9. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

118/2021 FORU DEKRETUA, abenduaren 22koa, zeinaren bidez sortzen eta arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordea.

ZIOEN AZALPENA

Gaur egungo osasun laguntzan aplikatzen diren aurrerapen zientifikoek eta teknologikoek eskakizun handiak dakartzate gaitasun profesionalaren esparruan. Lorpen horiek direla eta, erabaki konplexuak hartu behar dira gero eta sarriago, eta erabaki horiek zalantzak eta eztabaidak sortzen dituzte, giza duintasunarekiko errespetua ezartzen duten printzipio etikoekin bat etortzeari edo talka egiteari dagokionez.

Bioetika, ezagutzaren diziplina gisa, ez da asistentzia alderdietara bakarrik mugatzen osasun esparruan; besteak beste, praktika profesionalean hartzen diren erabakiei buruz orientatzeaz arduratzen da osasun publikoak, giza eskubideek eta osasun zientzien aurrerapen zientifikoen erregulazioak bat egiten duten arloetako erabaki kolektiboen inguruan, bai eta eskubideekin, balioekin eta printzipio moralekin lotutako banakako erabakiei buruz eta osasun politikei buruzko erabakiei buruz ere. Osasun-jarduera orok giza duintasunaren aldekoa behar du izan: oinarrizko printzipio etikoa da hori erakundeentzat, herritarrei ematen zaien osasun-arretaren kalitatea hobetzen saiatzen baitira.

Ez dago kalitatezko osasun-prestaziorik ematerik haien arretarekin lotutako erabakietan pertsonen autonomiarekiko errespetua aintzat hartzen ez bada, ez eta Konstituzioan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta horiek babesteko gainerako nazioarteko tresnetan (Espainiako Estatuak sinatu edo berretsitakoak) eta Foru Komunitatearen esparruan ezarritako eskubideak eta askatasunak aintzat hartu gabe ere. Nazioarteko tresna horien artean, Bioetikari eta Giza Eskubideei buruzko Adierazpen Unibertsala (UNESCOk 2005eko urriaren 19an onartua) mugarria izan zen bioetikaren historian. Adierazpen hori sinatu zuten estatuek konpromisoa hartu zuten bioetikaren oinarrizko printzipioak errespetatu eta aplikatzeko, printzipio horiek etikaren eta giza eskubideen arteko harremanak islatzen baitituzte. Halaber, adierazi zuten ahalegin handia eginen zutela Adierazpeneko printzipio guztiak gauzatu daitezen. Bestalde, azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, Osasunari buruzkoak, 5. artikuluan, herritarrek Foru Komunitateko osasun zerbitzuen aurrean dituzten eskubideen artean sartzen du haien izaera, duintasuna eta intimitatea inongo bereizkeriarik gabe errespetatzea.

Gaur egun, Nafarroan, asistentziaren etikako batzordeak daude ospitale publiko eta pribatuetan; orobat, ikerketa klinikoko batzordeak eta etika batzordeak gizartean. Nolanahi ere, beharrezkoa da batzorde integratzaile eta aholku-emaile bat sortzea osasunaren arloan, osasun-zientzien inplikazio etikoekin zerikusia duten gaiak landuko dituena, ordenamendu juridikoari guztiz men eginez. Foru Komunitateko batzorde horrek aurreko batzorde guztiak hartu behar ditu bere barruan, eta bere eraginpean dauden esparru guztien ordezkariak izan behar ditu. Funtsean, honako eginkizun hauek bete behar ditu: eztabaida egituratuak eskaintzea osasun kolektiboari, osasun zerbitzuen antolamenduari edo kolektibo profesionalen arteko harremanei eta herritarren eskubideei eragiten dieten erabakiekin lotutako balioei, sinesmenei, interesei eta dilemei buruz; ordezkari politikoei, sozialei, profesionalei eta, oro har, herritarrei aholkuak ematea, eta erabakiak hartzen laguntzea bioetikaren esparruan. Osasunaren arloko asistentziaren etikako batzordeetarako erreferentzia ere izan behar du, lankidetza eta aholkularitza eskainita.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 53.1 artikuluan Nafarroari osasun eta barne gaietako arloetan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordea sortu eta arautzen da foru dekretu honen bidez.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 22an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordea sortu eta arautzea.

2. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordea kide anitzeko organoa da, deliberaziozkoa, independentea, diziplina anitzekoa, parte-hartzailea eta aholku-emailea, eta bere eginkizunak gardentasun osoz beteko ditu, medikuntzaren eta osasun-zientzien inplikazio etikoekin lotutako gaietan jardunez, ordenamendu juridikoari erabat men eginez.

2. Osasunaren arloan eskuduna den departamentuari atxikita geratu da organikoki.

3. artikulua. Helburua eta jarduketa esparrua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordearen helburua da aholkuak ematea Nafarroako Gobernuari eta haren departamentuei, komunitate zientifikoari eta Nafarroako Foru Komunitateko osasun- eta gizarte- erakunde publiko zein pribatuei, aurreko artikuluan aipatutako gaien gainean.

2. Batzordearen jarduera esparrua hedatzen da giza osasunarekin lotutako arlo guztietara, bai maila komunitario edo kolektiboan, bai gizabanakoaren mailako osasun, prebentzio, sendakuntza eta errehabilitazioari dagokienez; halaber bere barruan hartzen ditu irakaskuntza eta ikerketaren arloak.

4. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Lanerako protokoloak eta prozedurak bateratzen laguntzea osasun-sistemako profesionalei laguntzeko, haiek pertsonaren duintasunarekiko errespetua berma dezaten, bai osasun publikoan aritzean, bai asistentzian, irakaskuntzan eta ikerketan, bereziki eztabaida eta gatazka dauden egoeretan.

b) Erreferentziako organo gisa, laguntza eta aholkuak ematea asistentziaren etikako batzordeei eta ikerketa klinikoarekin lotutako etika batzordeei, haiek eskatzen dutenean.

c) Osasun erakundeei eta gizarte antolakunde publiko zein pribatuei, bioetikako gaietan aholkuak ematea.

d) Txostenak, proposamenak eta gomendioak ematea Biomedikuntzaren eta Osasun Zientzien inplikazio etiko eta sozialekin zerikusia duten gaiei buruz, baldin eta Batzordeak garrantzitsutzat jotzen baditu, bere ekimenez edo alderdi batek eskatuta.

e) Bioetikaren arloko prestakuntza eta informazioa sustatzea komunitate zientifikoan eta gizartean, eta nabarmentzea ezagutza zientifikoa eta medikoa bioetikari lotutako alderdiekin alderatu beharra dagoela.

f) Bioetikaren arloko eztabaida, heziketa eta sentsibilizazioa sustatu eta garatzea Nafarroako gizartean, eta jendearen parte-hartzea bultzatzea.

g) Nafarroaren ordezkari izatea dagozkion Bioetika batzordeetan.

h) Legediak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

2. Izaera kontsultibo eta aholku-emailea duenez, batzordeak eginiko txostenak ez dira lotesleak izanen. Idatziz eginiko kexa, salaketa edo erreklamazio judizialik egonez gero, inoiz ez du peritu-irizpenik eginen, eta ez du pertsona fisiko edo juridikoei edozein motatako erantzukizunak egozteko adierazpenik eginen, berak esku hatzen duen gaien inguruan.

5. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordearen osaera diziplina anitzekoa izanen da eta esparru zientifikoko edo juridikoko bioetika gaietan kualifikazio egiaztatua eta frogatutako gaitasuna duten profesionalek osatuko dute, gizon eta emakumeen arteko oreka bermatuz, nolanahi ere.

2. Osasun arloko eskumena duen Departamentuko titularrak 5 urterako izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko kideak; izendapen hori beste aldi baterako ere luzatu ahal izanen da, baina behin bakarrik.

Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko kideek ezin izanen dute haien parte hartzea eskuordetu, baina bateragarria izanen da esparru horretako beste batzorde edo komite bateko kide izatearekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko kide zein alditarako izendatu diren, hura amaitzen denean, jardunean jarraituko dute batzordeko kide berriak izendatu bitartean.

Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordearen diziplina aniztasuna eta pluraltasuna bermatze aldera, honako osaera hau izanen du:

a) Kideetako bost bioetika arloan prestakuntza eta esperientzia egiaztatua duten medikuntzako, erizaintzako, psikologiako, gizarte langileen, farmazialarien eta osasun zientzietako beste profesional batzuen artetik aukeratuko dira.

b) Hiru kidek osasun arloarekin lotutako prestakuntza juridikoa izanen dute.

c) Gutxienez kide batek entzute egiaztatua duen aditua izan beharko du humanitate eta gizarte zientzien arloan.

d) Kideetako batek aditua izan beharko du arlo komunitarioko esku-hartze eta osasun publikoan.

e) Kideetako batek osasun esparru publikoko zerbitzuetakoa izan beharko du, bere eginkizunetako bat herritarren eskubide eta betebeharrak zaintzea duena.

f) Kideetako bat Nafarroako Foru Komunitateko Ikerketa Klinikoaren Batzorde Etikoko kidea izanen da, batzorde horretako buruak proposaturikoa.

g) Laguntzako etika komite bakoitzeko kide egiaztatu bat, batzorde bakoitzeko buruak proposatuta komiteko kideen artean izendaturikoak.

h) Nafarroako Gizarte Arretarako Etika Batzordeko kide bat.

6. artikulua. Burua, buruordea eta idazkaria.

1. Behin Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko kideak izendatuta eta organo horren barne-araudiaren erregelamendua idatzi ondoren, kide horiek haien artean aukeratuko dute nor izanen den burua eta nor buruordea, aipatu erregelamenduan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz.

2. Osasun arloko eskumena duen departamentuko titularrak departamentu horretako pertsona bat izendatuko du batzordeko idazkari lanak egin ditzan. Idazkariak hitza izanen du, baina botorik ez. Era berean, beste pertsona bat ere izendatuko du idazkaritza lanak egin ditzan, idazkari titularra aldi baterako kanpoan denerako.

7. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko kide gisa batzordera joateagatik ez da ordainduko.

8. artikulua. Kargua uzteko arrazoiak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko buruak edo buruordeak, eta gainerako kideek, honako arrazoi hauengatik uzten ahalko dute kargua:

a) Uko egitea.

b) Beren eginkizunak ezin dituztelako bete

c) Beren eginkizunekiko bateraezintasuna sortu delako ezustean

d) Eginkizunen ez-betetze larria.

e) Epai irmo baten bidez deklaratutako ezgaitasuna.

f) Delitu bat egiteagatik kondena jasotzea epai irmo baten bidez.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko buruak eta buruordeak, edo gainerako kideek, karguari uko egiten badiote edo haien izendapen aldia iraungitzen bada, haien eginkizunetan jarraituko dute ordezkatuko dituzten pertsonak izendatu bitartean.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Bioetika Batzordeak bere barne-araudia idatzi eta onetsiko du, eta hartan zehaztuko da nola funtzionatu beharko duen. Nolanahi ere, bat etorri beharko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoak arautzeko xedapenetan ezarritakoarekin.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordea ohiko bilkuran batzartuko da urtean bi aldiz gutxienez. Aurrekoa galarazi gabe, bilkura berezian ere batzartzen ahalko da, batzordeburuak aldez aurretik deia eginda.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeak batzorde iraunkor bat eratuko du eta haren barne araudian zehaztuko da zein diren haren eginkizunak. Honako kide hauek izanen ditu gutxienez: burua, buruordea eta bi kide.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeak erabakitzen ahalko du bere barruan lantaldeak eratzea, azaldu eta argitu behar dituen gaiak aztertu edo prestatzeko; gainera, lantaldeaz kanpoko adituen txostena edo laguntza eskatzen ahalko du. Lantaldeek egin dituzten lanak Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeari emanen zaizkio, osoko bilkuran eztabaidatu eta, kasua bada, onets ditzan.

10. artikulua. Txostenak eskatzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeari honako hauek eskatzen ahalko diote txostena:

–Nafarroako Gobernuko kideek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoetako titularrek, zuzendari nagusiaren kategoria edo parekoa dutenek.

–Asistentziaren etikako batzordeek eta Ikerketa Klinikoarekin zerikusia duten etika batzordeek.

–Osasun eta gizarte arloko erakunde eta antolakunde publiko nahiz pribatuek.

2. Txosten eskaria Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko buruari zuzendutako idazki baten bidez eginen da, bertan adierazirik zein arrazoirengatik eskatzen zaion aholkua edo esku-hartzea. Aipatu batzordeak ez du adierazpenik eginen, ez irizpenik emanen, batzordea sortzeko xede edo eginkizunekin zerikusi zuzenik ez duten txosten eskariei buruz.

11. artikulua. Laguntza teknikoa eta administratiboa.

Osasun Departamentuak emanen du Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordearen funtzionamendu egokirako beharrezkoa den laguntza teknikoa eta administratiboa.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2117986