18. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LEKUNBERRI
–LEKUNBERRIKO GARAPEN ELKARTEA SL (LGE) UDAL SOZIETATE PUBLIKOA–

Deialdia, Kulturako teknikari lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, C1 mailako euskara-ezagutza duena, eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda osatzeko

Lekunberriko Garapen Elkartea (LGE) udal sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2022ko abenduaren 1ean, hautaketa-proben bidez, Kulturako teknikari plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko oinarriak onartzea erabaki du (lanpostu horretarako euskara jakin beharko da), eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat ere eratuko da.

Interesatuek deialdiaren oinarriak ikusi ahal izango dituzte udal web orrian: www.lekunberri.eus.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Lekunberriko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Alde Zaharra, 41 zk., 31870-Lekunberri) (9:00etatik 14:00etara), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2020 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabide horiek bat etorri beharko dute deialdi honetan I. eranskin gisa argitaratutako ereduarekin.

Lekunberrin, 2023ko urtarrilaren 10ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

KULTURA-TEKNIKARI LANPOSTU BAT LEHIAKETA-OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK (C1 MAILAKO EUSKARA-EZAGUTZA); ERA BEREAN, ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO DA DEIALDIA

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da C1 mailako euskara-ezagutza duen kulturako teknikari-plaza bat lehiaketa-oposizio bidez betetzea, eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzea, sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

1.2. Lanpostuak B mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Lansariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan. Halaber, Lekunberriko Udaleko plantilla organikoan ezarritako osagarriak gehituko zaizkie.

1.3. Araubidea kultura-arloaren premien araberako lanaldia izanen da; gaur egun, lanaldi erdikoa. Ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahal izanen dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.4. Izendapenak aldi baterako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, kultura-teknikari gisa, ondorio guztietarako. Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da, eta bertan alta emanen zaio.

1.5. Lanpostuak euskarazko nahitaezko hizkuntz eskakizuna du, C1 mailakoa. Izangaiak maila hori duela frogatu beharko du, hizkuntza eskola ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki horren balio bera duen titulua aurkeztuta; bestela, proba bat gainditu beharko du, hizkuntza-maila behar adinakoa duela egiaztatzeko.

1.6. Lanbide-profilaren definizioa.

Herrian kulturaren arloan esku-hartzeko proiektua diseinatu, planifikatu eta gauzatuko du, eta harremanean egonen da herriko elkarteekin eta mugimenduekin. Lekunberriko kultura-ekipamenduak, azpiegiturak eta guneak kontrolatuko ditu, erabiltzaileen eta jendearen artean hedapenerako, sorkuntzarako, prestakuntzarako eta fidelizaziorako berariazko tekniketan oinarrituta.

1.7. Mailari eta kategoriari dagozkion berezko eginkizunak beteko ditu: kultura-programak eta -jarduerak diseinatu, planifikatu eta ebaluatu; erakundeekiko harremana ezarri; aurrekontu-kudeaketa eta gastuen kontrola; bere kargura dituen instalazioen erabileraren kudeaketa; herriko elkarte eta mugimenduekin harremanetan egon; eta jarduera-eremuarekin lotura duten jarduerak eta gainerako zereginak koordinatu; udalerriko gertakarien berri eman. Orobat, jarduerak eta kudeaketak udal-bulegoetatik kanpo eginen ditu, behar izanez gero, eta asteburuetan eta jaiegunetan.

–Ekintza plangintzak proposatu, esleituko zaizkion kultura-espazio edo -azpiegituretarako.

–Espazioak eta materialak erabiltzeko eskaerak ebatzi, eta daten eta ordutegien banaketa planifikatu.

–Aurkezten diren jarduera- eta ikuskizun-proposamen guztiei harrera egin, horiek bideratu eta, hala badagokio, proposamen horiek Udalari helarazi.

–Plangintzan jasotako helburuak betetzeko esleitu aurrekontua aplikatu.

–Laguntzak eta dirulaguntzak prestatu eta kontrolatu, eta, halaber, horiek behar bezala eta egokiro inbertitzen direla zaindu.

–Udalerrian jarduten duten beste erakunde batzuei emandako laguntzak eta dirulaguntzak nola arautu, aplikatu eta kontrolatu behar diren proposatu.

–Proposamenak eginen ditu kulturaren arloan, hautemandako beharretatik abiatuta, eta erabiltzaileek egindako eskaeretatik bere eskumeneko diren horiek ebatzi.

–Bere ardurapeko esku-hartze kulturaleko proiektuen eta programen plangintzen garapenean aldaketak proposatu.

–Kultura-jardueren programazioa proposatu eta programazio hori publiko potentzialari eraginkortasunez eta behar besteko aurrerapenarekin jakinarazi. Horretarako IKTak, hedabideak eta bide horiek erabili: tokiko prentsa eta irratia, web-orriak eta sare sozialak, besteak beste.

–Jai eta kultura-ekitaldiekin lotura duten kudeaketak.

–Lekunberrin herritarren eta gizarte- eta kultura-eragileen artean arte-sorkuntza sustatu eta bultzatu.

Eta udalak agintzen dizkion bestelako eginkizunak, haren lanpostuarekin bat etorriz, haren titulazioaren eta mailaren arabera.

1.8. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako premietarako eta ordezkapenetarako aldi baterako izangaien zerrenda bat osatzea.

2.–Eratutako zerrendaren iraunaldia.

Deialdi honetan hautaprobak plazarik gabe gainditzen dituzten izangaiek B mailako teknikarien aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda osatuko dute, eta zerrenda hori amaitu arte edo lanpostuak behin betiko betetzeko hautaketa-prozedura espezifikoak hasi arte edo aldi baterako kontratazio-zerrenda berria egin arte egongo da indarrean.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla-eta, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gainerako atzerritarrek legezko bizilekua Espainian eduki behar dute edo, bestela, indarraldian dagoen lan baimena.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean goi-mailako gradua edo unibertsitate-gradua edo baliokidea izatea.

d) EGA edo C1 euskara-maila izatea. Hori egiaztatu ezin badu, izangaiak egin beharko du Euskarabideak - Euskararen Nafar Institutuak antolatutako C1 hizkuntza-maila edo baliokidea egiaztatuko duen proba bat. Proba horren data onartuen behin-behineko zerrendan ezarriko da.

e) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izan behar ditu.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuan Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo zigor penalik.

g) B motako gidabaimena indarrean eduki beharko du, edo bere baliabideekin mugitzeko konpromisoa aurkeztu beharko du.

Baldintza horiek guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eduki beharko dira, eta horietakoren bat gerora ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lekunberriko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Alde Zaharra 41, 31870 Lekunberri) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

4.2. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogei (20) egun natural izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

4.3. Eskabide hori deialdi honetan ‘I. eranskina’ gisa argitaratutako ereduarekin bat etorriko da.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatutako titulua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

b) Nortasun Agiri Nazionala.

c) B1 motako gidabaimena edo norberaren baliabideekin mugitzeko konpromisoa.

d) EGA edo C1 euskara-maila izatearen justifikantea, edo Euskarabideak - Euskararen Nafar Institutuak C1 hizkuntza-maila edo baliokidea egiaztatuko duen proba bat egiteko konpromisoa azaldu beharko du.

Baldin eta eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Agiriak Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideren bat erabiliz aurkezten badira, eskatzaileak eskabidea igorri dela jakinaraziko dio administrazio kontratatzaileari posta elektronikoz (bulegoak@lekunberri.eus), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzen duen agiria, organo eskudunak luzatua, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat.

Halaber, izangaiek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eska ditzakete; horren beharra izanez gero, eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

5.–Behin-behinekoen zerrendak.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda Lekunberriko Udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki-taulan emanen da argitara (https://lekunberri.egoitzaelektronikoa.eus/info.0).

Iragarki-taulan agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean emanen da argitara behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

6.–Behin betikoen zerrendak.

Aurkezten diren arrazoibideak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori jendaurrean jarriko da Lekunberriko Udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://lekunberri.egoitzaelektronikoa.eus/info.0), aurreikusitako hautaprobak egiteko egunarekin eta lekuarekin batera.

Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak argitaratuta, jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 40. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Osaera:

Epaimahaiko burua: Gorka Azpiroz Razquin, Lekunberriko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Izendatuko den pertsona.

Lehen mahaikidea: Joseba Ordoqui Ochoa, Lekunberriko Udaleko zinegotzia

Ordezkoa: Izendatuko den pertsona.

Bigarren mahaikidea: Arkaitz Goikoetxea Arriola, Lekunberriko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Izendatuko den pertsona.

Hirugarren mahaikidea: Ángel García Carreño (KUNAko lehendakaria, Nafarroako Kultura Kudeatzeko Lanbide Elkartea).

Ordezkoa: Izendatuko den pertsona.

Laugarren mahaikidea: Íñigo Osés Maestro (KUNAko lehendakariordea, Nafarroako Kultura Kudeatzeko Lanbide Elkartea).

Ordezkoa: Izendatuko den pertsona.

Bosgarren mahaikidea: Amaia Landa Sucunza, Lekunberiko Garapen Elkartearen Gerentea.

Ordezkoa: Izendatuko den pertsona.

Seigarren Mahaikidea: Amaia Balda Arrizurieta, Lekunberri Udaleko Langileen ordezkaria.

Idazkaria: Lekunberriko Garapen Elkartea SL sozietate publikoarena.

Ordezkoa: Lekunberriko Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa biltzen ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.4. Epaimahaiak aholkularien laguntza eskatzeko eskumena izanen du proba guztietan edo batzuetan. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetara soilik mugatuko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko eginen diote, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta indarrean dagoen araudian abstenitzeko ezartzen diren egoeretako batean badaude. Halaber, izangaiek haiek errekusatzen ahalko dituzte, egoera horietako bat gertatuz gero.

Era berean, izangaiek zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen bada.

Abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako kausak direla-eta, epaimahaia aldatzen bada, aditzera emanen da onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

7.6. Hautaprobak hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

8.–Lehiaketa.

8.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala justifikatuak, aurkeztutako agirien arabera, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak. Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean dituzten merezimenduak soilik baloratuko dira; epe horretatik aitzin lortzen direnak ez dira zenbatuko. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

8.2. Prestakuntza osagarria. Gehienez ere 20 punturekin baloratuko da. (Titulu guztiak enpresek/administrazioak edo prestakuntza-zentro ofizialek jaulki beharko dituzte).

a) Kultura-kudeaketako edo kultura-politiketako graduondokoa, gutxienez 150 ordukoa: 7 puntu.

b) Kultura-kudeaketako edo kultura-politiketako masterra, gutxienez 200 ordukoa: 10 puntu.

c) Animazio soziokulturaleko diplomatura/LH: 3 puntu.

9.–Oposizio-proba.

Oposizio-fasea hasi aurretik, euskara-proba eginen zaie deialdi honen 3.1.d) oinarrian eskatutako ezagutza agiri bidez egiaztatu ez dutenei eta proba egiteko interesa adierazten dutenei. Proba horretan bi ariketa eginen dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den edo ez, C1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna.

9.1. Oposizioak hiru proba izanen ditu, eta horietan lanpostuaren jarduerari buruzko ezagutza praktikoak baloratuko dira:

a) Lehenengoa, galdera-sorta, "test" motakoa izanen da, eta hogeita hamar galdera izanen ditu, lanpostuko jarduerei buruzko ezagutza orokorrei eta berariazkoei buruzkoak; horietan, erantzunetako bat bakarrik izanen da zuzena. Galderek II. eranskinean jasotako gaiekin izanen dute lotura. (Udalak ez du gai-zerrenda garaturik emanen).

Proba 0 eta 30 puntu artean baloratuko da (gainditzeko gutxienez 15 puntu lortu beharko dira). Galdera guztiek balio bera izanen dute (1,00 puntu).

Testa erreserbatutako beste 5 galdera gehiagorekin osatuko da. Erreserbako galderak azterketako galderaren bat baliogabetzen bada bakarrik puntuatuko dira. Galdera bat baliogabetzen bada, erreserbako lehenengoa puntuatuko da, eta horrela, hurrenez hurren.

Proba plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen da.

b) Bigarren proban, lanpostuaren eginkizunekin eta edukiarekin lotura izanen duen kasu praktiko bat ebatzi beharko da, gehienez ere 90 minutuan burutu beharrekoa, epaimahaikideek izangaien gaitasunak baloratze aldera. Gehienez ere 40 puntu (gainditzeko, gutxienez ere, 20 puntu eskuratu beharko dira).

Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: idatzizko adierazpen-gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, ideien argitasuna eta ordena, eta sintesia egiteko gaitasuna.

Proba plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen da. Gehienez ere 7 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non zabalduko diren (eguna, ordua eta tokia), eta ekitaldi publikoan eginen da.

Plikak irekitzeko ekitaldian berean, hirugarren probaren eguna finkatuko da, eta ariketak berrikusteko epea ezarriko da, horretarako eskaera egiten dutenentzat.

c) Hirugarren proban, kasu praktikoaren irakurketa eta defentsa epaimahaiaren aurrean eginen da. Gehienez 10 puntu lortu ahal izanen dira, eta ez da baztertzailea izanen.

Edukiaz gain, honako hauek ere balioetsiko dira: idatzizko adierazpen-gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, ideien argitasuna eta ordena, eta sintesia egiteko gaitasuna.

Probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren NANa, pasaportea edo AIZ eraman beharko dute, bestela ez baitute proba egiterik izanen.

10.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

10.1. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Lekunberriko Udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki-taulan https://lekunberri.egoitzaelektronikoa.eus/info.0

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Alkatetzari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen-prozesuaren espediente osoa, behin betiko onespena eman diezaion.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu duenak izanen du lehentasuna, eta horrela berdinketa hausten ez bada, lehen ariketan puntu gehien lortu duenak izanen du, eta hala ere berdinketak badirau, zozketa eginen da.

10.2. Agiriak aztertu eta ikusten bada izangaiek ez dutela betetzen deialdian ezarritako baldintzetakoren bat, deuseztatu eginen dira haien jarduketak, hasierako eskabidean informazio faltsua emateagatik egozten ahal zaien erantzukizuna galarazi gabe.

10.3. Puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiak gehienez astebeteko epean hasi beharko du lanpostuan, deialdia egin duen administrazioaren kontratazio-proposamena onartzen den egunetik zenbatzen hasita.

10.4. Probak gainditu dituzten gainerako izangaiei dei egiten ahalko zaie sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikagarriak diren gainerako arauei jarraiki.

11.–Helegiteak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako helegite hauetako bat aurkez daiteke, hautaz:

a) Berraztertzeko helegitea egintza eman duen organoaren beraren aurrean, hilabeteko epean, egintza hori jakinarazi edo argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-helegitea, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, helegitea jaso duen egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko helegitea aurkez daiteke deialdia egin duen udal-organoari zuzenduta, hilabeteko epean, helegitea jaso duen egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide-eredua

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA-GAITEGIA

Probetarako gaiak

1. gaia.–Kultura-jardueren zabalkundea, publizitatea, arreta eta publikoen kudeaketa.

2. gaia.–Jaietako eta jai-kulturako jarduerak programatu eta gauzatu.

3. gaia.–Kultur etxe batean jarduerak programatu eta gauzatu.

4. gaia.–Lekunberriko Udaleko kultura-zerbitzua antolatu eta herriko kultura-eragileak, ospakizunak eta elkarteak ezagutu.

5. gaia.–Publiko berriak kudeatu eta kultura-bitartekaritza egin.

6. gaia.–Udalaren kultura-jarduera finantzatzeko iturriak, publikoak eta pribatuak. Mezenasgoari buruzko foru-legea.

7. gaia.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki-erakundeei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.

8. gaia.–Nafarroako Antzoki Sarea.

9. gaia.–Xedapenak eta administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Faseak. Prozedura bereziak. Administratua. Herritarren eskubideak. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Erregistroak. Epeen kontaketa.

10. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen kontratuak. Xedapen orokorrak. Prestakuntza-jarduketa administratiboak. Esleitzeko prozedura eta moduak.

11. gaia. Lekunberriko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza. I. kapitulua. Ordenantzaren xedea eta aplikazio-eremua. III. Kapitulua. Herritarren eskubideak. V. kapitulua. Udalaren barne-funtzionamendua eta langileak. VII. Kapitulua euskara sustatzea.

12. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako toki-erakundeak. Tokiko erakunde-motak. Udalen funtzionamendu-araubidea. Udal egintzak eta erabakiak aurkaratzeko araubidea.

Oharra: Gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarrean dagoen legeriaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L2300573