34. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2023 FORU AGINDUA, urtarrilaren 3koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki-erakundeei eta entitate sozialei mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko dirulaguntzak emateko 2023ko deialdia. DDBN identifikazioa: 668809.

Urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparrua, antolaketa eta eskudantziak ezartzen ditu. Dekretu horren II. kapituluan, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala definitzen da, eta horien artean dago mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza-harremanak bultzatzea eta koordinatzea. Eskumen hori berariaz esleitzen zaio Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari.

2021-2024 aldirako Kanpo Ekintzaren Planak ezartzen du, helburu operatibo gisa, loturak indartu behar direla Nafarroako mugako kokapenari lotutako lankidetza-foroetan. Helburu operatibo horrekin bat egituratzen da Planaren 2. ardatza (Nafarroaren mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza). Hartan, azpimarratzen da Nafarroak parte hartzen duela administrazioen arteko mugaz gaindiko lankidetza-foroetan, non ahalbidetzen baita zerbitzu eta politika publikoak koordinatzea.

Foro horien helburua da mugaz gaindiko harremanen arazoak eta beharrak monitorizatzea eta konpontzea. Testuinguru horretan, ardatz honen helburua da eragileen arteko lankidetza sustatzea eta erraztea, baita lankidetzarako dauden oztopoak hautematea eta horiei aurre egitea ere.

Xedea izanik laguntza ematea aipatutako jarduerei eta biztanleengandik gertuen dauden entitateei, hau da, toki-erakundeei eta entitate sozialei, ezartzen da helburu horren (G3) ekintza ildoa dela deialdi hau onestea, helburu duena arautzea nola emanen dituen Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak dirulaguntzak, toki-erakunde eta entitate sozialentzat, mugaz gaindiko proiektuak egin ditzaten 2023an.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Toki-erakundeei eta entitate sozialei mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko dirulaguntzak emateko 2023ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den eta partida honen baliokidea den partidaren kargura: "Toki-erakundeentzako laguntzak, mugaz gaindiko eta Europako lankidetza jarduerak sustatzeko" izeneko B50002 B5100 4609 144100 partida, baldin eta kreditu aski eta egokia badago

2023

20.000,00

2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den eta partida honen baliokidea den partidaren kargura: "Entitate sozialentzako laguntzak, mugaz gaindiko eta Europako lankidetza jarduerak sustatzeko" izeneko B50002 B5100 4819 144100 partida, baldin eta kreditu aski eta egokia badago

2023

20.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 3an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

TOKI-ERAKUNDEEI ETA ENTITATE SOZIALEI 2023KO EKITALDIAN MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZA JARDUERAK SUSTATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da arautzea dirulaguntzak nola eman toki-erakundeei eta entitate sozialei, lankidetza jarduerak egiten badituzte mugaz gaindiko hartu-emanak sustatu eta garatzearren Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren artean 2023ko ekitaldian.

Toki-erakundeek edo entitate sozialek garatutako mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak finantzatzeko erabiliko dira laguntzak, honako xede hauek betetzeko:

–Esperientziak trukatzea mugako bi aldeetan.

–Mugaz gaindiko sareak sortzea edo finkatzea.

–Herritarren joan-etorria erraztea mugako bi aldeetan.

–Informazioa eman eta hedatzea Europako eta mugaz gaindiko gaiei buruz.

–Traba juridikoak eta administratiboak atzematea mugaz gaindiko testuinguruan.

Aurkeztutako proiektuek mugaz gaindiko hartu-emanak garatu eta indartu beharko dituzte, besteak beste, arlo hauetan:

–Turismoa.

–Ingurumena.

–Garapen jasangarria.

–Tokiko ekonomia.

–Kultura.

–Gizarte ekintza.

–Gazteria.

–Kirola.

–Eleaniztasuna.

–Memoria historikoa.

–Zahartze aktiboa.

–Mugaz gaindiko interesa duen beste edozein.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira merkataritza edo irabaziak helburu dituzten jarduerak, edo erabilera profesionalekoak, bai eta beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten proiektuak eta jarduerak ere.

2.–Finantzaketa.

Aipatutako laguntzak partida hauen kargura finantzatuko dira, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen 2023rako Gastuen Aurrekontutik:

–20.000 euro erabiliko dira 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den eta partida honen baliokidea den partidaren kargura: Toki-erakundeentzako laguntzak, mugaz gaindiko eta Europako lankidetza jarduerak sustatzeko izeneko B50002 B5100 4609 144100 partida, baldin eta kreditu aski eta egokia badago.

–20.000 euro erabiliko dira 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den eta partida honen baliokidea den partidaren kargura: entitate sozialentzako laguntzak, mugaz gaindiko eta Europako lankidetza jarduerak sustatzeko izeneko B50002 B5100 4819 144100 partida, baldin eta kreditu aski eta egokia badago.

Baldin B50002 B5100 4609 144100 eta B50002 B5100 4819 144100 partidetan erreserbatutako kreditua agortzen ez bada eta beste partidan soberakinik badago, diru kopurua handitzen ahalko da kreditua agortu arte, betiere eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

3.–Entitate onuradunak.

Entitate hauek jaso ditzakete deialdi honen dirulaguntzak:

a) Nafarroako toki-erakundeak.

b) Entitate sozialak, frogatzen dutenak irabazi asmorik gabeko entitatearen legezko aitortza dutela eta egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituztela.

Ezin dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren batean dauden erakundeak, edo zigor edo zehapenen bat jaso dutenak sexu edo generoa dela medio diskriminatzailetzat jo diren laneko jardunbideak izan edo baimentzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai judizial irmo bidez.

4.–Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak, aldia eta laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, mugaz gaindiko jarduerak egiteko (Pirinio Atlantikoetako lurralde-eremua).

Laguntza honako honetan datza: oinarri honetan zehazten diren gastuen %100 lagunduko da diruz proiektu bakoitzeko, diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren 5.000 euro gehienez ere (diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan hartu gabe).

Proiektu bati bakarrik emanen zaio dirulaguntza entitate bakoitzeko.

"Errepikatutako" proiektuak ez dira diruz lagunduko, hau da, deialdi berean aurreko urteetan finantzatutako ekintza eta izaera berekoak direnak. Proiektu berritzat joko da lurralde bateko edo bietako lankidetza handitzen badu, edo bere helburuak eta ekintzak aldatzen baditu.

Deialdi honen ondorioetarako, bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusitako mugaz gaindiko jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira.

Gastu horiek 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira, biak barne.

1.–Bidaia gastuak:

Garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena edo autobusa), auto edo furgoneta bidezko garraio gastuak, ostatu hartzea (hotela) eta mantenua, EBren esparruan lagunduko dira diruz.

–Proposatutako jarduerak egiteko behar-beharrezkoak diren gastuak baino ez dira onartuko.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Turismo edo furgoneta bat erabiltzen bada, kilometro bakoitzeko 0,34 euro ordainduko da tarifa gisa.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

–Mantenuko dietetan, zenbateko diruz lagungarria 30 eurokoa izanen da gehienez otordu, pertsona eta eguneko.

Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dute, eta jaulkitako fakturek erakunde onuradunen izenean egon beharko dute; ez da onartuko dirulaguntzaren onuradun ez den entitate edo pertsona bati jaulkitako fakturarik.

2.–Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Ekitaldiak antolatzeko beharrezko gastuak honakoak dira: azoketara joateko eta azterlanak edo mugaz gaindiko jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin oinarri hauen 1. atalean adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte. Berariaz sartzen dira jarduera horiek guztiak ekoizteko gastuak online formatuan.

Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak.

Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dute, eta jaulkitako fakturek erakunde onuradunen izenean egon beharko dute; ez da onartuko dirulaguntzaren onuradun ez den entitate edo pertsona bati jaulkitako fakturarik.

Ez dira diruz lagungarriak izanen langileei dagozkien gastuak edo erakundearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa etab.), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Ekintza diruz lagungarriak:

–Kirolaren arloko ekitaldiak.

–Gazte trukaketak eta hezkuntza arlokoak oro har.

–Mugaz gaindiko esperientziak hedatzeko ekitaldiak.

–Azoka turistikoetan, merkataritzakoetan eta abarretan parte hartzea.

–Mugaz gaindiko trabak atzemateko azterlanak / txostenak.

–Mugaz gaindiko izaera duten jarduera guztiak, oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1.a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.1.b) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/toki-erakundeei-eta-entitate-sozialei-dirulaguntzak-mugaz-gaindiko-lankidetza-jarduerak-sustatzeko (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

5.1.c) Eskaerak egiteko lehenengo eranskinean dagoen eskabide inprimaki zehatza erabiliko da; laguntza fitxan ere eskuragarri dago. Inprimaki hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

5.1.d) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitateak ematen duen gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Entitateak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduretan harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari (laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiaren araberakoa betiere) erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eskaneatua aurkeztu behar da, eta behar bezala identifikatua. Hauxe da:

5.2.a) Erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

–Entitate eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, azalduz ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko ezarritako debekurik, ezta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakorik ere.

–Entitate eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek ekintza bererako emandako edo haiei eskatutako dirulaguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.

–"Transferentzia bidez kobratzeko eskaera" izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada.

–Entitate sozialen kasuan:

  • Elkartearen edo entitatearen estatutuak.
  • Dirulaguntzak emateko prozeduretan Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko, enpresa eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoaren ahalorde aski eta iraunkorraren eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan ageri bada.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, erakunde onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da erakunde onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako inprimaki berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

5.2.b) Ekintzei buruzko dokumentazioa (ezarritako ereduekin bat etorriz, Interneten, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko kasuan kasuko fitxan eskuragarri daudenak):

–Proiektuaren azalpen memoria (2. eranskina), gai hauek jasoko dituena, besteak beste:

a) Parte hartu duten entitateen eta proiektuaren datuak.

b) Proiektuaren berariazko helburuak.

c) Frantziako Pirinio Atlantikoetako entitatearekiko lankidetzaren deskribapena.

d) Jardueren gutxi gorabeherako programa, jardueren deskribapena eta egiteko egutegia.

e) Proiektuaren publizitaterako, hedapenerako eta iraunkortasunerako jarduerak.

–Gastuen aurrekontu xehakatua eta diru-sarreren aurreikuspena (3. eranskina).

–Proiektuan lankidetzan aritzeko konpromisoaren gutuna, Pirinio Atlantikoetako entitateak sinatua. Gutun horretan proiektuaren eta entitatearen identifikazio datuak jasoko dira, izaera eta jarduera, baita lankidetzaren edukiari eta interesari buruzko erreferentzia labur bat ere.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Windows Media erreproduzigailua.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa. Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen 5. apartatuan eskatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, kudeaketa egiten duen organoak entitate interesdunari errekerituko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, errekerimendua egiten zaionetik zenbatzen hasita, eta adieraziko dio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osorik eta zuzen bete dela eta 1. oinarrian adierazitako jarduketa bati dagokiola egiaztatu ondoren, espedientea 7. oinarrian ezarritakoaren baremoaren arabera baloratuko da.

6.–Ebaluazioa eta ebazpena.

6.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Prozedura hau, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

6.2. Prozeduraren organo kudeatzailea Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

6.3. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkeztu diren proiektuak, deialdi honen 7. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera.

Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, baita bakoitzari esleituriko puntuazioa eta zenbatekoa ere.

6.4. Badago kreditu erabilgarri bat entitate onuradun bakoitzarentzat (hau da, toki-erakundeentzat eta entitate sozialentzat). Erakunde onuradun mota bakoitzarentzat gordetako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

6.5. Finantzatu beharreko azken proiektuaren dirulaguntza-proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, aurrekontuan diru erabilgarririk ez dagoelako, instrukzio-organoak eskaera birformulatzeko eskatzen ahalko du. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Kudeaketa organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.–Aurkeztutako jardueren programaren kalitatea (50 puntu gehienez)

1.1.–Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea

10

1.2.–Proiektuaren beraren eta haren jardueren berrikuntza edo berritasuna

10

1.3.–Aurreikusitako jardueren egokitasuna proiektuko helburuak lortzeko

20

1.4.–Proiektuaren hedapen eta publizitate neurriak

5

1.5.–Proiektuaren iraunkortasun neurriak

5

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

2.–Mugaz gaindiko dimentsioa. Lankidetzaren intentsitatea (25 puntu gehienez)

2.1.–Mugaz gaindiko lankidetzaren balioa identifikatutako helburuak lortzeko (15 puntu gehienez)

2.1.1.–Mugaz gaindiko lankidetzaren premia proiektua gauzatzeko

7,5

2.1.2.–Lankidetzaren eragina kuantitatiboki eta kualitatiboki

7,5

2.2.–Lankidetzan parte hartzen dutenak (10 puntu gehienez)

2.2.1.–Parte-hartzaileen ibilbidea mugaz gaindiko lankidetzan

5

2.2.2.–Kideen gaitasuna proposatutako jardueretan

5

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

3.–Proiektuaren jasangarritasun soziala (10 puntu gehienez)

3.1.–Generoaren ikuspegia txertatzea proiektuaren diseinuan, gauzapenean eta ebaluazioan

4

3.2.–Baztertzeko arriskuan dauden eta/edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna sustatzeko neurriak txertatzea

4

3.3.–Prestakuntza jarduerak/euskararen presentzia

2

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

4.–Proiektuaren aurrekontua (15 puntu gehienez)

Aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia jarduerak egiteko eta aurreikusitako emaitzak lortzeko

15

Ebaluazioaren ondoren guztira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

8.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta adjudikatzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta emandako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka edo berariazko edo presuntziozko ukoen aurka, administrazio publiko ez diren entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, administrazio publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean (29/1998 Legea, uztailaren 13koa, arautzen duena Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

8.2. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskaerak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpena berariaz jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute entitate eskatzaileek.

8.3. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat eman dezake deialdian aurrekontuko baliabiderik ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik entitate onuradun motetako batean (toki-erakundeak edo entitate sozialak), gelditzen den diru-kopurua erabil daiteke bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

9.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, erakunde onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da erakunde onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako inprimaki berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, betez (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

9.3. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean, dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarritako epeak bete.

9.4. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

9.5. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

9.6. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2023ko azaroaren 17a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

9.7. Dirulaguntzaren xede den ekintzaren gaineko informazio, material eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da (esku-orriak, kartelak, sortutako entregatzekoak, etab.).

Dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan hizkera ez-sexista erabili beharko da, eta irudi diskriminatzaileak edo estereotipo sexistak saihestu.

Logotipoa erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren Atarian kontsulta daitezke (https://www.navarra.es/eu/hasiera) edo Argitalpen Atalaren bidez.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta zabalkunde lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek eguneratu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.8. Jasotako funtsak justifikatzen dituzten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren artean.

9.9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikatzeko modua.

10.1. Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea amaitzean. Eskatzaileek, 2023ko azaroaren 17ra arte (egun hori barne), honako hauek aurkeztu beharko dituzte: memoria ekonomikoa, finantzatutako proiektuaren gauzatze-memoria, behin betiko gastuen taula, BEZaren ziurtagiria eta egindako ekintzak justifikatzeko dokumentu-oinarria, deialdi honen 10.2 oinarrian deskribatutako baldintzetan, behin onetsita eta egiaztatuta aurkeztutako dokumentazioa bat datorrela gauzatu denarekin.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifika daitekeen gastutzat joko da justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena (hau da, 2023ko azaroaren 17ra arte), baldin eta gastua proiektua gauzatzeko epearen barnean egina eta fakturatua badago (hau da, 2023ko urriaren 31ra arte).

Ordainduriko laguntzaren zenbatekoa eginiko eta onarturiko gastu osoaren %100 izanen da.

10.2. Justifikatzeko modua.

Justifikazioa modu telematikoan aurkeztu beharko da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan laguntza honen fitxan adierazten den gisan, eta hurrengo ataletan ezarritakoarekin bat etorriz.

10.2 a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2023ko azaroaren 17an beranduenez:

–Diruz lagundu den proiektuaren gauzatze memoria xehakatua, barne hartuko duena aurreikusitako helburuen betetzearen balorazioa, ezarritako ereduarekin bat datorrena. Eredu hori eskuragarri dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan laguntzaren fitxan. Memoria horrekin batera dokumentu-base bat aurkeztuko da, honako hauek bilduko dituena: sortutako emaitzak, argazkiak, bideoak/laburpena, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duen beste edozer (4. eranskina).

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat egin beharko dute, non gastuen zerrenda bat jasoko baita, deialdi honen 4. oinarrian adieraziriko tipologiaren araberakoa, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko laguntza fitxaren arabera (5. eranskina).

–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren publizitate- eta hedapen-betebeharrak bete direla egiaztatzen duten agiriak, 9.7 oinarrian xedatutakoaren arabera.

–BEZa aitortzeko betebeharra izatearen edo betebehar horretatik salbuetsita egotearen ziurtagiria.

10.2 b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa (BEZarekin eta BEZik gabe); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea eta ordainketa data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

10.2.c) Gastu horiek justifikatzeko taula euskarri informatikoan (Excel-5. eranskina) bidaliko da, eta horrekin batera fitxategi digitalizatu bat (pdf formatuan edo antzekoan) aurkeztuko da, fakturena edo gastuak frogatzeko balio bera duten bestelako dokumentuena.

10.2.d) Fakturak eta gastua justifikatzen duten gainerako dokumentuak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berean sartu fitxategi digitalean. Fakturaren fotokopiarekin edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

11.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak dirulaguntza emateko ezarritako ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

12.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu berarekin jarduera berak garatzeko ematen diren beste dirulaguntza batzuekin, administrazio honek edo eskualdeko, tokiko, Espainiako edo Europako beste administrazio publiko batzuek edo entitate publiko zein pribatuek eman.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskaera, toki-erakundeentzako eta entitate sozialentzako laguntzena, 2023an mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko.

2. eranskina.–Mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren memoria.

3. eranskina.–Mugaz gaindiko lankidetzarako 2023ko laguntzen aurrekontua (diru-sarreren eta gastuen aurrekontu-eredua).

4. eranskina.–Mugaz gaindiko lankidetza-proiektua gauzatzeari buruzko memoria.

5. eranskina.–Gastuen justifikazio taula.

Deskargatu 1. eranskinetik 4.era bitartekoak (DOC).

Deskargatu 5. eranskina (XLSX).

Iragarkiaren kodea: F2300520