95. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

293/2022 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza hauen deialdia onesten duena: Biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak, abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasun arloko inbertsioak egiteko ere, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2022. urterako. DDBN identifikazioa: 623966

2020. urtearen hasieran agertu zen COVID-19ak Batasunaren eta munduaren ikuspegi ekonomikoak, sozialak eta aurrekontukoak aldatu ditu, eta premiazko erantzun koordinatua eskatu du. Koordinazio hori beharrezkoa izan da estatuen baitan, ondorio ekonomiko eta sozial ikaragarriei aurre egiteko, baita Batasuneko kide diren estatuen artean ere, ondorio asimetrikoei aurre egiteko.

COVID-19ak eragindako krisiaren testuinguru horretan, Europako Kontseiluak NextGenerationEU programa sortzea onetsi zuen 2020ko ekainaren 21ean. Programa hori da Europar Batasunak inoiz finantzatu duen ekonomia pizteko tresnarik handiena, eta haren bidez erantzuna eman nahi zitzaion koronabirusak sortutako aurrekaririk gabeko krisiari. NextGenerationEU aldi baterako berreskuratze-tresna da, koronabirusaren pandemiak eragin dituen bat-bateko kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen lagunduko duena, COVID-19aren ondorengo Europa ekologikoagoa, digitalagoa, erresilienteagoa, eta gaurko eta biharko erronkei egokituagoa izan dadin.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak, 2021eko otsailaren 12koak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (aurrerakoan, SEM) ezartzen du. Horixe da NextGenerationEU delakoaren elementu zentrala. Erregelamendu honetako 22. artikuluak, “Batasunaren finantza-interesak babestea” izenekoak, hainbat betebehar ezartzen dizkie Batasuneko estatuei, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren onuradunak direnez, Batasunaren finantza-interesak babesteari dagokionez.

SEMek ezartzen dituen helburuak lortzeko, estatu kideek beren suspertze eta erresilientziarako planak egin dituzte, nork berea, 4. artikuluan ezartzen diren helburuak erdiesteko. Plan horietan ezartzen da dagokion estatu kidearen erreforma eta inbertsio programa. Horrela, mekanismo horrek eskaintzen duen finantza-laguntza jasotzeko, 2021eko apirilaren 30ean Espainiako Erresumak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (aurrerakoan SEEP) aurkeztu zuen. Plan horrek 2021-2023 urteen arteko inbertsioak eta erreformak ezartzen ditu, eta Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso zuen 2021eko ekainaren 16an. Planaren behin betiko onespena berretsi da Europako Batzordearen 2021eko uztailaren 13ko betearazpen erabakiaren bidez.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana hamar politika eragileren inguruan egituratzen da. Politika horien artean 1. zenbakia duena hauxe da: “Hiri- eta landa-agenda, despopulazioaren aurkako borroka eta nekazaritzaren garapena”. Horretan txertatzen da 3. osagaia, “Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektorearen ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala”. Osagai horren helburua da nekazaritzako elikagaiena bezalako sektore ekonomiko estrategiko baten erresilientzia eta lehiakortasuna hobetzea, klimaren, ingurumenaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren helburuak lortzen lagunduz.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen honen bidez onesten diren laguntzak Espainiako ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 3. osagaiaren barruan sartzen dira (“Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektorearen ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala”), zehazki 3. inbertsioaren barruan (Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jas angarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko plana (II): gaikuntza eta biosegurtasun-sistemen errefortzua mintegietan eta garbiketa eta desinfekzio zentroetan).

Animalien eta landareen osasunaren arloan biosegurtasun-baldintzak indartzea elementu erabakigarria da animalien gaixotasunak edo landareengan izurrite edo organismo kaltegarriak agertzea eta hedatzea prebenitzeko.

Biosegurtasunean inbertitzea beharrezko hobekuntza dela jo daiteke, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak, oro har, indartzen laguntzen baitu, merkataritza-bazkideen konfiantza handitzen duelako, ekoizpen handiagoa eta ekoizpenen osasun-kalitatea hobetzea ahalbidetzen duelako eta ustiategietan izurriteak eta gaixotasunak sartzeko eta zabaltzeko arriskua murrizten duelako.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean zehazten diren biosegurtasun arloko neurri horiek azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuan zehazten dira (dekretu horrek dirulaguntza hauen oinarri arautzaileak ezartzen ditu: Biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak, abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko ere, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan), eta 16. eta 17. artikuluetan ezartzen du autonomia-erkidegoko organo eskudunei dagokiela 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietako biosegurtasun arloko inbertsio horietarako laguntzak tramitatu, ebatzi, kontrolatu eta ordaintzea. Beraz, beharrezkoa da laguntza horien deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatean.

Laguntza horien helburua da sektore ekonomiko estrategiko baten, hau da, nekazaritzako elikagaien sektorearen erresilientzia eta lehiakortasuna hobetzea, klimaren, ingurumenaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren helburuak lortzen lagunduz.

Errege-dekretu horren edukia bat dator abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren IV. tituluan ezarritakoarekin. Titulu horretan ezartzen dira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-espezialitateak; zehazki, dekretuaren edukia bat dator planaren I. kapituluan aurrekontua kudeatu eta kontrolatzeari buruzko espezialitateen gainean esaten denarekin, baita II. kapituluan administrazio-prozedurari buruzko espezialitateen gainean, eta V. kapituluan dirulaguntzak kudeatzearen gainean esaten denarekin ere.

Beste alde batetik, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduak SEEP kudeatzeko sistema egituratzen du. 6. artikuluaren (“Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzea”) 1. apartatuan adierazten denez, “SEEPen neurriak exekutatzen parte hartzen duen entitate erabakitzaile edo exekutzaile orok ‘iruzurraren aurkako neurrien plana’ izan beharko du, eta plan horrek aukera eman beharko dio honako hau ziurtatzeko eta deklaratzeko: nork bere jarduera-eremuan, aplikatzekoak diren arauen arabera erabili dituela funtsak, iruzurraren prebentzioari, atzemateari eta zuzentzeari dagokienez, baita ustelkeriari eta interes-gatazkei dagokienez ere.

Helburu hori betetzeko, HFP/1030/2021 Agindua eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren 2022ko urtarrilaren 24ko orientabideak erreferentziatzat hartuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu bidez iruzurraren aurkako neurrien plan bat onetsi da, SEEPek indarra duen artean, berori exekutatzeko departamentu honetan garatzen diren proiektu guztiei aplikatuko zaiena, hasiera-data edozein izanik ere. Neurriak iruzurraren aurkako zikloa deitzen denaren lau elementu nagusien inguruan egituratzen dira: prebentzioa, detekzioa, zuzenketa eta jazarpena.

Biosegurtasun arloko inbertsioetarako dirulaguntzak abereak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak hobetzeko edo xede horrekin zentro berriak eraikitzekoak arau honi egokitzen zaizkio: 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L 352/1, 2013/12/24koa).

Bere aldetik, intsektu bektoreen aurkako babes-instalazioetan inbertsioak egiten dituzten material begetal jakin batzuen ekoizle-kategoriako operadore profesionalentzako laguntzen araubidea bateragarritzat jo da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuarekin, Batzordearen 2021eko uztailaren 30eko Erabakiaren bidez, SA.63699 (2021/N) –RRF– laguntza, Intsektu bektoreen aurkako babes-instalazioetan inbertsioak egiten dituzten operadore profesionalentzako laguntzak (2021eko irailaren 3ko EBAO).

Laguntza horiek ezartzean kontuan hartu da Nafarroako Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakia, zeinaren bidez onesten baitira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen proiektuen kudeaketa eta kontrol arauak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ikusirik Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalak egin duen txostena, non jakitera ematen baita deialdiaren edukiak aplikatu beharreko araudia betetzen duela eta zuzenbidearen araberakoa dela.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza hauen deialdia onestea: Biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak, abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko ere, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2022. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Bi hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Ebazpen honetatik eratortzen diren gastu konpromisoei aurre egiteko 429.071,34 euroko gastua onetsi da 2023ko ekitaldian, modu honetan banatuta:

• 167.311,20 euro 2022ko gastuen aurrekontuko 710000-71200-7700-412100 partida baliokidearen kontura, “SEM Mintegietako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak (PEP E-21/000459-01).

• 261.760,14 euro 2022ko gastuen aurrekontuko 710004-71300-7700-412205 partida baliokidearen kontura, “SEM Garbiketa eta desinfekzio zentroetako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak (PEP E-21/000459-02).

Aurrekontu-zuzkidura horri 429.071,34 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 13. artikuluarekin bat (horren bidez premiazko neurriak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartzen diren jarduketetan, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluaren 6. apartatuan aurreikusten denaren ondorioetarako, kontuan hartuko da bakarrik planaren funtsekin finantzatzen ez den zenbatekoa, dagokion finantzaketarako aurrekontu-egituran biltzen denaren arabera, halako moldez non ez baita beharrezkoa izanen Nafarroako Gobernuaren baimena baldin eta deialdiaren konpromisoa handitzen bada Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren funtsekin, eta 600.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu.

6. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko baldintza izanen da laguntzok egokitzea (beharrezkoa bada) jarraibide berrietara, nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan 2014tik 2020ra bitarteko estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen Europar Batasunaren egungo Jarraibideak ordezkatuko dituztenetara.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko apirilaren 29an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán

I. ERANSKINA

Dirulaguntza hauek emateko oinarri arautzaileak: Biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak, abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko ere, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2022. urterako

Lehenbizikoa.–Xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1. Deialdi honen xedea da, azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, biosegurtasunaren arloko inbertsioak diruz laguntzeko laguntzak 2022an emateko arauak ezartzea, honako mota hauetan:

a) 1. mota, abereak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak hobetzeko edo xede horrekin zentro berriak eraikitzeko inbertsioetarako dirulaguntzak, de minimis araubidearen barrukoak.

b) 2. mota, mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak.

2. Diruz laguntzen den jardueraren erabilera publikorako xedea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan oinarritzen da. Planaren helburua da nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasuna, lehiakortasuna eta erresilientzia hobetzea, ingurumen eta gizarte ikuspuntutik, baita ikuspuntu ekonomikotik ere, garbiketa eta desinfekzio zentroetan eta ugalketarako material begetala sortzen duten zentroetan.

3. Laguntza horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren barruan sartzen dira. Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eratzen du, eta ezartzen du funts horiek estatu kideen suspertze iraunkorra lortzeko, gizarte erresilientzia eta erresilientzia ekonomikoa hobetzeko eta trantsizio berdea eta digitala laguntzeko beharrezkoak diren erreformak eta inbertsioak egiteko erabiliko direla. Horretarako, hainbat jarduketa gauzatu behar dira, besteak beste, trantsizio ekologikora, eraldaketa digitalera edo hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzailera bideratuak, barnean hartuta kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.

4. Dirulaguntza horiek, era berean, Espainiako Ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 3. osagaian (Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sistemaren ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala) sartzen dira, eta 3. inbertsioari dagozkio (Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko plana (II): Gaikuntzaren eta biosegurtasunaren sistemak indartzea mintegietan eta garbiketa eta desinfekzio zentroetan).

5. Era berean, dirulaguntza horiek bat datoz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin, lehenengo oinarriaren 1.a) letran aurreikusitako laguntzei dagokienez, eta bat datoz nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan 2014tik 2020ra bitarteko (2014/C 204/01) estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen Europar Batasunaren Jarraibideen 143.e) eta 155. apartatuetan ezarritakoarekin ere, lehen oinarriaren 1.b) letran aurreikusitako laguntzei dagokienez.

Bigarrena.–Entitate onuradunak.

1. 1. motako laguntzen onuradunak pertsona fisikoak edo juridikoak izanen dira, edo nortasun juridikorik gabeko enteak, biosegurtasun arloko inbertsioak egiten dituztenak abereak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak hobetzeko, edo helburu horretako zentro berriak eraikitzeko:

a) Abereak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroen titularrak edo jabeak direnean, barne hartuta Nafarroako Foru Komunitateak baimendu eta erregistratu dituen ehiza-espezieak.

b) Konpromisoa hartzen dutenean garbiketa eta desinfekzio zentro berria eraikitzeko.

2. 2. motako laguntzen onuradunak zenbait material begetalen eragile profesionalak izanen dira, produktore kategoria dutenak, intsektu bektoreetatik babesteko instalazioetan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiten dituztenak, edo mahatsondo-mintegietan termoterapia bidezko tratamenduetarako ekipamenduetan, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Operadore profesionala izatea eta zuzenbide publikoko edo pribatuko produktore gisa izena emanda egotea Begetalen Operadore Profesionalen Erregistroan (BOPE), eta beraz, autonomia-erkidegoaren agintaritza eskudunaren baimena izatea UMB (Ugalketarako Material Begetala) ekoizteko.

b) UMB ekoizlea izatea, eta material horrek, besteak beste, intsektu bektoreen bidez transmititzen diren honako berrogeialdi-izurrite hauetakoren bat izatea:

–Xylella fastidiosa.

–Bursaphelenchus xilophilus.

–HLB edo zitrikoen greening-a.

–Flavescencia doratua.

c) UMB ekoizlea izatea, ekoizpen-toki hauetakoren batean:

1. Fruta-arbolen eta mahatsondoen landare ama duten hasierako kategoriako zelaiak eta zitrikoen landare ama duten oinarrizko kategoriako zelaiak.

2. Fruta-arbolen eta mahatsondoen landare amen zelaiak, oinarrizko kategoriakoak (zitrikoak izan ezik), ziurtatua, CAC (Conformitas Agraria Communitatis) eta estandarra.

3. Fruta-arbola eta mahatsondoen haztegiak, kategoria hauetakoak: ziurtatua, CAC eta estandarra.

4. Espezie usaintsuen eta apaingarrien ugalketa-materialen zelaiak.

5. Ugalketarako baso-materiala ekoizteko landare amen zelaiak.

6. Baso-mintegiak.

7. Baratze-espezieen hazien ekoizpen-zelaiak, kategoria hauetakoak: oinarriaurrekoa, oinarrizkoa eta estandarra.

8. Barazkiak ugaltzeko materialaren zelaiak.

Hirugarrena.–Onuradunaren baldintzak eta betebeharrak

1. Laguntza hauen onuradunek, bai 1. motakoek, bai 2. motakoek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren baldintzak bete behar dituzte; beste alde batetik, ez dute egon behar laguntza bat berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2. Krisian dauden enpresak ezin dira izan laguntzen onuradunak, 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeuden, baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian sartu zirenak alde batera utzita.

Halaber, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluak ezartzen dituenaz landa, onuradunek ondoko beste betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Organo emaileari informazioa bidaltzea, honek diruz lagundutako jarduerak dagokion adierazleari egindako ekarpena neurtu ahal izateko, azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuaren VI. kapituluan aurreikusitakoaren arabera, bai eta autonomia-erkidegoak edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskatzen ahal diotena ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa eta jarraipen sistemen ondorioetarako.

b) Diruz lagundutako jarduera berbera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza batzuk lortu badira, horiek deklaratzea.

c) Europar Batasunak diruz lagundutako jarduera finantzatzeari buruzko berariazko informazio-betebeharrak.

d) Dirulaguntzaren xedea betetzeko egindako gastuak eta ordainketak egiaztatzen dituzten fakturak eta gainerako egiaztagiriak gordetzea, eta dirulaguntza ematen duen organoaren eta egiaztapen eta kontrol organoen eskura izatea, aztertzeko eskatzen ote dituzten. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezartzen den bezala, dokumentazioa zaindu beharko da Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan ezarritako epearen arabera.

e) Dirulaguntza hauei jarraipena egiteko eta kontrolatzeko beharrekoak diren kontrolak egiten laguntzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezartzen duenarekin bat.

f) Azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuaren 27. artikuluaren arabera, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean (SEEP), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa betez, bereziki Gida teknikoa izeneko Batzordearen komunikazioa, “kalte nabarmenik ez eragiteko” printzipioa aplikatzeari buruzkoa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/C 58/01 Erregelamenduaren arabera (EBAO, 2021/02/18koa), eta Europako Kontseiluak 2021eko uztailaren 13an Espainiaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruz hartutako betearazpen erabakian eskatutakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek errege dekretu hau betetzearren egin behar diren inbertsio-proiektu guztiak erabat beteko direla bermatuko dute, baita ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa beteko dela ere (DNSH printzipioa, “Do No Significant Harm” esaldiaren ingelesezko siglak), eta hori, dagokion proiektuaren diseinu eta exekuzio aldi guztietan, eta proiektu barruko jarduera bakoitzaren baitan ere. Horretarako, onuradunak SEEPen jarduerak exekutatzeko konpromisoaren adierazpena aurkeztuko beharko du.

g) Onuradunek bermeak eman beharko dituzte, demostratzeko beren jarduketek ez dutela ondorio txarrik ekarriko biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta berreskuratzeko ingurumen helburuari begira.

h) Era berean, onuradunek 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen eduki behar dituzte hasita jarduera diruz lagungarriak.

i) Entitate onuradunek Europar Batasunaren subiranotasun digitalaren eta autonomia estrategikoaren helburuak lortzen lagundu beharko dute, eta hornidura-katearen segurtasuna bermatu beharko dute, nazioarteko testuingurua eta irtenbidearen parte izan daitekeen edozein osagai edo azpisistema teknologiko sentikorren erabilgarritasuna kontuan hartuta. Horretarako, Europar Batasunean kokatutako hornitzaileei lotutako softwarea eta sistema-integrazioak eta ekipamenduak erosi beharko dituzte.

j) Erakunde onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte enplegu-arloan, aplikatu beharreko Estatuko laguntzen araudiaren araubidearekin lotutako balizko mugak alde batera utzi gabe:

1. Helbide fiskala eta zentro operatibo nagusia Espainian izatea eta, gutxienez, dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiten diren bitartean mantentzea.

2. Diruz lagundutako jarduerak Espainian kokatutako lantokietatik egitea.

3. Espainian dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko behar den enplegu guztia sortzen eta mantentzen laguntzea; jarduera hori lurralde nazionalean kontratatutako eta Gizarte Segurantzan afiliatutako langileekin eginen da. Baldintza hori betetzen dela agiri bidez justifikatu beharko da.

Laugarrena.–Laguntza-eskaera eta behar diren agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak III. eranskinaren ereduaren araberakoak izanen dira, eta telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Eskatzaile berak instalazio batean baino gehiagotan inbertsioak egin nahi baditu, instalazio berrietan edo lehendik daudenetan, ekoizpen-lekuetan edo garbiketa eta desinfekzio zentroetan egiten dituen inbertsio adina eskaera aurkeztu beharko ditu.

Ildo beretik, intsektu bektoreetatik babesteko instalazioetan inbertsioak egiten dituzten material begetal jakin batzuen ekoizle kategoriako operadore profesionalak ekoizpen-lekuetan egiten dituen inbertsio adina eskaera aurkeztu beharko dira.

4. Eskaerak, laguntza motaren arabera, honela zuzenduko dira:

a) 1. motakoetan, hau da, biosegurtasun arloko laguntzak abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko inbertsioetarako, prozeduraren instrukzioa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalari dagokio.

b) 2. motakoetan, hau da, laguntzak biosegurtasun arloko inbertsioak mintegietan egiteko, prozeduraren instrukzioa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari dagokio.

5. 1. motako laguntzen kasuan, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, gutxienez:

1.–Garbiketa eta desinfekzio zentroaren pertsona fisiko edo erakunde titularraren identifikazioa, IFZ, baimendutako garbiketa eta desinfekzio zentroari esleitutako erregistro-zenbakia, lehendik dauden garbiketa eta desinfekzio zentroen kasuan, edo pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazioa, eta haren IFZ, zentro berriak eraikitzeko eskaeren kasuan.

2.–Egin beharreko jarduerak deskribatzen dituen memoria eta inbertsioa exekutatzeko aurrekontua, merkatuko prezioei egokitua, egiaztatzen duen dokumentazioa.

3.–Eskatzailearen aitorpena, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean jasotako gainerako de minimis laguntza guztiei buruzkoa, baldin eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari edo beste de minimis erregelamendu batzuei lotuta badaude. Hori, dagokion autonomia-erkidegoko deialdi ofizialean eskatutako informazioaz gain.

4.–Jarduketa diruz lagungarriak ez direla egiten hasi dioen adierazpena.

5. – Enpresaren erantzukizunpeko adierazpen bat, egiaztatzen duena ez dagoela krisian eskaera egin zen unean eta 2019ko abenduaren 31n ez zegoela krisian, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18. artikuluan jasotako definizioaren arabera, eta ez duela jaso legez aurkako laguntzarik, Batzordearen erabaki baten bidez bateraezintzat jotakoa (ez banakako laguntza bat, ez laguntza-araubide batekoa), itzuli edo sartu ez duenik.

6.–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eska daitezkeen betebeharrak betetzen direla adierazten duena, “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko” printzipioa barne, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 6) apartatuan ezarritakoaren arabera, eta jarduera diruz lagungarriek ez dutela eragin negatiborik izanen biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta berreskuratzeko ingurumen-helburuan, ebazpenaren II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

7.–Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko eskatutako edo jasotako beste laguntza batzuei buruzkoa, ebazpen honen II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

6. 2. motako laguntzen kasuan, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, gutxienez:

1.–Instalazioaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazioa.

2.–Inbertsioa merkatuko prezioen arabera exekutatzeko aurrekontua egiaztatzen duten agiriak.

3.–Errege dekretu honetan aurreikusitako gastu berberei dagokienez eskatutako edo jasotako beste edozein laguntzaren erantzukizunpeko adierazpena.

4.–Jarduketa diruz lagungarriak ez direla egiten hasi dioen adierazpena.

5. – Enpresaren erantzukizunpeko adierazpen bat, egiaztatzen duena ez dagoela krisian eskaera egin zen unean eta 2019ko abenduaren 31n ez zegoela krisian, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18. artikuluan jasotako definizioaren arabera, eta ez duela jaso legez aurkako laguntzarik, Batzordearen erabaki baten bidez bateraezintzat jotakoa (ez banakako laguntza bat, ez laguntza-araubide batekoa), itzuli edo sartu ez duenik.

6.–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eska daitezkeen betebeharrak betetzen direla adierazten duena, “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko” printzipioa barne, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 6) apartatuan ezarritakoaren arabera, eta jarduera diruz lagungarriek ez dutela eragin negatiborik izanen biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta berreskuratzeko ingurumen-helburuan, ebazpenaren II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

7.–Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko eskatutako edo jasotako beste laguntza batzuei buruzkoa, ebazpen honen II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

7. Eskaerak baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera baztertutzat joko dela, aurretik ebazpena eginda.

Bosgarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Ondoko inbertsio hauek diruz lagungarriak izanen dira, betiere laguntza eskaera aurkeztu ondoren egindakoak:

1. 1. motako laguntza:

1.1. Dauden ekipamendu eta instalazioak modernizatzea edo hobetzea, abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko sistemak eraginkorragoak izan daitezen:

a) Kanpoko itxituraren azpiegitura hobetzea.

b) Esparruaren zoruko hormigoizko edo asfaltozko gainazala hobetzea, bereziki garbiketa eta desinfekzio lanak egiten diren gainazala, baita sarbidearen gainazala eta ibilgailuaren irteera ere.

c) Ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko lanak eginen diren eremuko azpiegiturak hobetzea; horretarako, argi bereiziko dira, batetik, “eragiketa zikinak” eta, bestetik, “eragiketa garbiak”, eta materialen eta zerbitzuen fluxu zuzena bilatuko da.

d) Ibilgailuen lehen garbiketa lehorra egiten denean, ohea eta simaurra behar bezala eskobatzeko eta arraspatzeko behar diren tresnak hobetzea.

e) Ibilgailuak garbitzean sortzen diren hondakin organiko solidoak biltegiratzeko eremua eta hondakin solidoak kudeatzeko sistema hobetzea.

f) Ur korrontearen eta elektrizitatearen instalazioa hobetzea. Instalazio elektrikoaren hobekuntzatzat hartuko da esparruaren barruan edo kanpoan dagoen eta garbiketa eta desinfekzio ekipoen potentzia hobetzen duen instalazio oro. Horregatik, kanpotik zentrora ekarritako kanalizazioak, linea bifasikoa trifasiko bihurtzeko, hobekuntzatzat hartuko dira.

g) Desinfektatzeko edo garbitzeko ekipamenduak berritzea edo hobetzea.

h) Plataforma hobetzea desnibel nahikoarekin, ibilgailuak garbitu eta desinfektatzean sortzen diren likidoak jaso ahal izateko.

i) Garbiketa eta desinfekzio lanetan sortutako efluenteak biltzeko hobia hobetzea, barreia dadila eragozteko eta behar bezala ezabatzen dela bermatzeko.

j) Ateak edo abereak ibilgailuaren karga-egiturara sartzeko elementuak zigilatzeko sistema berritzea, garbiketa eta desinfekzio lanak amaitu ondoren.

k) Ohe garbirako biltegiak eraikitzea edo hobetzea.

l) Materialerako, tresnetarako, makineriarako, langileen jantzietarako eta produktu kimikoak biltegiratzeko erreserbatutako azpiegiturak hobetzea.

m) Desinfektatzeko edo garbitzeko linea berriak instalatzea.

n) Zentroa azaroaren 8ko 638/2019 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrera egokitzea.

ñ) Simaurrak, hondakin-urak, isurketak eta abar kentzeko edukiontzi mugikorrak erostea.

1.2. Lehendik dauden zentroetan, abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko teknologia berriak instalatzea:

a) Garbitzeko eta desinfektatzeko eragiketak automatizatzeko sistemak, hala nola robotizazioa.

b) Garbitzeko eta desinfektatzeko sistema berriak instalatzea: esaterako, tratamendu termikorako ekipamenduak instalatzea, agente patogenoak inaktibatzen direla bermatzeko.

c) Garbiketa eta desinfekzioa egiaztatzeko sistemak instalatzea.

d) Matrikulak automatikoki irakurtzeko sistemak edo garbiketa eta desinfekzio prozesuak jasaten dituzten ibilgailuen datuak biltzea errazteko beste sistema batzuk.

e) Egindako jardueren erregistroei buruzko informazioa digitalizatzeko garapen informatikoak.

f) Garbiketa eta desinfekzio zentroen ahalmenen beste edozein hobekuntza, garbiketa eta desinfekzio denborak murriztuko dituela, kostuak aurreztuko dituela eta zentroaren ahalmena handituko duela frogatzen duena, betiere garbiketa eta desinfekzio eragiketen eraginkortasunari eutsiz.

g) Ateak edo abereak ibilgailuaren karga-egiturara sartzeko elementuak zigilatzeko sistema automatikoa instalatzea, garbiketa eta desinfekzio lanak amaitu ondoren.

2. Abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentro berriak eraikitzea, azaroaren 8ko 638/2019 Errege Dekretuaren gutxieneko baldintzak betetzen dituztenak.

3. Dirulaguntzaren onuradun den garbiketa eta desinfekzio zentroaren titularrak edo jabeak garbiketa eta desinfekzio zentro bat baino gehiago badu jabetzan, eta 1. edo 2. puntuan deskribatutako inbertsio diruz lagungarriren bat egin nahi badu, garbiketa eta desinfekzio zentro bakoitzean egin beharreko inbertsio adina eskaera aurkeztu beharko ditu.

2. 2. motako laguntza:

2.1. UMB ekoizten den lekuetan egiturak eta sareak instalatzea edo modernizatzea, berrogeialdiko izurriteen intsektu bektoreei sarbidea galarazi eta haiengandik babestuta geratzeko.

2.2. Azpiegitura gehigarri hauek guztiak edo batzuk instalatzea, inbertsioaren azken emaitzak berrogeialdiko izurriteen intsektu bektoreetatik babesteko sistema eraginkorra ezartzen badu:

a) Ate bikoitzeko sistema (barruko atea barne), instalazioen barruan jarduteko behar diren makinak sartzeko behar adinako zabalera duena.

b) Kanpoaldeko ertz perimetrala ezartzea, gutxienez metro bateko zabalerakoa eta material iragazgaitzez estalia.

c) Bandak eta gailurrak irekitzen direnean sare-jantzi bat instalatzea, eta alboko aireztapena eta aireztapen zenitala.

d) Uretarako irekitako kanaletak isolatzea eta itzulerarik gabeko sistema bat ezartzea.

e) Isolamendu hermetikoa leihoekiko loturetan.

f) Intsektu bektoreen aurrean material begetala isolatzea helburu duen beste edozein berrikuntza edo hobekuntza.

2.3. Termoterapia bidezko tratamendu-ekipamenduen instalazioak mahats-mintegietan.

2.4. Ez dira inola ere kostu hautagarritzat hartuko lizentziak, tasak, zergak edo tributuak.

Seigarrena.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta laguntzaren gehieneko intentsitatea.

1. 1. motako laguntzetarako:

1.1. Lehendik dauden garbiketa eta desinfekzio zentroen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren arabera emanen da, eta gehieneko inbertsio diruz lagungarria 100.000 eurokoa izanen da garbiketa eta desinfekzio zentro bakoitzeko. Dirulaguntzaren gehieneko intentsitatea inbertsio bakoitzeko inbertsioaren %70 izanen da, eta, gutxienez, inbertsioaren %40, aurkeztutako eskaera kopuruaren eta aurrekontu erabilgarriaren arabera. Inbertsioko gehieneko laguntza 70.000 eurokoa izanen da, onuradun bakoitzeko.

1.2. Garbiketa eta desinfekzio zentro berriak eraikiz gero, inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izanen da garbiketa eta desinfekzio zentro bakoitzeko. Inbertsio bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko intentsitatea inbertsioaren %70 izanen da, eta gutxienez %40, eskaera kopuruaren arabera. Inbertsioko gehieneko laguntza 140.000 eurokoa izanen da, onuradun bakoitzeko.

1.3. Nolanahi ere, onuradun bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan, Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan adierazitakoaren arabera.

2. 2. motako laguntzetarako:

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren arabera emanen da, eta gehieneko inbertsio diruz lagungarria 120.000 eurokoa izanen da instalazio bakoitzeko. Zenbateko hori inbertsiorako eskatutako zenbatekoaren %40 eta %70 artekoa izan daiteke, onuradun kopuruaren eta aurrekontu erabilgarriaren arabera.

b) Inbertsio bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa 84.000 euro izanen da.

Zazpigarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

1. Hauek dira 1. motako laguntzak emateko irizpide objektiboak:

1.1. Lehendik dauden garbiketa eta desinfekzio zentroen kasuan:

Eskatzaile hauek lehentasuna izanen dute, lehentasun-hurrenkera honetan:

a) Motaren arabera:

1. Hirugarrenei zerbitzu emateko garbiketa eta desinfekzio zentroa: 3 puntu.

2. Establezimendu bati atxikitako zentroa: 2 puntu.

3. Erabilera mugatuko zentroa: puntu bat.

b) Kokapenaren arabera: Mendi-eremuetan edo mendikoak ez diren eremuetan dauden garbiketa eta desinfekzio zentroak, muga natural nabarmenak dituztenak, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 32. artikuluan eta III. eranskinean ezarritakoaren arabera: 2 puntu.

1.2. Garbiketa eta desinfekzio zentro berriak eraikiz gero, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Hirugarrenei zerbitzu emateko garbiketa eta desinfekzio zentroak eta erabilera murriztuko garbiketa eta desinfekzio zentroak instalatzea hirugarrenentzako garbiketa eta desinfekzio zentrorik ez dagoen eskualdeetan: 3 puntu.

b) Erabilera murriztuko garbiketa eta desinfekzio zentroak instalatzea erabilera murriztuko garbiketa eta desinfekzio zentrorik ez dagoen abeltzaintza-eskualdeetan, eskualdean bertan edo eskualde mugakideetan: puntu bat.

2. Hauek dira 2. motako laguntzak emateko irizpide objektiboak:

a) Fruta-arbolen eta mahatsondoen landare ama duten hasierako kategoriako zelaien zuzenbide pribatuko ekoizleak, eta zitrikoen landare ama duten oinarrizko kategoriako zelaienak: 3 puntu.

b) Azaroaren 2ko 949/2022 Errege Dekretuaren 11.1.c) artikuluan definitutako ekoizpen-guneetako zuzenbide pribatuko gainerako ekoizleak: 2 puntu.

c) Azaroaren 2ko 949/2022 Errege Dekretuaren 11.1.c) artikuluan definitutako ekoizpen-guneetako zuzenbide publikoko ekoizleak: puntu bat.

2,1. Lehentasunezko onuradunen zenbatekoek aurrekontu erabilgarria gainditzen badute, hamargarren oinarrian zehaztutako malgutasun-mekanismoa aplikatu ahal izanen da, funtsak biosegurtasuneko beste laguntza-lerro batzuetatik transferitzeko. Malgutasun-mekanismoa aplikatu ezin bada, onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren ehunekoa gutxienez %40ra murriztu ahal izanen da, erabilgarri dagoen aurrekontura egokitu arte.

3. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehentasun-irizpidea eskaerak aurkezteko hurrenkera izanen da.

Zortzigarrena.–Dirulaguntza ematearen antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Organo kudeatzaileak agiri bidez egiaztatuko ditu onuradun izan daitezkeenek 2021etik 2023ra bitartean egiten duten eskaera bakoitzerako eskatutako inbertsioak eta dagozkien agiriak.

2. Dirulaguntzak emateko ebazpenak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen ditu, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Sei hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

3. Dirulaguntzak emateko ebazpenetan berariaz jasoko da horiek ordaintzeko funtsak Estatuko aurrekontu orokorretatik eta Next Generation funtsetatik datozela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren 34. artikulua aplikatuz.

4. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

5. Laguntza emanen da baldin eta funtsen azken jasotzaileek idatzizko konpromisoa hartzen badute Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Bulegoaren, Europako Kontuen Auzitegiaren eta Europako Fiskaltzaren kontrolak berariaz baimentzeko, eta organo horiei laguntza emateko beharrezkoa den informazioa eskuratzeko eskubidea baimentzeko, bai eta agintaritza eskudunek beren eskumenak balia ditzaten ere, SEMEren 22. artikuluaren 2 apartatuko e) letran eta Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamendua –EB Euratom–).

Bederatzigarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua aplikatuz, berariaz aurka egiten ez bada, organo kudeatzaileak informazioa eskuratuko du, onuradunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko. Era berean, eskaeran berariazko baimena ematen bada, onuradunak zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko informazioa eskuratuko du. Onuradunak ez badu baimenik ematen edo kontsulta horren aurka jartzen bada, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Era berean, egiaztatu behar da ordainketa egiteko unean enpresa onuraduna ez dagoela krisian, hirugarren oinarri arautzailearen 2. puntuaren arabera.

2. Dirulaguntza justifikatzeko, inbertsioa egin dela egiaztatuko da, eta onuradunak gehienez ere urtebeteko epea izanen du inbertsioa exekutatzeko, dirulaguntza ematen denetik hasita. Hala ere, epe hori hemezortzi hilabetera luzatu ahal izanen da, justifikatutako arrazoiengatik eta onuradunak luzapena eskatu ondoren.

3. Aurreikusitako inbertsioak edo gastuak egin ondoren, eta, hala badagokio, hartutako konpromisoak bete ondoren, interesdunek horren berri eman beharko dute, eta egindako inbertsioen egiaztagiriak eta dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte, baita horien gastuari eta ordainketari dagozkionak ere. Jakinarazpen horrek ordainketa eskaeraren balioa izanen du, Batzordearen 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren ondorioetarako.

4. Inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak inbertsioa amaitu eta gehienez ere 6 hilabetera aurkeztuko dira.

5. Onuradunak laguntzaren xede den inbertsioa egin izanaren frogagiriak aurkeztu ondoren, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak frogagiri horiek egiaztatuko ditu, aurkeztu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, eta zuzendaritza nagusiak laguntza ordaindu beharko du frogagiriak aurkeztu zirenetik gehienez ere sei hilabeteko epean.

6. Aurrekoa gorabehera, enpresa bati edozein laguntza ematea edo ordainketa eten egingo da, enpresak aurretik legez kanpokoa den laguntza bat jaso badu, Batzordearen erabaki baten bidez bateraezin deklaratutakoa (laguntza norbanakoa izan edo laguntza-araubide batekoa izan), harik eta enpresak legez kanpoko laguntza bateraezinaren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak itzuli edo blokeatutako kontu batean sartu arte.

Hamargarrena.–Malgutasun mekanismoa:

Malgutasun mekanismo bat aurreikusten da funtsak birbanatzeko, bai ebazpen honetan aurreikusitako biosegurtasuneko laguntza-lerroen barruan, bai azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aipatutako lerro espezifikoen barruan, baita azken hauen barruan ere, edo beharrezkoa baldin bada, bi laguntza-lerroen barruan, autonomia-erkidegoen artean; Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Konferentzia Sektorialak onespena eman beharko du.

Hamaikagarrena.–Ebazpena aldatzea, ez-betetzea eta dirua itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahal du berekin.

Interesdunak laguntzaren xede den jardueraren %100 egiten ez badu, egindako jarduerari dagokion zati proportzionala baino ez du jasoko, betiere eskatutako eta emandako inbertsioaren %50 gutxienez egin badu.

2. Era berean, nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik xede eta helburu bererako dirulaguntza gehiago lortzen badira, eta ebazpen honetan biltzen diren dirulaguntza bakoitzari dagokion laguntzaren zenbateko osoa gainditzen badute, ebazpen honetan arautzen diren dirulaguntzen zenbatekoaren murriztapen proportzionala gertatuko da.

3. Entitate onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

4. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Hamabigarrena.–Bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak izanen dira onuradun berari emandako helburu bereko beste batzuekin, nazioko beste edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin, baita de minimis laguntzekin ere, baldin eta, 1. motako laguntzen kasuan, seigarren oinarri arautzailean ezarritako mugak kontuan hartzen badira, eta 2. motako laguntzen kasuan, horien metaketak ez badu gainditzen inbertsioaren kostuaren %80.

2. Aipatutako mugak gaindituz gero, arau honetan aurreikusitako dirulaguntza dagokion ehunekoan eta zenbatekoan murriztuko da, ehuneko hori ez gainditzeko.

3. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren esparruan emandako laguntza Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen arabera emandakoari gehituko zaio. Berrikuntzek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu. Era berean, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen jarduketak argi eta garbi bereizi beharko dira beste iturri batzuen bidez finantzatzen direnetatik, eta jarduketa horiei dagozkien mugarri edo helburuak identifikatu beharko dira.

Hamahirugarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hamalaugarrena.–Informatzeko betebeharra.

1.Nafarroako Foru Komunitateko eskumena duen organoak dirulaguntzen exekuzioari buruzko txosten bat bidaliko du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Ekoizpenaren Osasun Zuzendaritza Nagusira, beranduenez n+1. urtean, n delarik dirulaguntzaren deialdia argitaratu den urtea.

2. Ekitaldi ekonomikoa amaitutakoan, eta beranduenez hurrengo ekitaldiko martxoaren 31n, ekitaldiaren gauzatze-egoera igorriko da dagokion ministerio-departamentura, urtean egindako kreditu-konpromisoen, aitortutako obligazioen eta ordainketen guztizko zenbatekoak adieraziz, funtsen transferentziak egin ziren Estatuko Gastuen Aurrekontuko aurrekontu-aplikazio bakoitzaren arabera zehaztuta. Informazioa konferentzia sektorialari jakinaraziko zaio, eta kontuan hartuko da funtsak banatzeko erabakiak hartzerakoan.

Hamabosgarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza hauek Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) argitaratuko ditu.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Konpromisoen adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa.

Deskargatu konpromisoen adierazpena (PDFa).

III. eranskina.–Abereak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroetan eta mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak.

Deskargatu III. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2206168