90. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

289E/2022 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “2022ko Hondakinen Funtsa. Bestelako hondakin ez-arriskutsuen fluxua” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 620498.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

Uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen da 2022ko ekitaldiko Hondakinen Funtsaren osaera, eta, bertan adierazten denaren arabera, 2022ko ekitaldiko Hondakinen Funtsa 2020ko bigarren seihilekoan eta 2021eko lehenean bildu edo ekarri diren benetako diru kopuruek osatuko dute. Diru kopuru horiek 5.143.275 euro izan dira.

2021eko urriaren 19an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak proposatu du Funtsa proportzioan banatzea, hondakinen fluxu bakoitzaren diru ekarpenaren arabera, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan bildutako definizioekin, eta kontuan harturik Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko arloak.

Eta, 49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak gauzatu ondoren, azaroaren 26an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 381E/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita 1.412.840 euro erabiltzea bestelako hondakin ez-arriskutsuen fluxurako, 2022an zehar garatu beharreko industria hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko prestatzeko eta birziklatzeko proiektuak gauzatzen dituzten enpresei dirulaguntzak emateko.

Bestalde, abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen bidez, 2022. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren. Gastu aurrekontuetan, Hondakinen Funtsari dagozkion gastu partidak aurreikusi dira, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin. Eta, partida horien artean, honako hauek daude, behar beste funts dituztenak aurreko paragrafoan aipatutako bestelako hondakin ez-arriskutsuen fluxuaren dirulaguntzarako: 740001 74100 4701 456200 Hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak eta 740001 74100 7701 456202 Hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. “2022ko Hondakinen Funtsa. Bestelako hondakin ez-arriskutsuen fluxua” izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-4701-456200: Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak

2022

412.840,00

740001-74100-7701-456202: Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak

2022

1.000.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2022an Hondakinen Funtsarekin finantzatzen diren industria hondakinen arloko dirulaguntza arautzea, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 1.412.840 eurokoa da, eta hurrengo atalean zehazten diren proiektu eta/edo jarduera moten artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jasotzen ahalko dute gastu arrunten ekintzek (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak, etab.) edo kapital inbertsioek, industria hondakinen kudeaketarekin lotuta badaude. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa. Industria hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko prestatzeko, birziklatzeko edo bestelako balorizazioren bat egiteko proiektuak, egungo ekoizpen prozesuen aldaketan eta teknika erabilgarri onenen aplikazioan oinarritzen direnak. Prozesuen aldaketa horretan, birziklatutako materialen erabilera ere sar daiteke, prozesu horretako lehengai gisa. Hondakinen kudeaketaren trazabilitatea, kontrola eta estandarizazioa hobetzeko jarduketak ere sartuko dira. Gehienez 500.000 euroko zuzkidura du.

Hondakinak tratatzeko instalazioetan egindako inbertsioak ere diruz lagungarriak izanen dira, hondakin bilketaren esparruko biltegiratze eragiketak izan ezik (R13/D15 eragiketak).

b) 2. jarduketa lerroa. Industria hondakinen prebentzioaren, berrerabiltzeko prestatzearen eta birziklatzearen alorrera aplikatutako industria alorreko I+G proiektuak. Halakotzat jotzen ahal dira ikerketa industriala eta garapen esperimentala. Gehienez 450.000 euroko zuzkidura.

c) 3. jarduketa lerroa. Ekonomia zirkularra bultzatzeko proiektuak, industria hondakinei dagokienez.

Gehienez ere 462.840 euroko zuzkidura du, II. eranskinean jasotako jarduketak garatzen dituzten inbertsio proiektuetarako.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarrien % 75 izanen da gehienez. Hala badagokio, gehieneko ehuneko hori % 80raino handitzen ahalko da Nafarroako Foru Komunitatetik datozen eta material birziklatukoak edota hondakin edo errefusetatik berreskuratutako materialetakoak diren ondasunen erosketen kasuan.

Materialaren hornitzaileak egiaztatuko du hori, behar besteko ahala duenak sinatutako ziurtagiriaren bidez.

3. Justifikatzen diren gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren gainean, entitate onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 90.000 eurokoa izanen da. Lerroren batean soberako krediturik baldin badago, lerro horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera, eta aipatutako gehieneko laguntza gainditu gabe, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Oraindik soberako krediturik badago, gainerako lerroen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz: 1., 2. eta 3. lerroak.

4. Onuradunek dirulaguntzaren xede diren jarduerak azpikontratatzen ahalko dituzte, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino, eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

5. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileentzako zeharkako gastu esklusiboak, otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan araututako Eragileen Erregistroan inskribatuak badaude. Diruz laguntzen ahalko dira gastu orokorrak eta zeharkako kostuak, gehienez ere proiektuaren aurrekontu diruz lagungarriaren % 5, justifikatu beharrik gabe.

6. Ekipamenduak alokatzea proiektuak irauten duen bitartean.

7. 2. eta 3. jarduketa lerroetarako –2. oinarriko b) eta c)–: Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragile gisa egiaztatutako eta otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako Eragileen Erregistroan (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak) inskribatutako entitateetako langileen gastuak, proiektuan zuzenean aritzen diren heinean eta proiektuan aritzen diren bitartean. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

8. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko edo espainiar estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.

c) Industria hondakinetan Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako ekoizpen zentrotik edo instalaziotik kanpo egiten diren jarduketak.

d) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

e) Lurrak eskuratzeko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

f) Produktuak seriean fabrikatzeko erabilitako lehengaiak.

g) 1. jarduketa lerroko proiektuak –2 a) oinarria–, baldin eta eskaera egiten duten instalazioak ez badaude inskribatuak Nafarroako Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan deialdia argitaratzen den egunean, dagokion entitatean. Elikagaiak alferrik galtzea kudeatzeko proiektuen kasuan izan ezik.

h) BEZa edo beste zerga batzuk.

i) Finantza-gastuak.

j) Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

k) Erabilera orokorreko gailu informatikoak: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...

l) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

m) Azpiegituren alokairua.

n) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

o) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

p) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

9. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Honako hauek izaten ahal dira oinarri hauetan arauturiko dirulaguntzen onuradun:

–Ekoizpen zentroa Nafarroako Foru Komunitatean duen eta industria hondakinak sortzen edo kudeatzen dituen edozein enpresa –22/2011 Legearen 3 d) artikuluan eta PEMAR 2016-2022 planaren 18. apartatuan zehaztutakoaren arabera–.

Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragile gisa egiaztatutako entitate pribatuak, otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan araututako Eragileen Erregistroan inskribatuak badaude.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta dirulaguntza-eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskabide-orria (I. eranskina).

b) Garatu beharreko proiektua, non argi eta garbi zehaztuko baitira egin beharreko lanak, memoria tekniko baten bidez. Memoria horretan, egin beharreko ekintzak zehaztuko dira, jarduketa lerroen arabera multzokatuak, eta horien diru zenbatekoak, 2. oinarriaren arabera.

c) 1. lerroko –2 a) oinarria– eskaeren kasuan, ahaldunek sinatutako txostena, non benetan prebenitzeko potentziala eta hondakinen hierarkian hobetzeko potentziala zehaztuko baitira.

d) 2 b) oinarriko eskaeren kasuan, ahaldunak sinatutako txostena, aurkeztutako proiektuaren berritasun maila eta proiektua garatuko duten langileek doktore titulua duten baloratzeko.

e) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

f) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

g) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako txostena, diruz lagundutako proiektua hasi aurreko 12 hilabeteetan “alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla” adierazten duena.

h) Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan, laguntzaile bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du proiektu horretarako. Eta eskaera bakoitzean, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztiaz gain, sinatutako lankidetza akordioa erantsi beharko da, eta guztiek proiektuaren memoria bera aurkezten dutela ziurtatu beharko da.

3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez bost egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. 2. oinarriko lehenengo jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Diruz lagundutako proiektua hasi aurreko 12 hilabeteetan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren arabera:

–50 langile baino gutxiago: 20 puntu.

–50-250 langile: 10 puntu.

–250 langiletik gora: 5 puntu.

b) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

c) Proiektuaren xede diren hondakinak prebenitzeko potentzial eraginkorra (murrizten den hondakin kopurua, lehen sortzen zen hondakin kopuruarekin alderatuta):

–% 15etik gora: 50 puntu.

–% 10 baino gehiago eta % 15 baino gutxiago: 40 puntu.

–% 5 baino gehiago eta % 10 baino gutxiago: 30 puntu.

–% 5etik behera: 20 puntu.

d) Hondakinen hierarkian hobetzeko potentziala. Honako estadio hauek lortuz:

–Berrerabiltzeko prestatzea: 15 puntu.

–Balorizazioa (ezabatzen denetik): 10 puntu.

–Hierarkia eskalako edozein hobekuntza, arestian aipatutakoez bestelakoa: 5 puntu.

Oharra: Hondakinei buruzko Foru Legearen 8. artikuluan ezarritakoa da hierarkia eskala.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

2. 2. oinarriko bigarren eta hirugarren jarduketa lerroetako proiektuetarako:

a) Proiektuaren berritasun maila. Irismena eskualde mailan (10 eta 15 puntu bitarte, berrikuntza txikia, ertaina edo altua den), nazio mailan (12 eta 17 puntu bitarte) edo nazioartean (15 eta 20 puntu bitarte).

b) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

c) Lan taldean doktoreak dituzten proiektuei 15 puntu emanen zaizkie.”

d) Emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUEN % / PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK

PUNTUAZIOA

≥ 25 eta < 35

5

≥ 35 eta < 50

10

≥ 50

20

e) Diruz lagundutako proiektua hasi aurreko 12 hilabeteetan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren arabera:

–50 langile baino gutxiago: 20 puntu.

–50-250 langile: 10 puntu.

250 langile baino gehiago: 5 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Bi hilabeteko epe hori ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Emakidaren ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2022ko urriaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Entitate onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte diruz lagungarriak diren jarduketak bukatu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2022ko azaroaren 15a izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskabidean adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko f letra). Neurri horien ordez, eskabidean proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren azken aurrekontua.

c) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Ziurtatzea egin diren ekintzek betetzen dutela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena.

e) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Ekipamendu-ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek entitate onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta entitate onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

f) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematea.

2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere doitzen ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketa-lerro bereko beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuentzako zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera –Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori (EBAO, 352, 2013/24/12)–. Enpresa bakar bati emandako de minimis laguntza, guztira, ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen hiru ekitaldi fiskaletan. Errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan, de minimis laguntza ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen hiru zerga ekitalditan.

De minimis laguntzak kontabilizatzeko, kontuan hartu behar dira bai enpresa eskatzaileak jasotako laguntzak, bai eskatzailearekin aipatutako Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. apartatuan definitutako lotura duten enpresek jasotakoak (“enpresa bakarraren” kontzeptua edo enpresa talde bateko kide diren enpresak). Era berean, kontuan hartu behar da erregelamendu bereko 3. artikuluaren 8. eta 9. apartatuetan ezarritakoa, enpresak bat egiteko, eskuratzeko edo banantzeko prozesuan dauden enpresei dagokienez.

Kopuru horiek termino gordinetan adierazita daude, hau da, fiskalitate kontzeptuan edozein kenkari egin aurretik.

De minimis laguntzaren forma edo lortu nahi den helburua edozein dela ere aplikatuko dira muga horiek, kontuan hartu gabe emandako laguntza osorik edo zati batean Europar Batasunaren baliabideen bidez finantzatuta dagoen.

Ondorio horietarako, interesdunak eskabide-orrian aurreko hiru zergaldietan jasotako bestelako de minimis laguntzak adieraziko ditu.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

17. oinarria.–Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza zer ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Dirulaguntza-eskabidea.

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu eskabidea (DOC).

Deskargatu gardentasun adierazpena (PDFa).

II. ERANSKINA

3. lerrorako jarduketak

Ekonomia zirkularra bultzatzeko proiektuen kasuan, industria hondakinei dagokienez, honako jarduketa hauek garatzen ahalko dira:

–Sortutako hondakinak murrizteko eta/edo haien balio-bizitza handitzeko produktuak diseinatzea. Hala nola: produktu desmaterializatuak, funtzio anitzekoak, material birziklatuekin egindakoak, bizitza luzekoak, konpongarriak, birziklagarriak, modularrak, eguneragarriak, etab.

–Baliabideen efizientzia errazten duten negozio eredu berriak, hala nola serbitizazioa, elkarlaneko ekonomia, etab.

–Produktuak berrerabiltzea eta konpontzea.

–Erabilitako produktuen itzulerarako zerbitzuak, produktuaren banatzaile edo fabrikatzaileak bultzatuak, horiek berrerabili, manufakturatu edo birziklatzeko.

–Birmanufaktura.

–Sinbiosi industriala, uraz bestelako baliabide materialen efizientzia sustatzen duena.

–Material birziklatuen aplikazio berriak.

–Produktuen eta zerbitzuen (negozio eredu berriak barne) ekodiseinurako proposamenen bideragarritasuna berresteko azterketa, proba eta garapen teknikoak (prototipoak barne) egiteko proiektuak, behin amaituta, ingurumen errendimendua (bizi zikloaren ikuspegitik) aurreko aukera edo lehendik merkatuan zeuden beste batzuk baino hobea dela berresteko direnak.

–Teknologia berrien, bigarren mailako materialen eta, oro har, ekonomia zirkularreko beste soluzio batzuen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa frogatzeko proba pilotuak, industriaurrekoak edo industrialak egiteko proiektuak, dela produktuen bizitza luzatzeko (birmanufaktura eta konponketa aurreratua), dela xahubidea prebenitzeko eta materialen –bereziki, plastiko eta metalen– gehieneko balioa berreskuratzeko.

–Garapen industrialeko proiektuak, soluzio berritzaile bat aztertzeko balio dutenak, azterketa teknologiko eta merkatu azterketa zehatz baten bidez, demostrazio proiektuek baino arrisku maila handiagoa eta enpresa inpaktuaren irismen handiagoa dutenak, eta sortutako ezagutza berrikuntza teknologikoko eta ez-teknologikoko esparruei heltzeko aprobetxatzen dutenak, ahal den neurrian, industriarako aukeren ibilbide orri bat sortzeko balio dutenak, eta epe luzerako negozio nitxo bihurtzeko aukera ematen dutenak.

Iragarkiaren kodea: F2205417