33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AIEGI

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Alkatetzaren 2023ko otsailaren 2ko RE 23-006 Ebazpenaren bidez onetsi ziren honako deialdi honen oinarriak: Aiegiko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoarekin, oposizio bidez betetzeko deialdia. Hona hemen:

OINARRIAK, AIEGIKO (NAFARROA) UDALEAN ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO DEIALDIARENAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat oposizio bidez betetzea, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoarekin, Aiegiko Udaleko plantillan sartzeko.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira D mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuarekin eta indarra duen araudiarekin, eta jasoko ditu Udalaren plantilla organikoan une oro ezartzen diren osagarriak.

1.3. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da, eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako enplegatu lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Aiegiko Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendekiko, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere probaldi bat ezartzen da, bi hilabetekoa, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

1.7. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

Udalaren ondasun higiezinak, berdeguneak, bide publikoak, bideak, zerbitzuak edo jarduerak mantentzeari dagozkion eginkizunak, haien artean honako hauek nabarmenduta, baina aipatzen direnetara soilik mugatu gabe: parkeak, lorategiak eta berdeguneak garbitu, mantendu eta ureztatzea; bide publikoak, bideak, hiri-altzariak, eta udal hilerria onik zaindu, mantendu eta garbitzea; udalaren jabetzako erremintak eta materiala kontrolatzea; eraikinak; ibilgailuak gidatzea eta makinak maneiatzea (C motako gidabaimena arte, hori barne); igeltserotzako, iturgintzako eta elektrizitateko konponketak.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) B eta C motetako gidabaimenak izatea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (Aiegiko Udalari zuzendua) aurkeztu beharko da Aiegiko Udaleko erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza, 1, 31240 Aiegi), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, hamabost (15) egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak izanen dira I. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia, edo bizileku-txartelaren zein lan-baimenarena.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) B eta C motetako gidabaimenen fotokopia.

d) Curriculum vitaea.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

e) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4. oinarria.–Tasak.

Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES93 2100 3694 79 2200162891 kontuan edo udaletxean bertan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo bost egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

5.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, adierazita deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

5.3. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

–Epaimahaiburua: Leonardo Camaces Murillo, Aiegiko Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–1. mahaikidea: Pedro Iriberri Vega, Contec Ingenieros SL enpresako ingeniaria.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–2. mahaikidea: Esteban Haro Legarda. Udal lantaldeko arduraduna.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–3. mahaikidea: Fernando Remírez Gorría, Jurramendiko Mankomunitateko teknikaria.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–4. mahaikidea: José Manuel Galdeano Hermoso de Mendoza, alkateordea.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–Epaimahaikide-idazkaria: Pedro Alberto Malo Romeo, Aiegiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Aiegiko Udaleko Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Oposizioaren hasiera eta garapena.

7.1. Oposizioaldian bost ariketa egin beharko dira, eta horietako azkena buruz buruko elkarrizketa izanen da. 100 puntu lor daitezke, gehienez.

7.2. Oposizioa nola eginen den.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

7.3. Lehenengo ariketa: idatziz erantzun beharreko proba teorikoa, II. eranskineko gaiei buruzkoa (Gai-zerrenda).

Proba egiteko 1,30 ordu emanen dira gehienez. Puntuazioa, gehienez ere: 30 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak bazter geldituko dira.

Bigarren ariketa: lorezaintzako lanekin zerikusia duen proba praktikoa.

Ariketaren iraupena oposiziogileen kopuruaren arabera zehaztuko du epaimahaiak, baina ez da izanen ordubetetik gorakoa oposiziogile bakoitzeko, eta ahal dela izangai guztiek aldi berean eginen dute. Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak bazter geldituko dira.

Hirugarren ariketa: iturgintzako lanekin zerikusia duen proba praktikoa.

Ariketaren iraupena oposiziogileen kopuruaren arabera zehaztuko du epaimahaiak, baina ez da izanen 1,5 ordutik gorakoa oposiziogile bakoitzeko, eta ahal dela izangai guztiek aldi berean eginen dute. Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak bazter geldituko dira.

Laugarren ariketa: elektrizitateko oinarrizko lanekin zerikusia duen proba praktikoa.

Ariketaren iraupena oposiziogileen kopuruaren arabera zehaztuko du epaimahaiak, baina ez da izanen 1,5 ordutik gorakoa oposiziogile bakoitzeko, eta ahal dela izangai guztiek aldi berean eginen dute. Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak bazter geldituko dira.

Litekeena da bigarren, hirugarren eta laugarren ariketak egun berean egitea.

Bosgarren ariketa: buruz buruzko elkarrizketa epaimahaikoekin. Gehienez ere, 10 puntu. Ez da baztertzailea izanen.

Pliken sistema erabiliko da lehen ariketan.

Oposizioaren azken kalifikazioa lortuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioak batuta.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.1. Gainditu dutenen zerrenda.

8.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Aiegiko Udaleko iragarki-taulan eta web orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, aldi baterako kontratazioetarako.

8.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.

8.1.3. Epaimahaiak puntuaziorik handiena duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko alkateari, eta proposamena loteslea izanen da harentzat. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.1.4. Proposatuak deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituen agiriak aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean.

8.1.5. Proposatutako izangaiak B+E gidabaimena lortu beharko du, lanpostuaz jabetu eta hurrengo sei hilabeteetan.

8.1.6. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.

8.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahal zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Aiegiko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Aiegiko Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 8.1.5 apartatuan xedatuari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

10.1. Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Aiegiko Udala da.

10.2. Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

10.3. Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, interesdunak eskatuta); eta DBEOren 6.1.c) artikulua (beharrezkoa den tratamendua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko).

10.4. Datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

10.5. Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela Udalaren web-orrian argitaratzea, oinarri hauekin bat etorriz.

10.6. Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez. Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskaera eredua

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.gaia.–Hizkuntzaren, ortografiaren eta zenbakien arloetako gaitasuna.

2. gaia.–Udalerria. Kontzeptua eta funtsezko elementuak.

3. gaia.–Igeltserotzako lana. Makineria, erremintak eta materialak.

4. gaia.–Zerbitzu anitzetako peoi eta langilearen eginkizunak obra batean, materiala prestatzea.

5. gaia.–Parke eta lorategiak mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak. Parkeak, lorategiak eta berdeguneak mantentzea, peoi langilearen lorezaintza-lanak.

6. gaia.–Makineria mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak.

7. gaia.–Peoi langilearen lanak pinturan, elektrizitatean, soldaduran, iturgintzan eta eraikinak mantentzen. Materialak, erremintak eta matxurak.

8. gaia.–Aiegiko udalerriko kale-izendegia eta alderdiak.

9. gaia.–Babes zibila eta su-itzaltzea, oinarrizko ezagutzak.

10. gaia.–Laneko segurtasun eta higienea. Segurtasuna, makineria eta erremintak erabiltzean.

11. gaia.–Lanposturako eskatzen den prestakuntzaren kultura orokorra eta ezagutzak eta gaitasun teknikoak.

Aiegin, 2023ko otsailaren 3an.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

Iragarkiaren kodea: L2301923