24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

478E/2022 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean diharduten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei 2023. urtean dirulaguntzak emateko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun planak ezar ditzaten. DDBN identifikazioa: 668631.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 3.1.a) artikuluaren arabera, institutuaren eskumenen artean dago emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeak bizitzaren esparru guztietan du eragina, bereziki, Nafarroako eremu politiko, ekonomiko, kultural eta sozialetan. Horregatik da beharrezkoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errazteko baldintzak sustatzea.

Enpresek eta erakundeek funtsezko eginkizuna dute bizitza jasangarria izan dadin. Kontzeptu hori Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak nabarmendu zuen, eta, horregatik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatu eta lagundu nahi du Nafarroako enpresek eta erakundeek berdintasun planak prestatzeko duten konpromisoa.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan, oinarrizko araudia jasotzen da lan eremuan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna arautzeko (zehazki, lege organiko horren IV. tituluko –Aukera berdinekin lan egiteko eskubidea– III. kapituluan –Enpresetako berdintasun planak eta berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk–).

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak (arau horren bidez premiazko neurriak ezarri ziren emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko enplegu eta lanaren arloan) aldaketa nabarmenak jaso zituen berdintasunaren arloan. Halaber, erregelamendu bidezko garapena iragarri zuen alderdi esanguratsu batzuetarako, honako hauetarako hain zuzen ere: berdintasun planaren diagnostikoa prestatzea, berdintasun planak erregistratzea eta ordainsarien berdintasunerako araudia garatzea.

Aipatu erregelamendu bidezko garapenaren iragarpena bete zen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuarekin (berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena) eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa).

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren iritziz berdintasun planen eta haien garapenaren kalitatea bermatu beharra dago, genero berdintasuna modu egokian txertatzeko enpresen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen kudeaketa prozesu guztietan, eta horregatik erabaki du lan-ildo hori bultzatzea 2023an, Nafarroan diharduten enpresetan eta erakundeetan lehenengo berdintasun planak egitea bultzatuz. Edizio honetan, eskatzaileen plantillen tamaina 10 eta 49 langile bitartekoa izanen da.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, 2023an emakumeen eta gizonen arteko lehenengo berdintasun planak ezar ditzaten.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua erreserbatzen eta baimentzen da, 40.000 eurokoa, 2023ko aurrekontuetan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: 2022ko aurrekontuko 080001 08200 4709 232200 partida, "Erakundeetan berdintasun planak egiteko transferentziak" izenekoa. Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez, deialdi honetarako bideratutako zenbatekoa handitzen ahalko da baldin eta 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean aurrekontu partida horretarako onetsitako kreditua deialdi honetan hasieran onetsitakoa baino handiagoa bada, edo jasotako eskaera kopuruari erantzuteko bada. Lehenengo kasuan, zenbatekoa onetsitako behin betiko kreditua bezainbeste handitzen ahalko da, eta bigarren kasuan, berriz, onetsitako behin betiko kredituaren %50. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005eko Foru Legearen 31. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zenbatekoa handitzeko ez da beharrezkoa izanen deialdi berri bat egitea.

4. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau eta haren 1., 2. eta 3. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2023an enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko, horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, lehenengo berdintasun planak eginez. Horiek araudiari jarraikiz eginen dira, bereziki 901/2020 eta 902/2020 errege dekretuei jarraikiz.

2. oinarria. Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek hartzen ahal dute parte deialdi honetan.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. Dirulaguntza hauen onuradun izateko, enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkeztean, eta horiek mantendu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera egiten den aldian eta jarduera justifikatu arte:

3.1.1. Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta dagokion erregistroan inskribatua egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondorioetarako soilik eskatu.

3.1.2. Aplikagarria izatea, lan-harremanen eremuan, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa. Enpresa barneko esparru arautzailea ez baldin bada Langileen Estatutuan adierazitakoa Langileen Estatutuak ukitutako langileei dagozkien berdintasun planak soilik finantzatuko dira, 10 eta 49 langile artean hartzen dituztenak; erakundeko langile kopurua zenbatzeko, erakundeko pertsona guztiak hartuko dira kontuan, betiere 49 pertsona gehienez.

3.1.3. Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantoki bat izatea, 10 eta 49 langile artekoa. Guztira, enpresak ezin izanen du plantillan 49 langile baino gehiago izan. Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo lantokirik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da Nafarroako lantokiko edo lantokietako langile kopurua kontuan hartuta.

3.1.4. Enpresan berdintasun plan bat izatera legez beharturik ez egotea, jarraikiz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoari.

3.1.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

3.2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen ordezkaritzak. 6. eranskinean jasotzen da adierazpen hori. Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, eta hor baimena emanen zaio NABIri adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3.3. Sektore publikoko erakunde eta entitate hauek ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan, sektore publikoa arautzen duen legedian xedatutakoarekin bat:

–Administrazio publikoak eta haien erakunde autonomoak.

–Sozietate publikoak.

–Fundazio publikoak.

–Enpresa publikoak eta erakunde publiko enpresarialak.

–Unibertsitateak

4. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Dirulaguntza hauek emanen dira enpresetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan emakumeen eta gizonen arteko lehenengo berdintasun planak prestatu eta garatzeko, 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era arte.

Aurkezten diren proiektu guztietan, enpresa edo erakunde eskatzaileak berdintasun planaren koordinazio eta dinamizazioaren arduradun bat izendatu beharko du, eta hura izanen da erreferentziako pertsona Nafarroako Berdintasunerako Institutuarentzat.

4.2. Proiektu diruz lagungarriek, enpresan edo erakundean genero berdintasuna lortzeko lehenengo planak prestatzera bideratutakoek, nahitaez jasoko dituzte jarraian aipatzen diren elementuak, eta indarrean dagoen araudiari jarraikiz eginak izan behar dira, zehazki honako hauei jarraikiz: urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua (berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena) eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa).

Agiri guztiek hizkera ez-sexista erabiliko dute garapen osoan.

Hona berdintasun plana prestatzean bildu beharreko elementuak, eskaeran ere jasotzeko direnak:

a) Negoziazio-batzordearen osaera.

b) Berdintasunari buruzko prestakuntza negoziazio-batzorderako. Proposamenean prestakuntza hori ere eskaintzen ahalko zaio berdintasun planaren jarraipen-batzordeari (baldin eta negoziazio-batzordea ez bada), edo erdi mailako eta zuzendaritzako kargudunei, eta baita plantillaren parte bati edo osoari ere. Prestakuntza ez da izanen 6 ordutik beherakoa.

c) Enpresako diagnostiko negoziatua emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz, indarreko legedian ezarritakoaren arabera. 901/2020 Errege Dekretuaren "Diagnostikoa prestatzeko aplikatu beharreko xedapenak" eranskinean ezarritakoari jarraituko zaio, bereziki. Diagnostiko negoziatuan, arlo hauek jasoko dira gutxienez:

i. Hautapen eta kontratazio prozesuak.

ii. Lanbide-sailkapena.

iii. Prestakuntza.

iv. Lanbide sustapena.

v. Lan baldintzak, barne jasotzen dela emakumeen eta gizonen soldatei buruzko auditoretza, urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin bat (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa).

vi. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez.

vii. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa.

viii. Ordainsariak.

ix. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

Beste arlo batzuk ere jasotzen ahalko dira diagnostikoan. Esaterako, enpresako edo erakundeko komunikazio-jardunbideak diagnostikatzen ahal dira, bai eta hauek ere: hizkera ez sexistaren erabilera, eta genero ikuspegia txertatzea bezeroekiko eta hornitzaileekiko harremanetan, edo eskaintzen dituzten produktuetan edo zerbitzuan.

Diagnostikoan jasoko da, orobat, bertan aztertu asmo diren esparruei buruz langileek duten iritzia.

d) Berdintasun plana prestatzea.

Berdintasun planak neurri multzo antolatuak dira, egoeraren diagnostikoa egin ondoren hartu direnak eta helburu dutenak enpresan emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdintasuna izatea, eta sexuagatiko diskriminazioa desagerraraztea.

Berdintasun planak gutxienez eduki hauek jasoko ditu, 901/2020 Errege Dekretuaren 8. artikuluarekin bat:

i. Hitzartzen duten alderdiak zehaztea.

ii. Pertsona-eremua, lurralde-eremua eta denbora-eremua.

iii. Enpresaren egoera-diagnostikoari buruzko txostena, edo, 2.6 artikuluan aipatzen den kasuan, taldeko enpresa bakoitzari buruzko diagnostikoaren txostena.

iv. Ordainsariei buruzko auditoretzaren emaitzak, bai eta horren indarraldia eta aldizkakotasuna ere, urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin bat (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa).

v. Berdintasun planaren helburu kualitatibo eta kuantitatiboak zehaztea.

vi. Neurri zehatzak, horiek gauzatzeko epea eta lehentasunak deskribatzea, bai eta neurri bakoitzaren bilakaera zehazteko adierazleak diseinatzea ere.

vii. Neurriak eta helburuak ezartzeko eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko behar diren bitartekoak eta baliabideak –giza baliabideak zein materialak– identifikatzea.

viii. Egutegia, berdintasun planaren neurriak ezartzeko eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko jarduketena.

ix. Jarraipena, ebaluazioa eta aldizkako berrikuspena egiteko sistema.

x. Berdintasun planen jarraipena, ebaluazioa eta aldizkako berrikuspena egiteaz arduratzen den batzorde edo organo parekidearen osaera eta funtzionamendua.

xi. Aldaketak egiteko prozedura, bai eta aplikazioan, jarraipenean, ebaluazioan edo berrikuspenean sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko prozedura ere, legezko edo konbentziozko araudiak hori egokitzera behartzen ez duen bitartean.

Berdintasun planaren neurriak diseinatzean kontuan hartuko dira bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak.

Planak gehienez lau urteko iraupena izanen du.

e) Berdintasun planean jasotako hiru neurri gauzatzea. Neurriok ez dira eskaera egiten den unean zehaztu behar, diagnostikoa egin ondoren baizik.

4.3. Proiektu diruz lagungarrien kopurua.

Enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzak dirulaguntza-eskaera bakar bat aurkezten ahal du. Enpresa edo erakunde berak proiektu baterako baino gehiagotarako eskatzen badu dirulaguntza, ez da eskaera bat bera ere onartuko, non ez duen adierazten zer proiektu zehatzetarako eskatzen duen dirulaguntza, kudeaketa organoak hala eskatuta.

"Enpresa bakarra" zer den erabakitzeko, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarritakoari erreparatuko zaio.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzak honako gastu-kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik:

a) Laguntza teknikoa (enpresatik edo erakundetik kanpoko enpresak eta profesionalak kontratatzea). Proiektua edo proiektuaren fase bat garatzeko enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira, frogatu beharko da laguntza ematen duenak gutxienez ere 120 orduko prestakuntza baduela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) zuzenean edo lankidetzan emana. Prestakuntza duten langileek egin beharko dute agindutako lan hori.

Prestakuntzaren 8. eranskinaren bidez egiaztatuko da (Laguntza teknikoaren prestakuntzari buruzko adierazpena), eta laguntza teknikoa ematen duen profesionalak edo enpresak emanen du.

Diruz lagundutako proiektuaren %100eraino azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, frogatu beharko da hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, eta kasua bada, 9. eranskina bete beharko da. 12.000 eurotik gorako laguntza teknikoa, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Kontu horiek onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira.

b) Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak bere gain hartzen badu proiektua edo proiektuaren fase bat egitea, proiektua egiten duen eta enpresaren edo erakundearen parte den pertsonaren lan gastuak.

Kasu horretan, proiektua egiteko izendatutako pertsonak plana koordinatu eta dinamizatzeko lanak ere hartuko ditu bere gain, baina eginkizun horietarako gastua ez da diruz lagungarria izanen.

"4. eranskina. Eskaera-orria" delakoan adierazi beharko da enpresako edo erakundeko zein langilek egin behar duen proiektua, bai eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duen lan horretan ere, ereduari jarraikiz.

Izendatutako pertsonaren dedikazioa frogatzean zehaztuko da zein den egiazko dedikazioa, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.

Proiekturako izendatutako pertsonak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean gutxienez 120 orduko prestakuntza frogatu beharko du, eta erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) zuzenean edo lankidetzan emana.

Prestakuntza egiaztatzeko "7. eranskina. Izendatutako pertsonaren prestakuntzari buruzko adierazpena" delakoa bete beharko da. Adierazpen hori bete eta sinatuko du egiaztatutako prestakuntza duen pertsona izendatuak.

c) Hizlariek sortutako zerbitzu-sariak, bai eta eman behar den prestakuntzaren ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

d) Berdintasun planaren komunikazio eta zabalkunderako ekintzen gastuak (publizitatea, materialak argitaratu eta/edo inprimatzea, etab.).

4.5. Proiektu eta gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialdi honetatik kanpo daude:

a) Enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean kontratatuta edo plantillan dauden langileen nominak, salbu eta 4.4.b) oinarrian adierazitakoa.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak hura berreskuratu edo konpentsa badezake. Berreskuratu edo konpentsatu ezin bada, onuradunak hala ziurtatuko du Nafarroako Ogasunak egin ziurtagiri bidez.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Dirulaguntzak honako irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

5.1.1. Emanen den gehieneko zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko lantokian dauden langileen kopuruaren araberakoa izanen da, honako honi jarraituz:

–10 eta 30 langile artean: 3.000 euro gehienez ere.

–31 eta 49 langile artean: 4.000 euro gehienez ere.

5.1.2. "2. eranskina. Balorazio irizpideak" delakoan ezarritako irizpideak aplikatuz, dirulaguntza portzentaje hauen adinakoa izanen da, betiere aurreko atalean adierazitako gehieneko diru-muga gainditu gabe:

–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %80.

–81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %70.

–71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %60.

–60-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %50.

Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5.2. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren portzentajea emateko, "2. eranskina. Balorazio irizpideak" delakoan adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Aurrekontuko partida puntuazio bera duten bi eskaerarekin edo gehiagorekin agortzen bada, berdinketa ebazteko, b) atalaren balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, "2. eranskina. Balorazio irizpideak" delakoari jarraikiz, eta berdinketak jarraituz gero, pertsona bakoitzeko kostuaren arabera ordenatuko da, kostu txikienetik handienera; kostu hori lortuko da aurrekontua zati erakundeko pertsona kopurua eginez.

5.3. Honela banatuko da aurrekontuko kontsignazio osoa:

–34.000 euro, planak enpresetan ezartzeko proiektuetarako partidatik.

–6.000 euro, planak irabazi-asmorik gabeko erakundeetan ezartzeko proiektuetarako partidatik.

Onuradun mota bakoitzerako dagoen kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste onuradun motaren zenbatekoari gehituko zaio.

6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eranskin hauei jarraikiz: Aurkeztu beharreko eranskinak deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri. Fitxa horren esteka dokumentuaren amaieran dago.

a) "4. eranskina. Eskaera-orria".

b) "5. eranskina. Eskaeraren xedeko proiektuaren memoria". Memorian jasoko dira egin beharreko jarduerak, metodologiak, tresnak eta aurrekontu xehatua. Memoria prestatzeko, oinarri hauen 3. eranskinean aipatutako irizpideei jarraituko zaie, proposamenen balorazioa errazteko.

c) "6. eranskina. Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena" delakoa, eskatzailearen ordezkaritza daukan pertsonak sinatua. Bertan baieztatuko da enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde eskatzaileak betetzen dituela 3.1 oinarrian aurreikusitako baldintzak.

d) "7. eranskina. Izendatutako pertsonaren prestakuntzari buruzko adierazpena" edo "8. eranskina. Laguntza teknikoaren prestakuntzari buruzko adierazpena", bidezkoa dena.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertu, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektuaren memoriari eta aurrekontu xehatuari buruzko dokumentazioa ezin da zuzendu.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak uste badu proiektua lausoa edo zehaztugabea dela, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, betiere dirulaguntza eskatu dutenen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa errespetatuz, baina ezin izanen da aurkeztutako proiektua aldatu. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira, deialdiaren fitxako "Tramitatu" aukeratik. Esteka dokumentu honen amaieran dago.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa agiri bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.

Gaitutako helbide elektroniko bat (GEH) adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta erakunde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako bidea.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzak eta Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak prozeduraren kudeaketan parte hartuko dute. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Prozedura tramitatzeko, instrukzio-organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien laguntza izaten ahalko du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egiten ahalko ditu ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzak baloratuko ditu eskaerak, eta horretarako, "2. eranskina. Balorazio irizpideak" delakoan zehaztutako irizpideei jarraituko zaie. Eskaeran ekartzen den dokumentazioa baino ez da aintzat hartuko.

8.4. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren portzentajea emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira, 10.4 oinarrian xedatutakoa eragotzi gabe.

8.5. Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzak eta Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak beren ebazpen proposamena igorriko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, balorazioen ondorioz ateratako puntuazioekin; txostenean, halaber, onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira onuradunek beren eskaeran adierazitako gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bidez.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak banatzen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean, onuradunen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira (justifikatu beharreko zenbatekoak proiektuaren aurrekontutik onartutako gastuekin bat etorri beharko du), eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien. Gainera, ordezko eskatzaileen zerrenda bat ere jasoko da, balorazio irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, onuradunen batek uko eginez gero zerrenda horretara jotzeko. Ordezko erakunde horiei dagokienez, diruz lagundu beharreko proiektuak identifikatuko dira, eta norbaitek uko eginez gero bakoitzak lortuko lukeen gehieneko laguntza ere adieraziko da. Dena dela, laguntza hori ez da inoiz ere izanen uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatorias), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunek bete beharko dute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden erakunde onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, erakundeko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

Erakundeak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan adierazitako gardentasun betebeharrekin konplitzeko, "10. eranskina. Gardentasunari buruzko adierazpena" delakoa beteko da. Eskuragarri dago laguntzen fitxan.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10.4. Onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du dirulaguntza ematea, beste deialdi bat egin beharrik gabe eta uko egite horrek liberatutako zenbatekoan, gehienez. Kasu horretan honako hauek jasoko dute: aurrekontua agortuta, dagokion zenbateko osoa lortu ez duen onuraduna, edo ordezko eskatzaileen zerrendan hurrengoa/k den/diren eskatzailea/k, lortutako puntuazioaren arabera.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ordezko eskatzaileei jakinaraziko die dirulaguntza jasotzeko aukera dutela, 10.2 oinarrian azaldutako puntuazio ordenari jarraikiz. Halakoetan, bost egun balioduneko epea izanen dute dirulaguntza onartzeko, eta epe hori ezin izanen da luzatu. Proposamena onartuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena eman eta jakinaraziko da.

11. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

12. oinarria. Proiektuak gauzatzeko baldintzak.

Proiektua behar bezala gauzatzeko asmoz, enpresa eta erakunde onuradunetako berdintasun lantaldeko edo batzordeko kideen zenbait ordezkarik parte hartuko dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatuko duen bilera batean, eta partaide horietako bat, nahitaez, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berdintasun plana koordinatu eta dinamizatzeko izendatutako pertsona izanen da. Bilera hori 2 ordukoa izanen da. Lan-saio horren helburuetako bat da onuradunek informazioa eta esperientziak elkar trukatzea, berdintasun planak prestatzearen testuinguruan.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bilera horretara ez joateak edo hartan benetan parte ez hartzeak emandako dirulaguntza %10 murriztea ekarriko du.

13. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

13.1. Emandako dirulaguntza jarduketa diruz lagungarriak amaituta ordainduko da, justifikazio agiriak aurkeztu eta gardentasun betebeharrak bete ondoren 10. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

13.2. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2023ko azaroaren 11 baino lehen, dirulaguntzaren fitxa telematikoaren bidez:

1. "11. eranskina. Justifikazio eredua", onuradunaren datuekin. Bertan jasoko da, eguneratua, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen dioen esanbidezko adierazpena. Halako laguntzarik jaso badu, zenbat eta nondik jaso duen adieraziko da, 14. oinarria betetzeko. Halaber, enpresak azken hiru zerga-ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena ere sartuko da, 18. oinarria betetzeko.

2. "12. eranskina. Justifikazio memoria" delakoa, dirulaguntzaren xede denari buruzkoa, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa. Eredu hori dirulaguntzaren fitxan lor daiteke. Beste dokumentu batean sartuko dira honako hauei dagozkien amaierako agiriak: a) Diagnostikoa, b) Berdintasun plana eta c) Sexu jazarpenaren edo sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloa.

Dokumentazio osoan, eta batez ere goian aipatu amaierako agirietan, agertu behar da Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzea. Hortaz, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala azalduko da egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, honako testu honekin batera: "Subvenciona / Diruz laguntzen du Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak".

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Sartu beharreko logotipoa deialdiaren fitxan dago eskuragarri.

3. Guztizko gastuaren eta hori ordaindu izanaren justifikazio ekonomikoa. Onuradunak justifikatu beharreko zenbatekoa izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak onartutako guztizko gastuaren aurrekontua adinakoa. Dirulaguntza ematen duen ebazpenean jasoko da, diruz lagundutako proiektuaren justifikatu beharreko zenbateko gisa, faseka eta/edo jardueraz jarduera xehakatua, fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak erantsita.

Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak proiektu osoa edo haren fase/jarduera bat bere kabuz eginez gero, proiektua egiten ari den pertsonaren nominak aurkeztuko ditu, eta enpresak edo erakundeak izendatutako pertsonaren dedikazioa justifikatuko du. Egiazko dedikazioa zein den zehaztuko da, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko frogagiriak aurkezteko data baino lehen ordaindu ezin diren finantza, tributu eta gizarte-segurantzaren gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea.

13.3. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari, hura ematean aplikatutako portzentajeak mantenduz, baina, kasu guztietan, diruz lagundutako proiektua bete dela frogatzen bada.

13.4. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, errekerimendua eginen dio onuradunari horiek zuzendu ditzan, bost egun balioduneko epean.

14. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek beste administrazio, enpresa eta erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu edo xede bererako, baina denak batera harturik benetan egindako proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin.

b) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea eta justifikatzea, deialdiaren helburua aurreikusitako epeetan beteta.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen eta publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztietan agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza izan dela.

h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bileran parte hartzea, hala aurreikusia baitago 12. oinarrian, "Proiektuak gauzatzeko baldintzak" delakoan.

16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–4.1 eta 4.2 oinarrietan ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–12. oinarrian ezarritakoa bete ezean, ematen den dirulaguntza %10 murriztuko da.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

17. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. "De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera (2013ko 352. EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa edo erakunde bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa edo erakunde bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

19. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

20. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

a) Proposamenaren kalitatea; gehienez 80 puntu:

–Proposamenaren kalitatea, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa; gehienez 60 puntu.

  • Barne-koherentzia globala, helburu orokorra eta helburu espezifikoak, helburuen justifikazioa; gehienez 10 puntu.
  • Fase nagusien deskribapena, fase bakoitzeko ekintzak enpresaren ikuspegitik zehaztuz; gehienez 45 puntu:

1. Prestakuntza, prestakuntzaren edukiak; gehienez 5 puntu.

2. Prestakuntzaren iraupena (6 ordu bitarte = 0 puntu; 2 ordu gehigarriko = 2 puntu); gehienez 10 puntu.

3. Prestakuntzan parte hartzea (negoziazio-batzordea = 0 puntu; erdi mailako kargudunak = 4 puntu; langileak = 10 puntu); gehienez 10 puntu.

4. Diagnostikoa. Diagnostikoa egiteko plana; gehienez 5 puntu.

5. Berdintasun planaren proposamena eta deskribapena. Aintzat hartuko da berdintasun planaren pertsonalizazio maila, enpresa motaren, horren tamainaren, sektorearen, ezaugarrien eta horiei erantzuteko mailen arabera; gehienez 5 puntu.

6. Jarraipen-proposamena, jarraipen-batzordea eta adierazleak; gehienez 5 puntu.

7. Proiektuaren garapen kronologikoa; gehienez 5 puntu.

  • Metodologia; gehienez 5 puntu. Proiektu osorako planteatzen diren metodologien deskripzioa, bereziki zuzendaritzak, legezko ordezkaritzak eta langileek parte hartzeko dinamikena.
  • Aurrekontua; gehienez 20 puntu.

Aurrekontuen egokitasuna baloratuko da, enpresaren tamainaren eta diagnostikoa eta berdintasun plana prestatzeko egindako ahaleginaren arabera. Baliagarria da baloratzea aurrekontuaren ratioa langile bakoitzeko; gehienez 15 puntu.

Giza baliabideak, baliabide teknikoak eta laguntza teknikoarenak; gehienez 5 puntu.

b) Eskaera aurkezten duen enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berdintasunarekin duen konpromisoa; gehienez 20 puntu.

  • Enpresak/erakundeak berdintasunaren alde egindako ibilbidea: berdintasuneko bereizgarriak, gizarte erantzukizuna (Berdintasuna), Reconcilia, Nazio Batuen Itun Globala); gehienez 5 puntu.
  • Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza organoetan, gehienez 5 puntu.
  • Emakumeen parte-hartzea langileen legezko ordezkaritzan, gehienez 5 puntu.
  • Emakumeen kolektibo espezifikoen beharrak proiektuan, gehienez 5 puntu.

3. ERANSKINA

Aurrekontua prestatzeko gida

PLANTILLAN DAUDEN PERTSONEN KOPURUA

10-30

31-49

Kontzeptuak

Kostuetan parte hartzea

3.000

4.000

Prestakuntza

%15

450

600

Plantillari kontsulta egitea

%10

300

400

Diagnostikoa

%30

900

1200

Plana prestatzea

%20

600

800

Neurriak gauzatzea

%15

450

600

Beste batzuk

%10

300

400

Guztira

%100

(*) Kopuru horiek maximoen gainean kalkulatu dira

DEIALDIAREN FITXA. FITXA HORRETAN ESKURAGARRI DAUDE OINARRI HAUETAN AIPATUTAKO ERANSKINAK, ETA BERTATIK TRAMITATZEN AHAL DA DIRULAGUNTZAREN ESKAERA ETA, ONDOREN, JUSTIFIKAZIOA

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-enpresa-eta-erakundeentzako-diru-laguntza-2023an-emakumeen-eta-gizonen-arteko-berdintasun-planak-ezartzeko

Iragarkiaren kodea: F2300316