19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1309E/2022 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "Hondakinen karakterizaziorako dirulaguntza, MITERDen funtsak" izeneko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 668491.

2021eko apirilaren 14an, Ingurumenari buruzko Konferentzia Sektorialen gehiengoaz hartu zen erabakiaren bidez onetsi ziren Ekonomia Zirkularraren Programari eta Ingurumena Sustatzeko Planari (PIMA RESIDUOS) dagozkien kredituen banaketa irizpideak eta lurralde banaketa, 2021ekoak. 2022ko ekainaren 20an onetsi ziren, modu berean, Udal Hondakinen Kudeaketa Hobetzeko Programari eta Ekonomia Zirkularra-PIMAri dagozkien kredituen banaketa irizpideak eta lurralde banaketa, 2022koak.

Horrela, Nafarroak 80.832,09 euroko zenbatekoa jaso du, Espainian hondakinen kudeaketa hobetzeko behar diren ekintzak bizkortzeko, batetik, eta, udal hondakinen eta ontzi-hondakinen kudeaketari dagokionez, EBko helburu berriak beteko direla bermatzeko, bestetik. Toki erakundeak arduratuko dira ekintza horiek egiteaz.

Adierazitakoaren arabera, eta kontuan hartuta abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea, Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, kredituen banaketa hau proposatzen da:

AURREKONTUKO PARTIDA

PARTIDAREN DESKRIBAPENA

AURREIKUSITAKO GASTUA 2022

AURREIKUSITAKO GASTUA 2023

AURREIKUSITAKO GASTUA 2024

GUZTIRA

740001 74100 4609 456202

MITERDen laguntzak Toki erakundeen Ekonomia Zirkularraren Programarako dirulaguntza (1)

23011,00

5000,00

5978,26

33989,26

740001 74100 4609 456203

MITERDen laguntzak PIMA-Toki erakundeen hondakinetarako dirulaguntza (1)

36.895,00

5.000,00

4.947,83

46.842,83

GUZTIRA

80.832,09

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Hondakinen karakterizaziorako dirulaguntza (MITERDen funtsak), urte anitzekoa, emateko deialdia onestea.

2. Urte anitzeko dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

2022

2023

2024

GUZTIRA

740001 74100 4609 456202 MITERDen laguntzak Toki erakundeen Ekonomia Zirkularraren Programarako dirulaguntza (1)

23.011,00

5.000,00

5.978,26

33.989,26

740001 74100 4609 456203 MITERDen laguntzak PIMA-Toki erakundeen Hondakinetarako dirulaguntza (1)

36.895,00

5.000,00

4.947,83

46.842,83

80.832,09

(1) edo 2023ko eta 2024ko gastu-aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2023an eta 2024an.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Finantzaketaren xedea eta helburua.

Dirulaguntza honen xedea da Espainian hondakinen kudeaketa hobetzeko behar diren ekintzak bizkortzea, batetik, eta, hiri-hondakinen eta ontzi-hondakinen kudeaketari dagokionez, EBko helburu berriak beteko direla bermatzeko, bestetik. Toki erakundeak arduratuko dira ekintza horiek betetzeaz.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da Ekonomia Zirkularraren Espainiako Estrategia-Espainia 2030 delakoaren helburuak lortzeko prozesua bizkortzea (2020ko ekainean onetsi zen estrategia hori), eta gure herrialdean trantsizio ekologiko baterantz aurrera egitea, non ekonomia zirkularrak funtsezko zeregina duen. Zehazki, hauetan jasota daude dirulaguntzak: Ekonomia Zirkularraren Programa, Ingurumena Sustatzeko Plana-PIMA Hondakinak, Udal Hondakinen Kudeaketa Hobetzeko Programa eta PIMA Ekonomia Zirkularra, 2022an

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 80.832,09 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten den jarduketa lerroan banatuko da.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean, industrialdeetako ibilbideetan, errefusaren zatian eta papera eta kartoiaren zatian jasotzen diren hondakinen osaketa ezagutzea, etxeko hondakinak edo etxekoekin parekagarriak direnak eta industrialak bereizteko.

2. oinarria. –Proiektuen betebehar teknikoak

Hondakin zati hauetan egindako karakterizazioak finantzatuko dira:

–Errefusaren zatia, industrialdeetako ibilbideetakoa,

–Papera eta kartoia, edukiontzietan eta/edo atez ateko sisteman bildutakoa industrialdeetan.

Karakterizazio horiek aurreko paragrafoan aipatutako bi zatietan egin beharko dira, estatistika aldetik adierazgarriak izan (kopuruetan eta kantitatean, bildutako guztiarekin alderatuta) eta sasoien araberako aldaketak ere kontuan hartuta.

Proiektuetan industrialdeetako laginketa plan bat ere jasoko da, laginak adierazgarriak direla bermatzeko.

Egindako karakterizazioek II. eranskinean dagoen ereduko atal guztiak bete ahal izateko behar adina datu eman beharko dituzte.

Proiektuetan paperaren eta kartoiaren hezetasunari buruzko determinazioak ere jasotzen ahalko dira, paper eta kartoirako UNE-EN ISO 20287 arauarekin bat.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe dagozkionak, baldin eta horretarako behar-beharrezkoak badira, deialdi honetan eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako epe eta baldintzetan egiten badira, eta emandako dirulaguntza justifikatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu badira.

2. Oinarri hauetan araututako jarduketetarako emanen den gehieneko finantzaketak ez du gaindituko gastu finantzagarritzat jo denaren %90 (BEZa kanpo).

3. Justifikatzen diren gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren gainean, erakunde onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 40.000 eurokoa izanen da. Soberazko kreditua badago, banatuko da onuradun izan direnen artean, puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta zenbateko diruz lagungarria muga dela. Kreditu erabilgarria ahitu arte.

4. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueren ehuneko ehun azpikontratatzen ahalko da.

5. Jarduketa-ildo bakoitzean jasotakoez gain, honako hauek ere ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Dirulaguntza eman baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa edo beste zerga batzuk.

e) Finantza-gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, ez eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

g) Lurrak erosteko gastuak.

h) Azpiegituren alokairua.

i) Dirulaguntza honen xede diren zatietako batean bakarrik egindako karakterizazioak.

j) Erabilera bakarreko elementuak, poltsa konpostagarriak izan ezik (II. eranskineko deskribapenaren arabera).

k) Beharrezkoak ez diren sariak.

l) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

m) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

n) Langileria gastuak.

o) Dietak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak, 2. oinarriko 2.1 eta 3.1 apartatuetan jasotako prestakuntza izan ezik.

p) Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

4. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Onuradunak izanen dira udalerriak edo beste toki erakunde batzuk (mankomunitateak, eta abar), edo toki erakunde horiek osatutako partzuergoak, beren gain hartua badute Nafarroako etxeko hondakinen tratamenduaren eskumena, eta beren eskumeneko zerbitzuei buruzko proiektuak finantzatzeko aurkezten badituzte.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako erakundeek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

3. Era berean, bete beharko dira abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuan, dirulaguntzen arloan, ezarritako xedapenak (errege lege-dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak), bai eta oinarri arautzaile hauetan eta dirulaguntza emateko banakako ebazpenean ezarritakoak ere.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta dirulaguntza-eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskabide orria (I. eranskina).

b) Eskatzaileak baimenik ematen ez badio laguntzak ematen dituen organoari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, egiaztagiri hau aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera. Errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

c) Proiektuaren azalpen zehatza eta irismena jasotzen duen memoria (laginketa plan bat eta haren justifikazio estatistikoa barne), egin beharreko ekintzak ere jasota.

d) Planning bat, bertan zehatz-mehatz adierazita aldi diruz lagungarrian egin beharreko karakterizazioen kopurua.

e) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten difusio neurriak (13. oinarria).

f) Proiektuaren aurrekontu xehatua, proiektua gauzatzeko urte bakoitzari esleitutako aurrekontua adierazita (2022 eta 2023).

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek. Gainera, neurriak hartuko ditu iruzurra eta ustelkeria prebenitu, detektatu, jakinarazi eta zuzentzeko, eta interes-gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio-organoak egiaztatuko du toki erakunde onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da erakunde onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a.1. Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 25 puntu, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 10 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, irismena eta jarraipena, eta Ministerioak ezarritako helburuen planifikazioa: gehienez ere 10 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 5 puntu.

a.2. Paperaren eta kartoiaren hezetasunari buruzko saiakuntzak egitea, paper eta kartoirako UNE-EN ISO 20287 arauarekin bat: 1 puntu saiakuntza bakoitzeko, 5 puntura arte gehienez.

a.3. Ratioa, lagin karakterizatuaren kg/ erakunde parte-hartzaileak industrialde eta merkataritza guneetan bildutako material tona, 2021ean bildutako kopuruen arabera, papera eta kartoiaren zatian:

  • 0.3 eta 0.6 arteko ratioa = 2 puntu.
  • 0.6 eta 1 arteko ratioa = 4 puntu.
  • 1 baino handiagoko ratioa = 6 puntu.

a.4. Ratioa, lagin karakterizatuaren kg/ industrialde eta merkataritza guneetan erakunde parte-hartzaileak bildutako material tona, 2021ean bildutako kopuruen arabera, errefusaren zatian (epigrafe honetan sarturik daude ontzien zatia eta pixoihalen eta bestelakoen zatia):

  • 0.3 eta 0,6 arteko ratioa = 5 puntu.
  • 0.6 eta 1 arteko ratioa = 10 puntu.
  • 1 baino handiagoko ratioa = 15 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak hasiko dira laguntzak eman direla jakinarazi ondoren eta gauzatzeko epea 2023ko abenduaren 31n amaituko da beranduenez. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Onuradunek, jarduketa diruz lagungarriak bukatu eta 2 hilabetera eta, beranduenez, 2024ko otsailaren 29an, justifikaziorako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte modu telematikoan, Nafarroako Gobernuko Atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

1. Memoria, egindako jarduerak behar beste justifikatzen dituzten agiriekin.

2. II. eranskina, PDF formatuan, karakterizazioa egin duen enpresak bete eta sinatua.

3. Proiektuaren azken aurrekontua.

4. Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, onuradunak frogatuko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

5. Argazki erreportajea, publizitatea 13. oinarriarekin bat etorriz egin dela frogatzen duena.

Halere, egindako gastua justifikatzeko ziurtagiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Ezarritako baldintzetan dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzeak; nahikoa ez justifikatzeak, edo oinarri arautzaile hauetan ezarritako gainerako betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du jasotako diru kopuruak itzuli behar izatea, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 37. eta 67. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz. Hala badagokio, jasotako zenbatekoengatik sortutako interesak ere itzuli beharko dira, bai eta dagokion berandutze-interesak ere, dirulaguntzak ordaintzen direnetik itzultzea erabakitzen den arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan jasotako kasuetan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, erakunde onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

13. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez. Eta dokumentuak formatu elektronikoan gordetzea bost urteko epean, eragiketa egiten denetik zenbatzen hasita, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluarekin. Erregelamendu hori Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzkoa da, eta haren bidez aldatzen dira 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua eta 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indarrik gabe uzten da 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 38/2003 Foru Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.4 eta 5. artikuluekin, ondasun inbentariagarriak eskuratzen, eraikitzen, birgaitzen eta hobetzen badira, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko izanen duen epea ez da bost urtetik beherakoa izanen erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, ezta bi urtetik beherakoa ere gainerako ondasunen kasuan.

f) Dirulaguntza hauen jatorriari difusioa emateko, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren bereizgarriak jarri beharko dira material eta ekipamendu guztietan.

g) Difusiorako neurriak hartzea, dirulaguntzaren xedeko jarduketen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko. Difusiorako neurri horiek diruz lagundutako xedera egokitu behar dira, bai formari dagokionez, bai iraupenari dagokionez.

2. Emandako laguntzak errebokatzen ahalko dira, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, funtsen xedeari eta justifikazioari dagokienez.

Dirulaguntza errebokatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du, dauden inguruabarrak kontuan hartuta, jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak osorik edo zati batean itzuli behar diren edo, besterik gabe, ordaintzeke dauden ordainketak baliogabetu behar diren.

Nolanahi ere, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpideei jarraituko zaie, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 n) artikuluan aurreikusitakoarekin, eta lege horren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada eta ondorioz diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketalerro bereko beste erakunde onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuentzako zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Erakunde onuradunak behartuta daude Kontuen Auzitegiak eta Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak eskatzen dieten informazio guztia ematera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1c) eta 46. artikuluetan.

Bai dirulaguntzak emateko fasean, bai horiek ordaintzekoan edo ondoren, dirulaguntza ematen duen organoak, bai eta kontrolerako organo eskudunek ere, barnean direla 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan jasotakoak, egokitzat jotzen dituzten kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko dituzte, emandako laguntza behar bezala gauzatu dela ziurtatzeko. Horrela, bada, eskatzaileak behartuta daude laguntza ematera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio ematera.

5. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak nahiz nazioartekoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, hilabeteko epean, oinarri arautzaileak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Dirulaguntzaren eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA

Karakterizazioaren fitxa

Iragarkiaren kodea: F2300344