92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104E/2022 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona ARKISKIL TZ telekomunikazio zentroa eraikitzeko proiektuari, Leitzako udal-mugartean.

2021eko otsailaren 10ean, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “kategoria” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren helburua da ARKISKIL TZ telekomunikazio zentroa eraikitzea Leitzako 5. poligonoko 58. lurzatian (UTM koordenatuak ETRS89 × 590925 eta 4771238), eta halaber, hari lotutako instalazio elektrikoa eta zuntz optiko bidezko interkonexioa Leitza TZ telekomunikazio zentroarekin.

Telekomunikazio zentroa eraikitzeko 4,83 × 3,25 × 0,15 metroko hormigoi armatuzko zolarri bat ezarriko da, eta haren gainean etxola prefabrikatu bat (2,85 × 2,55 × 2,78 m), eta zimentazio bat eginen da 2,7 × 2,7 × 3 metrokoa, haren gainean ezartzeko 20 metroko altuerako sareta-dorre bat. Etxola eta dorrea 61 m²-ko esparru itxi baten barnean geratuko dira.

Hornidura elektrikoa egiteko tentsio baxuko linea elektriko bat ezarriko da lur azpian, 685 metro luzerakoa, NA-170 errepideko 7 + 440 kilometro-puntuaren ondoan dagoen hormigoizko zutoinetik abiatuta. Kanalizazioaren trazatua hango bideen albotik eramanen da, 40 × 60 cm-ko zanga bat eginez, eta haren barnean, hormigoian sartuta, 180 mm-ko diametroko bi hodi malgu eta 40 mm-ko PEAD hodi hirukoitza. Zanga beteko da indusketatik ateratako lurrez, eta lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratuko da. Loturako bi kutxatila ezarriko dira, eta monolito bat, babes eta neurri kutxa orokorrerako.

Leitza TZ telekomunikazio zentroarekiko zuntz optikozko lotura hango bideen albotik eginen da, 2.600 metroko luzeran, 8x40 cm-ko zanga txiki bat zulatuz, barnean 40 mm-ko diametroko PEAD hodi hirukoitza jartzeko. Kanalizazioan barna bi kutxatila jarriko dira, D motakoak (kanalizazioaren hasieran eta bukaeran) eta kablea pasatzeko H motako beste bi kutxatila. Zanga txikia beteko da indusketatik ateratako lurrez, lurrezko bide zatietan, eta hormigoiz beteko da, bidearen zola hormigoiz egina dagoen zatietan.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Basoak Kudeatzeko Atalak emandako aldeko txostenak jaso dira espedientean. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintza jarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea ARKISKIL TZ telekomunikazio zentroa, Leitzako udal-mugartean, Navarra de Servicios y Tecnologías SAk sustatuta, eraikitzeko proiektuari.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zangak zabalik geratzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara eror daitezkeen animaliak atera ahal izan daitezen. Zanga ireki eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.

–Txoriak salbatzeko neoprenozko balizak ezarri beharko dira, alanbrezko goiko hariaren ikusgarritasuna handiagotzeko, itxituraren zutoinen artean, eta hegaztien talka eragozteko.

–Sor daitezkeen materialak beren izaeraren arabera kudeatu beharko dira, betiere indarreko araudia betez.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Jakinarazten dizugu ezen, hala egin ezean, arau-hauste astuntzat joko dela eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Leitzalarrea onura publikoko mendiari (Nafarroko OPMen katalogoko 565 zenbakia) eragiten ahal zaizkion ukipenak direla eta, 2022ko otsailaren 4an Basoak Kudeatzeko Atalak emandako txostenean ezarri zituen baldintzak bete behar dira:

  • Proiektuaren instalazioa eta eragindako zortasunak onartzea ondoko koadroan azaltzen den moduan:
  • Toki Entitate titularra: Leitzako Udala.
  • OPMaren izena: Leitzalarrea (565 zk.).
  • OPMaren azalera katalogoaren arabera (ha): 3.906.
  • Tentsio baxuko hornidura-lineak OPMaren gainetik hartuko duen azalera (m.l.)*: 0,0135.
  • Etxola + antena dorreak OPMaren gainetik hartuko duten azalera (ha): 0,0061.
  • Zuntz lineak Leitza TZra, Larraingainean, OPMaren gainetik hartuko duen azalera (ha)**: 0,1044.
  • Ukipena osotara OPM = 0,124 ha.
  • Proiektuak jasotzen duen azpiegitura Leitzalarrea Onura Publikoko Mendiaren izendapenarekin (Nafarroako OPMen katalogoko 565 zenbakia) bateragarria dela adieraztea.
  • 13/1990 Foru Legearen 29.4 artikulua betez, edozein okupazio edo zortasunengatik, mendiaren titularrari kanon bat ordaindu behar zaio, eguneratu behar dena, edo kalte-ordaina, mendiari egiten zaizkion kalteen araberakoa, edo zortasunak edo okupazioak sustatzaileari ematen dizkion mozkinen araberakoa.
  • Instalazio berria ezartzeko, uneren batean, ezinbestekoa bada 15 cm-tik gorako diametroa daukan zuhaitzik moztea, aurretik abisua eman behar zaio -Ingurumena Zaintzeko Atalaren Sakana-Mendialdea Barrutiari-Basozainei.

–Azpiegitura burutzeko behar diren lan guztiak amaitu ondoren, ukitu diren eremuak leheneratu eginen dira, hau da, bideak eta mendiko pistak, langa kanadarrak, itxiturak, etab. Lanak amaitu ondoren, bide horiek hasi aurretik zuten funtzionaltasun berdina izan behar dute, mendiaren kudeaketarekin eta ustiapenarekin lotura duten mota desberdinetako ibilgailuei zerbitzua emanez (barne direla inguru hartara sartzen diren ibilgailu astunak, besteak beste, traktoreak, egurra ateratzeko kamioiak, etab.).

–Halaber, instalazioaren eraikuntzan sortzen diren hondakin guztiak ere baimendutako tokietara eraman beharko dira.

–Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero, beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sor daitezkeen suak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldadurak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero. (222/2016 Foru Agindua, 237/2017 Foru Aginduak aldatzen duena).

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten ditu soilik honako hauek: etxola baten eta dorre baten eraikuntza, eta lur azpiko deribazio elektrikoak eta zuntz optikoa ezartzea, NA-170 errepidearen ondoko zutoin batekin eta Leitzako 2. poligonoko 268. lurzatian kokatua dagoen telekomunikazio zentroarekin, hurrenez hurren, aurkeztutako dokumentazioa eta baimen honek ezartzen dituen zehaztapenak aintzat hartuta.

–Aurretik zeuden azpiegiturak ez dira baimen honetan sartzen (haiei lotuko zaie sarea). Horiei buruz, zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Baimena eraginkorra izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan (lurzoru urbanizaezineko jarduerak ingurunera egokitzeari buruzkoa) ezarritakoa betez, jarduketa paisaian integratuko da. Inpaktu bisuala murrizteko, ukitutako lurrek tratamendu egokia izanen dute, eta bermatuko da landare pantailak paratuko direla eta egin beharreko lur erauzketetan eta ezpondetan tratamendu egokia gauzatuko dela.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioan edo azpiegituran kanpora ateratzen diren elementuek, 3 m-ko zortasun eremua gorde beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Herri-lurren Atalak 2022ko otsailaren 2an emandako txostenaren arabera, proiektatutako instalazioak herri-lurrak ukitzen dituenez, herri-lurrei dagozkien erabilera eta luperketa baldintzatuz, edozein jarduketa egin aurretik, Leitzako Udalak, ukitutako eremuen titularra izanik, eta Navarra de Servicios y Tecnologías SAk eskatuta, Desafektazio espedientea tramitatu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoa betez.

–Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Hain zuzen ere, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortu beharko da, sare elektrikoarekiko konexioan NA-170 errepideari eragiten ahal zaion ukipena dela eta.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Leitzako Udalari, Herri-lurren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana-Mendialdea barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 13an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2205757