24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

353E/2022 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntza hauek emateko deialdia onesten baita 2023. urterako: batetik, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzako laguntzak, kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten, eta, bestetik, Nafarroan kokatuak eta legez eratuak egonik, jatorri-deitura babestu bat edo adierazpen geografiko babestu bat aitortzeko prozesuan dauden elkarteak abian jartzeko laguntzak, biak ala biak de minimis araubidearen menpe daudela. DDBN: 668647.

Elikadurarako produktuen, edari destilatuen eta ardogintzako produktuen jatorri deituretarako eta adierazpen geografiko babestuetarako esparru juridikoa arau hauetan ezarrita dago, hurrenez hurren: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/787 (EB) Erregelamendua, edari destilatuen definizioari, izendapenari, aurkezpenari eta etiketatzeari buruzkoa, beste elikagai batzuen aurkezpen eta etiketatzeetan edari destilatuen izenak erabiltzeko moduari buruzkoa, edari destilatuen adierazpen geografikoen babesari buruzkoa eta alkohol etilikoaren eta nekazaritzatik ateratako destilatuen erabilerari buruzkoa dena, eta 110/2008 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortzen duena.

Erregelamendu horietan ezartzen da kontrol erakunde batek edo gehiagok egiazta dezaketela operadoreek betetzen ote duten jatorri deitura babestuen baldintza-agiria, adierazle geografiko babestuena eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuena. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberako akreditazioa izan behar dute aipatu erakundeek. Halaber, baldintzen agiria betetzen dela egiaztatzeak eragiten dituen kostuak kontrol horien mende dauden operadoreek ordaintzen ahalko dituzte, eta estatu kideek ere kostu horiek ordaintzen laguntzen ahalko dute.

Bestalde, Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Kalitateko ekoizpenen alde egiteko eta horiek sustatzeko interesaren adierazgarri, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Landa Garapeneko Programaren esparruan, laguntza lerro batzuk ezarri ditu kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzat, entitate horiek barne merkatuan egiten dituzten informazio eta sustapen ekintzetarako.

Kontuan hartuta Nafarroako kalitate bereiziko ekoizpenek gure nekazaritzako elikagaien sektorearen, lehen mailako ekoizleen, nekazaritzako industriaren sektorearen eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorearen gainean duten eragina, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuaren babesa handitzea kalitate bereiziko figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzen bidez.

Kalitate figurak kudeatzeko entitateek zenbait jarduera egiten dituzte ekoizleek baldintza-agirian xedatutakoa betetzen dutela bermatzeko. Horretarako, kontrolak egiten dituzte, noiz zuzenean –baldin eta kontrol erakunde baimenduak badira–, noiz agintaritza eskudunak behar bezala baimendutako kontrol erakundeak kontratatuz.

Jatorri deituren, adierazle geografikoen eta espezialitate tradizional bermatuen balio erantsia kontsumitzailearen konfiantzan datza. Balio erantsi hori sinesgarria da, bakar-bakarrik, baldin eta horrekin batera ziurtapen eta kontrol sistema eraginkor bat egiten bada.

Hemen ezarritako laguntzak "de minimis" izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honen bidez, laguntza deialdi bat onesten da –eta haren oinarri arautzaileak ezartzen– nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateek kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean 2023. urtean.

Badago halako interes publiko, sozial eta ekonomiko bat dirulaguntza hauek emateko, nekazaritzako elikagaien kalitate figurak Foru Komunitateko titulartasuneko jabari publikoko ondasuntzat jotzen baitira.

Ikusirik Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak onestea, helburu dutenak laguntza hauek emateko araubidea zehaztea: batetik, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzako laguntzak, kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten, eta, bestetik, Nafarroan kokatuak eta legez eratuak egonik, jatorri-deitura babestu bat edo adierazpen geografiko babestu bat aitortzeko prozesuan dauden elkarteak abian jartzeko laguntzak, biak ala biak de minimis araubidearen menpe daudela. Halaber, laguntza horien 2023ko deialdia onesten da.

2. Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 375.000 euroko gastua baimentzen da 2023ko ekitaldian, zeina finantzatuko baita 2022ko gastuen aurrekontuan "Laguntzak kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako" izena duen 720003 72200 4701 413103 aurrekontu-partidaren baliokide izateko asmoz 2023ko ekitaldian gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Laguntzak I. eranskinaren hamargarren oinarriaren arabera ordainduko dira.

4. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta bederatzigarren oinarriko 9. puntuan ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, laguntza hauek emateko: Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzako laguntzak, kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten, eta, bestetik, Nafarroan kokatuak eta legez eratuak egonik, jatorri-deitura babestu bat edo adierazpen geografiko babestu bat aitortzeko prozesuan dauden elkarteak abian jartzeko laguntzak, biak ala biak de minimis araubidearen menpe daudela

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen helburua da honako hauei ematen ahal zaien finantza-laguntzaren esparrua zehaztea:

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak, figura horiek arautzen dituzten Europako erregelamenduetan ezarritako nahitaezko kontrol neurriak egiteagatik, eta

–Nafarroan kokatuak eta legez eratuak egonik, jatorri-deitura babestu bat edo adierazpen geografiko babestu bat aitortzeko prozesuan dauden elkarteak, egokitu daitezen jatorri-deitura babestu baten edo adierazpen geografiko babestu baten funtzionamendu ereduaren ondoriozko eginbeharretara.

2. Batasuneko esparru juridikoan aitortutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenek zuzenean bultzatzen dituzte ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea. Hala, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna ematen zaio, ziurtatua geldi dadin ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

3. Laguntza hauek bat datoz, batetik, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedearekin, definizioarekin eta aplikazio-eremuarekin (erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua arautzen du; (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1. Laguntza honen onuradun izanen dira Nafarroako jatorri deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak kudeatzen dituzten entitateak, baldintza-agiriak betetzeari lotutako kontrol eta ziurtapen jarduerak gauzatzen badituzte beren kabuz, baimendutako kontrol erakundeak diren aldetik, edo baimendutako kanpoko kontrol erakundeak kontratatzen badituzte jarduera horietarako.

2. Onuradun izaten ahalko dira, halaber, Nafarroan kokatuak eta legez eratuak egonik, kalitate-figuren elaborazioa eta merkaturatzea bultzatzeko, sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko helburua duten enpresak, jatorri-deitura babestu bat edo adierazpen geografiko babestu bat aitortzeko prozesua hasia badute, eta, kasu horretan, laguntzak erabiliko dira elkartea jatorri-deitura babestu baten edo adierazpen geografiko babestu baten funtzionamendu ereduaren ondoriozko eginbeharretara egokitzeko zerbitzuak kontratatzeko.

3. Urteko aurrekontua 2,5 milioi eurotik beherakoa duten kudeaketa entitateek baizik ezin izanen dute lortu laguntza.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Bigarren oinarriko 1. zenbakian azaldutako kudeaketa entitateek 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egiten dituzten gastuak izanen dira diruz lagungarriak, honako jarduera hauek egiteko kanpoko zerbitzu profesionalen kontratazioarekin loturik badaude: egiaztatzea baldintza-agiriak betetzen direla, lehenengo oinarriko 1. zenbakian aipatutako Europar Batasuneko araudiaren arabera, kontseilu arauemailearen idazkaritza teknikoko lanak egitea, eta erregistroen mantentze-lanak egitea.

2. Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, bigarren oinarriko 2. zenbakian aurreikusitako elkarteek 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzeko egiten dituzten gastuak, zerbitzu horien xedea baldin bada elkartea eta operadoreak egokitzea jatorri-deitura babestu baten edo adierazpen geografiko babestu baten funtzionamendura, eta, bereziki, aholkularitza ematea aitortze prozesuan dagoen kalitate-figuraren baldintza-agiria betetzeari buruz, erregistroen kudeaketari buruz eta elkarteak kalitate bereiziko figura bat kudeatzeko organo gisa izan behar duen funtzionamenduari buruz.

3. Eskuordetutako kontrol eta ziurtapen organoek Europako arauaren arabera akreditatuak egon beharko dute. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012. Jatorri deitura babestu baten edo adierazpen geografiko babestu baten aitortze prozesuan dauden elkarteei aholkularitza zerbitzuak ematen dizkieten entitateek Europako arauaren arabera akreditatuak egon beharko dute (UNE-EN ISO/IEC 17065:2012) Nafarroako kalitate figuraren batean.

4. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz, gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak, hiru eskaintzatan oinarrituta, frogatu beharko du hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideen arabera hautatu dela; bestela, frogatu beharko du zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

5. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzari aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, portzentaje bat aplikatuko zaio hautagarria izan daitekeen gastuaren zenbatekoari, eta gastu hori behar diren fakturen bidez justifikatu beharko da. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, diruz lagungarria izan daitekeen gastua gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

–Nafarroako Aratxea eta Nafarroako Arkumea adierazpen geografiko babestuen kudeaketa entitateen kasuan, %45ekoa.

–Gainerako kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %35ekoa izanen da.

2. Onuradun bakoitzari, gehienez ere, 66.000 euro emanen zaizkio.

3. Enpresa bakoitzari ematen ahal zaion de minimis laguntza gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Hauek dira eskaerak lehenesteko irizpideak:

–Lehendabizi, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, esparru geografikoa Nafarroan bakarrik dutenak.

–Bigarrenik, bigarren oinarriko 2. zenbakian adierazitako elkarteak.

–Hirugarrenik, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %50 baino gehiago Nafarroan sortu dutenak.

–Laugarrenik, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %25 eta %50 artekoa Nafarroan sortu dutenak.

–Azkenik, gainerako entitateak.

3. Eskaerak aurreko puntuaren arabera ordenatu ondoren, aurrekontua banatuko da, lehendabizi, lehentasun handieneko taldeko eskaeren artean. Talde bateko eskaeren artean berdinketa izanez gero, operadore erregistratu gehien dituen kudeaketa entitateak egindako eskaerari erantzunen zaio.

4. Gertatzen bada deialdiko aurrekontuko kreditua aski ez izatea laguntzarako eskubidea daukaten eskaera guztiei emateko dirulaguntza, ebaketa pasatzen duen azken espedienteari emanen zaion laguntzaren zenbatekoa izanen da geratzen dena lehentasun handiena duten eskaerei aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera erantzun ondoren, eta deialdirako baimendutako gehienezkoa gainditu gabe betiere.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Kudeaketa entitateek laguntza-eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen Zerbitzuen Katalogoaren bidez. Departamentu horretako erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orriko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da eredua), honako agiri hauekin batera:

a) Diruz lagungarria den epean (hau da, 2022ko azaro-abenduetan eta 2023ko urtarriletik urrira bitartekoan) kudeaketa entitateek egindako kontrol eta ziurtapen zerbitzuen kostuen fakturak, proformakoak edo benetakoak.

b) Kontrol entitatea akreditatzeko azken ziurtagiriaren kopia, UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberakoa. Kontrol entitatea akreditatzeko prozesuan baldin badago, dagokion baldintza-agirirako akreditazio eskaeraren kopia ziurtatua edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da; eskaerak akreditazio erakunde nazionalak onartua egon behar du, eta espediente zenbakia esleitua izan behar du.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, XXX naizen honek, nire izenean / XXXX ordezkatuz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diot egiazta dezan nik (edo ordezten dudan entitateak) egunean ditudala zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak, betiere Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateei kontrol eta ziurtapen jardueretarako "de minimis" laguntzak emateko deialdia tramitatzeko prozeduraren ondorioetarako."

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

d) Eskatzailearen aitorpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, non adieraziko baitira aurreko bi zerga-ekitaldietan eta kasuan kasuko zerga-ekitaldian erregelamendu honi edo "de minimis" araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

e) Eskatzaileak idatziz edo euskarri elektronikoan egindako adierazpen bat, helburu bererako eskatutako bestelako dirulaguntza publikoei buruzkoa.

f) Adierazpen bat, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.

g) Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, eskuragai dagoen azken kanpainan Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuari edo bolumenari buruz egindako ziurtagiria.

h) Entitatearen 2023. urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu onartua, behar bezala sinatua eta zigilatua, non kontrol eta ziurtapen lanetarako aurreikusitako gastuak egiaztatuko diren.

4. Onuradunak nahi badu laguntza zuzenean ordaintzea zerbitzuak ematen dituen entitateari, berariaz adierazi beharko du eskabide-orrian.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren kasuan kasuko enpresari emandako de minimis laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan eta, orobat, 407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

5. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

6. Prozeduraren gainean ebazteko, 30 eguneko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren betebeharrak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zerga-ekitalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateek behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/9498732/Declaracion+transparencia_eus.pdf/223c2481-a0e1-4f9e-b34e-f3ded3a69fb0?t=1652089688241

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, laguntza kudeatzen duen unitateari zuzenduta, honako eredu hauen arabera (I. eta II. eranskinak eta gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako entitateak gardentasun betebeharrik ez badu ere, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

9. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Justifikatuz gero dirulaguntzaren helburuak betetzeko beharrezkoa dela funtsen hornidura egitea, dirulaguntzaren %100 konturako ordainketa baten bidez ordaintzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, behar hori justifikatutzat joko da baldin eta diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75ekoa edo handiagoa bada.

2. Aurrerakina ordaintzeko eskaera 2023ko ekainaren 1etik ekainaren 30era bitartean aurkezten ahalko da, eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Itxitako azken ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

b) Urteko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua, behar bezala sinatua eta zigilatua.

c) Hileko kutxako fluxuen aurreikuspena eta entitate osoaren diruzaintzako egoera-orria, baita ekitaldi osoko hilabetez hilabeteko kutxako fluxuen aurreikuspenari buruzko beste agiri bat ere, diruzaintzak kontrol eta ziurtapen lanen inguruan izan duen bilakaera jasotzen duena. Horiek guztiak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

d) Eskatutako laguntzaren zenbatekoa adinako bankuko abala, 60.000 eurotik gorako aurrerakinak direnean.

3. Diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75 baino txikiagoa bada edo entitate onuradunak ordainketa aurreraturik eskatzen ez badu, dirulaguntza ordaintzeko eskaera azaroaren 10a baino lehen aurkeztu beharko du, honako dokumentazio honekin batera:

a) Memoria bat, diruz lagungarria den epean zerbitzuaren emaileak egindako kontrol eta ziurtapen jarduerak azaltzen dituena.

b) Kontrol eta ziurtapen jardueren fakturak, hirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarria den epeari dagozkionak.

c) Kontratatutako zerbitzu emaileari jarduketak ordaindu izanaren ziurtagiriak, 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte egindako jarduketei dagozkienak. Eskatzen bada laguntza zuzenean ordaintzea zerbitzuaren emaileari, kontratu sinatua aurkeztu behar da, non zehaztapen hori jasoko baita, eta berariazko eskaera egin beharko da, haren datuak jakinaraziz, ordainketa egin ahal izateko.

d) Itxitako azken ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

4. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta erabakiko du ea aurkezturiko gastuak hautagarriak diren, frogagiriak baliozkoak diren eta gainerako dokumentazioa aski den. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

5. Onuradunak ordainketa aurreratua eskatzen badu, laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren eginen dira aurreko puntuan ezarritako egiaztapenak, eta, nolanahi ere, laguntzaren xede diren jarduerei dagokien urtearen hurrengo urteko lehen seihilekoaren barnean. Ondorio horretarako, eskatzaileak oinarri honen 3. zenbakian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko du hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen.

Ezin izanen zaie onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatu badute, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –bertan hitzarmen batek indarraldia hartu ezean–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, desgaitutzat jo badituzte, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

6. Espedientea ixtean egiaztatzen baldin bada zenbateko aurreratuak zehaztu den laguntza baino handiagoak direla, dirua itzultzeko espedientea tramitatuko da.

7. Nolanahi ere, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira Estatuko inolako laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kudeaketa entitateek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta behar diren berandutze-interesak ordaindu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, hain zuzen, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateek kalitatezko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jarduerak egiteko laguntzei dagokien fitxan, zeinak "de minimis" araubideari lotuta baitaude.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2300139