92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2022 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak onesten dituena: “250 biztanletik beherako udalerri eta kontzejuentzako dirulaguntzak, lurralde-garapen jasangarria bultzatzen duten eta 2022. urteko demografia-erronkari heltzen dioten proiektu berrietan inbertitzeko”. DDBN identifikazioa: 620948.

Hala ezartzen baitu bere 28. artikuluan urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “lurralde-garapen jasangarria lortzeko estrategiarako politika publikoak gauzatzea” eta “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ekartzen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz.”

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak lurralde-garapen jasangarriari eta demografia-erronkari heltzeko dagozkien ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan etorkizuneko lurralde-garapenaren eredua ezartzen da, Nafarroa eskualde-hiri moduan irudikatuz. Eredu honen apustua da balioa ematea Komunitatean identifikatu diren eskualde-azpisistemetako (Pirinioak, Arku Atlantikoa, Ebroko ardatza) indarguneei, eta tamaina ertaineko hiriek eskualde-buru gisa duten garrantzia sendotzeari, horrela lurraldea egituratzeko. Honi dagokionez, esaten du Foru Komunitatearen kokaguneen ereduaren ezaugarria dela “populatze sakabanatua eta herri kontzentratuak”; uste du eredu hori biztanleriaren etengabeko hazkundearen eta landa-inguruneetatik hiriburura azken hamarkadetan izan den exodoaren ondorioa dela. Landa-eremuko eredu sozioekonomiko tradizionalaren eraldaketaren ondorioak arintzera bideratutako irtenbideak aurkitzeko beharra planteatzen du, eredu horrek funtzio ekosistemiko, sozioekonomiko eta kultural garrantzitsuak betetzen jarraitu ahal izan dezan, lurralde osoari mesede egiten baitio eskualdeko ikuspegi estrategikoan, ordaindu gabeko kanpo-efektu gisa.

2019ko amaieran, Nafarroako Gobernuak Despopulazioaren kontra Borrokatzeko Departamentuarteko Batzordea sortu zuen. Batzordearen helburua da demografia-erronkari buruzko politika zeharka aplikatzea, lurralde eta gizarte oreka sustatzeko.

Hori horrela, Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorrek zuzenketa bat jaso dute, aurrekontu-lerro bat egon dadin lurraldean populazioa finkatzen duten eta zerbitzua ematen duten proiektu pilotuetarako. Zuzenketa 250 biztanle baino gutxiago duten udalei eta kontzejuei bideratzen zaie, eta bertan argudiatzen denez, “lurralde-garapen jasangarria bermatu behar da Nafarroako herri guztietan. Horretarako beharrezkoak dira zeharkako lan-ildo berriak, udalerri txikienen erronkei aurre egiteko, zerbitzu berriak eskaini ahal izateko, eta modu horretan, lurralde-oreka lortzeko eta populazioa finkatzeko”.

Zehatz esateko, Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorrek 240.000,00 euroko kreditu bat aurreikusten dute, 330000 33100 7609 921117 kodea duen gastuen partidaren kontura. Partida hauxe da: “(E) lurraldean, udalerrietan eta 250 biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzejuetan populazioa finkatzen duten eta zerbitzua ematen duten proiektu pilotuak”.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorrita Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren entitateek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “250 biztanletik beherako udalerri eta kontzejuentzako dirulaguntzak, lurralde-garapen jasangarria bultzatzen duten eta 2022. urteko demografia-erronkari heltzen dioten proiektu berrietan inbertitzeko”.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 240.000,00 euroko gastua baimentzea, “(E) lurraldean, udalerrietan eta 250 biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzejuetan populazioa finkatzen duten eta zerbitzua ematen duten proiektu pilotuak” izeneko 330000 33100 7609 921117 partidaren kontura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 12an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

DEIALDI HONEN OINARRI ARAUTZAILEAK: 250 BIZTANLETIK BEHERAKO UDALERRI ETA KONTZEJUENTZAKO DIRULAGUNTZAK, LURRALDE-GARAPEN JASANGARRIA BULTZATZEN DUTEN ETA 2022. URTEKO DEMOGRAFIA-ERRONKARI HELTZEN DIOTEN PROIEKTU BERRIETAN INBERTITZEKO

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da 250 biztanletik beherako udalerri eta kontzejuei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, lurralde-oreka bermatzen duten, biztanleria finkatzen duten eta lurraldearen egituraketa eta garapen jasangarria bultzatzen duten zerbitzuei lotutako inbertsioak finantzatzeko, bai eta 2022an erronka demografikoaren ondorioak arintzeko ere.

Diruz lagunduko diren jarduketen xedea izanen da Nafarroaren garapen bateratu eta solidarioa lortzea, udalen eta kontzejuen zuzkidurak erronka demografikoaren errealitatera egokituz, aurrera egin ahal izateko kalitate handiko zerbitzu publiko eta azpiegituretarako sarbide unibertsalean, landa eremuko komunitateen biziberritzean, enplegurako aukera berrien sorkuntzan, landa eremuen sendotzean, gizarte inklusioan eta genero berdintasunean, klima aldaketaren ondorioak arintzen eta bizitza pribatuaren eta profesionalaren arteko orekan.

2. Entitate onuradunak.

Deialdi honetara aurkezten ahalko dira 250 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalerriak eta kontzejuak, 2021eko urtarrilaren 1eko udal errolda kontuan hartuta.

Toki-entitate bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezten ahalko du, bakarka.

3. Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Udalerria edo kontzejua izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera eratua, eta 250 biztanle baino gutxiago izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

Deialdi honen helburuak lortzen laguntzen duten eremu hauetako inbertsioak diruz lagunduko dira: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza, zerbitzu, industria eta ekintzailetza berdea, abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza, etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak. Eremu horiek ondoko jarduketa-ardatzetakoren baten barruan egonen dira:

1.–Azpiegiturak eta jarduera ekonomikoa.

1.1. Zuzeneko enplegua sortzen duten inbertsioak.

1.2. Jarduera ekonomiko bati lotutako inbertsioak, hari zerbitzu ematen diotenak.

1.3. Premia biziko inbertsioak: konektagarritasuna eta estaldura.

2.–Herritarrei zerbitzu emateko inbertsioak.

2.1. Zainketen erronkari (adinekoak eta haurrak) aurre egiteko inbertsioak.

2.2. Gazteei baliabideak eskaintzen dizkieten inbertsioak.

2.3. Herrietan aisialdirako eta elkartzeko aukerak sortzen dituzten zerbitzuak emateko inbertsioak.

2.4. Herritarrek zerbitzuak eta baliabideak eskuratu ahal izatea ahalbidetuko duten inbertsioak.

3.–Harrera egiteko azpiegiturak.

3.1. Landa-ingurunean bisitariak hartzea ahalbidetuko duten zerbitzuak emateko inbertsioak.

3.2. Nafarroako lurraldea kokatu, egituratu eta sustatzen duten inbertsioak: azpiegitura jasangarriak.

5. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Deialdian aurkezten diren proiektuak hainbat irizpideren arabera baloratuko dira, eta inbertsioak diruz lagunduko dira irizpide horiek aplikatuta lortzen duten puntuazioaren araberako ordenarekin bat.

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA 100 PUNTU

1.–Inbertsioaren justifikazioa.

1.1. Testuingurua eta justifikazioa:

Proposatutako jarduketaren testuingurua eta justifikazioa baloratuko dira.

1.2. Inbertsioaren kokapena:

Inbertsioa zer herritan eta tokitan kokatzen den, azpiegitura bat bada, eta kokapen horren justifikazioa, zer beharri edo erronkari erantzuten dion adieraziz.

Proiektuaren bideragarritasuna errazten duten alderdiak baloratuko dira: komunikazio sarea, zerbitzuak, despopulazioa.

1.3. Zer interes eta erronkari erantzuten dion proiektuak:

Baloratuko da proiektuaren interes maila, zer erronkari erantzuten dion, eta deialdiaren xedeari eta helburuei egokitzen ote zaien, lurralde-garapen jasangarriari eta despopulazioaren aurkako borrokari dagokienez.

1.4. Jarduketa zer biztanleriari edo kolektibori zuzentzen zaion:

Jarduketaren hartzaileen identifikazioa eta deskribapena.

Positiboki baloratuko dira gazteei (35 urtetik beherakoak) edo emakumezkoei zuzendutako proiektuak.

15 puntu

2.–Memoria teknikoaren kalitatea.

2.1. Proiektuaren helburuak:

Koherentzia eta argitasuna berariazko helburuak ezartzean, espero diren emaitzetan eta ezarritako adierazle kuantitatibo eta kualitatiboetan.

2.2. Proposamena berritzailea izatea:

Jarduketa berritzailea, taktikoa eta sortzailea izatea, bai proiektuaren kontzepzioan edo ideian, bai haren edukian, exekuzioan edo aurreikusitako emaitzetan.

Alde horretatik, baloratuko dira:

–Proiektuaren ideia: ikuspegi berriak ematea irtenbide tradizionalen aurrean, bai eta jarduketak herrian duen eragina ere.

–Proiektuaren zehaztapena: berritzailea izatea zenbait alderdiri dagokienez, hala nola kontzepzioa, kudeaketa-eredua edo helburua, eta gaitasuna izatea eraldaketa sozial eta ekonomikorako, garapen pertsonal eta kolektiborako, eta Pirinioetako biztanleriaren bizi-kalitatea eta haien ingurune ekonomikoa, soziala, kulturala edo naturala hobetzeko funtsezkoak diren elementuak sortzeko.

–Azpiegituraren erabilera eta mantentze-lanak: Gizartea dinamizatzea eta inplikatzea dirulaguntzaren xede den azpiegitura erabiltzeko eta mantentzeko, lurraldearekiko lotura indibidualaren eta sozialaren bidez.

2.3. Metodologia eta zereginen definizioa:

–Proiektuaren esparruan aurreikusitako jarduketa bakoitzaren identifikazioa eta deskribapena.

–Aurretiazko baimenak / obrak egiteko baimenak, beharrezkoak badira, edo bestela, baimen horien eskaerak.

2.4. Gauzatzeko kronograma:

–Hasiera eta amaiera datak eta iraupen osoa, hilabetetan emana.

–Fase edo jarduketa ezberdinen egutegia.

Baloratuko da proiektatu denaren eta egin daitekeenaren arteko koherentzia.

2.5. Baliabideak esleitzea:

Proiektuan aurreikusitako jarduketa bakoitzari baliabideak esleitzeko zehaztasuna eta koherentzia baloratuko dira.

2.6. Ebaluazioa eta jarraipena:

Eginen den ebaluazio prozesuaren deskribapena, planteatzen diren adierazleak, koherentzia proiektuaren helburuekiko, gogobetetasun inkestak, beharrezkoa bada.

25 puntu

3.–Memoria ekonomikoa eta aurrekontuaren justifikazioa.

3.1. Finantzaketa eta aurrekontua:

–Kostuen taula: gastuen urteko banakapena.

–Proiektua finantzatzeko plana.

–Egutegia, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

–Kudeaketa plana eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

3.2. Koherentzia proiektuko elementuen artean:

–Kostu ekonomikoak lortu nahi diren helburuekin duen erlazioa.

25 puntu

4.–Lurraldeko ekonomian, gizartean eta ingurumenean duen eragina.

Baloratuko da proiektuak lurraldean eragin positiboa izatea, ekonomiaren, gizartearen edo ingurumenaren aldetik. Eragina gerta daiteke inbertsioa gauzatu bitartean edo abian jarri ondoren.

4.1. Onuradunak:

Onuradunen deskribapena eta horien kuantifikazioa.

Baloratuko dira onuradun izan daitezkeenen kopurua eta jarduketaren hartzaile diren kolektiboen tipologia (gazteak, emakumezkoak, adinekoak, kolektibo kalteberak...).

4.2. Sortutako enplegua:

Proiektuak sortu duen enplegu kopurua (zuzenekoak eta zeharkakoak), bai proiektua gauzatzean bai azpiegitura abian jarri ondoren.

4.3. Ingurumen arloko irizpideak eta eragina toki ekonomian:

Inbertsioak toki ekonomian duen eragina baloratuko da, bai gauzatu bitartean, bai gauzatu ondoren: toki hornitzaileak, 0 km-ko hornikuntza eta produktuak, bioeraikuntzako materialak erabiltzea...

4.4. Proiektuaren transferigarritasuna:

Proiektua beste lurralde batzuetara transferitzeko edo errepikatzeko aukerak.

4.5. Jasangarritasuna:

Proiektuaren jasangarritasun maila (ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa...)

15 puntu

5.–Biztanleriaren parte-hartzea proiektuan.

Honako hauek sustatzen dituzten neurriak hartzea baloratuko da:

5.1. Biztanleriaren edo kolektiboen parte-hartzea proiektuaren fase ezberdinetan: beharrak hautematean, proiektuaren diseinuan, proiektuaren garapenean edo obrak gauzatzean autoeraikuntzako proiektuen bidez, azpiegituraren kudeaketan...

Tokiko boluntariotza ekintzak ere baloratuko dira, lankidetza, belaunaldien arteko parte-hartzea, kolektibo ezberdinen inklusioa...

5.2. Beste entitate batzuen inplikazioa proiektua gauzatzeko. Herriko edo kanpoko beste entitate batzuekin sarean lan egitea.

10 puntu

6.–Genero ikuspegia.

Genero ikuspegia txertatzea proiektuan.

5 puntu

7.–Zabalkundea eta komunikazioa.

Jarduerak sartzea proiektuaren zabalkunderako, komunikaziorako eta sentsibilizaziorako.

–Komunikazio plan bat edukitzea.

–Proiektua aurkezteko ekitaldi publikoak.

–Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzea.

5 puntu

6. Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.

6.1. Bakarrik izanen dira diruz lagungarriak honako hauek sortu edo eskuratzera bideratuak dauden inbertsioak: kapital-zerbitzu edo kapital-ondasun inbentariagarriak eta izaera amortizagarria duten ondasun immaterialak.

Inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira.

Horrenbestez, kanpoan geldituko dira langileen gastuak eta gastu arruntak.

6.2. Nolanahi ere, toki entitateen kontura izanen da aurreko apartatuan aipatu inbertsioen ondorioz sortu edo eskuratutako kapital-ondasun edo kapital-zerbitzuak zaindu eta mantentzeko gastua.

7. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

7.1. Deialdi honen guztizko zuzkidura 240.000,00 euro izanen da, 2022ko gastuen aurrekontuko “(E) lurraldean, udalerrietan eta 250 biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzejuetan populazioa finkatzen duten eta zerbitzua ematen duten proiektu pilotuak” izeneko 33000 33100 7609 921117 partidaren kargura.

7.2. Dirulaguntzaren muga aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren %80 izanen da, justifikatutako gastu diruz lagungarriak kontuan hartuta, 60.000 euroko mugarekin.

7.3. Proiektuak puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 5. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira aurrekontuko partida ahitu arte. Aurrekontuko krediturik ez egoteagatik dagokion dirulaguntzaren portzentajea osorik jasotzerik ez duen azken proiektuari aurrekontuan erabilgarri dagoen zenbatekoa emanen zaio behin-behinekoz.

7.4. Edonola ere, toki entitate bat onuradun izan dadin, ezinbestekoa da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren exekuzio kostuaren %15 baino handiagoa izatea, salbu eta berariaz ziurtatu eta egiaztatzen bada era berean beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso dituela, eta, guztira, proiektuaren exekuzio kostuaren gutxienez %50 ordezkatzen dutela.

7.5. Eman beharreko dirulaguntzak behin-behinekoz esleitu ondoren, esleitu gabeko soberakinik badago, soberakin horiek agortzeko, proiektuak birprogramatzen ahalko dira, baldin eta proiekturik badago legokiokeen dirulaguntza guztia eskuratu ez duena aurrekontuan dirurik ez izateagatik.

7.6. Birprogramazio hori Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak eskatuta eginen da, poltsa bakoitzean lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Ofizioa igorriko zaio entitate eskatzaileari, eta hark, proposatzen zaion birprogramazioa onartzen badu, horretarako emandako epean erantzun beharko du. Epearen barnean erantzuten ez badu, proposamena ez duela onartu ulertuko da.

7.7. Onuradunak uko egiten badio dirulaguntzari, zenbateko erabilgarria aurrekontuko diru faltagatik legokiekeen laguntzarik jaso ez duten proiektuei emanen zaie, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz. Bestela, halakorik ez badago, gainerako proiektuei emandako dirulaguntzari gehituko zaio, dirulaguntza horren zenbatekoaren proportzioan.

7.8. Entitate bakoitzak komenigarritzat jotzen duen proiektu-kopurua aurkeztu ahal izanen du deialdi honetan finantzatzeko. Alabaina, diruz lagunduko da proiektu bat entitateko, aurkeztutakoen artean puntuaziorik handiena lortu duena.

Salbuespen gisa, aurreko paragrafoan adierazitako proiektuak finantzatu ondoren aurrekontu-partidaren kreditua agortzen ez bada, proiektu bat baino gehiago diruz laguntzen ahalko zaizkio entitate bati, proiektuen puntuazio hurrenkeraren arabera, harik eta kreditu erabilgarria agortzen den arte.

8. Exekuzio-epea.

Diruz lagundutako proiektuak exekutatzeko epea 2022ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2022ko azaroaren 5ean amaituko da, beranduenez.

Gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean joko da exekutatutzat inbertsioa.

9. Toki entitateek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Behar bezala betetako eskabidea, I. eranskinaren araberakoa.

Dirulaguntzen eskaerak I. eranskineko eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskura daiteke eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:

–Entitateak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

c) Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea.

d) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzkoa, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Udal erroldaren egiaztagiria, non jasoko baita 2021eko urtarrilaren 1ean herriak zenbat biztanle zituen, edo udalerriak edo kontzejuak eskaera egunean duen biztanle-kopurua egiaztatzen duen egiaztagiria, idazkariak izenpetuta.

f) Obrak egin asmo diren zuzkiduren edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikulua betez (ondasun higiezinak erositakoan salbu).

g) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren araberakoa.

Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatu bezala.

10. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

10.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

10.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskabide ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

11. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

11.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

11.2. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

11.3. Proiektuak hautatzeko, instrukzio organoak txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu, beharrezkotzat jotzen duenean, proiektu baten egokitasuna, komenigarritasuna edo bideragarritasuna baloratzeko, lurraldearen, sektorearen, ekonomiaren edo arauen ikuspuntutik.

11.4. Era berean, eskaerak 5. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

11.5. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinketarik badago, hau deseginen da 5. oinarriaren 2. apartatuan puntuaziorik handiena lortu duten eskaeren alde. Berdinketak irauten badu, 5. oinarriaren 3. apartatuan lortutakoa hartuko da aintzat, eta horrela segituko da, hurrenez hurren.

11.6. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

12. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

12.1. Dirulaguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko. Hori guztia Administrazioaren ebazpena eman beharraren obligazioaren kalterik gabe.

12.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira, jakinarazi ondoko hilabetean, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12.3. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki entitate interesdunek, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

13. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

13.1. Proiektuak eskaeran aurkeztutako kronograman zehaztutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira, edo bestela, onartutako birprogramazioan ezarri bezala. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik.

13.2. Baimentzen ahal diren aldaketak dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuei buruzkoak. Eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe.

Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko onuradun bakoitzeko, ezta baremazioan lortutako puntuazioa aldatzen duten horiek ere.

13.3. Aldaketa erregistro elektronikoaren bidez eskatu beharko da, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari egindako eskaera baten bidez, eta betiere, aldaketa hori egin baino lehen, zerbitzu horrek baloratzeko eta, aukeran eta aurrekontuko mugen arabera, baimena emateko.

14. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira onuradunek beren eskaeran adierazitako gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bidez.

15. Frogagiriak.

15.1. Entitate onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko onartu diren gastu guztiak, bai eta proiektuaren exekuzio osoa ere. Hala, 2022ko azaroaren 15ean bukatuko da jardueraren gastuak eta ordainketak justifikatzeko epea (egun hori barne). Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua, IV. eranskinaren arabera.

2. Egindako inbertsioaren faktura edo fakturak eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak izenpetuak.

3. Egindako ordainketaren frogagiria.

4. Egindako inbertsioaren argazkiak eta bestelako froga dokumentalak, jarduketa egin baino lehen, eta jarduketa egin eta gero.

5. Udalerriaren edo kontzejuaren idazkaritzaren egiaztagiria honi buruz:

a. Obrak funts berekien bidez (edo bestelako dirulaguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla dioena, non agertuko baitira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari buruz eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko ondorioa. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

b. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzeari buruzkoa, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).

c. Obren amaiera, edo bestela, diruz lagundu den zatiaren amaiera, aurreikusita zegoena. Halaber, erantsi beharko da obra amaierako akta, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak (udalerria edo kontzejua) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

6. Honi buruzko adierazpena (V. eranskineko ereduaren arabera):

a. Onuradunak azpikontrataziorik egin duen ala ez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betez.

b. Publizitate betebeharrak bete izana, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

c. Gardentasun betebeharra betetzeari buruzkoa, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.

7. Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea.

8. Higiezinak eskuratuz gero, salerosketa-eskrituraren kopia eta Ondare Eskualdaketen gaineko Zergaren likidazioa, eskuratzeko ordaindutako zenbatekoarekiko adostasuna adierazita.

15.2. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

15.3. Egindako gastutzat joko da, oro har, diruz lagundutako ekintzak egiteko epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2022ko azaroaren 5a baino lehen.

16. Dirulaguntzaren ordainketa.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzaren ordainketa. Orokorrean, dirulaguntza ordainduko da diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta erakunde onuradunak 15. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren. Transferentzia bidez ordainduko da.

17. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

18. Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzua arduratuko da, dagozkion teknikarien bidez, proiektuen jarraipena egiteaz, garatutako alderdi guztiak gainbegiratu eta ebaluatzeaz eta finkatutako helburuen betetze-maila aztertzeaz.

19. Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen eta dirulaguntzaren berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

i) Entitate onuradunak jakinarazpena jasotzen duenetik zazpi eguneko epea izanen du eman dioten dirulaguntzari uko egiteko, baldin hala egitea erabakitzen badu. Horretarako, komunikazio bat bidali beharko dio Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari.

j) Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

k) Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

20. Dirulaguntzak itzultzea.

21.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Kasu horietan, itzulketa tramitatuko da toki entitatearen banaketa kontuan, dagokion espedientea instruitu ondoren.

21.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

21. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

22. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

23. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–BEZaren gaineko aitorpenari buruzko ziurtagiria.

IV. eranskina.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazio kontua.

V. eranskina.–Toki entitatearen erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2205517