19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1438E/2022 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2023ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza enpresentzat. Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxua" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 668461.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

2023ko Hondakinen Funtsak 5.230.512 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 62.579 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 5.293.091 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

2023ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2022ko urriaren 19an aginduzko kontsulta egin zaie Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat. Bi erakundeek iruzkinak egin dituzte ezarritako epealdiaren barruan.

49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak gauzatu ondoren, azaroaren 16an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 298E/2022 Foru Agindua onetsi zen, 2023ko Hondakinen Funtsaren banaketari buruzkoa, zeinean ezartzen baita 937.000 euro erabiltzea eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxurako. Kopuru hori zenbait jarduketatarako banatuko da; zehazki, 407.000 euro bideratuko dira optimizatu eta hobetu daitezen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko sistemak eta balorizatu daitezen hondeatutako material naturalak, betiere honako hauek 2023an egiten dituzten lanak badira:

–Diruz lagundu daitezkeen jarduerak Nafarroan eginen dituzten enpresak.

–Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragile gisa egiaztatutako entitateak, otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan araututako Eragileen Erregistroan inskribatuak badaude.

Era berean, 23.000 euro bideratuko dira aurreko paragrafoan 2024an garatzeko adierazitako jardueretarako, bere garaian onesten diren foru aginduekin bat.

Deialdi honen ondoriozko obligazioei aurre egiteko, proposatzen da ondotik zehazten diren gastuak baimentzea, 2022ko gastu aurrekontuan adierazitako partiden kargura edo 2023ko eta 2024ko gastu aurrekontuan horretarako gaituko den partida baliokidearen kargura;

AURREKONTUKO PARTIDA

2023. URTEA

2024. URTEA

ZENBATEKOA

740001 74100 4701 456200 Hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (1)

250.000,00

10000,00

260.000,00

740001 74100 7701 456202 Hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (1)

157.000,00

13.000,00

170.000,00

GUZTIRA

430.000,00

(1) edo 2023ko eta 2024ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2023an eta 2024an.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza hau emateko deialdia onestea: "2023ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza enpresentzat. Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxua".

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

2023. URTEA

2024. URTEA

ZENBATEKOA

740001 74100 4701 456200 Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (1)

250.000,00

10.000,00

260.000,00

740001 74100 7701 456202 Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (1)

157.000,00

13.000,00

170.000,00

GUZTIRA

430.000,00

(1) edo 2023ko eta 2024ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2023an eta 2024an.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2023an Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzio eragile gisa egiaztatutako enpresa eta entitateei eraikuntza eta eraispeneko hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxurako emanen zaien dirulaguntza arautzea, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 430.000 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital inbertsioak, baldin eta lotuta badaude eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxuarekin. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa. Gehienez, 230.000 euroko zuzkidura du, eraikuntzako hondakinen eta hondeatutako material naturalen arloko berrikuntza jarduketetarako. Hauek dira ekintza diruz lagungarriak:

1. Kudeatzaile baimenduek (R5) aurretik tratatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetarako eta hondeatutako material naturaletarako (II. eranskinean definitzen diren bezala) aplikazio berriak ikertzeko, garatzeko eta berritzeko ekintzak.

2. Material horiek dagoeneko erabiltzen diren prozesu edo produktu industrialak edo eraikuntzakoak garatzeko ekintzak, baina haien ekodiseinua, ingurumen aztarna edo bizi zikloa hobetu nahi dutenak.

b) 2. jarduketa lerroa: Eraikuntza lanetan agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak (II. eranskinean definitzen diren bezala) erabiltzera bideratutako jarduketetarako. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan sustatzen diren obretan honako jarduketa hauek izanen dira diruz lagungarriak:

1. 100.000 euroko zuzkidura du gehienez, agregakin birziklatuak erabiltzeko jarduketetarako.

2. 100.000 euroko zuzkidura du gehienez, hondeatutako material naturalak erabiltzeko jarduketetarako.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Justifikatzen diren gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren gainean, entitate onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 40.000 eurokoa izanen da. Atalen batean soberako krediturik baldin badago, atal horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta aipatutako gehieneko laguntzarekin, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu soberakina geratzen bada oraindik ere, beste atalean banatuko da.

3. Ekipamenduak alokatzea proiektuak irauten duen bitartean.

4. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileentzako zeharkako gastu esklusiboak, otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan araututako Eragileen Erregistroan inskribatuak badaude. Gastu orokorrak eta zeharkako kostuak diruz laguntzen ahalko dira, proiektuaren guztirako aurrekontu diruz lagungarriaren %5 gehienez, justifikatu beharrik gabe.

5. Honako hauek erosteko zenbateko diruz lagungarria:

–Hondeatutako material naturalak: gehienez ere euro 1/t (edo 1,55 euro/m³), Nafarroako instalazio kudeatzaile baimendu batek emana (R5 edo R10), eta materialak Nafarroako eraikuntza eta/edo eraispen obra batetik badatoz.

–Birziklatutako agregakinak: gehienez 9 euro/t (edo 14 euro/m³), eraikuntza eta eraispen hondakinak tratatzeko baimena duen Nafarroako instalazio kudeatzaile batek emana (R5) eta betiere hondakinak Nafarroatik badatoz.

Materialaren jatorria materialen hornitzaileak ziurtatu beharko du, ahaldunak sinatutako ziurtagiri baten bidez.

6. 2. lerroko jarduketetarako, dirulaguntzen instrukzio organoak berrikusiko du dirulaguntzaren xede den obra Nafarroako toki erakunde batek kontratatu duen. Era berean, toki erakunde horrek dirulaguntza bat jaso badu kontzeptu horrengatik (agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak erabiltzea) eta obra bera bada, eskaera ezetsiko da.

7. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragile gisa egiaztatutako eta otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako Eragileen Erregistroan (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak) inskribatutako entitateetako langileen gastuak, proiektuan zuzenean aritzen diren heinean eta proiektuan aritzen diren bitartean. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

8. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko edo espainiar estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.

c) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren obrak.

d) Degradatutako espazioak agregakin birziklatuekin leheneratzeko obrak.

e) Lurrak eskuratzeko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

f) Agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak erabiltzen dituzten obra proiektuak izanik, Nafarroako Foru Komunitatean sortuak direla egiaztatzen ez bada.

g) BEZa edo beste zerga batzuk.

h) Finantza-gastuak.

i) Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

j) Erabilera orokorreko gailu informatikoak: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...

k) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

l) Azpiegituren alokairua.

m) Dietak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

9. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

b) Honako hauek dira laguntza hauek jaso ditzaketenak:

–Diruz lagundu daitezkeen jarduerak Nafarroan eginen dituzten enpresak.

–Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragile gisa egiaztatutako entitate pribatuak, otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan araututako Eragileen Erregistroan inskribatuak badaude.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta dirulaguntza-eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskabide orria (I. eranskina)

b) Garatu beharreko proiektua, non argi eta garbi zehaztuko baitira egin beharreko lanak, memoria tekniko baten bidez. Memoria horretan, egin beharreko ekintzak zehaztuko dira, jarduketa lerroen arabera multzokatuak, eta horien diru zenbatekoak, 2. oinarriaren arabera.

c) 2 a) oinarriko eskaeren kasuan, ahaldunak sinatutako txostena, aurkeztutako proiektuaren berritasun maila eta proiektua garatuko duten langileek doktore titulua duten baloratzeko.

d) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

e) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

f) Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan, laguntzaile bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du proiektu horretarako. Eta eskaera bakoitzean, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztiaz gain, sinatutako lankidetza akordioa erantsi beharko da, eta guztiek proiektuaren memoria bera aurkezten dutela ziurtatu beharko da.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. 2. oinarriko lehen jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Proiektuaren berritasun maila. Berrikuntza eskualde mailan (10 eta 15 puntu bitarte, berrikuntza txikia, ertaina edo altua den), nazio mailan (12 eta 17 puntu bitarte) edo nazioartean (15 eta 20 puntu bitarte).

b) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

c) Lan taldean doktoreak dituzten proiektuei 5 puntu emanen zaizkie.

d) Emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUEN % / PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK

PUNTUAZIOA

≥ 25 eta < 35

1

≥ 35 eta < 50

3

≥ 50

5

e) Agregakin birziklatuaren (ikerketara bideratuak) edo hondeatutako material naturalen erabilera alternatiboak dituzten proiektuen eskaerak baloratzeko, gehienez ere 10 puntu emanen zaizkie irismen eta eragin zabalenak dituztenei, helburuei eta jarduketa eremuei dagokienez.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

2. 2. oinarriko bigarren jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Materialaz hornitzeko aukeratutako kudeatzailetik dagoen distantzia, diruz lagundutako jarduketaren kokapena kontuan hartuta. Gehienez ere 10 puntu.

Jarduketaren lekutik hurbilen dagoen kudeatzailearekiko distantzia hartuko da kontuan. Ez badago, gehieneko puntuazioa lortuko da, eta halakorik badago, distantziaren arabera ordenatuko dira puntuak banatzeko.

b) Jarduketaren beharra, ingurumenarekin, osasunarekin, gizartearekin eta beste irizpide batzuekin lotutako zehaztapenen arabera; gehienez ere 10 puntu emanen dira.

Jarduketaren beharraren justifikazioa aurkeztutako memorian jasota egon beharko da, eta honako hauetan oinarritu daiteke: bideak hobetzea eta egokitzea, berehalako arriskuak murriztea, tokiko ekonomia eta enplegua, turismoa eta ingurumena bultzatzen dituzten jarduketak. Arreta berezia jarriko da errepideetan, baso pistetan, bide edo azpiegitura berdeetan, hiriguneen konexioan, ekipamendu eta zerbitzu publikoetarako sarbidean, natura, turismo, paisaia eta ondare intereseko espazioetarako sarbidean, etab.

c) Ongien definitutako eta dimentsionatutako proiektuak eta dokumentazio teknikoaren kalitatea, 10 puntu gehienez.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Bi hilabeteko epe hori ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Emakidaren ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2024ko otsailaren 29an bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Entitate onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte diruz lagungarriak diren jarduketak bukatu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2024ko martxoaren 31 izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskabidean adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko e letra). Neurri horien ordez, eskabidean proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Jasotako dirulaguntzak zehazten dituen ziurtagiria, honako hauek adierazita:

b.1. Beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten, osorik edo zati batean finantzatzen dutenak deialdi honen bidez finantzatutako proiektua.

b.2. Jasotako dirulaguntzak minimis laguntzatzat hartzen dira, bat etorriz Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoarekin. Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori (EBAO, 352, 2013/24/12).

c) Proiektuaren azken aurrekontua.

d) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

e) 2. oinarriko bigarren jarduketa lerroak egikaritzeko proiektuen kasuan, kudeatzaile baimenduak emandako ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Hornitutako material mota.

–Hornitutako m³ edo tona kopurua.

–Instalazio kudeatzailearen Ingurumen Identifikazio Zenbakia.

–Materialaren jatorria (ikus 5. oinarriaren 3. atala).

Aurreko ziurtagiri horri obra-zuzendaritzaren ziurtagiria erantsiko zaio, non lekua eta erabilitako material tonak edo m³-ak zehaztuko diren.

f) Ziurtatzea egin diren ekintzek betetzen dutela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena.

g) 2. oinarriko bigarren jarduketa lerroko proiektuetarako obra lizentziaren fotokopia.

h) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Oinarri arautzaileen 11. oinarriko a) atalean jasotako hedapen neurriak betetzeko (dirulaguntzaren publizitate aktiboa egitea), onuradunek Hondakinen Funtsaren logoa izan beharko dute oinarri arautzaile hauen bidez finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten hedapen neurri guztien osagarria dela.

Logoa helbide honetan dago eskuragarri: https://oprec-navarra.com/fondo-de-residuos/.

c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

f) Ekipamendu-ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek entitate onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta entitate onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

g) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematea.

2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere doitzen ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada eta ondorioz diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketalerro bereko beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuentzako zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera –Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori (EBAO, 352, 2013/24/12)–. Enpresa bakar bati emandako de minimis laguntza, guztira, ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen hiru ekitaldi fiskaletan. Errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan, de minimis laguntza ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen hiru zerga ekitalditan.

De minimis laguntzak kontabilizatzeko, kontuan hartu behar dira bai enpresa eskatzaileak jasotako laguntzak, bai eskatzailearekin aipatutako Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. apartatuan definitutako lotura duten enpresek jasotakoak ("enpresa bakarraren" kontzeptua edo enpresa talde bateko kide diren enpresak). Era berean, kontuan hartu behar da erregelamendu bereko 3. artikuluaren 8. eta 9. apartatuetan ezarritakoa, enpresak bat egiteko, eskuratzeko edo banantzeko prozesuan dauden enpresei dagokienez.

Kopuru horiek termino gordinetan adierazita daude, hau da, fiskalitate kontzeptuan edozein kenkari egin aurretik.

De minimis laguntzaren forma edo lortu nahi den helburua edozein dela ere aplikatuko dira muga horiek, kontuan hartu gabe emandako laguntza osorik edo zati batean Europar Batasunaren baliabideen bidez finantzatuta dagoen.

Ondorio horietarako, interesdunak eskabide orrian aurreko hiru zergaldietan jasotako bestelako de minimis laguntzak adieraziko ditu.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

17. oinarria.–Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza zer ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan erakundearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Erakundeak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

I. eranskina.–Eskaera eredua.

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu I. eta III. eranskinak (DOC).

II. ERANSKINA

Definizioak

Dirulaguntza hauen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira kontuan:

Agregakin birziklatua: Eraikuntza eta eraispen hondakinak dira; R05 kudeaketa instalaziotik igaro ondoren, baldintza teknikoak, legeria eta obra batean produktu gisa erabiltzeko aplikatu beharreko arauak betetzen dituzte.

Hondeatutako material naturalak: Oinarri hauen ondoreetarako, eraikuntza edo eraispen obretan hondeatutako lur eta harri naturalak dira, baldin eta 9/2005 Errege Dekretuan, konposatu organikoen kasuetarako, ezarritako beste erabilera batzuetako erreferentziako maila orokorrak gainditzen ez badituzte, ez eta metaletarako erreferentziako maila orokor horiei buruz Nafarroan egindako azterlanean lortutako mailak ere, eta betiere, kutsagarria izan daitekeen jarduketa bat kokaturik egon den tokietatik ez badatoz, 9/2005 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

Iragarkiaren kodea: F2300145