94. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

314E/2022 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “Leraten (Gesalatz), Aritzaleku kanpaleku turistikoaren Plan Berezia aldatu eta handitzea” proiektuaren ingurumen txosten estrategikoa egiten duena, Camping de Aritzaleku SALk sustaturik.

Gesalazko Udalak 2019ko urriaren 23an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 12koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du. 2020ko martxoaren 5ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak egindako txostenean eskatu zuen espedientea ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatu gisa izapidetzeko eta ingurumen agiri estrategikoa gehitzeko. 2022ko martxoaren 4an, memoria, araudia, planoak eta ingurumen agiri estrategikoa biltzen dituen dokumentazio berriari eman zitzaion sarrera.

Plan bereziaren aldaketaren xedea da Nafarroako Gobernuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak egindako errekerimenduari erantzutea, Nafarroako Foru Komunitatean Turismo Kanpalekuak Antolatzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzeko.

Aritzaleku kanpaleku turistikoa 1996ko abuztuaren 23an behin betiko onetsitako plan berezi baten arabera ezarri zen, eta plan horren edukia 2001ean txertatu zen Gesalazko Udal Plan Orokorrean.

Aldaketa honek determinazio berriak dakartza, Plan Bereziaren eremuaren mugak berriz definitzen ditu eta bere helburua da behar diren neurriak ezartzea eremuan eta bere ingurune hurbilenean dauden natura, paisaia, nekazaritza eta basogintza balioak babesteko, kanpalekuak funtzionamendurako behar dituen hirigintza-zerbitzuak jartzeaz gainera.

Plan Bereziaren esparrua kanpalekua bera da, 53.131 m²-ko eremua hartzen duena (3. poligonoko 10. eta 198. lurzatiak). Proposatutako handitzearekin, 10. poligonoko 200. lurzatia gehitu ondoren (12.712 m²), 65.843 m ²-ko azalera izanen du. Eta 3. poligonoko 103. lurzatiaren sostengua du, sarbideetarako eta aparkalekurako dena (5.871,30 m²).

200. lurzatiak kanpina inguratzen du hegoaldetik, eta malda handia du (%20-25) urtegiko ur azalerantz. Bazkaleku gisa erabiltzen den mendi-hegal bat da, zuhaixkekin, eta, aurrerantzean, “Zuhaizti” gisa hartuko da, non ez den jarduketarik edo erabilera aldaketarik aurreikusten. Kanpalekua zonifikatzeko proposamenak eremu hauek ditu: hiru zuhaizti, kanpatzeko eremua eta sarbide eta zerbitzuetarako eremua.

Kultur elementuei dagokienez, kanpalekuaren inguruan, San Pedro baseliza eta Lerateko hilerria daude, 50 metroko babes ingurunea dutenak, non ez den eraikuntza-jarduerarik onartzen. Eta barrualdean, berriz, El Montico aztarnategi arkeologikoa dago, 3. mailakoa, obrak eginez gero kontrol arkeologikoa behar duena.

Ingurumen balioa duen lurzoru urbanizaezinerako (200. lurzatia) eta jarduera berezietarako (kanpalekua) ezarritako babes arauek bermatu egiten dute zuhaitz eremuen paisaia-ezaugarriak mantentzea, eta 6 metroko babes zerrenda bat ezartzen du zuhaitz- eta zuhaixka-espezieekin, non eraikuntza berriak ezartzea saihestuko baita. Ez da aurreikusten ingurumenean eragina izan dezakeen jarduketarik.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. “Leraten (Gesalatz), Aritzaleku kanpaleku turistikoaren Plan Berezia aldatu eta handitzea” proiektuaren gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, Camping de Aritzaleku SALk sustaturik, ingurumen eragin nabarmenik ez duela iritzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Gesalazko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2205750