98. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Udal aterpetxearen ordenantza. Behin betiko onespena

Ribaforadako Udalak, 2022ko martxoaren 3an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Ribaforadako udal aterpetxea eta hura erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Horren iragarkia 2022ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an eta, geroztik, hogeita hamar egun baliodunean jendaurrean egon ondoan, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik, ez da jaso erreklamazio, kexa edo oharrik.

Horren ondorioz, delako ordenantza behin betiko onetsitzat jo da eta hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da; indarra har dezan haren testu osoa argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

ORDENANTZA, RIBAFORADAKO UDAL ATERPETXEA ETA HURA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Ribaforadako Udalaren aterpertxeko zerbitzuak eta instalazioak erabiltzeko oinarrizko funtzionamendu-arau batzuk ezartzea, eta baita ere erabiltzaileek ordaindu behar dituzten tasak ezartzea, betiere eskatzen dituzten zerbitzuen arabera. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako turismoko aterpetxeak antolatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin.

2. artikulua. Instalazioak.

Ribaforadako udal aterpetxea Carlos III kaleko 16 zenbakidun erakinean dago, Ribaforadan.

Instalazio hauek ditu:

–30 plaza, 4 gelatan banatuta:

–Beheko solairua: gela irisgarria: bi oheko litera bat.

–Lehenengo solairua: hiru logela:

  • 1. logela: 3 litera, bakoitza bi oherekin.
  • 2. logela: 5 litera, bakoitza bi oherekin.
  • 3. logela: 6 litera, bakoitza bi oherekin.

–Lehen solairuan: bi komun, ur berodun hiru dutxa, 2 komunontzi eta 2 konketa.

–Beheko solairuan: komun oso bat, ur berodun dutxarekin, mugikortasun murriztua dutenendako.

–Beheko solairuan:

–Gela bat: mikrouhin-labea, harraska, ikuzgailua eta hozkailua ditu.

–Egongela: mahai altuak, aulkiak eta telebista ditu.

Aterpetxe horrek zerbitzu hauek ematen ditu: mikrouhin-labea, ikuzgailua, berokuntza eta ostatatzea gela kolektibo literadunetan.

3. artikulua. Erabiltzaileak. Udal aterpetxeko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona guztiek bete beharko dituzte ordenantza honetan ezarritako xedapenak, baita Nafarroako turismoko aterpetxeak antolatzeko erregelamendua onartzen duen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan ezartzen direnak ere.

4. artikulua. Aldez aurreko erreserba eskaera.

Erreserba eskaerak idatziz egin beharko dira beti, horretarako eskabidea betez. Aurkeztu ahalko dira posta elektronikoz edo zuzenean Ribaforadako Udalaren Kultur Etxean, horretarako ezarritako ordutegian.

Aterpetxearen eskaera eginda, eskatzaileak hiru eguneko epea izanen du egonaldiaren prezio osoaren %40 ordaintzeko, erreserbagatik; zenbatekoaren gainerakoa okupazioaren egunean ordaindu beharko da. Bestela, erreserba deuseztatutzat joko da.

Erreserbaren kostuaren %40 itzuliko da hura deuseztatzen baldin bada okupatu baino 5 egun natural lehenago. Aldiz, ez da inola ere erreserbaren kostua itzuliko, hura deuseztatzen baldin bada 5 egun natural baino gutxiago falta direnean.

Erreserbaren unean, fidantza bat ere ordainduko da (erreserbaren prezioaren %25), eta hura itzuliko da aterpertxea uzterakoan, kalterik ez dela egin egiaztatu ondoan.

Aterpetxean ostatu hartzeko plazak baldin badaude, instalazioetara sartu ahal izanen da dagozkion tasak ordainduta, instalazioan pertsonalki eskaera egiten den unean bertan.

Ostatua eskatzen duten pertsonak 16 urtetik gorakoak izan beharko dute edo legezko tutore batekin joan beharko dute.

5. artikulua. Instalazioen baldintzak.

Aterpetxeak 30 plaza ditu, ordenantza honen 2. artikuluan adierazi bezala banatuta.

Aterpetxeak ur beroa eta berokuntza ditu. Aterpetxeko plaza bakoitzaren barnean sartzen dira lastaira eta burkoa, burko-azal eta guzti; aukerakoa da maindireak, manta eta eskuoihalak alokatzea.

Bainugelak eta dutxak osoki hornituak daude.

Sukaldeak eta egongelak ordenantza honen 2. artikuluan adierazitako instalazioak dituzte.

Gaur egun, aterpetxearen kudeaketa Ribaforadako Udalak egiten du zuzenean.

Instalazioaren kudeaketa osoa egiteko Ribaforadako Udalak ezartzen duen pertsonak honako eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

–Kontrolatzea erabiltzaileen sarrerak eta eraikin barneko ordena.

–Kontrolatzea ohe-jantziak eta, orokorrean, tresna, lanabes eta gainerako ondasun higigarri guztiak.

–Eraikinaren ohiko garbiketa eta mantentze-lanak, gela guztietan, instalazioen erabilera eta zainketa barne.

–Aterpetxean ostatu hartzen dutenen eskura jartzea inguruan egiten diren jardueren gaineko dokumentazio edo informazio oro: kultura, kirol eta josteta jarduerak edo naturarekin harremanetan jartzekoak.

–Aterpetxean ostatu hartzen dutenei informazioa ematea Ribaforadako tradizioez, festez, ondareaz, interes turistikoa duten tokiez eta inguruez, eta horiei ahalik eta zabalkunderik handiena ematea.

–Aterpetxaren kudeaketarekin zerikusia duen beste edozein.

6. artikulua. Antolaketa eta bizikidetza arauak.

Aterpetxea urteko 365 egunetan eskatu ahal izanen da, eskaria baldin badago. Ixteko aldiak ezartzen badira, informazioa ahalik eta gehien zabalduko da.

Gaua pasatzeko, eguna kontatuko da eguerdiko 12:00etatik biharamuneko eguerdiko 12:00ak arte. Beraz, ostiraletik larunbatera, ulertzen da ostiraleko 12:00etatik larunbateko 12:00ak arte.

Irteera ordua, orokorrean, okupazioko azken eguneko 12:00ak izanen da, betiere aterpetxea arratsalde horretan berean okupaturik badago.

Aterpetxeko sartu eta ateratzeko ordutegiek aldaketak izan ditzakete, taldearen ezaugarrien eta haren okupazioaren arabera.

Debeku da:

–Esparruan edozein animalia mota sartzea gida-animaliak izan ezik.

–Sua egitea, aterpetxeko esparru guztian.

–Erretzea, aterpetxeko esparru guztian.

–Logeletan jatea.

–Ostatu hartuta ez dauden pertsonek aterpetxea bisitatzea.

–Eremu komunak erabiltzea 00:00etatik 6:00etara.

Ribaforadako Udalak konpromisoa hartzen du ingurumena eta natura babesteko, eta, beraz, erabiltzaileek zaborra birziklatu beharko dute (udalerrian dauden edukiontzi egokietan utzita, zabor-motaren arabera) eta uraren eta argiaren kontsumoa murriztu.

Ribaforadako udal aterpetxeko instalazioak erabiltzen dituen talde edo pertsonek izanen dira aterpetxeko materialean edota instalazioetan egiten diren kalteen eta hondaketen erantzuleak, erabilera normal eta arruntaren ondoriozkoak kenduta.

Geletan eskaini beharreko gutxieneko zerbitzuaren barnean sartzen da lastaira azalduna, burko azalduna eta manta; maindire eta eskuoihal zerbitzua aukerakoa da. Aterpetxeko maindireak erabili ezean, bezeroak bere maindireak edo lozakua erabiliko du, ez baita onartuko zuzenean lastairaren gainean lo egitea. Ezin dira eraikinaren barnetik atera burkoak, lastairak, mantak eta ohe-estalkiak, ezta gainerako altzariak eta/edo tresnak ere; orobat, ezin dira altzariak lekuz aldatu.

Aterpetxearen erabiltzaileek honako hauek bete beharko dituzte:

–Bizikidetzako arau sozialak errespetatzea, aterpetxearen esparruaren barruan nahiz kanpoan.

–Energia ohiko etxebizitza balitz bezala erabiltzea eta zentzuz kontsumitzea, argiak itzaltzea beharrezkoa ez denean, leihoak ixtea energia xahutu ez dadin, eta txorrotak ongi ixtea, beharrik gabe urik ez isurtzeko.

–Aterpetxea kudeatzeaz arduratzen den pertsonari atzemandako kalteei buruz abisu ematea, berehala konpontzeko.

–Aterpetxetik irtetean, taldeko arduradunak jakinarazi beharko du kalterik izan den, eta, hala bada, bere gain hartuko du.

–Instalazioak behar bezala erabiltzea, dagokien helburuetarako, narriadurarik eta matxurarik izan ez dadin, eta atzemandakoak berehala jakinaraztea, txorrotak ixtea, buxadurak saihestea...

–Aterpetxean dagoen bitartean sortu den zikinkeria guztia jasotzea, eta erabilitako gelak garbi eta jasota uztea, taldea eta/edo erabiltzailea aterpetxetik irten aurretik.

7. artikulua. Aterpetxean ostatu hartzen dutenen eskubide eta betebeharrak.

Hona hemen aterpetxearen erabiltzaileen eskubideak:

a) Kontratatu diren instalazio eta zerbitzuak erabiltzea, ordenantza honi eta aplikatzekoa den araudiari jarraituz.

b) Zerbitzuak emateko baldintzen informazio objektibo, zehatz eta osoa jasotzea.

c) Kexak edo erreklamazioak aurkeztea; horretarako aterpetxearen ardura duen pertsonarekin harremanetan jartzeko telefonoa izanen dute.

d) Beste edozein eskubide, indarrean izanik aplikatzekoa den legerian aitortua bada.

Ordenantza honetan adierazitakoez gain, honako hauek dira aterpetxearen erabiltzaileen betebeharrak:

a) Errespetatzea araudi honetan ezarritakoa eta aterpetxeko arduradunaren jarraibideak.

b) Ongi erabiltzea instalazioak eta haietako ekipamendua eta zerbitzuak.

c) Instalazioetan ikusten diren funtzionamendu-anomaliak, hausturak eta akatsak jakinaraztea aterpetxearen arduradunari.

d) Aterpetxean ematen diren zerbitzuak erabiltzeko tasak ordaintzea.

e) Beste edozein betebehar, indarrean izanik aplikatzekoa den legerian aitortua bada.

8. artikulua. Erantzukizuna.

Ez aterpetxeak ez Ribaforadako Udalak ez dute beren gain hartuko erabiltzaileek pairatzen ahal dituzten lapurreta edo ebasketak; horiek behar diren neurriak hartu beharko dituzte beren gauzei dagokienez.

9. artikulua. Ribaforadako udal aterpetxearen instalazioak erabiltzeko tasak.

Tasa hauek ezarri dira babes dutelarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.

Tasak ordaindu behar dituzte aterpetxearen eta bertan ematen diren zerbitzuen erabiltzaileek.

Ordaindu beharra sortzen da udal aterpetxearen esparrura sartuta erabilera hasten denean. Ordenantza honetan ezartzen diren tasak ordaintzeko betebeharra sortzen da Udalak instalazioan sartzeko emandako txartela edo baimena eskuratzen den unean.

Gaua igarotzeko tasa aterpetxearen esparruan sartzean ordainduko da; gainerako alokairu edo zerbitzuak, berriz, eskatzen diren unean.

Instalazioaren ardura duten langileek sarrera-txartela eskatu eta aurkezteari uko egiten bazaio, esparrutik kanporatuz zehatuko da.

Iruzurtzat joko da esparru horretan sarrera-txartelik edo erabiltzeko baimenik gabe sartzea.

Nolanahi ere, 6 euroko zehapena ekarriko du armairuko giltza galtzeak, eta orobat maindireak, mantak eta eskuoihalak hondatu eta galtzeak (6 euro hondatu edo galdutako unitate bakoitzeko).

Tasa hauek ezarri dira:

–Gaua igarotzea/ohea: 30 urtetik beherakoek 14 euro, 30 urtetik gorakoek 16 euro, eta 3 urtetik beherakoek doan, baldin eta ohea erabiltzen ez badute eta aterpetxearen okupazioak horretarako aukera ematen badu.

–Gaua igarotzea/ohea, taldean (gutxienez 6 pertsona): 13 urtetik gorakoek 13 euro gaua/pertsona, eta 13 urtetik beherakoek 12 euro gaua/pertsona.

–Eskuoihala alokatzea: 3,50 euro, pertsona eta unitateko.

–Maindireak alokatzea: 3,50 euro, pertsona eta unitateko.

–Mantak alokatzea: 3 euro, pertsona eta unitateko.

–Bizikletak alokatzea: 15 euro, bizikleta eta pertsonako, egun osoa.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Ribaforadan, 2022ko maiatzaren 5ean.–Alkatea, Tirso Calvo Zardoya.

Iragarkiaren kodea: L2206479