16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

519E/2022 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2023ko Industriako doktoregoak"; DDBN identifikazioa: 666692.

2022ko ekainaren 29an "Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2021-2025" onetsi zen Nafarroako Parlamentuan. Planaren 1. erronkak talentua erakarri eta mantentzeko hainbat neurri jasotzen ditu, besteak beste, 2. neurria –doktoregai industrialak kontratatzea–, ulertuta I+G+Baren oinarria pertsonak direla, eta, beraz, ikerkuntza alorreko talentu hori prestatzeko, mantentzeko eta erakartzeko neurriak hartzen direla.

"2023ko Industriako doktoregoak" kontratatzeko laguntzen deialdiaren bidez urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik: enpresak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak.

Laguntzen deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2022-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da. Plan hori 2022ko apirilaren 27an onetsi zuen Nafarroako Gobernuak erabaki bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2023ko Industriako doktoregoak" deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 1.500.000 euroko kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean eta honako banaketa honekin:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

G2100-4701-467300: teknologia alorreko ikertzaileak eta langileak kontratatzea; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2024

500.000

G2100-4701-467300: teknologia alorreko ikertzaileak eta langileak kontratatzea; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2025

500.000

G2100-4701-467300: teknologia alorreko ikertzaileak eta langileak kontratatzea; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2026

500.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko abenduaren 27an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ikerketa ildoak sendotzea prestakuntzaldian doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileak kontratatuz, eta, orobat, ikertzaile horien laneratzea erraztea.

Horretarako, doktoregai baten kontratazioa lagunduko da diruz, ikerketa proiektu bat egiteko bere doktore-tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

Diruz lagunduko dira, orobat, gastu hauek: doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak, prestakuntza osatzeko beste ikerketa entitate batzuetara joateko mugikortasun gastuak eta ikerketa proiektuaren zabalkunderako gastuak.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke enpresa pribatuak eta publikoak eta Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile egiaztatuak (SINAI), unibertsitateak izan ezik, doktoregai bat kontratatzen badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroan lantokia edukitzea eta lantoki horretan egitea diruz lagundutako jarduera.

b) Behar den kasuetan, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat (foru agindu horren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen).

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Ezin dira onuradun izaten ahalko Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat jotzeagatik ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

3. Entitate eskatzaileek, laguntzen eskabide telematikoarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio proiektua justifikatzeko aldia bukatzen den egunera arte.

3. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

1. Kontratatutako gastua.

Laguntzaren xede izanen da entitate onuradunetako batek doktoregai bat kontratatzea "industria ikerketako" edo "oinarrizko ikerketako" proiektu bat egin dezan, ikerketa horiek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 84) eta 85) apartatuetan definitzen diren gisan.

a) Kontratatzen den pertsonak, kontratazioaren unean, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

I. Ez du partizipaziorik izaten ahalko entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzio edo sozietate bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola –zuzena edo zeharkakoa– izateko ahalmena badu.

II. Doktorego programa ofizial batean sartzeko baldintzak betetzea, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehaztutakoaren arabera.

III. Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktore titulurik ez izatea.

IV. Entitate eskatzaileak laguntza eskabidea egin baino 4 urte lehenago doktorego programa batean matrikulatuta ez egotea.

V. Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza edo odol ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.

b) Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

I. Kontratu horiek sinatzea 2. oinarrian onuraduntzat ezarririko entitateek eta aitzineko puntuko baldintzak betetzen dituzten pertsonek.

II. Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

  • i. Kontratatutako pertsonaren prestakuntza maila eta titulazio espezifikoa.
  • ii. Hasierako eguna eta bukaerako eguna, gutxienez 36 hilabete izanik (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.
  • iii. Beteko den lanpostua edo eginkizuna.
  • iv. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.
  • v. Deialdi honen bidezko dirulaguntzaren aipamena.

III. Lanaldi osokoa izatea.

IV. kapitulua: Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a izanen da.

V. Kontratatuak Nafarroan kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

VI. Ez dira kontratatzen ahalko norberaren konturako langileak.

VII. Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitatearen Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

VIII. Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarririkoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 25.000 eurokoa izanen da gutxienez.

IX. Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

c) Entitate onuradunak doktoregaia kontratatua badu laguntza eskatu aitzinetik, kontratuak b) puntuko baldintzak bete beharko ditu. Bestela, kontratu hori aldatu egin beharko da.

d) Kontzeptu honengatik emanen den laguntza, 5. oinarriari jarraikiz, kontratuak guztira duen kostuaren ehuneko bat izanen da (urteko soldata gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa kuota).

2. Doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak.

Gehienez hiru ikasturtetako matrikula gastuetarako dirulaguntza emanen da. Beste gastu batzuk ere diruz laguntzen ahalko dira, hala nola tesiak defendatzeagatiko edo doktore titulua emateagatiko tasak, betiere diruz laguntzen ahal den aldiaren barruan gertatzen badira.

Unibertsitateak egindako jarraipen eta koordinazio gastuak kanpo geratzen dira.

3. Mugikortasun gastuak.

Entitate kontratatzailean eta doktoregaiak matrikula egina duen unibertsitatean ez, beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak finantzatuko ditu laguntzak. Mugikortasun gastuetan kontzeptu hauek sartzen dira: ostatua eta mantenua, garraioa, atzerriko laguntza asegurua, eta bisatua.

a) Ostatua eta mantenua: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera.

Espainiako egonaldietarako, eguneko 45 euro izanen da aplikaturiko kostua.

Hurrengo taulan jasotako herrialdeetako egonaldien kasuan, adierazitako kostua aplikatuko da.

HERRIALDEA

KOSTUA

(euro/egun)

Saudi Arabia, Aljeria, Argentina, Australia, Austria, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kamerun, Txile, Txina, Korea, Kroazia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Etiopia, Gabon, Guatemala, Ekuatore Ginea, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Israel, Jamaika, Jordania, Kenya, Kuwait, Libano, Libia, Malaysia, Maroko, Mexiko, Montenegro, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Peru, Polonia, Portugal, Txekiako Errepublika, Errumania, Serbia, Singapur, Siria, Taiwan, Kongo.

55

Alemania, Angola, Belgika, Brasil, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua, Errusia, Suedia, Suitza, Yemen.

65

Aitzineko zerrendan ez dauden herrialdeetako egonaldietarako, aplikatutako kostua 45 euro/egun izanen da.

b) Garraioa:

Kontzeptu honi dagokion gastuagatik dirulaguntza hau emanen da:

I. 400 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainian dagoenean.

II. 1.200 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainiatik kanpo dagoenean.

III. Dirulaguntza emanen da egonaldia eginen den tokirainoko joan-etorriak entitate onuradunaren ibilgailu partikularrez egiteagatik, 0,34 euro/km, aurreko bi puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoetaraino.

c) Atzerriko laguntza-asegurua eta bisatua: ikerketa entitateetan egonaldiak egiteko eta egonaldiaren helmuga den lekura garraiatzeko beharrezkoak diren kostuak izanen dira diruz lagungarriak.

4. Zabalkunde gastuak.

Zabalkunde gastu hauek onartuko dira dirulaguntza emateko:

a) Industriako doktoregoa egiten ari den pertsonak izena ematea jardunaldi tekniko, biltzar edo kongresuetan, haietan ikerketa proiektua aurkezteko xedez. Egonaldi gastuak eta bidaiarenak edo beste batzuk, pertsona hori halako jardunaldi, biltzar edo kongresuetara joatearekin lotuta daudenak. Kasu horietan, 3.3 oinarrian "Mugikortasun gastuak" delakoetarako zehaztutako mugak aplikatuko dira.

b) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Dirulaguntzaren xede den Industriako doktoregoa egiten duen pertsonak sinatu behar du argitaratzeko aurkezten den lana.

Gastuek zerikusia izan beharko dute diruz laguntzen den proiektuaren zabalkundearekin, deialdi honen 10.2.e) oinarriko I., II., eta III. puntuei dagokienez.

Gastu diruz lagungarrietako edozeinen gainean (kontratazioa, matrikula, mugikortasuna edo zabalkundea), dirulaguntza emateko ebazpenean jasotzen den laguntza intentsitatea aplikatuko da, 5. oinarriari jarraikiz.

4. oinarria.–Laguntzaren iraupena.

1. Laguntzek 37 hilabete estaliko dituzte gehienez, urteko hiru epealditan banatuta, honela:

a) 1. urteko epealdia: ez da laguntza eskabidea baino lehenagokoa izanen, ezta 2023ko irailaren 30a baino geroagokoa ere. Gehienez 13 hilabete izanen ditu, eta honela hasiko da:

–Kontratu berrien kasuan, kontratuaren hasiera data bera izanen da.

–Deialdia argitaratu edo laguntza eman aurretik hasitako kontratuen kasuan, 3.1.b) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, doktorego ikasketetan matrikula egiten den hilaren 1ean hasiko dira kontratuak.

–Deialdia argitaratu edo laguntza eman aurretik hasitako kontratuen kasuan, 3.1.b) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, kontratuaren eranskin gisa jasotako baldintza berriak sinatzen diren eguna joko da hasieratzat.

1. urteko epealdiaren amaiera 13. hileko azken egunean izanen da, hasiera hilabetetik aurrera.

b) 2. urteko epealdia: 1. urteko epealdia amaitu eta hurrengo egunean hasten da, eta 12 hilabete betetzean amaitzen.

c) 3. urteko epealdia: 2. urteko epealdia amaitu eta hurrengo egunean hasten da, eta 12 hilabete betetzean amaitzen.

2. 9.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren, Energiaren arloko I+G+b Atalak (aurrerantzean, laguntza kudeatzen duen organoa) txosten bat eginen du, non laguntzaren onuradun bakoitzarentzat urteko epealdiak eta justifikazio epeak zehaztuko baititu.

5. Oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

1. Diruz lagungarritzat jotako gastuen gainean aplikatuko den laguntzen intentsitatea hau izanen da:

Entitate onuradunak

Industria ikerketako (II) edo oinarrizko ikerketako (OI) proiektua (%)

IIko edo OIko proiektua eta emakume doktoregaia kontratatzea

(%) (c)

IIko edo OIko proiektua zabalkunde handiarekin

(%) (d)

IIko edo OIko proiektua zabalkunde handiarekin eta emakume doktoregaia kontratatzea

(%) (e)

Enpresa handiak (a)

45

50

55

60

Enpresa ertainak (b)

55

60

65

70

Gainerako entitateak

65

70

75

80

(a) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

(b) Enpresa ertainak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera.

(c) Ikerketa zientifiko-teknikoaren esparruan dagoen genero arrakala gutxitzen laguntze aldera, kontrataturiko doktoregaia emakumezkoa denean %5eko laguntza gehigarria emanen da, taulan adierazten den gehienekora iritsi arte.

(d) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez.

(e) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez, eta emakumezko doktoregai baten kontratazioa.

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza intentsitateak.

Nafarroako I+G+b Sistemako (SINI) eragile akreditatuek laguntzaren intentsitatea "gainerako entitate" gisa eskuratzen ahalko dute, baldin eta gauzaturiko jarduerak ez-ekonomikokoak badira. Ondorio horietarako, "jarduera ez-ekonomikotzat" hartuko da Europako Batzordeak 2022ko urriaren 28ko EBAOn argitaratutako "Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu laguntzei buruzko esparruaren" 2.1.1 paragrafoko 19. paragrafoan zehaztutakoa, hain zuzen ere.

Erkidegoko Esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa. Hau da, ez da Estatuaren laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereizten ahal badira bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

2. Eskabide eta entitate onuradun bakoitzeko, gehieneko laguntza 90.000 eurokoa izanen da, urteko epealdi bakoitzeko 30.000 euro, hain justu.

6. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko apirilaren 28an bukatuko (egun hori barne), 23:59an.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira esklusiboki, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoari dagokion webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Eskabide horretan adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GHE), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da; laguntzen webgunean eskura dauden ereduetara egokiturik eta fitxategi bereizietan, behar bezala identifikaturik, zein bere izenarekin:

a) Eskabide telematikoa, 2., 3.1 a) eta 6.3 c) IV oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, 7. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.

Justifikatu beharko da doktore-tesiaren ikerketa jarduerak badirela entitate onuradunak garatzen duen ikerketa ildo batekoak edo I+ G proiektu batekoak. Baldin proposatutako jarduerak berriak badira edo ikerketa edo ikerketa ildo bat hobetu, handitu edo gauzatzekoak, entitateak bere I+G jarduera arrunten barnean eginen ez lituzkeenak.

Memorian hau ere sartuko da:

–Aurrekontuaren atal bat, zehazten dituena aurreikusten diren gastu diruz lagungarriak: kontratazioa, matrikula, mugikortasuna eta zabalkundea.

–Intentsitate osagarriari heldu nahi izanez gero emaitzen zabalkunde handiarengatik, berariazko atal bat, zabalkunde plan zehatza dakarrena, balorazio tekniko-ekonomikorako.

c) Doktoregoa egiteko kontratatuko den pertsona doktoregoa egiteko gisan dagoela frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkez daiteke:

I. Doktorego programa bateko onarpena.

II. Doktorego programa batean onartua izateko eskabidea.

III. Doktoretzarako sarbidea ematen duen master bateko matrikula. Doktoregaia matrikulaturik egon behar da masterra 2022-2023 ikasturtean bukatzeko behar diren kreditu guztietan, master bukaerako lanarenak barne.

IV. Doktorego egiteko prest dagoela eta eskabidea egin aurreko 4 urteetan doktorego programa batean matrikulatuta ez dagoela egiaztatzen duen beste dokumentu edo adierazpen bat.

d) Doktoregaiaren curriculum vitaea (CV). CV formatu normalizatua erabili beharko da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

e) Entitate eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat bada, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa, eta, horrez gainera, azken 3 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan erregistratuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak. Hala egin ezean, enpresa handientzako gehienekoak, 5 oinarrian ageri direnak, aplikatuko dira.

4. Eskabide bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia. Entitate bakoitzeko, gehienez ere kontratazio bakarra lagunduko da diruz. Nolanahi ere, eskabide guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz laguntzeko kontratu kopurua handitzen ahalko da. Horrelako eskabideak aintzat hartzeko, entitate bakoitzaren eskabideen artean bigarren balorazio handiena lorturikoak hartuko dira aintzat. Oraindik kreditu erabilgarririk egonez gero, entitate bakoitzaren eskabideen artean hirugarren balorazio handiena lorturikoak hartuko dira aintzat, eta horrela hurrenez hurren, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte, edo baldintzak betetzen dituen eskabide gehiago ez gelditu arte.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak erakunde interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Ez da zuzentzeko aukerarik izanen "Ikerketa proiektuko memoria zientifiko-teknikoa" aurkezten ez bada.

7. oinarria.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, oinarria honen 2. apartatuan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskabideei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak aplikatuko zaizkie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskabideak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO
PUNTUAZIOA

A) Ikerketaren eragina

30

20

B) Ikerketaren berritasun maila

30

20

C) Ikerketaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina:

20

10

D) Lurralde kohesioa

10

-

E) Onuradun berria

10

-

GUZTIRA

100

50

A) Ikerketaren eragina:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa. 15 puntu gehienez.

–Ikerketaren irismen soziala. Proiektuaren ekarpena gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak lortzeko. Gehienez 15 puntu

I. Proiektua kokaturik egotea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako lehentasun tematikoetako batean edo gehiagotan: 5 puntu gehienez.

–Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.

–Elikadura osasungarria eta jasangarria.

–Energia berdearen industria.

–Medikuntza pertsonalizatua.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industria.

–Trantsizio ekologikoa.

–Trantsizio digitala.

II. Ikerketarako aurreikusiriko emaitzen eragina eta ekarpena Nafarroaren aurrerakuntzarako Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeari begira (https://gih-2030agenda.navarra.es/). 5 puntu gehienez.

III. Proiektuaren eragin soziala. 5 puntu gehienez.

B) Ikerketaren berritasun maila:

–Konparazioa egungo egoerarekin; ikerketak sektoreari ekarriko dion aurrerapenaren justifikazioa. 15 puntu gehienez.

–Ikerketaren berritasuna, entitate onuradunak garatzen dituen ikerketa ildoei lotuta. 15 puntu gehienez.

C) Ikerketaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina:

–Aurrera eraman beharreko ikerketaren garrantzia, entitate onuradunak epe luzera dituen ezagutza eta esperientzia premiei dagokienez. 10 puntu gehienez.

–Espero diren emaitzen garrantzia, honako hauei dagokienez: produktu berriak lortzea; prozesuak hobetzea; dibertsifikazioa; espero den inpaktu ekonomikoa. 10 puntu gehienez.

D) Lurralde kohesioa: 10 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea Iruñerritik kanpoko eta 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea: 5 puntu.

–Entitatea Iruñerritik kanpoko eta gehienez 1.500 biztanleko udalerri batean egotea: 10 puntu.

Irizpide hau NaStat-Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskabideak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

E) Onuradun berria: 10 puntu emanen zaizkie 2020ko, 2021eko edo 2022ko deialdietan laguntza honen onuradun izan ez diren entitateei.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko dizkie eskabideak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

4. Laguntza eskabidea ezetsi eginen da baldin proiektuak ez badu gutxieneko puntuazioa lortzen A), B) edo C) apartatuetan.

5. Eskabide batzuek puntuazio bera lortzen dutenean, A), B) eta C apartatuen balorazioan puntu gehien dituen eskabidearen alde hautsiko da berdinketa, hurrenkera horri jarraituz.

8. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskabideak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio berrikuntzako zuzendaritza nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskabideen zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean emanen da ebazpena eta jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

3. Entitate onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik baztertuta gelditu diren eskabideei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak epe berriak ezartzen ahalko ditu kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.

9. oinarria.–Dokumentazioa aurkeztea laguntza eman ondoan.

1. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, laguntzen webgunearen bidez, hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen denetik:

a) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko konpromisoen agiria. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: doktore-tesiko proiektuaren aipamena, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak, finantzaketaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak; halaber, beste atal batzuk ere izaten ahalko ditu, alderdiek beharrezkotzat jotzen badituzte.

b) Tesi konpromisoa, doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.

Doktoregaiak unibertsitateak izendatutako tesi tutore bat izanen du, bai eta entitate onuradunak izendatutako arduradun bat ere; hala badagokio, tesiaren zuzendaria izan daiteke, doktorego ikasketei dagokien araudiaren arabera.

c) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, gardentasunari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat.

2. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, 2023ko irailaren 30a baino lehen, hura barne:

a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

Erakunde onuradunak deialdia argitaratu aurretik kontratatzen badu pertsona, 3.1.b) oinarriko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, hala nola kontratuaren eranskina, soldata fitxa edo bestelakoak.

b) 2023/2024 ikasturtean doktorego programa batean matrikula formalizatu izana edota, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.

c) Kontratatua, Gizarte Segurantzaren kontu kodearen barnean, entitatearen Nafarroako lantoki batean eta 1. kotizazio taldean dagoela egiaztatzen duen agiria. Esaterako, Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren kontura ari diren langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

3. Betebehar horietako bat betetzen ez bada, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradun diren entitateek, 9. oinarrian adierazitako moduan eta epean agiriak aurkezteaz gain, gastuak justifikatu egin beharko dituzte epe hauetan:

a) 2024ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 1. urteko epealdiaren egiaztagiriak eta 2023ko gainerako denborarako (urria, azaroa eta abendua) gastu zenbatespenaren aitorpena aurkeztuko dira.

b) 2025ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 2. urteko epealdiaren egiaztagiriak eta 2024ko gainerako denborarako (urria, azaroa eta abendua) gastu zenbatespenaren aitorpena aurkeztuko dira.

c) 2026ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 3. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

2. Entitate onuradunek kasuan kasuko urteko epealdiko justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez, hango ereduei jarraikiz:

a) Jardun memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta doktoregaiak egindako jarduerak, barne daudela zabalkunderako jarduerak eta doktorego programako prestakuntza jarduerak, dirulaguntzari dagokion epealdikoak. Bai eta, kasua bada, laguntzaren gainerako iraunaldirako lan plana, zehazki aipatuz doktore-tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena, baita egindako argitalpenak eta egonaldiak edo haiek egiteko plana ere.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:

I. 3.1 oinarrian zehaztutako kontratazio gastuak: nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

II. 3.2 oinarrian adierazitako matrikula gastuak: matrikula agiriaren kopia eta tasa akademikoak ordaindu izanaren frogagiriarena.

III. 3.3 oinarrian adierazitako mugikortasun gastuak:

  • i. Egonaldiaren ikerketa entitateak emaniko agiria, egonaldiaren datak adierazita.
  • ii. Erabilitako garraiobideen txartelak eta horien ordainagiriak. Ibilgailua entitate onuradunaren jabetzakoa den ibilgailua edo doktoregaiaren ibilgailu partikularra erabiliz gero, entitate onuradunak emandako agiria, bidaia, kilometrajea eta, hala badagokio, ordainagiria egiaztatzen dituena.
  • iii. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia eta bisatua.

IV. kapitulua: 3.4 oinarrian adierazitako zabalkunde gastuak:

  • i. Doktoregaia jardunaldi teknikora, konferentziara edo kongresura joan dela egiaztatzeko ziurtagiria, jardunaldia noiz edo noiz egin den adierazita.
  • ii. Zabalkunde gastuen fakturen kopia eta haiek ordaindu izanaren frogagiriena.
  • iii. Erabilitako garraiobideen txartelak eta horien ordainagiriak. Ibilgailua entitate onuradunaren jabetzakoa den ibilgailua edo doktoregaiaren ibilgailu partikularra erabiliz gero, entitate onuradunak emandako agiria, bidaia, kilometrajea eta, hala badagokio, ordainagiria egiaztatzen dituena.
  • iv. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia eta bisatua.

Gastu guztiek trazabilitatea egiaztatu beharko dute, eta entitate onuradunak ordaindu beharko ditu, 3.3.a oinarrian (ostatua eta mantenua) eta 3.3.b. III (kilometraje gastuak).

c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz emandako txostena.

d) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren adierazpena.

e) Lehenengo eta bigarren urteko epealdiak aurkeztean, urriko, azaroko eta abenduko gastuen zenbatespenaren adierazpena.

f) Azken urteko epealdia aurkeztean, baldin eta, 5. oinarriaren arabera, zabalkunde handiagatik ematen den laguntza gehigarria jasotzen bada, diruz lagundutako denboraldi osoan zehar 5 jarduketa aurkeztu beharko dira gutxienez, modalitate hauetako batzuetan:

I. Hitzaldiak.

II. Posterrak, komunikazioak edo kongresuetan, jardunaldi teknikoetan eta abarretan zabaldutako beste lan batzuk.

III. Aldizkari espezializatuetako argitalpenak.

IV. Komunikabideetako argitalpenak.

V. Interneteko zabalkundea (entitatearen webgunea, eginiko lana sustatzeko bideoak, etab.).

VI. Irispide libreko datu baseetan sartu izana.

VII. Doako edo kode irekiko programa informatikoak.

VIII. Patenteen edo Erabilera Modeloen eskabidea.

Jarduketak zenbatzeko, jarduketaren berri ematen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da: jarduketa bistaratzeko gertaeraren webgunerako esteka, ekitaldian aurkeztutako dokumentazioa (posterra, komunikazioa, etab.), argitalpenaren laburpena, Patenteen edo Erabilera Modeloen eskabidea, etab.

Jarduketek paragrafo honetan xedatutakoaren arabera zenbatzeko, 14. oinarrian deskribatutako publizitate eta zabalkunde baldintzak bete beharko dituzte.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta dena delako urteko epealdiaren saria ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean, ikerketa proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboa jasoko da, eta adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela. Gainera, dagokion urtean justifikatu ez den baina urte horretan gastatzea aurreikusten den urteko epealdia dirulaguntzaren konturako ordainketa eginen da.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 10. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

4. Azken urteko epealdiaren ordainketarekin, laguntza osoaren likidazioa eginen da, eta entitate onuradunak gauzatutako gastuari dagokion laguntza baino gehiago ordaindu bada, itzulketa bat eginen da.

12. oinarria.–Kontratua etetea eta azkentzea.

1. Deialdi honen babesean egindako kontratuak eteten ahalko dira arrazoi hauengatik: aldi baterako ezintasuna gutxienez ondoz ondoko 2 hilabetez, amatasuna edo aitatasuna, arriskua haurdunaldian, arriskua bederatzi hilabetetik beheitiko haur baten edoskitze naturaleko aldian, eta adopzioa edo harrera kontratazioaldian.

Kasu horietan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Horretarako, hori justifikatzeko agiriak aurkeztuko ditu laguntzen webgunearen bidez hilabeteko epean gehienez, kontratua azkentzen denetik.

Kontratua lehen urteko epealdian azkentzen bada, edo azkentzeko arrazoiak entitate onuradunari egoztekoak bazaizkio, ez da laguntza ordainduko.

Kontratua azkentzen bada bigarren edo hirugarren urteko epealdian, eta horretarako arrazoiak ez badira entitate onuradunari egoztekoak, kontratua azkendu izanaren komunikazioari gastuen frogagiriak erantsi beharko zaizkio, 10.2 oinarrian zehaztutakoak, hain zuzen. Behar bezala justifikatzen bada, gauzatutakoaren laguntza zati proportzionala ordainduko da.

Bidegabetzat jotako kaleratzeagatik kargua utziz gero, ez dira ordainduko ordaintzeke dauden urteko epealdiak.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 9. eta 10. oinarrietan adierazten den moduan.

c) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa jarduerak.

d) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

e) Aitzinetik jakinaraztea laguntzak kudeatzen dituen organoari kontratatuak doktore-tesia defendatuko duen eguna. Kontratatutako pertsonak jakinarazi egin beharko dio entitate onuradunari zer egunetan izanen den defentsa hori; halaber, laguntzak kudeatzen dituen organoari bidali beharko dio, laguntzen webgunearen edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, doktore-tesiaren ale bat.

f) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 12.2 oinarrian adierazten den gisan.

g) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 14. oinarrian aipatzen den gisan.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

Ildo horretan, bigarren edo hirugarren urteko epealdiari dagozkion jarduketa zientifiko-teknikoek jasotako balorazioa kontrakoa bada, aitortu egin beharko da eskubidea galdu dela dagokion urteko epealdi horri dagokion laguntza kobratzeko.

c) Zabalkunde handiagatik laguntza gehigarria eman bada eta diruz laguntzen ahal den aldia amaitzean 10.2.f) oinarrian adierazitakoa egiaztatu ez bada, laguntzaren intentsitatea %10 murriztuko da.

d) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, finkatutako epeak 10 egunez edo gehiagoz gainditu gabe, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak (10.2 oinarria).

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

4. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideei erantzuteko.

14. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen I+G+b proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Halaber, doktore-tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan bai tesia defendatzeko ekitaldian.

Tesi dokumentuan zein argitalpen edo aipamen publiko batean testu hau sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak doktoregaien kontratazioa finantzatu du «023ko Industriako doktoregoak» laguntzen deialdiaren barruan".

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabil daiteke. Hemen dago eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

Era berean, "doktoregai" terminoaren ordez, doktoregaiaren izena eta bi abizenak jartzen ahalko dira.

2. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

15. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramite katalogoko webgune egokiaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere: (https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

16. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 25. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Laguntza hauek eragin suspergarria izan behar dute eta, hori bermatzeko, eskatzaileek ez diete ekiten ahalko diruz laguntzen ahal diren jarduerei, eskabidea aurkeztu baino lehen.

17. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

Diruz lagundutako gastuak bateraezinak izanen dira beste laguntza publiko batzuk jasotzearekin, gastu berak estaltzeko.

Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren beste lan kontratu oro indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoak, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2217736