98. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARTZARON

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Gartzarongo Kontzejuak, 2022ko martxoaren 14an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldatzea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza, zeina 2013ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, ekainaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta haren testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gartzaronen, 2022ko martxoaren 30ean.–Alkatea, Eneko Legarra Beunza.

ORDENANTZA, GARTZARONGO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Gartzarongo Kontzejuaren mugarteko herri-ondasunak administratzeko, erabiltzeko, zaintzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Honako hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Gartzarongo Kontzejuari dagozkio herri-lurretako ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Gartzarongo Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Gartzarongo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Gartzarongo Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Prozedurari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Gartzarongo Kontzejua herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuko Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Gartzarongo Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1. Orokorrean, familia-unitateak edo norbanakoak izanen dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren aziendak inskribaturik badituzte Gartzarongo Kontzejuko Aziendaburuen Erregistroan, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

1.–Familia-unitateak:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Gartzarongo Udalaren biztanleen erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urtebete lehenagotik.

c) Gartzaronen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea. 9 hilabete baino denbora laburragoan egiazki eta jarraian bizi direnek egurra aprobetxatzeko eskubidea izanen dute bi urtean behin soilik.

d) Gartzarongo Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

2.–Gartzaronen egiazki eta era jarraituan gutxienez urtean bederatzi hilabete bizi ez direlako familia-unitatea osatzen ez duten bizilagunek, herritarren ekarpen partikularretan laguntzen badute eta familia-unitateen gainerako baldintzak betetzen badituzte, epaitzen biurteko aprobetxamenduaren onuradunak izanen dira gainerako familia-unitateen baldintza beretan, betiere oihanean aski baldin bada; kasu horretan lehentasuna izanen dute era jarraituan bizi diren herritarrek.

Ordain gisa, bizilagun horiek auzolanen erdia eginen dute.

Norbanakoak.

Abeltzaintzan edo nekazaritzan beren familia-unitatetik kanpora aritu nahi duten gazteak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udal erroldan izena emana izatea eta herrian segidan bizitzea.

b) Haien bizimodua abeltzaintza edo nekazaritza izateko asmoa izatea.

c) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Araubidean inskribaturik egotea.

16. artikulua. Norbanakoak baldin badira nekazaritzan urte anitzeko laboreetan jardun nahi dutenak, eskaera egin beharko diote Kontzejuari eta kasu bakoitza aztertu ondoren baimena emanen du, hala uste badu.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Gartzarongo herri-larreen aprobetxamenduak ordenantza honetako artikuluak betetzen dituzten eskatzaile guztien artean banatuko dira.

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

b) Enkante publikoan adjudikatzea edo Gartzarongo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Gartzarongo Kontzejuak eginen du herri-larreen aprobetxamenduak adjudikatzeko prozesua.

18. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 5 urtekoa izanen da.

19. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-larreak hartzen dituzten onuradunek kanon hau ordainduko dute:

8,5 euro/erregua/urtea, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen kasuan, eta 10,60 euro/erregua/urtea, enkante publikoan adjudikatutako aprobetxamenduen kasuan.

20. artikulua. Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, egokitu dadin bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

21. artikulua. Herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakinen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona ezarriko da dagokion enkantean.

22. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Gartzarongo Kontzejuak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Onuradunak bere aziendak kentzen baditu Kontzeju honen Aziendaburuen Erregistrotik.

b) Larreen jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen dizkietenak. Neguko hilabeteetan bakarrik ematen ahal dira larreak errentan, ardiak edo bestelako aziendak bazka daitezen, udalerrian ohitura den bezala.

c) Kontzejuko Batzarraren txostenaren arabera, adjudikatutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.

23. artikulua. Beren larreak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Gordailuzaintzan.

24. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egin ahalko ditu edozein unetan, lurzatietako laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

25. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak urtero banatzen diren lurzati handienetako baten pareko lurzati bat gordeko du beretzat, onuradun berriak agertuko balira.

26. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa ordainduko da urte bakoitzaren bukaeran.

27. artikulua. Onuradunak lizitaziorako ezartzen den fidantza utzi beharko du 30 eguneko epean, adjudikazio egunetik hasita.

28. artikulua. Lurrik soberan bada, enkante publikoan adjudikatuko da.

29. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak (foru lege horrek hizpide du herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko ditu foru lege horretako eta haren erregelamenduko baldintza guztiak.

30. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztu behar da abelburuen kopurua frogatzen duen katastroko ziurtagiria, baita hauen gaineko zinpeko aitorpena ere:

a) Gartzarongo biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

31. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua paratuta, 30 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

32. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

33. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 5 urterako, egungo arautegiari jarraikiz, eta ordenantza honetan xedatutakoari, aplikatzekoa den horretan.

34. artikulua. 5 urte horiek bete gabe herri-lurretako aprobetxamenduaren kontratua deuseztatu nahi duten familia-unitateek edo norbanakoek horren berri eman beharko diote Kontzejuari, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

35. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak, hau da, sasitzarik gabe, ongi ongarrituak eta, oro har, egoki nekazaritzarako.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

36. artikulua. Oihanean aski bada eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Gartzarongo Kontzejuak etxerako epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira.

37. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

38. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

39. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

40. artikulua. Gartzarongo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

41. artikulua. 1. Gartzarongo Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2. Proiektu horiek sustatzen ahal dituzte Udalak nahiz herritar interesdunek berek.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

42. artikulua. Kontzejuak baino ez ditu onetsiko aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

43. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea ezartzen dena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legen eta lege hori garatzen duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa, animalia hilak lurperatu gabe uzteari buruz.

i) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

j) Herri-lurretako zuhaitzak botatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

l) Herri-lurretako aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zaindurik ez egotea.

44. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

Aipatutako g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, zehapena izanen da egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea. Balio hori zehazterik ez badago, hirurogei eurotik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2205826