46. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

303/2023 EBAZPENA, 2023ko otsailaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "TED2021-130111B-I00".

2023ko otsailaren 9an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, "TED2021-130111B-I00" ikerketa proiektua garatzeko proiektuko lankide gisa. Ikerketa proiektuaren ikertzaile arduraduna Estibaliz Larrainzar Rodríguez da, Ramón y Cajal ikertzailea, Zientzien Sailari atxikia.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deialdia onestea "TED2021-130111B-I00" ikerketa-proiektua garatzeko, baita deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "TED2021-130111B-I00"

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: Deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa-proiektu hau garatzeko: "TED2021-130111B-I00".

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: kontratatu beharreko pertsonak oinarrizko ezagupenak izan behar ditu landareen hazkuntza-sistemetan (hidroponia purua, fertirrigazioa, etab.), konpostaje-prozesuetan eta landareen oinarrizko fisiologian. Bestetik, metabolitoen, jarduera entzimatikoen eta abarren azterketa-teknikei buruzko oinarrizko ezagutza beharko da. Honako zerrendan zehaztutako jarduera guztien gauzatze teknikoaz arduratu behar du: T1.1., T1.2, T1.3, T2.2, T2.3, T2.4, T3.2, T3.3 eta T3.4 eginkizunak, proiektuaren jatorrizko memorian deskribatuak.

Proiektuaren zeregin bakoitzean garatu beharreko lanen deskribapena:

1) Landareen hazkuntza lurrik gabeko hazkuntza-sistemen bidez, hazkuntza-kameretan eta berotegietan.

2) Soluzio nutritiboak formulatzea, fertirrigazioko eta hidroponiako instalazioetan mantentze-lanak egitea, soluzio-aldaketak egitea, laginak biltzea eta mantenugaien, pH-aren eta eroankortasunaren bilakaeraren analisiak egitea.

3) Parametro fisiologikoen in vivo segimendua egitea (Dualex parametroak, fotosintesia, konduktantzia estomatikoa, nitrogenoaren finkatze biologikoa, etab.).

4) Biomasa neurtzea, berehala izoztea eta laginak lehortzea barne hartzen duten uztak, ondoren aztertzeko. Material izoztua (hotzean) nahiz lehorra (giro-tenperaturan) ehotzea.

5) Estraktuak prestatzea eta metabolitoak zehaztea kromatografia ionikoaren eta elektroforesi kapilarraren bidez.

6) Zehaztapen metabolikoak: landareen nitrogenoaren metabolismo primarioaren jarduera entzimatikoak, proteinen immunodetekzioa.

–Kontratu mota: 2021eko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, aldi jakin baterako kontratu bat eginen da, bi mota hauetako bat, hain zuzen: Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planeko jarduerak egitekoa edo Europar Batasuneko funtsen bidez finantzatutako aldi baterako programak egitekoa (kasu batean zein bestean, proiektua egiteko behar den denboraz).

–Aurreikusitako iraupena eta lanaldi mota: 2024ko azaroaren 30era arte, lanaldi osoan. Iraupen hori gutxi gorabeherakoa da, 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian zehaztutako finantzaketaren mende egonen baita, baina ezin izanen da inola ere proiektua gauzatzeko behar den denbora baino luzeagoa izan.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; arautegi hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: MCIN/AEI/10.13039/501100011033 eta Europar Batasuneko "NextGenerationEU/PRTR".

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Nekazaritzako Ingeniaritzako titulu akademiko ofiziala edo Ingurumen Agrobiologiako Unibertsitate Masterra edo Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra edo baliokidea.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4.–Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: Berta Lasa Larrea doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Estibaliz Larrainzar Rodríguez doktorea, Ramón y Cajal ikertzailea, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Idoia Ariz Arnedo doktorea, Ramón y Cajal ikertzailea, Zientzien Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa-batzordea:

Batzordeburua: César Arrese-Igor Sánchez doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Idazkaria: Esther González García doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Ana Zabalza Aznárez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Ikertzaileak hautatzeko baremoa

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. apartatua: Izangaiaren prestakuntza akademikoa

Puntuak

30

- Titulazioaren espediente akademikoa proportzionalki baloratuko da, 10 punturekin gehienez ere.

Izangaia Nekazaritzako ingeniaria bada, 10 punturekin baloratuko da gehienez ere. Gainera, Ingurumen Agrobiologiako Unibertsitate Masterra edo Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra edo baliokidea izanez gero, espediente akademikoarekin lortutako puntuazioari beste 2 puntu gehituko zaizkio.

Izangaiak 300 ECTStik beherako titulazioa eta Ingurumen Agrobiologiako Unibertsitate Masterra, Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra edo baliokide bat aurkezten baditu, gehienez ere 10 punturekin baloratuko da, eta ponderazioa eginen da, aurretiazko titulazioaren eta unibertsitate masterraren ECTS kredituen kopuruaren portzentaje erlatiboa aintzat hartuz.

Bi kasuetan, ateratzen den puntuazioa 3 faktorearekin biderkatuko da izangaiak Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa, Biologiako Gradua, Bioteknologiako Gradua, Mikrobiologiako Gradua edo parekoa, Ingurumen Agrobiologiako Unibertsitate Masterra, Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra edo parekoa baldin badu; eta 2 faktorearekin biderkatuko da beste titulazio batzuk baldin badira.

Titulazio bakoitza dagokion faktorearekin biderkatuko da, gehienez ere 30 puntura arte.

2. apartatua: prestakuntza osagarria

Puntuak

20

- Deialdiarekin eta kontratuko zereginekin lotutako gaietako prestakuntza espezifikoa, frogatzeko modukoa baldin bada. Gai hauei buruzkoa: Landareen Fisiologia, Nitrogenoaren Metabolismoa Landareetan eta haren Erregulazioa, Mikrobiologia, Landare eta Mikroorganismoen arteko Elkarrekintza, Teknika Molekularrak, Konpostaje Prozesuak, Hondakin Organikoen Kudeaketa, R Pakete Estatistikoaren Erabilera, Datu Esperimentalen Tratamendua eta Adierazpena, etab.

1 puntu bat emanen da prestakuntza espezifikoko 2 kredituko (20 orduren baliokide), frogatuz gero betiere. Merezimendutzat aurkeztutako ikastaro edo irakasgai bakoitzak 10 orduko iraupena izan behar du gutxienez. 20 puntu gehienez ere. Ezagutza horiek ikastaroen, mintegien, unibertsitateko titulazioetan egindako irakasgaien eta abarren bidez egiaztatzen ahalko dira.

3. apartatua: esperientzia

Puntuak

30

- Ikerketako esperientzia, adibidez Landare Fisiologiarekin, Agronomiarekin edo Mikrobiologiarekin arloekin lotua: proiektuen kargura egindako kontratuak, praktiketako aldiak, prestakuntza esperimentaleko aldiak, ikerketako beka lehiakorrak, etab. Zuzendariak/prestatzaileak emandako ziurtagiriarekin behar bezala justifikatutako aldiak bakarrik hartuko dira kontuan; iraupena hilabetetan jaso behar da. 2,5 puntu emanen dira hilabete bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez ere.

–Ikasketa Amaierako Lana, Gradu Amaierako Lana edo Master Amaierako Lana izateagatik, baldin eta kontratu honen xede diren jarduerekin lotua badago, 5 puntu emanen dira haietako bakoitzagatik (10 puntu gehienez ere).

–Zehaztutako teknikekin moldatzeagatik (frogatu beharra dago) "garatu beharreko jarduerak" izeneko atalean aipatutako 6 puntuetan: 2,5 puntu trebetasun espezifiko bakoitzagatik (10 puntu gehienez ere).

4. apartatua: Elkarrizketa presentziala edo birtuala

Puntuak

20

–Aurreko apartatuen baturan puntuazio handiena lortu duten 3 izangaiei elkarrizketa pertsonal bat eginen zaie, betiere 45 puntu edo gehiago lortu badituzte. Elkarrizketa horretan, izangaiak kontratuaren xedea den gaiari buruz aldez aurretik dituen ezagupenak eta esperientziak baloratuko dira, bai eta haren profila egokia ote den ere deialdian zehazten diren ikerketa-lanak planifikatzeko eta betetzeko eta, beharrezkoa bada, landareen fisiologiari eta nitrogenoaren metabolismoari buruzko kasu praktiko bat ebazteko.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 3. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 4. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2302900