99. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariak emana, toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzea sustatzen duten proiektuak garatzeko 2022an. DDBN identifikazioa: 624489.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarendako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak emate prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da prozedura arrunta norgehiagoka bidezkoa izanen dela.

Bestalde, hala xedatzen baitu apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak –Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak–, balorazioa egiteko, berdintasuneko klausulak txertatuko dira dirulaguntzen oinarri arautzaileetan, baita laguntza publikoa ematea eragozten dutenak ere, sexua edo generoa dela eta lan jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehatu edo zigortu dituzten entitate eskatzaileei.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia izanik, proposatu da deialdi hau onestea.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzea sustatzen duten proiektuak garatzeko 2022an, baita haren oinarriak ere, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea 2022ko gastu aurrekontuko “TEendako dirulaguntza, kontziliazio programetarako” izeneko 920006 93300 4609 231500 partidaren kargura.

3. Eskaera guztiendako aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 50.000 euro gehituz, gehienez, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Familien Atalera, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia jakinarazten den egunetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

6. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko apirilaren 27an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiarenak, bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzea sustatzen duten proiektuak garatzeko 2022an

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea hau da: toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, horien bidez bizitza pertsonala, familia eta lana sustatzeko programak garatzeko 2022an.

2. Ekintza diruz lagungarriak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak dirulaguntzak emanen ditu jarduera berritzaileak egiteko, bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzea sustatzen dutenak Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietako herritarrei begira.

3. Entitate onuradunak eta betekizunak.

1. Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, betiere sartuta badaude Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak toki entitaterako zehazten duen kontzeptuaren barnean, baldin eta 2022an egiten den kontziliazio proiektu baten exekuzioa aurkezten badute.

2. Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden toki entitateak.

4. Proiektuen betebeharrak.

Aurkezten diren proiektuak deialdi honen xedearen arabera diseinatuta egonen dira (1. oinarrian zehaztu da).

Dirulaguntzaren xedekoak izanen dira zaintzaren arloan jardunbide egokiak egiteko ekintzak biltzen dituzten proiektuak eta jarduerak.

Ekintzak zuzenduta egonen dira arreta eta zaintza behar duten pertsonak (adingabeak eta adinekoak) eta/edo desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten eta/edo haietaz arduratzen diren pertsona eta familia guztiei.

5. Bateragarritasuna.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

2. Hala ere, diruz lagundutako zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik– ez du gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Beste laguntza edo diru sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Proiektu bakoitzeko, gehienez ere 25.000 eurokoa izanen da dirulaguntza.

Proiektu bakarra lagunduko da diruz toki entitate bakoitzeko. Dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea. Nolanahi ere, onetsitako proiektuen zenbateko guztia txikiagoa bada aurrekontuko partidako zenbatekoa baino, toki entitate batek aurkeztutako beste proiektu bat ere laguntzen ahalko da diruz. II. eranskineko lehentasun hurrenkeraren arabera baloratuko da.

7. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dirulaguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira. Zehazki, honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

a) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak.

b) Proiektua garatzeko laguntza teknikoa.

c) Langileria gastuak: entitateak ekintza gauzatzeko propio kontratatzen dituen langileen gastuak sartzen ahal dira, edo entitateko langileek beraiek ekintzan duten dedikazioaren araberako portzentaje bat; kasu horretan, zehatz-mehatz identifikatu beharko dira bai langile horiek bai proiektura bideratutako portzentajea.

d) Ematen den dirulaguntzaren % 10 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

2. Gastu diruz lagungarrien eskuratze kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3. Diruz laguntzen ahal dira 2022ko azaroaren 15era arte egiten diren gastu hauek: ondasunak entregatzea, langileak kontratatzea eta zerbitzuak ematea.

8. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1. Entitate sustatzaileek hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu eskaera horiek.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez-telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidalita marta.sanz.muruzabal@navarra.es helbidera, eskaerak aurkezten diren egunean berean.

Postetxeen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek eskaera bidali dutela iragarriko dute, mezu elektroniko bat bidalita marta.sanz.muruzabal@navarra.es helbidera, egun berean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

9. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Toki entitateak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

1. Proiektuaren memoria, inprimaki elektroniko ofizialean. Entitate interesdunek eskura izanen dute gobernuaren webgunean eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren helbide elektronikoan (eredua II. eranskinean).

2. Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

3. Agiri ekonomikoak (eredua III. eranskinean):

a) Programako gastuen eta diru sarreren aurrekontu osoa, kontzeptuz kontzeptu xehakatua: egin beharreko ekintza zehatzak eta ekintza horiek eginen dituzten langileak.

b) Kasua bada, zer beste baliabide dituen programa osoa finantzatzeko, kontuan hartuta ezen diru sarrerak, beharbada jasotzen duen dirulaguntza barne, ezin direla izan programaren kostu osoa baino handiagoak.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

6. Dirulaguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera, behar bezala betea, VI. eranskineko ereduaren araberakoa.

10. Dirulaguntza emateko, antolatzeko eta instruitzeko prozedura.

1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak tramitatuko ditu eskaerak, eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari egokituko zaizkio aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Zuzendariordetza horrek, halaber, egiaztatuko du dirulaguntzak eskuratzeko bete behar diren baldintzak betetzen direla, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak oinarri hauen arabera.

Instrukzio organoak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten eta arlo ekonomikoko beste baten laguntza izaten ahalko du.

3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin, toki entitate interesdunari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

4. Beste kasu batzuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

5. Eskaerak baloratzeko batzorde tekniko bat izanen da, honako hauek osatua: Familiaren eta Adingabeen zuzendariordea, Familien Ataleko burua eta Familia Bulegoko burua.

6. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.

11. Eskaera baloratzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte; horietarik 40, gutxienez, II. eranskineko B apartatuko balorazioan.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren % 100 adinakoa izanen da, 4. oinarrian ezartzen den gehieneko mugarekin.

4. Dirulaguntzak emateko, balorazio irizpideen arabera ezarritako lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Dirulaguntza bat emanen da toki entitate bakoitzeko.

5. Eskaera guztietarako behar adinako krediturik ez badago, ez da hainbanaketarik eginen.

6. Eskaeran aurkeztutako kalkulu ekonomikoa benetan justifikatutakoa bezalakoa ez bada, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera erregularizatu beharko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

7. Proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta aurrekontuan guztiendako kreditu nahikorik ez badago, II. eranskineko B apartatuan puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna.

8. Nolanahi ere, proiektu bakarra izanik toki entitate bakoitzeko, lehentasun ordenaren arabera onetsitako proiektu guztien zenbatekoa txikiagoa bada deialdi honetako aurrekontuko partida baino, toki entitateek aurkeztutako beste proiektu batzuk lagunduko dira diruz, baremoaren araberako puntuazio-ordenari jarraituz.

12. Dirulaguntza ebaztea eta argitara ematea.

1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenean oinarrituta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, onartutako aurrekontua, emandako zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak berariazko ezespenak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Horien artean, adierazi beharko da zein ezesten den aurrekontuko mugagatik.

3. Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 23. artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

4. Deialdiaren ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarrita dagoen moduan, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (www.navarra.es/eu).

5. Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako Departamentuan, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

13. Exekuzio epea.

Diruz lagundutako proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte (bi egun horiek barne) exekutatu beharko dira.

14. Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordaintzeko, aldez aurretik justifikatu beharko da 14. oinarrian adierazitakoa betez egin dela programa, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin. Beranduenez, 2022ko abenduaren 20an aurkeztu beharko da azken justifikazio tekniko eta ekonomikoa.

15. Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuradunak egindako jarduerei buruzko urteko memoria tekniko bat aurkeztu beharko du justifikazio ekonomikoarekin batera.

16. Justifikazioa.

Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta; bertan, diruz lagundutako jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketa egiaztatzeko balioko du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita.

Entitate onuradunek azken txostena aurkeztuko dute, zein dagokion, diruz lagundu den proiektuaren exekuzioa azalduta.

a) Txosten teknikoa: gutxienez honako apartatu hauek jasoko ditu, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Sexuaren arabera banatutako datuak.

–Lortutako emaitzak.

–Egindako jarduerak.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

Dokumentu horiek hizkera inklusibo eta ez-sexistan idatzi beharko dira.

b) Proiektuaren emaitzen kontua (diru sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera sailkatuta.

c) Onartutako aurrekontua eta exekutatutakoa erkatzen dituen taula, desbideratzeak adierazita.

d) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta ordainketaren ondorioetarako data. Zerrenda horri behar diren gastu eta ordainketa egiaztagiriak gehituko zaizkio. Egiaztagiri gisa, bankuko kontu laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez, fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts propioekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan, edo partzialetan (behar balira), funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Azken txostena, eta diruz lagundu den proiektuari aplikatutako gastu guztien ordainagiriak, 2022ko azaroaren 21ean aurkezten ahalko dira beranduenez, egun hori barne.

17. Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman den, hartarako baino ez erabiltzea. Exekuzio horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren gainerako organoek egin beharreko egiaztatze lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

f) Entitatearen izaera dela eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen frogagiria aurkeztu beharko da. Proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: “Nafarroako Gobernuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan agertzen diren ezaugarri teknikoak.

h) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.

i) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako beste laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

j) Parte hartzaileen kontratuak zuzendariordetzara bidaltzea, kontratazioaren egunetik hasi eta 15 eguneko epean.

k) Eskubide Sozialetako Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira.

Funtsezko aldaketatzat joko dira helburuetan, emaitzetan, biztanleria onuradunean edo lurralde kokapenean eragina dutenak, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, diruz lagungarria den gastu bakoitzaren % 5eko desbideratze ekonomikoa ekartzen dutenak. Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari dagokion justifikazio txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik kostu osoa handitzea.

l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

m) Edonola ere, pertsonei buruzko datuak (nola azken onuradunei buruzkoak hala esku hartzen duten langileei buruzkoak) sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

n) Entitate eskatzaileek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusten diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

o) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

18. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako ondorioetarako, azpikontratatzeko aukera dago, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den jarduera egitea, osorik edo zati batean. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratatzean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, betiere entitate horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita.

Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, justifikatu egin beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

2. Hornitzaileak kontratatzea. Toki entitate onuradunek frogatu beharko dute Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arlo horretan ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen dituztela.

19. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, jasotako zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da. Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du, erakusteko diru sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

2. Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3. Ez-betetzeetan hainbat maila egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretiazko administrazio baimena izan gabe.

–Azken justifikazioan ez-betetze formalak baino ez badira gertatzen, kontuan hartuko da zenbat egunez aurkeztu diren dagozkion dokumentuak epez kanpo, eskala honen arabera:

  • Bat eta hiru egun baliodun arteko atzerapena: % 5eko murriztapena, gehienez.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: % 50eko murriztapena.
  • Sei egun balioduneko edo gehiagoko atzerapena: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

4. Aurreko apartatuetan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

20. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaileen aurka eta deialdiaren ebazpenaren aurka, toki entitateek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, argitaratzen denetik hilabeteko epean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

21. Aplikatu beharreko legedia.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak (100 puntu).

A. BIDEZKOTASUN INSTITUZIONALA

(10 puntu gehienez)

A1

Generoa

Gehienez 6 puntu

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plana izatea

2 puntu

Tokiko protokolo bat izatea genero indarkeriaren kontra edo sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko

2 puntu

Toki entitatean berdintasuneko teknikariak izatea

2 puntu

A2

Finantzaketa ahalmena (hainbat finantzaketa iturri izatea)

1 puntu gehienez

3 finantzatzaile baino gehiago (Nafarroako Gobernua barne)

1 puntu

2 finantzatzaile gehienez (Nafarroako Gobernua barne)

0,5 puntu

A3

Esperientzia kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren lan esparruan

Gehienez 3 puntu

Azkeneko 5 urteotan kontziliazioaren eta/edo erantzunkidetasunaren arloan egindako proiektuen kopurua (1 puntu proiektu bakoitzeko; 0 puntu, proiekturik ez bada)

1 puntu proiektu bakoitzeko

B. PROIEKTUAREN BALORAZIOA

80 puntu

B1

Proiektuaren koherentzia

Gehienez 34 puntu

b.1.a

–Proiektuaren oinarriak

Guztiz koherentea

5 puntu

Partzialki koherentea da

3 puntu

Inkoherentea da, edo oso gutxi zehaztuta dago

0 puntu

b.1.b

–Helburuak

Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude

5 puntu

Koherenteak dira, baina gutxi zehaztuta daude

3 puntu

Inkoherenteak dira, eta gutxi zehaztuta daude

0 puntu

b.1.c

–Jardueren deskribapena

Zehatz deskribatuta

5 puntu

Ez daude zehatz deskribatuta

3 puntu

Ez daude deskribatuta (aipatuak besterik ez)

0 puntu

b.1.d

–Espero diren emaitzak

Zehatz deskribatuta

5 puntu

Ez daude zehatz deskribatuta

3 puntu

Ez dira bete

0 puntu

b.1.e

–Jardueren egutegia

Zehatz deskribatuta

5 puntu

Ez dago zehatz deskribatuta

3 puntu

Ez da bete

0 puntu

b.1.f

–Jarduerak egitean hartutako zeharkako neurrien intentsitatea (genero ikuspegia, aukera berdintasuna, ingurumen neurriak, hizkuntzen erabilera, kulturartekotasuna eta belaunaldien arteko harremanak)

Gehienez 5 puntu

Gutxienez zeharkako hiru neurri jasotzen ditu (genero ikuspegia barne)

5 puntu

Gutxienez zeharkako bi neurri jasotzen ditu (genero ikuspegia barne)

3 puntu

Genero ikuspegia zeharka jasotzen du

2 puntu

b.1.g

–Desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonen premia espezifikoei erantzuten dieten jarduerak egitean hartutako zeharkako neurriak.

Gehienez 4 puntu

Gutxienez hiru neurri jasotzen ditu (genero ikuspegia barne)

4 puntu

Gutxienez bi neurri jasotzen ditu (genero ikuspegia barne)

3 puntu

Gutxienez neurri bat jasotzen du (genero ikuspegia barne)

1 puntu

B2

Ebaluazioaren azterketa (adierazleak, egiaztapen bideak eta ebaluazio eta jarraipen prozesua)

Gehienez 10 puntu

b.2.a

–Adierazleak:

Gehienez 3 puntu

Adierazle kuantitatibo eta kualitatibo egokiak daude

3 puntu

Adierazle bakarrik kuantitatibo edo bakarrik kualitatibo egokiak daude

1,5 puntu

Ez dago adierazlerik, edo ez dira egokiak

0 puntu

b.2.b

–Egiaztapen ibideak:

Gehienez 3 puntu

Nahikoak eta egokiak

3 puntu

Ez dira nahikoak, baina bai egokiak

1,5 puntu

Desegokiak

0 puntu

b.2.c

–Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea:

Gehienez 4 puntu

Oso egokia

4 puntu

Egokia

2 puntu

Desegokia

0 puntu

B3

Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen azterketa

(16 puntu gehienez)

b.3.a

–Giza baliabideen egokitasuna: (Profil teknikoen definizioa eta esleitutako eginkizunak baloratzen dira)

Gehienez 4 puntu

Oso egokia

4 puntu

Egokia

3 puntu

Hala-holakoa

2 puntu

Desegokia

0 puntu

b.3.b

–Boluntarioen parte hartzea proiektuan (boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunen azterketa)

Gehienez 4 puntu

Boluntarioek eginkizun zehatzekin parte hartzen dute.

4 puntu

Boluntarioek eginkizun zehatzik gabe parte hartzen dute.

2 puntu

Ez du boluntariorik parte hartzen

0 puntu

b.3.c

–Baliabide tekniko egokiak izatea: materialak, lokalak...

Gehienez 4 puntu

Oso egokia

4 puntu

Egokia

3 puntu

Hala-holakoa

2 puntu

Desegokia

0 puntu

b.3.d

–Aurrekontuaren xehakatze egokia:

Gehienez 4 puntu

Oso egokia

4 puntu

Egokia

3 puntu

Hala-holakoa

2 puntu

Desegokia

0 puntu

B4

Proiektuaren osagarritasuna eta koordinazioa beste zerbitzu publiko batzuekin:

Gehienez 4 puntu

b.4.a

–Egitura bat planteatzen du aldian aldiko koordinazioa egiteko zerbitzu publikoekin (gizarte, osasun, hezkuntza eta gazteria arlokoekin eta beste batzuekin)

Gehienez 4 puntu

Koordinazioa sistematikoa eta erregularra da.

4 puntu

Koordinazioa badago, baina ez da sistematikoa.

2 puntu

Aldian behin jartzen dira harremanetan.

1 puntu

Ez dago ez koordinaziorik ez harremanik beste zerbitzu publiko batzuekin.

0 puntu

B5

Onuradunen parte hartzearen azterketa.

Gehienez 16 puntu

b.5.a

–Aurkeztutako proiektuaren onuradunen profila

Gehienez 5 puntu

Lehentasunez zuzenduta dago desgaitasuna eta/edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen zaintzaileei eta/edo arduradunei

2,5 puntu

Lehentasunez zuzenduta dago familia gurasobakarrei edo gurasobakartasun egoeran dauden familiei

2,5 puntu

b.5.b

–Profilaren azterketa eta zenbatespen kuantitatiboa

Gehienez 4 puntu

Oso egokia

4 puntu

Egokia

3 puntu

Hala-holakoa

2 puntu

Desegokia

0 puntu

b.5.c

–Pertsonek sartzeko erabili duten prozedura

Gehienez 4 puntu

Bakar-bakarrik Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez.

4 puntu

Batez ere Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez.

3 puntu

Batez ere gizarte entitateen bidez

2 puntu

Sarbide partikularra

1 puntu

b.5.d

–Proiektuaren onuradunek parte hartzeko bideak izatea (iradokizunetarako buzoia, gogobetetasun inkestak eta ebaluazio galdetegiak)

Gehienez 3 puntu

Bada halakorik, eta behar adina daude zehaztuta.

3 puntu

Bada halakorik, baina ez dira nahikoak edo ez daude nahikoa zehaztuta.

1 puntu

Ez du halakorik.

0 puntu

C.–BESTE BATZUK

Gehienez 10 puntu

C1

–Programa berritzailea

Gehienez 4 puntu

Berritzailea, ez baita halakorik inoiz egin Foru Komunitatean

2 puntu

Berritzailea, berrikuntzak dakartzalako metodologian, helburuetan, erabilitako baliabideetan eta abarretan.

2 puntu

Ez du inolako alderdi berritzailerik

0 puntu

C2

–Genero ikuspegiaren txertatze maila

Gehienez 4 puntu

Hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea; gaztelaniaz, esaterako, izen generikoak erabiltzea eta bi generoak aipatzea

4 puntu

Sexuaren arabera banatutako datuak

2 puntu

Ez du halakorik

0 puntu

C3

–Teknologia berriak erabiltzea

Gehienez 2 puntu

Parte hartzaileek eta teknikariek erabiltzen dituzte

2 puntu

Parte hartzaileek erabiltzen dituzte

1 puntu

Ez dira erabiltzen

0 puntu

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. eranskina–Eskabidea.

IV. eranskina.–Dokumentazio ekonomikoa.

V. eranskina.–Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea.

Deskargatu III. eta V. eranskinak (DOC).

Deskargatu IV. eranskina (XLS).

Deskargatu VI. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2206417