11. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

146/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2023. urterako garatzen baita balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua.

Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 68. artikuluak arautzen du araubide berezi erraztuaren edukia, eta ezartzen du erregelamendu bidez garatuko dela.

2020ra arte, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta balio erantsiaren gaineko zergari buruzko araudiek aurreikusten zuten batera eta koordinaturik aplikatzea PFEZaren zenbatespen objektiboa eta BEZaren araubide berezi erraztua, eta horrenbestez, urtero onesten zen bi araubideak garatzeko foru agindua. Nolanahi ere, halaxe xedatzen baitu Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzeko abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legeak, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera kenduta dago pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan etekin garbia zehazteko zenbatespen objektiboaren araubidea. Horregatik, foru agindu honek arautzen du, soilik, nola aplikatu BEZaren araubide erraztua.

Estatuan, azaroaren 29ko HFP/1172/2022 Aginduaren bidez garatu ziren, 2023rako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua.

Nafarroan, PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidea bertan behera utzi ondoren, aipatutako azaroaren 29ko HFP/1172/2022 Aginduaren edukia aplikatu behar da, 2023an, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari dagokionez.

Dena dela, foru agindu honek beharrezko egokitzapenak egiten ditu Estatuko araudia Nafarroan aplikatu ahal izateko.

Hala, 1. artikuluan ezartzen du balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua Nafarroan aplikatuko dela HFP/1172/2022 Aginduaren 1.1 artikuluan jasotako jardueretarako, eta eduki horrekin bat, baina zenbait salbuespen edo argibide eginda.

Lehendabizi, HFP/1172/2022 Aginduaren 1.1 artikuluak 653.2 epigrafea biltzen du araubide erraztua aplikatzen duten jardueren artean: "Material eta tresna elektrikoen, elektronikoen, etxetresna elektrikoen eta argindarra ez den beste energiaren batekin ibiltzen diren etxerako beste tresna batzuen eta sukalderako altzarien txikizkako merkataritza". Bestalde, HFP/1172/2022 Aginduaren 2.1 artikuluak epigrafe bera biltzen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboan sartzeko moduko jarduera gisa, eta, kasu horretan, BEZaren baliokidetasun-errekarguaren araubidea da aplikatzekoa. Argitu behar da, eta horregatik argitzen du foru agindu honek, ezen 653.2 epigrafearen kasuan, BEZaren araubide erraztua aplikatuko zaiola jarduera honi soilik: "Bere jarduerako artikuluen konponketa, 653.2 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariek egina". Hala dago jasota HFP/1172/2022 Aginduaren II. eranskinean ere, non ezartzen baitira balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuko indizeak eta moduluak.

Bestalde, ez dira berdinak maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen lehen ataleko 6. saila (foru lege horren bidez, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea arautzen dira) eta irailaren 28ko 1175/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 6. saila (legegintzako errege dekretu horren bidez, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea onesten dira). Beraz, beharrezkoa da HFP/1172/2022 Aginduaren 1.1 artikuluaren edukia egokitzea Nafarroako EJZri buruzko araudian jasotako epigrafe eta izenetara.

Zehazki, Nafarroan, 673. epigrafea bakarrik dago, "Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak" izenekoa, Estatuko araudian ez bezala, non epigrafea bitan bananduta baitago: 673.1 "Kategoria bereziko kafetegiak eta tabernak" eta 673.2 "Bestelako kafetegiak eta tabernak". Foru agindu honek ezartzen du BEZaren araubide erraztua aplikatuko zaiola 673. epigrafeari ("Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak") eta aplikatzekoak izanen dituela 673.2 epigrafeari dagozkion indizeak eta moduluak.

Bestalde, 675. epigrafea ("Kiosko, kutxa, txosna edo antzeko bertze lokaletako zerbitzuak"), Nafarroako zein estatuko EJZri buruzko araudian, honela deitzen da: "Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokatutako kiosko, kutxa, txosna edo antzeko bertze lokaletako zerbitzuak". Hortaz, komenigarritzat jo da izen zehatza aipatzea, EJZren tarifak arautzen dituen foru araudian jasotzen dena.

Era berean, Nafarroako 681. epigrafeak hau jasotzen du: "Hoteletako ostatu zerbitzuak", baina Estatuko araudian motelak ere barnean hartuta daude; edonola ere, BEZaren araubide erraztua izar batekoei edo bikoei baino ez zaie aplikatuko.

Bukatzeko, 683. epigrafea ("Ostatu eta apopilo-etxeetako ostatu zerbitzua"), Nafarroan, "Landetxeetan ostatua hartzeko zerbitzua" baino ez da.

Bukatzeko, HFP/1172/2022 Aginduaren III. eranskinak arau amankomunak ezartzen ditu jarduera guztietarako, eta, zehazki, 4. eta 5. apartatuek balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak biltzen dituzte. 4. apartatuak jasotzen du, besteak beste, inbertsio-ondasunak eskuratu edo inportatzeagatik 1998ko urtarrilaren 1a baino lehenago jasan edo ordaindutako kuotak erregularizatzeari buruzko araua; Nafarroan, 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen jasan edo ordaindutako kuotei aplikatuko zaie.

5. apartatuan, arautzen da indizeak eta moduluak murrizteko eskatzen ahal dela baldin suteek, uholdeek, hondoratzeek eta abarrek nabarmen aldatzen badute jardueren garapena, eta 30 eguneko epea ezartzen du, fenomeno horiek gertatzen direnetik aurrera, murrizte hori eskatzeko.

Dena dela, ulertzen da 30 eguneko epe hori, oso maiz, ez dela behar adinakoa ohiz kanpoko gertaera horien ondorioak zehazteko. Beraz, 2016tik aurrera finkatutako epeei eusten zaie Nafarroan; hala, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte aurkez daitezke murrizte eskaerak, salbu eta urteko azken hilabetean gertatzen badira kalteak; halakoetan, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkez daiteke eskaera.

Aurreko paragrafoetako ñabardurekin, foru agindu honetan jasotzen dira HFP/1172/2022 Aginduaren III. eranskinean jasotako jarduera guztientzat komunak diren arauak, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, eta araudiko aipamenak egokitzen dira Nafarroako araudira (edukia berdina da estatuko araudian).

Nahiz eta 1. artikuluan adierazten den HFP/1172/2022 Aginduan xedatutakoa aplikatuko dela, eta, beraz, ez litzateke beharrezkoa izanen BEZaren araubide erraztuaren magnitude baztertzaileak zehaztea, 2. artikuluak, segurtasun juridikoa dela-eta, berariaz jasotzen ditu balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren aplikaziotik kanpo uzten diren jarduera bakoitzerako magnitude orokorrak eta espezifikoak, Estatuko araudian jasotako modu berean.

3. artikuluan jasotzen da zer epe eta prozedura dagoen uko egiteko eta errebokatzeak egiteko balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari.

Azkenik, nabarmendu behar da otsailaren 23ko 15/2022 Foru Dekretuak 20 bis artikulua gehitu ziola 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduari, bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen diren subjektu pasiboei kuota kengarriak itzultzea arautzeko. 15/2022 Foru Dekretuak berak aldatu egin zuen araubide erraztuari atxikitako Subjektu pasiboen betebehar formalei buruzko zergaren Erregelamenduaren 29.1 artikulua. Ondorioz, dagoeneko ez da beharrezkoa bi alderdi horiek foru agindu honetan arautzea.

Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko foru araudiak ematen dizkidan gaikuntzengatik, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua 2023rako.

Subjektu pasiboek, azaroaren 29ko HFP/1172/2022 Aginduaren 1.1 artikuluan bildutako jarduerak egiten dituztenean, horretan ezarritakoa aplikatuko dute balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari dagokionez, salbuespen hauekin:

1. 653.2 epigrafean ("Material eta tresna elektrikoen, elektronikoen, etxetresna elektrikoen eta argindarra ez den beste energiaren batekin ibiltzen diren etxerako beste tresna batzuen eta sukalderako altzarien txikizkako merkataritza"), BEZaren araubide erraztua aplikatuko da honengatik: "Bere jarduerako artikuluen konponketa, 653.2 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariek egina."

2. 673. epigrafeak ("Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak") 673.1 epigrafea ("Kategoria bereziko kafetegiak eta tabernak") eta 673.2 epigrafea (Bestelako kafetegiak eta tabernak") ordeztuko ditu.

Honako hauek izanen dira 673. epigrafeari ("Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak") dagozkion indizeak eta moduluak:

JARDUERA: KAFETEGI ETA TABERNETAKO ZERBITZUAK

EJZko EPIGRAFEA: 673

MODULUA

DEFINIZIOA

UNITATEA

URTEKO KUOTA UNITATE BAKOITZEKO
(eurotan)

1

Enplegatutako langileak

Langilea

2.577,52

2

Potentzia elektrikoa

kW kontratatua

47,83

3

Mahaiak

Mahaia

56,69

4

Barraren luzera

Metroa

62,89

5

"A" motako makinak

"A" motako makina

177,15

6

"B" motako makinak

"B" motako makina

655,45

7

Loterien eta kirol apustuetarako makinen komisioen zenbatekoa

Euroak

0,21

–Eragiketa arrunten gutxieneko kuota: eragiketa arruntengatik sortutako kuotaren %6.

–Oharra: aurreko zeinu eta moduluak aplikatu ondoan suertatzen den kuotaren barnean, nolanahi ere, hauetatik ateratzen den etekina ere sartzen da: billarra, mahai-futbola, dardoak eta horrelako josteta makinak, zinta, bideo, compact-disc direlakoen erakustokiak, bolak saltzeko makinak, haurrentzako josteta makinak, compact-discak eta bideo musikalak irakurtzeko makinak, loteriak, kirol apustuen makinak eta telefonoa erabiltzeko zerbitzua, jarduera horiek jarduera nagusiaren osagarri bezala egiten badira.

%2koa izanen da hiruhilekoko konturako diru-sarrera kalkulatzeko aplikatu beharreko portzentajea.

3. Hauxe izanen da 675. epigrafearen izena: "Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak".

4. Hauxe izanen da 681. epigrafearen izena: "Izar bateko edo biko hoteletako ostatu zerbitzua".

5. Hauxe izanen da 683. epigrafearen izena: "Landetxeetan ostatu hartzeko zerbitzua".

6. Honako honek ordeztuko du HFP/1172/2022 Aginduaren III. eranskineko ("Jarduera guztietarako arauak") edukia, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez:

a) Araubide erraztuaren ondoriozko kuota handitu beharko da, zenbateko kuotak sortu diren Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B artikuluak aipatzen dituen eragiketengatik, horrenbeste; eta murrizten ahalko da, zenbateko kuotak jasan edo ordaindu diren jarduera garatzeko aktibo finkoen eskurapen edo inportazioagatik, horrenbeste. Ondorio horietarako, aktibo finkotzat hartzen dira ibilgetuko elementuak eta, bereziki, erosteko aukera duten finantza errentamenduko kontratuez baliatuz edukitakoak, erosteko aukera loteslea izan nahiz ez.

Tributuaren sorrerako hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioan jaso beharko dira 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B artikuluan zehaztutako eragiketei dagozkien kuotak (ondasunen Europar Batasunaren barneko eskurapenak, subjektu pasiboaren inbertsioa duten eskurapenak eta aktibo finkoen eskualdaketak). Nolanahi ere, subjektu pasiboak kuota horiek likidatzen ahalko ditu ekitaldiko azken likidazio aldiari dagokion aitorpen-likidazioan.

Aktibo finkoen eskurapen edo inportazioagatik jasan edo ordaindutako kuotak kendu ahal izanen dira, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritako arau orokorrekin, haiek jasan edo ordaindu diren likidazio aldiari dagokion aitorpen-likidazioan edo hurrengoetan, artikulu hartan ezarritako mugekin. Halere, subjektu pasiboak ekitaldiko azken zergaldiko aitorpen-likidazioan likidatzen dituenean aktibo finkoen Europar Batasunaren barruko eskurapenei dagozkien kuotak, edo aktibo horien eskurapenei dagozkienak, subjektu pasiboaren inbertsioa tarteko, kuota horien kenkaria ezin izanen da egin kuotak likidatzeko egiten den aitorpen-likidazioa baino lehenagoko batean.

Ekitaldiko azken hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioan, halaber, erregularizatzen ahalko da, kasua bada, araubide erraztuari atxikitako jarduerei lotutako inbertsio ondasunen eskurapen edo inportazioagatik 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen jasan edo ordaindutako kuoten kenkaria, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 53. artikuluan xedatutakoarekin, baldin eta agindu horretan zehaztutako erregularizazio aldia iragan ez bada. Ondorio horietarako, ulertuko da zero dela araubide erraztuaren menpeko jardueren kenkarirako hainbanaketa 2021eko urtarrilaren 1era arte, salbu eta 2021eko urtarrilaren 1era arte araubidetik baztertutako higiezin, ontzi eta aktibo immaterialen eskurapen edo inportazioagatik jasan edo ordaindutako kuotei dagokienez.

b) Araubide erraztua aplikatu behar zaien enpresa jardueretan suterik, uholderik, hondoratzerik edo ekipo industrial horietan matxura handirik edo gisako ohiz kanpoko inguruabarrik gertatzen bada eta horrek jarduerari gorabehera larriak ekartzen badizkio, ohiz kanpoko gorabehera horiek direla-eta indize edo moduluak murriztea nahi dutenek zerga arloko eskumena duen departamentuari eskatzen ahalko diote urte bakoitzeko abenduaren 31 arte, eta, aldi berean, bidezkoak iruditzen zaizkien frogak aurkeztuko dituzte. Gorabeherak urteko azken hilabetean gertatuz gero, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkezten ahalko da eskaera.

Eraginkortasuna egiaztatu ondoren, Zerga Kudeatzeko Atalak indizeen edo moduluen murriztapena erabaki dezake, eta aplikagarri izanen den aldia zehaztu.

Gainera, aurreko paragrafoetan adierazitako prozedura berari jarraikiz, zilegi izanen da indizeen edo moduluen murriztapena eskatzea jardueraren titularra aldi baterako ezintasun egoeran edo jarduteko legez desgaiturik egon bada 30 egun natural baino gehiago jarraian, eta, betiere, bi kasuotan, beste enplegatu bat ez badauka. Horixe bera eskatzen ahalko da jarduera geldiarazten bada ezinbesteko arrazoiengatik ondoz ondoko 30 egun natural baino gehiago. Aurreko kasuetan, murriztapena eskatzeko, 30 egun naturaleko epea izanen da, adierazitako egoera horietako batean 30 egun natural jarraituko epea igaro eta biharamunetik hasita.

2. artikulua. Magnitude baztertzaileak.

Bat etorriz Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 37/1992 Legearen 122.Bi artikuluan eta hamahirugarren xedapen iragankorrean eta HFP/1172/2022 Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoarekin, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua ez zaie aplikatuko magnitude hauek gainditzen dituzten jarduerei edo jarduera sektoreei:

a) Jarduera guztiei aplikatuko zaien magnitudea, nekazaritzakoei, abeltzaintzakoei eta basogintzakoei izan ezik: 250.000 euroko urteko diru-sarreren bolumena.

Ondorio horietarako, eragiketa guztiak konputatuko dira, faktura egiteko betebeharra dagoen ala ez alde batera utzita, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Aurreko urtean jardueraren bat hasi bada, diru-sarreren bolumena urte osoaren araberakoa izanen da..

b) Nekazaritzako, basogintzako eta abeltzaintzako jarduera guztietarako diru-sarreren bolumenaren araberako magnitudea:

–250.000 euroko urteko diru-sarreren bolumena, jarduera hauetan:

  • "Abeltzaintza independentea".
  • "Azienda hazi, zaindu eta gizentzeko zerbitzuak".
  • "Nekazariek eta abeltzainek egindako bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarriak, betiere balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezitik kanpo badaude edo hor ez badaude".
  • "Basogintzako jardueren titularrek egindako bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarriak, betiere balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezitik kanpo badaude edo hor ez badaude".
  • "Apartzeria-araubidean gauzatzen diren nekazaritzako jardueretan, lagatzaileari dagozkion aprobetxamenduak".
  • "Apartzeria araubideko basogintzako jardueretan, lagatzaileari dagozkion aprobetxamenduak".
  • "Balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezian sarturik egon daitezkeen nekazaritzako nahiz abeltzaintzako jarduerak".
  • "Balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezian sar daitekeen basogintzako jarduera".
  • "Produktu natural, begetal edo animalia-produktuen transformazio-, elaborazio- edo manufaktura-prozesuak, baldin eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetan jarduera industrialei dagokien epigrafeetako batean alta emanda egotera behartuta badaude eta prozesuok egiten dituztenak badira produktu natural horiek zuzenean lortzen diren ustiategien titularrak".

Ondorio horietarako, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 29.1.c) eta 36.1 artikuluetan aurreikusitako erregistro liburuetan jaso beharreko eragiketak bakarrik konputatuko dira.

Letra honen aurreko paragrafoetan adierazitakoa alde batera utzi gabe, HFP/1172/2022 Foru Aginduaren 1. artikuluan agertzen diren "Nekazariek eta abeltzainek egindako bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarriak, baldin eta balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezitik kanpo badaude edo hor ez badaude" eta "Basogintzako jardueretako titularrek egiten dituzten bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarriak, baldin eta balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezitik kanpo badaude edo hor ez badaude" jarduerak balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuaren mende egonen dira bakar-bakarrik baldin eta horiei egozten ahal zaien guztizko diru-sarreren bolumena txikiagoa bada nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jarduera nagusiei dagokiena baino.

Aurreko urtean jardueraren bat hasi bada, diru-sarreren bolumena urte osoaren araberakoa izanen da.

a) eta b) letretan xedatutakoaren ondorioetarako, diru-sarreren bolumenak aipatutako jarduera horietan guztietan lortutako sarrera guztiak hartuko ditu barne, eta horien artean ez dira konputatuko dirulaguntza arruntak edo kapitalekoak, ez eta kalte-ordainak ere, ezta balio erantsiaren gaineko zerga eta, hala badagokio, eragiketa zergapetzen duen baliokidetasun-errekargua ere, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren bidez zergak ordaintzen dituzten jardueretarako.

c) Magnitudea ondasunen eta zerbitzuen erosketa bolumenaren arabera:

–250.000 euro urtean, garatutako jarduera ekonomiko guztietarako. Muga horren barruan, azpikontratatutako obrak eta zerbitzuak hartuko dira kontuan, eta ibilgetuaren erosketak kanpoan utziko dira.

Aurreko urtean jardueraren bat hasi bada, erosketen bolumena urte osoaren araberakoa izanen da..

d) Magnitude espezifikoak:

JARDUERA EKONOMIKOA

MAGNITUDEA

Ogiaren eta opilen industriak.

6 enplegatu

Ogiaren, opilen eta galleten industriak.

6 enplegatu

Ore frijituak prestatzeko industriak.

6 enplegatu

Patata frijituak, arto krispetak eta antzekoak prestatzea.

6 enplegatu

Txikizkako harakinek urdaitegiko produktuak prestatzea.

5 enplegatu

642.5 epigrafean oilaskoak erretzeagatik matrikulaturiko txikizkako merkatariak.

4 enplegatu

Ogiaren, pastelen, gozokien eta antzekoen eta esne eta esnekien txikizkako merkataritza.

6 enplegatu

Ogiaren, ogi berezien eta opilen saltokiak.

6 enplegatu

Pastel, opil eta gozogintzako gaien txikizkako merkataritza.

6 enplegatu

Ore frijituen (estalkia edo betegarria izan ala ez), patata frijituen, zizka-mizken, fruitu lehorren, gozokien, txokolatekien eta edari freskagarrien txikizkako merkataritza.

6 enplegatu

Loteriak merkaturatzeko zerbitzuagatik 647.1 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariak.

5 enplegatu

Loteriak merkaturatzeko zerbitzuagatik 647.2 eta 647.3 epigrafeetan matrikulatutako txikizkako merkatariak.

4 enplegatu

Loteriak merkaturatzeko zerbitzuagatik 652.2 eta 647.3 epigrafeetan matrikulatutako txikizkako merkatariak.

4 enplegatu

Bere jarduerako artikuluen konponketak, 653.2 epigrafean matrikulaturiko txikizkako merkatariek eginak.

3 enplegatu

Eraikuntzako materialen, saneamenduko gauza eta altzarien, ateen, leihoen, pertsianen eta abarren txikizkako merkataritza.

3 enplegatu

Lurreko ibilgailuetarako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

4 enplegatu

Edonolako makineriaren txikizkako merkataritza (salbu eta etxerako tresnak, bulegokoak, gailu medikoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak).

3 enplegatu

Mota guztietako ibilgailuetarako gurpil-estalki, banda edo bandajeen eta aire ganberen txikizkako merkataritza.

4 enplegatu

Txikizkako saltzaileak, 659.3 epigrafean matrikulatuta daudenak, negatiboak eta inprimatutako bestelako material fotografikoa biltzeagatik, hirugarrenen laborategian prozesatzeagatik eta kopiak nahiz handitzeak dagokionari entregatzeagatik.

3 enplegatu

Txikizkako saltzaileak, 659.4 epigrafean matrikulatuta daudenak, kanpoko publizitate-zerbitzuagatik eta garraio publikoaren txartelak, telefono txartelak, antzekoak eta loteria merkaturatzeagatik, salbu bide publikoan kokaturiko kioskoetan daudenak.

3 enplegatu

Txikizkako saltzaileak, 659.4 epigrafean matrikulatuta daudenak, kanpoko publizitate-zerbitzuagatik eta garraio publikoaren txartelak, telefono txartelak, antzekoak eta loteria merkaturatzeagatik, bide publikoan kokaturiko kioskoetan badaude.

2 enplegatu

Loteriak merkaturatzeko zerbitzuagatik 662.2 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariak.

3 enplegatu

Saltegi iraunkor batetik kanpora, aritzen direnak ore frijituen (estalkia edo betegarria izan ala ez), patata frijituen, zizka-mizken, fruitu lehorren, gozokien, txokolatekien eta edari freskagarrien txikizkako merkataritzan baizik ez, betiere baimena badute instalazioan edo ibilgailuan bertan bere produktuak (txurroak eta patata frijituak) prestatzeko.

2 enplegatu

Bi sardexkako jatetxeak.

10 enplegatu

Sardexka bateko jatetxeak.

10 enplegatu

Kafetegiak.

8 enplegatu

Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak.

8 enplegatu

Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak.

3 enplegatu

Txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak.

3 enplegatu

Izar bateko edo biko hoteletako ostatu zerbitzua.

10 enplegatu

Hostal eta ostatu-etxeetako ostatu zerbitzua.

8 enplegatu

Landetxeetako ostatu zerbitzua.

8 enplegatu

Etxerako tresna elektrikoen konponketa.

3 enplegatu

Automobilen, bizikleten eta beste ibilgailu batzuen konponketa.

5 enplegatu

Oinetakoen konponketa.

2 enplegatu

B.p.s.g.ko beste kontsumo-ondasun batzuen konponketa (salbu oinetakoen konponketa eta artelanen, altzarien, antigoalekoen eta musika tresnen zaharberritzea).

2 enplegatu

Industriako makinen konponketa.

2 enplegatu

B.p.s.g.ko beste konponketa batzuk.

2 enplegatu

Hirietako garraio kolektiboa eta bidaiarien errepide bidezko garraioa.

5 ibilgailu, urteko edozein egunetan

Autotaxi bidezko garraioa.

3 ibilgailu, urteko edozein egunetan

Salgaien errepideko garraioa.

4 ibilgailu, urteko edozein egunetan

Ibilgailuak koipeztatu eta garbitzea.

5 enplegatu

Aldaira zerbitzuak.

4 ibilgailu, urteko edozein egunetan

Mezuen eta mandatuen garraioa, jarduera hori bakar-bakarrik norberaren garraiobideekin egiten denean.

5 ibilgailu, urteko edozein egunetan

Lurreko eta uretako ibilgailuak, ibilgailu aeronautikoak eta abar gidatzen irakastea.

4 enplegatu

Irakaskuntzako beste jarduera batzuk, hala nola hizkuntzak, ebaketa eta jantzigintza, mekanografia, takigrafia, azterketak eta oposizioak prestatzea eta beste inon sailkatu gabeko antzeko jarduerak.

5 enplegatu

Kiroletan trebatzeko eskolak eta zerbitzuak.

3 enplegatu

Egindako arropen eta etxerako arropa eta tresna erabilien tindaketa, lehorreko garbiketa, garbiketa eta lisaketa.

4 enplegatu

Emakume eta gizonendako ile-apaindegi zerbitzuak.

6 enplegatu

Edergintzako areto eta institutuak.

6 enplegatu

Fotokopiagailuekin dokumentuak kopiatzeko zerbitzuak.

4 enplegatu

Araubide erraztuan sartzea zehazten duen magnitudea konputatzeko, jarduera nagusia eta araubideko edozein jarduera osagarri garatzeko erabiltzen diren enplegatuak edo ibilgailuak hartuko dira kontuan, HFP/1172/2022 Aginduaren 1.2 artikuluaren arabera.

Enplegatuen kopurua zehaztuko da aurreko urtean jardunean ibilitako aldiari dagokion batez besteko haztatuaren arabera.

Enplegatuak soldatapekoak ez direnak eta soldatapekoak izanen dira. Batez besteko haztatua zehaztu ahal izateko, arau hauek baizik ez dira aplikatuko:

–Aurreko urtean jardunean aritutako aldian lan egindako ordu kopurua bakarrik hartuko da kontuan.

–Soldatarik gabeko langiletzat hartuko da urtean gutxienez 1.800 ordu lanean ematen dituena. Urteko lanorduen kopurua 1.800 baino txikiagoa bada, soldata gabeko langilearen zenbatekoa ateratzeko, urtean egiazki lan egindako ordu kopuruaren eta 1.800 orduren arteko proportzioa kalkulatuko da.

–Dena dela, enpresaburua soldatarik gabeko langile gisa konputatuko da. Frogatzen ahal bada, arrazoi objektiboak direla kausa (erretiratuta egoteagatik, ezinduta, lan bat baino gehiago izateagatik edo ustiapena aldi baterako itxita egoteagatik), urtean 1.800 ordu baino gutxiago aritzen dela lanean, jardueran benetan emandako denbora konputatuko da. Kasu horietan, jardueraren zuzendaritza, antolaketa eta plangintza lanak kuantifikatzeko eta, oro har, jardueraren titulartasunak berarekin dituen lanak zenbatzeko, enpresaburua 0,25 langile/urte indizea aplikatuta kontatuko da, non ez den frogatzen dedikazio efektibo handiagoa edo txikiagoa izan duela.

–Soldatako langiletzat hartuko da behar den lan hitzarmenean langile bakoitzarentzat ezarritako urteko ordu kopurua edo, horrelakorik izan ezean, urtean 1.800 ordu lan egiten duena. Urteko orduen kopurua txikiagoa edo handiagoa bada, soldatako langileen kopurua aterako da urtean egiazki lan egindako ordu kopuruaren eta lan hitzarmenean finkaturiko ordu kopuruaren arteko proportzioan, eta horrelakorik izan ezean, 1.800.

Jardueran aritzen den lehenengo urtean, jarduera hastean enplegaturik dauden langileen edo ibilgailuen kopurua hartuko da kontuan.

Urte natural batean letra honetan adierazitako magnitudeak gainditzen badira, hurrengo urtetik aurrera subjektu pasiboa balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztutik edo nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubidetik kanpo geratuko da, jarduera horiengatik aplikagarriak direnean.

3. artikulua. Uko egiteak eta errebokatzeak.

1. Araubide berezi erraztua 2023. urtean aplikatzeari uko egiteko epea, baita ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko hori errebokatzekoa ere, hasiko da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2023ko martxoaren 31n.

Dena dela, Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren paragrafoari jarraikiz, uko egin zaiola ulertuko da, orobat, baldin eta araubide orokorra aplikatuz eta dagokion epearen barruan aurkezten bada ondorioak sortuko dituen urte naturalaren lehen hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioa. Jarduera hasia bada, uko egin diola ulertuko da, halaber, jarduera hasi ondoren subjektu pasiboak aurkeztu behar duen lehenbiziko aitorpena aurkezten bada araubide orokorra aplikatuz dagokion epearen barruan.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren paragrafoan ezarritakoa kenduta, ukoak eta errebokatzeak tributuen arloan eskumena duen departamentuak horretarako onetsitako F-65 eredua betez eginen dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023. urterako izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2217889