90. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

18E/2022 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera batez onesten baita Erripagañako UGPSaren B.1.1 eraikinaren (B.1 unitate morfologikoa) xehetasun-azterketa.

Xehetasun-azterketa B.1.1 eraikinari (B.1 unitate morfologikoa) buruzkoa da, eta helburu bikoitza du:

1. Eraikina faseka egin ahal izatea eta bitan banatu ahal izatea.

2. Unitatearen beheko eta azken solairuetako lerrokadurak aldatzea. Azken aldaketa horrek B+8+A altueren kopurua B+9ra aldatzea dakar.

Erripagañako UGPSaren 103. artikuluaren arabera, lehenengo xederako, eraikin-gorputz jarraituari buruzko xehetasun-azterketa bat aurkeztu behar da, konponbide arkitektoniko bateratua bermatzeko.

Eraikinaren altuera kopuruaren aldaketa energia-kontsumoa, eguzkialdia eta segurtasuna optimizatzeko irizpideen arabera justifikatzen da. Proposatzen da azken solairuko edo atikoaren solairuko lerrokadurak aldatzea edo goiko gainerako solairuetako lerrokadurekin berdintzea, bereziki “solairu horretako 3,00 metroko nahitaezko atzeraemanguneak kentzea. Ondorioz, altuera kopurua B+8+A izatetik B+9 izatera pasatuko da”.

Beheko solairurako proposatutako lerrokadura aldaketa unitate edo eraikinerako indarreko araudian bizitegi-erabilerarako bideratutako azalera eraikiari ez eragiteko asmoaren ondorio da: lerrokadura berriek beheko solairuan bizitegi-erabilerarako bideratutako azalera eraiki txikiagoa dakarte, eta horrek azken solairuko lerrokadurak aldatzearen ondoriozko azalera eraikiaren gehikuntza konpentsatzen du.

2022ko martxoaren 16an, Ingurumen Eraginaren Atalak honako hau jakinarazi zuen: “Ikusirik xehetasun-azterketaren ezaugarriak, uste da proposamena ez dagoela jasota Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan jasotako kasuetan”.

Bestalde, 2022ko apirilaren 4an, Iruñerriko Mankomunitateko Azpiegituren Zerbitzuak, hornidura eta saneamendu azpiegiturei dagokienez, aldeko txostena eman zuen.

Lehen aipatutako UGPSko 103. artikuluak, atikoaren solairuko lerrokadurei dagokienez, honako hau ezartzen du: “Ez da xehetasun-azterketarik izapidetu behar atikoaren solairua kentzeko edo atikoaren solairua bizitzeko moduko solairu bihurtzeko, baldin eta errespetatzen badira gainerako lurgaineko solairuetarako ezarri diren lerrokadurak eta lurzatirako ezarri den gehieneko azalera eraikia”.

Horren arabera, ez litzateke beharrezkoa izanen atiko solairuko lerrokadurei buruz proposatutako aldaketa. Jadanik aurreikusita dago eraikinaren bolumen hori handitzea, eta, hortaz, ez da zortasun aeronautikoen gaineko eraginari buruzko txostena eskatu behar, ez eta inguruko eremuaren eguzkialdiaren gaineko eraginari buruzko azterketarik ere.

4. apartatuak (Xehetasun-azterketaren proposamenaren deskribapena) lurzatia bi azpilurzatitan bereiztearen inguruan elkarrekin adostutako puntuak zein diren aipatzen ditu. Hala ere, proposatutako araudiak “B.1.1 eraikina” B.1.1.A eta B.1.1.B eraikinetan zatitzea jasotzen du, baina aurreko apartatuan adierazitako “elkarrekin adostutako” puntu bakar bat ere ez, eta horiek araudian egon behar dute. Lehen puntuak, O3 planoan agertu behar du, dagozkion nahitaezko lerrokaduren definizioarekin, eta bigarren eta hirugarren puntuak, berriz, araudi idatzian eta grafikoan, dagozkien oharrekin.

Bestalde, eta gaizki-ulerturik egon ez dadin, O3 planoko (Proposatutako araudia) “lurgaineko solairuen lerrokadurei” buruzko grafikotik ezabatu egin behar da legendan agertzen ez den informazioa.

Gainera, proposatutako idatzizko araudia indarrean dagoen B1 unitateko zehaztapen partikularren fitxaren irudiarekin osatu behar da, eta dokumentu guztia UGPSan jasotako unitate morfologikoaren izendapenetara egokitu behar da. Hain zuzen ere, “B1.1 lurzatiari” dauden erreferentzia guztietan “B1.1 eraikina” jarri behar da. Modu berean jokatu behar da eraikin horren zatiketari buruzko erreferentziekin.

Azkenik, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuari jarraikiz, dokumentu teknikoa apartatu hauetan antolatu behar da: “Informatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa” eta “Dokumentazio arauemailea”. Gainera, “dokumentazio tekniko grafikoa osatzen duten orri guztiek lau aldeen koordenatu geografikoak agertuko dituzte, behar denean, foru dekretu honen eranskinean zehazten den erreferentziako sistema geodesikoan”.

Xehetasun-azterketak ez ditu aldatzen Erripagañako UGPSak baimentzen duen azalera eraikia ez eta aprobetxamendu homogeneizatua ere. Era berean, proposamena gauzatzeak ez dakar inolako aldaketarik jabari eta erabilera publikoko bide-sistemetarako diren espazioetan.

Espedientea egokitzen zaio erkidego mailako hirigintza legerian eta eragiten dioten lurralde antolamenduko tresnetan ezarritakoari, izapidetzeari eta xedeari dagokienez.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2022ko apirilaren 7ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru-dekretuaren bidez onetsia), Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Erripagañako UGPSaren B.1.1 eraikinaren (B.1 unitate morfologikoa) xehetasun-azterketa.

2. Sustatzaileak, espedientea ebatzi aurretik, ebazpen honetan jasotako oharrei kasu egin beharko die.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea 1, 31002 Iruña), eta, epe horretan, nahi adina alegazio aurkezten ahalko da, idatziz.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren web-orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 19an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2205848