13. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

272/2022 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (desagertzera doana) Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdia onartzen da ebazpen horren bidez, baita deialdi horren ondorengo prozedura irekia ere, 2026ko urtarrilaren 19ra arte Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidego horretan sartzea eskatzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, zazpigarren xedapen gehigarrian, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez eginiko aldaketen ondoren idatzita geratu den moduan, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertuko dela adierazten du. Hezkuntzari buruzko lege berak, hamaikagarren xedapen gehigarrian, lehen atalean (Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak onartutako erredakzioaren arabera) Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzen ditu desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak, baldin eta xedapen horretan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

800/2022 Errege Dekretuak, urriaren 4koak, desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzea arautzen du, eta, horrez gain, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleei buruzko zenbait errege dekretu aldatzen ditu, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen gehigarrian jasotakoa betearazten du eta desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko prozeduraren oinarrizko araudia zehazten du, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian eta aipatutako abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritako gaikuntzaz baliatuta.

Araudi hori betez, deialdia onartzen da, desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek, betiere aipatutako arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko eskaera egin ahal izan dezaten. Era berean, 2026ko urtarrilaren 19ra arteko prozedura irekia ere arautzen da, horren bidez baldintzak betetzen dituzten irakasleek Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko eskaera egin ahal izan dezaten, data horretara arte.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko deialdiaren oinarriak onartzea.

2. 2026ko urtarrilaren 19ra arteko prozedura irekia onartzea, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzea eskatzeko.

3. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko Langileen Atalera eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusira.

I. TITULUA

Desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko langileak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Arau orokorrak.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko langileak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdia onartzen da.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

1. Desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko langile funtzionarioek deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, beti ere baldintza hauek betetzen badituzte:

–Desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoak izatea, eta organikoki Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura atxikita egotea.

–Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

–Honako tituluren bat izatea edo eskuratzeko bidean izatea: unibertsitateko gradua, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo irakaskuntza funtzioan jardun ahal izateko beste titulu baliokideren bat; edota Bigarren Hezkuntzako irakasle kidegoko espezialitateetan irakaskuntzan jardun ahal izateko titulu baliokideren bat (unibertsitate diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa).

2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira oinarri honetan aipatzen diren baldintza eta betekizun guztiak.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabide telematikoa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Parte hartzeko eskaerak nahitaez telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, deialdiari dagokion atalean. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Titulazio akademikoaren kopia, edo, horrela badagokio, deialdia egin duen administrazioari berariazko baimena Unibertsitate Titulu Ofizialen Erregistro Nazionalean kontsulta egin dezan.

b) Ziurtagiri akademikoa, egiaztatuko duena titulua eskuratzeko beharrezkoak diren ikasketa guztiak eginak dituela, eta, horrekin batera, titulua igortzeko tasen ordainagiria.

Titulua atzerrian eskuratu bada, eskaneatutako kopia ez ezik, titulua homologatuta edo onartuta dagoela edo baldintzen artean eskatzen diren titulazioen maila akademiko berekoa dela egiaztatzen duen agiriaren kopia ere aurkeztu beharko da.

2. Gaztelaniara edo euskarara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik, eta zinpeko itzultzaileek egindako itzulpenak izan beharko dira, eta jatorrizko agiriarekin batera aurkeztuko dira.

3. Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

4. Dokumentazio hori aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako batek ez dituela betetzen eskatzen diren betebeharrak, haren jarduerak baliogabetuko dira, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Prozeduraren instrukzioa.

1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartutako langile funtzionarioen eta deialditik kanpo geratutako langileen behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta eskatutako betekizunak egiaztatu ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, ebazpen bidez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartuko diren langile funtzionarioen behin-behineko zerrendak onartuko ditu, eta zerrenda horretan adieraziko ditu honako hauek: interesatuak zer espezialitatetan eta hizkuntzatan eta zer datatan sartzen diren Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan. Espezialitatea eta hizkuntza bat etorriko dira, ezinbestean, jatorrizko kidegoan zituztenekin. Era berean, deialditik kanpo geratu diren langileen zerrenda ere argitaratu da, kanpoan uzteko arrazoia adierazita.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren web-orrian, deialdiaren atalean, emanen ditu argitara zerrenda horiek.

Ebazpen hori argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Interesdunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua edo ez onartua izatea eragin duen akatsa zuzentzeko. Era berean, beren identifikazio datuetan akatsak izan direla ohartu direnek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak hirugarren oinarriaren 1. idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.

Akatsak zuzentzeko emandako epea bukatutakoan, ebazpen bat argitaratuko da webgunean, eta haren bidez ulertuko da eskatutakoan atzera egin dutela aurkeztutako eskaera epe barruan zuzendu ez duten izangaiek.

2. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartutako langile funtzionarioen eta deialditik kanpo geratutako langileen behin betiko zerrendak.

Erreklamazio eta/edo zuzenketa epe hori iraganik, bide beretik argitaratuko da Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendekin. Onartuen kasuan, haien espezialitatea eta hizkuntza adieraziko dira zerrenda horretan. Erreklamazioen eta zuzenketen akta ere jasoko da ebazpenarekin batera.

Ebazpen hori argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

3. Behin betiko zerrendak argitara eman ondoren, ikusten baldin bada izangaiek baldintzen bat ez dutela betetzen, prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte pertsona horiek.

4. Eskabideak aurkeztu ondoren eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, ebazpena emanen da, gehienez ere sei hilabeteko epean, izangaiak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzea onartzeko edo ez onartzeko.

Seigarrena.–Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzearen ondorioak.

1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eskabidea deialdi honetan ezarritako epean aurkeztu bada eta onartua izan bada, ebazpen horrek 2021eko urtarrilaren 19tik aurrera izanen ditu ondorioak, data horretan deialdi honen bigarren oinarrian ezarritako titulazio akademikoaren betekizunak betetzen dituzten langile funtzionarioen kasuan.

2. Desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan 2021eko urtarrilaren 19a baino geroago sartu diren irakasleen kasuan, ebazpena aldekoa izan bada –hau da, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eskabidea onartua izan bada–, deialdi honetan ezarritako prozedurarekin bat etorriz, hauxe hartuko da Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko datatzat, ondorioak izateko: desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan karrerako funtzionario izendatu zuten data.

3. Aurreko bi baldintzetan xedatutakoa alde batera utzi gabe, titulazio akademikoaren baldintza horiek 2021eko urtarrilaren 19aren ondoren soilik betetzen dituzten langile funtzionarioen kasuan, irakasleek titulazioren baldintza hori betetzen duten datatik aurrera izanen ditu ondorioak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko aldeko ebazpenak. Kasu hauetarako, bigarren oinarrian aipatutako titulu akademikoak igortzeko eskabidearen data hartuko da titulazioaren baldintza hori betetzat emateko datatzat.

Zazpigarrena.–Errekurtsoak.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren behin betiko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

II. TITULUA

Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoan
sartzea eskatzeko prozedura irekiaren oinarriak

Lehena.–Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoan sartzeko prozedura irekia.

1. Desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko langileek, ebazpen honetako laugarren oinarrian ezarritako epea bukatu eta gero betetzen badituzte I. tituluko bigarren oinarrian ezarritako baldintzak, edo ez badute kidegoan sartzeko eskaerarik egin epe horren barnean, gerora egiten ahalko dute eskaera Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuan.

2. Aurreko atalean aipatutako irakasleek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea egiterakoan:

–Desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoak izatea, eta organikoki Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura atxikita egotea.

–Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

–Honako tituluren bat izatea: unibertsitateko gradua, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo irakaskuntzan jardun ahal izateko beste titulu baliokideren bat; edota Bigarren Hezkuntzako irakasle kidegoko espezialitateetan irakaskuntzan jardun ahal izateko titulu baliokideren bat (unibertsitate diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa).

Bigarrena.–Parte hartzeko eskabide telematikoa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak telematikoki egin beharko dira, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez (www.navarra.es), deialdiari dagokion atalean. Eskabidearekin batera, ebazpen honen I. tituluko hirugarren oinarrian adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

Hirugarrena.–Aurkezteko epea.

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eskabidea I. tituluan deialdirako ezarritako epea amaitzen denetik 2026ko urtarrilaren 19ra arte egiten ahalko da, bi data horiek barne direla.

Laugarrena.–Prozeduraren instrukzioa.

1. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, deialdian eskatutako baldintzak egiaztatu ondoren, gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko ditu ebazpenak, eta ebazpenaren berri emanen dio eskatzaileari.

Zerbitzuak ebazten badu eskatzaileak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan ez sartzea, hauek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko, eta, kasua bada, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan ez sartzea eragin duen akatsa zuzendu ahal izateko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren atalean.

Zuzenketa egiteko epea amaituta, eskatzaileak ez badu halakorik aurkeztu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta horren ebazpena jakinaraziko zaio.

2. Erreklamazioak eta/edo zuzenketak egiteko epea igaro ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak, ebazpen bidez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan onartuak izan diren ala ez jakinaraziko die eskatzaileei. Onartuak izan diren eskatzaileen kasuan, ebazpen horretan adieraziko da zer espezialitatetan, hizkuntzatan eta datatan sartuko diren Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan.

3. Ebazpen horren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzearen ondorioak.

Prozedura ireki honetan aurreikusitakoari jarraikiz, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko aldeko ebazpena jaso dutenen kasuan, interesdunak eskaera egin zuen datatik aurrera izanen ditu ondorioak ebazpen horrek.

III. TITULUA

Ebazpen honetako I. eta II. Tituluetarako arau bateratuak

Lehenbizikoa.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari helaraziko dizkio Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartuko diren pertsonen zerrendak, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Bigarrena.–Destino-aldaketa prozeduraren instrukzioak dirauen denboran.

Izan desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasleen kidegoko langileak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdiaren bidez (ebazpen honen I. tituluan onartzen da deialdi hori), izan deialdi horren ondorengo prozedura irekiaren bidez (II. tituluan onartzen da) Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzea eskatu dutenek beste hezkuntza administrazio batera aldatzen badute destinoa instrukzioak dirauen denboran, eskabidea Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak ebatziko du, eta destino-aldaketara arte dagozkion ondorioak betearaziko ditu. Hori eginik, eskatzaileek destino berria zein hezkuntza-administraziotan eskuratu duten aintzat hartuta, administrazio horretara bideratuko ditu espedienteak.

Hirugarrena.–Espezialitate bat baino gehiagoko irakasleak.

Desagertzera doan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan espezialitate bat baino gehiago izan eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzen diren langileek mantendu eginen dute Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa ere espezialitate horietan irakasteko eskumena; hau da, kidego berrian sartzeko datan Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan titular den espezialitateetan irakasteko eskumena.

Laugarrena.–Hezkuntza administrazioan atzerrira destinatutako irakasleak.

1. Deialdia indarrean den denboran hezkuntza-administrazioan atzerrian destinatuta dauden irakasleek deialdian parte hartu nahi badute, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren bidez egin beharko dute, betiere hau bada beren jatorrizko hezkuntza-administrazioa.

2. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak hartuko ditu bere gain irakasle horiei atzerrian egon diren denboraldi horrengatik soilik legozkiekeen eragin ekonomiko eta administratiboen ardurak.

Bosgarrena.–Beste egoera administratibo batzuetan dauden irakasleak.

1. Zerbitzu bereziko edo eszedentzia bereziko egoera administratiboan dauden irakasleek aukera izanen dute integrazio-prozesu honetan parte hartzeko, ebazpen honetan araututakoaren arabera.

2. Integrazioak eragina izanen duen eguna, ebazpen honetan ezarritakoari jarraituz eskabidea egiten den unearen araberakoa izanen da, baina eskatzaileari legozkiokeen eskubide ekonomikoak zehazteko, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24. eta 27. artikuluetan xedatutakoa hartuko da aintzat.

Iruñean, 2022ko abenduaren 19an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

Iragarkiaren kodea: F2217297