98. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Trafikoa, zirkulazioa eta mugikortasuna arautzen dituen ordenantzaren aldaketa behin betiko onestea

Ablitasko Udalak, 2022ko otsailaren 7an eginiko osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion Ablitasko udal-mugarteko trafikoa, zirkulazioa eta mugikortasuna arautzen dituen udal-ordenantzaren aldaketari, zeina 2022ko otsailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen (38. zenbakia).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ablitasen, 2022ko apirilaren 25ean.–Alkateordea, Carlos Bonel Soto.

ABLITASKO UDAL-MUGARTEKO TRAFIKOA, ZIRKULAZIOA ETA MUGIKORTASUNA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriek izanen dituzte kasu guztietan trafikoa antolatzeko, ibilgailuak aparkatzeko eta mugikortasunaren arloko eskumenak, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeriaren arabera (manuaren g letra).

Manu horrekin bat etorriz, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluak aurreikuspen hori zehazten du, eta, gai horrekin loturik, honako eskumen hauek aitortzen dizkie udalerriei, besteak beste:

a) Beren titulartasuneko hiri barruko bideetan trafikoa arautzea, antolatzea, kudeatzea, zaintzea eta diziplina ezartzea, beren agenteen bitartez, bai eta bide horietan egindako arau-hausteak salatu eta zehatzea ere, betiere hori ez badu beste administrazio batek berariaz esleituta.

b) Hiri barruko bideen erabilera arautzea zirkulazioko udal-ordenantzen bidez, aparkalekuak erabiltzaile guztien artean berdintasunez banatzeko, ibilgailuen zirkulazioaren arintasuna eta karriken oinezko erabilera kaltetu gabe, bai eta aparkaldi mugatuko neurriak ezartzea ere, aparkalekuak txandaka erabil daitezen bermatzeko, bereziki aintzat hartuta desgaitasun baten ondorioz mugikortasuna urrituta duten eta ibilgailuak erabiltzen dituzten pertsonen premiak, pertsona horiek gizarteratzen laguntzeko.

c) Hiri barruko bideetako ibilgailuak ibilgetzea, ibilgailuok aparkaldi mugatuko eremuetan aparkatzea baimentzen duen titulurik ez daukatenean edota baimendutako denbora gainditzen dutenean, harik eta ibilgailuaren gidaria identifikatzen den arte.

Ibilgailuak hiri barruko bideetatik kentzea eta gordailuan uztea, zirkulazioa oztopatzen edo zailtzen badute, zirkulaziorako arriskua sortzen badute, edota aparkaldi mugatuko eremuetan gaizki aparkatuta badaude, betiere ibilgailuak ibilgetzeko artikulu honetan ezarritako baldintzak betez. Bizikletak kendu eta gordailuan uzteko eskumena dute, baldin eta abandonaturik badaude edo, lotuta egonik, ibilgailuen edo pertsonen zirkulazioa oztopatzen badute edo hiri-altzariak hondatzen badituzte.

Eskumen-esparru gaitzaile horrekin, Ablitasko Udalak, kontuan izanik orain arte zirkulazio mugatuko ordenantza arautzaile bakarra duela (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 137. zenbakia, 2016ko uztailaren 15ekoa), arau-esparru orokor bat ezarri nahi du, zeinaren xedea ez baita izanen karrika jakin batzuetan barna ibilgailuendako sarbidea mugatzea bakarrik, ukituriko agente guztiek bide publikoen erabilera egoki eta baketsua arautu ahal izateko –eta, hala, trafikoaren premiak oro har mugikortasun jasangarrian eta klima-aldaketan oinarritutako irizpideen mendeko eskakizun eta sentsibilitate berriekin bateratzeko–; ordenantza berriari esker, elkarrekin biziko dira, batetik, mugikortasun aktiboko nahiz pasiboko garraiobide guztiak, eta, bestetik, oinezkoak, mugikortasun-sistema aktiboen adierazle gorenak diren heinean.

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honek unean-unean indarrean dagoen Estatuko araudian xedaturikoa osatzen du. Ildo horretan, hauek dira Ablitasko udal titulartasuneko hiri barneko bide guztietan aplikatzeko egungo arau nagusiak: Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bategina (6/2015 Legegintzako Errege Dekretua), hura garatzen duen Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra, eta trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua (aldaketak barne).

Bide publikoaren erabiltzaile guztiek bete behar dituzte bai ordenantza honetako aginduak, bai oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren arloan indarrean dagoen araudia. Aldi berean, beharturik daude agintariekin edo haien agenteekin lankidetzan aritzera, haien zeregina errazteko eta beren eginkizunak betetzeko, baita ibilgailuen edo oinezkoen zirkulaziorako arrisku, traba edo oztopoak saihesteko jarraibideei men egiteko ere.

2. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea. Eskumenak.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste larritzat hartuko baitira.

2. Agintari eskudunek aldi baterako aldatzen ahalko dute hiriko guneren bateko zirkulazioaren antolamendua eta/edo debekatzen ahalko dute pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea; horretarako, beharrezkoak diren seinaleak paratzen edo behin-behinean kentzen ahalko dituzte, eta beharrezko neurriak hartzen ahalko dira, dela segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko, dela Udalak antolaturiko edo baimenduriko ekintzak edo jarduerak egiteko.

3. Udal agintaritzak aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan, bai eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan ere. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez.

4. Alkatetzak ordenantzaren aplikazioa aldatzen edo eteten ahalko du, osorik edo zati batean, hala gomendatzen duten arrazoi edo inguruabarrak direla medio; balizko arau-aldaketak behar besteko aurrerapenarekin iragarriko dira, Udalean eskuragarri dauden transmisio-bide guztiak erabiliz.

I. TITULUA

Portaera eta zirkulazio arau orokorrak

3. artikulua. Arau orokorrak.

Hiri barneko bideetako erabiltzaileek, edozein motatako ibilgailuetako gidariek eta oinezkoek beren izaeragatik aplikagarri zaizkien legezko zehaztapenak bete beharko dituzte; orobat, betetzekoak izanen dira zirkulazio-seinaleek une oro adierazten dituzten aginduak, eta agintaritzaren agenteek emaniko jarraibideei men egin beharko diete; era berean, beharturik daude zirkulazioa bidegabeki oztopatzen duten portaerak eta/edo pertsonei edo ondasunei arriskuak, galerak, eragozpenak edo kalteak eragiten dizkietenak saihestuz zirkulatzera.

Udalerrian zirkulatzen ari diren ibilgailuek ez dute atera behar zarata desegokirik soinu-seinaleak erabiltzeagatik, behar ez bezalako azelerazioengatik, bolumen handiko musika-ekipamenduengatik eta eragozpenak eta kutsadura akustikoa eragiten dituzten ezohiko beste inguruabar batzuengatik. Ildo beretik, debekaturik dago ihesbide askea edo eragingabea duten ibilgailuekin zirkulatzea (ihes-hodi aldatuak).

Debekaturik dago bideetara objektuak edo likidoak botatzea edo isurtzea, baldin eta suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskuak, edo galtzadak eta espaloiak hondatzea eragiten badute. Debekaturik dago, orobat, ibilgailuak bidean konpontzea edo garbitzea ere.

4. artikulua. Oinezkoak.

Oro har, oinezkoek espaloietatik, pasabideetatik eta berariaz haiendako diren inguruneetatik igaro beharko dute, galtzada inbaditu gabe; bideak ez badu berariazko espazio hori, galtzadaren ezkerraldetik igaro beharko dute.

Oinezkotzat joko dira ondorio guztietarako bizikletak edo patineteak eskuetan dituztela doazen oinezkoak.

Aurrekoa goiti-beheiti, espaloi egokirik ez dagoen hiriguneetan, galtzadatik zirkulatzen ahalko dute gurpil-aulkian doazen mugikortasun urriko pertsonek, betiere beharrezko neurri guztiak hartuta istripurik gerta ez dadin. Oinezkoendako berariaz egokituriko espaloirik edo espaziorik ez daukaten bide publikoetan, galtzadaren erditik ahalik eta urrutien zirkulatu beharko dute oinezkoek.

Galtzadak gurutzatzeko, seinaleztatutako pasabideak erabiliko dituzte, eta, galtzadarik ez duten lekuetan, ikuspena behar bezala ziurtatuko duten tokietatik eginen dute, ahal dela bazterretik eta bidearen ardatzarekiko norabide perpendikularrean, eta aldez aurretik ziurtatuko dira ez dagoela ibilgailurik hurbilean.

5. artikulua. Bizikletak.

1. Bizikletak ibilgailutzat hartzen dira trafikoaren arloko legeria betetzearen ondorioetarako, eta, alde horretatik, arau hauek bete beharko dituzte, besteak beste:

–Galarazita dago bizikletan ibiltzea soinu-aparatuetara konektaturiko kaskoak edo aurikularrak erabiliz.

–Bizikletaz ibili bitartean, ez da manipulatzen ahal telefono mugikorrik, ezta zirkulazioarekin bateraezina den bestelako gailurik ere.

–Gainerako gidariendako muga berberak ezarriko dira edari alkoholdunen, estupefazienteen eta antzeko substantzien kontsumoari dagokionez.

2. Agindu hauek errespetatu beharko dituzte berariaz:

–Debekaturik dago bizikletak espaloietan, plazetan edo pasealekuetan ibiltzea, salbu eta 12 urtetik beherakoek gidatutako bizikletak badira, betiere baimendurik badago haietan barna zirkulatzea, dela bakarrik, dela arduradun adindun batek edo bik lagunduta –azken horiek ere zirkulatzen ahalko dute kasu horretan bizikletaz espaloitik–. Bai adindunak, bai adingabeak behartuta daude aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera.

–Galtzadaren zabalerak eragozten ez badu, paraleloan edo binaka zirkulatzen ahalko dute errei beretik.

–Bizikletek oinezkoen abiadurara egokitu beharko dute, zirkulazio mugatuko edo oinezkoendako guneetatik zirkulatzen ari direnean.

–Oinezkoendako pasabideetan, bizikletazaleek bizikletatik jaitsi eta oinez zeharkatuko dute galtzada.

–Gau-partean zirkulatzeko, ikuspena, aurreko argia eta atzeko islatzailea ziurtatzeko adina elementu izan beharko dituzte bizikletek.

–Debekaturik dago jarrera arriskutsuekin zirkulatzea, hala nola gurpil bakarrean bermatuta, beste ibilgailu batzuek atoian eramanda, sigi-sagan, ibilgailuen edo oinezkoen artean, behar bezala erabiltzea zailtzen duten edo homologatutako atoi-sistemetan behar bezala paratuta ez dauden objektuak kargatuta. Galarazita dago, orobat, beste pertsona bat garraiatzea, salbuespen batekin: adindun batek adingabe bat garraiatzea, horretarako homologaturiko aulkian.

6. artikulua. Ziklomotorrak eta motozikletak.

Zirkulazio-arau orokorrak behar bezala betez eta eskatzen zaizkien segurtasun-neurriak betez zirkulatu beharko dute, gehiegizko zaratarik egin gabe. Orobat, saihestu eginen dituzte behar ez bezalako azelerazioak; elementu guztiak behar bezala homologatuta izanen dituzte, eta argi laburrak, berriz, piztuta. Hirigunean zehar debeku dute paraleloan zirkulatzea.

7. artikulua. Mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak.

Plaza bakarra duten eta motor elektrikoz propultsatuta dauden gurpil bakarreko edo gehiagoko ibilgailuak soilik hartzen dira mugikortasun pertsonalerako ibilgailutzat; halako ibilgailuek 6 eta 25 km/h arteko gehieneko abiadura izan dezakete diseinuz, eta ibilgailu motordun gisa hartzen dira ondorio guztietarako. Ildo horretan, azken horien arau guztiak zaizkie aplikagarri.

Ibilgailu horiek zehaztapen hauek bete beharko dituzte: galtzadatik zirkulatzea beti, gidariek kaskoa jantzita eraman beharko dute, eta gehienez 20 km/h-ko abiadura errespetatu beharko dute egoiliarrei mugatutako trafiko-eremuetan.

8. artikulua. Automobilak.

Gidatzean, ibilgailu automobilen gidariek Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen xedapenak bete beharko dituzte, eta zorrotz bete beharko dituzte, orobat, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren II. tituluan eta hura garatzen duen erregelamenduan jasotako arau guzti-guztiak.

Ibilgailu motordunek bizikleten mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa erraztuko dute, eta arau hauek beteko dituzte:

a) Bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen abiadurara egokituko dira.

b) Ez dute egiten ahalko aurreratzeko maniobrarik zirkulazio-errei berean.

c) Galtzadatik zirkulatuz gero, ez diete eraso egiten ahalko bizikleten, zikloen edo mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuen gidariei.

9. artikulua. Beste garraiobide batzuk.

1. Ez dira hartuko ibilgailu motordun gisa mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuak (gurpil-aulki elektrikoak edo scooter egokituak); beraz, zirkula dezakete oinezkoendako eta zirkulazio mugatuko espazioetan barna, baina gizakien igarotze-abiaduran.

2. Gidabaimenik behar ez duten autoak motordun ibilgailutzat hartzen dira eta, beraz, zirkulazio-muga berberak dituzte eremu mugatuetan. Orobat, aurreikuspen berberak bete behar dituzte aparkalekuei dagokienez ere.

3. Nekazaritzako ibilgailuek baimenduta daukate udal-bideetatik zirkulatzea, eta gainerako ibilgailu motordunei aplikatzen zaizkien zehaztapen berberak aplikatuko zaizkie, nahiz eta ez duten aparkatzen ahalko.

4. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailutzat hartzen ez diren monopatinen, irristailuen edo antzeko gailuen erabiltzaileek ez dute zirkulatzen ahalko galtzadatik, salbu eta ez badira haiendako gaituriko bide, gune edo zati bereziak. Horiek pertsonen igarotze-abiaduran bakarrik zirkulatzen ahalko dute, eta beste ibilgailu batzuek inola ere ez dituzte eramaten ahalko arrastaka.

10. artikulua. Oztopoak eremu publikoan.

Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen ohiko trafikoa eragotz dezakeen edozein oztopo bide publikoan paratzea, salbu eta Udalak espresuki baimentzen badu, inguruabar bereziak biltzen direnean. Baimen horretan, errespetatu beharreko baldintzak ezarriko dira, eta interesdunaren kontura izanen da behar diren segurtasun- eta seinaleztapen-neurri guztiak hartzea.

Udal agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu interesdunaren mesedetan, honako kasu hauetan:

a) Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

b) Behar den baimenik erdietsi ez bada.

c) Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

d) Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

II. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

11. artikulua. Arau orokorrak.

Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen joan-etorria eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere karrikaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Horretarako gaituriko tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Gidariek ez dute zilegi ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

12. artikulua. Geldialdia.

1. Geldialdia da ibilgailu bat mugitu gabe egotea bi minutu baino gutiagoko tartean eta gidaria auto barrutik atera gabe. Salbuespen gisa, gidaria aldentzen bada, hurbil egon beharko du, egoerak behartuz gero, ibilgailua kendu ahal izateko.

2. Geldialdia eginen da eskuineko espaloitik ahalik eta gertuen, bi noranzko dituen bidea denean; bakarrekoa denean, ezkerreko aldean ere gelditzen ahalko da. Espaloirik gabeko karriketan, gertuen dagoen fatxadatik gutxienez ere 0,50 metro utzita eginen da geldialdia. Geldialdiotan, nahitaezkoa izanen da larrialdi-argiak erabiltzea, maniobra horren berri emateko.

3. Ohiz kanpokotzat jotzen da bigarren ilaran gelditzea edo ibilgailuei seinaleztatutako higiezinetara sartzea galaraztea, eta, beraz, premiazko arrazoiak direla medio bakarrik egiten ahalko da, gidaria ibilgailutik irten gabe, betiere galtzada erabiltzeko eskubide hobea duenaren lehentasun egokiari eusten bazaio.

4. Debeku da geldialdia egitea:

–Seinaleek debekatzen dutenean.

–Zirkulazioa eragozteko edo zailtzeko moduan, elkarguneetan eta horien inguruetan, baldin eta beste ibilgailu batzuei bira egitea zailtzen bazaie, eta beste gidariak arauz kontrako maniobrak egitera behartzen badira, galtzadak ibilgailu-zutabe bat pasatzen uzten ez duen karriketan, trafiko-seinaleak ikustea eragozten denean...

–Oinezkoen pasabideetan.

–Minusbaliotasuna dutenek bakarrik erabiltzeko toki seinaleztatuetan.

–Espaloietan eta trafikorik gabeko eremuetan.

–Oinezko babesguneetan, erdibitzaileetan, babesetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

–Garraio publiko, eskola-garraio edo taxietarako geralekuetan eta zamalan, pasabide eta, oro har, erreserbako leku izateko seinalatu eta mugatutako tokietan.

13. artikulua. Aparkatzea.

1. Beste erabiltzaileek gainerako espazioa ahalik eta ongien erabiltzeko moduan aparkatuko da beti.

2. Zoladuran seinalaturik, aparkamendutako moldatutako lekuetan, ibilgailuak perimetro markatuaren barnean utziko dira.

3. Zoladuran bide-markarik ez badago eta aparkatzeko tokia zehatz-mehatz identifikatzen bada, ibilgailu automobilek ilaran aparkatu beharko dute, hau da, espaloiarekin paraleloan. Espaloira ahalik eta gehien itsatsita aparkatuko da, gurpilen eta zintarriaren artean gehienez 20 zentimetroko tartea utziz.

4. Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko moduan.

5. Ziklomotorrak, bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak haiendako behar bezala egokitutako lekuetan aparkatuko dira, betiere baldintza hauek betez:

–Motozikleten kasuan, bi ibilgailuren arteko bateriaerdian eginen da, inoiz ez espaloietan.

–Bizikletak aparkatzen ahalko dira beste leku batzuetan, ez badute oztopatzen oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorri normala, ez bada eragozten edo aldatzen hiri-altzarien funtzionaltasuna, eta ez badira bermatzen elementu begetalen eta bankuen kontra.

–Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak motorrendako eta bizikletendako egokituriko lekuetan aparkatuko dira; hala ere, ibilgailu horiek aparkatzen ahalko dira espaloietan, oinezkoendako pasabidea eta zirkulazioa galarazi edo oztopatu gabe, oinezkoek baitute lehentasuna. Aparkatzeko espaloira sartzeko, ibilgailua motorra geldirik dagoela bultzatu beharko da.

6. Debeku da aparkatzea:

–Debeku hori seinale bidez adierazten den tokietan.

–Gelditzea debekaturik dagoen kasu guztietan.

–Zamalanetarako seinaleak dauden tokietan.

–Pasabide gisa behar bezala seinaleztatutako eremuetan.

–Izkina, bidegurutze edo bidebanatze batetik 5 metrora baino gutxiagora, eta zebra-bideetatik 2 metro baino gutxiagora, martxaren noranzkoan.

–Bigarren ilaran, lehenbiziko ilaran ibilgailu bat dagoenean, edo edukiontzi bat, mutiloi bat edota bestelako babes-elementuren bat ageri denean.

–Haien zabaleragatik, ibilgailu bakar bat pasatzen ahal den bideetan.

–Espaloietan eta oinezkoendako eremuetan (berariazko gaikuntzarik ezean).

–Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten edo oztopatzen zaionean.

–Obrak, aldaerak, merkatu txikiak edo ekitaldi publikoak egin ahal izateko zehazten diren tokietan, betiere horren berri ematen bada gutienez ere hogeita lau ordu lehenagotik.

–Zintarria beheratuta daukaten tokietan, minusbaliatuak igaro daitezen.

–Erdiko babesgune edo erdibitzaileetan.

–Aparkaldi mugaturako edo ordutegi mugaturako gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria paratu gabe, edo ibilgailua ezarritako gehienezko denboraz goitik aparkatuta dagoenean, eta, horren ondorioz, eragotzi edo zaildu egiten duenean behar bezala aparkatutako ibilgailu bat irtetea.

–Aurretik adierazi ez diren gainerako tokietan, oinezkoen, ibilgailuen edo animaliendako arriskutsua denean.

–Debekaturik dago hirigunean kamioiak, nekazaritzako makinak eta tona askoko makinak aparkatzea, gaitutako eremuetan eta industrialdean izan ezik.

14. artikulua. Aparkaleku murriztuko eremuak

Udalak aparkaleku kontrolatu eta mugatuak ezartzen ahalko ditu udalerrian, erabiltzaile guztien artean espazio publikoa zentzuz eta zuzentasunez erabiliko dela bermatzeko, eta, orobat, aparkalekuak txandakatuko direla ziurtatzeko. Horretarako, zenbait eratako zonak identifikatzen dira:

–Egoiliarrendako aparkalekuak: berdez seinaleztaturiko aparkalekuak, ordutegi-mugarik gabe, betiere gune jakin batzuetan zirkulatzeko eta aparkatzeko gaitzen duen egoiliar-txartela behar bada lehentasunezko ordutegian erabiltzeko.

Baimena ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Txartelean zein urte agertzen den, urte hartarako balioko du eta eskatzailearentzat eta eskariko ibilgailurako baizik ez da izanen.

Aldi zehatzak adierazten dituzten zutikako bide seinaleztapenen bidez, eremu hori aparkaleku mugatu eta ireki gisa gaitzen ahalko da.

–Aparkaleku mugatuko eremuak, zutikako bide seinaleztapenen bidez identifikatuak; edozein ibilgailuk aparkatzen ahalko du, baina gehienez 20 minutuz egoten ahalko da 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara (edo, hala badagokio, tokian bertan instalatutako zutikako bide seinaleztapenetan kasu bakoitzean ezartzen diren ordu-tarteetan). Tarte horien artean ez dago gehieneko denbora-mugarik.

Kontraesanik izanez gero han adierazitako ordutegiaren eta tokian seinaleztatutakoaren artean, zutikako bide seinaleztapenak gailenduko dira.

Aparkaleku horretan denbora mugatua duten erabiltzaileek iritsiera-ordua identifikatu beharko dute, erraz ikusteko moduan, aurreko panelean; horretarako, nahikoa izanen da eskuz idatzitako ohar bat.

–Aniztasun funtzionala duten pertsonek aproposko bereizgarria izan beharko dute beraiei erreserbaturiko espazioak baliatzeko.

Aipaturiko gidari horien helmugatik hurbil ez badago aniztasun funtzionala duten pertsonendako leku erreserbaturik, udaltzainek baimena emanen dute zirkulazioari trabarik txikiena egiten zaion lekuetan aparkatzeko, baina inoiz ere ez aparkatzeko debekuak, ordenantza honetan aurreikusitakoaren arabera, ibilgailua kentzea eskatzen duen lekuan.

–Txandakako aparkalekuak dituzten karrikak.

Zutikako bide seinaleztapenen bidez, ibilgailuak alde batean edo bestean aparkatzeko baimena ematen duten bideak edo eremuak ezartzen ahalko dira, aplikazio-aldia kontuan hartuta, ahal dela hamabost egunean behin.

15. artikulua. Zamalanak.

Zamalanetarako gunea bide publikoaren gaineko espazioa da, halakotzat identifikatuta edo mugatuta eta seinaleztatuta dagoena, zeinean aparkatzen ahalko baitute baimenduriko ibilgailuek, zamalanak egiteko behar-beharrezkoa den denboran.

Udalak ezarriko du zein diren zamalanetarako gune horiek. Erreserbatutako eremu hori berariaz adieraziko da dagozkion seinaleekin eta ordutegi-mugekin. Ez badago zehazturik zutikako bide seinaleztapenen bidez –seinaleen edukia baitago beste edozein kontsiderazioren gainetik–, 7:00etatik 11:00etara eginen da.

Zamalanak egin ahal izateko, baimenduriko ibilgailutzat hartuko dira automobilak ez diren ibilgailuak, baldin eta salgaiak garraiatzeko baimena badute eta definizio horrekin ibilgailuaren dokumentazioan sailkatuta badaude edo salgaiak garraiatzeko txartela badute.

Ez da inola ere oztopatu edo zaildu behar oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa, ez eta atarietara, merkataritza-lokaletara edo pasabideetara sartzea ere; horregatik, debekaturik dago salgaiak galtzadan, bazterbidean eta oinezkoentzako guneetan uztea. Lanak, ahal delarik, eginen dira ibilgailuak galtzadaren bazterretik gertuen duen aldetik, eta behar diren baliabideak erabilita azkar burutu ahal izateko.

Debekaturik dago zamalanetarako guneetan aparkatzea ezarritako ordutegiaren barruan.

III. TITULUA

Sarbide murriztuko eremuak arautzea

16. artikulua. Zirkulazio murriztuko eremuak mugatzea.

Ablitasko Udalak, mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko segurtasun-beharragatik edo beste edozein arrazoirengatik, zirkulazioa kontrolatuta dagoen udalerriko eremuak ezartzen ahalko ditu, eta, ildo horretan, erabat edo partzialki debekatzen edo mugatzen ahalko du haietan zirkulatzea eta/edo aparkatzea. Eremu horietan, oinezkoendako trafikoari edo motorrik gabeko inguruneei emanen zaie lehentasun osoa, eta, beraz, haietara sartzera baimenduriko ibilgailuek gehienez 20 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ahalko dute –polizia-ibilgailuek edo ibilgailu sanitarioek izan ezik–.

Gune horiek dagokien seinaleztapena izanen dute haien sarrera eta irteeran; haien sarbidea semaforo eta/edo pilote bidez arautuko da, eta egoiliarrek bakarrik lortzen ahalko dute agintea. Gaur egun, hauek zehazten dira:

Egoiliarren eremua.

1. eranskinean zerrendatutako karrikek osaturiko espazioa asteburuetan egoiliarrendako gorderiko zirkulazio mugatuko gunea da.

Zamalanak egin behar dituzten ibilgailu komertzialek horretarako egokitutako ordutegietan eta lekuetan egiten ahalko dute.

Aparkaleku murriztuei buruzko artikuluan xedatutakoaren arabera arautuko da eremu horretako aparkalekua.

Foruen plaza.

Foruen plaza trafiko-espazio baketsu eta arautu gisa antolaturik dago. Horretarako, bertara sartzea egoiliarrendako erreserbaturik dago lehentasunez, eta gainerako herritarrek mugaturik edukiko dute denbora-tarteen arabera (egunak eta orduak). Tarte horiek zutikako seinaleetan zehaztuko dira, ongi ikusteko moduko lekuetan paraturik.

Era berean, aparkalekuei buruzko berariazko araudia ezarri da. Horretarako prestatutako espazioetan bakarrik aparkatzen ahalko da, seinaleztapen horizontalaren bidez identifikatutako zona motaren arabera. Hori horrela den heinean, berdeguneari dagozkion aparkalekuak egoiliarrek bakarrik erabiltzen ahalko dituzte oro har; zamalanetarako identifikatutako aparkalekuak erabiltzen ahalko dira aparkaleku mugatu gisa, baina zamalanetako ordutegietatik kanpo, eta gainerakoak, azkenik, aparkaleku mugatutzat hartuko dira.

17. artikulua. Pertsona fisikoak egoiliar izatea.

Egoiliar izanen dira, gaikuntza eskuratzeari dagokionez (txartela eta sartzeko agintea), baldintza hauek betetzen dituztenak:

1. Pertsona fisikoa izatea eta sektorearen barnean dagoen etxebizitza batean erroldatua, eta hura izatea haren ohiko eta benetako bizitokia.

Baimena zer ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek, eskatzailearen izenean egoteaz gainera, haren helbide berean egon beharko du erroldatuta.

2. Ablitasko Udalari bizilagun txartela eskatu eta hura eskuratzea, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

b) Autoaren indarreko aseguru polizaren kopia konpultsatua eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura eduki behar bada.

c) Dokumentuak emateagatiko tasa eta urrutiko agintearen kostua ordaintzea, kasuak hala eskatzen duenean.

3. Halaber, bizilagunentzako txartela honako hauek eskatu ahalko dute:

–Ordenantza honek arautzen dituen eremuetako etxebizitzen jabeek edo maizterrek, nahiz eta Ablitasko egoiliar izaera ez izan. Kasu honetan, etxebizitza bakoitzeko gaikuntza bakarra emanen da, aldi baterako.

–Egiaz bigarren etxebizitza gisa erabiltzen diren etxebizitzen jabeek, baldin ordenantza honen eremuaren barnean badaude.

–Peñen lokalek urrutiko aginte bakarra eskatzen ahalko dute lokal bakoitzean, eta hark gaituko ditu eremuan barna zirkulatzeko, zamalanetarako bakarrik.

–Eremu horretan bizi diren adinekoak zaintzen edo ardurapean dauzkaten senideek edo pertsonek eskatzen ahalko dute behar bezala egiaztatu ondotik, betiere eskatzaileek ez badute beren bizilekua ordenantza honek mugaturiko eremuetan.

4. Udal-zerbitzuek beharrezko iritzitako ikerketa-lan guztiak eginen dituzte inguruabar horiek egiaztatzeko, eta utzi eginen zaio egoiliar izateari, baldin eta horretarako inguruabarren bat betetzeari uzten bazaio; halako kasuetan, beraz, baliogabetu eginen da lorturiko gaikuntza.

18. artikulua. Eremu murriztuetako jarduera ekonomikoen titularrek egoiliar izaera lortzea.

Ondorio guztietarako, egoiliar izaera lortzen ahalko dute merkataritza-, industria-, lanbide- edo zerbitzu-jarduera bat egiten duten edo egin behar duten pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta:

–Ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda badaude, jarduera hartarako eta establezimendua dagoen tokirako.

–Lokalak irekitzeko lizentzia badu.

–Ibilgailua jardueraren titularraren izenean badago, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa eginda.

–Urrutiko aginte bakarra emanen da pertsona fisiko edo juridikoaren izenean lizentzia fiskalean inskribaturik dagoen ibilgailu bakoitzeko.

19. artikulua. Gaikuntza erabiltzeko eta berritzeko baldintzak.

Inoiz ez da emanen bizileku-txartel bat baino gehiago.

Baimena eta urrutiko agintea eskuratzen dituzten eskatzaileak izanen dira haien erantzule, eta, haiek lortzeko baldintzetan eragina izan dezakeen edozein aldaketa izanez gero, astebeteko epea izanen dute Udala jakinaren gainean jartzeko. Hori horrela:

–Baimen berria emanen zaie, baldin eta ibilgailua edo bizilekua aldatzen badute, baina beharrezko baldintzak betetzen jarraitzen badute.

–Eremuan sartzeko baldintzak betetzeari utziz gero, itzuli egin beharko dituzte urrutiko agintea ez ezik dagokion baimena ere, erabiltzeko moduan behar bezala dagoela, eta, galdu edo hondatuz gero, ordaindu egin beharko da haren balioa.

Urtero berritu beharko da baimena.

Urrutiko agintea ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

20. artikulua. Zirkulazio mugatuaren salbuespenak.

Bazterturik daude atal honetan ezarritako zirkulazio-mugetatik:

–Bizikletak eta mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailuak.

Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan.

–Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

–Autotaxi ibilgailuak, gidaria bolantean badago eta zerbitzu egiten ari bada.

–Hilotzak eramateko autoak, zerbitzu egiten ari badira.

–Udal-ibilgailuak, suhiltzaileak, anbulantziak edo larrialdi medikoak, gizarte-zerbitzuak, segurtasun-indar eta -kidegoak eta hondakinak biltzeko edo garbitzeko ibilgailuak, guztiak ere zerbitzu egiten ari direnean.

–Elbarriendako erreserba berezietan aparkatzeko baimena duten ibilgailuak, horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

–Baimenduriko beste ibilgailu batzuk.

IV. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

21. artikulua. Izaera. Esparru materiala.

Ibilgailu abandonatuek hiri-hondakin solidoaren tratamendua izanen dute, eta Udala gaiturik egonen da ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu batera eramateko.

Ibilgailu bat abandonatutzat joko da Trafikoari buruzko Estatuko araudian zehaztutako kasuetan, eta zehazki:

a) Hilabetez baino gehiagoz leku berean aparkatuta dagoenean, bere kabuz mugitzea eragozten dioten kalteak dituenean, edo matrikula-plakak falta zaizkionean.

b) Bide publikotik erretiratu ondotik gordailutu eta bi hilabete baino gehiago igaro direnean.

Bizikletei, ziklomotorrei eta bide publikoan dauden bestelako baliabideei dagokienez, baldin eta gurpilik ez badute, batetik bestera mugitzea eragozten duten kalteak badituzte edo ibilgailuaren egoerak argi eta garbi adierazten badu abandonaturik dagoela.

22. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak bide publikoan daudenean, Ablitasko Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik erretiratzeko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

2. Aitzineko atalean aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, udal gordailura eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

4. Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta gordetzeko gastuak horiek gordailutik eraman aitzin ordaindu beharko dira.

V. TITULUA

Zehapen araubidea

23. artikulua. Ibilgailua erretiratzea.

Ibilgailu bat bide publikotik erretiratu behar bada ordenantza honetako edo indarrean dagoen trafikoari buruzko legeriako zehaztapenen bat ez betetzeagatik, arau-hausleari jasanaraziko zaio garabiaren kostua.

24. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak. Arau-haustetzat hartuko dira, orobat, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta haren ondorengo aldaketa eta garapen-erregelamenduetan adierazitakoak.

Arau-hauste arinak izanen dira ordenantza honetan jasotako arauen aurka eginikoak, baldin eta ez badira berariaz jotzen astuntzat edo oso astuntzat.

Arau-hauste astunak:

–Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen 76. artikuluan halakotzat tipifikaturik daudenak.

–Baimenduaz bestelako ibilgailuan agiri edo bereizgarria erabiltzea.

–Sartzeko baimenik ez duten ibilgailuei agintea uztea.

–Egoiliarrendako erreserbaturiko karriketan zirkulatzea edo aparkatzea, zirkulazio mugatuko eremua izanik, hartarako baimenik eduki gabe.

–Oinezkoendako eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatuz, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere.

–Ordenantza honek larritzat jotako arau-hausteak egitea, zilegi ez den egintza edo omisioaren errudunak ebazpen irmo baten bidezko zehapena hartu badu aurreko hamabi hilabeteetan administrazio bidetik, tipifikazio bereko arau-haustea egiteagatik.

Arau-hauste oso astunak:

–Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen 77. artikuluan halakotzat tipifikaturik daudenak.

–Oinezkoen eremuan sartzeko baimena frogatzen duen bereizgarria edo sinestamendua aldatzea edo haren iruzurrean parte hartzea.

–Ordenantza honek larritzat jotako arau-hausteak egitea, zilegi ez den egintza edo omisioaren errudunak ebazpen irmo baten bidezko zehapena hartu badu aurreko hamabi hilabeteetan administrazio bidetik, tipifikazio bereko arau-haustea egiteagatik.

Alkateak onetsiko ditu ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteak, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloko zehapen-prozeduraren erregelamendua eta estatuko araudi osagarria onartzen dituen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuko prozedurari jarraituz. Zehapenak ezartzerakoan, kontuan hartuko da Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 80. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa edo unean-unean indarrean dagoen araudia.

25. artikulua. Zehapenen zenbatekoa:

Hau da ordenantza honetan arauturiko zehapenen zenbatekoa:

–Arau-hauste arinak: 100 euro.

–Arau-hauste astunak: 200 euro.

–Arau-hauste oso astunak: 500 euro.

Zehapenen zenbatekoa legez onartutako tarteen barruan ezarriko da beti. Etorkizunean zenbatekoak aldatzen badira, automatikoki eguneratuko dira, une bakoitzean indarrean dagoen zenbatekoaren arabera.

6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 94. artikuluan xedatutakoaren arabera, arau-haustea jakinarazi eta 20 egun naturaleko epean borondatezko ordainketa egin ondoren, amaitu eginen da espedientea, zehapenaren % 50eko murrizketarekin, eta alegazioak egiteari uko egitea ekarriko du berekin.

26. artikulua. Zehapen prozedura.

Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onesten duen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuaren 4.eta 5. artikuluen arabera, arau-haustea ikusten duen nornahik edo agintaritzaren agenteek salatzen ahalko dituzte arau-hausteak, eta alkatetzari bidaliko diote buletina, hura baita izapidetzeko eskumena duen organoa.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak izan daitezkeen egitateen berri duen alkateak edo zinegotzi ordezkariak ofizioz hasiko du zehapen-prozedura, trafikoko agenteen edo gertakarien berri duen edozein pertsonaren salaketaren bidez. Hala ere, trafiko-agenteek salatuari berehala jakinarazitako salaketa da zehapen-prozedurari ekiten dion egintza, ondorio guztietarako.

1. ERANSKINA

Zirkulazio murriztuko eremuetan sarturiko karrikak:

Horno karrika.

Karrika Nagusia.

Caracoles karrika.

Callizo Caracoles karrika.

Chiquero karrika.

Capuchinos karrika.

Callizo Capuchinos karrika.

Subida al Castillo karrika.

Castillo karrika, 5. zenbakia arte.

Diezma karrika.

Olmo karrika.

Iglesia karrika.

Torales, Puente de la Majarekin gurutzea egin arte.

Río karrika, Foruen plazara arte.

Tuterako etorbidea, Riorekin gurutzea egiten duen tokitik Foruen plazaraino.

Egoki den seinaleztapenaren barnean dauden gainerakoak.

Iragarkiaren kodea: L2206113