15. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

149E/2022 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira deialdi hau eta bera zuzenduko duten oinarriak: "Dirulaguntzak, 2023. urtean Pirinioetako Planaren lurralde eremuan ekintzak egiten dituzten elkarteentzat". DDBN identifikazioa: 665141.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak bere 28. artikuluan ezartzen duenez, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da "politika publikoak garatzea lurralde estrategia jasangarriaren arloan" eta "lurraldea ardazten duten, aurrerapena ematen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak" sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, "zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz".

2017ko maiatzean eratu zen "Pirinioetako Mahaia", eskualde horretako toki erakundeek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artziko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko ponentziak egindako txostenak Nafarroako Pirinioetako eremuari buruzko diagnostikoaren elementu kritikoak ezartzen ditu: biztanleriaren eskasia eta sakabanaketa, zahartzea eta maskulinitatea, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen murrizketa, mugikortasun-zailtasunak, azpiegitura aurreratuen falta, egungo jarduera ekonomikoetan enplegu eta belaunaldi-aldaketa falta, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, etab. Horren aurrean, hiria eta landa-eremua hurbiltzen dituzten bizimodu berriak, herrian bizitzeko nahia sustatu beharreko balio gisa, ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak, herritar taldeen bizitasuna eta abar Pirinioetako lurralde garapen jasangarria eragin dezaketen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat "Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea" da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, Pirinioetako eremuak presentzia espezifikoa eta nabarmena du, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua, "Pirinioak eta beste landa eremu eta naturagune batzuk") bai lurraldeko kultura berri baterako estrategian (4.5.2 kapitulua, "Pirinioak").

Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorren Proiektuak 65.000,00 euroko kreditua aurreikusten du "Dirulaguntzak, Pirinioetako eremua dinamizatzeko asoziazionismoa bultzatzeko" izeneko 330000 33100 4819 921102 gastu-partidari aplikatua.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorriz Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: "Dirulaguntzak, 2023. urtean Pirinioetako Planaren lurralde eremuan ekintzak egiten dituzten elkarteentzat".

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 2023ko ekitaldirako gastu aurrekontuan 65.000,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko ekitaldiko "Dirulaguntzak, Pirinioetako eremua dinamizatzeko asoziazionismoa bultzatzeko" izeneko 330000 33100 4819 921102 partidaren baliokidea den partidaren kargura.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

330000-33100-4819-921102: Dirulaguntzak, Pirinioetako eremua dinamizatzeko asoziazionismoa bultzatzeko

2023

65.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 19an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

2023. URTEAN PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN EKINTZAK EGITEN DITUZTEN ELKARTEEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honako hauek, alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, biztanleria zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta eta egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko belaunaldi berririk eza, eta etxebizitza lortzeko zailtasunak. Helburu horiek lortzeko, funtsezkoa da Planaren eremuan bizi diren pertsonen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa.

Deialdi honen xedea da norgehiagoka bidez dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko elkarteei, hauek bultzatzeko proiektuak gara ditzaten: herritarren parte-hartze aktiboa; elkarte sarearen garapena, lankidetza eta sareko lana; boluntariotza; hezkuntza; lurraldeko biztanleen, taldeen eta elkarteen arteko koordinazioa, informazioa eta komunikazioa; bai eta Pirinioetako Planaren lurralde eremuko gizarte, ekonomia eta kultura arloko aurrerapena ere. Horrela, hirugarren sektoreak adierazitako eskaerei eta beharrei erantzuna emateko, 2022ko azaroaren 6tik 2023ko urriaren 15era bitartean.

Era berean, deialdi hau herritarrek 2030 Agendaren esparruan mundu justuagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko konpromisoa sustatzearekin eta ahalbidetzearekin lotutako proiektuen garapenaren barruan sartzen da, eta, horrela, Nazio Batuen Erakundeak 2015eko irailean adostutako garapen jasangarriko helburuak lortzeari atxikitzen zaio.

2.–Elkarte onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetara biltzen ahalko dira baldintza hauek betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteak (aurrerantzean, elkartea, elkarteak, entitatea eta entitateak termino orokorrak erabiliko dira):

–Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean, legez eratutako eta dagokion erregistroan inskribatutako irabazi-asmorik gabeko entitateak izatea.

–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Pirinioetako Planaren lurralde eremuan deialdi honetan lortu nahi diren helburuak lortzen lagunduko duten ekintzak egitea. Pirinioetako Planaren lurralde eremua Pirinioetako Eskualdeak osatzen du, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean ezartzen den moduan, bai eta Artziko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek ere. Aipatutako lurralde eremua gainditzen duten ekintzak egiten ahalko dira, baldin eta eremu horretan eragina badute eta deialdi honetan planteatutako helburuak lortzeko beharrezkoak badira, betiere entitate eskatzailearen edo eskatzaileen justifikazioa eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren (PEZN) baimena jaso ondoren.

–Deialdi honetan diruz lagundu nahi diren ekintzetarako beste administrazio publiko batekin lankidetza-hitzarmenik edo kontraturik ez izatea.

–Helburuak betetzen direla eta diruz lagundu nahi diren ekintzak gauzatzen direla bermatzeko beharrezkoa den egitura izatea.

–Proposatutako ekintzak hasten diren egunerako, erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, ekintza horietan hirugarren pertsonek jasaten ahal dituzten kalte materialak eta pertsonalak estaltzen dituena, eta istripu asegurua ere edukitzea langile boluntarioentzat, indarra duen araudiari jarraikiz.

–Zenbait entitatek batera lankidetzaren modalitatean aurkeztutako proiektuak izanez gero, eskabidean berariaz zehaztu behar da zertan datzan lankidetza hori: bakoitzak bere gain hartutako kudeaketa-, komunikazio- eta gauzatze-konpromisoak, adostutako ekarpen ekonomikoak (entitate laguntzaileek gastuaren guztizko zenbatekoaren % 15 jarri beharko dute, gutxienez), lankidetzak ustez ekarriko dituen onurak, eta abar. Modalitate horretan, entitateetako batek gainerakoak ordezkatuz jardunen du eskaerari eta justifikazioari dagokienez.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, ekintzek irauten duten bitartean.

3.–Ekintza diruz lagungarriak.

Esparru hauetakoren batean sartzen diren ekintzek jaso ahalko dute dirulaguntza:

a) Lurralde garapen jasangarria bultzatuko duten ekintzak, besteak beste, honako eremu hauetan: ingurumena, turismoa, ondarea, garapen ekonomikoa, eta inguruko biztanleriaren prestakuntza eta enplegagarritasuna.

b) Kultura, aisia eta hezkuntza sustatzera bideratutako ekintzak, inguru horretako kultura ondarearen eta herri tradizioen babesa, kontserbazioa eta zabalkundea bermatuko dutenak.

c) Herritarren parte-hartze aktiboa, asoziazionismoa eta boluntariotza sustatzen duten beste eremu batzuetako ekintzak.

Oro har, deialdi honetatik kanpo geratzen dira honako hauek:

a) Irizpide sexista, arrazista edo xenofoboak edo bestelako irizpide diskriminatzaileak aplikatzen dituzten ekintzak, biztanle batzuk beren izaerarengatik baztertzen dituztenak.

b) Deialdi honen xedea kontuan hartzen ez duten ekintzak eta/edo zuzendaritza honen beste deialdi espezifiko batean jasotako helburuetarako baizik ez direnak, edo dagoeneko zuzendaritza nagusi honen beste programa batzuen bidez diruz lagunduta daudenak.

4.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

4.1. Deialdi honek, guztira, 65.000 euroko zuzkidura izanen du, 2023ko gastu aurrekontuko "Dirulaguntzak, Pirinioetako eremua dinamizatzeko asoziazionismoa bultzatzeko" izeneko 330000 33100 4819 921102 partidaren kargura.

4.2. Dirulaguntzak norgehiagoka bidez emanen dira. Horretarako, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, eta lehentasun hurrenkera ezarriko da 5. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen araberako puntuazioari jarraituz. Funtsak hurrenkera horri jarraituz banatuko dira, aurrekontuko partida agortu arte. Onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, zenbateko erabilgarria aurrekontuko diru faltagatik laguntzarik jaso ez duten proiektuei emanen zaie, jasotako balorazioaren araberako hurrenkeran. Bestela, halakorik ez badago, gainerako proiektuei emandako dirulaguntzari gehituko zaio, dirulaguntza horren zenbatekoaren proportzioan, 16. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

4.3. Berdinketa gertatuz gero, deialdiaren 5. oinarriaren 2. apartatuan puntuazio handiena lortu duten eskaerak lehenetsiko dira. Hala ere berdinketak irauten badu, deialdiaren 5. oinarriaren 3. apartatuan puntuazio handiena lortu duten eskaerak lehenetsiko dira.

4.4. Banakako proiektuen kasuan, diruz lagungarri diren justifikatutako gastuen % 80 finantzatuko da (3.000 euro gehienez), eta, lankidetza bidezko proiektuen kasuan, diruz lagungarri diren gastuen % 100 (5.000 euro gehienez).

4.5. Eman beharreko dirulaguntzak behin-behinekoz esleitu ondoren, esleitu gabeko soberakinik badago, soberakin horiek agortzeko, proiektuak birprogramatzen ahalko dira, baldin eta proiekturik badago legokiokeen dirulaguntza guztia eskuratu ez duena aurrekontuan dirurik ez izateagatik.

Birprogramazio hori Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak eskatuta eginen da, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Ofizioa igorriko zaio erakunde eskatzaileari, eta hark, proposatzen zaion birprogramazioa onartzen badu, horretarako emandako epean erantzun beharko du. Epearen barnean erantzuten ez badu, proposamena ez duela onartu ulertuko da.

4.6. Entitate bakoitzak komenigarritzat jotzen duen adina eskaera aurkezten ahalko ditu deialdi honetan finantzatzeko, bai banakako aurkezpen modalitatean, bai lankidetza bidezko modalitatean.

Hala ere, gehienez proiektu bat diruz lagunduko da parte-hartze modalitate eta entitate bakoitzeko, eta, hala badagokio, modalitate bakoitzean entitate horrek aurkeztutakoen artean puntuazio handiena lortzen duena izanen da aukeratua.

Salbuespen gisa, aurreko paragrafoan adierazitako proiektuak finantzatu ondoren aurrekontuko partidaren kreditua agortzen ez bada, modalitate bereko proiektu bat baino gehiago diruz laguntzen ahalko zaizkio entitate bati, proiektuen puntuazio hurrenkeraren arabera, harik eta kreditu erabilgarria agortzen den arte.

5.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Baremo hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO

PUNTUAZIOA

100 puntu

1. ELKARTEAREN EGOITZA SOZIALAREN KOKAPENA:

–Elkartearen egoitza soziala Pirinioetako Planaren lurralde eremuan egotea (5 puntu).

–Elkartearen egoitza soziala Pirinioetako Planaren lurralde eremutik kanpo egotea (0 puntu).

–Lankidetza bidezko modalitateko eskaerek 5 puntu lortuko dituzte lurralde eremuko elkarteek aurkezten badituzte; eta, bestela, eskatzaileen arteko batezbestekoa kalkulatuko da.

5 puntu

2. PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA:

–Proposamenaren deskribapena (gehienez 5 puntu).

–Proposamenaren testuinguruaren azalpena: kokalekua, inguruko errealitatearen azterketa, proposamenaren testuingurua lurraldean eta dagokion gaikako esparruan (3. oinarrian adierazitako gaikako esparruetako batean), zer premiari erantzunen dien, zer onura ekarriko dituen, eta abar (gehienez 10 puntu).

60 puntu

–Helburu orokorrak eta espezifikoak (gehienez 10 puntu).

–Ekintzen deskribapena: kalitatea, aniztasuna, jasangarritasuna eta abar (gehienez 10 puntu).

–Egutegia (gehienez 10 puntu).

–Giza baliabideak eta baliabide materialak (gehienez 5 puntu).

–Aurrekontua (gehienez 10 puntu).

3. ONURADUNAK:

–Ekintzaren xede diren biztanleriako sektoreen eta kolektiboen identifikazioa (gehienez 5 puntu).

–Ekintzaren egokitasunaren eta xedeko biztanleria-sektoreentzako onuren justifikazioa eta deskribapena (gehienez 7 puntu).

–Gazteek (14-30 urte), emakumeek eta/edo adinekoek (60 urtez gorakoek) dituzten beharrei erantzuten dieten ekintzak (gehienez 3 puntu).

15 puntu

4. GENERO IKUSPEGIA:

Genero ikuspegia era egokian txertatzea proposamena taxutu eta idazterakoan, ekintzetan, adierazleetan, etab.

5 puntu

5. EUSKARA:

Onuradunek euskara ezagutzearen aldeko eta haien bizitza sozialean euskara erabiltzearen aldeko ekarpena.

5 puntu

6. JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA:

Adierazleak (parte-hartzea, emaitzak...) eta jarraipen eta ebaluaziorako sistemak definitzea, diseinatzea eta ezartzea.

5 puntu

7. ZABALKUNDEA ETA KOMUNIKAZIOA:

Planteatzen diren zabalkunde eta komunikazio ekintzen egokitasuna eta irismena.

5 puntu

50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

6.–Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta 7. oinarrian ezarritako epean gauzatzen badira.

Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

1. Zuzeneko gastuak.

Gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen ekintzaren izaerarekin bat datozenak; honelakoak izan behar dute:

a) Diruz lagundu beharreko ekintzak egiteko lokalak eta ekipamenduak alokatzea. Kasu honetan, diruz lagungarria den gastua, gehienez, dirulaguntzak emandako kopuruaren %40 izanen da.

b) Ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren material suntsikorrak.

c) Diruz lagundutako ekintzen publizitate edo zabalkunde gastuak.

16.d oinarrian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

d) Langileek jarduerak egiteko egiten dituzten bidaiak, hartzen dituzten ostatuak eta dietak, betiere eskaeran behar bezala zehaztuta eta justifikatuta badaude eta diruz lagundu beharreko ekintzekin bat badatoz. Otorduetarako dietengatik 20 euro artekoa izanen da dirulaguntza, gehienez ere, pertsona bakoitzeko. Txartel indibidualetan jaulkitako garraio gastuengatik, inoiz ez da tarifa arrunt merkeenean ezarritako prezioa baino gehiago ordainduko. Ibilgailu partikularrak erabiltzen direnean, 0,34 euro/km ordainduko da bidaia bakoitzeko, eta zehaztu egin beharko dira abiapuntua, helmuga, egindako kilometroak, data eta bidaiaren arrazoia.

e) Elkarteko langileen zerbitzu teknikoak eta profesionalak diruz lagundu beharreko ekintzak gauzatzeko.

–Besteren konturako kontratua duten elkarteko langileek emandako zerbitzuak.

Diruz lagungarritzat hartuko dira diruz lagundu beharreko ekintzetarako kontratatutako langileen hileko nomina bakoitzaren soldata kostuen zenbatekoak –gehienez ere, dirulaguntza eskatzen den unean indarrean den ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren (IPREM) baliokidea den hileko kopurua, aparteko pagen zati proportzionala barne–.

–Autonomoen kontratua duten elkarteko langileek emandako zerbitzuak.

Kontratatutako langile autonomoek emandako zerbitzuetarako mugak 65 euro/ordu artekoak izanen dira.

Atal honetako faktura guztiek berariaz jaso beharko dute jarduera mota, ordu kopurua eta aplikatzen den orduko prezioa.

f) Jarduerak azpikontratatzea.

Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea baimenduta dago, jardueren zenbatekoaren %100 arte. Hala ere, entitate onuradunarekin lotura duten pertsonak edo entitateak azpikontratatzeko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik zuzendaritza nagusi honen baimena eskatzea eta kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.

Ez dira inola ere azpikontratatzen ahalko diruz lagundutako ekintzaren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

g) Ekintza gauzatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk; tartean, aseguruaren gastuak (jarduerak dirauen aldiari dagokion zati proportzionala da diruz lagungarria), eta diruz lagundutako ekintzak egin bitartean beren burua zaintzeko gai ez diren pertsonak zaintzeko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoen zaintza eta abar).

h) Tributuak, eta bereziki BEZa, gastu diruz lagungarriak izanen dira baldin eta dirulaguntza jasotzen duen elkarteak benetan ordaintzen baditu.

2. Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik dirulaguntzari %20ko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak entitate eskatzailearen edo eskatzaileen ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak dira, esku hartzea egiteko beharrezkoak.

Epigrafe honetan sartzen dira entitatearen beraren langileen gastuak, gauzatu beharreko ekintzetara bideratu dituzten proportzioan –gehienez ere, dirulaguntza eskatzen den unean indarrean den ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren (IPREM) baliokidea den hileko kopurua, aparteko pagen zati proportzionala barne–. Entitatearen beraren langileria gastuak ekintzaka xehakaturik aurkeztu behar dira, hauek azalduta: bakoitzean langileek zenbat ordu emanen dituzten, orduaren prezioa eta guztira zenbat ateratzen den.

Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Protokolo eta arreta gastuak (bazkariak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.), eta bertaratutakoei emandako eskersariak.

–Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko BEZa edo zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

–Banku kontuetako interes zordunak.

–Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

–Prozedura judizialen gastuak.

–Ondasun inbentariagarriak (ordenagailuak, altzariak, etab.)

7.–Gauzatzeko epea.

Dirulaguntzaren xedeko ekintzak gauzatzeko epea 2022ko azaroaren 6tik 2023ko urriaren 15era arte izanen da.

8.–Elkarte eskatzaileek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten elkarteek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: Lankidetza bidezko modalitatean aurkezten diren eskaeren kasuan, entitate guztien dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Erregistroan inskribaturik egotearen frogagiria.

b) Identifikazio fiskaleko agiriaren (IFZ) kopia arrunta.

c) I. eranskinaren araberako eskaera inprimakia, banaka aurkeztutako eskaeretarako, eta II. eranskinaren araberakoa, lankidetzan aurkeztuetarako. Bi dokumentu horiek entitate eskatzaileek sinatu behar dituzte.

d) Eskaera banaka aurkeztuz gero, entitatearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskineko ereduari jarraituz), eta lankidetzan aurkeztuz gero, entitate bakoitzak emandakoa, honako hau adierazten duena:

–Elkarteak edo entitateak ez daukala ezarrita dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako debekuetako bat bera ere.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Erakunde eskatzaileak betetzen dituela honako hauetan xedatutakoa: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

–Betetzen dituela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoan haurrak eta nerabeak babesteko aurreikusitako neurriak (lege organiko hori Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka erabat babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren eraginpean dago). Lege horren 57. artikuluan jasota dago ziurtagiri negatiboa lortu behar dela Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralean, adingabeekin ohiko harremana eskatzen duten lanbide, ofizio eta jardueretan sarbidea izateko.

–Entitateak boluntarioentzat erantzukizun zibileko aseguru bat eta istripu aseguru bat kontratatuta dauzkala, edo proposatutako ekintzak hasterakoan (eta gauzatu bitartean) kontratatuta edukiko dituela.

e) Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari kontsulta baimentzen ez bazaio:

–Ogasunarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

Nafarroan tributatzen duten elkarteek esteka honen bidez lortzen ahal dute:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Nafarroako-Zerga-Ogasunak-emandako-ziurtagiri-telematikoak

–Ziurtagiri eguneratua, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko ordainketak egunean daudela dioena, edo enpresaburu gisa inskribatuta ez egoteari buruzko txostena.

Bi agiri horiek esteka honen bidez lortzen ahal dira:

https://sede.seg-social.gob.es/wps/portal/sede/sede/EmpresasyProfesionales/informes+y+certificados/01informes+y+certificados

Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko edo erantzukizunpeko adierazpenean sartutako puntuak dokumentu bidez justifikatzeko.

9.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

9.1. Eskaerak eta erantsitako agiriak telematikoki aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari, alegia, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren atariko Izapideen Katalogoko estekaren bidez, hilabeteko epean deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, eranskinetan dauden ereduen arabera.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

9.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskabide ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

10.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

10.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

10.2. Eskaerak 5. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

10.3. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

11.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

11.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

11.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean honako hauek jasoko dira: entitate eskatzaileen zerrenda; entitate onuradunak (lankidetza bidezko modalitateko elkarte guztiak onuraduntzat ere joko dira); diruz lagundutako proiektuak; proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa; emandako zenbatekoa nola banatuko den lankidetzan aurkeztutako elkarteen artean; eta, hala behar denean, gainerako eskaeren ezespena, arrazoia zehaztuta.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren Atarian jendaurrean jarriko dira, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12.–Frogagiriak.

12.1. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat hartzeko onartu diren gastu guztiak. Hala, 2023ko urriaren 31n bukatuko da jardueraren gastuak eta ordainketak justifikatzeko epea (egun hori barne). Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Diruz lagundutako ekintza edo ekintzak ebaluatzen dituen memoria. Dokumentu horretan honako hauek jasoko dira: programaren ebaluazio orokorra, parte-hartzaileen gogobetetzea, egindako jarduerak (dokumentu bidezko froga barne) eta egin gabekoak, hobetzeko proposamenak, eta abar, eta horiekin batera IV. eranskinaren araberako adierazleen neurketen emaitzak.

–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa. Justifikazio kontu baten bidez aurkeztuko da. Kontuak, gutxienez, dirulaguntzaren xede diren ekintzen eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du, ekintzak egiteko gastu guztiak banan-banan zehaztuta, V. eranskinaren arabera. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak. Entitate onuradunek PFEZa dela-eta egindako atxikipenen konturako sarrera egin behar badute Ogasunean, ordainketaren edo sarreraren frogagiria ere aurkeztu beharko dute.

Lankidetza bidezko modalitateko eskaera aurkezten denean, elkarte onuradunetako bakoitzak gauzatu eta ordaindu beharko du eskabidean bere gain hartu duen gastu-portzentajearen kostua (II. eranskina). Era berean, dagokion diru kopurua ordainduko zaio entitate bakoitzari.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela adierazteko betebeharra; hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatzea egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: "Subvenciona Gobierno de Navarra/Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

Iturria: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia VI. eranskineko ereduari jarraikiz.

–Langile boluntarioentzat kontratatutako erantzukizun zibileko eta istripuetarako aseguruen frogagiria, aseguruaren zenbatekoa eta indarraldia erakusten dituena; eta asegurua ordaindu izanaren frogagiriak.

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren arabera egina, baldin eta laguntza lehen aldiz eskatzen bada edo daturen bat aldatu bada. Inprimaki eredua esteka honen bidez deskargatzen ahal da:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

12.2. Instrukzio organoak uste badu gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez dela, errekerimendua eginen dio erakunde eskatzaileari, beharrezkoak diren frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da, eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

12.3. Egindako gastutzat joko da, oro har, ekintzak egiteko epea bukatu baino lehen, hots, 2023ko urriaren 15a baino lehen, benetan ordaindu dena.

13.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta entitate onuradunak 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren. Transferentzia bidez ordainduko da.

14.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15.–Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, hari atxikitako teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

16.–Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Dirulaguntzaren oinarri diren ekintzak gauzatzea eta dirulaguntza emateko eskakizunak eta baldintzak betetzea.

b) Dirulaguntzaren xede den ekintza edo ekintzak direla eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari.

c) Dirulaguntza eman duen organoak diruz lagundutako ekintzen edozein gorabehera edo alderdiri buruz eskatzen dion dokumentazio oro ematea, eta dirulaguntzaren xede izan diren ekintzen beharra, garapena eta gauzatzea alderatzeko egoki irizten diren bisita eta egiaztapen oro jasotzea onartzea.

d) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: "Subvenciona Gobierno de Navarra/Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

e) Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzea diruz lagundutako proiektuen zabalkundean, horien ezagutza eta gizartearen parte-hartzea pizteko.

f) Ekintzak gauzatzen diren denbora guztian Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarrizketarako bideak eta koordinazioa mantentzea, horrela programei eta horietan gerta litezkeen aldaketei buruzko jarraipena, egiaztapena edo informazio eskaerak egin ahal izateko.

g) Elkarte onuradunak emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, zehazki, laguntzarik gabe gelditu direnei aurrekontuan krediturik ez izateagatik, lortutako balorazioaren arabera, edo, halako proiekturik ez badago, onuradun atera diren beste proiektuen artean hainbanatuko da.

h) Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, baldin eta gardentasun betebeharra bete behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

i) Eskaeran eta dirulaguntzaren justifikazioan beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia sortzea eta entregatzea.

j) Aurkeztutako eta onartutako jardueren aurrekontuaren %100 justifikatzea, emandako dirulaguntzak estaltzen duen ehunekoa edozein dela ere.

k) Honako hauek aurreikusten dituzten arauei jarraitzea: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

l) Adingabearen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoan haurrak eta nerabeak babesteko aurreikusitako neurriak betetzea (lege organiko hori Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka erabat babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren eraginpean dago). Lege horren 57. artikuluan jasota dago ziurtagiri negatiboa lortu behar dela Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralean, adingabeekin ohiko harremana eskatzen duten lanbide, ofizio eta jardueretan sarbidea izateko.

m) Diruz lagundutako ekintzak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen, kasu guztietan.

17.–Dirulaguntzak itzultzea.

17.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

17.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, jarduerak ez badira garatzen aurkeztutako proiektu proposamenean ezarritako baldintzak betez, edo entitateak nahiz entitate taldeak berak aurkeztutako deskribapenetik aldentzen badira, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da ordaindu edo itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

Lankidetzaren modalitatean bi elkartek batera proiektua aurkeztu, eta haietako batek ez baditu guztiz betetzen jarduerak, baina, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, horrek ez badakar proiektuaren ez-betetze erabatekoa, banakako modalitateko dirulaguntzen baldintzak aplikatuko dira espedientea izapidetzeko.

17.3. Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

18.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin ere.

20.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea. Argibide gehiago jasotzeko: https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf.

21.–Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–2023. urtean Pirinioetako Planaren lurralde eremuan ekintzak egiten dituzten elkarteei zuzendutako norgehiagoka bidezko dirulaguntzen deialdian banakako eskaerak aurkezteko inprimakia.

II. eranskina.–2023. urtean Pirinioetako Planaren lurralde eremuan ekintzak egiten dituzten elkarteei zuzendutako norgehiagoka bidezko dirulaguntzen deialdian lankidetza bidezko eskaerak aurkezteko inprimakia.

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko.

IV. eranskina.–Proiektuaren amaierako memoria eta gastuen justifikazioa.

V. eranskina.–Justifikazio kontua.

VI. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen gaineko adierazpena.

Deskargatu I.-VI. bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2217513