24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena, dirulaguntza hauek eman daitezen norgehiagoka: dirulaguntza, Nafarroako tokiko ekintza taldeentzat, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzeko, finkatzeko eta horien mantentzea babesteko, horiek 2023an finantzatzen lagunduz DDBN identifikazioa: 668776.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (NABI), jarraikiz bere estatutuak arautzen dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuari, eskumen hau dagokio, besteak beste: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Hala, bere eginkizunen artean dago genero berdintasuna sustatzeko deialdiak kudeatzea.

Tokiko ekintza taldeak eskualdeko elkarteak dira, eta horietan biltzen dira solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakumeen elkarteak, enpresa elkarteak, sindikatuak, eta abar), guztiak ere eskualdeko sare sozioekonomikoaren ordezkari. Tokiko ekintza taldeen eginkizuna da Europako landa garapeneko estrategiak aplikatzea, eta, horretarako, eskualdeko programak diseinatzen, martxan jartzen eta kudeatzen dituzte, hori guztia izanik gizarteko, ekonomiako eta erakundeetako kolektiboen adostasunaren emaitza.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko, lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki erakundeekin eta tokiko ekintza taldeekin batera eginez lan egituratu, sistematiko eta koordinatua, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Tokiko esparruko errealitateen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du tokiko ekintza taldeetarako, helburua izanik dirulaguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitateko tokiko ekintza taldeei, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agenteak sartzeko eta finkatzeko, bai eta langile tekniko horien mantentzea babesteko ere, finantzaketan lagunduz.

Funtsezko baliabidetzat jotzen da berdintasun agenteen kontratazioa babestea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun helburuak egon eta bultza daitezen tokian-tokian. Kontratazio hori sustatzearen emaitza izan behar da profil profesional hori tokiko esparruan finkatzea eta mantentzea, eta, horregatik, sustatu nahi da, orobat, figura profesional horren kontratazioa eskualdeko elkarte horietan. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, emaitza hori lortzeko bidean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, onesten den dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz, honako arau hauek ematen dizkidatenak, hain zuzen: martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikulua (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala) eta urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi ziren Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak),

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, dirulaguntzak emateko Nafarroako tokiko ekintza taldeentzat, helburua izanik emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak sartzea eta finkatzea, eta babesa ematea horiek mantentzeko, 2023an horiek finantzatzen lagunduz.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira ebazpen honen I. eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 50.000 euroko gastua gorde eta baimentzen da, 2023ko aurrekontuetan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: 2022ko aurrekontuko 080001 08100 4819 232207 partida, "Tokiko ekintza taldeetarako transferentziak" izenekoa. Gastu hori egiteko baldintza gisa, kreditu aski eta egokia egon behar da.

Baldin 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legean onetsitako kreditua bada deialdi honetan hasieran baimendutakoa baino handiagoa, eta jasotako eskabide guztiak kontuan hartu badira, 50.000 euro handitzen ahalko da deialdi honetara bideratutako zenbatekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, eta ez da beste deialdirik egin beharko, jarraikiz azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluari (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Baseari komunikatzea.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 3an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko, 2023an, Nafarroako tokiko ekintza taldeei, talde horietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatu dezaten, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agenteko teknikariak sartuz, finkatuz eta horien mantentzea babestuz, eta, horretarako, laguntza emanez figura profesional hori finantzazeko. Laguntza horrek, zeina baita berdintasuneko teknikariak mantentzen laguntzekoa, ezin izanen du iraun inola ere zazpi urte baino gehiago.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

Deialdi hau har dezakete Nafarroako Foru Komunitatean legez eratutako tokiko ekintza taldeek, baldin betetzen badituzte oinarri hauetan ezarritako betekizunak.

3. oinarria.–Betekizunak.

Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira 3. oinarri honetan eskatutako betebehar guztiak. Adierazpen hori bete beharko da III. eranskineko ereduaren arabera. Eranskin hau –eta oinarri hauetan aipatutako gainerako guztiak– eskuragarri dago dirulaguntzari buruzko fitxan, eta oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago haren esteka.

3.1. Tokiko ekintza taldeek honako betekizun hauek konplitu beharko dituzte:

1. B mailako berdintasun agente bat lanaldi osoan kontratatua izatea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jaso izana 2022. urtean (salbu eta zazpigarren urteko kontratazioak) edo dirulaguntza jasotzeko aldian kontratazio bat hastea.

Kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Kontratazio bat dirulaguntza jasotzeko aldian hasten bada, dirulaguntza emateari begira, betekizun hori frogatutzat joko da baldin betetzen bada tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpenari (III. eranskina) buruz eskatutakoa, non frogatuko baita tokiko ekintza taldeak konpromisoa hartu duela berdintasun agente bat kontratatzeko; ondoren, diruz lagundutako kontratazioa egin izana frogatu beharko da.

2. Betiere, tokiko ekintza taldearen kontratazioa indarreko legeriaren arabera eginen da, eta une oro egokitu beharko da hark eskatutakora. Tokiko ekintza taldeak bakarrik izanen du legeria horretara ez egokitzearen erantzukizuna.

3. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuetan salbu; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

4. Dirulaguntza jasotzeko aldian elkartearen egitura organikoan izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorra, edo berdintasun esparruko eginkizunak dituen alorra, edo emakumeen alorra, edo alor horietako bat eratzeko konpromisoa hartzea.

5. Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

6. Aukera berdintasunerako plana izatea, edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa, edo genero berdintasunerako lan egitasmoa, honako agiri honetan oinarritua. "Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea". Ildo horretan, berdintasun teknikariek beteko dituzten eginkizunak egokitu beharko dira aipatutako "Ibilbide" horretan jasotakoetara, bai eta plan horietan jaso ere.

Berdintasun agente bat lehendabizikoz kontratatzen bada, baldintza hori betetzat joko da baldin tokiko ekintza taldeak betetzen badu erantzukizunpeko adierazpenari dagokion apartatua (III. eranskina), non egiaztatuko baita tokiko ekintza taldeak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, honako agiri honetan oinarritua. "Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-48-f-eu.pdf

7. Elkarte eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasun agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada, deialdi honek aintzat hartzen duen aldian.

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Tokiko ekintza talde bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan.

Dirulaguntza berdintasun agente baten langileria gastuak finantzatzen laguntzeko emanen da, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean, honako kondizio hauen arabera:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, gastuak diruz lagungarriak izanen dira lanaldi osoa bi lagunek betetzen badute.

Agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen duenean, lanaldi osoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

c) Diruz lagundutako kontratazioaren eraginpeko berdintasun agentea alta egoeran egon behar da, eta bete behar ditu egoki diren eginkizunak, hots, Nafarroako toki erakundeetako berdintasun teknikariekin lankidetzan NABIk egindako agiri honetan jasotakoak: "Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea":

–Ibilbidea ezagutzea eta berdintasun alorreko urteko plangintza diseinatzeko esparruetarako erabiltzea.

–Lan programak eta jarduketak koordinatu eta kudeatzea.

–Ekintza batzuk abian jartzea.

–Ibilbidea ezartzeko prozesua ebaluatzea, hobetu beharra duten alorrak hautematea eta haiek hobetzeko bideak sortzea.

–Bere erantzukizun alorretik, beste interes talde batzuei aholkuak eta prestakuntza ematea.

–Berdintasun alorrean egiten den lanaren berri ematea, eta hura ikusgarri egitea.

–Koordinaziorako bideak ezartzea lanean aritzeko bestelako elkarte eta erakundeekin, eta berdintasun alorrak dauzkaten beste toki erakunde batzuekin.

–Udaletako berdintasun agenteen eginkizunen artean ez dago indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeak zuzenean artatzea.

Kontratazio berrien kasuan, alta egoera ezin izanen da hasi 2023ko azaroaren 30a baino geroago.

Ulertuko da berdintasun agente titularra alta egoeran dagoela soldatarik gabeko baimenetan, lizentzietan, eszedentzietan eta/edo ezintasunetan, edo lan arloko legerian aurreikusitako antzeko beste edozein kasutan.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da gutxienez, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, orduan ez baita 2023ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko. Nolanahi ere, kontratazioa indarreko legeriara egokituko da beti, bereziki kontuan hartuta 3.1.2 oinarrian adierazitakoa.

Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko betekizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako betekizuna.

4.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza izanen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata finantzatzeko (2022ko abenduaren 31ko zenbatekoan), bai eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota finantzatzeko ere, lanaldi osoari dagokiona.

4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratatutako pertsonari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen. Era berean, konpentsazioak ez dira inolaz ere diruz lagunduko baldin betetzen ez badira tokiko ekintza taldeei dagokien araudian jasotako gehieneko kontratazio epeak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2022ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, berdintasun agente baten lanaldi osoari dagokiona.

b) Aurreko paragrafoaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, dirulaguntzaren ehuneko hauek aplikatuko dira:

–Dirulaguntza ematen deneko lehen eta bigarren urtea, langileen gastuen ehuneko 85, 5.1 a) atalean adierazitakoaren arabera.

–Dirulaguntza ematen deneko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, langileen gastuen ehuneko 70, 5.1 a) atalean adierazitakoaren arabera.

–Dirulaguntza ematen deneko zazpigarren urtea, langileen gastuen ehuneko 60, 5.1 a) atalean adierazitakoaren arabera.

c) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion ehunekoak aplikatuko dira, dirulaguntza kalkulatzeko.

d) Elkarteak aurreko deialdietan diruz lagundutako kontratazioa eten badu, dirulaguntzaren ehunekoak kalkulatzeko kontuan hartuko da aurreko deialdietan diruz lagundutako denbora.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten tokiko ekintza taldeek jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):

a) Eskabidea nahitaez aurkeztu beharko da horretarako diseinatutako eskabide ereduan (II. eranskina). Eskabide ereduak barne hartzen ditu urteko lan egitasmoa eta aurrekontua, eta nahitaez bete beharko dira biak.

Eskabidea aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da kalkulatzeko zenbateko dirulaguntza eman behar den.

b) Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), frogatzen duena 3. oinarrian eskatutako betekizun guztiak betetzen direla.

c) Tokiko ekintza taldearen eta berdintasun agente gisa kontratatzen den/diren pertson(ar)en artean izenpetutako kontratuaren kopia. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari. Kontratuaren kopia lehendik aurkeztu bada eta kontratuak baldintza beretan jarraitzen badu indarrean, ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea.

d) Aurreko kontratazio bat eten bada, egoera azaltzen duen txostena.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute betekizunak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, bost egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ez da inola ere zuzentzen ahalko. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da lehentasunezko bidea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta tokiko ekintza talde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako.

Elkarte eskatzaileak harpideturik egon beharko du Nafarroako Gobernuak gaituriko jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Hauxe da gaituriko helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, ulertuko da eskabidearen aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzak baloratuko ditu eskabideak, eta, horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egiten ahal ditu, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

8.3. Eskabideak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Eskabideen lehentasun hurrenkera:

–Lehenik, lehentasuna emanen zaie deialdi honen aurretik egindako eta 2022. urtean NABIk diruz lagundutako kontratazioei, eta, horien artean, antzinatasun handiena dutenei, ordena honetan: dirulaguntzaren zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtea.

–Bigarrenik, dirulaguntza jasotzeko aldian hasitako kontratazioen artean, berdintasun agenterik izan ez duten edo, izanik ere, aurretik dirulaguntza hau jaso ez duten tokiko ekintza taldeek egindakoak.

–Hirugarrenik, dirulaguntza jasotzeko aldian hasitako kontratazioen artean, aurretik berdintasun agentea izan duten, hura kontratatzeagatik dirulaguntza jaso duten eta arrazoi justifikatuak direla eta kontratua eten duten tokiko ekintza taldeek egindakoak.

–Laugarrenik, jada berdintasun agentea baduten tokiko ekintza taldeek egindako kontratazioak, kontratazio horretarako dirulaguntzarik jaso ez badute eta beste agente bat kontratatu nahi badute.

–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.

Kasu guztietan, talde bakoitzaren barnean berdinketa gertatzen bada, lehentasuna emanen zaie biztanle gehieneko lurralde-eremuan dauden tokiko ekintza taldeen eskabideei.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen-proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria–Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak banatzen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zer eskabideri uko egin zaien.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluarekin eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Gobernuaren Atarian, ematen dituen dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zer programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dago), baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan adierazitako gardentasun betebeharra betetzeko, adierazpen eredu normalizatua bete beharko da (IV. eranskina).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza, ez eta aurrerakinak ere, eta kobraturiko zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan xedaturikoaren arabera.

10. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente bat 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko azaroaren 30era kontratatzearen kostuei aurre egiteko. Aldez aurretik, 10.2 apartatuan bildutako agiri guztiak aurkeztu beharko dira, apartatu horretan adierazitako eranskinen arabera. Justifikazioa aurkezteko epea 2023ko azaroaren 30ean bukatuko da.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):

–Justifikazio memoria, dirulaguntza jasotzeko aldian berdintasun agenteak zer eginkizun eta jarduketatan parte hartu duen jasotzen duena. V. eranskineko ereduaren arabera egin behar da.

–Izenpetutako kontratu(ar)en kopia, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bad(ir)a.

–Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena (VI. eranskina), berdintasun agentearen kontratazioa indarreko legeriaren arabera egin dela adierazten duena, baldin eta aldez aurretik igorri ez bada.

Adierazpen horretan berdintasun agenteei dagozkien langileria gastuak kostuaren eta orain arte ordaindutako gastuaren justifikazioa jasoko da, eta, gainera, gastua diruz lagundutako jarduerari egokiro aplikatu zaiola frogatuko da. Kontratazioaren kostuaren banakapena hilabeteka bete beharko da, aipatu VI. eranskineko ereduan agertzen den bezala.

Oro har, egindako gastutzat hartuko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoa, salbu eta finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, ordaindu ezin izan direnak haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik.

Adierazpen horretan, jasoko dira dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak. Hori guztia, ezertan galarazi gabe 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa.

–Agiri bat, frogatzeko betetzen dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (4/2016 Foru Dekretua partzialki aldatu zuen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak).

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere txertatuko da, "Lagunduta" testuarekin batera. Halaber, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoarekin batera, deialdiaren fitxan egonen da eskuragarri, oinarri hauen testuaren amaieran. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio tokiko ekintza taldeari, beharrezko frogagiriak erants ditzan bost egun balioduneko epean, gehienez. Tokiko ekintza taldeak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

10.4. Berdintasun agenteei dagozkien langileria gastuen behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari. Nolanahi ere, deialdi honen 5. oinarrian ezarritako ehunekoak errespetatuko dira.

10.5. Aurrekoa galarazi gabe, honako hau hartuko da kontuan dirulaguntza ordaintzeko ezintasun, eszedentzia, lan lizentzia edo/eta soldatarik gabeko baimen egoeretan, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean:

a) Ordezkapenik eginez gero, kontuan hartuko dira laneko bajan dagoen pertsonaren benetako kostuak, bere gain hartuko dituenak tokiko ekintza taldeak, gehi hura ordezten duen pertsonaren kostua, ordainketa kalkulatzeko soilik, eta emandako zenbatekoa gainditzen ez bada.

b) Lanaldi-murriztapenaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxituko da.

c) Eszedentzietan, lizentzietan, baimenetan edo ordainsaririk ez duten egoeretan, proportzionalki gutxiagotuko da ordaindu beharreko kopurua.

11. oinarria.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, baldin eta horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen elkarte onuradunek jasotzen ahalko dituzte, helburu eta xede bererako, bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kontratazioaren kostuaren % 100 baino handiagoa.

12. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, tokiko ekintza talde onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:

a) Dirulaguntzaren xede den berdintasun agenteari dagozkion langileria gastuak gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero dirulaguntzaren tokiko ekintza talde onuradunetarako teknikarientzat, ebazpen honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko berdintasun agentearen kontratazioan edo lan egoeran sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aldez aurreko baimena eskatzea balizko edozein aldaketarako.

d) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru sarrerak edo baliabideak lortu direla. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehaztuta. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: «Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad».

i) Betetzea xedatua dagoena maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona), haren bidez arautu baitziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrak.

13. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

13.1. Elkarte ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.

–3.1.2 oinarria betetzen ez dela egiaztatzen bada, % 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–4.1 oinarrian ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, % 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–10. oinarrian ezarritakoak zehazten du zer egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

13.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea, baldin eta tokiko ekintza taldeak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasun agentearen kontratazioa bukatzen badu, eta ez badu beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, elkarte onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

13.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura arautuko da jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluari, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14. oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, jarraituko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluari eta hurrengoei.

15. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, zuzenduko zaiona Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

16. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, jarraituko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari eta aplikatzekoa den gainerako araudiari.

DEIALDIAREN FITXA, NON ESKURAGARRI BAITAUDE OINARRI HAUETAN AIPATUTAKO ERANSKINAK; BERTATIK IZAPIDETU DAITEZKE ESKABIDEA ETA DIRULAGUNTZAREN ONDORENGO JUSTIFIKAZIOA

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-tokiko-ekintzako-taldeentzako-dirulaguntza-emakumeen-eta-gizonen-arteko-aukera-berdintasuneko-eragileak-kontratatu-eta-sendotzeko-2023

Iragarkiaren kodea: F2300318