16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

518E/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 666138.

2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. Planaren 1. erronkak talentua erakartzera eta atxikitzera bideratuko zenbait neurri biltzen ditu, I+G+b-ren oinarria pertsonak direla ulertuta; hortaz, neurriak ikerketarako talentua prestatzera, mantentzera eta erakartzera bideratuta daude. Ildo horretan, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen deialdia interes handiko tresna bihurtzen da, ikerketa arloko enpresa eta erakundeetan ikertzaileak sartzea bultzatzen eta sustatzen baitu.

Laguntza neurri honek ibilbide luzea du, eta 2014. urtetik 2022.era 374 pertsona kontratatzea ahalbidetu du, I+G+b zereginetarako.

2022an bezala, aurten ere enpresak dira laguntzen onuradunak. Hortaz, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileak kanpoan geratzen dira, entitate horiek MRR Investigo programaren laguntzen onuradun bakarrak direlako (laguntza horien helburua, orobat, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea da).

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2022-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontu-kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:

AURREKONTUKO PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA:

EKITALDIA

ZENBATEKOA, EUROTAN

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea, industriako doktoregoak

2024

750.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da pertsona tituludunen prestakuntza hobetzea, enpresek gauzatzen dituzten I+G+b jardueretan ikertzaile eta teknologiako langile gisa parte hartuz eta jarduera horietan lagunduz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresa pribatu edo publikoak izaten ahal dira entitate onuradun:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta diruz laguntzen den kontratazioaren xedeko pertsonak jarduerak zentro horretan egitea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzeko egiaztatutako eragileak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Entitate eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduerak.

Dirulaguntzaren xedea da pertsona bat kontratatzea honako jardueraren batean aritzeko:

1. Entitatearen I+G proiektuak.

2. Berrikuntza jarduerak, honako arloren batean: prozesu edo produktuen berrikuntza; merkatu arloko berrikuntza (konponbide teknologiko bateko produktuak beste merkatu batzuetara zabaltzea); berrikuntza sozialeko metodologiak aplikatzea; ekodiseinua; entitatean 4.0 industria konponbideak txertatzea.

3. I+G+b jarduerei sostengu emateko lanak: proiektuen kudeaketa; jabetza industrialaren babesa; merkatu edo konkurrentzia azterketak; ziurtapenak (adibidez, EE marka lortzea).

4. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.

1. Kontratatzen den pertsonak baldintza hauek bete beharko ditu kontratazioaren unean:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batean inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa.

b) Honako titulu hauetako bat izatea:

I) Unibertsitateko titulazioak: doktoregoa, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, masterra, gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

II) Goi mailako lanbide heziketa.

c) Deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, entitate onuradunarekin kontratu harremanik ez izatea, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

2. Kontratuak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Laguntzaren onuraduna den entitateak eta kontratatzen den pertsonak sinatuko dute.

b) Kontratuaren hasierako eguna ezin izanen da izan laguntza eman baino lehenagokoa, ez eta 2023ko irailaren 30a baino geroagokoa ere.

c) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

I.–Kontratatuaren berariazko titulazioa.

II.–Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.

III.–Beteko den lanpostua.

IV.–Urteko soldata gordina, eurotan adierazia; ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.

V.–Deialdi honetako dirulaguntzaren aipamena.

d) Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta gutxienez 12 hilabetekoa.

e) Kontratatzen den pertsonak Nafarroan kokatutako lantokietan jardunen du, eta 6. oinarrian aipatutako eskaeran zehaztutako ikasketa-tituluekin bat heldu den lanpostu batean arituko da.

f) Kontratatua sartuta egonen da, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitate onuradunak Nafarroan duen lantoki batean.

g) Honako hauek izanen dira Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak, kontratatzen den pertsonaren titulazioaren arabera: 1. edo 2. taldea, unibertsitateko titulazioen kasuan, eta 1. taldetik 5.era, goi mailako lanbide heziketaren kasuan.

h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 20.000 eurokoa izanen da gutxienez.

i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.

3. Eskaera bakoitzean pertsona bakar baten kontratazioa adieraziko da, eta 3. oinarrian azaldutako jardueretakoren bat egiteko kontratazio baterako baino gehiagotarako laguntza eskatzen ahalko da, baina entitate bakoitzari gehienez kontratazio bat diruz lagunduko zaio. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz laguntzen ahal diren kontratuen kopurua handitzen ahalko da: gehienez ere hiru kontratu entitate onuradun bakoitzeko.

4. Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza edo odol ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Inguruabar hori 10. oinarrian aipatutako kontratuarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpenean jaso beharko da.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Kontrataziorako emanen diren dirulaguntzak kontratatutako pertsonen lan eta soldata kostuak finantzatzeko erabiliko dira, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne.

2. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Lan eta soldata kostuak konpentsatzeko laguntza moduluak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne, honako hauek izanen dira:

a) A modulua: modulua 16.000 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta kontratazio urte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio taldeetako kontratuen kasuan.

b) B modulua: modulua 13.000 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta kontratazio urte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako 3.tik 5.erako kotizazio taldeetako kontratuen kasuan.

Aurrekoari jarraikiz, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da kontratatua Gizarte Segurantzako zein kotizazio taldetan inskribatzen den, talde horri dagokion moduluaren balioa.

4. Entitate eskatzaileek laguntza osagarri bat jasotzen ahalko du baldintza hauetakoren bat betetzen dutenean, eta halakoetan aurreko apartatuko gehieneko kopuruak gainditzen ahalko dira:

a) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

I.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago badituzte.

II.–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren "Reconcilia zigilua", eta abar).

b) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta entitate onuradunaren guztizko plantillan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik %4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute. Eta gainerako entitateen kasuan, portzentaje hori plantillako langile guztien %2koa edo hortik gorakoa bada.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoari dagokion webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskaera telematikoa, 2. eta 17. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Jarduketen memoria, 7. oinarrian adierazitako balorazioaren xede izanen diren apartatuen arabera. Gainera, behar beste informazio aurkeztu beharko da organo kudeatzaileak egiaztatu ahal izan dezan kontratatuko den pertsonak eginen dituen jarduerak 3. oinarrian azaldutakoen artean daudela.

c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 5. oinarriko laguntza osagarria justifikatzeko. 2.a.

d) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana laguntza eskaeraren egunaren aurreko hilabetean zehar, 5.2.b oinarriko laguntza osagarria justifikatzeko.

e) Entitateak, laguntzaren xedeko jarduera egin behar den lantokian, 2022. urtean izan duen batez besteko langile kopurua frogatzen duen agiria.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak artxibo bereizitan aurkeztu beharko dira, bakoitza behar bezala identifikatua bere izenarekin.

4. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. Oinarri honetako 3.b) apartatuan aipatutako jarduketen memoria aurkeztu ez izana ezin izanen da zuzendu.

7. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, oinarri honen 2. apartatuko irizpideen arabera baloratutako eskaerak konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A) Lan eta prestakuntza plana

25

15

a.1. Zereginen deskribapena eta horietarako profilaren egokitasuna

15

a.2. Aurreikusitako prestakuntza plana

10

B) Enpresarentzako jarduketaren balorazioa

20

10

b.1. Berritasun eta erronka maila

10

b.2. Merkatuko aukera eta aurreikusitako eragina enpresarentzat

10

C) Jarduerek gizartearen helburuak eta ongizate kolektiboa lortzeko egiten duten ekarpena

55

-

c.1. Gizarte-berrikuntzako proiektu edo jarduerak

10

c.2. Lurralde kohesioa

10

c.3. Batez besteko langile kopurua

10

c.4. Aurreko deialdietako langileak plantillan sartu izana

10

c.5. Onuradun berria

15

GUZTIRA

100

25

A.–Lan eta prestakuntza plana. 25 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

a.1. Kontratatutako pertsonak egin beharreko zereginen deskribapena eta 3. oinarrian adierazitako jarduerekin bat-etortzea. Eskatutako profila zenbatean egokitzen den jardueren helburuetara eta eginkizunetara. 15 puntu gehienez.

a.2. Aurreikusitako prestakuntza plana, prestakuntza arautua; aurreikusitako beste prestakuntzaren bat. 10 puntu gehienez.

B.- Enpresarentzako jarduketaren balorazioa. 20 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

b.1. Jardueren berritasun eta erronka maila, bai entitate eskatzailearentzat bai aplikatzekoak diren sektorearentzat. Jardueren erronka teknologikoa baloratuko da jarduera teknologikoak badira, edo erronka soziala edo merkatukoa, gizarte-berrikuntzako edo merkatuko jarduerak badira. 10 puntu gehienez.

b.2. Gauzatu beharreko jarduerek merkatuan duten aukera eta jarduerek entitate eskatzailearentzat duten eragina baloratzea; haren helburu estrategikoetan laguntzea, etab. 10 puntu gehienez.

C.–Jarduerek gizartearen helburuak eta ongizate kolektiboa lortzeko egiten duten ekarpena. 55 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

c.1. Gizarte-berrikuntzako proiektu edo jarduerak. Gehienez 10 puntu emanen dira kontratatutako pertsonak gauzatu beharreko proiektua edo jarduerak gizarte-berrikuntzako jarduerak badira.

c.2. Lurralde kohesioa. 10 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 5 puntu.

–Entitatea 1.500 biztanle edo gutxiagoko udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 10 puntu.

Irizpide hau Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

c.3. Lantokiaren batez besteko langile kopurua 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31 bitarte. 10 puntu gehienez.

–10 langile baino gutxiago: 10 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 7 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 4 puntu.

–249 langile baino gehiago: 0 puntu.

c.4. Deialdi honen aurreko edizioetatik (2018, 2020 eta 2021) datozen pertsonak plantillan sartu izana: 10 puntu emanen dira eskaera egiten den egunean plantillan sartu badira eta mantentzen badira deialdi honen aurreko edizioen babesean diruz lagundutako kontratua izan duten pertsonen %50 gutxienez, eta 5 puntu plantillan sartu badira eta mantentzen badira, eskaeraren datan, gutxienez %30.

c.5. Azken deialdietan (2020, 2021 edo 2022) ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzarik jaso ez duten enpresei 15 puntu emanen zaizkie.

3. A) eta B) ataletan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerak ezetsiko dira.

4. Eskaerei emandako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, oinarri honetako c.5 apartatuan lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da berdinketa. Berdinketak jarraitzen badu, a.1 apartatuan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta, ondoren, berdinketa desegin arte, apartatu hauetan lortutakoa: a.2, b.1, b.2, c.1, c.2, c.3 eta c.4.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamen bat igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematikoki, entitate onuradunen gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHEa), eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Onuradunen batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

9. oinarria.–Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura.

1. Entitate onuradunek lan eskaintza bat eginen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, eta bertan nahi luketen profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa zehaztuko dute, eskaeran eta jarduketen memorian ezarritakoari jarraikiz.

NL-NEZek hasierako hautaketa bat eginen du, zehaztutako profila betetzen duten eta enplegu eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonen artean.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik ez dauden pertsonak kontratatzea onartuko da baldin eta pertsona horiek agertzen badira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako hasierako hautaketan. Horretarako, entitate onuradunak aurrez hautaturiko pertsonen datuak jakinarazi beharko dizkio NL-NEZi, egiaztatzearren betetzen dituztela lan eskaintzaren betebeharrak, enplegu zerbitzu publiko batean inskribatua egoteari dagokionez eta haien profil akademikoari, prestakuntzakoari eta lanekoari dagokionez.

2. Entitate onuradunek, betiere Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurretik egindako hasierako hautaketatik abiatuta, hautatuko dute horien artetik nor kontratatu, kasua bada, lanpostura nola egokitzen den neurtzeko proba egokiak egin ondoren. Ez da onartuko aipatutako hasierako hautaketa horretatik ez datozen pertsonak kontratatzea.

3. Kontratazioak bat egin behar du eskaeran eta jarduketa memorian zehaztutako titulazioarekin eta kotizazio taldearekin. Agiri horietan zehaztutakoa nola edo hala aldatuz gero, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko zaio, aldaketa onets dezan kontratua sinatu baino lehenago.

10. oinarria.–Kontratua aurkeztea.

1. Kontratua sinatzen denetik 2023ko ekainaren 30era arte, egun hori barne, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte modu telematikoan, laguntzen webgunearen bidez:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

c) Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren konturako langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

d) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, kontratatu den pertsonak ez duela kontratu harremanik izan entitate onuradunarekin, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

e) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen kontratazioaren xedeko lanpostuan ez dela enplegurik deuseztatu, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte.

f) Sinatutako aitorpen bat, egiaztatzeko kontratatzen den pertsonak enpresaburuarekin, entitatea kontrolatzen duten pertsonekin, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenekin edo haren administrazio organoetako kide direnekin ez duela hauetako harremanen bat: ezkontidea izatea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza edo odol ahaidea (ahaidetasun maila hori barne).

Laguntzen webgunean eredu bat egonen da eskuragarri d), e) eta f) apartatuetako dokumentazioa aurkezteko.

2. Betebehar hau betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Kontratazioaren 12. hilabetea amaitzen denetik bi hilabeteko epean, entitate onuradunek honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez:

a) Kontratatutako pertsonak zer jardueratan parte hartu duen egiaztatzeko memoria, webguneko laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Bereziki, eskaeran aurkeztutako jarduketen memoriaren betetze-maila adierazi behar da.

b) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuen onuraduna ez izatea dioen adierazpena.

c) Nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

2. Ordainketa justifikatzeko dokumentazioa hiru fitxategi digitaletan aurkeztuko da, behar bezala identifikatuak eta kronologikoki ordenatuak. Hiru fitxategi horiek honela multzokatuko dira: nominak, ordainagiriak eta langilearen kalkulu globalak.

12. oinarria.–Hasierako baldintzak aldatzea.

1. Diruz lagundutako kontratazioa oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu beharko da. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen badira, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxaren bitartez, eta organoak eskaera onartu edo ezesten ahalko du.

2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Kontratu-mota eta soldata, baldin eta hasierako baldintzak hobetzen badira.

b) Kontratazioa hasteko epeari dagokionez, gehienez ere hilabeteko luzapena baimentzen ahalko da, 2023ko irailaren 30az harago atzeratu gabe, baterako ebazpenean egindako laguntza-emakidetan, edo 2023ko urriaren 15az harago, geroago egindako emakidetan.

c) Egiaztagiriak aurkezteko epea; ezin da inola ere 2024ko azaroaren 15etik haratago joan.

d) Kontratatu beharreko pertsonaren profila.

e) Kontratatu beharreko pertsonaren kotizazio taldea.

f) Aurreikusitako jarduerak.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 11. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek frogatzen badute diru-funtsak behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

14. oinarria.–Kontratua etetea, azkentzea eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Etetea.

Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:

a) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

b) Amatasunagatik eta aitatasunagatik.

c) Haurdunaldiko arriskuagatik.

d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.

e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

Kasu horietan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Azkentzea.

Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta azkentze horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hamabost eguneko epean gehienez.

3. Langileak ordezkatzea.

a) Entitate onuradunek kontratatu duten pertsona ordezten ahalko dute kontratua arrazoi hauetako batengatik azkentzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

b) Aurreko apartatuan jaso ez diren kasuetan, entitate onuradunek kontratua azkentzea eragin duen egoera zehatza jakinaraziko dute, gehienez ere 15 egun naturaleko epean, kontratua azkentzen denetik zenbatzen hasita. Laguntzen organo kudeatzaileak kontratatutako pertsonaren ordezkapena baimendu edo ukatuko du.

c) Ordezkapena egitea bidezkoa denean, kontratazio berria 9. oinarrian ezarritako prozedurarekin bat eginen da. Hala ere, lan eskaintza berriz egitetik salbuesten ahal da, baldin eta lehen hautaketa prozesutik ordezkapena egiteko gai den hautagairen bat badago. Nolanahi ere, kontratatuko den pertsonak NL-NEZek eratzen duen kontrataziorako hautagaien zerrendan agertu beharko du. Kontratuak, orobat, 4. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hasteko egunari dagokiona izan ezik.

Eta 10.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntzen webgunearen bidez.

d) Hasieran kontratatutako pertsona ordezkatzen bada, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.

e) Ordezkotza-kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik bi hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

f) Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko ordezkapen bakarra onartuko da.

4. Kontratua azkentzen bada ordezkapena bidezkoa izan gabe edo baimendu gabe, 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoari jarraikiz:

a) Kontratua lehen seihilekoan azkentzen bada, edo kaleratzea bidegabetzat aitortu edo deklaratzen bada, dirulaguntza osoa kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) Kontratua bigarren seihilekoa bete gabe azkentzen bada, lan egin ez den denboraren araberako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

15. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntza hauen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea telematikaz, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dauden ereduak erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da onetsitako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Kontratatu beharreko pertsona 9. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera hautatzea.

c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 10. eta 11. oinarrietan adierazten den moduan.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Kontratuaren etetea, azkentzea eta, hala denean, ordezkapena egiaztatzea, 14. oinarrian adierazitako moduan eta epean.

f) Kontratatzen den pertsonak parte hartzen duen I+G+b jardueretan eragina izaten ahal duen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, onetsitako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak edo jarduera zehatz batzuk hein batean ez betetzeak berekin ekarriko du jarduera horien irismenaren arabera galtzea dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

16. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen I+G+b proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute.

Betiere, diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haien zabalkundea egiteko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

17. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

1407/2013 Erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

18. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikaz aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoan, dagoen laguntzen webgunearen bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere:

(https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm)

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

19. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

Entitate onuradunek aditzera eman beharko diote Energiaren arloko I+G+b Atalari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, laguntzen eskaeran berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 11. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2217606