95. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORTES

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean

Alkatetzaren apirilaren 29ko 148/2022 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, administrari-ofizialaren lanpostu bat hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean jardun dezan Cortesko Udalaren zerbitzura.

Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cortesen, 2022ko maiatzaren 2an.–Alkatea, Fernando Sierra Estoduto.

OINARRIAK

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean Cortesko Udalaren zerbitzura jardun dezan

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzea administrari-ofizialaren lanpostu bat, Cortesko Udalaren plantilla organikoan lau zenbakia duena, Cortesko Udaleko bulegoetan aritzeko.

Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, lehenengo proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Cortesko Udaleko funtzionario izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da, eta hartan kidetuko.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, baita plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Kontabilitate publikoa, eta idazkaritzari eta kontu-hartzailetzari laguntzea exekuzio lanetan.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, exekuzio lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bestelako eginkizunak, Cortesko Udalak agintzen dizkionak.

–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, beren kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez ere Batxilergo, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua edukitzea, edo hori eskuratzeko baldintzetan egotea.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Cortesko Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 10 euro sartzea, azterketa eskubideak izateko.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu deialdi honetako 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu beharko ditu hautaketa-prozedurak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cortesko Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Cortesko Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

3.2. Eskabide horiek I. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak izan beharko dute. Eredu hori Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren esteka honetan deskargatu daiteke:

https://cortes.sedelectronica.es/transparency/e2e7b750-0855-486d-8cb5-767ab3ca7e63/

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Deialdira aurkezten dituen merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

b) 10 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan:

–Caixabank: ES65 2100 4958 9222 0002 9718.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Administr.-ofiz. azterketa

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Cortesko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren gardentasun atarian, honako esteka honetan:

https://cortes.sedelectronica.es/transparency/28be1759-f7f1-43ec-bfd6-66687b9b1d0a/

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratzeko aginduko du, honako esteka honetan:

https://cortes.sedelectronica.es/transparency/28be1759-f7f1-43ec-bfd6-66687b9b1d0a/

Baldin behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Fernando Sierra Estoduto, Cortesko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Antonio Alba Baya, Cortesko Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

–Epaimahaikidea: María Laura Escalona Vicente, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Jesús Carlos Martínez Asín, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: Luis Morales Cerdán, Cortesko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: izendatzeke.

–Epaimahaikide idazkaria: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Andrea Lafuente Bozal, Ribaforadako Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan litezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa 2022ko ekainetik aurrera hasiko da.

6.3. Lehiaketaldia: lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da eta gehienez ere 15 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.3.a) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 1,5 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.b) Gainerako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 0,75 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteak osoak ez badira, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Aurreko bi apartatuen batura ez da izanen 10 puntu baino handiagoa.

6.3.c) Prestakuntza-ikastaroak:

Soilik baloratuko dira administrari-ofizialaren lanpostuari dagozkion eginkizunei buruzko hobekuntza eta espezializaziorako ikastaroen eta prestakuntza ekintzen tituluak edo bertaratze-ziurtagiriak, horiek erakunde edo zentro ofizialek eta unibertsitate zentroek eginak baldin badira; orobat, baloratuko dira Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak. Honela:

–1 eta 5 ordu bitarteko ikastaroa: 0,2 puntu ikastaro bakoitzeko.

–5 eta 10 ordu arteko ikastaroak: 0,4 puntu ikastaro bakoitzeko.

–10 ordutik gorako ikastaroak: 0,6 puntu ikastaro bakoitzeko.

Gehienez ere 4 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

Masterrak ez dira baloratuko.

6.3.d) Lizentzia edo gradua izatea Ekonomia Zientzietan edo Enpresa Zientzietan, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan edo Zuzenbidean (puntu 1).

Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

6.3.e) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Cortesko Udalaren iragarki-taulan, eta zehaztuko ditu bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Cortesko Udaleko erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4. Oposizioaldia: Honako ariketa hauek izanen ditu:

6.4.1. Lehenbiziko proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez ere 40 puntu lor daitezke, eta gutxienez ere 20 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik kalifikazio epaimahaiak esanen duen moduan.

6.4.2. Bigarren proba: praktikoa. Zenbait agiri administratibo ofizial prestatu beharko dira eta kontabilitate publikoko eta aurrekontuen kontabilitateko ariketak egin, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin, lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak; epaimahaiak hautatuko ditu deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edo ahoz edo ordenagailuz egin ahalko du epaimahaiak. Bestetik, dokumentua eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.

Proba honetan alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena eta epaimahaiak emandako datuak ongi jaso izana baloratuko dira.

Bigarren proban gehienez ere 45 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 22,50 puntu erdietsi behar dira.

6.4.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

6.4.4. Plika itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua argitara emanen ditu iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

6.4.5. Epaimahaiak, plikak jendaurrean ireki ondotik, Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Cortesko Udaleko erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Cortesko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia kautotua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetuko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Cortesko Udaleko alkate udalburuak Cortesko Udaleko funtzionario izendatuko du administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Cortesko Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarriarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien beste zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez 12 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan ez da gehituko lehiaketa-fasea, lehenengo ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraituko zaio, eta zerrenda horretan berdinketa badago, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Herriko Etxeko iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

9.3. Lortutako azken puntuazioak erabakiko du zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

9.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute indarrean dauden aurreko zerrendekiko, eta sei urteko indarraldia izanen dute, epe laburragoan agortzen ez bada edo beste deialdi bat egiten ez bada.

9.5. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Cortesko Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean Udalean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, baldin eta dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egitea:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo ama izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Zaindu beharra izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.6. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen kontra, oinarrien kontra eta bere aplikaziotik sortzen diren egintzen kontra, ondoko errekurtso hauek aurkez daitezke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

10.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Cortesko Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa) esteka honetan deskarga daiteke:

https://cortes.sedelectronica.es/transparency/e2e7b750-0855-486d-8cb5-767ab3ca7e63/

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdunak direnak; ekiteko gaitasuna; eta interesdunaren kontzeptua, interesdunen ordezkaritza, identifikazioa eta sinadura prozedura administratiboan. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: beharkizunak. Eraginkortasuna, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastuen aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontuko aldaketak. IV. kapitulua: gastuen aurrekontuaren betearazpena. Arauak eta betearazteko faseak.

8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.

9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, zeinak hizpide baititu Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta Katastroak.

11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena: I. tituluaren V. kapitulua: Jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea.

13.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

14.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutako langileak.

15.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

16.–Cortesko Udalaren erregelamendu organikoa, 2020ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 14an.

17.–Cortesko Udalaren administrazio-prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza, 2018ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 14an.

18.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

19.–Cortesko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, 2018ko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 6an.

Iragarkiaren kodea: L2206171