21. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25380E/2022 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita 2023an eta 2024an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 664194.

Bizi-itxaropenari dagokionez, Nafarroa bigarren postuan dago gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta: 84,32 urteko bizi-itxaropena dauka. Emakumeen kasuan, adin hori altuagoa da: 86,94 urte (EIN; Heriotza-adierazleak autonomia erkidegoen arabera, 2021). Azken hamarkadan, zahartze-indizeak 15,5 puntu egin du gora, eta etorkizuneko joerek zifra horiek igotzea aurreikusten dute. Zahartze prozesu hori langileen artean ere nabaritzen da, eta horrek erakusten digu belaunaldi-ordezkapenaren erronkari aurre egin behar zaiola. Gizarte Segurantzaren Diruzaintzako estatistika-datuen arabera, 2022ko uztailean 55 urtetik gorako afiliatuak Nafarroako Gizarte Segurantzako afiliazioaren %27,29 ziren.

Bestalde, badakigu langabeziak bilakaera desberdina izaten duela biztanle-taldeen arabera, eta, horregatik, lehentasunezko esku-hartzea behar duten talde batzuk ezarri dira 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planean. Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak argitaratutako datuen arabera, 2022ko uztailean, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-indizea %17,11 izan zen, eta indize orokorra, berriz, %7,44. Beste elementu garrantzitsu bat da 55 urtetik gorako langabeak langabe guztien %27,29 direla, 2022ko uztaileko datuen arabera.

Iraupen luzeko langabeak langabe guztien %36,8 ziren hilabete berean. Talde horretan, %65,1 emakumeak dira, eta %41,86k 55 urte edo gehiago dituzte.

Gainera, azpimarratu behar da ezen, urtetik urterako datuak konparatuz, iraupen luzeko langabeen indizearen hazkunde handienak gazteenen artean gertatzen direla.

Ildo horretan, 2021-2024 urteetarako onetsitako Enplegu Planak, goian aipatu dugunak, helburu espezifiko gisa jasotzen du errelebo-kontratua sustatzea, eta bereziki sustatu nahi ditu gazteentzako kalitatezko kontratazioa bultzatzen duten kontratuak, lanaldi osokoak eta mugagabeak, gizarte segurantzako kotizazioen kostuetarako osagarri bat emanez.

Hala, dirulaguntzen deialdi honen helburua da errelebo-kontratua sustatzea, belaunaldi aldaketari argiro laguntzeko, langileen artean ezagutzak trukatzea ahalbidetuz eta, horrela, metatutako esperientzia galtzearen ondoriozko deskapitalizazioa minimizatuz. Gainera, enpleguari eusten eta kalitatezko enplegu-aukerak sortzen laguntzen da, batez ere langabeziak gehien ukitutako biztanle-taldeetan.

Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdi bat tramita zezan banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2023an eta 2024an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu aurrekontuaren partida honen kargura: "Enplegurako zailtasunak dituzten taldeen kontrataziorako laguntzak" izeneko 950001 96100 4709 241118 partida.

4. Era berean, 500.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da arautzea zer betebehar eta baldintza bete behar diren, errelebo-kontratuak sustatzeko asmoz, enpresei emanen zaizkien dirulaguntzak jasotzeko, batez ere, errelebo-hartzailea laneratzeko zailtasunak dituen pertsona bat izatea aurreikusten duten errelebo-kontratuetarako.

Dirulaguntza honen xede diren kontratuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden lantokietan zerbitzu emateko sinatuko dira, 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte.

2.–Enpresa eta entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

2.2. Dirulaguntzen onuradun diren enpresek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitatean lantokia izatea.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

3.–Jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. Diruz lagunduko dira honako betebehar hauek betetzen dituzten errelebo-kontratuak:

a) 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera formalizatuak izatea.

b) Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan zerbitzuak emateko izatea.

b) Lanaldi osokoak eta mugagabeak izatea.

3.2. Kontratazio bakoitzak plantilla handitzea ekarri behar du. Deialdi honen ondorioetarako, kalkulu hori egiteko, errelebo-hartzailea kontratatzen den hilabetean enpresak duen plantilla finkoa alderatuko da aurreko urteko hilabete bereko plantilla finkoarekin.

3.3. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzen xedea ezin da izan enpresaburu indibidualaren ezkontidea kontratatzea, ezta odol bidezko, ezkontza bidezko edo adopzio bidezko aurreko, ondorengo edo alboko ahaideak ere, lehenengo edo bigarren graduko ahaideak badira.

4.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharrekoak.

Kontratatzen diren pertsonek betebehar hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

a) Langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea.

b) Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

Kontratatutako errelebo-hartzaileetako batek lanpostua uzten badu diruz lagundutako aldia bukatu baino lehen, eta betiere uztearen arrazoia bidegabeko kaleratzea ez bada, beste pertsona batek ordeztu beharko du, gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera, lanaldi bera eta, gutxienez, ordainsari bera errespetatuz, eta hori Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko zaio, kontratu berriaren datatik gehienez ere hilabeteko epean. Dirulaguntzaren xede den errelebo-hartzailea lehentasunezko kolektibo batekoa bada, kolektibo horietatik edozeinetan sartua dagoen beste pertsona batek ordezkatu beharko du.

Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu, diruz lagundutako aldia 36 hilabetekoa dela joko da, betiere ondorio horietarako.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

a) 7.200 euroko dirulaguntza emanen da, baldin eta errelebo-kontratuak 36 hilabeteko iraupena badu. Laburragoa izanez gero, 200 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko.

b) Errelebo-hartzailea jarraian adierazitako lehentasunezko taldeetako batekoa bada, dirulaguntza 9.000 eurokoa izanen da, baldin eta errelebo-kontratuak 36 hilabeteko iraupena badu. Laburragoa izanez gero, 250 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko. Lehentasunezko taldetzat hartuko dira honako hauek:

–Gazte Bermearen Erregistroan inskribatutako gazteak.

–Iraupen luzeko langabeak.

–Errenta bermatuaren hartzaileak.

–Emakumeak.

c) Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, ulertuta hilabete batek 30 egun hartzen dituela.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntza-eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es/eu/) eskura daiteke.

b) Erretiro partzialaren ziurtagiria, enpresarena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan aurkeztua eta hark baliozkotua.

c) Kontratazioa egiten den hilabetean enpresan dauden langile finkoen kopuruari eta aurreko urteko hilabete berean zegoen egoerari buruzko adierazpena. (IV. eranskina).

d) Deialdiaren 3.3 oinarrian ezarritakoa betetzeari buruzko adierazpena (V. eranskina).

d) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrei buruzkoa (I. eranskina).

e) Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko adierazpena, edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu. Orobat, "de minimis" araubidearen barnean dauden adieraziko da (II. eranskina).

f) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea.

g) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena (III. eranskina).

Gardentasun betebeharrak:

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

h) NL-NEZek eskatzen ahal duen dokumentazio oro.

6.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

7.–Aurkezteko epea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

2023ko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

7.3. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko bi hilabeteko epean, gehienez ere.

9.2. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko berariazko edo presuntziozko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

9.4. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Legez ezarritako araudiaren arabera errelebo-kontratu bat sinatzea errelebo-hartzailearekin, deialdi honetan jasotako baldintzetan.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

12.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntza ematea eta ordaintzea ekarri duen kontratazio aldia bukatu ondoren, organo kudeatzaileak beharrezkoak diren egiaztapenak eginen ditu dirulaguntza emateko baldintzak bere horretan mantendu direla ziurtatzeko.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren kontu-hartzailetzari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetza Orokorrari dagozkion finantza-kontrolekoak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezkoak diren gainerakoak.

13.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

14.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

a) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

b) Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak gauzatzen edo betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

c) Errelebo-kontratua bukatzen bada diruz lagundutako aldia bukatu baino lehen, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da, aldi hori betetzeko falta diren hilabeteekiko proportzioan dagokiona, eta berandutze-interesak gehituta. Kaleratzea bidegabetzat jotzen bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

d) Dirulaguntza jasotzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte, eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

15.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz.

Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuan berean jasoko da dirulaguntzaren xedea.

16.–De minimis laguntza.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortuko dituzte (II. eranskina).

17.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18.–Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2217679