92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

106E/2022 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita aldaketa nabarmena egitea Legariako udal mugartean dagoen arrautzatarako oilo granja baten instalazioan. Granja Legaria SA da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 448/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 180E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena, eta Ingumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 220E/2014 Ebazpenaren bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 3ko 279E/2018 Ebazpenaren bidez aldatu zena, eta, azkenik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 3ko 88E/2021 Ebazpenaren bidez eguneratua izan zena.

2021eko azaroaren 3an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, erregai-deposituen kopurua eguneratzeko eta 130502* EHZ kodea duen hondakin berri bat gehitzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko urtarrilaren 24an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratuaren aldaketarako administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2022ko urtarrilaren 24an prozedura hori abiatu zen.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Legariako udal mugartean dagoen arrautzatarako oilo granja baten instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, gasolio depositu berri baten proiektua gauzatzeko eta 130502* EHZ kodea duen hondakin berri bat ekoizteko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean sartutako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Granja Legaria SA da.

Bigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa programaren eguneraketa, non azaltzen baitira lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– saihesteko aurreikusi dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela ziurtatzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Granja Legaria SAri eta Legariako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2205751