23. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

GALAR

Deialdia, pertsona bat aldi baterako kontratatzeko, errelebo-kontratu bidez, zerbitzu anitzetan aritzeko

Galarko Udaleko alkateak, 2023ko urtarrilaren 17ko 003/2023 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen pertsona bat aldi baterako kontratatzeko, errelebo-kontratu bidez, zerbitzu anitzetan aritzeko.

Hona hemen deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi publiko honen xedea da Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat aldi baterako betetzea errelebo-kontratu bidez.

1.2. Behar diren hautaprobak gainditu ondoren kontratatzen den langilea D mailan edo taldean egongo da eta Udalaren plantilla organikoan ezarritako ordainsariak jasoko ditu

1.3. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.4. Halaber, deialdi honen bidez hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 7. oinarrian xedaturikoarekin bat:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

1.5. Lanpostuaren eginkizunak, oro har, bere kategoria profesionalari dagozkionak dira; besteak beste, Udalaren ibilgailuak erabiltzea, alor honetako lanak egiteko. Orobat, esleitu dakizkioke beste eginkizun batzuk.

Lanpostuaren eginkizunak dira honako hauek, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Azpiegituren eta lorategien mantentze-lanak eginen ditu.

–Bere ardurapean uzten diren lanen jarraipena eta kontrola eginen du.

–Kudeatzea udalerriko ureztaketak. Automatizazioa eta mantentze-lanak.

–Zuhaitzen kudeaketa, zerbitzuaren arduradunarekin koordinatuta.

–Izurrite arruntei aurre egiteko bitartekoak eta mota guztietako tratamenduak aplikatzeko proportzioak kudeatuko ditu.

–Bere jardun-eremuekin zerikusia duten makinak eta erremintak kontrolatzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, bai eta erreminta eta makinen beharrizan posibleak aztertzeaz eta ebaluatzeaz ere.

–Zer zerbitzuri atxikitzen zaion, harexek berezko dituen makina, erreminta eta lanabesak erabiltzea eta haiek mantendu eta konpontzeko lanak egitea.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea.

–Zuhaitzen eta zuhaixken mantentze-lanak.

–Baso eremuen maneiua.

–Iturgintzako konponketak.

–Udalak eskatutako egitura eta aparatuak jarri eta kentzea.

–Hiri altzarien pintatze lanak.

–Arbolak, landareak eta soropila mantentzeko lanak egitea, arbolak eta zuhaixkak kimatzea, arbolak, heskaiak eta denboraldiko landareak landatzea, eta tratamenduei, ongarriei eta produktu fitosanitarioei dagozkienak erabakitzea. Ureztatzeko sistema kontrolatzea eta mantentze lanak egitea.

–Muntatzea eta desmuntatzea agertokiak, hesiak eta beste, jai eta ekitaldi publikoetan.

–Bideak garbitzeko lanak.

–Neguan bideak erabilgarri mantentzea.

Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.

1.6. Bete beharreko eginkizunak lorezaintzak berezko dituen zerbitzu anitzetakoak dira, erran nahi baita, parkeetako mantentze lanak, inausketak, soropila moztea, ureztatzeko instalazioetako mantentze lanak, landaketak, ereintza, lorategien sorrera eta bertako mantentze lanak, oihangintzako lanak eta ingurumena babestekoak etab.

2.–Betekizunak.

2.1. Oposizioetan onartuak izateko, betekizun hauek bete behar dituzte izangaiek:

a) Espainiako herritarra izatea, Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Gutxienez ere izatea DBHko graduatuko, eskola graduatuko, Lanbide Heziketako lehen graduko titulua edo baliokidea, edo eskaerak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

f) B motako ibilgailuak eramateko gidabaimena izatea.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak lehentasunez telematikoki aurkeztuko dira, Galarko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez https://sedeelectronica.cendeadegalar.es/eu/mi-carpeta-ciudadana/, eta badago aukera NAN elektronikoaren/ Ziurtagiri elektronikoaren bidez, edo Cl@veren bidez ere aurkezteko. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera 3.2 oinarrian zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Galarko Udalaren erregistroan ere aurkezten ahal dira (Udaletxe plaza,1), 9:00etatik 12:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahal dira ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.2. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio behar bezala bete ondotik:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) B motako gidabaimenaren kopia.

d) 9. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Udalaren webgunean argitaratuko da (http://www.cendeadegalar.es/eu/).

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, Udalaren erregistroan eskabidea aurkeztuta.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

Aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori jendaurrean jarriko da Udalaren webgunean, hautaproba egiteko tokia, eguna eta ordua adierazita.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, jarraikiz ezarritakoari Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

1.–Mahaiburua: Óscar Amóztegui Recalde, Galarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Sergio Delgado Bermejo, Galarko Udaleko alkateordea.

2.–Epaimahaikide-idazkaria: Mercedes Arnedo Lana, Galarko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: María Jesús Larraya Ucar, Galarko Udaleko administrari ofiziala.

3.–Epaimahaikidea: Daniel Araiz Razquin, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua

–Ordezkoa: Carlos Latasa Apezteguía, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

4.–Epaimahaikidea: Carlos Arizaleta Orrio, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

–Ordezkoa: udalen bateko zerbitzu anitzetako arduradun bat.

5.–Epaimahaikidea: Andrés San Juan Ibarra, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

–Ordezkoa: udalen bateko zerbitzu anitzetako enplegatu bat.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta kide anitzeko organoa jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Hautapen prozesuaren garapena.

Hautapen prozesua hasiko da, ziurrenik, 2023ko apiril amaieran edo maiatz hasieran. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da lehen ariketa egiteko tokia eta eguna, eta hasteko ordua.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 100 puntukoa izanen da.

Proba teorikoa: deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendari buruzko 50 galdera erantzun beharko dira, 90 minutuan gehienez. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. 50 puntu eskuratzen ahal dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira proban 25,00 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

2.–Proba praktikoa: 5 proba egitea, Galarko Kontzejuko zerbitzu anitzetako enplegatuen ohiko lanen gainekoak. Gehienez ere 50 puntu emanen dira. Epaimahaiak 10 punturekin baloratuko du proba bakoitza.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

Proba praktikoak honako lan hauei buruzkoak izanen dira: lorezaintzako ohiko lanak (makinak ezagutzea eta erabiltzea, kimaketak, lore motak, landaketak, sastrakak garbitzea, ureztatzeak instalatzea eta programatzea, eta abar), bai eta igeltserotzako ohiko lanak ere. (Erabiltzea eta ezagutzea erramintak eta materialak, oinarrizko eraikuntza teknikak, eta abar)

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.–Deia eta kontratazio zerrenda.

7.1. Probak egin ondoan zerrenda bat eginen da, izangaiak puntuazio ordenan ezarrita. Zerrenda Udalaren web-orrian ere kontsultatzen ahalko da.

Berdinketak ebatziko dira kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Haren emaitzak jendaurrean jarriko dira Galarko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

7.2. Zerrendan lehenengo dagoenari dei eginen zaio, eta errelebo-kontratua eskainiko zaio hiru urterako (hasteko data, 2023ko abuztua). Honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (atal hori dagokio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari), edo, hala badagokio, behar bezala kreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko pertsona ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.

c) Europar Batasunetik kanpokoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.

7.3. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

7.4. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Galarko Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Galarko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du eta bertan onetsiko lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda eta lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

7.5. Sortzen diren beste behar batzuetarako deiak prozedura honen arabera eginen dira:

–Dei egiteko, zorrotz jarraituko zaio lehentasun ordenari, eta lanposturik eskuratu gabe gainditu dutenek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aldean, deusetan galarazi gabe kontratua hobetzeko ezarritakoa.

–Dei egiten den unean zerrendetan lan egiteko prest daudenei eginen zaie dei, izangaiari eskaintzaren berri emanez, honako bitarteko hauek erabiliz, hurrenkera honetan eta eskuragarritasunaren arabera:

1. Telefono mugikorra

2. Telefono finkoa.

3. Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).

4. Posta elektronikoaren helbidea.

Horretarako, izangaiek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta haiek arduratu beharko dira etengabe eguneraturik edukitzeaz.

–Iraupen laburrekotzat hartzen diren kontratazioetan, egun berean bi saiakera eginen dira izangaiarekin harremana izateko, ordu desberdinetan, gutxienez ere ordubeteko tartearekin.

–Iraupen luzeko kontratazioetan, bi saiakera eginen dira harremana izateko, bi abisu eginez ordu desberdinetan (gutxienez 2 orduko tartearekin), egun baliodun desberdinetan.

Bi kontratazio motetan, eta eskainitako kontratua egunean berean hasten bada edo hurrengo 24 orduetan, dei bakarra eginen da, izangaiak adierazitako komunikazio bitarteko guztien bidez.

Kontratazio unitateak egindako deien berri utziko du.

–Iraupen laburrerako deietan izangaiari 24 ordu balioduneko epea emanen zaio erantzuteko, eta iraupen luzerako deietan 2 egun baliodun, eta ulertuko da ezen, denbora hori igarotzen bada erantzunik gabe, eskaintzari uko egin zaiola bidezko arrazoirik gabe.

Premiazko kontratazioen kasuan, eskainitako kontratuaren hasiera hurrengo 3 egun naturalen barruan badago, ez zaio erantzuteko epe hori emanen, eta komunikazioa telefono mugikorraren eta finkoaren bidez eginen da.

–Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan eskaintza honen gaineko eskubide guztiak galduko dira.

–Baldin, ordenamendu juridikoan jasotako edozein bitartekoren bidez, aldi baterako kontratazio bat deusez deklaratzen bada, zerrendako dei hurrenkerari ez jarraitzeagatik, indarrean den kontratua deuseztatuko da, eta haren ordez kontratatuko da deitua izateko eskubide hobea duena, eta, hori dena, galarazi gabe antzinatasuna aitortzeko eskubidea, ezta, behar denean, bestelako ondorioetarako eskubidea ere.

–Deiak, erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia kasuetan: erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat edo beste gurasokidearentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

Horrelakoetan, Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaizkio, erditzea, adopzioa edo harrera gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik, harik eta lanpostuan benetan hasten den egunera arte. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

–Deia egitean sor daitezkeen bestelako egoera bereziak: Haurdunaldiko bajagatik eta/edo erditzearen lizentziagatik langile bat ordezteko kontratatzen diren izangaiek kontratu bat baino gehiago pilatzen ahalko dituzte bata bestearen atzetik etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzealdiak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta 15 egun balioduneko epearen barrenean, ordezturiko langilea seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.

8.–Errekurtsoak.

8.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

8.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatuaren arabera, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Getze Galarren, 2023ko urtarrilaren 17an.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. Eranskina.–Eskabide eredua.

Deskargatu I. eranskina (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Aritmetikako, idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

2.–Galarko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Udalaren antolamendua eta eskumenak. Osoko bilkura, Alkatetza eta Gobernu Batzarra.

3.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

4.–Lorezaintzako kontserbazio-lanak: soropilak eta belardiak kontserbatzeko lanak, zuhaitzak eta zuhaixkak kontserbatzeko lanak, lore-landareak eta erraboil-landareak kontserbatzeko lanak.

5.–Lorezaintzako sortze eta/edo birjartze lanak: soropila birjartzea eta ereitea; zuhaitzak, zuhaixkak eta lore-landareak birjartzea.

6.–Kimatze lanak: zuhaitzak kimatzea; zuhaixkak, azpi-zuhaixkak eta heskaiak kimatzea.

7.–Izurriteak eta gaitzak lorezaintzan.

8.–Ureztatzeko sarea kontserbatzeko lanak: ureztatzeko sareari buruzko oinarrizko ezagutzak; ureztatzeko instalazioaren mantentze-lan prebentiboa.

9.–Ibilgailuen eta makinariaren eta bitarteko lagungarrien erabilera lorezaintzan. Erremintak zorroztea eta lanerako prest jartzea. Segurtasun neurriak, ibilgailuak eta makinak erabiltzean. Lorezaintzan erabiltzen diren ibilgailuak, makinak eta tresnak aztertzea, zorroztea eta prest jartzea, eta horien segurtasun arauak.

10.–Matxura eta konponketa ohikoenak igeltserotzan, iturgintzan, pinturan, elektrizitatean, sarrailagintzan, zurgintzan eta lorezaintzan.

11.–Azpiegiturak lorategi zonetan eta egon lekuetan. Ezagutza orokorrak.

12.–Lurzoruaren ezaugarri fisiko eta kimikoak. Eginkizunak. Lurzoru moten azterketa. Lorezaintzan erabiltzen diren lur motak. Lurzoruaren mantenua

16.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.

17.–Galar: Biztanleria eta geografia. Kontzejuak eta poligonoak. Kale-izendegia. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Kanpoko lorezaintza. Lorategi eta parke publikoak. Beste berdegune batzuk.

Iragarkiaren kodea: L2300938