98. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARTZARON

Aldaketa, bizilagunen ekarpen partikularrak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Gartzarongo Kontzejuak, 2022ko martxoaren 14ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Gartzarongo Kontzejuko bizilagunen ekarpen partikularrak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa (2019ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 11n).

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Gartzaronen, 2022ko apirilaren 22an.–Alkate udalburua, Eneko Legarra Beunza.

ORDENANTZA, GARTZARONGO KONTZEJUKO BIZILAGUNEN EKARPEN PARTIKULARRAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xede da Gartzarongo Kontzejuko bizilagunek Kontzejuko ondasunak mantentzeko egin beharreko ekarpen partikularrak ezartzea.

2. artikulua. Kontzejuaren ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabili ditzaketenak, eta herritar guztiek dute haiek mantentzeko betebeharra.

3. artikulua. Ordenantza honen bidez elizaren mantentze-lana, auzolanak eta bizilagunen betebeharrak egiten ez dituztenen zehapen ekonomikoak arautu gogo dira.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

4. artikulua. Kontzejuak ez baitu behar adinako diru-sarrerarik mantentze-lanak enpresa bati esleituta ordaintzeko, haren mugapean antolatzen diren auzolanetan parte hartzen ez dutenei 50 euroko zehapena ezarriko zaie.

5. artikulua. Eliza Kontzejuaren ondasuna izanik, bizilagun guztiei dagokie haren mantentze-lana; horrenbestez, eliza garbitzeko betebeharra ez betetzeagatik 100 euro ordaindu beharko da egin gabeko hilabete bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2205827