4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

901/2022 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia eta dirulaguntza horien oinarri arautzaileak onesten dituena ("EDIFICIOS MRR 2023"). DDBN identifikazioa: 665129.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako "Europarako berritze-bolada"ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onetsi du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. Horietako bat da, hain zuzen, 3. programa ("Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa"), sartuta dagoena 2. osagaian (C02.I01 inbertsioan), zeina arautua baitago aipatutako errege-dekretuaren IV. kapituluan (30.etik 39.era bitarteko artikuluak). Hain zuzen, 35. artikuluan xedatuta dago autonomia-erkidegoei dagokiela programa horretako laguntzen deialdiak egitea, eta, hortaz, agindu hori betetzea da oinarri hauen helburua.

Etxebizitzako zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 140/2022 Ebazpenaren bidez, 2022ko ekitaldirako oinarriak onetsi ziren, eta, orain, 2023ko deialdirako oinarri berriak onetsi behar dira.

Laguntzak erabili behar dira gehienbat bizitegi-erabilerarako etxebizitza-eraikinak hobetu edo birgaitzeko jarduketetarako. Eraikinek 20 urte eduki behar dituzte, gutxienez, eta jarduketok honako hauek lortzera bideratu behar dira:

a) Energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez, eta

b) Familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera, honako hau gutxienez:

c) %35, D eta E zona klimatikoetan.

d) %25, C zona klimatikoan.

Dirulaguntzak emateko prozedura 853/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, hots, banakako ebaluazioa, eskaerak aurkezteko ordenaren arabera. Azaroaren 9ko Dirulaguntzei buruzko Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuak 2022ko urtarrilaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea ("EDIFICIOS MRR 2023"), 853/2021 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horien oinarri arautzaileak ere. Testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 10.000.000 euroko gastua baimentzea: 2.000.000 euro 2023ko aurrekontuko partidaren kontura, eta 8.000.000 euro 2024koaren kontura. Partida horiek 2022ko gastuen aurrekontuko 320000-32100-7800-261405 partidaren baliokide dira ("MRR, birgaitze babestuko Europako funtsen dirulaguntzak); PEP E-21/000433-01 elementua.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2022ko abenduaren 19an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

LEHENDIK DAUDEN ERAIKINETAN, 853/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOARI JARRAIKIZ, BIRGAITZE ENERGETIKOKO JARDUKETAK EGITEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK (EDIFICIOS 2023 PROGRAMA)

Europar Batasunak finantzatua – Next Generation EU.

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen helburua da arautzea nola emanen zaizkien dirulaguntzak, banakako ebaluazioaren araubidean, energia-efizientzia hobetu dutela egiaztatzen duten azken hartzaileei (bigarren oinarrian adierazitakoak). Arreta berezia jarriko zaio, hain zuzen, bizitegi kolektiboko tipologia duten eta nagusiki bizitegi-erabilerakoak diren eraikinetako inguratzaileari, bat etorriz urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan xedatutakoarekin (Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren laguntza-programak arautzen dituena, bizitegiak birgaitzeari eta etxebizitza sozialei dagokienez) eta, zehazki, erreparatuz haren IV. Kapituluan araututakoari ("Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa).

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako etorkizuneko urte anitzeko finantza-esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Bitarteko bat («Next Generation EU») abian jartzearekin. 2021etik 2026rako aldian, Espainiak 140.000 milioi euro inguru jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan Suspertzerako Europako Bitarteko horren bidez. Testuinguru horretan, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean, SEEP) onetsi zen 2020ko urriaren 7an; Espainiako ekonomia modernitzatzeko ibilbide-orria, alegia. Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana geroago arautu zen –abenduaren 30eko 36/2020 Errege Dekretuaren bitartez– eta herrialde-proiektu bat da, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako "Europarako berritze-bolada"ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren %30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin-parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren inpaktu ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa-sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onartu du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. 2021ean, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 17.50.99.260A.750 aurrekontu-partidan, 1.151 milioi euro bideratu ziren errege dekretu horretan araututako 1etik 5era bitarteko laguntza-programetako dirulaguntzetara, eta Nafarroako Foru Komunitateak 15.883.800 euro jaso zituen. Horietako bat da, hain zuzen, 3. programa ("Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa"), sartuta dagoena 2. osagaian, C02.I01 inbertsioan ("Birgaitze-programa, suspertze ekonomikoa eta soziala bultzatzeko egoitza-inguruneetan"), zeina sartua baitago 025 bis esku-hartze eremuan eta arautua aipatutako errege-dekretuaren IV. kapituluan (30.etik 39.era bitarteko artikuluak). Hain zuzen, 35. artikuluan xedatuta dago autonomia-erkidegoei dagokiela programa horretako laguntzen deialdiak egitea, eta, hortaz, agindu hori betetzea da oinarri hauen helburua.

Etxebizitzako zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 140/2022 Ebazpenaren bidez, 2022ko ekitaldirako oinarriak onetsi ziren, eta, orain, 2023ko deialdirako oinarri berriak onetsi behar dira.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Honako hauek izanen dira laguntzen azken hartzaileak, betiere egoitza fiskala Espainian baldin badute eta etxebizitzak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan kokatuak badaude:

a) Familia bakarreko etxebizitza bakartuen edo lerroan elkartuen jabeak edo gozamendunak eta lehendik dauden eta etxebizitza kolektiboko bizitegi-tipologia duten eraikinen jabeak edo gozamendunak, bai eta haien etxebizitzenak ere, pertsona fisikoak izan edo nortasun juridiko pribatua edo publikoa izan.

b) Administrazio publikoak eta zuzenbide publikoko organismoak eta gainerako erakundeak, bai eta enpresa publikoak eta merkataritza-sozietateak ere, baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena higiezinen jabe diren administrazio publikoena bada.

c) Jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak, eratutakoak Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan edo aplikatzekoak diren foru-arauetako artikulu baliokideetan ezarritakoaren arabera.

d) Jabeak, baldin eta, elkartuta, Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eraikinen jabeak badira eta jabetza horizontalaren titulu eratzailea eman ez badute.

e) Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten etxebizitzen edo eraikinen jabeek osatutako kooperatiba-sozietateak, bai eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan edo aplikatu beharreko foru-arauetako artikulu baliokidean ezarritakoaren arabera eratutako jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak osatzen dituzten jabeek eta etxebizitzen erabilera lagatzeko araubidean dauden kooperatibek osatutako kooperatiba-sozietateak ere.

f) Eraikinen enpresa errentariak edo emakidadunak, bai eta izaera hori egiaztatzen duten kooperatibak ere. Indarrean dagoen kontratuaren bidez egiaztatu behar dute berariazko ahalmena aitortuta dutela programaren xede diren birgaitze-lanak egiteko.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Azken onuradunek eta hartzaileek aplikatzekoa zaien Europako eta Espainiako araudia bete beharko dute –eta, bereziki, MRR Erregelamendua–, baita Estatuaren Laguntzak erregulatzen dituen araudia eta aplika daitekeen Europako eta Espainiako gainerako araudia betetzearen ondoriozko betebeharrak ere, eta, gehienbat, iruzurra, ustelkeria, interes-gatazka edo finantzaketa bikoitza saihesteko neurriak hartu beharko dituzte; hori guztia, Batasunaren finantza-interesak babestearren.

Jabeen erkidegoen elkarteen kasuan, legez eratutako elkarteak izanen dira, indarreko legediak onartzen dituen formetatik edozein aukeratuta, eta indarreko estatutuak izan beharko dituzte. Eskaeran, berariaz adierazi beharko da elkartearen osaera eta kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa. Proiektua eta inbertsioa erabat exekutatzearen erantzukizuna elkarte osoaren gain egonen da, baina elkarteak ordezkari bat izendatu eta eskuordetu beharko du laguntza eskaera tramitatzeko, inbertsioaren justifikazioa egiteko, eman litekeen laguntza jasotzeko eta, gero, kideen artean banatzeko.

2. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharra izan eta horien ordainketa egin gabe dutenak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Testuinguru horretan, azken hartzaileak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoarekin bat. Azken hartzaileak frogatu beharko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 22/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan, salbu eta artikulu horietako e) letran ezarritako debekua ("indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea").

3. Azken hartzaileek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera bideratuko dute. Hartzaileak jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak direnean, arau hori berdin aplikatuko da, kontuan hartuta, dena den, bai laguntzaren zenbatekoa, bai obren kostua etxebizitzen eta lokalen jabeei jasanarazi behar zaiela, Jabetza Horizontalari buruzko legedian ezarritako arauei jarraikiz. Dena dela, jabeen erkidegoko edo jabeen erkidegoen elkarteko kideren bat debeku horietako batean bada, hots, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoren batean, jabe horri ez zaio egotziko jasotako laguntzatik legokiokeen zati proportzionala, eta erkidegoko edo elkarteko gainerako kideen artean hainbanatuko da.

4. Dirulaguntzen azken hartzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoaz gain, berehala jakinarazi beharko diote Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari, eskaera izapidetzen ari den bitartean ere, laguntza izateko eskubidea galtzea ekar lezakeen edozein baldintza aldaketa. Aldaketa horiek ez jakinaraztea nahikoa arrazoi izanen da bidegabe kobratu diren zenbatekoak itzultzeko espedientea hasteko.

5. Espedientea izapidetzen ari den bitartean ondasunaren titulartasuna aldatzen bada, titular berriak onuradun izateko aitorpena eskatu beharko du egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu aurretik. Kasu horretan, aintzat hartuko da zein diren bere familiaren diru-sarrera ponderatuak onuradun berri gisa sartzeko eskaera egiten den unean.

Pertsona fisikoen heriotzaren kasuan:

a) Espedientea tramitatzen ari dela onuraduna hiltzen bada, jaraunsleek espedientean onuradun berri gisa sartzeko eskaera egiten ahalko dute, aurretik erregistro-titulartasuna frogatzen badute. Eskaera hori bi hilabeteko epean egin beharko da, heriotzaren egunetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu aurretik.

b) Egindako jarduketak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu ondoren eta dirulaguntza ordaindu baino lehen hiltzen bada onuraduna, jaraunsleak direla egiaztatzen dutenei ordainduko zaie, gehienez urtebeteko epean, egindako jarduketak justifikatzen dituzten agiriak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.

Nolanahi ere, 2026ko urriaren 1a baino lehen erregistroko titulartasun berria egiaztatuta eta jarduketa justifikatuta egon beharko da. Bestela, dirulaguntza ez da ordainduko eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Hirugarrena.–Jarduketa eta kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntzak erabili behar dira nagusiki bizitegi-erabilerakoak diren etxebizitza-eraikinak hobetu edo birgaitzeko jarduketetarako. Jarduketok honako hauek lortzera bideratu behar dira:

a) energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez,

b) eta familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera; murrizketak honelakoak izanen dira gutxienez:

%35, D eta E zona klimatikoetan.

%25, C zona klimatikoan.

2. Inguratzaile termikoaren hobekuntzak Eraikingintzaren Kode Teknikoko eskakizunak bete beharko ditu (CTE-DB-HE.1 Energia-eskaria mugatzea). Orobat, justifikatuko da inguratzaile termikoaren osagai bakoitzaren transmitantzia termikoaren mailak (U) ez duela gainditzen 3.1.1.a-HE taularen gehieneko balioa (Ulim). Salbuespena izanen dira arotzeriako baoak (2,70 W/m².K-ko transmitantzia termikoa eta ≤ 27 m³/h.m²-ko aire iragazkortasuna izanez gero), bere horretan mantentzen ahalko baitira eskatutako transmisio koefiziente globalak (k) betez gero. Ondorio horietarako, eraikinaren inguratzaile termikotzat hartuko da kanpoko giroarekin kontaktuan dauden eraikuntza-elementu guztien multzoa: kanpoko eta barruko fatxadak, estalkia eta ataripeen eta hegalen gaineko forjatuak.

3. Aitortutako ingurune baten parte izateagatik edo balio arkitektoniko edo historiko berezia izateagatik babes-mailaren bat duten eraikinen kasuan, inguratzaile termikoa osatzen duten elementuen gaineko jarduketak mugatuta baitituzte, ez da beharrezkoa izanen hirugarren oinarri honetako lehen apartatuko b) letran ezarritako eskakizuna (energia-eskaria mugatzearena, alegia) betetzea. Hala ere, inguratzaileko elementuek, haietan esku hartzea dagoenean, eta hala dagokionean, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren energia-aurrezpenari buruzko DBHE Oinarrizko Dokumentuaren 3.1.1.a-HE1 eta 3.1.3.a-HE1 tauletan transmitantzia termikoaren eta aire iragazkortasunaren gainean ezarritako gehieneko balioak bete beharko dituzte.

4. Halaber, azken lau urteetan energia-efizientzia hobetzeko esku-hartzeak egin diren eraikinetan, baldin eta egiaztatzen bada berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskari globala hirugarren oinarri honetako lehen apartatuko b) letran ezarritako ehuneko berean edo handiagoan murriztu dela, ez da bete beharko berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskari globala murrizteko baldintza. Esku-hartze horiekin ezarritako ehunekoaren pareko edo goragoko murrizketarik lortu ez bada, baldintza hori betetzat jotzen ahalko da baldin eta aipatutako esku-hartzeetan egindako jarduketak eta dirulaguntza-eskaera honen xede den jarduketan egindakoak batera kontuan hartuta ezarritako ehunekoan murrizten bada energia-eskaria. Lorpen hori energia-efizientziaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da.

5. Aurreikusitako jarduketek honako printzipio hau errespetatuko dute: «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea» (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta printzipio hori aplikatzeko araudia, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

6. Honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Oin berriko eraikinetan egindakoak;

b) Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta, horrekin batera, eraikinaren erabilera aldatzen bada;

c) Jatorri fosileko erregaia erabiltzen duten sorgailu termikoetan egiten diren inbertsio-jarduketak.

7. Azken hartzaileek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera abiarazitako jarduketak baizik ez dira onartuko. Hortaz, ez da hautagarri izanen jarduketari loturik data hori baino lehenago fakturatutako ezein exekuzio-kostu.

8. Laguntzak emateko, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eraikinak lehendik altxatua egon beharko du, eta 20 urtetik gorako antzinatasuna izanen du, eraikuntza bukatu zen egunetik kontatuta. Hori justifikatuko da ondasun higiezinaren katastro-datuen kontsulta deskriptibo eta grafikoaren bidez.

b) Eraikinaren erabilerari buruzko laguntza aplikatzeko, etxebizitzetarako erabiltzen den edo beste erabilera bat daukan, sestraren gainean eraikitako azalera aintzat hartuko da, eta hori katastro-kontsultaren bidez justifikatuko da. Ildo horretan, etxebizitzetarako erabilera duen eraikin bat izateko, sestra gaineko azalera eraikiaren ehuneko berrogeita hamar, gutxienez, erabilera zehatz horretara bideratu behar da, beheko solairua edo azpiko solairuak alde batera utzita, beste erabilera bateragarri batzuk baditu edo badituzte.

c) Eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan), –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala–, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuko dira, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako kutsadura-hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europako protokoloarekin.

d) Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabiliz.

Era berean, eraispena ahal dela gaika eginen da, eta sailkapena hondakinak sortzen diren lekuan eginen da lehentasunez.

e) Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute, batez ere, nola dauden diseinatuak baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

f) Birgaitze energetikoari dagokionez, neurri honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko erabilitako osagaiek eta eraikuntzako materialek ez dute amiantorik izanen, ez eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean jasotzen den baimena behar duten substantzien zerrendatik abiaturik identifikatutako substantzia oso kezkagarririk ere (Bertan substantzia eta prestakin kimikoen (REACH) erregistroa, ebaluazioa, baimena eta murrizketa arautzen dira). Erregelamendu horren bidez Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentzia sortzen da, 1999/45/EE Zuzentaraua aldatzen da, eta Kontseiluaren 793/93 (EEE) Erregelamendua eta Batzordearen 1488/94 (EE) Erregelamendua indargabetzen dira, bai eta Kontseiluaren 76/769/EEE Zuzentaraua eta Batzordearen 91/155/EEE, 93/67/EEE, 93/105/EE eta 2000/21/EE Zuzentarauak ere.

Ildo beretik, amiantoa duten eraikuntza-produktuak eraikinetik edo jardun-eremutik kendu beharko dira. Amiantoa legez baimendutako enpresa batek kendu beharko du, xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz: 396/2006 Errege Dekretua, martxoaren 31koa, amiantoaren eraginpeko arriskua duten lanpostuei aplikatu beharreko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituena. Prozesu horretan sortutako hondakinak kudeatzeko orduan, eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

9. Eskaera aurkezten den unean, laguntzaren xedeko jarduketek kasuan-kasuan aplikatu behar zaien indarreko araudia bete beharko dute, baita eskatzen diren betebeharrak ere, eta behar diren lizentzia eta baimen administratiboak edukiko dituzte, horrelakorik behar izanez gero. Eraikinen Ebaluazio Txostena –edo Eraikinaren Liburua, bizitegi kolektiborako tipologia duten eraikinen kasuan– egina eta erregistratua dagoela frogatzen ahalko da egindako jarduketak justifikatzen diren unean.

10. Kostu diruz lagungarritzat hartuko dira deialdi honetako energia-helburuak lortzeko beharrezkoak direnak, bai eta honako kostu orokor hauek ere:

a) Teknikari eskudunari uztailaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan aurreikusitako energia-efizientziaren ziurtagiria egiteagatik ordaindutako ordainsari profesionalak.

b) Laguntza-eskaeraren kudeaketaren kostuak.

c) Laguntzaren xede den jarduketari lotutako proiektu teknikoak idazteko kostuak.

d) Jarduketen zuzendaritza fakultatiboaren kostuak.

e) Obrak eta/edo instalazioak exekutatzeko kostuak.

f) Ekipoetan eta materialetan egindako inbertsioa.

g) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

h) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

i) Jarduketa mota bakoitzerako beharrezkoak diren beste partida espezifiko batzuk (lagungarriak izan ala ez).

Ez dira kostu diruz lagungarritzat hartuko lizentziei, tasei, zergei edo tributuei dagozkienak. Alabaina, BEZa eta zeharkako zerga baliokidea diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta erabat edo partez ezin direnean berreskuratu edo konpentsatu.

Kostu diruz lagungarriak obra edo lanak egiten dituzten pertsonei edo erakundeei ordaintzeko, kreditu- edo zordunketa-txartelak, banku-transferentziak, txeke izendunak edo kreditu-erakundeetako kontuetan egindako diru-sarrerak erabili beharko dira. Ez dira inolaz ere justifikatutzat joko legezko eskudirutan ordaindutako kopuruak.

11. Gastu diruz lagungarrietakoren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (obra exekutatzeko kostuaren kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak eskuratzeko edo kontsulta edo aholkularitza zerbitzuak kontratatzeko kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, memoria bat aurkeztu beharko du, non arrazoibidez justifikatu beharko baitu zein hornitzaile hautatu duen, batez ere eskaintzarik ekonomikoena hautatzen ez bada.

12. Oinarri hauen bitartez araututako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak bete beharko dira eskabidea aurkezten den egunean.

13. Dirulaguntzak emateko ebazpen administratiboan zehazten den zenbatekoa eta portzentajea ezin izanen da gorantz berrikusi, salbu eta errekurtso bidean edo ofiziozko berrikuspen bidean egiten bada.

Laugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1.–Deialdirako diru-zenbatekoa, hasiera batean, 10.000.000 eurokoa da, eskuragarri egonen dena 2023ko eta 2024ko aurrekontuetako partidetan (2.000.000 eta 8.000.000 euro, hurrenenez hurren), hain zuzen, 2022ko gastuen aurrekontuko 320000-32100-7800-261405 ("MRR, Europako diru-funtsetako dirulaguntzak birgaitze babesturako) partidaren baliokide izateko asmoz urte horietako aurrekontuetan gaitzen direnetan.

2.–Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (10.000.000 euro) bukatzen duen azken laguntza-eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

3.–Gehienez ere 4.000.000 milioi euro bitarteko kreditu osagarria aurreikusi da, Estatuko funtsekin finantzatutako gerakinak gehituz gero eskuragarri egon daitekeena. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Kopuru osagarri hori eraginkorra izan dadin, aipatu inguruabarraren ondoriozko kreditu gehigarria baimendu beharko da.

Gastu osagarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4.–Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.

5.–Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kasu bakoitzean aplika daitekeen oinarrizko laguntza, amiantoa kentzeko laguntza eta laguntza pertsonala batuko dira, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera.

5.1. Oinarrizko laguntza: eraikin bakoitzeko emanen den oinarrizko dirulaguntzaren edo laguntzaren gehieneko zenbatekoak ezin izanen ditu muga hauek gainditu:

a) 1. taulan edo 1bis taulan ezarritako gehieneko ehunekoa bider jarduketa diruz lagungarrien kostua eginda lortzen den zenbatekoa.

b) 1. taulan edo 1bis taulan etxebizitza bakoitzeko ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa eraikineko etxebizitza kopuruarekin biderkatuz lortzen den kopurua, gehi, hala badagokio, sestra gainean eraikitako merkataritza-lokalen edo etxebizitzaz bestelako erabilera duten lokalen azaleraren metro koadro bakoitzeko 1. taulan edo 1bis taulan finkatutako laguntzaren zenbatekoa, jarduketaren bidez lortutako lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-mailaren arabera. Sestra gaineko merkataritza-erabilerako edo beste erabilera batzuetako metro koadro bakoitzeko ezarritako zenbatekoa zenbatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko onibarrek jarduketa gauzatzeko kostuetan parte hartzea.

1. taula.

JARDUKETAREKIN AURREZTUTAKO ENERGIA

JARDUKETAREN KOSTUTIK DIRUZ LAGUN DAITEKEEN EHUNEKOA, GEHIENEZ

ETXEBIZITZA

MERKATARITZAKO LOKALAK EDO BESTE ERABILERA BATZUK

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko

Gehieneko laguntza, m² bakoitzeko

%45≤∆Cep,nren<%60

65

9.000 euro

40 euro

∆Cep, nren≥% 60

80

10.000 euro

65 euro

1bis taula aplikatuko da 5.000 biztanle arteko udalerrietan eta hirikoak ez diren 20.000 biztanle arteko udalerrietan, beren biztanle-entitate berezi guztiak 5.000 biztanle artekoak badira:

1bis taula.

JARDUKETAREKIN AURREZTUTAKO ENERGIA

JARDUKETAREN KOSTUTIK DIRUZ LAGUN DAITEKEEN EHUNEKOA, GEHIENEZ

ETXEBIZITZA

MERKATARITZAKO LOKALAK EDO BESTE ERABILERA BATZUK

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko

Gehieneko laguntza, m² bakoitzeko

%45≤∆Cep,nren<%60

65

11.000 euro

40 euro

∆Cep, nren≥% 60

80

12.500 euro

65 euro

5.2. Amiantoa kentzeko laguntza: amiantoa duten elementuak kendu behar diren kasuetan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitzen ahalko da, amianto-hondakinak legez baimendutako enpresen bidez kendu, manipulatu, garraiatu eta kudeatzearen kostuei dagokien kopurua gehituta, gehienez 1.000 euro birgaitu beharreko etxebizitza bakoitzeko edo 12.000 euro eraikin bakoitzeko, bietan handiena dena.

5.3. Laguntza pertsonala: ukitutako etxebizitzaren jabe edo gozamendun diren pertsona fisikoak, kalteberatasun ekonomikoko egoeran badaude, laguntza gehigarri baten onuradun izan daitezke. Laguntza hori banakako espediente batean bideratuko da, esklusiboki haientzat, eta honenbestekoa izanen da:

–Familiaren diru-sarrera haztatuak ERREGEROSNA adierazlearen halako 0,75 baino txikiagoak badira: lanen kostutik etxebizitza bakoitzari egotz dakiokeen zenbatekoaren eta dirulaguntzagatik lorturiko zenbatekoaren arteko aldearen % 100, etxebizitza bakoitzeko 6.000 euro gehienez ere.

–Familiaren diru-sarrera haztatuak ERREGEROSNA adierazlearen halako 0,75 eta 1 artean badaude: lanen kostutik etxebizitza bakoitzari egotz dakiokeen zenbatekoaren eta dirulaguntzagatik lorturiko zenbatekoaren arteko aldearen % 100, etxebizitza bakoitzeko 3.000 euro gehienez ere.

6. Kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonatzat hartuko dira babes ofizialeko etxebizitzak alokatzeagatiko dirulaguntzak jasotzeko indarrean dauden baldintzak betetzen dituztenak, alde batera utzita etxebizitza baten edota haren zati alikuotaren titulartasunari buruzko baldintza. Etxebizitza baten edo haren zati alikuotaren titularra izatearen gainean onartzen den salbuespen hori birgaitutako etxebizitzaren titulartasunari soilik aplikatuko zaio. Familiaren diru-sarrera haztatuak zehazteko, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan jasotako arauak eta irizpideak aplikatuko dira (Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu foru dekretu horrek).

Laguntza pertsonala jasotzeko arrazoi diren etxebizitza birgaituak jabeen edo gozamendunen ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira gutxienez bost urtez, dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik zenbatzen hasita. Orobat, laguntza pertsonala jaso duen etxebizitza baten jabetza edo hura erabili eta gozatzeko eskubidea edozein tituluren bidez laga edo eskualdatzen duenak dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita bost urte igaro baino lehen, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dio Nafarroako Gobernuari, berandutze-interesa gehituta. Eskualdaketak ondasunaren jabeen zati baten eskubideak ukitzen baditu bakarrik, itzuli beharrekoa eskualdatzen den zatiaren eskubideek jabetza osoarekin alderatuta hartzen duten partaidetza-ehunekoaren araberakoa izanen da. Jasotako laguntzen zati proportzionala itzuli beharko da, orobat, ezkontza baten banaketaren edo dibortzioaren ondorioz edo bikote egonkor bat bereiztearen ondorioz, ondasunaren titularkide bati esleitzen bazaio dirulaguntza, ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita bost urte igaro baino lehenago. Apartatu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko "mortis causa" lagapenei.

7. Birgaitutako etxebizitzetan dirulaguntzaren onuraduna merkataritza-sozietate bat izan bada, eta etxebizitza horien jabetza edo erabilera- eta gozamen-eskubideak, edozein tituluren bidez, dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hiru urte igaro baino lehen lagatzen edo eskualdatzen badira, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa itzuli beharko zaio Nafarroako Gobernuari. Eskualdaketak etxebizitzaren edo etxebizitzen jabe diren merkataritza-sozietateen zati baten eskubideak ukitzen baditu bakarrik, itzuli beharrekoa eskualdatzen den zatiaren eskubideek jabetza osoarekin alderatuta hartzen duten partaidetza-ehunekoaren araberakoa izanen da.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 35.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Laguntzaren azken hartzailea jarduera ekonomiko edo komertzialak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa bada, estatu-laguntzen arloko honako araubide hau aplikatuko da:

a) Azken 3 urte fiskaletan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 eurotik beherakoa bada, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita.

b) Azken 3 urte fiskaletan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 euro edo hortik gorakoa bada, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, energia-efizientziarako neurriak hartzeko inbertsioetarako laguntzetarako salbuespena aplikatuta (38. artikulua). Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntzen azken hartzaileek uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, ezarritako mugak betetzen direla zehaztuz. Era berean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute adierazteko enpresa ez dagoela krisian, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan "krisian dagoen enpresa"rako ezarrita dagoen definizioaren arabera.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (I. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, II. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 2ko 9:00etan hasiko da, edo oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo eguneko 9:00etan, baldin eta data hori baino geroago argitaratzen badira, eta 2023ko abenduaren 31n bukatuko da.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak, salbu eta familia bakarreko etxebizitzak hartzen dituzten eraikinen jabe diren pertsona fisikoen eta laguntza pertsonala eskatzen duten pertsona fisikoen kasuan. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Laguntza pertsonala eskatzeko, ezinbestekoa da laguntzen azken hartzaileetako batek aldez aurretik eskatu izana oinarrizko laguntza. Azken hartzaileak oinarri hauen bigarren klausulan daude zehaztuta. Laguntza gehienez ere 3 hilabeteko epean eskatu beharko da, azken hartzaile horri laguntza eman zaiola jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita.

5. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

6. Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Ezespenaren aurka, berariazkoa izan edo administrazio isiltasunaren bidezkoa, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariari zuzendua.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.

1. Laguntza eman ondoren, hogeita sei hilabeteko epea izanen da xedeko jarduketak bukatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita. Obra diruz lagungarriak laguntza-eskaera egin aurretik hasita egon daitezke, baina inolaz ere ez 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen. Ezin izanen dira amaituta egon eskaera egiten den unerako.

2. Jarduketak exekutatzeko finkatutako epeak luzatzeko baimena emanen da, bakar-bakarrik, behar bezala justifikatutako ustekabeko inguruabarrak gertatzen direnean, baldin eta horien ondorioz ezinezkoa izan bada jarduketak gauzatzea, nahiz eta laguntzen azken hartzaileek hartuak izan beharrezkoak ziren gutxieneko neurri teknikoak eta planifikaziokoak. Nolanahi dela ere, ez da baimenik emanen laguntzaren xedeko jarduketa exekutatzeko epeak luzatzeko baldin eta guztirako epea hogeita hamasei hilabetetik gorakoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatuta. Nolanahi ere, jarduketek 2026ko ekainaren 30a baino lehen egon beharko dute amaituta.

3. Laguntzaren azken hartzaileek hiru hilabeteko epean justifikatu beharko dute instrukzio organoaren aurrean laguntzaren xedeko jarduketak exekutatu dituztela, jarduketak exekutatzeko emandako gehieneko epea bukatzen den egunetik hasita. Horretarako, laguntzaren azken hartzaileak Europako funtsen baterako finantzaketa justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du, 853/2021 Errege Dekretuaren 35.7 artikuluan eta oinarri hauen III. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, III. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Egindako jarduketen eta lanen multzo adierazgarri bat obra-tokian bertan egiaztatzeko prozedura bat gauzatuko da (guztira emandako dirulaguntzen %50ean kuantifikatua, gutxienez), eta laguntzen azken hartzaileek aitortzen duten kostuaren ehuneko ehun aztertu eta baliozkotuko da administrazioaren aldetik.

5. Behin egiaztaturik laguntzen azken hartzaileak jarduketa exekutatu duela eta aurreko apartatuetan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epeetan aurkeztu dela, dirulaguntzak ofizioz ordainduko dira, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), berariaz adieraziz funtsen jatorria, eta horretarako aipatuko dira: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa (edo unean uneko ministerio eskuduna etxebizitzaren arloan) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketa, eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana.

6. Bizitegi-eraikin kolektiboan birgaitze energetikoko jarduketagatiko laguntza pertsonalaren onuradun diren pertsona fisikoen kasuan, laguntza beren kontura eta haien izenean ordainduko zaie jabeen erkidegoari edo pertsona juridiko baliokideari.

7. Laguntzen azken hartzaileak betetzen ez baditu aurreko apartatuan ezarritako justifikazio betebeharrak, dirulaguntza ez da ordainduko, eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

8. Jarduketaren aurretik eta ondoren eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiriak alderatuta –biak onartutako ziurtapen-programa berarekin eginda–, ikusten bada azkenean lortutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-maila proiektuan hasiera batean zenbatetsitakoa baino txikiagoa dela, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan lortutako aurrezpen-mailara egokituko da, 1. taulan edo 1bis taulan xedatutakoaren arabera. Azkenean lortutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-maila %45etik beherakoa bada, edo ez badira betetzen familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozkuntzako urteko energia-eskari globala gutxienez %35 edo %25 (kasua zein den) murrizteari buruzko eskakizunak, edo 853/2021 Errege Dekretuan ezarritako beste edozein eskakizun, laguntza ezeztatu eginen da.

9. Laguntzaren azken hartzaileak espedienteari uko egiten badio hura eman ondoren, ezinen du eskatu beste laguntzarik "Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa"ren barnean, salbu eta uko egite horretatik hamabi hilabete baino gehiago igaro badira. Zilegi da Etxebizitzako zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 140/2022 Ebazpenaren bidez onetsitako 2022ko deialdira aurkeztutako eskaeran atzera egitea, deialdi honetan beste eskaera bat aurkezteko.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Oinarri hauei jarraikiz emandako dirulaguntzak ez dira bateragarriak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren II. kapituluan ("Auzo mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa") araututakoekin.

Era berean, bateraezinak izanen dira Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 234/2020 Ebazpenean jasotako dirulaguntzekin –ebazpen horren bidez, lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikoko jarduketetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren, abuztuaren 4ko 737/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera–, betiere babestu beharreko jarduketa bera baldin bada, bai eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2723/2021 Ebazpenean jasotakoekin ere –ebazpen horren bidez, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko deialdia onetsi zen–.

2. Oinarri hauen arabera ematen diren laguntzak bateragarriak izanen dira Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan birgaitze-lan babestuetarako aurreikusitako laguntzekin, baldin eta bi laguntza-eskaerak aldi berekoak badira, edo irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako laguntzak oinarri hauek indarrean jarri aurretik eskatu badira. Bateragarriak izanen dira, halaber, urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoekin («Etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko jarduketetarako laguntza-programa»), betiere egiaztatzen bada ez dela kostu bera diruz laguntzen eta, horrez gainera, eskatzen ez badira Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako laguntzak.

Hamaikagarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 5eko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamabigarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Edozein hedabidetan laguntzak jaso dituen jarduketari erreferentzia egiterakoan, programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritako betekizunak bete beharko dira, zeina eskuragarri baitago Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren web orrian (http://www.mitma.es), bai eta erregelamendu honetan publizitateari buruz ezarrita dauden neurriak ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

Gainera, hala badagokio, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa bete beharko du, 853/2021 Errege Dekretuaren xedeko laguntzen publizitate-betebeharrei dagokienez.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntzak argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

3. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamalaugarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urte batean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hauek adierazita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Entitate onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, goian adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Hamabosgarrena.–Finantzaketa bikoitza eta informazioa eskuratzeko eta emateko betebeharrak.

1. Finantzaketa bikoitza debekatuta dago, eta onuradunak informazioa eman beharko du diruz lagun daitezkeen kostu berberak finantzatzen lagundu dioten beste edozein funts publiko edo pribaturi buruz.

2. Onuradunak:

–Baimena ematen du Foru Komunitateko Administrazioak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan adierazitako organoek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

–Baimena ematen du informazioa trukatzeko sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

–Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu, bermatu dadin Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin. Hain zuzen, laguntza eman ahal izateko, ezinbestekoa izanen da baimen hori (I. eranskinean jasota dago).

3. Onuradunak eskatzen zaion eta laguntza emateko beharrezkoa den informazio guztia emanen du, bai eta hura emateko baldintzak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan xedatutakoa betetzen dituela frogatzeko beharrezkoa den informazioa ere. Laguntzen azken hartzaileari buruzko datuak eman beharko ditu, hartzailea bera ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken hartzailea botere adjudikatzaile bat bada.

Hamaseigarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Hamazazpigarrena.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Argibide gehiago daude eskuragarri hemen:

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf

Hemezortzigarrena.–Iruzur arriskua arintzeko neurriak.

1. Iruzur arriskuari aurrea hartzeko asmoz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak iruzurraren aurkako neurrien plana onartu du, eta esteka honetan kontsulta daiteke:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gobernantza/planak-eta-programak-gobernu-eraginak/lurralde_antolamenduko-etxebizitzako-paisaiako-eta-proiektu-estrategikoetako-departamentuaren-iruzurraren-aurkako-neurrien-plana

Arrisku hori arintzeko neurriak berariaz zehaztu dira aipatutako planaren 6. atalean. Honako hauek dira:

–Nafarroako Gobernuaren iruzurraren aurkako adierazpen instituzionala zabaltzea.

–Iruzurraren aurkako neurrien plana zabaltzea.

–Unitate/zerbitzu/organo arduradunak identifikatzea.

–Salaketen kanala zabaltzea.

–Iruzurraren aurkako prestakuntza.

–Departamentuko goi-kargudunen inplikazioa.

–BEEPko jarduketak gauzatzearen gaineko konpromiso adierazpena (deialdi honen oinarrietako I. eranskina).

–Kudeaketa, kontrol eta ordainketa prozesuetako eginkizunak banatzea.

–Lehen eta bigarren mailako barne kontroleko sistema.

–Iruzur arriskuaren hasierako ebaluazioa.

–Datu baseak erabiltzea.

–Alarma seinaleen katalogoa edo iruzur arriskuaren adierazleak.

–Jarduketak gauzatzean alarma seinaleak egiaztatzeko zerrenda.

–Alarma seinalea aktibatzea.

–Iruzur susmoen salaketen kanala.

–Iruzurraren aurkako batzordea eratzea departamentuan.

–Iruzurra zuzentzeko eta jazartzeko neurriak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeari buruzko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 12. artikuluan adierazitako kexa eta salaketetarako postontzia martxan ez dagoen bitartean, beste kanal bat egonen da erabilgarri. Horren bidez, edonork jakinarazten ahalko ditu iruzur susmoak eta deialdi honi dagokionez hautematen dituen ustezko irregulartasunak.

Hori horrela, Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalak (Infofraude) salaketak jartzeko kanal bat gaitu du Europako funtsei eragiten dieten iruzurrei edo irregulartasunei buruzko informazioa jakinarazteko, eta bertan Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoei buruzko atal espezifiko bat dago, kontuan hartuta apirilaren 6ko 1/2017 Komunikazioan xedatutakoa (1/2017 Komunikazioa, apirilaren 6koa, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek nola jokatu behar duten azaltzen duena).

Komunikazio horren arabera, errazagoa izan dadin agintari eskudunei bidaltzea Europar Batasunaren finantza-interesei erasaten ahal dien iruzurraren aurkako borrokan garrantzitsua den edozein informazio, eta Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari eremu horretan dagozkion koordinazio eginkizunen esparruan, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek egitate horien berri ematen ahalko diote Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari, baliabide elektronikoen bidez, zerbitzu horrek webgune honetan gaitutako kanala erabiliz:

https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx

Halaber, eta salbuespenez, baldin eta aipatutako bitarteko elektronikoak erabili ezin badira, egitateen berri ematen ahalko zaio Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari paperezko dokumentazioa bidaliz.

I. ERANSKINA

Edificios MRR 2023 Programako laguntzen eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena

Izena: .............................................................,

IFZ: ....................................., honako honen izenean:

Izena: ..........................................................

IFZ: .....................................

Edo pertsona juridiko honen izenean: Izena: .............................................. IFZ: ....................................

Dirulaguntza eskatzen dut "Birgaitze energetikoko jarduketak eraikin mailan egiteko laguntza-programarako", ............................................................................................................. kalean (............................... herria) dagoen eraikinean egin beharreko obrengatik. Etxebizitza kopurua: ........ Eskatutako dirulaguntza: .................................................................................................. euro.

Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditut Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.

Harremanetarako datuak, jakinarazpenetarako:

BERE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DU:

("Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa" izeneko II. eranskineko d eta o puntuak betetzea)

1. Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan aipatutako deialdiari dagozkion laguntzen xede diren lanak sustatzen dituena dela.

2. Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere; salbuespena da artikulu horietako e) letran aurreikusitako debekua, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruzkoa. Orobat, berariaz aipatzen du ez duela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

3. Aplikatu beharreko araudia ezagutzen du, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluaren apartatu hauek:

1. 2. apartatuaren d) letra: «Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan, honako datu-kategoria bateratu hauek biltzea, bilaketak egitea ahalbidetuko duen formatu elektroniko batean eta datu-base bakar batean, erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko:

i. Funtsen azken hartzailearen izena;

ii. Kontratistaren eta azpikontratistaren izenak, baldin eta funtsen azken hartzailea adjudikazio-botere bat bada, kontratazio publikoaren arloko Batasuneko edo Estatuko zuzenbidearen arabera;

iii. Funtsen benetako hartzaileen edo kontratistaren izen-abizenak eta jaiotza-datak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/849 (EB) Zuzentarauaren (26) 3. artikuluko 6. puntuan definitzen denaren arabera;

iv. Suspertze eta erresilientzia planaren esparruan eraberritze- eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurrien zerrenda, neurri horien finantzaketa publikoaren guztizko diru zenbatekoarekin batera, eta Mekanismoaren eta Batasuneko beste funts batzuen esparruan ordaindutako funtsen zenbatekoa adierazita».

2. 3. apartatua: «Artikulu honetako 2. apartatuko d) letran aipatutako datu pertsonalak estatu kideek eta Batzordeak baino ez dituzte tratatuko, aurrekontu-kudeaketaren onespenari eta 15. artikuluko 2. apartatuan eta 23. artikuluko 1. apartatuan aipatutako akordioen aplikazioari lotutako funtsen erabilerari dagozkien kontrol-prozedurei buruzko auditoretzaren ondorioetarako eta auditoretza horrek iraun bitartean. Batzordearen kudeaketa onesteko prozeduraren esparruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 319. artikuluarekin bat etorriz, Mekanismoak txostenak aurkeztu beharko ditu Finantza Erregelamenduaren 247. artikuluan aipatutako finantza-informazioaren eta kontu-ematearen esparruan, eta, zehazki, bereizita, kudeaketari eta errendimenduari buruzko urteko txostenean».

Azaldutako esparru juridikoarekin bat, datuak lagatzeko eta tratatzeko adostasuna adierazten du, aipatutako artikuluetan berariaz zerrendatutako helburuetarako.

3. Eskatutako laguntzaren xede den jarduketa egiteari dagokionez, adierazten du ezagutzen duela aplikatu beharreko araudia, eta ez dagoela EBren interes ekonomiko eta finantzarioen aurka joan daitekeen balizko inolako interes-gatazka egoeratan, eta konpromisoa hartzen duela, arau juridikoak, etikoak eta moralak betetzeari dagokionez estandar zorrotzenak betetzeko, beharrezkoak diren neurriak hartuz iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari eta hautemateari begira, eta, hala badagokio, agintari eskudunei jakinarazteko ikusitako edo ezagutzen dituen ez-betetzeen berri. Ez duela eskatu edo jaso beste laguntza edo dirulaguntzarik jarduera edo helburu bererako, eta adierazten du ez duela finantzaketa bikoitzik eta, berak dakiela, ez duela bateraezintasun arriskurik Estatuko laguntzen araubidearekin. Bestela, eskatutako eta, hala badagokio, lortutako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, baita hori zer administrazio, organismo edo erakunde publikok eman duen ere.

4. Eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak ezin direla berreskuratu edo konpentsatu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera. Bestela, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergen xehetasunak emanen dira.

5. Jarduera ekonomikoak edo komertzialak egin arren, ezin dela krisialdian dagoen enpresatzat hartu (2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuaren arabera), eta ez duela jaso ez oraingo ekitaldi fiskalean, ezta aurreko bi ekitaldi fiskaletan ere, hauekin batera, 200.000 euroko edo gehiagoko laguntzarik. Bestela, uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan emandako laguntza guztien xehetasunak emanen dira.

Adierazpen honetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, itzuli egin beharko dira jasotako laguntzak, bai eta dagozkien berandutze-interesak ordaindu ere.

Eta hala ager dadin, honako hau sinatzen dut ...............................(e)n, ......................... egunean.

(GARRANTZITSUA: hala badagokio, sinadura guztiak jaso behar dira)

II. ERANSKINA

ERAIKINEN PROGRAMAKO LAGUNTZAK ESKATZEKO AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen datuak, izen-abizenak edo sozietatearen izena adierazita, eta IFZren kopia. Ordezkaria egonez gero, haren datuak, izen-abizenak adierazita, eta IFZren kopia, baita duen ordezkaritzaren egiaztagiria ere, aplikatzekoa den araudi espezifikoaren arabera.

b) Birgaitu beharreko eraikinaren edo etxebizitzaren jabetzaren, gozamenaren, alokairuaren edo antzeko eskubideen egiaztapena, laguntzaren azken hartzailea oinarri hauetako bigarren oinarriko 1. puntuko a), b) edo f) letretan jasotakoren bat denean. Jabetza, gozamena eta eskubide errealak Jabetza Erregistroaren katastro-ziurtagiriaren edo informazio-ohar soilaren bidez egiaztatuko dira. Eraikinen enpresa errentarien edo emakidadunen kasuan, bai eta izaera hori egiaztatzen duten kooperatiben kasuan ere, indarrean dagoen kontratuaren bidez egiaztatu behar dute berariazko ahalmena aitortuta dutela programaren xede diren birgaitze-lanak egiteko.

c) Jarduketak eginen diren higiezinaren katastroko datuen kontsulta deskribatzailea eta grafikoa, etxebizitzararako erabilera edo beste erabilera batzuk egiaztatzen dituena, laguntzaren zenbatekoa zehazteko erabileraren eta eraikuntza-urtearen arabera. Orobat, birgaitu beharreko eraikineko etxebizitza kopurua eta, hala badagokio, lokal kopurua zehaztu beharko dira, azalera eraikia eta solairu kopurua (beheko solairua barne) adierazita. Aitortutako ingurune baten parte izateagatik edo balio arkitektoniko edo historiko berezia izateagatik babes-mailaren bat duten eraikinen kasuan, babes hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzailearen ordezkariak sinatua, non honako hauek adieraziko baitira, zehatz-mehatz, jarduketaren eskatzaileari edo eskatzaileei buruz:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere, artikulu horietako e) letran aurreikusitako debekua izan ezik, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruzkoa. Orobat, berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

e) Egin beharreko jarduketaren proiektua edo, halakorik ezean, jarduketa justifikatzeko memoria, ondoan duela azken hartzailearen adostasuna jasotzen duen agiria. Memoria horrek, gutxienez, alderdi hauek jaso beharko ditu: deskribapena, jarduketa-eremuen arabera banakatutako aurrekontua eta planoak. Edonola ere, kostu diruz lagungarritzat jo daitezkeen ordainsariak eta kudeaketa-gastuak zehaztu beharko dira. Halaber, jarduketa-proiektuaren dokumentazioan edo jarduketa justifikatzeko memorian, dagokionaren arabera, honako hauek jasoko dira: hasierako egoerarekin alderatuta energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan zenbat aurreztea aurreikusi den; hasierako egoerarekin alderatuta zenbatean murriztuko den berokuntzaren eta hoztearen energia-eskari globala; diruz lagun daitekeen inbertsioa eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

f) Lehendik dagoen eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiria, egungo egoerarena, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan eskatutako edukiarekin, teknikari eskudunak sinatua eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo horren ordezko organoan) erregistratua, eta lortutako energia-efizientziaren ziurtagiria, proiektuan aurreikusitako jarduketak gauzatutzat joz, esku-hartzearen aurretiko ziurtagirirako erabilitako ziurtapen-programa aitortu berarekin egina, eta teknikari eskudunak sinatua. Ziurtagirian laguntza lortzeko ezarri ziren baldintzak bete direla ziurtatuko da. Ziurtagiriak baliozkoak izateko, ezinbestekoa izanen da bi urte baino gehiago igaro ez izana ziurtagiriak ematen direnetik eskabidea aurkezten den arte.

g) Hala badagokio, idazkariak edo administratzaileak sinatutako akta edo ziurtagiria, jasotzen duena erkidegoak, behar bezala elkartutako jabekideen erkidegoek edo kooperatibaren batzarrak laguntzen xede diren birgaitze-obren exekuzioa onartzeko hartutako erabakia.

h) Hala badagokio, idazkariak edo administratzaileak sinatutako akta edo ziurtagiria, non jasoko baita dirulaguntza eskatzeko ordezkari baimenduaren izendapena.

i) Sinatutako kontratua edo eskaintza, eta partiden arabera banakatutako aurrekontua, neurketak, unitateko prezioak eta guztizkoak, BEZa edo dagokion zeharkako zerga baliokidea banakatuta eta jabeen erkidegoak berariaz onartuta. Kapituluen araberako laburpen-orrian, enpresaren sinadura eta zigilua, IFZ eta data jaso beharko dira. Adierazi beharko da dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak berreskuratzea edo konpentsatzea badagoen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

j) Hirigintzako lizentzia eta/edo eskaera, beharrezkoa denean, edo udalaren antzeko baimena. Obrak hasita badaude, obrak hasi izanaren ziurtagiria, teknikari tituludun eskudunak sinatuta, edo zuinketa-akta, eraikuntza-enpresako obra-zuzendariak sinatuta eta data jarrita, eta jabeen oniritziarekin.

k) Birgaitze-jarduketek ukitutako eremu guztien eta eraikinaren fatxada nagusiaren argazki-erreportajea, ahal dela koloretan.

l) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo «ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa» betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

m) Amiantoa kentzeagatiko laguntza eskatzen dutenek, amianto-hondakinak erretiratu, manipulatu, garraiatu eta kudeatzeko kostuen kalkulua aurkeztu beharko dute. Lan horiek legez baimendutako enpresa batek egin beharko ditu.

n) Banakako espedientean kalteberatasun ekonomikoagatiko laguntza pertsonala eskatzen duten pertsona fisikoek honako hauek soilik aurkeztu beharko dituzte: birgaitu beharreko etxebizitzaren jabetzaren edo gozamenaren egiaztagiria, Jabetza Erregistroaren ziurtagiri edo ohar soil informatiboaren bidezkoa; birgaitutako etxebizitza ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko konpromisoa; dagokion urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia eta jaso beharreko laguntza jabeen erkidegoari edo pertsona juridiko baliokideari lagatzeko dokumentua.

o) Laguntzen azken hartzaileak enpresak badira edo merkataritzako jardueran aritzen badira, bosgarren oinarriaren 2. puntuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: www.vivienda.navarra.es.

III. ERANSKINA

EGINDAKO JARDUKETAK JUSTIFIKATZEKO ESKATZEN DEN DOKUMENTAZIOA

Azken hartzaileek laguntzaren xede diren jarduketak egin direla justifikatu beharko dute instrukzio organoaren aurrean (Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala). Horretarako, laguntzen azken hartzaileak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta bete beharko du Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa, honako hau, alegia: "Europar Batasuneko funtsen hartzaileek finantzaketa horren jatorria aipatuko dute, eta begiratuko dute laguntzaren jatorriari ikusgarritasuna ematen zaiola, barne dela, hala dagokionean, Europar Batasunaren ikurra erabiltzea eta finantzaketaren deklarazio egoki bat erakustea, "Europar Batasunak finantzatua–Next Generation EU" testuaren bidez, batez ere ekintzak eta emaitzak sustatzen dituztenean, eta informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanen da, hainbat hartzaileri zuzenduta, hedabideak eta publikoa barne".

Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, aurrez aurre edo telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (pertsona juridikoek telematikoki aurkeztu behar dute nahitaez):

a) Jarduketek proiektua behar badute, benetan exekutatutako obraren proiektua. Eraikinen Ebaluazio Txostena edo Eraikinaren Liburua dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, haren erregistro-kodea identifikatuta.

b) Obra bukaerako ziurtagiria, obra zuzendariak edo obrak exekutatzeko zuzendariak sinatua, hala badagokio.

c) Instalazio termikoaren ziurtagiria, hala badagokio, instalazioaren zuzendariak edo instalatzaile baimenduak sinatua, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo hura ordezten duen organoan) erregistratua.

d) Energia-efizientziaren ziurtagiria, jarduketak egin ondoren eskuratutakoa, eta esku-hartzearen aurreko ziurtagirirako erabilitako ziurtapen-programa aitortu berarekin egindakoa. Teknikari eskudunak sinatua egon behar du, eta ziurtatu behar du laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak bete direla. Orobat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo hura ordezten duen organoan) erregistratuta egon behar du.

e) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean eskatutakoarekin bat. Memoria hori teknikari tituludun eskudun batek egin eta sinatuko du, hots, proiektuaren egileak edo jarduketa exekutatzeko zuzendariak, eta bertan, jarduketen bukaera data ere azalduko da. Memorian jasoko da, orobat, bete dela aplikatzekoa den araudia, nahitaez bete beharrekoa.

f) Exekutatutako obren argazkiak, ahal dela koloretan.

g) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

h) Egindako jarduketei dagozkien kontratuen eta/edo eskaeren kopia eta zerrenda ziurtatua.

i) Aurkeztutako aurrekontuarekin eta kontratuekin zerikusia duten faktura guztien zerrenda ziurtatua, baita faktura horien eta bankuko ordainagirien kopiak ere, egindako inbertsioari dagozkionak.

j) Otsailaren 1eko 853/2021 Errege Dekretuaren 32. artikuluko a) letran adierazitakoa betetzen dela justifikatzeko dokumentazioa. Horretarako, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko azterlana jasotzen duen proiektua edo memoria teknikoa aurkeztu beharko da, bai eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko plana ere. Plan hori nola aplikatuko den zehaztu beharko da, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen 105/2008 Errege Dekretuan araututakoarekin bat. Aurreko hori honela frogatuko da:

i. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen %70 balorizatu dela behar bezala egiaztatzeko (853/2021 Errege Dekretuaren 32.a)1. artikulua), sortutako hondakinen guztizko kopurua zehazten duen laburpen-memoria aurkeztuko da, hondakinak Europako Hondakinen Zerrendako kodeen arabera sailkatuta, eta hondakinen destinoko kudeatzaileen ziurtagiriak, instalazio bakoitzean lortutako balorizazioaren ehunekoa adierazten dutenak. Balorizatu ezin diren hondakin arriskutsuak ez dira kontuan hartuko helburu hori lortzeko.

ii. Eraispen selektiboa egiteko neurriak ezarri direla egiaztatzeko, kudeatzaileek emandako ziurtagirietan jasotako EHZ kodeak erabiliko dira, sortutako hondakinak entregatu direla justifikatzeko. Kode horiek gaika bildutako hondakin-frakzioei dagozkienak izanen dira, adibidez: 170101, 170102, 170201, 170202, 170203, 170402, 170403 edo 170405.

iii. Obran bertan hondakinen bat balorizatuz gero, esleipendunak balorizatutako kopuruei buruzko informazioa sartuko du laburpen-memorian, EHZ kodearen eta erabilitako bitartekoen arabera sailkatuta (instalazio mugikorra, kudeatzailea, etab.).

iv. Hondakinetatik heldu diren agregakin birziklatuak erabiliz gero, esleipendunak material horiek erosiak direla frogatzeko dokumentazioa erantsi beharko du laburpen-memorian, eta material kopurua eta mota adierazi beharko ditu.

v. Amianto-hondakinak sortzen badira, tratamendu egokia jaso dutela frogatu beharko da. Horretarako, amianto-hondakinak sortu diren lekutik hondakinak kudeatzeko plantara lekualdatu aurretik jakinarazpen bat igorri beharko da, eta baita mugimendu horiei lotutako hondakinen lekualdaketak identifikatzeko dokumentuak ere, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

k) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren jatorrizkoa, behar bezala beteta eta pertsona fisiko edo juridiko sustatzaileak sinatuta.

Edonola ere, jarduera egin eta justifikatzeko epea bukatzen denean gastuen zati bat baino ez bada ordaindu, proportzionaltasun printzipioa aplikatuko da, laguntza jasotzeko eskubidea galtzearen ondorioetarako.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/

IV. ERANSKINA

DNSH ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Nafarroako Foru Komunitatearen EDIFICIOS MRR 2023 programako laguntzak emateko deialdia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (Europar Batasunak finantzatua – Next Generation EU)

…………………………..................……… jaunak/andreak, ………………………………… NAN zenbakidunak, ........................... titulua duenak, .......................................(e)n elkargo ofizialean ………........... elkargokide zenbakia duenak, …………………………………(r)en izenean eta hura ordezkatuz (IFZ: ………………………………….)

ADIERAZTEN DUT

("Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa" izeneko II. eranskineko I. puntua betetzea)

".............................................................................." proiektuaren egilea naiz, eta proiektu hori goian aipatutako deialdiko laguntzak eskatzeko aurkeztu da, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Laguntzak eskatzeko aurkeztutako proiektu horrek eta programa horren barruko jarduketek honako hau betetzen dute:

a) Proiektuaren barruan egiten diren jarduerek ez diete kalte nabarmenik eragiten ingurumen helburu hauei, ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduera ekonomikoak sailkatzeko sistema bat (edo «taxonomia») ezarriz inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren arabera:

  • Klima-aldaketa arintzea.
  • Klima-aldaketara moldatzea.
  • Ur eta itsas baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta babestea.
  • Ekonomia zirkularra, hondakinen prebentzioa eta birziklapena barne.
  • Atmosferako, uretako edo lurzoruko kutsaduraren prebentzioa eta kontrola.
  • Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea.

b) Jarduketek 691/2021 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituzte, eta 2. osagaian finkatutako ezaugarri eta baldintza espezifikoetara egokitzen dira (https://www.lamoncloa.gob.es/temas/fondos-recuperacion/Documents/16062021-Componente2.pdf), ingurumen helburu bakoitzerako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean islatutakoetara:

INGURUMEN HELBURUA

JARDUKETEK BETE BEHARREKO BALDINTZA ESPEZIFIKOAK

1. Klima-aldaketa arintzea

Energia-efizientzia hobetuko da 2010/31/EB Zuzentarauaren arabera. Horrek kontsumo txikiagoak eraginen ditu eta, ondorioz, BEG emisio gutxiago.*

2. Klima-aldaketara moldatzea

Ez da baldintza espezifikorik zehazten, jarduketek helburu hori hobetzea dakarte (eraikinen eta ingurunearen baldintzak hobetzea).

3. Ur eta itsas baliabideak

Ez da baldintza espezifikorik zehazten, jarduketek ez baitute eragin nabarmenik izan behar helburu horretan.

4. Ekonomia zirkularra

Proiektu mailako baldintza espezifikoak:*

i. Eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan) –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian sartutako material naturala– berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko prestatuko dira, betelanak egitea barne, hondakinak erabil daitezen beste material batzuk ordezteko, bat etorriz Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako hondakinen hierarkiarekin eta EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin.

ii. Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabiliz. Era berean, eraispena ahal dela gaika eginen da, eta sailkapena hondakinak sortzen diren lekuan eginen da lehentasunez.

iii. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute, batez ere, nola dauden diseinatuak baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

5. Kutsadura

Ez da eragin nabarmenik espero.

Neurri honetan aurreikusitako jarduketak egiteko erabilitako osagaiek eta eraikuntza materialek ez dute amiantorik edukiko, ezta substantzia oso kezkagarririk ere. Substantzia horiek 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskineko baimenaren menpeko substantzien zerrendan daude identifikaturik.*

6. Biodibertsitatea eta ekosistemak

Ez dago baldintza espezifikorik zehaztuta, jarduketek ez baitute eragin zuzenik edo zeharkakorik izan behar biodibertsitatean edo ekosistemetan.

(*) 691/2021 Errege Dekretuan ezarritako programaren betekizunak.

c) Erantzukizunpeko adierazpen honen xede diren jarduketek aplikatzekoa den DNSH printzipioaren helburuekin lotutako indarreko araudia beteko dute.

d) Proiektuan eta horrekin batera doan hondakinen kudeaketari buruzko azterlanean deskribatutako jarduketek betetzen dituzte ekonomia zirkularraren helburuaren ebaluazio substantiborako ezarritako irizpide espezifikoak, b) atalean deskribatutakoak, honako honen arabera:

Oraingo eraikinek ezarritako baldintzatzaileetatik abiatzen da proposatutako eraikinen birgaitzea. Ondorioz, eraikuntza zirkularraren irizpideak kontuan hartu dira, esku-hartze zehatzek ahalbidetzen duten neurrian.

Aintzat hartutako eraikuntza teknikek zirkulartasuna babesten dute: beharrezko neurriak hartu dira proposatutako jarduketen ondoriozko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) %70 gutxienez berrerabiltzeko, birziklatzeko eta berreskuratzeko.

Adierazpen honetan ezarritako betekizunen bat betetzen ez bada, itzuli egin beharko dira jasotako laguntzak, bai eta dagozkien berandutze-interesak ordaindu ere.

Eta hala ager dadin, honako hau sinatzen dut .............................(e)n, sinadura digitalean agertzen den egunean.

Teknikari eskudunak sinatuta.

Iragarkiaren kodea: F2217344