95. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

60E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 28koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 623596

Urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, II. kapituluan xedatzen du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eremu materiala, eta eskumen horien artean dago Nafarroako Foru Komunitatearen interes sozioekonomikoak babestea, Europar Batasuneko ekintzek edo programek horietan eragina duten neurrian. Eskumen hori, berariaz, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari esleitzen zaio.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak interes handia du Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntza-lerro baten deialdia proposatzeko, era horretan EBren funtsetatik Nafarroako enpresetara itzultzen dena hobetzeko asmoz. Europar programetatik edo bestelako iturrietatik (adibidez, Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiek berek, partzuergoek eta Europa mailako ekimenek antolatutako deialdi eta lizitazioetatik) eskualdeko enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateentzako funtsak lortzeko eskaintza eta proposamenak prestatzen direnean, aurretiaz zehaztutako metodologia edo estrategia bati jarraitu behar zaio, baldin eta, itzultzen diren funtsei dagokienez, Nafarroak izan duen arrakasta maila hobetu nahi bada. Bruselan gertatzen denari buruzko informazioa eta ezagutza izatea funtsezkoa da.

Testuinguru horretan, dirulaguntzen deialdi honen helburua da sustatzea Nafarroako enpresek kontrata ditzatela Europako proiektuen sustatzaile eta kudeatzaile lanetan arituko diren pertsonak.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

• 75.000 euro, 2022ko gastuen aurrekontuetan “EU proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak” izeneko B50003-B5200-4709-145102 partidaren kargura.

• 75.000 euro, 2022ko gastuen aurrekontuetan “EU proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak” izeneko B50003-B5200-4709-145102 partidaren baliokide izateko asmoz 2023ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 28an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da Europako proiektuen kudeaketa-lanak eginen dituzten pertsonen kontratazioa sustatzea, Europako proiektuen esparruan laguntza-deialdiak bilatu eta identifika ditzaten, gero deialdi horietan proposamen bat aurkezteko, eta/edo proposamen horiek hobetzeko, haien arrakasta maila handiagoa izan dadin eta, ikuspegi publikotik, Europako funtsak Foru Komunitatearen lurraldera erakartzeko aukerak handitzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izan daitezke onuradunak:

a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, baimena ematen da helbide fiskala egiaztatzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.

3. Betebeharrak frogatuko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eta guztiak bete beharko dira laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean eta diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean. Adierazpen hori eskabidean berean sartuta dago.

3. oinarria.–Kontratazio diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagunduko da onuradunek pertsonak kontratatzea proiektu-ideia bat sortzeko, programak eta deialdiak monitorizatu eta identifikatzeko, bazkideak edo atxikipen proposamenak bilatzeko eta proiektuak irauten duen bitartean aurkezten diren proposamenen jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Kontratatzen diren pertsonek baldintza hau bete beharko dute kontratazioaren unean:

Ez izatea enpresaren jabetza edo kontrola dutenen ezkontideak, aurreko ahaideak, ondorengoak edo ezkontza nahiz odol bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak, ezta zuzendaritzako karguak dituztenenak ere, edo, sozietatearen forma juridikoa duten enpresen kasuan, ezta haietako administrazio organoetako kideenak ere.

2. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez hamabi hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.

b) Mugagabea izatea. Ez dira baliozkoak izanen autonomo gisa aritzen diren langileekin sinatutako kontratuak.

c) Kontratuan adieraziko da ezen kontratatutako pertsona ariko dela Europako proiektuen kudeatzaile eta/edo sustatzaile lanetan, eta lan horiei dagokien talde profesionala esleituko zaio.

d) Kontratuak sinatuko dira deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita dirulaguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabete igaro bitarte.

3. Kontratatzen den pertsonari alta emanen zaio Gizarte Segurantzan 1. edo 2. kotizazio taldeetan, bere lanbide kategoriaren arabera, eta gutxienez 32.000 euroko urteko soldata gordina izanen du.

4. Kontratatuak Nafarroan kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

5. Laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da enpresa eta kontratazio bakoitzeko.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-la-contratacion-de-personas-promotoras-y-gestoras-de-proyectos-europeos-2022 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, fitxan eskura dauden ereduen arabera, artxibo bereizietan eskaneatuak eta izenaren bidez behar bezala identifikatuak:

a) Eskabidea, 2. oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasotzen duena.

b) Enpresa eratzeko edo, hala badagokio, aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

c) Eskatutako balorazio irizpideak zehazten dituen memoria.

4. Baldin eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak enpresa interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 3. ataleko c) letran eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora zuzendu.

5. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.5 oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

6. oinarria.–Balorazio irizpideak.

Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira:

a) Plantillaren tamaina (gehienez 20 puntu):

–1-5 langile: 20 puntu.

–6-10 langile: 15 puntu.

–11-24 langile: 10 puntu.

–25 langile edo gehiago: 8 puntu.

Plantillaren tamaina egiaztatzeko, enpresaren kotizazio kontuen kode guztien lan bizitzaren azken txostena erantsiko da, non langile guztiak agertuko diren.

b) Prestakuntza (gehienez 20 puntu):

Enpresak 2021-2027 aldirako Urte Anitzeko Finantza Esparruari buruzko prestakuntza jardueretan parte hartu izana 2020tik aurrera (NUPeko kudeatzaileen ikastaroa, Topagune Iraunkorrak, EEN sarea, CDTI, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren prestakuntzak...).

Enpresa parte-hartzaile bakoitzeko zenbatuko da, honela: prestakuntza-ordu bakoitzeko, 0,10 puntu.

c) Kontratazioaren helburuak eta beharra (gehienez 20 puntu):

Kontratazioarekin zer lortu nahi den. Baloratuko da zer neurritan diren helburu horiek berariazkoak, neurgarriak, errealistak, garrantzitsuak eta diruz lagundutako kontratazioaren bukaera-epera mugatuak. Kontratazioaren beharraren justifikazioa, aurreko puntuetan planteatutako memoriari loturik, eta, orobat, azalduko da zer zailtasun konpontzen lagunduko lukeen kontratazioak.

d) Kontratatu beharreko profilaren egokitasuna (gehienez 20 puntu):

Baloratuko da ea profila egokitzen den Europako proiektuen kudeatzaile baten berezko zereginetara, eta, horrez gainera, prestakuntza akademikoa, lanbide esperientzia, hizkuntza-gaitasuna eta abar.

e) Proiektuaren ideia eta harekin konpondu nahi den arazoa (gehienez 10 puntu):

bere dimentsio europarra eta kokatzen den politika europarra definituz.

f) Nafarroako Gobernuaren S4 estrategia-politikekin bat etortzea (gehienez 5 puntu).

g) Europako sare, foro eta elkarteetan parte hartzea (gehienez 5 puntu).

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia da dirulaguntzak nori eman erabakitzeko organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ebazpenean azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten enpresa eskatzaileen zerrenda eta onartutako zenbatekoa. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

8. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.

Dirulaguntzaren onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki laguntzen fitxaren bitartez, hemen azaltzen diren epeetan:

1. Laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabetera:

a) Kontratuaren kopia bat.

b) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.

c) Zinpeko aitorpena, 3. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

d) Kontratatutako pertsonaren nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

e) Enpresaren kotizazio kontuaren kodeko lan bizitzaren txostena, kontratatutako pertsonaren izena jasotzen duena.

f) Kontratatutako pertsonaren curriculuma, honako datu hauekin: prestakuntza akademikoa, esperientzia, hizkuntzak...

2. 2022ko azaroaren 18a baino lehen:

a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, kontratua formalizatu zenetik 2022ko urrira artekoak, hori barne.

b) Gizarte Segurantzako “Langileen izenen zerrenda” agiria, kontratuaren hilabete horiei dagokiena.

c) Agiri bidezko froga bat, egiaztatzen duena bete dela publizitateari buruzko betebeharra, 10. oinarriko d) letran ezarritakoa, salbu eta publizitate hori egiten bada enpresaren webgunearen bidez. Kasu horretan, webgunearen helbidea adieraziko da.

3. Bi hilabeteko epean, kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatzen denetik hasita, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, 2022ko azarotik hasi eta diruz lagundu den kontratua bukatu bitarteko hilabete guztietakoak.

b) “Langileen izenen zerrenda”, 2022ko azarotik hasi eta diruz lagundu den kontratua bukatu bitarteko hilabete guztietakoa.

c) Enpresaren kotizazio kontuaren kodeko lan bizitzaren txostena, diruz lagundutako aldiari dagokiona (12 hilabete).

d) Azken memoria, gutxienez honako informazio hau jasoko duena:

–Eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren esparruan kontratatutako pertsonak egindako ekintzen azalpena, eta egindako lanarekin enpresak duen gogobetetasun maila.

–Helburuak zenbateraino bete diren, laguntza-eskaeraren memorian planteatutakoaren arabera, eta, nolanahi ere, identifikatutako aukera guztiei buruzko informazioa edo, egindako kontratazioaren ondorioz, Europako proiektuen deialdietara aurkeztutako proposamenei buruzko informazioa.

4. Justifikazioa aurkezten bada oinarri honetan adierazitako epeak bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Dirulaguntza bi unetan ordainduko da:

a) Kontura egindako lehenbiziko ordainketan, emandako dirulaguntzaren %50 ordainduko da. Ordainketa hori 2022an eginen da, 8. oinarriko 1. eta 2. ataletan eskatutako justifikazioa aurkeztu ondoren.

b) Gainerako %50a 2023an ordainduko da, behin aurkezturik 8. oinarriko 3. atalean adierazitako justifikazioa.

3. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Baldin gardentasun betebeharra duten onuradunek epez kanpo komunikatzen badute aipatu foru legearen 12. artikuluan eskatutako informazioa, onartutako dirulaguntza %10 murriztuko da, informazio hori hurrengo 10 egun baliodunetan aurkezten bada. Bestela, hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) 3.2 oinarrian kontrataziorako ezartzen diren betebeharrei eustea diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean.

c) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea 8. oinarrian adierazten den moduan.

d) Bere web orrian edo, halakorik ez badu, beste bideren bat erabiliz, adieraztea dirulaguntza honen onuraduna izan dela, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea gal daiteke, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Zehazki, deklaratzen ahalko da galdu dela dirulaguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea, proportzioan kalkulatua, baldin eta kontratua azkentzen bada hamabi hilabete iragan baino lehen –epe hori eskatzen da 3.2.a) oinarrian–, salbu eta enpresak 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen beste norbait kontratatzen badu hurrengo hilabetean, eta horren berri ematen badio Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari, hilabeteko epean, kontratu berria egiten den egunetik hasita.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Ondorio horietarako, onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez (eskura dago www.nafarroa.eus webgunean).

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoak, banaka edo beste batzuekin batera, ezin izanen ditu inolaz ere gainditu 3.2.a) oinarrian eskatzen den gutxieneko hamabi hilabeteko kontratazioaldi horretan izaten diren lan kostuak eta Gizarte Segurantzaren kostuak.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2206130