30. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

4E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batean onesten duena Iruñeko 3. poligonoko 1309. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Inmobiliaria Universidad de Navarra SA da.

Xehetasun azterketaren xedea da Nafarroako Unibertsitateak Iruñean duen campusaren udalez gaindiko plan sektorialean jasotako determinazioak betetzen direla zehaztea; izan ere, plan horretan ezartzen denez, UPSaren planoetan zehaztu eta aurreikusirik ez dauden eraikin berrietarako beharrezkoa da xehetasun azterketa bat aurkeztea lizentzia eskuratu aurretik.

Zehazki, espedientearen helburua da eraikinaren gehieneko lerrokadurak aldatzea, unibertsitate-campuseko Zientzietako eremuaren mendebaldean dagoen ikerketa-eraikina handitu ahal izateko, hego-ekialdeko fatxadan B+1+BC gisako eranskin baten bidez.

Hirigintza antolamendurako tresna honek determinazio batzuk aldatzen ditu Nafarroako Unibertsitatearen Campusa Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamendu xehatuaren gainean. Tramitazioari eta xedeari dagokienez, bat dator hirigintza-legerian ezarritakoarekin, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 63. artikuluan ezarritakoarekin eta aipatutako udalez gaindiko plan sektorialaren hirigintza-araudiaren 7. atalarekin.

Xehetasun azterketa hau tramitatzea eta onestea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

2022ko abenduaren 29an, Ingurumen Eraginaren Atalak txosten bat eman zuen, non ondorioztatzen baita espedientea ez dagoela ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezarritakoaren arabera.

Bestalde, txostena eskatu zaie Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko urtarrilaren 11ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batean onestea Iruñeko 3. poligonoko 1309. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Inmobiliaria Universidad de Navarra SA da.

2. Espedientea ebazteko, honela zuzendu beharko da espedienteko dokumentazioa teknikoa:

–4 izkinen koordenatu geografikoak sartzea dokumentazio teknikoa osatzen duten orrietan, ETRS89 Erreferentziako Sistema Geodesikoaren arabera, UTM proiekzioa iparraldeko 30. eremuan (253/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituena, 9. apartatua).

–Eta hirigintzako zerbitzu-sareen konkurrentziaren justifikazioa, zerbitzuen hartuneak eta sarbideak zehaztuz eta osatuz, hala badagokio, aurreikusitako azalera handitzeko (UPSaren hirigintza-araudiaren "Obra lizentziak" izeneko 7. atala).

3. Jarraituko zaio espedientean eskatu diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Horretarako, espedientea www.ExposicionPublicaOT.navarra.es web-orrian kontsultatzen ahalko da, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi beste alegazio aurkeztea.

5. Ebazpen hau Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 13an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2300988