19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1012E/2022 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita industriako ETEetan inbertsioak egiteko laguntzen 2023ko deialdia. DDBN identifikazioa: 668740.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Industria sektoreak Nafarroako produktibitate egitura ekonomikoan duen pisua handitzeko, eta ETEen hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko, neurri hau onesten da: dirulaguntzak ematea produkzio-inbertsioko proiektuak egiten dituzten Nafarroako industriako ETEei.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 16an hartutako erabaki baten bidez 9.000.000 euroko urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa hartu zuen 2025erako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETEetan inbertsioak egiteko laguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinen daude.

3. 9.000.000 euroko gastua baimentzea 2022ko gastuen aurrekontuko "Industrian inbertsioak egiteko dirulaguntzak" izeneko 810007-81200-7701-422205 partidaren 2025eko aurrekontuko partida baliokidearen kargura, baldin eta krediturik badago.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810007-81200-7701-422205: industrian inbertsioak egiteko dirulaguntzak

2025

9.000.000,00

Halaber, 6.000.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Laguntzen xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako ETEetan inbertsioak egin daitezen sustatzea, enpresa horien hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).

b) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, bat etorriz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin, foru agindu horren bidez sortu baitzen Nafarroako Industria Erregistroa (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa). Inskribaturik egotea beharrezkoa ez bada, erregistro industrialaren arloan eskumena duen organoaren frogagiria aurkeztu behar da.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

Zehazki, laguntza eskatzearekin batera baimena ematen zaio Industria Sustatzeko Zerbitzuari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak; laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean izan beharko dituzte egunean aipatu betebeharrak. Era berean, enpresan kontratu mugagabeaz ari diren pertsonen kopurua egiaztatzen duten agiriak ere eskuratzen ahalko ditu, 10. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adinako ahalmena duena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Oinarri honetako betekizunak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

4. Enpresa onuradunean egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak laguntza ordaintzeko ebazpenean baimendu beharko du, behar bada, enpresa onuradunaren aldaketa. Hori egin baino lehen, laguntzaren intentsitatearen ehunekoa berriro kalkulatuko da, 8. oinarriarekin bat, eta ez da inoiz izaten ahalko hasiera batekoa baino handiagoa.

5. Ezin dira onuradun izan:

a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, baldin Batzordeak, aurrez, legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu Espainiak emandako laguntza bat.

b) Krisiak jota dauden enpresak, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. puntuan zehazten direnak.

c) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari diren enpresak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

d) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan jasota dauden sektore publikoko entitateak.

6. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, eta merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mendeko eskatzaileen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko lege horretan aurreikusitako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.

Egoera hori kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten sozietateek egiaztatu beharko dute, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudiaren (887/2006 Errege Dekretua) 26. artikuluan ezartzen denari jarraikiz. Kontabilitate araudiari jarraikiz, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez egiaztatzeko beharra ezarri da. Hori Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Debeku hori automatikoki aintzatetsiko da eta bere horretan jarraituko du hura zehazten duten inguruabarrak gertatzen diren bitartean.

3. oinarria.–Inbertsio proiektuen betebeharrak.

Aktibo material eta immaterialetan inbertitzeko proiektuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Honako arlo hauetako jardueraren batera bideratuta egotea:

–Manufaktura-industriak (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala –aurrerantzean, EJSN–,2009: C taldea), salbu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendaturiko produktuak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik).

–Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (EJSN-2009ko D taldeko 353. jarduera).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009ko E taldeko 382., 383. eta 390. jarduerak).

–Salgaien gordailutzea, biltegiratzea eta manipulatzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (EJSN-2009ko H taldeko 521., 5224. eta 5229. jarduerak).

–Informazioa eta komunikazioak (EJSN-2009ko J taldea).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak, aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk eta saiakuntza eta analisi teknikoak (EJSN-2009ko M taldeko 7112. eta 712. jarduerak).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009ko M taldeko 72. jarduera).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN-2009ko M taldeko 741. jarduera).

b) Helburu hauek izatea:

1. Establezimendu berri bat sortzea.

2. Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

3. Establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.

4. Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.

5. Establezimendu baten aktiboak erostea, ondoko baldintza hauek betetzen direnean:

  • I. Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxiko bazen.
  • II. Aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosiak izatea.
  • III. Eragiketa merkatu-baldintzetan gertatzea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo enplegatu batek hartzen dutenean enpresa txiki bat, aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosteko baldintza ez da aplikatuko. Enpresa batek akzioak erostea ez da inbertsioa izanen.

c) Gutxieneko aurrekontu diruz lagungarri bat izatea, 2.1.a) oinarriaren arabera enpresak duen tamainari dagokiona:

ENPRESAREN TAMAINA

GUTXIENEKO AURREKONTUA

Mikroenpresa

15.000 euro

Txikia

50.000 euro

Ertaina

100.000 euro

d) Nafarroan kokatuta egotea. Ulertuko da proiektuen kokalekua dela inbertsioak fisikoki egiten diren tokia. Ez bada posible proiektuen kokaleku fisikoa zehaztea, ulertuko da eskatzailearen egoitzan dagoela, hots, jarduera garatzen duen zentroan. Eskatzaileak egoitza bat baino gehiago baditu edo jarduera zenbait zentrotan garatzen badu, proiektua zertara bideratzen den, jarduera hori garatzen duen zentroa izanen da proiektuaren kokalekua.

e) Kalte nabarmenik ez eragitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena eginen da; laguntzen eskaerari erantsi beharko zaio, eta aditzera eman beharko du proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari.

f) Proiektua gauzatzea laguntza eskatzen den egunetik aurrera eta laguntzak emateko ebazpenean adierazitako proiektuaren amaiera egunera bitarte.

4. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Aktibo material eta immaterialetan egiten diren inbertsioen kostuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1.1. Inbertsioak proiektuari badagozkio zalantzarik gabe eta honako hauetan badautza:

a) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada proiektuaren kostu diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.

b) Ondasun higiezinak eta instalazio orokorrak eskuratzea, eraikitzea edo hobetzea.

c) Makineria, ekipo-ondasunak eta ondoko instalazioak eskuratzea.

Finantza-errentamenduaren bidez eskuratzen badira, 7. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

d) Aktibo immaterialak eskuratzea: patenteak, lizentziak, ezagutza teknikoak edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk.

e) Beste kostu batzuk, b), c) eta d) letrei loturikoak, esate baterako, obra-, jarduera- eta irekiera-lizentziak eskuratzeagatik izandako kostuak, edo arkitektura eta ingeniaritza enpresen edo aholkularitzakoen zerbitzu-sariak. Hauen kontura, jatorriko kostuen %20 izanen da diruz lagungarria gehienez.

Letra bakoitzari dagozkion inbertsio motak laguntzen fitxan argitaratuko dira.

1.2. Lursailak eta ondasun higiezinak eskuratuz gero, zenbateko diruz lagungarria ez da horien merkatu balioa baino handiagoa izaten ahalko, eta hori egiaztatzeko, behar bezala akreditatuta dagoen eta dagokion erregistro ofizialean izena emana duen tasatzaile independente baten ziurtagiria beharko da, edo bestela, behar bezala baimendutako erakunde publiko batek emandakoa. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.

Eskuratutako lursailak edo ondasun higiezinak enpresarenak edo hari zuzenean nahiz zeharka loturiko beste enpresa batenak badira, edo haienak izan badira azken 10 urteetan, eskuratze horiek ez dira diruz lagungarriak izanen.

1.3. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko gastuak, baldin inbertsioaren kostu handiagoaren gisa kontabilizatzen badira.

1.4. Aktibo ukiezinek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiltzea.

Ulertuko da hodeian kudeatzeko software programek edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu direnek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.

b) Aktibo amortizagarritzat hartuko dira.

c) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiko zaizkie, merkatuko baldintzetan.

2. Diruz lagungarriak izan daitezen, inbertsioak enpresaren ibilgetuaren kontu espezifikoetan aktibatu behar dira.

3. Kostu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

d) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

e) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

f) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.

g) Zorren interesak eta bestelako finantza-gastuak.

h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

i) 6. oinarrian adierazitako alditik kanpo gauzatutako kostuak.

j) Laguntzaren eskaeraren eguna baino lehen egindako faktura edo ordainketekin egindako inbertsioak.

k) 500 eurotik beherakoak diren inbertsio-elementuak (salbu eta mikroenpresen kasuan).

l) Inbertsio-elementu baten zatia 500 eurotik beherako zenbatekoaz kontabilizatu edo fakturatzen denean (salbu eta mikroenpresen kasuan).

5. oinarria.–Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.

1. Inbertsio baten gastu diruz lagungarria (BEZa kanpo) 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, 4. oinarriko 1.1 apartatuko c), d) eta e) letren kasuan (bigarren eskuko ekipamendu ondasunetan izan ezik), hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko da, laguntzen fitxan zehazten den moduan.

"Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" inprimakia aurkeztu beharko da inbertsioen justifikazioarekin batera, 13. oinarrian adierazitako moduan.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez onuradunak hornitzailearen hautaketari buruz aurkeztu duen egiaztagiria ez bada nahikoa, inbertsio horri dagokion dirulaguntza ez da ordainduko.

6. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Inbertsioak laguntza eskatzen den egunetik 2025eko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira.

Ondorio horietarako, inbertsioa kasuan kasuko aldian gauzatutzat joko da honako bi baldintza hauek betetzen direnean:

–Inbertsioa fisikoki burututa egotea; 14.2 oinarrian adierazitako moduan egiaztatuko da hori.

–Inbertsioa fakturatuta eta osorik ordainduta egotea.

Inbertsioak ordaindutzat joko dira ordainketa benetan egin denean soilik. Ordaindukoak, kanbio-letrak edo bestelako kanbio-efektuak erabiltzen badira, inbertsioak ordaindutzat joko dira bakar-bakarrik ordainketa benetan egin bada kasuan kasuko aldiaren barruan.

Enpresak bere merkataritza-jardueretan egindako gastu diruz lagungarriak aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan ordaindu behar izan dira edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.

2. Laguntzek duten izaera pizgarria bermatzearren, zeina jasota baitago 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan, ez dira diruz lagunduko laguntzen eskaera eguna baino lehen hasitako edo gauzatutako inbertsioak. Hori egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak bisita bat eginen du enpresaren establezimendura.

Aipatu erregelamendu horren 2.23) artikuluaren arabera, "inbertsioaren hasiera" da inbertsioko eraikuntza-lanen hasiera, edo, bestela, ekipamendu eskaerarako egiten den lehen konpromiso irmoa edo inbertsioa atzeraezina egiten duen beste konpromiso bat, data hori lehenagokoa bada. Inbertsioa egiteko baimenak lortzea ez da inbertsioaren hasieratzat hartuko. Laguntza eskatu baino lehenagoko baimenen zenbatekoa ez da izanen diruz lagungarria. Eskualdatzeen kasuan, ulertuko da inbertsioak hasten direla erositako establezimenduari zuzenean lotutako aktiboak eskuratzen diren unean.

3. Inbertsio proiektuak gauzatzeko epea handitzea eskatzen ahalko da, urriaren 1eko Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta enpresari egotz ez dakiokeen kausengatik bada.

Epealdi hori (2025eko maiatzaren 31ra artekoa) 2025eko abuztuaren 31ra arte luzatzen ahalko da gehienez ere.

Epealdia luzatzeko eskaera laguntzen fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez egin beharko da proiektua amaitzen den urteko apirilaren 15a baino lehen (hori barne), eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ebatziko du horren gainean, hilabeteko epean.

7. oinarria.–Inbertsioak finantza-errentamendu bidez eskuratzea.

1. Inbertsioak instalazioetan edo makinerian egiten direnean, finantza-errentamendu bidez eskuratzen badira, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Onuradunak konpromisoa hartu beharko du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du.

b) Inbertsioaren fakturaren data, finantza-errentamenduaren kontratuarena eta eragiketaren BEZa ordaindu izanarena 6. oinarrian ezarritako gauzatze aldiaren barrukoak izanen dira.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

3. Inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoak muga bat izanen du, zehazki, laguntzak ordaintzeko proposamena egiten den egunean ordainduta dagoen amortizazioaren zenbatekoa.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako ehuneko hauek aplikatuko zaizkie inbertsio proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriei, 2.1.a) oinarriarekin bat enpresak duen tamainaren arabera:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Ertaina

10

Txikia

18

Mikroenpresa

20

2. Gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoa enpresa bakoitzeko 1.000.000 euro izanen da.

9. oinarria.–Laguntza eskaera.

1. Eskaerak aurkezteko epealdia hiru hilabetekoa izanen da. Epealdia deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hirugarren hileko argitalpen-egunaren zenbaki bereko egunean bukatuko da.

2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira laguntzen fitxaren bidez (Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko –http://www.nafarroa.eus– tramiteen katalogoan dagokion fitxa).

Eskaera telematikoan adierazi beharko da enpresa eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa nola eskuratzen den 16. oinarrian zehazten da.

3. Eskera telematikoari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar denean, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.

b) Enpresa eta inbertsio proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa. Uste bada inbertsio-proiektua S4ko lehentasun edo lan-ildoetako batean sartzen dela, horri frogatzen duen memoria aurkeztu beharko da.

c) Enpresaren tamainari buruzko ziurtagiria, merkataritza ganbara batek edo "egiteko publiko-administratiboak" legez esleituta dauzkan zuzenbide publikoko beste erakunde batek egina (egiteko horietakoa baita honelako ziurtagiriak egitea).

Horretarako, honako dokumentazio hau helarazi beharko zaio ziurtagiria egin behar duen erakundeari:

–Itxitako azken 3 ekitaldietako enpresaren urteko kontuak, itxiak, izenpetuak eta merkataritzako erregistroan gordailutuak (auditatuak, nahitaezkoa denean). Beharrezkoa denean, taldeko kontu kontsolidatuak edo eskatzaileari lotutako eta elkartutako enpresen urteko kontuak ere aurkeztu beharko dira, itxitako azken 3 ekitaldietakoak, baldintza berberetan.

Horrez gainera, ziurtagiria ematen duen erakundeak eskatzen dituen gainerako agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira.

Enpresa eskatzailea ETE autonomoa bada (ez enpresa elkarturik, ez loturik), gehienez 5 langile badauzka, eta urteko negozio-kopurua edo balantze orokorra milioi bat eurotik beherakoa bada, bi aukera edukiko ditu: enpresaren tamainari buruzko ziurtagiria aurkeztu edo, bestela, aurreko paragrafoan adierazten den dokumentazioa.

Enpresa nolakoa den zehazteko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko ETEen definizioa aplikatuko da.

Gainera, kasu guztietan, enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

d) Behar denean, 17. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, jasotako beste laguntza batzuen egiaztagiriak.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita betetzen direla onuradun izateko gainerako betekizunak (2. oinarria) eta inbertsio-proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari (3.e oinarrian eskatzen denarekin bat).

f) 10. oinarriko 1.1.2 eta 2.4 apartatuetan ezartzen dena baloratzeko: itxitako azken bi ekitaldietako enpresaren urteko kontuak, itxiak, izenpetuak eta merkataritzako erregistroan gordailutuak (auditatuak, nahitaezkoa denean).

g) 10. oinarriko 1.1.3 apartatuan ezartzen dena baloratzeko: 2022ko abenduaren 31ko lan-bizitzaren txostenak, enpresak Nafarroan daukan dauzkan kotizazio kontuei dagozkienak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak.

h) 10. oinarriko 1.1.4 irizpidea baloratu ahal izateko ("Langileen prestakuntzaren sustapena"): prestakuntza hobariduna tramitatu den urte bakoitzeko "Enpresa txostena" edo "Laburpen txostena -ekitaldia". Txosten horiek www.fundae.es webgunean daude eskuragarri.

i) 1.1.5 irizpidea baloratu ahal izateko ("Genero berdintasunaren sustapena": 10. oinarriko neurriren bat egiaztatzeko agiriak.

j) 1.2 irizpidea baloratzeko ("Ekoizpen ezarpen berria"): 10. oinarriaren araberako egiaztagiriak.

k) 10. oinarriko 2.2 irizpidea baloratzeko ("Inbertsioak fabrikazio aurreratuko sistemetan-4.0 Industria"): eraldaketa digitalerako plana.

4. Ez da beharrezkoa izanen f) letran adierazitako agiriak aurkeztea industriako ETEek inbertsioak egiteko laguntzen aurreko deialdietan aurkeztu badira. Halakoetan, adierazi beharko da agiri horiek zer espediente-zenbakiren harira aurkeztu ziren.

5. Eskaerak oinarri honetan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaera bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

10. oinarria.–Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.

Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1. Proiektua eginen duen enpresa baloratzeko irizpideak:

1.1. Nafarroan 2023ko urtarrilaren 1a baino lehenago diharduten enpresak:

1.1.1. Enpresaren tamaina eta mota:

ENPRESA

PUNTUAZIOA

Ertaina

4

Txikia

6

Mikroenpresa

8

Ekonomia sozialeko enpresak (*)

8

(*) Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluko baldintzak betetzen dituzten enpresak.

Enpresa nolakoa den zehazteko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezartzen dena aplikatuko da. Behar denean, 9.3.c) oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztuko da.

1.1.2. Enpresaren hazkundea:

N URTEKO NEGOZIO-KOPURU GARBIA

(itxitako azken ekitaldia)

/ N-1 URTEKO NEGOZIO-KOPURU GARBIA

PUNTUAZIOA

≥ 1,00 eta < 1,10

1

≥ 1,10 eta < 1,20

3

≥ 1,20 eta < 1,50

5

≥ 1,5

7

Negozio-kopuru garbia enpresa eskatzailearen itxitako azken bi ekitaldietako galeren eta irabazien kontuetan agertzen dena izanen da.

1.1.3. Enpresa eskatzaileak 2022ko abenduaren 31n Nafarroan eduki dituen enplegu mugagabeen ehunekoa:

KONTRATU MUGAGABEA DUTENEN KOP. / KONTRATUEN GUZTIZKO KOP.

PUNTUAZIOA

≥ %85 eta < %90

4

≥ %90 eta < %95

6

≥ %95

8

Kontratu mugagabea dutenen kopurua eta guztirako kontratu kopurua Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanen dituen lan bizitzako txostenetan (2022ko abenduaren 31ra artekoak) ageri direnak izanen dira, eta enpresak Nafarroan duen kotizazio-kontu bakoitzarenak izanen dira. Laguntza eskatzeak berekin dakar organo kudeatzaileari txosten horiek lortzeko baimena ematea.

1.1.4. Langileen prestakuntzaren sustapena:

Baloratuko da enpresak prestakuntza sustatu eta egin duen azken hiru urteetan (2020, 2021 eta 2022) hobari programaren bidez, FUNDAE bitartez. Gehienez ere 3 puntu emanen dira, puntu bat prestakuntza hori tramitatu den urte bakoitzeko.

Eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztuko du "enpresa txostena" edo "laburpen txostena -ekitaldia", prestakuntza hobariduna tramitatu duen urte bakoitzarena. Txosten horiek www.fundae.es-en eskuratu ditzake eskatzaileak.

Baloratuko da "Prestakuntza ekintzetarako erabilgarri" atala (lehen txostena bada) edo "Kreditu erabilgarria" atala (bigarren txostena bada) positiboa izatea.

Oro bat, beste bi puntuz baloratuko da enpresak eskatzaile gisa edo akordio bidez parte hartu izana, azken hiru urteetako batean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza enplegurako konpromisoarekin sustatzeko duen deialdiaren espedienteren batean. Organo kudeatzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez egiaztatuko du baldintza hori betetzen den.

1.1.5. Genero berdintasuna sustatzeko neurri hauetakoren bat hartzea: 2 puntu.

a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esaterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia zigilua" eta abar).

b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak, ahaldundutako pertsonak edo administratzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

c) 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; eta hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

1.2. Ekoizpen-ezarpen berria Nafarroan: 45 puntu. Honako egoeraren bat gertatzen denean:

a) Enpresa Nafarroan ekoizten hastea 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

b) Proiektuaren xedea izatea uholde, sute edo beste natura-hondamendien ondorioz edo enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duen istripu batengatik hondatutako nabeak, makinak eta instalazioak berreraikitzea. Kasu horietan, berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi emandako laguntzak ez dituzte kostuak gaindituko.

Ekoizpen ezarpen berrien kasuak eta egiaztagiriak laguntzen fitxan zehaztuko dira.

2. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak:

2.1. 4.1.1 oinarriko c) eta d) letretan sartutako inbertsioen ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

C) eta D) LETREN INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ %25 eta < %50

5

≥ %50 eta < %75

10

≥ %75

15

2.2. Trantsizio digitala: fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 Industria) egindako inbertsioaren ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ %10 eta < %25

5

≥ %25 eta < %50

10

≥ %50 eta < %75

15

≥ %75

20

4.0 Industrian egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika aurreratua edo adimen artifizialduna.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Errealitate birtuala.

–Errealitate areagotua.

–Simulazio edo biki digitala.

–Big data, analitika aurreratua eta business intelligence.

–Gauzen Internet.

–Cloud computing.

–Zibersegurtasuna.

–AGV.

Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa da enpresak eraldaketa digitalerako plana edukitzea ("Programa Industria Activa 4.0" edo "Itinerarios 4.0" laguntza deialdietan edo "UNE 0061:2019. 4.0 Industria. Digitalizazioa kudeatzeko sistema. Baldintzak ebaluatzeko irizpideak" arauan aurreikusitako irismena daukana), eta enpresaren egoera arau horretan ezartzen diren irizpideen eta dimentsioen arabera ebaluatzea (Dimentsioak: negozio-estrategia eta testuingurua, azpiegitura teknologikoa, antolamendua eta pertsonak, prozesuak, eta produktuak eta zerbitzuak).

2.3. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) sektoreetako batean sartzea.

Horren ondorioetarako, honako hauek dira Nafarroako S4an identifikatutako sektoreak:

–Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.

–Elikadura osasungarria eta jasangarria.

–Energia berdearen industria.

–Medikuntza pertsonalizatua.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industria.

LEHENTASUN TEMATIKOAK

PUNTUAZIOA

Mugikortasun elektrikoa eta konektatua

20

Gainerako lehentasunak

10

2.4. Inbertsio-ahalegina: inbertsio-proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriaren eta enpresak itxitako azken ekitaldiko abenduaren 31n zuen ibilgetu garbiaren arteko ratioa da.

Puntuazioa lortutako balioaren %50 izanen da (diruz laguntzen ahal den inbertsioa / negozio-kopurua %), gehienez 15 puntu.

Negozio-kopurua enpresa eskatzailearen itxitako azken ekitaldiko urteko kontuetatik hartuko da. Oinarri honen 1.2 apartatuaren arabera puntuak lortzen dituzten enpresek ezin lortu izanen dute punturik apartatu honetan.

3. Lortutako puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:

a) Laguntzarik jaso ez izana industriako ETEek inbertsioak egiteko laguntzen azken deialdian.

b) Ondoko irizpideetan puntuazio handiagoa lortu izana:

1. Trantsizio digitala (2.2 irizpidea).

2. Inbertsio-ahalegina (2.4 irizpidea).

3. Inbertsio-proiektua baloratzeko irizpideak (2. apartatuko irizpidearen guztirako puntuazioa).

c) Eskaera aurkeztu den eguna.

11. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 8. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi eginen dira.

2. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, laguntzak emateko proposamena eginen du, eta bertan adieraziko du onuradunek laguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskaerak ebaluatu bitartean, organo kudeatzaileak beharrezko jotzen duen nahi beste informazio osagarri edo argigarri eskatzen ahalko die eskatzaileei, eta ohartaraziko die ezen, ez badiote egindako errekerimenduari 10 egun balioduneko epean erantzuten, aurkeztutako dokumentazioaren arabera ebatziko dela laguntza ematearen gainean.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ebatziko du laguntzen deialdia. Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea (9. oinarrian) amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

4. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko beste epe bat finkatzen ahalko da.

12. oinarria.–Inbertsio proiektua aldatzea eta ez-gauzatzeak jakinaraztea.

1. Inbertsio proiektuan honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Inbertsio proiektuaren kokalekua Nafarroako beste udalerri batera aldatzea.

b) Inbertsio berriak eranstea. Inbertsio horiek 4. oinarrian kostu diruz lagungarrietarako eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

c) Inbertsioen ezabapena edo ez gauzatzea. Inbertsioren bat ez gauzatzeak berekin ekartzen ahalko du 3. apartatuko b) letran adierazitako penalizazioa.

d) Inbertsio baten unitate kopurua aldatzea, gorantz edo beherantz.

e) Inbertsioak aurreikusitakoa baino kostu txikiagoan edo handiagoan eskuratzea.

2. Aldaketa horiek egiteko baimena 13. oinarrian arautzen diren inbertsioen justifikazioa aurkezten denean eskatu behar da.

Aldaketa egiteko baimena ordainketa ebazteko eskumena daukan organoak emanen du, bidezkoa denean.

3. Aldaketak baimentzeak ez du inola ere ekarriko emandako laguntza handitzea, eta gerta liteke laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, honako inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Proiektuari 10. oinarriarekin bat emandako puntuazioa birkalkulatu ondotik egiaztatzen bada ez dela onuradun izateko gutxienekora iristen.

b) Gauzatu ez denaren zenbateko garbiak (gauzatu gabeko inbertsioen zenbatekoa ken onetsitako inbertsio berrien zenbatekoa eta laguntza emateko ebazpenean onetsitako inbertsioen kostu gehigarria) laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontuaren %30 gainditzen badu.

4. Aurreko apartatuko b) letran ezarritakoa ez da aplikatuko onuradunak 2024ko ekainaren 30a baino lehen jakinarazten badu gauzatuko diren inbertsioen aurrekontua txikiagoa dela laguntza emateko ebazpenean onetsitakoa baino. Jakinarazpen hori laguntzen fitxaren bitartez egin beharko da, bertan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.

13. oinarria.–Egindako inbertsioen justifikazioa.

1. Onuradunek laguntzen fitxaren bitartez aurkeztu beharko dute gauzatutako inbertsioen justifikazioa. Horretarako epea laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunean hasiko da, eta 6. oinarrian proiektua gauzatzeko adierazitako aldia amaitu eta hilabete beranduago bukatuko da.

2. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gauzatutako inbertsioen zerrenda, Excelen: onartutako inbertsioen Excel fitxategia laguntzak kudeatzen dituen organoak bidaliko du, onuradunek behar bezala bete dezaten.

b) Proiektua gauzatzeko aldian egindako inbertsioen fakturak eta ordainagiriak.

c) Laguntza emateko ebazpenean onetsitako proiektuari dagokionez izan diren desbideratzeen memoria.

d) Ibilgetuaren liburu handiak (2. taldea), zeinetan inbertsioak kontabilizatu baitira.

e) 2. taldeko batura eta saldoen balantze osoa (amortizazio kontuak barne), ahalik eta xehakatuen, 2023 eta 2024ko ekitaldien abenduaren 31n eta 2024ko abenduaren 31ren ondotik eskuragarri dagoen azken egunean.

f) Itxitako azken bi zerga-ekitaldietako urteko kontu erregistratuak (behar izanez gero, auditoretza eginda).

g) Hornitzailearen hautaketari buruzko egiaztagiriak, 5. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

h) Laguntza ordaindu aurreko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

i) Emandako laguntza 60.000 eurotik beherakoa bada, gauzatutako inbertsioen argazkiak, 14.2 oinarrian adierazitakoaren arabera.

j) Lursailak eta ondasun higiezinak erosi badira: salerosketaren eskritura eta behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoen tasatzaile independentearen ziurtagiria, eta behar bezala baimendutako erakunde publikoarena. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada. Halaber, ondasun higiezinak eskuratuz gero, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokien likidazioa aurkeztu beharko da, non adierazi beharko baita eskuratzearen zenbatekoarekiko adostasuna.

k) Obra zibileko proiektuetan: obra amaierako ziurtagiria, udaleko sarrera-erregistroarekin, eta obra-lizentzia.

l) Ekipamendu-ondasunak edo bigarren eskuko ondasunak eskuratuz gero: ondasunen jatorriari buruzko saltzailearen adierazpena, non aditzera emanen baitu ondasun horiek ez direla izan Espainiako edo Europako ezein dirulaguntzaren xede, eta tasazio independentearen ziurtagiria.

m) Inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatzen badira: finantza-errentamenduaren kontratua, erosteko aukera erabiltzeko konpromiso irmoa, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaindu izanaren ordainagiria eta sorrarazitako lehen eta azken kuotaren ordainagiriak.

3. Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez bada betetzen edo justifikazioa nahikoa ez bada laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo laguntzaren zenbatekoa doituko da, zein den kasua.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunek aurkeztutako justifikazioa aztertu eta ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Horretarako, onuradunei eskatzen ahalko die beharrezko jotzen duen informazio osagarri eta argigarri guztia, eta adieraziko die ezen, ez badiote errekerimendu hori erantzuten 10 egun balioduneko epean, aurkeztutako dokumentazioarekin ebatziko duela laguntzaren ordainketa.

2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egiteko. Horretarako, zerbitzuko langileek bisita bat eginen dute inbertsioen kokaleku den enpresaren establezimendura, inbertsioen justifikazioa aurkeztu eta hilabeteko epean, eta inbertsioen egiaztapenaren akta eginen dute. Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio-elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, onuradunek argazki bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak gauzatu dituztela.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari igorriko dio ordainketa proposamena, non adieraziko baitu onuradunak bete dituela bai dirulaguntzaren xede ziren helburuak, bai dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen dioten baldintzak.

4. Ordaintzeko ebazpena inbertsioen justifikazioa aurkeztu ondoko hiru hilabetean emanen da.

5. 6.3 oinarriaren arabera gauzatzeko epealdia luzatzeko baimena duten proiektuetan eta 11.4 oinarriaren arabera dirulaguntza jasotzen ahal duten proiektuetan ordainketa-prozedura honako hau izanen da:

a) 13.2 oinarrian ezarritako justifikazio-dokumentazioa proiektua gauzatzeko epealdia luzatzen duen ebazpenean edo dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazten den epealdian aurkeztu beharko da, kasuan kasukoa. Aurkeztu ondoren, 2025eko abenduaren 31 baino lehen emanen den ebazpenaren bidez, laguntza kontura ordaintzeko agindua emanen da, justifikatutako inbertsioak adinakoa, eta justifikatu gabeko inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) 2026ko ekainaren 30a baino lehen, aipatutako justifikazioa aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, konturako ordainketa likidatzeko ebazpena emanen da.

Ebazpen horretan adieraziko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak, eta laguntzaren azken zenbatekoa zehaztuko da. Laguntza hori egin den konturako ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli egin beharko da.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza.

b) Inbertsio proiektua gauzatzea 6. oinarrian adierazitako epean.

c) Inbertsioak enpresaren ibilgetuan kontabilizatzea.

d) Gauzatutako inbertsioak justifikatzea 13. oinarrian aurreikusitako moduan.

e) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jarduera ekonomikoari atxikita mantentzea, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, inbertsioak amaitzen direnetik aurrera.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko xedearen betebeharra.

f) Industria Sustatzeko Zerbitzuari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasunen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

g) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

h) Behar bezalako publizitate publikoa egitea inbertsio proiektuaren finantzaketari buruz, enpresaren webgunean, ikusteko moduko toki batean, honako esaldi hau jarriz: "‘xxx’ inbertsio-proiektua Nafarroako Gobernuak kofinantzatu du, industriako ETEetan inbertsioak egiteko laguntzen 2023ko dirulaguntza deialdiaren bitartez". Betebehar hau nahitaez bete behar da dirulaguntzaren ordainketa egin dadin.

i) Proiektuari lotutako egiaztagiri guztiak lau urtez gordetzea, laguntza ordaintzen den urteko abenduaren 31tik aitzina.

j) Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko Ministerioak edo beste edozein kontrol eta fiskalizazio organo eskudunak egin ditzaketen kontrolak onartzea eta horietan laguntzeko prest agertzea.

k) Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, proiektua gauzatu dela justifikatu baino lehen.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen fitxaren bitartez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak. Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

18. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108. artikuluaren 3. apartatuan ezarria), betetzen baititu Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta III. kapituluaren 17. artikuluan ("ETEen aldeko inbertsiorako laguntzak") ezarritako baldintzak, zeinak barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

19. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

20. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari bidalita, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete iragan baino lehen.

Iragarkiaren kodea: F2300281