90. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29/2022 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Arte Gaztearen 2022ko Topaketak programaren deialdia eta haren sariak arautzeko oinarriak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 622283.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2001 Foru Legearen 27.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko dituela, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat. Halaber, 2.f) apartatuak ezartzen du gazteei zuzendutako kultura politiken helburuetako bat izanen dela artista gazteei laguntzea, programa espezifikoen bidez eta haiek kultura eskaintza orokorrean sartuz.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak 19. artikuluaren c) apartatuan jasotzen du gazteen kultur sormena eta gazteek artean daukaten parte-hartzea sustatu behar direla, ekintza hauen bitartez: dirulaguntzen deialdiak, sariketak eta egonaldi artistikoak, besteak beste; eta ezartzen du, halaber, eginkizun horiek betetzea Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren ardura dela.

Hogeita hamasei urtean, Arte Gaztearen Topaketak programa egin da, hainbat arte modalitate bildurik: musikak, literatura, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta diseinua. Asko dira edizio horietan guztietan parte hartu duten artistak, hautatu ondoren sariak irabazi dituztenak. Programak topaketa sareak sortu ditu, eta artistak gure mugez harago mugi daitezen lagundu.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Arte Gaztearen 2022ko Topaketak programaren deialdia, oinarri arautzaileak eta ebazpen honi atxikitako eranskinak.

2. Gehienez 35.000 euroko gastua baimentzea, programaren lau modalitateetako bakoitzari dagozkion sariak emateko, Nafarroako Gobernuaren 2022rako aurrekontu orokorretako “(E) Sariak, lehiaketak eta sariketak” izeneko 090002 09100 4809 232105 partida ekonomikoaren kontura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 20an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Arte Gaztearen 2022ko Topaketen 38. edizioaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) antolatzen duen Arte Gaztearen 2022ko Topaketak programan parte hartzeko baldintzak ezartzea.

Arte Gaztearen Topaketak programa bat da, helburu duena egungo gazteen sormen-lana eta artea ekoitzi, erakutsi eta zabaltzeko beharrezko baldintzak eskaintzea, bitartekaritzaren eta ekoizpen prozesuaren arteko loturak sortzeko mekanismoak eskainiz.

Modu horretan, artista gazteen prestakuntzan laguntzen du. Horretarako, programan zehar lantegiak, tutoretzak eta prestakuntzarako beste mekanismo batzuk eginen dira, lau modalitateak aintzat hartuz. Topaketak amaitzean, aukeratzen diren proiektuak jendaurreko jarduera ireki batzuetan aurkeztuko dira. Jarduera horien helburua da parte hartzeko prestakuntza artistikoa eta arteen arteko elkarrizketa sustatzea, jaialdi formatuan.

Arte Gaztearen 2022ko Topaketetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak onartzea.

2.–Modalitateak.

Arte Gaztearen 2022ko Topaketak programaren XXXVIII. edizioko modalitateak honako hauek dira:

–Arte eszenikoak eta musikak (ikus II. eranskina).

–Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak (ikus III. eranskina).

–Diseinua (ikus IV. eranskina).

–Literatura (Ikus V. eranskina).

3.–Norentzat den.

Deialdian parte hartzen ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten gazte guztiek:

–Nafarroako Foru Komunitatean jaioa izatea edo bizitzea, edo Nafarroako foru izaera zibila edukitzea, eta 14tik 30 urtera bitarte izatea, biak barne, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako beteak.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen % 33 adin horretatik gorakoak izaten ahalko dira.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen % 33 Nafarroatik kanpo jaioak izaten ahalko dira, edo Nafarroatik kanpo bizi.

–Taldeko edo kolektiboko ordezkaritzat joko da eskaera sinatzen duen pertsona.

4.–Izen-emateak.

Arte Gaztearen Topaketak programan izena emateko eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta hilabetekoa izanen da.

Eskaerekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, paperean edo formatu elektronikoan:

–Izena emateko inprimakia, behar bezala beteta (VI. eranskina). Inprimaki hori Gazteriaren webgunetik ere deskargatu ahal izanen da, lotura honetatik: https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/formulario-de-inscripcion-545-es.docx?ts=20220329130832

–Artistaren NAN/AIZ/IFKren fotokopia, baita taldeko edo kolektiboko partaide guztiena ere, halakoen kasuan. Nafarroan jaio ez diren egoiliarren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, Nafarroako forudunaren izaera zibila duela adierazten duena.

–Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehaztuta.

–Dosierra (elektronikoki aurkeztuz gero, PDF formatuan aurkeztu beharko da). Dosierrak 15 orrialde izanen ditu, gehienez. Dosierraren espezifikotasunak modalitate bakoitzarekin bat etorriko dira, eta agiri honetan jaso dira (II.-V. eranskinak).

Norbanakoek izena emateko eskaerak aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuko erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko edozein erregistro bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Taldeek eta kolektiboek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko dituzte eskaerak, nahitaez, pertsona juridiko gisa eratuta daudenean.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Zazpi egun balioduneko epea emanen da, jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko; zuzendu ezean, eskabidean atzera egin dela ulertuko da.

5.–Epaimahaia.

Modalitate bakoitzeko epaimahaia izen handiko hiru pertsonak osatuko dute, NGIk izendatzen du eta edizio honetan hau izanen da:

Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak: Ainara Vera Plaza, zinemagilea; Greta Alfaro Yanguas, artista bisuala; Peio Aguirre Azkarate, arte kritikaria, idazlea eta komisarioa.

Arte eszenikoak eta musikak: Estefanía de Paz Asín, diziplina anitzeko artista, zirkuan, antzerkian, dantzan eta ahotsean trebatua; Ibán Úriz García “Txori”, antzerki eta dantza aktorea; Israel Medina Pascual musikaria.

Diseinua: Julen Ariztegi Fernández, moda diseinatzailea eta sortzailea; Joseba Lekuona Yaben, Hartea Stone Design-en sortzailea eta diseinatzailea; Ainhoa Urrutia Ucar, diseinatzaile grafikoa.

Literatura: Mikel Rey Fernández, idazlea; Paulina Flores Gómez, idazlea, Oihane Garmendia Glaría, poeta.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak idazkari baten laguntza izanen du. Idazkari horrek hitza izanen du, baina botorik ez; eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko langileen artetik izendatuko da. Ahalmena izanen du, hasiera batean, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabeheren gainean ebazteko.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

6.–Hautapen prozesua.

Jasotako eskaeren artetik epaimahaiak gehienez 30 proiektu aukeratuko ditu.

Epaimahaiak, modalitate bakoitzean, bere eztabaiden akta eginen du, erabakiak gehiengoz hartuko ditu eta proiektuak hautatuko ditu honako irizpide hauetan oinarrituta:

–Proiektuaren kalitate artistikoa, honako faktore hauek aintzat hartuta: proposamenaren sendotasun formala, proposamenaren formaren eta edukiaren arteko egokitasuna, haren modalitateko egileengan edo obra garrantzitsuetan erakutsitako ezagutza, aurkezpena eta erabilitako lengoaia artistikoaren heldutasuna (20 puntu). Hautatua izateko, proiektuak gutxienez 12 puntu lortu behar ditu.

–Esperimentazioa eta ikerketa. (20 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 12 puntu lortu beharko dira.

–Nola egokitzen den aurkeztutako proiektua deialdi honen ezaugarrietara (5 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 3 puntu lortu beharko dira.

Hautatutako proiektuek gutxienez 27 puntu lortu beharko dituzte.

Gainera, epaimahaiaren zeregina izanen da banakako tutoretzak eta lantegiak egitea hautatutako artistekin.

Hautatutako pertsonek eta taldeek, hautatuak izan direla jakinarazteko komunikazioarekin batera jasoko dute Nafarroako Gobernuaren banku-transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren jatorrizko agiria, beren proiektua hautatua izateagatik dagokien sariaren ordainketa jaso ahal izan dezaten. 10 egun naturaleko epean, hautaketa jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, dokumentu hori aurkeztu ez badute, programatik baja emanen zaie, eta horrek diruzko saria galtzea eta obra jaialdian aurkeztu eta erakusteko eskubidea galtzea ekarriko du.

7.–Sariak.

Hautatutako proposamenek 800 euroko saria jasoko dute, jendaurrean aurkeztuko dira topaketei amaiera emanen dien jaialdian, (2022ko irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean) eta lantegien eta prestakuntza-jardueren diziplinarteko programa batean parte hartu ahal izanen dute epaimahaikideekin. Gainera, horiek proiektuen jarraipena eginen dute.

Jendaurrean aurkeztu ondoren, hautatutako proposamenen artean, lau modalitateetako epaimahaiak 8 proposamen nabarmenenak hautatuko ditu, eta horiei 1.375 euroko saria emanen zaie. Nafarroako Gazteriaren Institutuak saritutako zortzi proiektu horiek hedatzen lagunduko du, 2023an Nafarroako jaialdi eta ekitaldien programazioan parte har dezaten erraztuz, horien kudeatzaileek egokitzat jotzen badute.

Hautatutako proiektuen eta 8 proiektu nabarmenenen sariak NGIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez emanen dira. Eztabaidak biltzen dituzten aktak eta epaimahaiaren epaia dira sari guztiak emateko justifikazioak.

Sariak emateko ebazpenak parte-hartzaileei jakinaraziko zaizkie, eta NGIren web-orrian argitaratuko dira.

Saria jasotzen duten proiektuak eta lanak jendaurrean erakusten eta zabaltzen badira, beren publizitatean aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren NGIk saria eman diela.

8.–Proiektuaren garapena.

Hautatutako pertsonei elkar ezagutzen eta garapen profesionala lortzen laguntzeko, topaketa eta prestakuntza jarduerak eginen dira Uharteko Arte Garaikideko Zentroan.

2022ko irailaren 3an (larunbata), kudeatzaileen, epaimahaiaren eta hautatutako artisten arteko lehen topaketa eginen da. Parte-hartzea nahitaezkoa da, eta bertan parte hartzen duten diziplinen arteko lotura estutzearen aldeko apustua eginen da. Topaketa hori gogoetarako eta eztabaidarako jardunaldi parte-hartzailea izanen da; halaber, epaimahaiak eginen dituen lantegiak aurkeztuko dira bertan.

Lantegiak eta aurkezpenak 2022ko irailaren 3tik 18ra bitartean eginen dira, hiru asteburutan. Lantegiak jendearentzat ere zabalik izanen dira, leku guztiak bete arte.

Hautatutako artistek edo artista taldeek beren proiektuen aurkezpen/lagin/emanaldi bat eginen dute jendaurrean, modalitate bakoitzari egokitzen zaion formatuan, irailaren 30ean, urriaren 1ean edo 2an, Topaketa jaialdian. Formatuak horretarako bidea ematen duen guztietan, emanaldia egiteko tokia Uharteko Arte Garaikideko Zentroa izanen da.

9.–Gorabeherak.

Arte Gaztearen 2022ko Topaketetan gertatzen ahal diren gorabeherak Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, apelatzeko aukerarik gabe. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabeheren gainean ebaztezko.

Modu berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketak eginez gero.

10.–Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:

Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Xedea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko eskumenekoak diren laguntzak, bekak, dirulaguntzak eta sariak eman, kudeatu, kontrolatu eta horien gaineko jarraipena egiteko prozedurak gauzatzea.

Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.

Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea. Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea?back=true&pageBackId=7567267

Informazio gehigarria: informazio gehigarria web-orrian kontsultatzen ahal duzu https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es.pdf#lnk

11.–Jabetza intelektuala.

Topaketa programan parte hartzen duten artistek beren irudia eta sormenerako materiala erabiltzeko irudi-eskubideak lagatzeko klausula bat ezartzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuak, programa zabaltzeari begira erabiltzeko. Baita lantegian izena ematen duten eta horiek zabaltzeko erabiltzen diren ikus-entzunezko materialetan agertzen ahal diren pertsonentzat ere.

12.–Harremanetarako datuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua

Yanguas y Miranda kalea 27. 31003. Iruña

Telefono zenbakiak: 848 423 900 - 848 427 841

encuentros@navarra.es

www.juventudnavarra.es/eu

II. ERANSKINA

Modalitatea: arte eszenikoak eta musikak

Xedea.

Musikaren, dantzaren, antzerkiaren, performancearen, zirkuaren edo adierazpide eszeniko garaikideei eta arte biziei loturiko beste zeinahi joeraren esparruko proiektuak, ikuskizunak edo lanak.

Musiken kasuan, norberaren errepertorioa 20 minutukoa izanen da gutxienez.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

–Obraren laburpena.

–Obraren edo proiektuaren fitxa teknikoa: taldeko kideak, instrumentuak, behar berariazkoak, eta abar.

–Proiektuaren fitxategia edo Interneten ikusteko esteka, edo bideo-grabaketa, edo MP3 formatua (gehienez 10 minutu).

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzeko.

Lehiaketaren garapena.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza eta topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

–Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte Uharteko Zentroan, 2022ko irailaren 30etik urriaren 2ra. Proposamena, bere izaera dela eta, ezin bazaie egokitu Uharteko Zentroko espazioei, beste espazio batzuetan egitea baloratuko da: esaterako, kultur etxeen sarean edo musikarako kontzertu aretoetan. Hala bada, beharbada datak aurreratuko dira.

–Talde bakoitzak egin beharreko emanaldiaren datak eta ordua koordinatuko dira, baita hartarako behar diren baldintza teknikoak ere; dena den, horiek erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

III. ERANSKINA

Modalitatea: arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak

Xedea.

Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen proiektuak edo piezak: pintura, eskultura, grabatua, argazkia, bideo-artea, performancea, zinema, instalazioa, teknologia berriak, edo modalitate honetan ohikoa den edozein teknika eta formatu.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek ere izan behar ditu:

–Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren nondik norakoa ulertzea ahalbidetzen dutenak.

–Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, honako hauek zehaztuz: izenburua, neurriak, iraupena, formatua, muntatzea egiteko argibideak eta behar espezifikoak, beharrezkoa bada.

–Obra bistaratzeko estekak sartzen ahal dira.

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza eta topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

–Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte Uharte Zentroan, 2022ko irailaren 30ean, urriaren 1ean edo 2an.

–Emanaldiak eta muntatze-lanak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

IV. ERANSKINA

Modalitatea: diseinua

Xedea.

Diseinuaren edozein arlotako proiektuak, piezak edo bildumak: jantziak, osagarriak eta ehunak; barrualdeak, espazioak, kanpoaldeak eta paisaiak; grafikoa, argitalpen-diseinua eta publizitatea; industriala eta produktuarena; animaziokoa eta interaktiboak, eta egungo diseinuari lotutako beste edozein formatu.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den txostenak hauek ere izan behar ditu:

–Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren nondik norakoa ulertzea ahalbidetzen dutenak.

–Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, hauek zehaztuz: neurriak, formatua, muntatzea egiteko argibideak eta behar espezifikoak, beharrezkoa bada.

–Obra bistaratzeko estekak sartzen ahal dira.

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza eta topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

–Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte Uharteko Zentroan, 2022ko irailaren 30etik urriaren 2ra.

–Emanaldiak eta muntatze-lanak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

V. ERANSKINA

Modalitatea: literatura

Xedea.

Poesiari, narrazioari, saiakerari, ez-fikzioari, antzerkigintzari, zinema gidoiei, komikigintzari, album ilustratuei edo egungo literaturari lotutako beste edozein generotako testu, liburu edo proiektuak.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den txostenak hauek ere izan behar ditu:

–Testu osoa, PDF formatuan (Times New Roman 12, 1,5eko lerroartea).

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza eta topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte Uharteko Zentroan, 2022ko irailaren 30ean, urriaren 1ean edo 2an.

–Hautatutako artista bakoitzarekin aurkeztu beharreko obraren datak eta ordua koordinatuko dira, baita behar diren baldintza teknikoak ere; horiek erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

VI. eranskina.–Datu pertsonalak.

Deskargatu VI. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2205794