92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

134/2022 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste musikako goi mailako ikasketak. Lege horren 54.2.b) artikuluak ezartzen du, musikako goi mailako ikasketak egiteko, beste betebehar akademiko batzuk betetzeaz gainera, beharrezkoa dela sarrera proba bat gainditzea. Proba horretan izangaiek erakutsi beharko dute behar bezalako ezaupide eta trebetasun profesionalak dituztela kasuan kasuko ikasketak probetxuz egiteko.

Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluan araututa dago goi milako titulua lortzeko irakaskuntza ofizialetan berariazko proba bat eginez sartzeko bidea, baldin eta izangaiak Batxilergoko titulua badu edo 25 urtetik gorakoek unibertsitatean sartzeko proba gainditu badu, edo musikako goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu badu.

Urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarriaren arabera, hezkuntza administrazioek ezartzen ahalko dute 18 urtetik gorakoek oro har zuzeneko sarbidea izanen dutela goi mailako arte ikasketetan –horretarako, berariazko proba bat gainditu beharko dute, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak badituela frogatzen duena–, baita 16 urtetik gorakoek ere musikako edo dantzako goi mailako ikasketetan, baldintza beretan.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 25eko 113/2022 Ebazpenaren bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten da 2022. urtean.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako musikako ikasketa profesionalen curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatu zituen abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela finkatzea zein balorazio emanen zaion musikako ikasketa profesionalen espedientearen batez besteko notari goi mailako ikasketak egiteko sarrera proban.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an emandako 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman dira, eta martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenaren bidez haren eranskina aldatu da.

Arte Ikasketen Atalak 2022ko apirilaren 1ean emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketetan sartzeko proben deialdia egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egitea, ebazpen honi gehitu zaizkion oinarri eta eranskinen arabera (hurrenez hurren, I. eta II. eranskinak).

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora eta “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko apirilaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea eta eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egitea 2022-2023 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak eman baitira Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko, eta foru agindu horren eranskina aldatu duen martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenean ezarritakoarekin bat.

2.–Eragina eta balioa.

Sarrera-proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2022-2023 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du irakaskuntza horiek ematen dituen Estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.

3.–Probak egiteko tokia eta egunak.

Probak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eginen dira (Musikaren Hiria, Antonio Pérez Goyena pasealekua 1, Iruña).

Dena dela, beste lekuren bat erabili beharko balitz, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak horren berri eman beharko luke, behar den bezala eta behar den denborarekin, bai ikastetxeko iragarki-taulan, bai probak eginen diren tokietan.

Sarrera probak deialdi bakarrean eginen dira. Ekainaren 13tik aurrera hasiko dira, eta behar den denborarekin iragarriko dira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren iragarki-taulan.

Epaimahai bakoitzak probaren zati bakoitza egiteko eguna eta ordua jendaurrean jarriko ditu, hala nola emaitzak argitara emateko eguna, 48 ordu lehenagotik gutxienez, probak eginen diren tokian eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren web-orrian (https://csmn.educacion.navarra.es/web1/).

4.–Betebeharrak.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Batxilergoko titulua izatea, edo gainditua izatea 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba edo 5. oinarrian agertzen den heldutasun proba.

b) Sarrera proba berariazko bat gainditzea, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko.

5.–Sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.

Ebazpen honen 4.a) oinarrian ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 16 urtetik gorako izangaiak heldutasun proba bat gaindituz sar daitezke. Proba hori urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen da, eta hezkuntza administrazioek antolatuko dute (errege dekretu horren bidez aldatu zen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zuena).

Ikasturte honetan, Hezkuntza Departamentuak deialdi bat iragarri du goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probarako, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 25eko 113/2022 Ebazpenaren bidez.

Sartzen ahalko dira, orobat, 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

Sartzen ahalko dira, orobat, Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko 2019tik 2022ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean egindako proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

6.–Probetan izena ematea.

6.1. Probetarako izangaiek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, Goi Mailako Musika Kontserbatorioak bere web-orritik gaituko duen inprimaki elektronikoa erabilita (https://csmn.educacion.navarra.es/web1/informacion/prueba-de-acceso/), edo zuzenean esteka honen bidez: https://www.eoidigital.com/cmu_pamplonasup_matricula/alumnos/index.php.

Eskabide horretan, izangaiak zehaztu beharko du zein espezialitate eta ibilbidetan ematen duen izena.

6.2. Desgaitasunen bat duten izangaiek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea, hala adierazi beharko dute izena ematean, eta eskabidearekin batera minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria aurkeztuko dute, erakunde eskudunak emana, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere. Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak frogatu ahal izatea badituela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak.

6.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia digitala, bi aldeetatik.

b) Sarrera probei dagokien tasa (61,79 euro) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean ezarrita dago, eta telematikoki ordainduko da eskaera formalizatzen den unean. Ordainketaren frogagiria eskuratzen ahalko da.

Honako zerga onura hauek aplikatuko dira:

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena.

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko babes ebazpen judizialarena, kondena-epaiarena edo biktimaren aldeko kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

Probetarako izena emateko orduan Batxilergoko azkeneko kurtsoa egiten ari diren izangaiek, artikulu honetan aipatutako agiriak izanen ez dituztenez, 2022ko uztailaren 1a baino lehen aurkeztuko dituzte.

e) 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren agiriaren fotokopia, halakorik badu.

f) Nafarroako Foru Komunitateak, edo beste edozein hezkuntza administraziok, goi mailako arte ikasketetan sartzeko deitutako heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, halakorik badu.

g) 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu duela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.

h) 2019tik 2022ra bitarte (biak barne) Arteen edo Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.

Izena emateko orduan proba horietako bat gainditzeko duten izangaiek (hots, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba edo Arteen edo Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probaren zati komuna gainditu zain daudenek) eskabidean adierazi beharko dute proba horietako bat egiteko izena eman dutela, eta, behin betiko emaitza izan bezain laster, eta, edozein kasutan, matrikula egin baino lehen, hura gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Haien matrikulazioa eginen da baldin eta dokumentazio hori aurkezten badute.

i) Musikako ikasketa profesionalak egin dituzten izangaiek horien egiaztagiria aurkeztuko dute, lortutako Musikako lanbide tituluko edo Musikako lanbide ikasketetako teknikariaren tituluko batez besteko nota agertzen duena, edo, hori ezean, ikasketen ziurtagiri oso bat.

j) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren araberako musikako irakasle titulua duten izangaiek tituluaren fotokopia eta ikasketen ziurtagiri osoa aurkezten ahalko dute.

k) Izangaiak proban aurkeztuko dituen obren zerrenda.

l) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

6.4. Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Eskabidea eta adierazitako dokumentazioa Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Idazkaritzan aurkeztuko dira, maiatzaren 23tik 27ra, biak barne.

6.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.

Izena emateko ezarritako epea bukatu ondoren, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioak aditzera emanen du, ikastetxean bertan, eskatzaile onartuen izenen zerrenda, espezialitateen arabera, eta, hala badagokio, ibilbideen arabera, bai eta baztertuenena ere, eta, kasu horretan, zehaztuko du zergatik dauden bazterturik. Baztertutako izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Ebazpen honen 6.4 oinarrian ezarritako tokian aurkeztuko da dokumentazioa. Izan daitezkeen erreklamazioei erantzun ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, ikastetxean bertan; baztertuen kasuan, gainera, baztertzearen arrazoia zehaztuko da.

7.–Espezialitateak eta ibilbideak.

Deialdi honetan, espezialitate hauetarako sarrera probak iragartzen dira: Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Interpretazioa, ibilbide hauetan: Akordeoia, Harpa, Jazzeko Baxu Elektrikoa, Jazzeko Bateria, Kantua, Jazzeko Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Jazzeko Kontrabaxua, Fagota, Moko-flauta, Zeharkako Flauta, Gitarra, Jazzeko Gitarra Elektrikoa, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Jazzeko Pianoa, Saxofoia, Jazzeko Saxofoia, Tronboia, Jazzeko Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Jazzeko Tronpeta, Tuba, Txistua, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

8.–Berariazko sarrera probaren egitura eta edukia eta probako atal bakoitzaren balorazio partziala espezialitatearen arabera.

Sarrera proba berariazkoaren egitura eta edukia, baita espezialitatearen arabera probako atal bakoitzari ematen zaion balorazio partziala ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenaren eranskinean ezarritakoak izanen dira, horren bidez aldatu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ezartzeko Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an eman zuen 48/2011 Foru Aginduaren eranskina.

9.–Berariazko sarrera proba gainditzea eta ziurtapena.

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da lortzen den azken kalifikazioa, kasuan kasuko espezialitateko probaren atal guztien ponderazio partziala egin ondoren, 5,00 puntukoa edo altuagoa baldin bada.

Berariazko sarrera proba gainditzen duten ikasleei ziurtagiri bat emanen zaie, ebazpen honen II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, non, besteak beste, ikasturtea, espezialitatea eta lortutako kalifikazioa agertuko baitira.

10.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskaintzen diren ikaspostuak.

Espezialitate bakoitzean eskaintzen den ikaspostu kopurua Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenean eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 137/2010 Ebazpenean adierazten dena izanen da. Ebazpen horietako lehenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko espezialitate bakoitzean eskura daitezkeen ikaspostuen urteko eskaintza zehaztu zuen, eta bigarrenak martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenaren eranskina aldatu.

11.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren 10. artikuluan jasotzen den bezala, Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da musikako goi mailako ikasketetan sartzeko probaren azken kalifikazioan.

Berariazko sarrera proba gainditu eta Musikako lanbide titulua edo Musikako irakasle titulua (irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera) edo Musikako lanbide ikasketetako teknikariaren titulua duten ikasleen kasuan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko azken puntuazioa kalkulatzeko, beren ikasketa espedientearen batez besteko notaren araberako puntuazio gehigarria erantsiko zaio berariazko sarrera proban lortzen duten notari.

Berariazko sarrera proba gainditzen duten izangaiei lanbide ikasketen balorazioa gehitu ondoren, espezialitate bakoitzerako eta, hala badagokio, musika tresna bakoitzerako zerrenda bakar bat osatuko da, puntuazio altuenetik txikienera ordenatua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzeko prozesua espezialitate bakoitzerako bakarka lortzen den puntuazioaren arabera eginen da, altuenetik txikienera.

Onarpen prozesua bukatuta ikasposturik gelditzen bada, Kontserbatorioak beste ikastetxe bateko proba gainditu duten ikasleei adjudikatzen ahalko dizkie.

12.–Epaimahaiak.

Espezialitate bakoitzerako epaimahai bat osatuko da, hiru kide izanen dituena: epaimahaiburua, idazkaria eta epaimahaikidea. Gainera, Interpretazioa espezialitatean, musika tresnaren araberako epaimahaiak eratzen ahalko dira.

12.1. Epaimahaien osaera.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean dauden irakasleen artetik aukeratuko ditu epaimahaikideak. Horrelako irakasle aski ez badago, antzeko espezialitateetako irakasleengana joko da. Epaimahaiak ariketekin lotutako arloetako irakasleen aholkularitza izan dezake, egoki iritziz gero.

12.2. Epaimahaien publikotasuna.

Epaimahaiko kideen izenak probak egin baino gutxienez bost egun lehenago iragarriko dira, probak eginen diren tokiko iragarki-taulan.

13.–Elkarrizketa.

Epaimahaiak elkarrizketa bat egiten ahalko die izangaiei, bakoitzaren prestakuntza eta lanbide esperientzia ezagutzeko eta musikako goi mailako ikasketei begira dituzten asmoak ezagutzeko. Epaimahaiak ikasleen jardueren eta esperientzien gaineko egiaztagiriak eska ditzake.

14.–Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen aurkako erreklamazioak, halakorik bada, epaimahaiburuari zuzenduak, probak egiten diren tokian aurkeztuko dira, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioak han bertan ebatzi eta argitaratuko dira, erreklamazioak aurkezteko epea bukatu ondoko hamar egun balioduneko epean. Ebazpen horien kontra, izangaiak beste erreklamazio bat jar dezake Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo bost egunetan.

15.–Dokumentazioa gordetzea.

Musikako goi mailako ikasketetara sartzekoak probaren prozesuan sortzen diren agiri guztiak bi hilabetez gordeko dira gutxienez, probak egiten direnetik.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Sarrera probak gainditu direla frogatzeko ziurtagiriaren eredua.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2205532