30. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

1/2023 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Hezkuntza Departamentuaren mendeko Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren (NHEBZ) sorrera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroak hezkuntzako transferentziak jaso eta hiru urtera, martxoaren 1eko 76/1993 Foru Dekretuak Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa sortu zuen, Nafarroako Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendekoa.

Foru Dekretu hartan, 1990eko urriaren 3ko Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Lege Organikoak (LOGSE) eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko aurrerapen eta adierazpenek sustatutako integrazioa sustatzen zuten, eta, bertan, normalizazioa osagarritasun- eta subsidiariotasun-printzipioetan gauzatu zen.

Horren bidez, sustatu nahi izan zen baliabide orokorrek erantzutea ikasleen premiei, zerbitzu espezializatuen gaikuntza-laguntza (eta ez-ordezkoa) eskuragarri izanik.

Harrezkero, printzipio horiek gidatu dute Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren (NHBBZ) bilakaera, eta aniztasunaren esparruan erreferentzia teknikoa den erakunde bihurtu da. Hori dela eta, aholkularitza eta kalitatezko erantzunak eman behar dizkie ikastetxeei, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta egokia eman diezaieten.

2006. urtean, araudia aldatu zen hezkuntzan, Estatuan, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa (LOE) onartu eta argitaratu zenean, eta nazioartean, New Yorken, Nazio Batuek Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zuenean (2006ko abenduaren 13koa, Espainiako ordenamendu juridikoan berretsia, 2008ko apirilaren 21eko 96. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren). Besteak beste, inklusioaren printzipioa, hezkuntzaren kalitatea, ekitatea, diskriminaziorik eza eta malgutasuna lantzen dira ikasleen gaitasunen, interesen, itxaropenen eta premien aniztasunera egokitzeko hezkuntza. Horrek eraman zuen hezkuntza sistema erronka berriei aurre egitera, eta NHBBZk, aniztasunari erantzutearen esparruan erreferentziako erakundea izanik, ezin zuen alde batera utzi ikastetxeak ikastetxe gero eta inklusiboago bihurtzeko asmoa, erakundearen eginkizunak landuz.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu zen, eta aldaketa horrek hezkuntza inklusiboaren arloko funtsezko alderdiei eragin zien. Ekitatea kualitate bat da, pertsona orok aukera berdintasuna izanen duela bermatzen duena, nortasuna erabat garatzeko. Halaber, desberdintasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak konpentsatzen ditu, eta arreta berezia jartzen die edozein desgaitasun motaren ondoriozkoei. Aniztasunari erantzutea oinarrizko irakaskuntza gidatu behar duen funtsezko printzipiotzat dago ezarrita, ikasle guztiei haien ezaugarri eta premia berezietara egokitutako hezkuntza emateko helburuarekin.

Lege organiko berrian sartutako aldaketek indartu egiten dute familien rola hautatzeko orduan beren seme-alabentzat inklusiboena dela irizten dioten eskolatze erregimena, eta helburutzat ezartzen dute hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak erregimen inklusiboenean sartzea edo hartan geratzea lortzea. Era berean, funtsezkotzat jotzen da aldaketa horietan baliabide pertsonal eta material egokiez hornitzea eta ezartzen da ikasle horien ebaluazio erreferentziak egokitzapenetan sartutakoak izanen direla, eta horrek ez diela zikloa edo etapa igarotzea galaraziko. Erreferente horietan sartuko dira ikasleen indarguneak eta ikasleek aurre egin beharreko oztopoak.

Normalizazio eta inklusio bide berri horretan, hezkuntza sistemaren premiei ematen dien erantzuna eguneratu behar du NHEBZk eta, era berean, Hezkuntza Departamentuaren laguntza teknikorako zentro gisa finkatu, ikasle guztien inklusioa sendotzen duten jarraibideak, protokoloak eta programak aplikatzeko. Eta, bereziki, sarbidea, presentzia, parte-hartzea edo ikaskuntza mugatzen duten oztopoei aurre egiteko hezkuntza-premia bereziak dituztenena.

Horrela, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentro (NHEBZ) berriarekin egitura espezializatu bat eratu nahi da, hezkuntza komunitateari (familiak, zuzendaritza taldeak eta ikasleen arretan parte hartzen duten profesional guztiak) babesa emateko, akonpainamendua egiteko eta harekin elkarlanean aritzeko. Hori dela eta, normalizazio eta inklusio printzipioak errespetatuz, haren esku hartzea osagarria eta subsidiarioa izanen da ikastetxeko baliabide arruntek eman dezaketenari dagokionez, eta, kasu guztietan, haien autonomia indartu eta trebatzera bideratua egonen da, haien lekuan jarri edo ordeztu gabe.

Era berean, oso kontuan hartu beharrekoa da desgaitasuna duten pertsonen inklusiorako eskubidea eta, NHEBZren esku-hartze propiotik abiatuta, arlo horretan hezkuntza erkidegoari laguntza tekniko eta espezializatua ematekoa. Hezkuntza Departamentuari dagokio ikasle guztien aniztasunari erantzuna emateko jarduketa ildoak zehaztea, eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentro berria ikerketaren bidez metodologia eta praktika inklusibo berriak sustatuko dituen zentro gisa eratuko da. Ikastetxeetan dagoeneko ezarrita dauden esperientzia arrakastatsuen azterketak, prestakuntzak eta ikastetxe eta familiei emandako babesak eta egindako akonpainamenduak, haien jarduketen jarraipenaren bitartez, bermatuko dute hezkuntza erantzunik onena ematea, betiere normalizazioaren, inklusioaren eta ekitatearen printzipioei jarraikiz.

Foru Dekretu honek lau kapitulu, bi xedapen gehigarri eta xedapen indargabetzaile bat ditu.

I. kapituluan, "Xedapen orokorrak" izenburupean, NHEBZren izena, xedea, helburuak, jarduketa-printzipioak eta eginkizunak arautzen ditu.

II. kapituluan, "NHEBZren egitura eta gobernu-organoak" izenburupean, 1. atalean arloak eta programak eta haien partaide diren pertsonen eginkizunak ezartzen dira. 2. atalean, berriz, gobernu-organoak eta haietako bakoitzaren eginkizunak.

III. kapituluan "Lan plana eta koordinazioa" izenburupean, urteko lan-planak eta baliabide zentroaren barne- eta kanpo-koordinazioa ezartzen dira.

IV. kapituluan, "Lanpostuak betetzea, lanaldia eta ordutegia" izenburupean, langileria arloko alderdi horiek arautzen dira.

Foru dekretuak hiru xedapen gehigarri ditu; arauzko erreferentziei, hezkuntza bereziko modalitateko ikasleen onarpenari eta NaFarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikitako langileei buruzkoak dira, hurrenez hurren.

Foru dekretuaren bukaeran biltzen dira xedapen indargabetzaile bat (orain artean aplikatzen zen araudia indargabetzekoa) eta bi azken xedapen (bata, dekretua garatzeko ahalmenei buruzkoa, eta bestea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indarrean jartzeari buruzkoa).

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko urtarrilaren 18ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. ATALA

Izena eta xedea

1. artikulua. Izena.

1. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) sortzen da, hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentro gisa.

2. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa, organikoki, inklusioaren arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitatearen mende egonen da, eta Iruñean eta Tuteran izanen ditu egoitzak.

2. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren (NHEBZ) antolaketa eta funtzionamendua arautzea. Zentro horrek bere eginkizunak beteko ditu Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako, Lanbide Heziketako, Arte Plastiko eta Diseinuko eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetako ikasle guztiei dagokienez, betiere horiek funts publikoekin finantzatzen badira eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta badaude.

2. ATALA

NHEBZren helburuak, jarduketa-printzipioak eta eginkizunak

3. artikulua. Helburuak.

NHEBZren helburu nagusia ikasleen aniztasunari dagokion hezkuntza erantzuna hobetzea da, ekitate, normalizazio eta inklusio printzipioei jarraikiz. Horretarako, jarduketa inklusiboak sustatuko ditu ikasle guztien hezkuntza ingurunean, honako hauen bidez: hezkuntza komunitateko eragile guztiei akonpainamendua egin eta aholkularitza ematea; ikerketa eta prestakuntza ekintzak egitea; proiektu berritzaileak hedatu eta sustatzea; eta ekitateari eta inklusioari buruzko aurrerapen zientifikoak etengabe eguneratzea.

4. artikulua. Jarduketa printzipioak.

Ekitate, normalizazio eta inklusio printzipioak errespetatuz, NHEBZren esku hartzea osagarria eta subsidiarioa izanen da ikastetxeko baliabide arruntek eman dezaketenari dagokionez, eta, kasu guztietan, haien autonomia indartu eta trebatzera bideratua egonen da, haien lekuan jarri edo ordeztu gabe.

Ildo horretan, NHEBZ honela jokatuko duen zentro espezializatu bat izanen da: ikastetxeei haien premien araberako arreta zuzena emateaz gainera, ikasleen garapenari laguntzeko ikerketak eginen ditu eta metodologia inklusibo berriak bilatuko ditu.

Ikastetxe arruntetan eta hezkuntza bereziko ikastetxeetan jadanik ezarrita dauden esperientziak aztertuko ditu, prestakuntza, akonpainamendua eta laguntza emanen die ikastetxeei eta familiei, eta, haien jarduketei jarraipena eginez, ikasleen aniztasunari hekuntza-erantzun hobea emanen die betiere normalizazioaren eta inklusioaren, ekitatearen eta kidetasunaren printzipioei jarraikiz.

5. artikulua. Eginkizunak.

1. NHEBZk eginkizun hauek beteko ditu:

a) Hezkuntza Departamentuak aniztasunari erantzutearen arloan zehaztutako araudia eta irizpideak hedatzea eta aplikatzea, normalizazio eta inklusio printzipioei jarraikiz.

b) Bere profesionalen prestakuntza sustatzea berrikuntza pedagogikoaren eta teknologikoaren eremuan, unibertsitate-eremuarekin eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan (besteak beste ekintza sozialeko hirugarren sektoreko entitateekin), eta prestakuntza hori ikastetxeetako profesionalei transmititzea.

c) Aniztasunari erantzuteari eragiten dion informazioaren bilketa sistematikoa egitea.

d) Norberaren edo hirugarrenen materialak eta argitalpenak egin daitezen sustatzea, haiek Nafarroako hezkuntza sisteman hedatzeko eta aplikatzeko.

e) Premiak hautematea eta erantzun espezializatuak ematea profesionaltasunez, arintasunez eta eraginkortasunez.

f) Etengabe eguneratutako jarduketa protokoloak egitea eta horiek planifikatu, koordinatu eta ebaluatzea.

g) Hobekuntza-ildo berritzaileen garapena sustatzea ikastetxeekin, ikasleekin eta familiekin, eta horiek ikasleen hezkuntza prozesuan parte har dezaten bermatzea eta enfasi berezia jartzea hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenei eman beharreko erantzunean.

h) Familien parte hartzea sustatzea ikasleen eskolatzeari eragiten dioten prozesuetan, eta, horretarako, familiei informazioa, akonpainamendua eta aholkularitza ematea inklusiboen irizten dioten eskolatze erregimena hautatzerakoan.

i) Ikastetxeetako hezkuntza proiektuen eraldaketa sustatzea, metodologia eta praktika inklusiboen ezarpenaren bitartez, eta, beharrezkoa den guztietan, erantzun espezializatuak ematea.

j) NHEBZren prozedurak eta helburuak ebaluatzea.

2. Inklusioaren arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitateak edo hezkuntza orientazioko langileek eskatuta aritzen ahal da NHEBZ.

Zuzendaritza taldeek, ikasleei arreta ematen dieten profesionalek eta familiek NHEBZren jarduketa eskatzen ahal izanen dute orientazioko langileen bitartez.

II. KAPITULUA

NHEBZren egitura eta gobernu organoak

1. ATALA

NHEBZren egitura. Zentroko arloak eta programak

6. artikulua. NHEBZren egitura.

1. NHEBZk egitura bikoitza du: arloak eta programak. Arloek haiei atxikitako pertsonek egin beharreko zeregin motak jorratzen dituzte, eta programek, berriz, programa horien parte diren pertsonek esku hartuko duten eta beren lana eginen duten eremuak.

2. Arlo bakoitzak arduradun bat izanen du, eta programa bakoitzak, koordinatzaile bat. Bi kasuetan, zuzendariak izendatuko ditu pertsona horiek.

7. artikulua. NHEBZren arloak.

NHEBZ hiru arlo funtzionaletan banatzen da: aholkularitza eta akonpainamendua, berrikuntza eta kudeaketa.

1. Aholkularitza eta akonpainamendu arloa, batez ere, irakasleei aholkularitza eta akonpainamendu teknikoa emateaz arduratzen da, bereziki ikastetxean bertan.

2. Berrikuntza arloa arduratzen da aniztasunari erantzutearen arloko praktiketan eta ibilbideetan izandako aurrerapenak aztertzeaz eta sustatzeaz, bai eta hezkuntza komunitatearen prestakuntza premiak ezagutzeaz ere.

3. Kudeaketa arloa Hezkuntza Departamentuari aholkularitza emateaz arduratzen da, Departamentuak hala eskatzen duenean edo arloaren beraren ekimenez.

8. artikulua. Arloko arduradunen eginkizunak.

Honako hauek izanen dira arloko arduradunen eginkizun orokorrak:

1. Dagokion arloaren lan plana egitea eta ebaluatzea.

2. Bere ekintza arloan, programen berariazko zatia koordinatzea.

3. NHEBZko Zuzendaritzak eta inklusioaren arloan eskuduna den Hezkuntza Departamentuko unitateak esleitzen dizkioten guztiak, betiere bere jarduketa eremuaren barnean badaude.

9. artikulua. Arlo bakoitzeko kideen eginkizunak.

Arlo bakoitzak ondoren adierazten diren berariazko eginkizunak garatuko ditu, bai eta zentroko zuzendariak eta inklusioaren arloan eskuduna den Hezkuntza Departamentuko unitateko zuzendariak esleitzen dizkionak ere.

1. Aholkularitza eta akonpainamenduko arloko kideen eginkizunak.

a) Foru dekretu honen 5.2. artikuluan aipatzen diren hezkuntza komunitateko eragileengandik jasotako esku hartzeko eskaerak aztertzea eta horiei eman beharreko erantzuna diseinatzea, eta, horretarako, kasu bakoitzean esku hartu behar duten NHEBZren programak zehaztea.

b) Ikastetxeei eta familiei aholku teknikoak ematea, dagozkien orientazio zerbitzuekin batera, programetan ezarritako esku hartzeko eta akonpainatzeko proposamenekin.

c) Arloak zehaztutako esku hartzeen jarduketak kudeatzea, eta esku hartzen den ikastetxeko profesionalen prestakuntza sustatzea.

d) Egindako esku hartzeen emaitzak ebaluatzea, eskuratutako esperientziak berrikuntza arloari helarazi eta hezkuntza sisteman oro har aplika daitezkeen prestakuntzako eta ikerketako premiak detektatzeko.

e) Ikastetxeei eta familiei aholku ematea, ikasleen hezkuntza erantzuna errazten eta hobetzen ahal duten metodologiei, esku hartzeko ereduei eta sistema berritzaileei buruz.

2. Berrikuntza arloa osatzen duten pertsonen eginkizunak:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiekin, aniztasunari erantzutearekin eta hezkuntza berrikuntzarekin lotuta ikastetxeek dituzten prestakuntza premiak detektatzea, bai eta aurrerapen zientifiko garrantzitsuak biltzea ere.

b) Berariazko prestakuntza diseinatu, antolatu eta kudeatzea bere jakintza eremuaren barruan, eta prestakuntza ekintza horiek gauzatzea.

c) NHEBZko eta hezkuntza sistemako langileek teknikoki eta profesionalki eguneratzeko prestakuntza, berrikuntza eta ikerketako jardueretan parte hartuko dutela bermatzea.

d) Dokumentu funts bibliografiko, eguneratu eta teknologiko bat sortu, argitaratu eta hedatzea, hezkuntza komunitate guztiak hura kontsultatzeko aukera izan dezan.

3. Kudeaketa arloa osatzen duten pertsonen eginkizunak:

a) Berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleei erantzuteko plangintza prestatzen laguntzea, horretarako azterketak eginez eta txostenak eta proposamenak igorriz dagokion unitatera.

b) Berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleen hezkuntza erantzuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak planifikatzeko proposamenak egitea.

c) Aniztasunari erantzutearen arloko araudia egiten laguntzea.

d) Aniztasunarekiko arretarekin zerikusia duten zerbitzu eta erakunde publiko eta pribatuekin, besteak beste ekintza sozialeko hirugarren sektoreko erakundeekin, lankidetzan aritzea eta jarduerak koordinatzea, hezkuntza, gizarte eta lan arloetan inklusioa bultzatzeko.

10. artikulua. NHEBZren programak.

1. Programa bat NHEBZren baliabideak antolatzeko modu bat da, zeharkakoa gainerako arloekiko. Horren bidez, erantzun teknikoa ematen zaie hezkuntza sistemak aniztasunari erantzutearen arloan dituen premiei. Programaren bidez, premiazko espezializazioa bermatzen da, eta, aldi berean, baliabide horien moldakortasuna, malgutasun, interkonexio eta gaitasun operatibo handiagoko planteamendu baten bidez.

2. Bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta, honako hauek izanen dira programak:

a) Inklusiorako ikastetxeak eraldatzeko eta ikaskuntzaren diseinu unibertsalerako (IDU) programa: programaren helburua da ikastetxeei aholkua ematea eraldatzen joan daitezen eta, ikasgelako programazioetatik abiatuta, ikasle guztiei hezkuntzak erantzuna ematea.

b) Hezkuntza-premia berezien programa: ikastetxeei aholkua emanen die hezkuntzako laguntza eta arreta espezifikoak diseinatzen, oztopoak dituzten ikasleen inklusioa errazteko; ikasle horiek desgaitasunak eragindako oztopoak dituzte eta horiek mugatzen dute haien sarbidea, presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza.

Horretarako eskura izanen du hezkuntza bereziko ikastetxeen laguntza eta, orobat, bere esperientziarekin gainerako zentroen lana aberastuko du.

c) Komunikazio programa: ikasleen komunikazio-konpetentzia guztiak garatuko ditu.

d) Autonomia, irisgarritasun eta enplegu programa: helburutzat izanen ditu autonomia lortzea, ikasle guztiei ikaskuntza ingurune guztietan sarbidea eta parte hartzea erraztea eta lan munduan sartzen laguntzea.

e) Jokabidearen programa: ikastetxeekin lankidetzan arituko da jokabide-arazoei aurre egiteko gai izan daitezen; arazo horiek berekin dakarte ikasleen erregularizazio eza larria.

f) Arreta goiztiarreko programa: garapenaren zailtasunei aurre egiteko neurriak hautemanen ditu, haietan esku hartuko du eta proposatuko ditu, Haur Hezkuntzako lehen ziklotik hasita inklusioa bermatzeko hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eta, orobat, Haur Hezkuntzako bigarren ziklora trantsizio inklusiboa errazteko.

g) Ospitaleko eta etxeko arretarako programa: arreta emanen die ospitaleko ikasgelei eta eriondo dauden ikasleei haien etxeetan, ikasle guztiek hezkuntzarako duten eskubidea bermatzeko.

3. NHEBZren programek modu koordinatuan eta aldi berean jardunen dute zentroko arloek eta zuzendaritza taldeak zehazten dutenaren arabera; horretarako, parte hartzen duten arloetako bakoitzari dagozkion eginkizunak inplementatuko dira eta zuzendaritza taldeak eta inklusioaren arloan eskuduna den Hezkuntza Departamentuko unitateak esleitzen dizkieten funtzioak garatu.

4. Artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako programak aldatu edo ezabatzeko, bai eta programa berriak sortzeko ere, Hezkuntza Departamentuko titularraren foru agindua beharko da.

11. artikulua. Programen koordinatzaileen eginkizunak.

Honako hauek izanen dira programen koordinatzaileen eginkizunak:

a) Programa bakoitzaren lana bultzatu, dinamizatu eta kohesionatzea.

b) Urteko lan plana eta koordinatzen duen programaren memoriak egitea eta koordinatzea.

c) Programaren ordezkari izatea koordinaziorako batzordean.

d) Programaren esku hartzeko irizpideak prestatzea.

e) Ikastetxeen eskaerak kudeatzea.

f) Ikastetxeei, eskaera bakoitzerako, esku hartzeko prozedurak proposatzea.

g) Programek ezarritako helburuak betetzen direla bermatzea.

h) Bere lana eta koordinatzen duen programaren bilakaera prestakuntza alderditik ebaluatzea eta hobekuntza ildoak proposatzea.

i) NHEBZko Zuzendaritzak edo inklusioaren arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitateak esleitzen dizkion gainerako eginkizun guztiak gauzatzea.

12. artikulua. Programak osatzen dituzten pertsonen eginkizunak.

Oro har, hauek dira programetako kideen eginkizunak:

a) Esku hartzeko proposamenak egitea, ikasle guztientzako hezkuntza erantzuna doitzeko.

b) Ikastetxea antolatzeko eta kudeatzeko proposamen inklusiboak egitea.

c) Erantzuna erraztuko duten aurrerapen teknologikoak ezagutaraztea.

d) Aniztasunari erantzutearen arloko araudia egiten laguntzea.

e) Berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleen hezkuntza erantzuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak planifikatzeko proposamenak egitea.

2. ATALA

NHEBZren gobernu organoak

13. artikulua. NHEBZren gobernu organoak.

NHEBZren gobernu organoak dira honako hauek:

a) Zuzendaritza taldea: zuzendariak eta arloko arduradunek osatuko dute.

b) Koordinazio batzordea: zuzendaritza taldeak eta programen koordinatzaileek osatuko dute. Pertsona horietako bat ere ez badago Tuterako egoitzan destinatuta, egoitza horretako pertsona bat izanen da koordinazio batzordeko kide, zuzendariak izendatua.

c) Klaustroa: NHEBZri atxikitako hezkuntza langile guztiek osatuko dute.

14. artikulua. Zentroko zuzendariaren eginkizunak.

NHEBZko zuzendariak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Epe luzeko plan estrategiko bat egitea, arlo eta programa bakoitzaren helburuak adieraziko dituena.

b) NHEBZ ordezkatzea.

c) NHEBZren funtzionamendu egokia zaintzea, eta, horretarako, zentroaren jarduketak planifikatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea, foru dekretu honen 5. artikuluan deskribatutako eginkizunak betetzeko.

d) Arloetako arduradunak eta programetako koordinatzaileak izendatzea.

e) NHEBZri atxikitako langileen buru izatea eta Zentroko ordutegiak eta egutegia prestatzea, Hezkuntza Departamentuak onartzen dituen jarraibideen arabera.

f) Hezkuntza Departamentuarekin koordinatzea, eta, horretarako, NHEBZk bere eginkizunak betetzeko behar dituen giza baliabideei eta baliabide tekniko eta materialei buruzko proposamenak helaraztea, bai eta Hezkuntza Departamentuak eskatzen duen informazio teknikoa ematea ere.

g) Hezkuntza Departamentuarekin koordinatzea beste erakunde edo antolakunde batzuekin, besteak beste, ekintza sozialaren hirugarren sektoreko beste entitate batzuekin, hitzarmenak proposatu eta prestatzeko.

h) NHEBZren baliabide ekonomikoak eta materialak kudeatzea.

i) Hezkuntza Departamentuak agindutako beste edozein eginkizun –betiere zuzendariaren kudeaketa eremuan–, helburuak egoki betetzeko.

15. artikulua. Zuzendaritza taldearen eginkizunak.

NHEBZko zuzendaritza taldeak honako eginkizuna hauek izanen ditu:

a) Urteko lan plana egitea eta dagokion memoria egitea.

b) Arloetako eta programetako baliabideak kudeatzea.

c) Zuzendariari aholku ematea.

d) NHEBZ ordezkatzea, hala dagokionean.

e) Programa guztien parte hartze koordinatua errazteko eta sustatzeko proposamenak aurkeztea Koordinaziorako batzordeari.

f) Beste erakunde eta elkarte batzuekin, besteak beste, ekintza sozialeko hirugarren sektoreko beste entitate batzuekin, izandako kudeaketa ekonomikoaren eta harremanen gainean informatzea.

g) NHEBZko profesionalen prestakuntza plana egitea.

h) Behar diren neurriak hartzea zentroa koordinatzeko batzordearen erabakiak gauzatzeko, haren eskumenen eremuan.

i) Koordinazio lanak egitea Hezkuntza Departamentuko profesionalekin, beste administrazio publiko batzuekin eta/edo elkarteekin, besteak beste, ekintza sozialeko hirugarren sektoreko beste entitate batzuekin, NHEBZko Zuzendaritzak eskatuta.

j) NHEBZko profesionalek beren eginkizunak betetzeko behar diren barne- eta kanpo-koordinazioko neurriak gainbegiratzea.

k) Hezkuntza Departamentuak agindutako beste edozein eginkizun –betiere zuzendariaren kudeaketa eremuan–, helburuak egoki betetzeko.

16. artikulua. Koordinazio batzordearen eginkizunak.

1. Koordinazio batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zuzendaritza taldeari urteko lan plana egiteko proposamenak helaraztea.

b) Lan programa bakoitzaren esku hartzeko irizpideak onartzea.

c) NHEBZko profesionalen prestakuntza premiak hautematea.

d) Arloak eta programak koordinatzea.

e) Zuzendariak agintzen dizkion bestelako eginkizunak.

2. Koordinazio batzordea, gutxienez, hilean behin bilduko da, bai eta zuzendariak deialdia egiten duen guztietan edo hura osatzen duten kideen herenek, gutxienez, biltzea eskatzen duten guztietan. Bilera horietara bertaratzea nahitaezkoa da batzordeko kideentzat.

17. artikulua. Klaustroaren eginkizunak.

1. Hauek dira klaustroaren eskumenak:

a) Zentroko urteko lan plana eta urteko memoria onartzea eta ebaluatzea.

b) Pedagogiako esperimentazioaren eta ikerketaren arloko ekimenak sustatzea.

c) Zentroko irakasleak prestatzeko plana onartzea, zentroaren premien arabera.

d) Zentroaren egoera ekonomiko orokorra aztertzea eta baloratzea.

e) Zentroak inguruko erakundeekin dituen harremanak ezagutzea.

2. Klaustroa, gutxienez, urtean bi aldiz bilduko da, bai eta zuzendariak deialdia egiten duen guztietan edo klaustroko kideen herenek, gutxienez, biltzea eskatzen duten guztietan. Bilera horietara bertaratzea nahitaezkoa da klaustroko kideentzat.

III. KAPITULUA

Lan plana eta koordinazioa

1. ATALA

Urteko lan planak

18. artikulua. Urteko lan plana.

1. Zentroko urteko lan plana da NHEBZ antolatzen eta koordinatzen duen dokumentua, ekitate, normalizazioko eta inklusioko hezkuntza printzipioekin eta plan estrategikoarekin koherente izanik, haren esku hartze osagarri eta subsidiarioan erantzun egokiena emateko, ikasturte bakoitzaren aldian, hezkuntza sistemaren barruan.

2. Era berean, arlo eta programa bakoitzak berariazko plan bat izanen du urtero, eta hartan hezkuntza komunitateko kide guztiei (irakasleak, ikasleak eta familiak) zuzendutako jarduketa multzo bat diseinatu, hautatu eta praktikan jarriko da.

Arlo eta programa bakoitzaren berariazko plana urteko lan planean jasoko da.

19. artikulua. Urteko lan planaren elementuak.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, urteko lan plana eginen da, gutxienez honako elementu hauek kontuan hartuta:

a) Urteko lan planaren helburuak.

b) Kronograma.

c) Arloak eta kideak.

d) Arlo bakoitzaren berariazko plana.

e) Programak eta kideak.

f) Programa bakoitzaren berariazko plana.

g) NHEBZko profesionalen prestakuntza plana.

h) Urteko lan planaren ebaluazioa, jarraipena eta memoria.

2. ATALA

Koordinazioa

20. artikulua. Koordinazioaren garapena.

Foru dekretu honetan deskribatutako eginkizunak behar bezala betetzeko, NHEBZko profesionalak bai barnera begira bai kanpora begira koordinatuko dira, zuzendaritza taldeak gainbegiratuta.

21. artikulua. Barne koordinazioa.

Barne koordinazioa honela eginen da:

1. Programa bakoitzaren koordinazioa: Astean behin eginen da programa bakoitza osatzen duten pertsona guztien koordinazioa, egokitzat jotzen den malgutasun justifikatua kontuan hartuta.

2. Arloen eta programen arteko koordinazioa: Koordinazio batzordearen bidez eginen da koordinazio hori, II. kapituluko bigarren atalean ezartzen den gisara.

22. artikulua. Kanpo koordinazioa, hezkuntza inklusiorako.

1. NHEBZk erakunde eta elkarte adierazgarrien laguntza izaten ahal du, besteak beste, ekintza sozialeko hirugarren sektoreko beste entitate batzuena, baldin eta, eskola inklusiboaren printzipioak beren gain hartuta, rol garrantzitsua betetzen ari badira aniztasunari erantzutearen eremuan.

2. NHEBZk, informazioa trukatzeko, Hezkuntza Inklusiorako Batzordea izanen du, eta honako hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza Departamentuan inklusioaren arloan eskudun den zerbitzuko zuzendaria –hura izanen da batzordearen buru–.

b) Hezkuntza Departamentuan inklusioaren arloan eskudun den ataleko burua.

c) NHEBZko zuzendaria –hura izanen da batzordeko idazkaria–.

d) Aniztasunari erantzutearen arloan lan egiten duten erakundeek proposatutako hiru ordezkari.

3. Batzorde hori lankidetza organo bat izanen da, elkarrizketarako eta informazio trukerako bidea emanen diena honako hauei: NHEBZ, Hezkuntza Departamentua eta batzordea osatzen duten eta ordezkaritza duten erakunde eta elkarteak, besteak beste, ekintza sozialeko hirugarren sektoreko entitateak.

4. Organo horrek honako eginkizun hauek garatzen lagunduko du:

a) Sareko lana sustatzea. Horretarako, lankidetza eta koordinazioa sustatuko ditu gizarte-eragileen eta erakundeen artean, besteak beste, ekintza sozialeko hirugarren sektoreko entitateen artean.

b) Aniztasunari erantzutea hobetuko duten iradokizunak eta ekimenak biltzea.

c) Berariazko hezkuntza laguntza behar duten ikasleen premia orokorrei buruzko informazioa trukatzea.

d) Baterako prestakuntzako jarduketak bultzatzea.

5. Batzordea urtean bitan bilduko da gutxienez (ikasturtearen hasieran eta ikasturtearen amaieran), aniztasunari erantzutearen arloko gaiak jorratzeko.

IV. KAPITULUA

Lanpostuak betetzea, lanaldia eta ordutegia

23. artikulua. Lanpostuak betetzea.

1. Inklusioaren arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitateak zehaztuko ditu, NHEBZko zuzendariak proposatuta, ikastetxeko lanpostuek bete beharreko zehaztapenak.

2. NHEBZko zuzendariaren lanpostua eta aurreko apartatuan aipatutako lanpostuak betetzeko, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan –zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuen hornidura– xedatutakoarekin bat jokatuko da.

3. NHEBZko zuzendariaren lanpostua betetzeko, jarduteko plan estrategiko bat aurkeztu beharko da, bost urterako. Plan horretan, Zentroan lortu nahi diren helburuak adieraziko dira, bai eta lorpen adierazleak, bakoitzari dagokion denbora tartea eta haren jarraipen eta ebaluazio prozesua ere. Plana egiteko, foru dekretu honetan ezarritako helburu eta jarduketa printzipioetara eta inklusioaren arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitateak ezarritako jarraibideetara egokitu behar da.

4. NHEBZri atxikitako irakasleen lanaldia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioentzat oro har ezarritakoa izanen da, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokituta. Ikastetxeko zuzendariak banatuko du irakasleen asteko ordutegia, ikastetxe eta familiei goizez zerbitzua emateko eta, beharrezkoa bada, arratsaldez, eta, era berean, zentroko zuzendaritza taldeak zehaztutako prestakuntza jardueretara arratsaldeko ordutegian joateko.

5. NHEBZri atxikitako langileek jaiegunak izanen dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian izaera hori duten egunetan, eta, era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioentzat oro har ezarritako opor eta baimen erregimen bera izanen dute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Arauzko erreferentziak.

Araudian Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroari (NHBBZ) egindako aipamen guztiak Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroari (NHEBZ) egindakotzat hartuko dira.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza bereziko modalitateko ikasleen onarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 2.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, hezkuntza bereziko modalitatean onartua izateko –hezkuntza bereziko ikastetxeetan eta egitura espezializatuetan–, dagokion foru aginduan zehazten den prozedura bete beharko da. Nolanahi ere, NHEBZk eskolatze prozesuan parte hartuko du, familiei balorazioa, orientazioa eta aholkularitza emanez.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikitako langileak.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikitako langileak Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroari atxikita egonen dira aurrerantzean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten da martxoaren 1eko 76/1993 Foru Dekretua, Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa sortzen duena, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mende.

Era berean, indargabetu egiten dira Foru Dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Hezkuntzako kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2300993