11. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

145/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariarena, zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 25. artikuluak –uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen– ezartzen du zorrak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimentzen duen edozein bide erabiliz ordaintzen ahalko direla.

Ordaintzeko orduan banku transferentzia oso erabilia izateak, Europako sektore mailako araudiak (260/2012 Erregelamendua, SEPA) eta egoiliarrak ez diren ordaintzaile potentzialen kopuru handia duten zerga berrien balizko sorrerak direla-eta, oso komenigarria da ordainketa bide hori erabiltzea eta arautzea foru eskumenen eremuan.

Tradizioz, transferentziak, ordaintzeko bide gisa, zailtasun eta zeregin gehigarriak ekarri dizkio Tributu Administrazioari, bide horretatik jasotako diru-sarrerekin batera informazio mugatua eta urria ematen delako. Baldintza horietan, izugarri zailtzen zen jasotako diru-sarrerak behar bezala aplikatzea bai ordaintzeko betebeharrari bai betebeharpekoari.

Foru agindu honen bidez, diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen entitate batean kontu bat dutenei ordainbide berri bat eskaintzeaz gain, zorren ordainketa erraztuko da, hori egin nahi duena atzerrian dagoenean, eta entitate laguntzaile horietan konturik izan gabe ere ordainketa egitea ahalbidetuko die.

Horregatik guztiagatik, beharrezko baldintzak zehaztu behar dira, ordainketa jasotzeko ez ezik, ordainketak behar besteko informazioa ekar dezan ere, hura behar bezala identifikatzeko, lehenik, eta aplikatzeko, ondoren. Esperientziak erakutsi duenez, berariazko prozedurak ezarri behar dira ordainbide honetarako, arazo horiek konpondu ahal izateko. Foru agindu honetan zehazten dira diru-sarrerak banku transferentzia bidez jasotzeko baldintzak. Transferentzia horiek, ezinbestean, lotuta egon beharko dira Nafarroako Foru Ogasunari informazioa ematearekin eta horiek Nafarroako Ogasun Publikoaren kontuetara bideratzearekin.

Zerbitzu hori ematen duen entitateak kontraprestazio bat jaso ahal izatea aurreikusi da, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen arabera. Izan ere, gure inguruko tributu administrazioen esperientziaren arabera, gaur egun finantza entitateek ez dute interesik administrazio horien berezko transferentzia sistema teknologiko bati atxikitzeko, doan.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Foru agindu honen xedea da prozedura eta baldintzak ezartzea, unean-unean indarrean dagoen araudiaren arabera telematika bidez ordaintzen ahal diren zorrak banku transferentzia bidez ordaintzeko; transferentzia horiek Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duten entitateetan irekitako kontuetara egin beharko dira.

Foru agindu hau honako hauei dagozkien ordainketei aplikatuko zaie:

a) Telematika bidez aurkeztutako autolikidazioen ondoriozko zorrak. Foru agindu honetan xedatutako prozeduraren araberako autolikidazioen ordainketa transferentzia bidez egiteko, aldez aurretik eta nahitaez autolikidazioa aurkeztu behar da, telematikaz, edo horren zirriborroa, aurkeztu aurretik ordaintzea eskatzen duten tributuen kasuan. Horretarako, foru agindu honetan xedatuta dauden baldintzetan "Transferentzia bidezko ordainketa" ordainbidea aukeratu behar da Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

Nolanahi ere, prozeduratik salbuetsita daude autolikidazio hauek:

–Zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia. Aitorpen-likidazioa (576 eredua).

–Jokoaren administrazio kudeaketagatiko tasak (J-10, J-20, J-40, J-50 eta 763 ereduak).

–Finantza transakzioen gaineko zerga, diru-sarrera baloreen gordailuzain zentralak egiten duenean.

b) Tributu Administrazioak egindako likidazioen ondoriozko zorrak eta zehapenak.

2. artikulua. Ordainketaren data.

1. Transferentziarako adierazitako kontuan dagokion zenbatekoa sartzen den egunean hartuko da ordaindutzat, eta, une horretatik aurrera, betebeharpekoa sartutako zenbatekoa Ogasun Publikoari ordaintzetik libre geratuko da.

Aurrekoa gorabehera, tributuak autolikidazioa aurkeztu ahal izateko aldez aurreko ordainketa eskatzen duen kasuetan, ez da ordaintzetik libre geratuko, baldin eta ordainketa ez bada autolikidazioaren guztizko zenbatekoa.

2. "Transferentzia bidezko ordainketa" modalitatea hautatzean, berariaz ohartaraziko da agindu-emaileak aukeratutako entitateari eman behar zaiola ordainketa agindua eta ordainketa data transferentziarako kontuan egindako ordainketarena izanen dela.

3. artikulua. Entitate laguntzaileak foru agindu honetan ezarritako baldintzei atxikitzea.

Diru-bilketan parte hartzen duten entitateek, hala nahi badute, foru agindu honetan araututako prozedurari atxikitzeko eskatzen ahalko diote Diru-bilketa Zerbitzuari, eta bertan xedatutako baldintzak beteko dituztela onartu beharko dute.

Entitateak, Tributu Administrazioari kontuak (zeinetan eginen diren transferentziak) kudeatzeko zerbitzua ematen dionak, kontraprestazio bat jasotzen ahalko du, aplikatzekoa den kontratazio publikoari buruzko araudiaren arabera.

4. artikulua. Prozedura.

1. Transferentzia bidezko ordainketa prozedura gauzatzeko, zordunak transferentzia aginduko du Nafarroako Foru Ogasuneko zerbitzu telematikoek tributu betebehar bakoitzerako emandako kontu zenbakira. Horretarako, ordainketa prozedura honi atxikitako entitateek, aldez aurretik, Diru-bilketa Zerbitzuari emanen diote kontuen identifikatzailea, zeinetara aginduko duten zordunek transferentzia. Zordunei emandako kontuetan egindako ordainketak egunero sartuko dira Nafarroako Foru Komunitateak berariaz horretarako finantza entitate laguntzaile bakoitzean irekitako kontu korrontean.

Egunero, prozedura honi atxikitako entitateak, fitxategiak transmititzeko EDITRAN sistemaren bidez, fitxategi informatiko bat bidaliko du transferentzia bidez jasotako kobrantzen xehetasunekin, Espainiako kreditu erakundeek beren elkarteen bidez –Espainiako Banku Elkartea (AEB), Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa (CECA) eta Kreditu Kooperatiben Batasun Nazionala (UNACC)– definitutako 43. arauaren formatuan. Fitxategi horretan, "2. erreferentzia" eremuan, kontuaren identifikatzailea adieraziko da, alegia, zordunak transferentzia egiteko agindutako kontuarena.

2. Transferentzia bidezko ordainketa honela eginen da:

a) Autolikidazioen ondoriozko zorren ordainketak:

Hasteko, behin autolikidazioa bete ondoren –edo zirriborroa, aurkezpena egin aurreko ordainketa eskatzen duten zergen kasuan–, webgunean, ordainketaren azken urratsera iritsitakoan, "Transferentzia bidezko ordainketa" aukera hautatuko da.

Ondoren, webguneak kontu zenbaki bat sortu eta jakinaraziko du, horretan agindu-emaileak zenbatekoa ordaintzeko.

Autolikidazioa aurkeztu ahal izateko aldez aurreko ordainketaren motako tributua bada, soilik autolikidazioaren zenbateko osoaren ordainketak balioko du ordaintzetik libre geratzeko. Transferentziaren zenbatekoa txikiagoa bada, okerreko diru-sarreratzat hartuko da.

b) Tributu Administrazioak egindako likidazioen ondoriozko zorren eta zehapenen ordainketa:

Kasu horietan, agindu-emaileak "Zergen konturako zenbatekoak sartzea (P44 eredua)" izapidea egin beharko du.

Behin eskatutako informazioa beteta eta ordainketaren azken urratsera iritsita, "Transferentzia bidezko ordainketa" aukera hautatuko da.

Ondoren, webguneak kontu zenbaki bat sortu eta jakinaraziko du, horretan agindu-emaileak zenbatekoa ordaintzeko.

3. Entitateak agindu-emaileari kobratzen ahal dizkion kudeaketa gastuak edo komisioak agindu-emailearen kontura izanen dira, eta transferentzia bidez ordaindu beharreko zenbatekotik apartekoak izanen dira.

5. artikulua. Ordainketaren egiaztagiria.

Entitate laguntzaileak transferentzia jaso, haren zenbatekoa aurreko artikuluan zehaztutako kontu korrontean ordaindu eta ordaindutako kontzeptua egiaztatu ondoren, betebeharpekoak, aldez aurretik behar bezala identifikatu ondoren, dagokion ordainagiria eskuratzen ahalko du Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean.

Tributuak eskatzen duenean autolikidazioa aurkeztu ahal izateko aldez aurreko ordainketa, horren ondoriozko guztizko zenbatekoa ordaintzen denean bakarrik emanen da egiaztagiria.

Nolanahi ere, ordainagiri horretan 2. artikuluan aipatutakoa jasoko da ordainketa-data gisa.

Xedapen gehigarria.–Autolikidazioetatik eratorritako zorrengatiko transferentzia bidezko ordainketa.

Banku transferentzia bidez ordaintzeko foru agindu honetan xedatutako modua pixkanaka ezarriko da, zerga bakoitzerako behar diren eskakizun informatikoak garatu ahala. Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian, une bakoitzean transferentzia bidez ordaintzen ahal diren zorren autolikidazioen zerrenda eguneratua mantenduko da.

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2217856