18. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdia onesten da 4 sari emateko garraioaren, logistikaren eta mugikortasunaren arloetako Ikasketa Amaierako Lanik hoberenei, hots, 2020-2021 edo 2021-2022 ikasturtean Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako batean (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea eta Zaragozako Unibertsitatea) aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten graduko eta masterreko edozein titulaziotako lanik hoberenei.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta ANET, CEN, ANEM, ALINAR eta NASUVINSA entitateen arteko lankidetzarako tresna da NUPen Logistikaren Katedra, eta haren helburua prestakuntzako, ikerketako eta transferentzia teknologikoko ekintzen bidez ezagutza sortzea da, garraioarekin, logistikarekin eta mugikortasunarekin lotutako gaietan aurrera egiteko.

Hori dela eta, katedrako Segimendu Batzorde Mistoak erabaki zuen 2023ko jarduera-programaren barruan honako deialdi honen oinarriak onestea: 2020-2021 edo 2021-2022 ikasturtean Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako bateko graduko edo masterreko edozein titulaziotako ikasleek aurkeztu dituzten eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten garraioaren, logistikaren eta mugikortasunaren arloetako Ikasketa Amaierako Lanik hoberenei 4 sari emateko deialdia.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedrak egindako akta eta proposamena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea 2020-2021 edo 2021-2022 ikasturtean Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako batean aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten garraioaren, logistikaren eta mugikortasunaren arloetako Ikasketa Amaierako Lanik hoberenei 4 sari emateko deialdia, ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 3.000 euro-koa gehienez, sarietarako izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2023ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.31.29,9204 0380 480.25 Katedren sarietarako 3.000,00 euro.

Hirugarrena.–Sariak bi modalitatetan emanen dira: Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak. Bi modalitateetako bakoitzean 1.000,00 euroko lehenbiziko sari bat eta 500,00 euroko bigarren sari bat emanen dira.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena %15ekoa izanen da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.

Bosgarrena.–Agindua ematea ebazpen hau argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-logistica) eta Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 12an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco Javier Arregui San Martín.

I. ERANSKINA

Oinarriak

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN LOGISTIKAREN KATEDRAK EGINDAKO DEIALDIA IKASKETA AMAIERAKO LANIK HOBERENEI SARIA EMATEKO: I. EDIZIOA

Eranskina, urtarrilaren 12ko 27/2023 Ebazpenarena

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, NUPen Logistikaren Katedra osatzen duten entitate parte-hartzaileekin batera (ANET, CEN, ANEM, ALINAR eta NASUVINSA), uste dute beharrezkoa dela ezagutza sortzea garraioaren, logistikaren eta mugikortasunaren arloetan, unibertsitateko ikasleentzako eta sektoreko profesionalentzako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak eginez.

Hori dela medio, Logistikaren Katedrak deialdia egiten du 4 sari emateko 2020-2021 edo 2021-2022 ikasturtean Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako batean aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten Ikasketa Amaierako Lanik hoberenei. Graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke baldin Ikasketa Amaierako Lana ikasturte horietan eta arlo hauetan egin bazuten: garraioa, logistika eta mugikortasuna.

Horiek horrela, Logistikaren Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Garraioaren, logistikaren eta/edo mugikortasunaren arloetako Ikasketa Amaierako Lanik hoberenei 4 sari emateko prozedura arautzea da deialdi honen xedea, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek 3.000,00 euroko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2023ko gastuen aurrekontuko 30.31.29.9204 0380 480.25 Katedren sarietarako izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

3.–Deialdiko sariak.

Sarien deialdiak modalitate hauek izanen ditu:

1. Gradu Amaierako Lanen modalitatea.

1.1. 1.000,00 euro-ko sari bat. Epaimahaiak zilegi du kategoria honetan bi sari ex aequo ematea. Kasu horretan, erdi bana banatuko da saria bi irabazleen artean.

1.2. 500 euro-ko sari bat.

2. Master Amaierako Lanen modalitatea.

2.1. 1.000,00 euro-ko sari bat. Epaimahaiak zilegi du kategoria honetan bi sari ex aequo ematea. Kasu horretan, erdi bana banatuko da saria bi irabazleen artean.

2.2. 500 euro-ko sari bat.

4.–Hautagai izateko baldintzak.

Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako bateko graduko edo masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin eta Ikasketa Amaierako Lana garraioaren, logistikaren eta mugikortasunaren arloetan egin badute eta 2020-2021 edo 2021-2022 ikasturtean gainditu badute, hau da, IALak 2020ko irailaren 30etik 2022ko irailaren 30era bitarte defendatzeko deialdietan. Gainera, lanaren kalifikazioak "Bikain" edo "Ohorezko matrikula" izan behar du.

5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.

1. Sariketara aurkezten direnek inprimaki normalizatu baten bidez formalizatu beharko dute eskaera (esteka honetan dago eskuragarri: https://bit.ly/3I289R8) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dute, esteka honen bitartez:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ial-saria-logistika-katedra?languageId=100001

2. Gainera, Gradu edo Master Amaierako Lanik hoberenen sariketan lehiatzeko, mezu elektroniko bat bidali beharko dute catedra.logistica@unavarra.es helbidera, hautagaitzak aurkezteko epea bukatu baino lehen, "GAL sariak-Logistikaren Katedra" edo "MAL sariak-Logistikaren Katedra" gaiarekin, izen-deiturak idatzita eta dokumentu hauek erantsita:

1) Ikasketa Amaierako Lan osoa, pdf formatuan.

2) Ikasketa Amaierako Lanaren ildo nagusien laburpena (4 orrialde gehienez).

3) Azalpen labur bat, aditzera ematen duena Ikasketa Amaierako Lanak saria zergatik merezi duen eta zer ekarpen egiten dion proposatutako arloetakoren bati (orrialde bat gehienez).

4) IALa dibulgatzeko azalpen-bideoa (2-3 minutukoa, horizontalki grabatua), hizkera errazekoa, ulerterraza eta jende guztiarengana iristeko modukoa.

Hilabeteko epea dago hautagaitzak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

6.–Saridunen betebeharrak.

1. Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedrak antolatuko duten ekitaldi publiko baten ondoren eginen da.

2. PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena %15ekoa izanen da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

3. Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

7.–Sariaren epaimahaia.

Hauek dira sariak emanen dituen epaimahaia osatuko duten bost kideak:

–Logistikaren Katedraren lehendakaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Logistikaren Katedraren zuzendaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dena, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Batzorde Mistoko hiru kide, edo haiek eskuordetutako pertsonak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, epaimahaikideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

8.–Sariaren esleipena.

1. Bi modalitateetara aurkeztutako hautagaitzak ebaluatuko ditu epaimahaiak, hiru alderdi kontuan hartuta:

–Aztertutako gaiak zenbateko interesa duen eta zein neurritan egokitzen den deialdiaren edukietara.

–Nolakoa den lanaren kalitate zientifikoa eta teknikoa. Zenbateko zehaztasunez erabiltzen diren iturriak eta nolakoa den lanaren barne sendotasuna.

–Estiloa zuzena ote den, eta lana adierazteko eta aurkezteko modua argia ote den.

Gero, txosten arrazoitu baten bidez, modalitate bakoitzeko bi hautagaitza hoberenak proposatuko ditu (irabazlea zein den eta bigarrena zein den adierazita). Bestetik, epaimahaiak Ikasketa Amaierako Lanetako batzuen azalpena eta defentsa eska lezake, haiek hobeki ebaluatu ahal izateko.

2. Ikasketa Amaierako Lanen azalpena eta defentsa egin behar izanez gero, presentzialki edo online egiten ahalko da, eta alderdi berberak baloratuko dira.

Azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.

3. Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio modalitate bakoitzeko lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanik hoberenei lehenbiziko eta bigarren sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

4. Epaimahaiak eman gabe utz litzake sariak, hala egitea egokia iruditu zaiolako edo hautagairik ez dagoelako.

5. Zilegi da, halaber, lehenbiziko saria ex aequo ematea, epaimahaiari hala egitea egokia iruditzen bazaio.

6. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedrak zabalduko du saria esleitzen duen ebazpena.

9.–Irudi eskubideak eta jabetza intelektuala.

Nabarmendu beharra dago deialdiko parte-hartzaileek egindako defentsak webgunean, sare sozialetan eta Interneten zabaltzen ahalko direla. Datuen babesari buruzko araudia eta 1/1982 Lege Organikoaren aginduak kontuan hartuta, deialdi honetan parte hartzeak zabalpen hori baimentzea dakar berekin.

Enpresaren edo erakunderen batekin konfidentzialtasun hitzarmen edo betebehar bat sinatua eta indarrean duten Ikasketa Amaierako Lanek, bai GALek eta bai MALek, akordio horretan ezarritakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, hautagaien ardura izanen da beren eskaeretan eta defentsetan datu edo informazio konfidentzialik ez zabaltzea.

10.–Datuen babesa.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuen tratamenduaren xedea logistikaren arloan ezagutza sortzea da, eta, horretarako, Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako Ikasketa Amaierako Lanik hoberenari saria emateko deialdia egiten da. Hortaz, tratamenduaren oinarri juridikoa botere publikoa baliatzea eta interes publikoaren misioa betetzea da, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera.

Datuen tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk erabiltzeko ere, helbide honetara idatziz: delegado.protecciondatos@unavarra.es.

NUPek eta, behar den kasuan, deialdi honetan parte hartzen duten entitate eta unibertsitateek datu hauek tratatuko dituzte: hautagaien identifikazio-datuak, harremanetan jartzekoak, sinadura eta Ikasketa Amaierako Lanak, bai eta grabatu beharreko bideoko ahotsa, irudia eta bestelako edukiak ere. Horretaz gainera, zer hautagaitza proposatu diren eta saria nork irabazi duen zabalduko da. Halaber, bankuko datuak ere tratatuko dira saridunei ordainketak egiteko.

11.–Argitalpena.

Deialdi hau eta bere oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-logistica) eta Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedraren webgunean baizik ez dira argitaratuko.

Bitarteko horiek izanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Logistikaren Katedrak onartutako publizitate tresna bakarra; nolanahi ere, baliteke interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea modu osagarri eta ez-ofizialean.

12.–Errekurtsoak.

Interesdunek, deialdi honen eta bere oinarrien aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, hilabeteko epean Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2301062