23. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25349E/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiarekin lotutako prestakuntza ekintzak, landunei zuzendutakoak, egiteko dirulaguntzen 2023ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 666061.

Ekoizpen eredu jasangarri eta lehiakor berrietara egokitzea gero eta beharrezkoagoa da, eta bai COVID-19aren pandemiak ekarritako krisiak, bai nazioartean bizi den egoera korapilatsuak egokitzapen hori lehenbailehen egiteko premia ekarri dute. Horretarako, Nafarroak, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiaren bidez, hazkunde ekonomikorako eredu berri bat bultzatu nahi du, jasangarriagoa eta inklusiboagoa, non zortzi gai-arlo lehenetsi diren.

Eredu ekonomiko berri horretan funtsezko zeregina dute Nafarroako enpresek, gizarte-eragileek eta herritarrek, oro har. Hala, eredu berrirako trantsizio hori egin ahal izateko, enpresek trantsizio digitalerako eta jasangarrirako konpetentzietan behar bezala gaitutako langileak izan behar dituzte, eta maiz zailtasunak aurkitzen dituzte Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiari lotutako profil berrietan dagoen premia gero eta handiagoei erantzuteko.

Beraz, funtsezkoa da prestakuntza diruz laguntzea, Nafarroako enpresetako langileak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategian lehentasunezkotzat hartutako gai-arloak bultzatzen laguntzen duten konpetentzietan birkualifikatzeko. Deialdi honen bidez, gutxi gorabehera 40 prestakuntza-prozesuri ekitea aurreikusten da, eta prozesu horietan 600 pertsona inguruk parte hartuko dute.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria ezarriz prestakuntza arloko ekimenentzat.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko oinarriak ezarri ziren. Agindu horrek arautzen duen prestakuntza eskaintzako ekimenen artean, administrazioek landunei zuzendutako ekimena dago.

Gobernuaren 2022ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion Nafarroako Foru Komunitatean, 2023an, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiari lotuta dauden prestakuntza-ekintzak, landunei zuzendutakoak, finantzatzeko dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazio araubidean.

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira (Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei), baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 1. artikuluaren araberakoak ere.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiarekin lotutako prestakuntza ekintzak, landunei zuzendutakoak, Nafarroako Foru Komunitatean 2023an finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia.

2. Onestea deialdi hau arautzen duten oinarriak, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Guztira 325.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko aurrekontuan "Landunen lanbide heziketarako laguntzak" izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren baliokidea izateko gaitzen den partidaren kargura. Honela banatuko da:

  • 323.000 euro, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiari lotutako eta landunei zuzendutako prestakuntza ekintzetarako.
  • 2.000 euro, emakumeak bertaratzeko beketarako.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiarekin lotutako eta pertsona landunei zuzendutako prestakuntza ekintzak 2023an Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzeko dirulaguntzak emateko prozedura arautzea.

2.–Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak izaten ahalko dira deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak barne, baldin eta kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu inskribatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, ekintzen berri emateko jarduerak egin aurretik, zer instalazio edo lokal erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta hura eskura duela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Kasu guztietan, eskatutako prestakuntza ekintzetarako inskribaturik egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3.–Prestakuntza ekintzak.

3.1. Deialdi honen babesean, II. eranskinean adierazitako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzak ematen ahalko dira.

3.2. Prestakuntza ekintzek etapa hauek izanen dituzte:

a) Prestakuntza teknikoa.

Prestakuntza teknikoa honako hauek osa dezakete:

–Prestakuntza espezialitate bakar bat, baldin eta ez badago jasota irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan.

–Edo prestakuntza espezialitatez osaturiko prestakuntza ibilbide bat (espezialitate horiek Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan egon ala ez), edo espezialitate horietako moduluak, baldin eta katalogo horretako moduluak badira.

Prestakuntza espezialitateak edo haien moduluak katalogo horretan jasota badaude, katalogo horretan ezarritakoak izanen dira haien iraupena, edukiak eta irakasteko baldintzak.

Prestakuntza espezialitateak ez dira lotuta egonen profesionaltasun ziurtagiri bat lortzearekin.

Aurkezten den prestakuntza Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliozkotu beharko du, horretarako adierazten diren jarraibideak betez.

Planteatzen den prestakuntza ez badago jasota Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan, prestakuntza entitateek espezialitate horren alta eskatu beharko dute; horretarako, prestakuntza programa bat eginen dute, prestakuntza-beharretara egokitua, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako ematen dituen jarraibideak beteko dituzte.

Aurkezten den prestakuntza programak ez baditu betetzen espezialitatea Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan inskribatzeko ezarritako baldintzak, entitateari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Espezialitatea Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan alta emanda dagoenean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari jakinaraziko dio, haren kodetzearekin batera, eta entitate onuraduna inskribatuko da.

Prestakuntza espezialitatearen inskripzioa onartzen ez bada, dirulaguntza ematea ukatzen duen ebazpena emanen da.

b) Eraldaketa digitalaren arloko prestakuntza.

Teknologia digital berriak lan ingurunean integratzeari eta horiek duten eraginari buruzko prestakuntza jarduketak dira (zerbitzu berriak sortzea, lanbide-profilak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikaziorako bide berriak sortzea, etab.).

Prestakuntza horrek zerikusia izan beharko du prestakuntza teknikoan ematen diren prestakuntza espezialitateekin. Prestaketa lanetan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako prestatutako erreferentziazko materialak erabiliko dira.

Prestakuntza hau II. eranskinean dagokion prestakuntza-espezialitaterako adierazitako modalitatean eman beharko da. Eranskin horretan kasuan kasuko prestakuntza espezialitaterako adierazitako modalitatea mistoa denean, modalitate presentzialean edo teleprestakuntzan ematen ahalko dira digitalizazio-orduak.

Eskatutako prestakuntza tekniko guztiak batera zenbat irauten duen, horrexek zehaztuko du prestakuntza horretarako gehienez finantzatu daitekeena:

–50 ordutik beherakoa bada: 2 ordu.

–100 ordutik beherakoa bada: 5 ordu.

–100 ordukoa edo hortik gorakoa bada: 10 ordu.

3.3. Diruz lagundutako prestakuntza ekintzak egiten ahalko dira laguntzak ematen diren egunetik 2024ko ekainaren 30era bitartean.

3.4. Modalitate presentzialean eman beharreko prestakuntza ekintzak modalitate hibridoan ere ematen ahalko dira; modalitate horretan, ikasle batzuk modalitate presentzialean joaten dira prestakuntza jarduerara, eta beste batzuek, aldi berean, ikasgela birtualaren bidez egiten dute.

3.5. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean edo hibridoan ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak egunean gehienez. Ekintza bakoitzeko 30 parte-hartzaile izanen dira gehienez.

3.6. Modalitate presentzialean edo hibridoan antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzako modalitatean, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.7. Ikasgela birtualaren bidez emanen den prestakuntzak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ikasgela birtuala erabiltzen ahalko da modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzetan edo modalitate mistoko edo teleprestakuntzako ekintzen zati presentzialean.

–Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

–Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

–Ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexioen erregistro bat edukiko da, eta bertan identifikatuko dira, baliabide horren bidez garatutako prestakuntza ekintza bakoitzerako, ikasgelan parte hartzen duten pertsonak, ekintzen datak eta konexio-denborak. Horrez gainera, prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkien edo grabazioen medioz, adibidez).

–Entitate onuradunak ikasgela birtualerako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

–Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita. Horrez gain, egun horretan egin dituzten jarduerei buruzko txosten labur bat idatziko dute oharren eremuan.

3.8. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko behar besteko ahalmenekoa. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun, segurtasun, irisgarritasun eta elkarreragin mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela ikastaroaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 eskuragarri egotea.

–Backup-a, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei; horretarako, gako bat emanen die, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da (Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako). Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide prestakuntza ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen dira.

4.–Irakasleei ordaintzea.

4.1. Irakasleen kostuek barnean hartzen dituzte prestakuntza ekintza edo prestakuntza ibilbidea ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleek egotzitako beste edozein ere.

Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

4.2. Modalitate presentzialean edo hibridoan, irakasleen orduko kostua 40 eurokoa edo hortik gorakoa izanen da, eta 30 eurokoa edo hortik gorakoa teleprestakuntzako modalitatean. Modalitate mistoan, kasuan kasuko kostuak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren modalitate presentzialean edo hibridoan eta teleprestakuntzan.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

4.3. Era berean, prestakuntza ekintza edo prestakuntza ibilbide bakoitzean, irakasleen kostuak izanen dira, gutxienez, entitate onuradunak prestakuntza amaitu ondoren aurkeztu beharreko justifikazio-memorian eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren %35.

Orduko kostua kalkulatzeko, eskatutako dirulaguntzaren %35 aterako da, eta hori zatituko ikastaroko ordu guztien kopuruarekin.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

4.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35ekoa izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, gutxienez, aurreko puntuan adierazitakoa izan beharko du.

4.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

4.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio eskatutako dirulaguntzaren %35 itzul dezala, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

4.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

5.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

5.1. Prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen II. eranskinean zehaztutako modulu ekonomikoak baino handiagoa parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko, ez eta 50.000 eurotik gorakoa ere.

Digitalizazio orduetarako emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen II. eranskinean zehaztutako modulu ekonomikoak baino handiagoa parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

5.2. Prestakuntzaren modalitate mistoan (presentziala edo hibridoa eta teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

5.3. Prestakuntza tekniko horrengatik eman beharreko gehieneko dirulaguntza zehazteko, oinarri honetan adierazitako modulu ekonomiko espezifikoa aplikatuko da, parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko, eta gehienez ere 250 ordu finantzatzen ahalko dira parte-hartzaile bakoitzeko.

5.4. Dirulaguntza eskatzen bada prestakuntza-ibilbide batez osatutako prestakuntza-ekintzetarako, eskatutako zenbatekoaren ehuneko 20 baino gehiago modalitate presentzialean emandako prestakuntza ekintzetarako izanen da, modalitate mistoko prestakuntza ekintzen zati presentziala barne.

6.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

6.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako ekintzetan:

a) Zerbitzu ordainduak ematen dituztenak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Pertsona horiek gehienez ere %30ean parte hartuko dute deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan egoera hartuko da kontuan.

f) Administrazio publikoetako langileei dagokienez, prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere prestakuntza ekintza bakoitzean parte hartzen dutenen %10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe ekintzetako parte-hartzaile guztien %10eko muga ez eta plantilla guztiaren %10eko muga ere.

Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen %80k, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitateko bizilagunak izan beharko dute.

6.2. Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

6.3. Entitate onuradunak hautatuko du nork hartzen duen parte prestakuntza ekintzetan; era berean, ardura izanen du segurtatzeko ezen parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko konpetentziak dituztela, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

6.4. Inskripzioa enplegu atariaren prestakuntza atalaren bidez eginen da (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aurretik hitzordua eskatuta.

6.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabete batean hirutan baino gehiagotan huts egitea bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

6.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

6.7. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak atzematen direnean.

7.–Bekak eta laguntzak.

7.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskaerarekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

7.2. Bekak eta laguntzak:

a) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide-arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeei dagokie: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide-arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta egoera hori honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskudunek edo harrera zentroko gizarte zerbitzuek emandako ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

d) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik ikastetxera joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

e) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez egiten diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak eskolak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, inguruabar hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 33,33 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

g) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lanbide sustapeneko, prestakuntzako edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

7.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Modalitate hibridoko, mistoko edo teleprestakuntzako modalitateko prestakuntza ekintzak direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek prestakuntza ekintzetara bertaratu behar duten egunen kontura.

8.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuta. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eskabide-eredu normalizatua erabiliko da.

8.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Adierazpena, dioena badituela behar adina instalazio eta giza baliabide Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko edozein espezialitate irakasteko, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez daudenean.

c) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

d) Adierazpena, dioena eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duela.

8.3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntzaren Laburpena-Memoria-Aurrekontua.

c) Prestakuntza teknikoa Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasota ez badago, sortu beharreko espezialitatearen prestakuntza programa.

d) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

8.4. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2023ko azaroaren 30ean.

Eskabide bakoitza espezialitate edo ibilbide bakarrerako eskaera izanen da. Entitate eskatzaileek eskaera bakar bat aurkezten ahalko dute hilean. Entitateren batek eskaera gehiago aurkezten baditu hilean, lehenengoa soilik hartuko da kontuan.

9.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.

9.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuta, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

9.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

10.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

10.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren neurrian eta hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

10.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

10.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

10.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

10.5. Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren ordutegiaren barruan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean dago bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorriak edozein garraiobidetan izaten ahal dira). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan, irteeretan, bisitetan eta in itinere joan-etorrietan gertatutako istripu baten ondorioz.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Entitate onuradunak emanen dio parte-hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma. Agiri hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen du, IRIS aplikazioaren bidez.

g) Prozeduraren instrukzio fasean behar den informazioa eta dokumentazioa aurkeztea; prestakuntza ekintzak gauzatzea eta dirulaguntza justifikatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita; eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, bai eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak ere, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

h) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako diru zenbatekoen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori betearazpen bidera jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketaren egokitasunari buruzko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu diren, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

j) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

k) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

l) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

m) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, enplegurako lanbide prestakuntzaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak betetzea.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

11.2. Gardentasun betebeharrak:

11.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

11.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

11.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat dago eskuragarri Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

12.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

12.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.

12.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira ekintza hasi aurretik, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

12.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoa erabiliko da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta bidaltzen bada ikastaroaren iraupenaren %25 gainditzen den eskola egunera arte, egun hori barne.

12.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, baldin eta prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

13.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

14.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

14.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

14.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

14.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere aurrez ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren.

Onartutako prestakuntza gauzatzen hastea joko da prestakuntza ekintzaren hasieratzat.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40 diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

14.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.–Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 15.1 oinarrian ezarri bezala.

2.–Memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek frogatuko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza-orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memorian adierazitako jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko ditu ikasleen bertaratze-orduak, memoria ekonomikoan aurkeztutako informazioa kontrastatuz IRIS aplikazio informatikoan jasotako informazioarekin eta prestakuntza ekintzara joan diren ikasleek sinatutako bertaratze-orriekin.

14.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da gehienez, diruz lagundutako jarduera bukatu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragaten bada aurreko ataletan adierazitako agiriak aurkeztu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

14.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

14.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

14.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen nahiz modalitate hibridoaren kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada, digitalizazio-orduak barne daudela. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen gutxienez %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

14.9. Justifikazioaren ondorioetarako, ekintza presentzialetan nahiz modalitate hibridoan, ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela baldin eta ekintza bertan behera utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, pertsona horiek egina izan beharko dute, gutxienez, beren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian aldiko kontrolen %25, edozein dela ere konektatuta egon diren ordu kopurua.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

14.10. Prestakuntza ekintza presentzialetan eta modalitate hibridoan egiten diren ekintzetan, aurreko apartatuan ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak bertan behera uzten badira prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %15era arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman ondoren utzi beharko dira bertan behera.

Ekintza presentzialetan eta modalitate hibridoan, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean egun batean parte hartu duten pertsona guztiek. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean prestakuntza plataforman sartu diren pertsona guztiek.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

15.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

15.1. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori egiteko, "Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta" erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuta (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko.

15.2. Entitateak bilduko ditu, 14.4.1 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

15.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduera Nafarroako Gobernuak finantzatu duela.

b) "Ex post" jarduketak. Jarduera bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren ebidentzia fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabilita, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaien.

–Irakasleei ordaindu zaien.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

16.–Azpikontratazioa.

16.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza jarduera gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa aurrera eramateko bere gain hartu behar dituen bestelako gastuak kontratatzea.

16.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

17.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

17.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

17.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Ez-betetzea prestakuntza ekintzetan: emandako dirulaguntzaren %25 baino gutxiago erabiltzen bada, erabateko ez-betetzetzat joko da, eta, horren ondorioz, dirulaguntza ezeztatuko da, eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Emandako dirulaguntzaren zati bat bakarrik erabiltzen bada (betiere %25 baino gehiago), emandako dirulaguntza hein berean murriztuko da.

b) Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak %30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabeak kenduko dira, parte-hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

c) Administrazio publikoetako langileen portzentajea ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, prestakuntza ekintza bakoitzean parte hartzen duten guztietatik %10 baino gehiago administrazio publikoetakoak baldin badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen dutenak kenduko dira, parte-hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

d) Prestakuntza entitateko plantillako langileen portzentajea ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, prestakuntza ekintzako parte-hartzaile guztien %10eko muga gainditzen bada, inola ere gainditu gabe prestakuntza entitateko plantillako langile guztien %10eko muga, portzentaje horretatik goiti parte hartzen dutenak kenduko dira, parte-hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

17.3. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

17.4. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua beste eskaera batzuei esleitzeko erabil daiteke.

18.–Datuen babesa.

18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

18.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen identifikazio datuak eta prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenenak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da ekintzetan parte hartzen dutenei aipatu Europar Batasunaren Erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

19.1. Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, zeinaren bidez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Legea, hots, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzari eta horren finantzaketari dagokionez, eta ezartzen dituena hura finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); azaroaren 25eko TES/1109/2020 Agindua (agindu horren bidez martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatzen da, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena, zeinaren bidez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Legea, hots, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzari eta horren finantzaketari dagokionez, eta ezartzen dituena hura finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen. Era berean, aplikatzekoak izanen dira Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.

20.–Dirulaguntzen publikotasuna.

20.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

Dirulaguntza jasotzeak berekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen webgunean (https://www.mites.gob.es/uafse/) argitaratuko den zerrenda batean, programa eragilea kudeatzeko agintaritza den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGIF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

20.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

21.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

II. eranskina.–Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiarekin lotutako prestakuntza ekintzak.

Deskargatu II. eranskina (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2217615