zubiriko burdinazko zubirainoko tartea (Saigots). Luzera: 6,3 km.

Arrantza barrutiaren tarteak:

–Harrapatu eta askatzeko tartea: barruti osoa.

–Baimen kopurua gehienez eguneko (harrapatu eta askatzeko): 8 amuarrain astegunetan eta 11 amuarrain asteburuetan.

–Modalitatea: soilik harrapatu eta askatzea.

II. Zudairiko arrantza barruti naturala, Urederra ibaian.

Bakedaoko zubitik (Bakedao) San Fausto zentralaren Intzurako presarainoko sektorea (Artabia). Luzera: 7,5 km.

Arrantza barrutiaren tarteak:

–Harrapatu eta askatzeko tartea: Bakedanoko zubiaren (Bakedano) eta Zudairiko errotako (Zudairi) presaren arteko sektorea. Luzera: 1,2 km.

–Harrapatu eta eramateko tartea: Zudairiko errotako (Zudairi) presaren eta Intzurako (Artabia) presaren arteko sektorea. Luzera: 6,3 km.

–Baimen kopurua gehienez eguneko (harrapatu eta eramateko modalitatea edo harrapatu eta askatzeko modalitatea): astez 2 harrapatzeko eta eramateko arrantzan, eta 3 harrapatu eta askatzekoan, asteburuetan 3 harrapatzeko eta eramateko arrantzan eta 3 harrapatzeko eta askatzekoan.

–Kupoa: 2 amuarrain, arrantzale eta eguneko.

–Ateratzen denaren neurria: 23 cm baino gehiago eta 35 cm baino gutxiago.

b) Arrantza intentsiborako barrutiak.

–Kupoa: 5 amuarrain, arrantzale eta eguneko.

–Neurriak: 20 zentimetro gutxienez eta 35 zentimetro gehienez. Esako eta Arintzanoko arrantza intentsiborako barrutian, 55 zentimetrotik gorako aleak harrapa daitezke.

–Arrantza-denboraldia: otsailaren 15etik azaroaren 30era. Debekatuta dago jaiegun ez diren astearteetan arrantzan aritzea.

I. Uharteko arrantza intentsiborako barrutia, Arga ibaian.

Akerretako zubiaren (Akerreta) eta Zokorenako presaren (Uharte) arteko sektorea. Luzera: 8,4 km.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 23 arrunt eta 2 bertakoentzat, lanegunetan, eta 40 arrunt larunbat, igande eta jaiegunetan.

–Arrantza-denboraldia: azaroan, arraina harrapatu eta askatzeko modalitatean bakarrik.

II. Arintzanoko arrantza intentsiborako barrutia, Ega ibaian.

Arintzanoko zubiaren (Arintzano) eta Deikazteluko zentraleko presaren (Deikaztelu) arteko sektorea. Luzera: 8,1 km.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 23 arrunt eta 2 bertakoentzat, lanegunetan, eta 45 arrunt eta 5 bertakoentzat, larunbat, igande eta jaiegunetan.

III. Esako arrantza intentsiborako barrutia, Aragoi ibaian.

Rincón del Royotik (Esako urtegiko gainezkabidetik 500 metro ibaian behera) itoaren harria deitutako tokiraino, Esako arrain-haztegitik 150 metro ibaian behera. Luzera: 3,2 km.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 25 arrunt, lanegunetan, eta 45 arrunt larunbat, igande eta jaiegunetan.

V. KAPITULUA

Espezie exotikoen kontrol tarteak

25. artikulua. Karramarro exotikoen kontrol-tarteak.

1. 2023. urterako, ondoan aipatzen diren ibai tarteak eta ur masak izanen dira karramarro exotikoen kontrol tarteak, baldintza hauekin:

a) Karramarro exotikoen Asiaingo kontrol tartea, Arakil ibaian.

–Tokia: Irurtzunen Larraun ibaiarekin bat egiten duen tokitik Asiaingo hodien zubirainoko sektorea. Luzera: 11,5 km.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 30 arrunt.

b) Karramarro exotikoen Egako kontrol tartea, Ega ibaian.

–Tokia: Arabako mugatik (Zuñiga) Alloko zentralerainoko sektorea. Luzera: 54,3 km.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 90 arrunt.

c) Karramarro exotikoen Uharteko kontrol tartea, Arga ibaian.

–Tokia: Akerretako zubitik Uharteko Zokorena izeneko presarainoko sektorea. Luzera: 8,4 km.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 30 arrunt.

d) Karramarro exotikoen Esako kontrol tartea, Aragoi ibaian.

–Tokia: Rincón del Royotik (Esako urtegiko gainezkabidetik 500 metro ibaian behera), Zangozako I. Zentraleko presarainoko tartea (luzera: 9,6 km).

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 30 arrunt.

e) Karramarro exotikoen Soraurengo kontrol tartea, Ultzama ibaian.

–Tokia: Eltzarrain eta Ultzama ibaien arteko elkargunetik Azotzerako NA-4251 errepideko zubiraino. Luzera: 9,24 km.

–Baimenen gehieneko kopurua eguneko: 30 arrunt.

2. Karramarro exotikoen kontrol tarteetarako arau komunak.

–Harrapatu nahi diren espezieak: karramarro seinaleduna eta paduretako karramarroa.

–Aparailuak: arrantzale bakoitzak hiru sare-saski erabiltzen ahal ditu gehienez ere. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura eta nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia.

–Kupoa: ez dago gehieneko kuporik.

–Neurriak: ez da finkatu harrapatutakoaren gutxieneko neurririk.

–Arrantza-denboraldia: ekainaren 15etik urriaren 15era arte, asteko egun guztietan, jaiegun ez diren astearteetan izan ezik.

–Ordutegia: 16:00etatik 21:00etara.

VI. KAPITULUA

Arrantzako kirol-lehiaketak

26. artikulua. Arrantzako kirol-lehiaketak.

1. Honako hau jotzen da arrantzako kirol-lehiaketatzat: Nafarroako Arrantza Federazioaren lehiaketa erregelamenduak arautzen duen edozein proba, federazioaren babespean edo gainbegiradapean egiten dena eta federazioaren egutegi ofizialean sartuta dagoena.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimenduko ditu Nafarroako Arrantza Federazioak sustatutako edo babestutako kirol-lehiaketak.

3. Kirol-lehiaketek Nafarroako Arrantza Federazioaren arauei jarraituko diete, betiere foru agindu honetan ezarritakoarekin bat.

27. artikulua. Arrantzaren espezialitateak kirol-lehiaketetan.

1. Kirol-lehiaketetako arrantza eta federatutako arrantzaleen entrenamenduak foru agindu honetan xedatutakoari jarraikiz eginen dira, eta berezitasun hauekin:

–Parte-hartzaileek beste kanabera batzuk izaten ahal dituzte muntaturik, unean-unean erabiltzen ari direnaz gain.

–Beita botatzea baimenduta dago.

–Carp Fishing modalitatean, lehiaketa horrek bere ordutegia izanen du.

–Barboak, tenkak eta karpak harrapatzen ahalko dira neurririk eta kuporik gabe, eta uretara itzuliko dira lehiaketa edo entrenamendu-fasea amaitzean; horretarako, sare-saskiak edo vivariumak erabiltzen ahalko dira.

2. Arrantzako kirol-lehiaketak egiten diren egunetan, lehiaketatik kanpoko arrantzaleek ezin izanen dute arrantzarik egin tarte horretan. Lehiaketa egutegia departamentuaren webgunean argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea.

3. Espezie exotiko inbaditzaileak hiltzeari dagokionez, foru agindu honetan xedatutakoa aplikatuko da kirol probaren bukaeran.

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA

Presetatik hurbil arrantzatzea

Presatzat hartuko dira, arrantzan egiteari dagokionez, honakoak: oztopo artifizialak, ibilguarekiko zeharka daudenak, arrantza egiteko unean metro batetik gorako altuera dutenak beren gailurretik presaren behealdeko uretaraino.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zebra muskuiluaren kontrola

Nafarroako Foru Komunitateko ur masetan zebra muskuiluaren (Dreissena polymorpha) ondoriozko infekzioa prebenitzeko eta zabal dadila saihesteko, arrantza tresnak kontu handiz garbitu eta lehortu beharko dira, baita konfederazio hidrogafikoek ezartzen dituzten arau guztiak bete ere.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Feltrozko zolak erabiltzeko debekua

Didymo edo harriko mukia izeneko alga inbaditzailea (Didymosphenia geminata) Nafarroako uretan ugal ez dadin, debekatzen dira euskarri gisa feltrozko zola duten galtza-botak edo edozein oinetako, Nafarroan arrantzatzeko.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Urte naturala bukatuta, aurrerako urterako onetsitako araudiak izanen du indarra, harik eta debekualdiei buruzko hurrengo foru agindua argitaratu arte.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra 2023ko denboraldian arrantzan egiteko debekualdien xedapen orokorrak.

Iragarkiaren kodea: F2302514