92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

55E/2022 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, genero berdintasunaren eta kontziliazioaren arloko proiektuak gauzatzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia onesten duena, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat eta enpresentzat. DDBN identifikazioa: 621105.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarri juridiko unibertsala da, giza eskubideei buruzko nazioarteko hainbat testutan aitortua, baita Europar Batasuneko funtsezko printzipioa ere, administrazio publikoek nahitaez bultzatu eta sustatu beharrekoa, politika aktiboen bidez, berdintasun-printzipioa benetako bihurtzeko.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 5. artikuluak tratu eta aukera berdintasuna ezartzen du bai lan merkatuan sartzeari begira, baita lanbide prestakuntza eta sustapenari eta lan baldintzei dagokienez ere. Halaber, arau beraren 14.2 artikuluak aldarrikatzen du tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa integratu behar dela ekonomia, lan, gizarte, kultura eta arte politiketan, lanean bereizkeriarik izan ez dadin, eta ordainsari desberdintasunak ezabatzeko, baita emakumezko enpresaburuen ugaritzea bultzatzeko ere politiken eremu guztietan, eta emakumeen lanaren balioa indartzeko, etxeko lana barne.

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuaren bidez aldatu zen aipatutako lege organikoaren 45.2 artikulua, eta, hala, berrogeita hamar langile edo gehiago dituzten enpresak behartzen dira berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzera, lan arloko legerian zehazten den moduan negoziatu beharko dena (gutxinaka aplikatuko da, arauaren hamargarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa betez) eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatu beharko dena, lege organikoaren 46. artikuluan aurreikusi bezala.

Berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan, 2021eko urtarrilaren 14an hartu baitzuen indarra, garatzen da aipatutako aurreikuspena, barne hartu baitzituen berdintasun planak eta organo legeztatuak negoziatzeko prozedura (5. artikulua) eta berdintasun planen gutxieneko edukia (8. artikulua). Lan arloko agintaritzak kontrolatuko ditu gai horiek, berdintasun plana Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea eskatzen denean. Arau hau indarrean jarri aurretik egindako berdintasun planak egokitu eta erregistratu beharko dira 2022ko urtarrilaren 14a baino lehen.

Arau horrek aipatzen dituen legitimazioari eta gutxieneko edukiari buruzko baldintzak betetzen ez dituzten berdintasun planak berdintasun neurritzat hartuko dira, eta Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan gordailutzen ahalko dira, Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

Emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren bidez, 2021eko apirilaren 14an hartu baitzuen indarra, Langileen Estatutuaren 28.2 artikuluaren aurreikuspena garatzen da, eta enpresa guztiek beren plantilla osoaren ordainsari-erregistroa izan dezatela eskatzen da, zuzendaritzako kideak eta goi kargudunak barne. Berdintasun plana egiten duten enpresei dagokienez, ordainsariei buruzko auditoretza bat egitera behartzen ditu, auditoretzaren emaitzak, indarraldia eta aldizkakotasuna sar daitezen berdintasun planean, hori baita planen gutxieneko edukia, 901/2020 Errege Dekretuaren 8.2.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 1. artikuluak ezartzen du legearen xedea dela baldintzak sustatzea benetakoa eta eraginkorra izan dadin emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bizitzaren eremu eta etapa guztietan, Nafarroako Foru Komunitatean, eta, horretarako, genero ikuspegiaren zeharkakotasuna hartzen du politika publiko guztien informazio printzipiotzat. Orobat, 42.5 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak ekintzak sustatu eta bultzatuko dituela aurrera eramateko erantzunkidetasuna, baita familia, lana eta bizitza pertsonala bateratzea ere, emakumeen nahiz gizonen kasuan, eta 45.1.b) artikuluak, berriz, aurreikusten du ezen enpresaren eta lanaren arloan eskudun den departamentuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean, tresnak garatuko dituela berdintasun printzipioa aplikatzeko, gutxinaka, Nafarroako enpresa eta erakundeetan. Berebat, 48. eta 49. artikuluek ezartzen dute administrazio publikoek antolaketa aldatzeko prozesuak sustatuko dituztela, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitearren, eta jarduketak sustatuko dituztela, erantzunkidetasuna bultzatzeko.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak bere eskumen esparruaren barnean dauka enpresetan berdintasun eta kontziliazio politikak bateratzekoak sustatu eta koordinatzea, eta, horretarako, Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren eta Enpresa Ereduaren Atalaren bidez bultzatuko ditu aukera berdintasuna eta erantzunkidetasuna Nafarroako enpresetan (8.x eta 31.c artikuluak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuan).

Horregatik, laguntzen deialdi honen xedea da, alde batetik, Nafarroako enpresa txiki eta ertainetan eta lantokietan sustatzea nork bere borondatez ezartzea kontziliazio eta erantzunkidetasun neurriak, berdintasun planak eta berdintasun arloko ekintzak, eta bestetik, laguntzea bete daitezen indarrean dauden planetan finkatutako helburuak, 3/2007 Lege Organikoaren 49. artikuluan zehazturiko ildoari jarraituz, eta, zehazki, oinarri hauetan ezarritakoak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Genero berdintasunaren eta kontziliazioaren arloko proiektuak gauzatzeko 2022ko dirulaguntzen deialdia onestea, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat eta enpresentzat.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 175.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuetako “Berdintasun eta kontziliazio proiektuak” izeneko 810012-81500-4819-494116 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494116: Berdintasun eta kontziliazio proiektuak

2022

175.000,00

4. Baimendutako 175.000 eurotik 60.000 euro emanen dira Nafarroako entitate eta enpresetan kontziliaziorako metodologiak edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak finantzatzeko. Gainerako 115.000 euroak, berriz, laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez berdintasun arloko ekintzak gauzatzeko proiektuen garapena finantzatzeko erabiliko dira. III. eranskineko 2. oinarrian aipatzen diren enpresek ez dute izanen sarbiderik aurrekontuko partida honen %45era baino, hots, 78.750 euroko muga izanen dute.

5. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 12an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINAK

Laguntzen deialdia Nafarroako entitate edo enpresetan 2022. urtean kontziliaziorako edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak finantzatzeko, eta, orobat, berdintasun arloko ekintzak gauzatzeko proiektuak garatzeko laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez. Oinarri arautzaileak

I. ERANSKINA

Deialdirako arau komunak

1. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa II. eta III. eranskinetako 5. oinarrietan adierazitakoa izanen da, zein modalitate eskatzen den. Laguntzen fitxan dauden ereduak erabili beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

2. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkezten diren eskaerak elkarren artean konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, deialdi honetako II. eta III. eranskinetako 6. oinarrietan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa II. eta III. eranskinetako 4. oinarrietan ezarritakoa izanen da, eta aurreko atalean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz emanen dira, harik eta deialdi honetarako aurrekontuan laguntza modalitate bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortzen den arte.

3. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Lan Zerbitzuak II. eta III. eranskinetako 6. oinarrietan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

4. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek proiektua egin izana justifikatu beharko dute II. eta III. eranskinetako 7. oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, eskatu eta ematen den laguntzaren modalitatearen arabera.

2. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira beti.

5. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz. Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala sartzea proiektuaren kargura prestatzen den materialean eta zabalkundekoan.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan, bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik behera bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

6. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko adierazpena eta, behar bada, eskatutako dokumentazioa aurkeztu izana.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

7. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

9. oinarria.–De minimis laguntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak, baldin onuraduna enpresa bat bada, de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Laguntzen deialdia, Nafarroako entitate edo enpresetan kontziliaziorako edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak finantzatzeko

1. oinarria.–Xedea.

Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak, Nafarroako entitate eta enpresetan kontziliaziorako edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuradunak izan daitezke hurrengo betebeharrak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak:

a) Egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Langileek gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitate publiko edo pribatuek emana.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

d) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

e) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den hitzarmen kolektiboak berdintasun planen arloan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, edo enpresak hartutako erabakiengatik, horien oinarria izan bada sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egin izana, edo sexu jazarpena.

f) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

g) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatzen bada neurri horiek ez direla abian jarri edo ez dela bete neurriak aplikatzeko egutegia.

2. 1. ataleko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira berariaz sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan dago zehaztuta sektore publiko instituzionala) eta Estatuko, Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatutako enpresa eta fundazio publikoak (lege horren zortzigarren xedapen gehigarrian dago zehaztuta inbentario hori).

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuen baldintzak.

Diruz lagunduko dira entitate edo enpresetan kontziliaziorako edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak, baldin baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eskaera egiten duen irabazi-asmorik gabeko entitateak proiektuaren xede den metodologiaren titulartasuna izatea.

b) Azalpena, proiektuaren metodologiari, edukiari eta helmenari buruz, bereizita ezarpen, garapen eta aplikazio jarduketak eta, behar bada, jarraipenekoak.

c) Ekintzak, gutxienez, 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egitea.

d) Ekintza horiek Nafarroako entitate, enpresa edo lantokietan egitea. Hori frogatuko da proiektuan adieraziz zein enpresatan jardun nahi den, zehaztuz haien izen soziala, IFZ, helbidea eta plantilla, sexuaren arabera bereizita.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte fakturatzen eta ordaintzen badira:

a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren entitate onuradunaren langileen gastuak, hartan diharduten bitartean. Azaroko aseguru sozialetako gastuak onartzen ahalko dira baldin eta horien zenbatekoa agertzen bada 7. oinarriaren arabera aurkezten den dokumentazioan, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkezten bada gastuen eta ordainketen justifikazioa.

b) Proiektuko ekintzak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak, dagokion nominaren bidez ordainduko direnak.

c) Aurkeztutako proiektuko ekintzekin zerikusia duten edukien zabalkunde gastuak. Zabalkunde horretan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Entitateen publizitaterako egindako gastuak, publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Lokalak alokatzeko gastuak eta hornidura-gastuak (ura, argia, gasa, telefonoa...).

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez ere 60.000 eurokoa izanen da urte bakoitzean proiektu bakoitzagatik.

5. oinarria.–Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, zein bere artxiboan, eta bakoitza bere izenarekin identifikatua:

a) Proiektua, eduki honekin:

–Metodologiaren deskribapena.

–Helburuen deskribapena, jarraipen eta efikazia adierazleak barne.

–Proiektuaren esparrua (genero berdintasuna edo kontziliazioa eta erantzunkidetasuna), proposatutako ekintzak zehaztuta.

–Helburuak lortzeko garatu gogo diren ekintzen deskripzioa, aurreikusitako kronograma barne, jarduketa mota zehaztuta.

–Entitate edo enpresa jakin batzuetan jarduketak edo bisitak egiteko plana. Bakoitzean adieraziko da besteren konturako langileak zein diren, sexuaren arabera bereizita, eta Nafarroako Lurralde Estrategiako zein eremutan dauden.

–Entitate edo enpresetan metodologia aplikatzearen gaineko seinaleei edo identifikazio zigiluei buruzko azalpena, haiek lortzeko/emateko prozedura, mantentzeko prozedura, mantentzeko epea, jarraipena eta eraginkortasuna.

b) Memoria ekonomikoa eta aurrekontua, zehaztuta gastu diruz lagungarriak zein diren, bereizketa hau eginez:

–Langileen gastuak, identifikatuz zer pertsona bideratuko diren proiektua gauzatzera, eta proiektuan emanen duten denbora, hilabeteka banatua; orobat, zehaztuko da beren lanalditik zenbateko portzentajea bideratu duten proiektua aurrera eramateko, zehaztuz zenbat ordu hilabetean eta prezioa orduko.

–Aipatu langileen joan-etorrietarako aurreikusten diren gastuak.

–Proiektuko ekintzen zabalkunde gastuak.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, 6 oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko diren alderdiei buruzkoa, laguntzen fitxako ereduaren araberakoa eta, proiektuari dagokionez, honako hauek bilduko dituena:

–Metodologiaren titulartasuna akreditatzea.

–Metodologia zenbat urtez aplikatzen ari den akreditatzea.

–Proiektuaren helmena akreditatzea: enpresak, plantillak eta horietan egin behar diren ekintzak.

–Enpresetan metodologia aplikatzearen gaineko seinalerik edo identifikazio zigilurik baduten akreditatzea.

Deklaratutako datuak bat etorriko dira proiektuaren edukian agertzen direnekin.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Proiektuak baloratzeko orduan, irizpide hauek aplikatuko dira, oinarri hartuz entitateak erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan (laguntzen fitxan dago) deklaratutako datuak, zeinak, betiere, proiektuaren edukian agertzen direnekin bat etorri beharko baitira:

a) Azken 10 urteetan (2012tik 2021era, biak barne), genero berdintasunaren eta/edo kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren arloan jarduketak egiten daukan esperientzia: 10 puntu gehienez. Puntu 1 emanen da esperientzia urte bakoitzeko.

b) Metodologia zenbat urtetan aplikatu den azken 10 urteetan (2012tik 2021era, biak barne): 10 puntu gehienez. Puntu bat emanen da metodologia aplikatu den urte bakoitzeko.

c) Zein den proiektuaren aplikazio eremua, segun eta non kokatzen diren metodologian aurreikusitako ekintzak egin behar diren entitate, enpresa edo lantokiak, Nafarroako Lurralde Estrategian zehazturiko 10 eremuen arabera: 20 puntu gehienez.

Hauexek dira 10 eremu horiek: 1. eremua (Tuterako Erribera); 2. eremua (Argako eta Aragoiko Erribera); 3. eremua (Ebroko Erribera); 4. eremua (Lizarra); 5. eremua (Tafalla - Erriberri); 6. eremua: (Zangoza); 7. eremua (Pirinioak); 8. eremua (Baztan - Bidasoa); 9. eremua (Ipar-mendebaldeko Nafarroa); eta 10. eremua (Nafarroako eremu zentrala).

Proiektuan adieraziko da non kokatzen diren jarduketak egin diren entitateak, enpresak edo lantokiak, eremu geografikoen arabera sailkatuta. Eremu horiei puntuak emateko, eremu bakoitzeko entitate edo enpresetan 2 jarduketa edo bisita egin behar dira. Puntuagarria den eremu geografiko bakoitzeko 2 puntu emanen dira.

d) Zenbat entitatetan edo enpresatan jardun behar den: 20 puntu gehienez. Puntu bat emanen da entitate edo enpresa bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

e) Proiektuaren kalitatea: 30 puntu gehienez. Planifikazioa (helburuen argitasuna eta deskribapena, eraginkortasunaren gaineko adierazleak eta ekintza motak) eta metodologia baloratuko dira.

f) Metodologia aplikatzen ari dela ziurtatzen duten identifikazio seinaleen (zigiluak edo bereizgarriak) aurreikuspena, eta horiek lortzeko/emateko eta mantentzeko prozedura, mantentze-epea, jarraipena eta eraginkortasuna: 10 puntu gehienez.

Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ezin dute dirulaguntzarik jaso.

2. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinduz gero, e) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da. Berdinketak jarraituz gero, c), d), f), a) eta b) letretan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, lehentasun ordena horren arabera, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2022ko azaroaren 30era arteko epea izanen dute proiektua justifikatzeko (egun hori barne): horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik:

a) Memoria teknikoa, non justifikatuko baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua. Justifikatzeko memoria teknikoaren atalek bat egin behar dute dirulaguntza eskatzean aurkeztutako proiektuaren memoria teknikoan direnekin.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, zehaztuz, batetik, beren lanalditik zenbateko portzentajea ematen duten proiektuari lotutako lanetan, eta bestetik, proiektuari egotzitako kostuaren kalkulua hilabeteka.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere. Gizarte Segurantzako azaroko kostuak sartu nahi izatera, aurreikusitako zenbatekoa sartu beharko da, eta adieraziko da horren justifikazioa aurkeztuko dela 2022ko abenduaren 31ra arte.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–Fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko direnak. Fakturen BEZa sartu nahi bada, adierazi egin beharko da berariaz, eta frogatu, dokumentu bidez, entitateak ezin duela ez berreskuratu ez konpentsatu aipatu BEZa.

III. ERANSKINA

Laguntzen deialdia, laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez berdintasun arloko ekintzak gauzatzeko proiektuetarako

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko entitateei eta enpresei berdintasun arloko ekintzak gauzatzeko proiektuak gara ditzaten laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntza hauen onuradunak izan daitezke hurrengo betebeharrak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak eta enpresak:

a) Helbide soziala Nafarroan izatea edo lantokia Nafarroan kokatua egotea eta 10 eta 49 langile bitarteko plantilla izatea proiektuari lotutako enpresan edo lantokian.

b) Berdintasun plana izatera legez beharturik ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

f) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den hitzarmen kolektiboak berdintasun planen arloan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, edo enpresak hartutako erabakiengatik, horien oinarria izan bada sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egin izana, edo sexu jazarpena.

g) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

h) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatzen bada neurri horiek ez direla abian jarri edo ez dela bete neurriak aplikatzeko egutegia.

2. 1. ataleko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira berariaz sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan dago zehaztuta sektore publiko instituzionala) eta Estatuko, Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatutako enpresa eta fundazio publikoak (lege horren zortzigarren xedapen gehigarrian dago zehaztuta inbentario hori).

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuen baldintzak.

1. Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez berdintasun arloko ekintzak gauzatzea helburu duten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Proiektuaren xedea izatea entitateari edo enpresari laguntza ematea berdintasun arloko ekintzak egiteko, kontuan hartuz ekintza bakoitza planifikatzea, gauzatzea, jarraipena egitea eta ebaluatzea. Proiektuan garatu beharreko ekintzak hiru modalitate hauetako batean sartu beharko dira:

–Urriaren 13ko 901/2021 Errege Dekretura egokituak dauden eta eskaeraren egunean indarrean dauden enpresaren edo entitatearen berdintasun planetan aurreikusitako ekintzak.

–Urriaren 13ko 901/2021 Errege Dekretura egokitu gabe egonda ere, azken 5 urteotan (2017-01-01etik 2021-12-31ra arte) prestatu edo berraktibatu diren enpresaren edo entitatearen berdintasun planetan aurreikusitako ekintzak, bai eta ordainsarien auditoretza egitea ere, Emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintzetan.

–Berdintasun planik ez duten enpresa edo entitateetako berdintasun arloko ekintzak, honako eremu hauetan soilik:

  • Egoeraren diagnostikoa, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera egina (errege dekretu horren bidez, berdintasun planak eta haien erregistroa arautu ziren eta Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatu zen).
  • Emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzea, lana eta familia-bizitza bateragarri egiteko neurrien bidez, berariaz enpresako gizonezkoei zuzenduta.
  • Emakumeen eta gizonen lan segregazioa zuzentzea, bai bertikala bai horizontala.
  • Langileak hautatzeko eta barne sustapeneko prozedura objektiboak ezartzea.
  • Ordainsarien auditoretza egitea, Emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintzetan.

b) Proiektua garatzea eta gauzatzea laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzu batek (kanpoko aholkularitza enpresa edo profesional batek), eta hango langileek gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitate publikoek nahiz pribatuek emana.

c) Kontratatutako zerbitzuek gutxienez 40 orduko iraupena izatea.

d) 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era arteko epean egitea.

e) Jarraipen adierazleak izatea, gertatzen ahal diren desbideratzeak atzemateko, eta ebaluazio adierazleak, proiektua egin ondoren haren eraginkortasuna neurtzeko.

2. Entitate edo enpresa bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte fakturatzen eta ordaintzen badira:

a) Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuaren langileria gastuak, betiere proiektua gauzatzeko eginkizunetan zuzenean diharduten langileena.

b) Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuko langileek proiektuko ekintzak gauzatzeko egin beharreko joan-etorrien gastuak.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Entitate edo enpresa onuradunen edo laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen publizitate gastuak, publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Dirulaguntzaren onuradun diren entitateen edo enpresen plantillako edo kontratatutako langileen gastuak.

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten diren fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren aurrekontuaren %100 izanen da, eta 5.000 eurokoa, gehienez, proiektuko.

5. oinarria.–Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskaneatuak, zein bere artxiboan, eta bakoitza bere izenarekin identifikatua:

a) Proiektua, eduki honekin:

–Gauzatu beharreko ekintzen deskribapena, berdintasun planean aurreikusitakoekin lotuz, kasua bada; horretarako, adieraziko da berdintasun planaren zer orrialdetan eta ataletan dauden jasota ekintza horiek. Ekintza bakoitza gauzatzeko aurreikusten diren epeak ere adieraziko dira, planifikazioari, exekuzioari eta/edo jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez.

–Identifikatu behar da kanpoko zer enpresak edo profesionalek emanen duen laguntza edo aholkularitza teknikoko zerbitzua, eta adierazi behar da, orobat, proiektua gauzatzeko aurreikusitako ordu kopurua eta kronograma.

–Proiektuaren exekuzioa jarraitzeko eta ebaluatzeko adierazleak zehaztu behar dira.

b) Memoria ekonomikoa eta aurrekontua, zehaztuta gastu diruz lagungarriak zein diren, bereizketa hau eginez:

–Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuko langileria gastuak.

–Aipatu langileen joan-etorrietarako aurreikusten diren gastuak.

c) Egokitu gabe dauden berdintasun planetan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko proiektuen kasuan, entitatearen edo enpresaren berdintasun plana aurkeztu beharko da, noiz egin edo berraktibatu den adierazita. Data hori berdintasun plana edo haren berraktibazioa sinatu zen eguna izanen da, salbu eta plana Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatua badago; izan ere, kasu horretan, aski izanen da inskripzio kodea adieraztea.

d) Behar den dokumentazioa frogatzeko ezen laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman behar duen enpresak edo profesionalak baduela 3.1.b) oinarrian jasotako prestakuntza emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan. Ondorio horietarako, pertsona horien curriculumak aurkeztuko dira, haien prestakuntza frogatzen duten tituluekin batera, halakorik baldin badute, salbu eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 155/2019 Ebazpenaren bidez akreditatutako entitatea, enpresa edo pertsona bada; izan ere, halakoetan, aski da hori berariaz adieraztea.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, 6 oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko diren alderdiei buruzkoa, laguntzen fitxako ereduaren araberakoa eta, proiektuari dagokionez, honako hauek bilduko dituena:

–Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuak emanen duen ordu kopuruaren aurreikuspena.

–Berdintasun plana noiz egin den edo noiz berraktibatu den, eta urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretura egokitu den ala ez.

–Gauzatu beharreko ekintzen kopurua, proiektuen hiru modalitateak bereizita, kontuan hartuta berdintasun planean aurreikusita dauden ala ez eta berdintasun plana urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretura egokituta dagoen.

–Langileen ordezkaritzarekin egindako negoziazioa berdintasun plana egiteko edo berraktibatzeko. Ondorio horietarako, langileen ordezkaritzat hartuko dira langileen delegatuak, enpresa komiteak, sindikatu nagusiak eta enpresaren sektoreko sindikatu nagusiak (baldin eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordeko partaide izateko legitimizazioa badute), bai eta, egokituak ez dauden planen kasuan, ad hoc eratutako batzordeak ere, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Foru Dekretuaren 41.4 artikuluan xedatutakoaren arabera eratu badira (aipatu legegintzako foru dekretuak Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen).

–Berdintasun planaren inskripzioa Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan.

–Azken 5 urteetan izan duen parte-hartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo beste administrazio publiko batzuek berdintasun planak egiteko edo berraktibatzeko deitutako dirulaguntza-prozeduretan.

–Eskaera aurkezten den egunean gauzatuak dituen proiektuak edo gauzatze bidean daudenak, adierazita zer portzentaje dagoen gauzatua.

–Enpresak edo entitateak InnovaRSE metodologiaren araberako iraunkortasun txosten bat egin izana azken 4 urteetan (2018, 2019, 2020 eta 2021).

2. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Dirulaguntza jasotzeari begira, entitate eta enpresa hauek izanen dute lehentasuna: 2018an, 2019an, 2020an eta 2021ean zuzendaritza nagusi honen dirulaguntzarik jaso ez dutenak beren berdintasun planean aurreikusitako ekintzak gauzatzeko proiektuak garatzeko laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez.

2. Aurreko atalean ezarritako lehentasuna oinarri harturik, proiektuak baloratuko dira honako irizpide hauen arabera, zeinak aplikatuko baitira kontuan hartuz erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan (laguntzen fitxan dago) entitateak edo enpresak deklaratutako datuak (betiere, datu horiek proiektuaren edukian agertzen direnekin bat etorri beharko dute):

a) Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuak proiektua gauzatzeko aurreikusten den ordu kopurua, kontuan izanda gutxienez 40 ordu izan beharko direla: 10 puntu gehienez. 2 puntutik abiatuta, bi puntu gehiago emanen dira proiektuan aurreikusitako 4 orduko, gehienez ere 10 puntura iritsi arte; izan ere, 10 puntu emanen zaizkie 56 orduko edo gehiagoko iraupena aurreikusten duten proiektuei.

b) Gauzatu beharreko ekintzak: gehienez ere 45 puntu. 5 puntu emanen dira gauzatu beharreko ekintza bakoitzeko. Nahitaezkoa da gauzatze horrek honako fase hauek izatea: planifikazioa, exekuzioa eta/edo jarraipena eta ebaluazioa. Irizpide hau horrela baloratuko da harik eta 45 puntu lortu arte, hori baita irizpide honetarako puntuaziorik handiena.

c) Enpresaren edo entitatearen berdintasun planean aurreikusitako ekintzak gauzatzea: 25 puntu, gehienez. Balorazioa egiteko, honako hauek hartuko dira kontuan:

–Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretura egokitutako berdintasun planak, eta, beraz, Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatuak daudenak laguntza eskatu den egunean: 25 puntu.

–Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretura egokitu gabeko berdintasun planak: 15 puntu gehienez, honako hauek kontuan hartuta:

–Berdintasun planaren antzinatasuna. Kontuan hartuko da noiz egin edo berraktibatu zen: 5 puntu gehienez. Puntu bat emanen zaie 2017an egin edo berraktibatu ziren planei, eta beste puntu bat gehiago emanen da urte gehigarri bakoitzeko, gehienez 5 puntu lortu arte, hori izanen baita 2021ean egin edo berraktibatutako planei emanen zaien puntuazioa.

–Langileen ordezkaritzarekin egindako negoziazioa berdintasun plana egiteko edo berraktibatzeko: 5 puntu. 5 puntu lortzeko, entitateak edo enpresak frogatu beharko du egin duen negoziazioa, berdintasun planaren negoziazio batzordearen eraketa-akta eta sinadura-akta aurkeztuz, horrelakorik badago, eta, betiere, bi akta horiek ez badira Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan aurkeztu berdintasun plana erregistratzearekin batera. Kasu horretan, aski izanen da planaren erregistro kodea adieraztea.

–Berdintasun planaren inskripzioa Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan: 5 puntu. Bost puntu lortzeko, entitateak edo enpresak planaren erregistro kodea zein den adierazi beharko du.

d) Azken 5 urteetan parte hartu izana Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo beste administrazio publiko batzuek berdintasun planak egiteko edo berraktibatzeko deitutako dirulaguntza-prozeduretan: 5 puntu. 5 puntu lortzeko, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenaren kopia aurkeztu beharko du entitateak edo enpresak.

e) Eskaera aurkezten den egunean gauzatuak dauden proiektuak edo gauzatzen ari direnak: 12 puntu. 12 puntu emanen zaizkie eskaera aurkeztean gauzatuak dauden proiektuei, eta 6 puntu, berriz, gutxienez %50 gauzatua dutenei. Hori frogatzeko, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen aurkeztuko da, entitatearen edo enpresaren legezko ordezkaritzak sinatua, baita laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua ematen duen pertsonak edo haren ordezkaritzak ere.

f) Enpresak edo entitateak InnovaRSE metodologiaren araberako iraunkortasun txosten bat egin izana azken 4 urteetan (2018, 2019, 2020 eta 2021): 3 puntu. Hori frogatzeko, aski izanen da 5. oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean adieraztea.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, c) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da. Berdinketak jarraituz gero, hurrengo letretan lortutakoa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2022ko azaroaren 15era arteko epea izanen dute proiektua justifikatzeko (egun hori barne): horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik:

a) Memoria teknikoa, non justifikatuko baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua, bertan ezarritako eraginkortasunaren gaineko adierazleen arabera. Justifikatzeko memoria teknikoaren atalek bat egin behar dute dirulaguntza eskatzean aurkeztutako proiektuaren memoria teknikoan direnekin. Prestakuntza ekintzak egin direla justifikatzeko (betiere horrelako ekintzak gauzatzea aurreikusten denean), emandako prestakuntzari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, baita horietan izan diren pertsonen zerrenda izendunak ere.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Laguntza eta aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman duen enpresak edo profesionalak luzatutako fakturen zerrenda, bakoitza bere zenbakiarekin, eta horiei dagozkien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–Fakturak eta ordainagiriak, entitate edo enpresa onuradunaren izenean. Fakturak kontzeptuz kontzeptu zehaztuak aurkeztuko dira, gastu diruz lagungarriak xehatuz (langileen gastuak, adieraziz fakturatutako orduen kopurua, joan-etorrien gastuak eta zabalkundeari dagozkion gastuak). Fakturen BEZa sartu nahi bada, adierazi egin beharko da berariaz, eta frogatu, Ogasuneko Departamentuaren ziurtagiriaren bidez, entitateak ezin duela ez berreskuratu ez konpentsatu BEZ hori.

–Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman duen langile autonomoaren fakturan kendu den PFEZa ordaindu dela justifikatzeko, onuradunak Ogasunari aitortu eta ordaindu diola frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

Iragarkiaren kodea: F2205792