89. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

26/2022 FORU DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

ZIOEN AZALPENA

2020ko abenduaren 22an argitaratu zen 296. Nafarroako Aldizkari Ofizialean 17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena.

Foru lege horren xedea da Nafarroako administrazio publikoen esku-hartze modu desberdinak arautzea, jomugatzat dutenak prebenitu eta murriztea zenbait jarduera publiko zein pribaturen kutsadura eta atmosferaren, uraren, lurzoruaren, paisaiaren eta ingurune naturalaren gaineko ingurumen inpaktua, ingurumenaren osotasuna ahalik eta gehien babestea lortzeko modu gisa.

Abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen menpe daude titulartasun publiko zein pribatuko plan, programa, instalazio, proiektu eta jarduerak, haiek onestean, abian jartzean edo gauzatzean gogaikarriak izan daitezkeenak, ingurumenaren baldintzak aldaraz ditzaketenak, edo ingurumenerako ukipenen arriskua sor dezaketenak.

Foru lege horretan arautzen diren ingurumen arloko esku-hartze administratiborako bideek Estatuko administrazio orokorrari bere eskumeneko gaietan dagozkion ingurumen arloko esku-hartzeak ez dituztela galarazten ulertzen da.

Aurrekoarekin bat etorrita, foru legeak ezartzen du ingurumenean eragina duten planak, programak, instalazioak, proiektuak eta jarduerak direla ingurumen arloko esku-hartzea behar dutenak, ingurumen ebaluazioari eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruzko oinarrizko legerian eta foru lege honetan aurreikusitakoarekin bat.

Bestalde, gainerako instalazioak, proiektuak eta jarduerak, foru legean aurreikusitakoarekin bat ingurumen arloko beste inolako esku-hartzerik behar ez dutenak, ingurumenaren gaineko eraginik gabekotzat joko dira, eta horiek ezarri, ustiatu, abian jarri edo gauzatzeko, beharrezkoa izanen da aplikatzekoak zaizkien legeetan ezarritakoa betetzea.

Hala, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du, ingurumenean eragina duten planak, programak, instalazioak, proiektuak eta jarduerak onetsi, ezarri, ustiatu, gauzatu edo abian jartzeko, esku-hartze mota hauetako bat beharko dela:

a) Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

b) Ingurumen baimen integratua.

c) Ingurumen baimen bateratua.

d) Ingurumen ukipenen ebaluazioa.

e) Jarduera sailkaturako lizentzia.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, jarduera edo instalazioa hasi, abian jarri edo itxi aurrekoa.

Jarraian, 10. eta 11. artikuluek ezartzen dute ingurumen ebaluazio estrategikoa, ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eta ingurumen baimen integratua arautuko dituztela, hura behar duten instalazioei, proiektuei eta jarduerei dagokienez, oinarrizko araudian xedatutako tramitazioak eta printzipio orokorrek, salbu eta arau-hausteen eta zehapenen kasuan, zeinei aplikatuko baitzaie foru legean xedaturikoa.

Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak zenbait artikulutan ezartzen du erregelamenduz garatuko direla, besteak beste, eskaeraren edukia, tramitazioa eta legean ezarritako esku-hartze moten aldaketa.

Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea 2021eko ekainaren 22an jarri zen indarrean, eta, hortaz, lehentasunezkoa da zehaztutako alderdi horiek garatzea foru legea behar bezala aplikatzeko.

Halaber, foru legea modu eraginkorrean indarrean jartzeko, beharrezkotzat jo da foru legearen II. tituluan –Ingurumen arloko esku-hartzearen menpe jarritako proiektu, jarduera eta instalazioen ikuskapena eta jarraipena– adierazitako gai guztiak garatzea: bete beharreko eginkizunak eta horietan aritzeko baldintzak, Egiaztatze Erakunde Nazionalak ziurtatutako ikuskapen-entitateak zaindu eta kontrolatzeko zenbait ahalmenei dagokienez; ikuskapen programak; ingurumen arloko esku-hartzearen menpe jarritako jardueren ikuskatzaileak; komunikazio betebeharrak; ingurumen baimen integratua behar duten jardueren ikuskapen programak; ingurumen baimen bateratua behar duten jardueren ikuskapen programak; fidantzen ezarpena kautela-neurri gisa, eta, azkenik, aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko eta egindako kalteen ordaina emateko prozedura.

Azkenik, beharrezkotzat jo da, isun gisako zehapenaren ordez, ingurumenari onura ekarriko dion ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza zerbitzu bat eskatzeko prozedura garatzea, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoa abiapuntutzat hartuta.

Horrez gainera, erregelamendu honetan jasotako isun gisako zehapenaren ordez ingurumenari onura ekarriko dion ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza zerbitzu bat eskatzeko prozedura erreferentziako ingurumen araudiak aukera hau jasotzen dituen kasu guztietan aplikatuko da. Araudi horietako bat da 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.

Halaber, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen aplikazio-eremuan eta erregelamendu honetan sartutako instalazioak eta jarduerak aztertu dira, hain zuzen ere, osasunaren eta babes zibilaren arloan eskumena duten departamentuen txostena behar dutenak, eta I. eta II. eranskinetan sartu dira, hurrenez hurren.

Era berean, foru dekretu honen xedea da aldatzea 148/2003 Foru Dekretua, ekainaren 23koa, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua azaroaren 6ko 76/2006 Foru Dekretuak aldatu zuen, besteak beste, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak indarra hartuz geroztik, ezarritako prozeduraren zenbait kontzeptu eta alderdi gehitzeko. Beraz, aldatu egin behar da foru dekretu hori Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean xedatutakora egokitzeko.

Amaitzeko, Abeltzaintzako ustiategiek bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituen martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretua aldatzen da, berau argitaratu ondoren estatu mailako araudi batzuk aldatu egin dituztelako abere moten AzLUak. Aldatu egiten da foru dekretu horren 1. eranskina, araudi horietara egokitzeko eta irizpide nazionalak eta Nafarroakoak behar bezala bateratzeko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko martxoaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onestea.

Onesten da Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamendua, eta beraren testua foru dekretu honen ondoren gehitu da.

Lehen xedapen gehigarria.–Zenbait udal-mugarte hartzen dituzten proiektuak.

Udal-mugarte batean baino gehiagotan ezartzekoak diren proiektuek ukitutako toki entitate guztien baimena lortu beharko dute, ezertan galarazi gabe eskumena duen sailak egiten duen analisia, txostena eta, hala badagokio, ematen duen baimena proiektu osoaren gainekoak izatea. Ondorio horietarako, toki entitate bakoitzean proiektua osorik aurkeztuko da izapidetzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Isun gisako zehapenaren ordez ingurumenaren arloko zerbitzu bat eskatzeko prozedura.

Erregelamenduan jasotako isun gisako zehapenaren ordez ingurumenari onura ekarriko dion ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza zerbitzu bat eskatzeko prozedura erreferentziako ingurumen araudiak aukera hau jasotzen dituen kasu guztietan aplikatuko da.

Xedapen iragankorra.–Ingurumen baimena edo jarduera sailkaturako lizentzia emateko prozeduren araubide iragankorra.

Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamendua indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren ingurumen baimena edo jarduera sailkaturako lizentzia emateko prozedurek hasi ziren unean indarrean zegoen araudian ezarritakoa betetzen segituko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, hauek:

–93/2006 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, zeinaren bidez onesten baita Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua.

–448/2014 Foru Agindua, abenduaren 23koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Horren bidez, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onetsi ziren, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz, foru aginduaren I. eranskinean jasotzen den moduan (93/2006 Foru Dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen).

Azken xedapenetako lehena.–Aldatzea 148/2003 Foru Dekretua, ekainaren 23koa, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

Bat.–Aldatu egiten da 2. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

“Foru dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek erabiliko dira:

–Biztanlegunea: Toki entitatean populazio unitatetzat hartzen direnak, halaxe jotakoak Estatistikaren Erakunde Nazionaleko fitxategietan. Mugatze geografikoaren aldetik, haien ondoko lur eta eraikinak, ekipamenduz hornituak edo erabilera publikoko eremu libreak direnak, sartzen dira, baita hura garatzen duten hiri lurzoruak edo lurzoru urbanizagarriak ere.

–Lehendik dagoen abeltzaintzako instalazioa: Foru dekretu honek indarra hartzen duen egunean funtzionamenduan dagoena edo, egun horretan funtzionatu gabe, jarduera sailkatuaren lizentzia eskuratu eta egun horretatik aitzina, luze jota, hogeita lau hilabetetan funtzionatzen hasten dena.

–Simaurra: Abereen gorozkiak, azpiak, garbiketa ondoko ura eta pentsu hondarrak dira, aldaketa biologikoan daudenak; zein den ekoizpenaren sistema, ur gehiago edo gutxiago edukiko du eta simaur solidoa, erdisolidoa edo likidoa izanen da.

–Simaurraren balorizazioa ongarri gisa: Simaurra alorretan edo oihanean zuzenean aplikatzen duen metodoa, haien emankortasuna hobetu eta mantenugaiez hornitzen dituena.

–Simaurra banatzeko zentroa: Entitate publikoa edo pribatua, sobratzen den simaurra, ekoizleak balorizatu gabea, bildu eta banatzen duena eta, aldi berean, nekazaritza sektorearen eskaria bideratzen duena.

–Nekazaritzako ingurumen faktorea: Urtebetean, leku batean aplikatzen den edozein jatorritako nitrogenoaren eta inguru horretako nekazaritzako azalera erabilgarriaren arteko proportzioari esaten zaio.

2. Gainerako definizioetarako, martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan adierazitakoa hartuko da kontuan. Foru dekretu horren bidez, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezarri ziren”.

Bi.–Aldatu egiten da 4. artikuluaren bigarren paragrafoa, eta honela idatzita gelditzen da:

“Handitze lanekin baimena aldatu behar da eta horretarako prozedura Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak eta foru lege hori garatzen duen erregelamenduak ezartzen dutena izanen da”.

Hiru.–Aldatu egiten da 5.7 artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

“7. Lehendik dauden instalazioen kasuan, eta foru dekretu honetan xedatutakoari egokitzeko behar diren ingurumenaren arloko hobekuntzak hartu ahal izateko, salbuespen gisa, baimena eman liteke hondakinak tratatzeko ekipoak edo biltegiak paratzeko edo bestelako neurriak hartzeko I., II. eta III. eranskinetan aipatzen diren distantziak baino eremu hurbilagoetan, betiere eskura dauden teknika onenak aplikatuko direla egiaztatzen bada.

Horretarako behar diren baimenak Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak eta foru lege hori garatzen duen erregelamenduak ezartzen duten prozeduraren arabera emanen dira”.

Lau.–Aldatu egiten da 7.5 artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

“5. Simaur likidoa metatzen duten kanpoko biltegiak egiteko, foru dekretu hau garatzean ezarriko diren baldintza teknikoak beharko dira bete”.

Bost.–Aldatu egiten da 11. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

“Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak eta hura garatzen duten arauek ezartzen duten ingurumen baimena edo jarduera sailkaturako lizentzia izan behar ez duten abeltzaintzako instalazioak hiri lurzoruan paratzen ahal dira, udalen ordenantzek ezarritako betekizunak eta baldintzak beteta.

Udalen ordenantzek ez badute horri buruzko araurik ezartzen, instalazioa jarri aurretik, haren titularrak udalak emandako baimen espresua lortu beharko du. Baimen horretan, instalazioaren kokapena, abereen espeziea eta kopurua zehaztu beharko dira.

Instalazio hauek salbuetsita egonen dira I. eta II. eranskinean ezarritako biztanleguneetatik izan beharreko gutxieneko distantziak betetzetik”.

Sei.–Aldatu egiten da 12. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

“Abeltegiek ingurumen arloko esku-hartzea izan beharko dute Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak eta hura garatzen duten arauek xedatzen duenari jarraikiz”.

Zazpi.–13. artikulua indargabetzen da.

Zortzi.–Aldatu egiten da 16. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

“Foru dekretu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritakoaren arabera ezarriko zaie zehapena foru lege hori aplikatu behar zaien abeltegi guztiei”.

Bederatzi.–Ordeztu egiten da I. eranskina –Txerritegiak ez diren abeltzaintzako instalazioen eta auzuneen arteko tartea–, eta hau jartzen da haren ordez:

Biztanlegune mota

Azienda mota

Behi, zaldi, ardi eta ahuntz azienda, 60 AzLUtik behera

Behi, zaldi, ardi eta ahuntz azienda, 60 AzLUtik gora

Hegaztiak, oro har, 30 AzLUtik behera

Hegaztiak, oro har, 30 AzLUtik gora

Untxiak, ahateak eta ostrukak, 4 AzLUtik behera

Untxiak, ahateak eta ostrukak, 4 AzLUtik gora

Zenbait espezie, lehenagoko atalase indibidualak, eta, guztira, 80 AzLUtik behera

Zenbait espezie, lehenagoko atalase indibidualak, eta, guztira, 80 AzLUtik gora

Herrigunetik kanpoko etxebizitzak

50

100

< 300 bizt.

50

100

< 500 bizt.

100

200

< 1.500 bizt.

300

550

< 5.000 bizt.

500

750

> 5.000 bizt.

1000

1000

Azken xedapenetako bigarrena.–Aldatzea 31/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituena.

Ordeztu egiten da 1. ERANSKINA –AzLUen baliokidetasunen taula, arau honi dagokionez–, eta hau jartzen da haren ordez:

ANIMALIA ESPEZIEA

ANIMALIA MOTA

AzLU

ARDIAK-AHUNTZAK

Bildotsa eta antxumea

0,02

Berrezartzea

0,06

Ugalketakoak

0,10

BEHIAK

Aratxea (urte batetik beherakoa):

0,4

Urtekoa

0,6

Bigantxa

0,7

2 urteko eta gehiagoko arrak

0,8

Haragitarako behia

0,8

Esnetarako behia

1

ZALDIAK

< 6 hilabete

0,2

6 eta 12 hilabete artean

0,4

12 eta 36 hilabete artean

0,5

Hazitarako zaldia (36 hilabetetik gorakoak)

0,8

Ugalketako behorra, > 36 hilabete

0,8

ZERRIAK

Zerrikumeak

0,02

Gizentzeko zerriak

0,12

Berrezartzea

0,14

Gizentzeko zerriak, 120 kg-tik gorakoak

0,15

Ugalketako zerri emeak

0,25

Aketzak

0,3

UNTXIAK

Ugalketakoak

0.015

Gizentzekoak

0.004

HEGAZTIAK

Oilo erruleak (1)

0.005

Txitak (aurrerakoen hazkuntza)

0.001

Ugalketako oilo astunak

0.005

Ugalketako oilo arinak

0.004

Gizentzeko oilaskoak

0.003

Ugalketako indioilarrak

0,01

Gizentzeko indioilarrak

0.005

Ugalketako ahateak, hestebeteetarako ahateak

0.006

Gizentzeko ahateak

0.003

Pintadak

0.007

Ugalketako antzarak

0.006

Gizentzeko antzarak

0.003

Ugalketako eperrak

0.002

Gizentzeko eperrak

0,0009

Ugalketako galeperrak, erruleak

0,0009

Gizentzeko galeperrak

0,0004

Ugalketako faisaiak

0.006

Gizentzeko faisaiak

0.003

Usoak

0.002

OREINAK

< 1 urte

0,05

> 1 urte

0,2

ERLEZAINTZA

Erlauntza

0,1

Erlekumea

0,05

AKUIKULTURA

Produktu tona/urtea

0,5

BARRASKILOAK

Produktu tona/urtea

0,5

OSTRUKAK

< 1 urte

0,05

> 1 urte

0,33

(1) Barnean hartzen ditu sistema hauek: ekoizpen ekologikoa, landakoa, zorukoa eta kaiolakoa.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Erregelamendu bidez garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio ingurumen gaietako eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau behar bezala aplikatzeko behar diren xedapen tekniko guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko martxoaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

INGURUMEN ERAGINA DUTEN JARDUERAK ARAUTZEN DITUEN ABENDUAREN 16KO 17/2020 FORU LEGEA GARATZEN DUEN ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Erregelamendu honen xedea da Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen zenbait alderdi garatzea. Horretarako, hauek arautzen dira:

a) Ingurumen baimen integratua, ingurumen baimen bateratua, ingurumen ukipenen ebaluazioa eta jarduera sailkatuaren lizentzia emateko prozedurak.

b) Ikuskapenerako araubidea, eta hautsitako legeria lehengoratzeko eta aldatutako errealitate fisikoa konpontzeko araubidea.

c) Isun gisako zehapenaren ordez, ingurumenari onura ekarriko dion ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza zerbitzu bat ezartzeko prozedura.

2. artikulua. Definizioak.

Erregelamendu honen ondorioetarako, definizio hauek ezarri dira:

a) Lehendik dagoen instalazioa: Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Legearen aplikazio-eremuan sartutako edozein instalazio, funtzionamenduan dagoena, baimena 2021eko ekainaren 22a baino lehen lortu duena edo aplikatu beharreko araudiak ezarritako baimenak eskatu dituena, betiere martxan jarri bada baimena lortu eta hurrengo hamabi hilabeteetan, beranduenez.

b) Organo substantiboa: Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Legearen aplikazio-eremuan sartutako instalazioen ezarpenak eta proiektuak eta jarduerak egitea baimentzeko eskumena duen organoa.

c) Ingurumen organoa: ingurumenaren arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko organoa, zeinak ingurumen ebaluazioari buruzko espedienteen analisi teknikoa eta ingurumen eraginaren txostena egiten baititu.

d) Sustatzailea edo titularra: instalazio bat bere osotasunean edo partzialki ustiatzen duen edo haren jabetza duen edozein pertsona fisiko edo juridikoa, publiko edo probatua, edo Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen aplikazio-eremuan sartutako proiektu edo jardueretako bat egin nahi duena, baimena emateko eskumena duen administrazioa edozein dela ere.

e) Mendeko unitateak: unitate teknikoak zeinen funtzionamendua unitate tekniko nagusi baten funtzionamenduaren mendekoa eta esklusiboa baita.

3. artikulua. Instalazio edo jarduera independenteak.

1. Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen aplikazio-eremuan sartuta dauden instalazioak edo jarduerak kokapen berean daudenean, haien artean independenteak direla ulertuko da baldintza hauetakoren bat betetzen dutenean, eta bakoitzak bere baimena izan beharko du:

a) Lotura teknikorik ez dutenean.

b) Lotura teknikoa badute ere, mendeko unitateak ez direnean.

2. Salbuespen gisa, ingurumena gehiago babesteko arrazoietan oinarrituta, organo substantiboak erabakitzen ahalko du ez direla instalazio edo jarduera independenteak eta ingurumen baimena edo jarduera sailkaturako lizentzia bakarra beharko dute guztiek.

4. artikulua. Titular bat baino gehiago dituzten titularren erantzukizuna.

Titular bat baino gehiago duten instalazioen kasuan, titular guztiak erantzule solidarioak izanen dira instalazio osoari dagokion ingurumen baimenean edo jarduera sailkaturako lizentzian ezarritako baldintzak betetzeari dagokionez eta instalazioaren funtzionamenduak izan ditzakeen ondorioei dagokienez.

Osagarri gisa, ingurumen baimenak edo jarduera sailkaturako lizentziak titular bakoitzaren erantzukizunaren irismena zehazten ahalko du, betiere titularrek hala eskatu badute eskaera egin dutenean, ezertan galarazi gabe indarrean dagoen aplikatu beharreko araudian ezarritako erantzukizunen banaketaren legegintzako esparrua.

5. artikulua. Ingurumen baimen integratua eta bateratua emateko, ingurumen ukipenen ebaluazioa egiteko eta jarduera sailkatuaren lizentzia emateko prozeduren araubide juridikoa.

1. Ingurumen baimen integratua emateko prozeduren araubide juridikoa kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko oinarrizko legerian ezarritakoa izanen da, erregelamendu honetan ezarritako zehaztasunak aintzat hartuta.

2. Ingurumen baimen bateratua emateko, ingurumen ukipenen ebaluazioa egiteko eta jarduera sailkaturako lizentzia emateko prozeduren araubide juridikoa Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoa izanen da, erregelamendu honetan ezarritako zehaztasunak aintzat hartuta.

3. Oinarrizko legerian eta erregelamendu honetan araututa ez dauden alderdi guztietan, ingurumen baimena emateko, ingurumen ukipenen ebaluazioa egiteko eta jarduera sailkatuaren lizentzia emateko prozedurek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa beteko dute, eta, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean edo Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoa, baita toki administrazioaren arloko gainerako araudian ezarritakoa ere.

6. artikulua. Tramitazio elektronikoa.

Erregelamendu honen ondoriozko prozedurak elektronikoki izapidetuko dira. Administrazio publikoek beharrezkoak diren baliabideak gaitzea sustatuko dute bide hori eraginkorra izan dadin.

7. artikulua. Administrazioaren isiltasuna.

1. Erregelamendu honetan arautzen diren prozeduretan, epea amaitu eta interesdunei berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaie, interesdunek prozedura horiek ezetsitzat jotzen ahalko dituzte isiltasun administratiboaren ondorioz, eta aukera izanen dute legez aplikatu beharreko araudiaren arabera dagokion errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko.

2. Epea mugaeguneratu ondoren organo eskudunek emandako berariazko ebazpenak ez du loturarik izanen isilbidearen nondik-norakoarekin.

8. artikulua. Ingurumen baimenen, ingurumen ukipenen ebaluazioaren eta jarduera sailkaturako lizentziaren eskaeretan jasotako datuen eta ingurumenaren arloko administrazioak dituen datuen konfidentzialtasuna.

1. Instalazio, proiektu edo jardueraren titularrak edo sustatzaileak zehaztu beharko du eskaera jasotako datuetatik zein diren bere ustez konfidentzialak indarrean dauden xedapenen arabera. Hala ere, baimena edo jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak erabaki dezake datu horiek ez direla konfidentzialak, betiere arrazoituta.

2. Ingurumen administrazioak konfidentzialtzat jotzen ahalko ditu eskaera batean jasotako datuak edo ondoren aipatzen diren gaien inguruan eskatzen zaizkion datuak. Hauek dira gaiak:

a) Informazio komertzial eta industriala, informazio horren konfidentzialtasuna lege mailako arau batean edo Europar Batasuneko erregelamendu batean jasota baldin badago interes legitimo ekonomikoak babesteko, konfidentzialtasun estatistikoa eta sekretu fiskala mantentzeko interes publikoa barne.

b) Jabetza intelektualerako edo industrialerako eskubideak. Titularrak informazioa hedatzeko adostasuna eman badu, kasu hau ez da aintzat hartuko.

c) Datu pertsonalak, aplikatzekoa den indarreko araudian ezarritakoarekin bat etorrita, betiere datu horiek dagozkion interesdunak datuak tratatzeko edo emateko adostasuna adierazi ez badu.

3. Inoiz ez dute izaera konfidentzialik izanen proiektuaren edo instalazioaren kokapenari buruzko eta ingurumenean izan dezakeen eraginari buruzko datuek, eta, zehazki, uraren, energiaren eta erregaien kontsumoari, hondakinen produkzioari, atmosferara egindako isuriei eta hondakin urei buruzkoek.

9. artikulua. Finantza aseguramenduko neurriak.

1. Ingurumen baimen integratua, bateratua eta jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak modu arrazoituan eskatzen badu, baimenean edo lizentzian betebeharra ezartzen ahalko zaio instalazioaren titularrari fidantza bat jar dezan edo ingurumenaren arloko erantzukizunaren nahitaezko aseguru bat harpidetu dezan, istripuek, matxurek eta, oro har, instalazioaren funtzionamendu irregularrak eragindako kutsaduraren ondorioz sor daitezkeen kalteak konpontzeko edo murrizteko.

2. Aseguratutako zenbatekoa kalkulatzeko, instalazioaren ingurumeneko arriskuak aztertzearen ondorioak har daitezke oinarritzat, edo, bestela, Ingurumenaren arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea garatzeko egindako ingurumeneko arriskuak aztertzeko tresna sektoriala har daiteke oinarritzat.

10. artikulua. Zehapen araubidea.

Erregelamendu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritakoaren arabera ezarriko da zehapena.

11. artikulua. Datuen erregistroak sortzea.

Erregelamendu honen aplikazioaren ondorioz sortzen diren datu kualitatiboen erregistroak sexuen araberako bereizketa eginez sortuko dira, eta analisiak eta azterketak genero ikuspegia aintzat hartuta gauzatuko dira.

II. TITULUA

Ingurumen baimenak

I. KAPITULUA

Ingurumen baimenak emateko prozedurari buruzko xedapen komunak

12. artikulua. Ingurumen baimenak.

Titulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ingurumen baimenak dira ingurumen baimen integratua eta ingurumen baimen bateratua.

13. artikulua. Ingurumen baimena lortzeko eskaera aurkeztea.

1. Ingurumen baimena lortzeko eskabidea Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan gaitutako zerbitzu telematikoaren bidez aurkeztuko da, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari zuzenduta. Horretarako dagoen inprimakia bete beharko da, eta eskatutako dokumentazioa erantsi, euskarri digitalean. Teknikari eskudunak sinatu beharko du eskabidea.

2. Ingurumen baimena emateko epea eskabidea aurkeztu den egunean hasiko da zenbatzen, betiere eskabidearekin batera hurrengo artikuluaren a), b) eta c) letretan adierazitako dokumentazioa aurkezten bada gutxienez. Hala ere, horrek ez dio eraginen aurkeztutako dokumentazioa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera zuzentzeko eskubideari.

3. Eskabidean instalazioaren titularraren edo titularren identitatea adierazi beharko da. Titularra da instalazioa osorik edo partzialki ustiatzen duen edo haren jabea den pertsona fisikoa edo juridikoa.

14. artikulua. Ingurumen baimenak lortzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Ingurumen baimena lortzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien barruan Estatuan indarrean dagoen oinarrizko araudian ezarritakoak sartuko dira, eta, gutxienez, agiri hauek:

a) Ingurumen baimenaren proiektu teknikoa. Alderdi hauek izan behar ditu:

1. Jardueraren eta instalazioen, ekoizpen-prozesuen eta produktu motaren deskripzio zehatza eta irismena.

2. Instalazioa kokatuko den lekuaren ingurumen egoera eta aurreikusten diren inpaktuak, instalazioa ustiatzeari uzten zaionean sortu ahal direnak barne.

3. Instalazioan erabilitako edo sortutako baliabide naturalak, lehengaiak eta bigarren mailakoak, substantziak, ura eta energia.

4. Instalazioaren isuriak sortzen dituzten iturriak.

5. Instalazioak airera, uretara edo lurzorura egin ditzakeen isurien mota eta kopurua, eta ingurumenean izan ditzaketen ondorio nabarmenen zehaztapena, eta, hala badagokio, sortuko diren hondakinen mota eta kopurua:

– Atmosferarako emisioen sorgune guztien zerrenda zehatza, sistematikoak izan ala ez, eta haien emari estimatua eta deskripzioa (forma, barneko diametroa, garaiera lurzorutik, sorgunea eta planta urtean zenbat ordu dauden jardunean, aldian aldiko emisioen kopurua > ordu bat). Sorguneek plantan duten kokapenaren planoa. Emisio barreiatuak: sorguneak, erregimen jarraitua edo etena, isuritako kutsagarriak, urteko karga. Arazketa sistemen deskripzioa.

–Jardueran sortzen diren hondakin mota guztien zerrenda zehatza, haien LER kodea eta sortutako kantitate estimatuak adierazita.

6. Instalazioak eragindako isuriak prebenitzeko eta saihesteko, eta, ezinezkoa balitz, murrizteko, aurreikusitako teknologia, eta erabiliko diren beste teknika batzuk. Adierazi beharko da teknika horietatik zein diren teknika erabilgarri onenak TEOei buruzko ondorioekin bat etorrita edo, halakorik ez badago, BREF agiriekin eta aplikatzekoak izan daitezkeen gida eta eskuliburu teknikoekin bat etorrita.

7. Hondakin eta lurzoru kutsatuen uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako hondakinen hierarkiak xedatzen duen lehentasun-hurrenkera aplikatzeko neurriak, hau da: prebentzioa, berrerabili, birziklatu eta beste balorizazio batzuk egiteko prestaketa, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoengatik edo ekonomikoengatik prozedura horiek ere ezin badira aplikatu, ingurumenean duten eragina ahalik eta gehien galarazi edo murrizteko moduan deuseztatuko dira hondakinak.

8. Ingurumenera eginen diren isuriak kontrolatzeko aurreikusitako neurriak. Kontrolatu eta zaintzeko sistemak: isuri eta hondakinak kontrolatzeko sistema eta prozedurak, haiek neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.

9. Jarduketa plana instalazioak desegoki funtzionatzen duenerako. Ohiko egoeraz bestelakoak diren eta ingurumenari eragin diezaioketen egoeretako ustiapen baldintzen inguruko neurriak, hala nola, instalazioaren hasierako abiaraztea, ekipamenduen abiatzeak, ihesak, funtzionamendu akatsak, aldi baterako geldialdiak, mantentze-lanak, etab.

10. Estatuan indarrean dagoen oinarrizko araudian ezarritako ingurumen baimen integratuaren printzipio informatzaileak betetzeko proposatzen diren gainerako neurriak.

11. Proposatutako teknologiaren, tekniken eta neurrien ordez eskatzaileak aztertu dituen aukera nagusien azalpen laburra, ordezko aukerarik aztertu badu.

12. Baldin eta instalazioak ezarrita badauka ingurumenaren arloko kudeaketarako eta auditoriarako Europar Batasuneko sistema bat, azken ingurumen adierazpen baliozkotua eta haren eguneratzeak aurkeztuko dira.

b) Hirigintzako udal txostena, proiektuak hirigintzako planeamenduarekin duen bateragarritasunari buruzkoa. Udalak ez badu hogeita hamar eguneko epean egiten, nahikoa izanen da eskaeraren kopia aurkeztea.

c) Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal den jarduera denean, eranskin berezi bat, non lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian ezarritako dokumentazio teknikoa jasoko baita.

d) Hala badagokio, eranskin berezi bat, uren arloko legeriak ur kontinentaletara isuriak egiteko baimena emateko eskatutako agiriekin.

e) Hala dagokionean, eranskin berezi bat, hondakinen arloan indarra duen araudiarekin bat, hondakinen sortzailearen edo kudeatzailearen baimena jasotzeko beharrezkoa den dokumentazioarekin.

f) Hala dagokionean, eranskin berezi bat, airearen kutsaduraren arloko indarreko legeriarekin bat, atmosfera kutsa dezakeen jarduera egiteko baimena lortzeko eskatutako dokumentazioarekin.

g) Babeserako berariazko neurriak, lurzoruko eta lur azpiko uretako kutsadura prebenitzeko, batik bat instalazioan dauden garrantzizko substantzia arriskugarriek sortutakoa; halaber, jarduketen programa bat, babeserako neurri horiek mantendu eta aldian behin gainbegiratzeko, behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko asmoz.

h) Jarduerak ekartzen duenean garrantzizko substantzia arriskuen erabilera, sorrera edo emisioa, kontuan izanik zer aukera dagoen lurzorua eta lur azpiko urak kutsatzeko instalazioaren kokalekuan, oinarrizko txosten bat eskatuko da instalazioa ustiatzen hasi aurretik.

Txosten horrek beharrezkoa den informazioa izanen du jakiteko zein den lurzoruaren eta lur azpiko uren egoera, konparazio kuantitatiboa egiteko jarduera behin betiko utzi eta ondorengo egoerarekin. Halaber, honako eduki hau izanen du gutxienez:

1. Informazioa egungo erabilerari buruz, eta, eskura badago, toki horretan aurretik izandako erabilerei buruz.

2. Eskura badaude, arriskuen gaineko azterketak eta lurzoru kutsatuei buruzko araudian erregulatutako txostenak, lurzoruan eta lur azpiko uretan hartutako neurrien ingurukoak, txostena egiten deneko egoera islatzen dutenak, edo, bestela, lurzoruan eta lur azpiko uretan hartutako neurri berriak, aukerarik dagoenean lurzorua eta lur azpiko urak kutsatuta gelditzeko kasuan kasuko instalazioak erabili, sortu edo isuritako substantzia arriskutsuekin.

i) Erregelamendu honen II. eranskinean ezarritakoarekin bat etorrita, instalazioak edo jarduerak osasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena behar duen ala ez berariaz justifikatzen duen dokumentua. Txosten hori behar izanez gero, eranskin berezi bat sartuko da, non bereizita deskribatuko baitira alderdi sanitario hauek, kasu bakoitzean dagokionaren arabera: giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionellosiaren prebentzioa, hileta-osasuna, biozidak, tatuajeak eta piercinga, tabakoaren arloko osasun arauak, uraren aisialdiko erabilera eta osasun hondakinak.

j) Erregelamendu honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorrita, instalazioak edo jarduerak babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena behar duen ala ez berariaz justifikatzen duen dokumentua. Txosten hori behar izanez gero, eranskin berezi bat sartuko da, non, aplikatzekoa den legeriarekin bat, suteetatik babesteko aurreikusitako neurriak deskribatuko baitira.

k) Instalazioa irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartuta dagoen ala ez berariaz justifikatzen duen dokumentua. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako. Sartuta badago, eranskin berezi bat sartuko da, non araudi horrek eskatutako dokumentazioa gehituko baita.

l) Open Geospatial Consortium (OGC) delakoaren estandarren araberako informazio geografikoa duen fitxategi digital bat, instalazioaren kokapenaren lurralde-eremua mugatzen duen perimetroa dakarrena. Halaber, honako hau zehaztuko da: kokapenaren azalera osoa, eraikitako azalera erabilgarria, eraiki gabeko azalera zoladuna, eta eraiki gabeko azalera zola gabea.

m) Simaurrak edo haien tratamenduaren produktuak balorizatzen dituzten instalazioen kasuan –nekazaritzarako ongarri gisa erabiltzen dutenak–, fitxategi espazial digital bat, non simaurrak produzitu eta kudeatzeko planaren lurralde-oinarriaren informazio geoerreferentziatua jasoko baita.

n) Abeltzaintzako instalazioen proiektuetan, martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren (abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen ditu) 13. eranskinean ezarritako dokumentazioa.

ñ) Beste edozein informazio eta dokumentazio, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duena, baita Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legeak, besteak beste, galdatzen ahal dituen nahitaezko fidantzei edo aseguruei buruzkoak ere.

o) Eskatzailearen iritziz, indarreko xedapenen arabera konfidentzialak diren datuak.

p) Proiektuaren eta aurkeztutako dokumentazioaren laburpen ez-teknikoa, jendeak ulertzeko modukoa.

2. Ingurumen eraginaren ebaluazioa behar duten instalazioen eta proiektuen kasuan, titulu honen II. kapituluan xedatutakoa bete beharko da. Horrez gainera, proiektuarekin batera, ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu beharko da, edo ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera, kasu bakoitzean behar dena.

15. artikulua. Udalaren hirigintzako txostena.

Interesdunak aurretiaz eskatuta, instalazioa kokatuko den lurraldeko udalak hirigintzako txostena eman beharko du, non zehaztu behar baita ea proiektua bateragarria den hirigintzako planeamenduarekin. Hogeita hamar eguneko epearen barruan eman beharko du. Ematen ez badu, txosten horren ordez, txostenaren eskaeraren kopia aurkeztuko da.

Nolanahi ere, artikulu honetan araututako hirigintzako txostena negatiboa bada, edozein unetan eman dela ere, baina ingurumen baimena eman aurretik aurkeztu bada, baimen hori emateko organo eskudunak ebazpena emanen du, ebazpen hori eragin duten arrazoiak azalduz, eta prozedurari amaiera eman eta jarduketak artxibatu eginen ditu.

16. artikulua. Jendaurrean jartzea.

1. Ingurumen baimena lortzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia osatu ondoren, jendaurrean jarriko da.

2. Ingurumen baimen integratuaren kasuan, jendaurrean jartzeko epea ez da izanen hogeita hamar egunetik beherakoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta egoitza elektronikoan argitaratzen denetik zenbatuta.

3. Ingurumen baimen bateratuaren kasuan, jendaurrean jartzeko epea ez da izanen hogei egunetik beherakoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta egoitza elektronikoan argitaratzen denetik zenbatuta.

4. Jarduerak beste administrazio baimen substantiboren bat behar badu, ingurumen baimenaren jendaurreko izapidea baimen horren izapidearekin batera egiten ahalko da.

5. Jendaurreko izapidetik salbuetsita egonen dira ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak konfidentzialtzat jo dituen datuak. Indarreko xedapenek ezarritakoarekin bat etorrita ezarriko du konfidentzialtasuna, sustatzaileak eskatu ondoren.

6. Jendaurreko aldia amaitu ondoren, ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak espedientearen kopia eta jasotako alegazioak eta oharrak helaraziko dizkie beren eskumenen arloko gaiei buruzko erabakiak hartu behar dituzten organoei.

7. Halaber, jendaurreko izapidean jasotako alegazioak eta oharrak sustatzaileari bidaliko zaizkio, hamabost eguneko epearen barruan egokitzat jotzen duena adieraz dezan.

17. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuen txostenak.

1. Ingurumen baimena lortzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia osatu ondoren, ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak kopia bat helaraziko die beren eskumeneko gaiei buruzko erabakiak hartu behar dituzten organoei.

2. Ingurumen baimena behar duten instalazioak ezartzeko edo aldatzeko proiektuek lurraldearen antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuaren txostena beharko dute, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena behar badute.

3. I. edo II. eranskinean sartutako proiektuek, ingurumen baimena behar duten instalazioak ezartzeko edo aldatzeko direnek, gai horietan eskumena duten departamentuen txostena beharko dute, pertsonen osasunean edo pertsonen edo ondasunen segurtasunean eta osotasunean izan ditzaketen arriskuei dagokienez. Zehazki, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuak edo erakunde publikoak txostena eman beharko du suteen aurka babesteko eta, ezbeharren bat izanez gero, ebakuaziorako neurriei buruz.

4. Ingurumen baimena behar duten instalazioak ezartzeko edo aldatzeko proiektuak irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartuta daudenean (Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako), babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena beharko dute.

5. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko organoek ingurumen baimenaren izapidetzean eman behar dituzten txostenak bi hilabeteko epearen barruan eman beharko dira, jendaurreko izapidea egin ondoren, espedientea jasotzen denetik zenbatuta. Ez da epe hori bete beharko txosten horiei aplikatu beharreko araudiak epe luzeagoa ezartzeko aukera ematen badu, epe hori bete beharko baita.

6. Artikulu honetan aipatutako txostenak nahitaezkoak eta lotesleak izanen dira.

18. artikulua. Udalaren txostena.

Eskatu beharreko dokumentazioa eta jendaurreko izapidearen emaitza jaso ondoren, instalazioa kokatuko den lekuko udalak txosten bat eginen du, hogeita hamar eguneko epearen barruan, non zehaztu beharko baitu aztertutako instalazioa bere eskumeneko alderdiekin bat datorren ala ez. Txostena epe horren barruan ematen ez bada, jarduketak egiten jarraituko da. Hala ere, epez kanpo emandako txostena ebazpena eman aurretik jasotzen bada, ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak aztertu egin beharko du.

19. artikulua. Ebazpen proposamena eta entzunaldia emateko izapidea.

1. Ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak, proiektua osorik hartzen duen ingurumen ebaluazioa egin ondoren, entzunaldia emanen dio baimena eskatu duenari, alegazioak eta egoki iruditzen zaizkion agiri eta justifikazioak aurkezteko. Horretarako, hamar egunetik gorako baina hamabost egunetik beherako epea izanen du.

Entzunaldiaren izapidea amaitu ondoren, ebazpen proposamena emanen da, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian eta Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 16. artikuluan ezarritako edukiarekin bat. Proposamen horretan, emandako txosten lotesleen ondoriozko baldintzak jasoko dira, eta gainerako txostenei eta, hala badagokio, eskatzaileek instrukzioan eta entzunaldiaren izapidean planteatutako gaiei buruz erabakiko da, baita jendaurreko aldian ateratako gaiei buruz ere.

2. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkeztu badira, aurreko izapideetan txosten lotesleak emateko eskumena duten organoei helaraziko zaizkie, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen duten adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

20. artikulua. Ingurumen baimenari buruzko ebazpena.

1. Ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedura amaitzeko ebazpena, sei hilabeteko epean gehienez. Sei hilabeteko gehieneko epe hori igaro eta berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, aurkeztutako eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da eta, nolanahi ere, izapidetzean aurkeztutako alegazioak eta haiei buruzko balorazioa jasoko ditu.

21. artikulua. Ingurumen baimen sektorialak.

Hala dagokionean, ingurumen baimenak ingurumenaren arloko baimen sektorial hauek jasoko ditu:

a) Airea kutsa dezakeen jarduera egiteko baimena, airearen kutsaduraren arloko indarreko legeriaren arabera.

b) Nafarroako Foru Administrazioak edo toki entitateek edo haien mendeko entitateek kudeatutako saneamenduko sare publikora isuriak egiteko baimena, isurien arloko indarreko legerian ezarritakoarekin bat etorrita.

c) Hondakinen sortzaileari edo kudeatzaileari dagokion baimena, hondakinen arloan indarrean dagoen legerian ezarritakoarekin bat etorrita.

22. artikulua. Arroko erakundearen txostena, eta erakunde horri egin beharreko jakinarazpena.

1. Ingurumen baimen integratua behar duen jarduerak Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatutako arroetako jabari publiko hidraulikora isuriak egiteko baimena behar badu uren legeriarekin bat etorrita, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian ezarritakoa beteko da.

2. Ingurumen baimen bateratua behar duen jarduerak Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatutako arroetako ur kontinentaletara isuriak egitea badakar, ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak ebazpenaren kopia helaraziko dio arroko erakundeari, isurien zentsu nazionala behar bezala mantendu eta eguneratzeko lanetan elkarlanean aritzeko, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan ezarritakoarekin bat.

II. KAPITULUA

Ingurumen baimena emateko prozeduraren berezitasunak ingurumen eraginaren ebaluazioa behar denean

23. artikulua. Ingurumen baimena emateko prozeduraren berezitasunak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta behar denean.

1. Ingurumen baimena lortzeko eskabideari ingurumen eraginaren azterketa erantsiko zaio, ingurumen baimena eskatzeko behar den gainerako agiriekin batera. Horrez gainera, proiektuaren eta aurkeztutako dokumentazioaren laburpen ez-teknikoa, jendeak ulertzeko modukoa, sintesi agiriaren baliokidea izanen da.

Ingurumen baimenari dagokion epea zenbatzen hasi ahal izateko, ezinbestekoa izanen da ingurumen eraginaren azterketa aurkeztea.

2. Jendaurreko eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bakarra izanen da ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko eta ingurumen baimena emateko prozeduretarako, eta hogeita hamar egunekoa izanen da, gutxienez.

3. Ingurumen baimena eta baimen substantiboa emateko organo eskudunak eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko organo eskudunak, hurrenez hurren, ingurumen baimena emateko, baimen substantiboa emateko eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko aplikatzekoa den legerian ezarritako izapideak beteko dituzte.

4. Jendaurreko izapidearen eta administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta publikoaren emaitzak eskatzaileari bidali ondoren, ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak eten eginen du baimen hori emateko epea, ingurumen eraginaren adierazpena jaso arte.

5. Ingurumen baimena emateko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ingurumen eraginaren adierazpenaren informazio hau jasoko du:

a) Proiektuak ingurumenean sortuko dituen ondorio adierazgarriei buruzko konklusioa.

b) Ezarritako ingurumen baldintzak, proiektuaren ezaugarrien azalpena eta zer neurri aurreikusten diren ingurumenaren gaineko kalte adierazgarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, ahal den neurrian, konpentsatzeko; bai eta, hala badagokio, jarraipena egiteko neurriak eta jarraipenaren ardura duen organoa ere.

24. artikulua. Ingurumen baimena emateko prozeduraren berezitasunak ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua behar denean.

1. Ingurumen baimena lortzeko eskabideari ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea erantsiko zaio, ingurumen agiriarekin batera, baita ingurumen baimena eskatzeko behar den gainerako agiriekin batera ere. Ingurumen baimenari dagokion epea zenbatzen hasteko, ezinbestekoa izanen da ingurumen agiria aurkeztea.

2. Ingurumen baimena emateko organo eskudunak eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko organo eskudunak erregelamendu honetan eta, hurrenez hurren, ingurumen baimena emateko, baimen substantiboa emateko eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko aplikatzekoa den legerian ezarritako izapideak beteko dituzte.

3. Ingurumen eraginaren adierazpena egiteko organo eskudunak ondorioztatzen badu proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazioa arrunta behar duela ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeelako, ingurumen baimena emateko organo eskudunak ebazpena emanen du inguruabar hori adierazita, eta amaiera emanen dio prozedurari, eskatzaileak, hala badagokio, ingurumen baimena eta ingurumen eraginaren ebaluazioa arrunta lortzeko eskabide berri bat izapidetu dezan, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ingurumen baimena emateko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ingurumen eraginaren txostenaren informazio hau jasoko du:

a) Ingurumen eraginaren txostenean zer konklusio atera den proiektuak ingurumenean eraginen dituen ondorio adierazgarriei buruz.

b) Ingurumen eraginaren txostenean ezarritako ingurumen baldintzak, proiektuaren ezaugarrien azalpena eta zer neurri aurreikusten diren ingurumenaren gaineko kalte adierazgarriak prebenitzeko, zuzentzeko, konpentsatzeko eta, ahal den neurrian, indargabetzeko; bai eta, hala badagokio, jarraipena egiteko neurriak eta jarraipenaren ardura duen organoa ere.

III. KAPITULUA

Jardueraren hasiera eta aldatzeko araubidea

1. ATALA

Jardueraren hasiera eta ohartarazpen orokorrak

25. artikulua. Jardueraren hasiera.

1. Instalazioak ez dio jarduerari hasiera ematen ahalko titularrak ez badu aurretiaz aurkeztu instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpena ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuan, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruzko indarreko araudian eta Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat. Horrez gainera, jardueraren hasierako data zehaztu beharko du, eta ingurumen baimenean ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazi.

2. Ingurumen baimen bateratua behar duen jarduerak jabari publiko hidraulikora isuriak egitea badakar eta isuri hori egiteko arroko erakundearen baimena behar bada, abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, isuria egiteko baimena lortzeko, erakunde horretan aurkeztutako eskabidearen kopia aurkeztu beharko da.

3. Oso-osorik gauzatzen ez diren proiektu baimenduak hasten ahalko dira baldin eta neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, abian jartze partzialaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

26. artikulua. Ingurumen baimenaren eraginkortasuna eta iraungitzea.

1. Jarduera hasteko ezarritako epea igarotzen bada funtzionamenduan jarri gabe, ulertuko da baimena iraungita dagoela eta eraginik ez duela. Nolanahi ere, proiektua lurzoru urbanizaezinean baldin badago, jarduera gauzatu eta abian jartzeko gehieneko epea izanen da lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarra duen legerian ezarritakoa, baimenean ez bada epe laburragorik ezartzen.

2. Era berean, osotara gauzatu gabeko proiektuen kasuan, jarduerari hasiera emateko epea iraganik, ulertuko da ingurumen baimena iraungita dagoela eta eraginik ez duela, betiere jarduera partzialki abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenean sartu gabeko instalazioari edo prozesuei dagokien zatian.

3. Ingurumen baimena emateko eskumena duen organoa ebazpena emanen du, non berariaz adieraziko baitu ingurumen baimena edo baimen horren dagokion zatia iraungi dela, instalazioaren titularrari entzunaldia eman ondoren.

4. Ez da obra-lizentziarik ematen ahalko ingurumen baimena emateko prozedura ebatzi arte.

27. artikulua. Instalazioa aldatzeko araubidea.

Instalazioaren aldaketatzat joko da, funtzionamendu arruntaren barruan, hasieran emandako ingurumen baimenean aurreikusitako aldaketa bat sartu nahi denean, aldaketa horrek instalazioaren ezaugarriei, ekoizpen-prozesuei, funtzionamenduari edo hedapenari eragiten badie. Aurrekoa gorabehera, instalazioa lurzoru urbanizaezinean badago, lurzoru urbanizaezinaren gaineko baimen berria beharko da aldaketek jardueraz edo erabileraz aldatzea, bolumena handitzea edo zerbitzu eskari berri bat behar badute.

28. artikulua. Instalazioaren aldaketen eraginkortasuna.

1. Instalazioa aldatzeko ebazpenetan ezarritako baldintzak abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten den datatik aurrera aplikatuko dira.

2. Ingurumen baimen integratuetarako ezarritako instalazioetan funtsezko aldaketa bat egiteko prozedura ebatzi ondoren, titularrak Estatuan indarrean dagoen oinarrizko araudian ezarritako epea izanen du funtzionamenduan jartzeko. Epe hori igarotzen bada funtzionamenduan jarri gabe, ulertuko da funtsezko aldaketa egiteko baimena iraungita dagoela eta eraginik ez duela.

3. Gainerako aldaketetarako, bi urte iraganda ingurumen baimena aldatzeko prozeduraren ebazpena eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iraganda hura bukatu eta jarduera martxan jarri gabe, ulertuko da baimena iraungita dagoela eta eraginik ez duela. Hala ere, titularrak eska dezake, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta, epe horiek urtebetez luzatzeko, gehienez ere. Ingurumenaren arloan eskuduna den organoak ebazpen espresua eman behar du eskaera hori onartzeko. Instalazioan lurzoru urbanizaezinean kokatzen bada, proiektua gauzatzeko eta instalazioa martxan jartzeko epea lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legerian ezarritakoa izanen da.

4. Ingurumen baimena emateko eskumena duen organoak ebazpena emanen du, non berariaz adieraziko baitu, kasu bakoitzaren arabera, funtsezko aldaketa edo aldaketa esanguratsua iraungita dagoela, instalazioaren titularrari entzunaldia eman ondoren.

5. Ez da obra-lizentziarik ematen ahalko ingurumen baimena behar duen instalazioa aldatzeko prozedura ebatzi arte.

2. ATALA

Ingurumen baimen integratuen aldaketak

29. artikulua. Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura.

Ingurumen baimen integratua behar duten instalazioetan egindako aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke, eta ez-funtsezkoak adierazgarriak edo ez-adierazgarriak izan daitezke. Araubide hau bete beharko dute:

a) Instalazioaren titularrak ingurumen baimen integratua behar duten instalazioan egin nahi den jardueraren ekoizpen-prozesuan edo jarduera horren ingurumenaren arloko emaitzekin lotutako alderdietan egindako edozein aldaketaren berri eman beharko dio ingurumen baimen integratua emateko organo eskudunari, eta arrazoitu egin beharko du funtsezkoa edo ez-funtsezkoan den, Estatuan arlo horretan indarrean dagoen araudian xedatutakoarekin bat etorrita.

b) Titularrak uste badu funtsezkoa dela, ez da aldaketa egiten ahalko ingurumen baimen integratua Estatuan arlo horretan indarrean dagoen oinarrizko araudian xedatutakoarekin bat etorrita aldatu arte.

c) Titularrak uste badu aldaketa ez dela funtsezkoa, aurkeztutako jakinarazpenean adierazi beharko du adierazgarria den ala ez, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

d) Hilabeteko epearen barruan, ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak berariaz zehaztu beharko du jakinarazitako aldaketa funtsezkoa den ala ez, eta, funtsezkoa ez bada, adierazgarria den ala ez.

e) Instalazioaren edo jardueraren titularraren iritziz, jakinarazitako aldaketa ez-funtsezkoa denean, gauzatzen ahalko du, baldin eta ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak kontrako irizpenik eman ez badu hilabeteko epean. Hala ere, obra-lizentzia edo beharrezkoak diren bestelako baimenak izapidetu beharko dira.

f) Instalazioaren titularrak edo ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak uste badu aldaketa funtsezkoa dela, ez da aldaketa egiten ahalko ingurumen baimen integratua Estatuan arlo horretan indarrean dagoen oinarrizko araudian xedatutakoarekin bat etorrita aldatu arte.

g) Instalazioaren titularrak edo ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak uste badu aldaketa adierazgarria dela, ez da aldaketa egiten ahalko ingurumen baimen integratua erregelamendu honetan ezarritako prozedurarekin bat etorrita aldatu arte.

h) Ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak aldaketa funtsezkoa edo adierazgarria den zehazteko ematen duen ebazpenak hamar hilabeteko indarraldia izanen du. Epe hori igarotzen bada titularrak aldaketa egiteko prozedura hasi gabe, ebazpenak eraginkor izateari utziko dio, eta titularrak berriro jakinarazi beharko du aldaketa.

30. artikulua. Ingurumen baimenean funtsezko aldaketa egiteko prozeduraren berezitasunak ingurumen eraginaren ebaluazioa behar denean

1. Artikulu honetan ezarritako berezitasunak ingurumen baimena behar duten instalazio eta proiektuetako funtsezko aldaketetan aplikatuko dira, ingurumen eraginaren ebaluazioa behar badute.

2. Ingurumen baimenean funtsezko aldaketa egiteko eskabideari hauek erantsiko zaizkio, kasu bakoitzaren arabera, ingurumen baimenean funtsezko aldaketa eskatzeko behar den gainerako agiriekin batera:

a) Ingurumen eraginaren azterketa.

b) Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea, ingurumen agiriarekin batera.

3. Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta behar duten proiektuen kasuan, funtsezko aldaketa egiteko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa osatu ondoren, jendaurreko aldi bat zabalduko da, hogeita hamar egunekoa gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Titulu honen II. kapituluan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

4. Ingurumen baimenean funtsezko aldaketa bat onesteko organo eskudunak eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko organo eskudunak erregelamendu honetan ezarritako izapideak egiten jarraituko dute, eta, zehazki, titulu honen II. kapituluan xedatutakoa beteko da.

31. artikulua. Instalazioaren aldaketa adierazgarria.

1. Aldaketa adierazgarria da instalazioetan egindako edozein aldaketa, Estatuan arlo horretan indarrean dagoen oinarrizko araudiaren arabera funtsezkotzat jotzen ez bada eta inguruabar hauetakoren bat badakar, besteak beste:

a) Arlo honetan Estatuan indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita, bera bakarrik hartuta, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura bete behar duen edozein handitze edo aldaketa.

b) Instalazioan, produktu unitateetan neurtuta, ekoizteko ahalmena % 25 baino gehiago handitzea. Hondakinak kudeatzeko baimendutako zentroen kasuan, ekoizteko ahalmena kudeatutako hondakinen unitateetan zehaztuko da. Abeltzaintzako instalazioen kasuan, ekoizteko ahalmena ustiapenaren ekoizpenaren ildoa definitzen duten abereen plaza kopuruaren bidez eta azienda unitateen kopuruaren (AzLU) bidez zehaztuko da.

c) Uraren, lehengaien edo energiaren kontsumoan baimendutako kopuruak % 25 baino gehiago handitzea.

d) Ingurumen baimen integratuan agertzen diren airearen kutsatzaileetatik edozeinen masa-emisioa edo foku igorle bakoitzean sortutako aireratze guztien masa-emisioa % 15 baino gehiago handitzea, baita Airea Kutsa Dezaketen Jardueren Katalogoko A, B edo C taldeetan sailkatutako foku igorle berriak sartzea eta kutsatzaile berriak sartzea adierazgarriak ez diren kopuruetan.

e) Ingurumen baimen integratuan agertzen den edozein kutsatzaileren masa-emisioa edo isurketen kontzentrazioa edo isurketaren emaria % 25 baino gehiago handitzea, eta kutsatzaile berriak sartzea adierazgarriak ez diren kopuruetan.

f) Ingurumen baimen integratuan ageri den uren araudiaren araberako lehentasunezko edozein substantziaren masa-emisioa edo isurketaren isuri-kontzentrazioa edo isurketaren emaria % 10 baino gehiago handitzea.

g) Hondakin arriskutsuen sorrera urtean 4 tonatik gora handitzea, betiere prozesuaren aldaketa estrukturala egiten bada, eta guztira sortutako hondakin arriskutsuen % 10etik gorako gehikuntza bada, hondakin arriskutsuak sortzeko baimendutako gehieneko kopuruaren gainean kalkulatuta.

h) Hondakin ez-arriskutsuen sorrera urtean 20 tonatik gora handitzea, betiere hondakin ez-arriskutsu guztien % 25 baino gehiago bada, hondakin geldoak barne, hondakinak sortzeko baimendutako gehieneko kopuruaren gainean kalkulatuta.

i) Airera egindako emisioen edo hondakin uren tratamendurako sistemen aldaketa adierazgarriak, edo, hondakinak kudeatzeko instalazioen kasuan, prozesuen aldaketa adierazgarriak.

j) Produktu kimikoak, substantzia arrisku garrantzitsuak eta hondakinak biltegiratzeko ahalmen osoa % 40 baino gehiago handitzea, gaien eta produktuen unitateetan adierazita.

k) Instalazioaren edo establezimenduaren edozein handitze, bera bakarrik 1.000 m² eraikitik gorakoa bada. Handitzeak jarduketa bat baino gehiago badu, guztien baturaren azalera eraikia hartu behar da.

l) Abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako Establezimenduetako Suteen aurkako Segurtasun Erregelamenduaren I. eranskineko 1.3 taulan ezarritako 8 mailekin edo indarreko araudiarekin bat etorrita, suteen sektorearen berezko arrisku maila aldatua handitzea.

m) Erregelamendu honen II. eranskinean ezarritako instalazio edo jarduera berri bat sartzea dakarren edozein handitze edo aldaketa.

n) Biltegiratu, banatu eta/edo aplikatzeko instalazioetako bioziden toxikotasunaren kategoriak gora egitea dakarren edozein handitze edo aldaketa.

2. Aurreko apartatuan adierazitako irizpide kuantitatiboen eta kualitatiboen zerrenda ez da mugatzailea. Nolanahi ere, ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak irizpide murriztaileagoak ezartzen ahalko ditu kasu batzuetan, sartu nahi den aldaketaren inguruabar zehatzen ondorioz.

3. Instalazio batean ondoz ondoko aldaketa adierazgarriak egiten badira ingurumen baimen integratua berrikusi baino lehen edo berrikuspenen arteko aldian, funtsezko aldaketatzat joko da artikulu honen lehenengo apartatuan ezarritako irizpideetako bat betetzen duten aldaketa adierazgarri bi edo gehiagoren batuketa.

32. artikulua. Instalazioaren aldaketa adierazgarrirako prozedura.

1. Aldaketa adierazgarri bat egin nahi duen instalazioaren titularrak instalazioan aldaketa adierazgarri hori egiteko eskabidea aurkeztu beharko du ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoaren aurrean. Eskabidearekin batera, aldaketaren proiektu teknikoa eta jardueraren aldaketak ukitu ahal dituen baldintzei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko ditu.

2. Aldaketaren ondorioz ingurumen baimen integratua emateko prozeduran ezarritako hirigintzako txostenean aintzat hartutako hirigintzako inguruabarrak aldatzen badira, titularrak udalaren aldeko beste txosten bat aurkeztu beharko du hirigintzako bateragarritsunari buruz. Txosten horretan soilik aztertuko da proiektua ba ote datorren bat eskabidea egiten denean instalazioa kokatuta dagoen, edo kokatuko den, lurzatietan aplikatuko beharreko hirigintzako araudiarekin. Udalak ez badu txostena egiten hogeita hamar eguneko epean, nahikoa izanen da eskaeraren kopia aurkeztea.

Nolanahi ere, hirigintzako txostenak negatiboa bada, edozein unetan eman dela ere, baina ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak prozedurari amaiera emateko ebazpena eman aurretik jaso du, organo eskudunak ebazpena emanen du, ebazpen hori eragin duten arrazoiak azalduz, prozedurari amaiera emateko eta jarduketak artxibatzeko.

3. Ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak errekerimendua egiten ahalko dio baimenaren titularrari, hamar eguneko epean eskabidearen akatsak zuzen ditzan edo behar den dokumentazioa aurkez dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

4. Aldaketak ingurumen baimen integratua emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie organo eskudunei. Txosten hori hilabeteko epearen barruan eman beharko da.

5. Proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa egin ondoren, ebazpen proposamen bat idatziko da aldaketa egiteko eskabideari buruz. Ebazpen horrek eman diren txosten lotesleek eragindako baldintzak jasoko ditu, eta gainerako txostenei eta planteatutako gaiei buruz erabakiko du. Ebazpen proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epearen barruan alegazioak egin eta egoki irizten dieten dokumentuak eta justifikazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

6. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkeztu badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, aurreko izapideetan txosten lotesleak emateko eskumena duten organoei helaraziko zaizkie alegazioak, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

7. Ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedura amaitzeko ebazpena, hiru hilabeteko epean gehienez. Epe hori igaro eta berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, aurkeztutako eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

8. Ebazpena hauei jakinaraziko zaie: titularrari, instalazioa dagoen udal-mugarteko udalari eta txosten loteslea eman duten gainerako organoei. Halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

33. artikulua. Ingurumen baimen integratuan aldaketa adierazgarria egiteko prozeduraren berezitasunak ingurumen eraginaren ebaluazioa behar denean.

1. Ingurumen baimen integratuan aldaketa adierazgarria egiteko eskabideari hauek erantsiko zaizkio, kasu bakoitzaren arabera, ingurumen baimen integratuan aldaketa adierazgarria eskatzeko behar den gainerako agiriekin batera:

a) Ingurumen eraginaren azterketa.

b) Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea, ingurumen agiriarekin batera.

2. Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta behar duten proiektuen kasuan, aldaketa adierazgarria egiteko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa osatu ondoren, jendaurreko aldi bat zabalduko da, hogeita hamar egunekoa gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Erregelamendu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

3. Ingurumen baimen integratuan aldaketa adierazgarria onesteko organo eskudunak eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko organo eskudunak erregelamendu honetan ezarritako izapideak egiten jarraituko dute, eta, zehazki, 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoa beteko da, kasu bakoitzean dagokionaren arabera.

34. artikulua. Instalazioaren aldaketa ez-adierazgarria.

Aldaketa ez-adierazgarria da instalazioetan egindako edozein aldaketa, Estatuan arlo horretan indarrean dagoen oinarrizko araudiaren arabera funtsezkotzat jotzen ez bada, eta, erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera aldaketa adierazgarritzat jotzen ez bada.

Instalazioaren aldaketa ez-adierazgarriaren ondorioz ingurumen baimen integratua aldatu behar bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, iragarki baten bidez.

35. artikulua. Ingurumen baimen integratua titularrak eskatuta aldatzeko prozedura sinplifikatua.

1. Titularrak ingurumen baimen integratuan ezarritako isurien muga-balioak edo funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskatzen ahalko du, baldin eta justifikatu ahal badu instalazioaren funtzionamenduak bete egiten dituela aplikatzekoak zaizkion teknika erabilgarri onenak (TEO), eta, bereziki, aplikatzekoak diren TEO horien inguruko konklusioei dagozkien erabakiak.

2. Eskabidea ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztu beharko da, eskatutako aldaketak azaltzen dituen memoria tekniko batekin eta, eskatutako baldintza berriei esker, instalazioak aplikatzekoak zaizkion teknika erabilgarri onenekin (TEO) bat etorrita, eta, bereziki, aplikatzekoak diren TEO horien inguruko konklusioei dagozkien erabakiekin bat etorrita funtzionatzen ahalko duela justifikatzen duen azterlanarekin batera.

3. Aldaketak ingurumen baimen integratua emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie organo eskudunei.

4. Eskatutako aldaketen ingurumen eraginaren ebaluazioa egin ondoren, ebazpen proposamena idatziko da eta interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epearen barruan alegazioak egin eta egoki irizten dieten dokumentuak eta justifikazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

5. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkezten badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, alegazio horiek organoei eskudunei helaraziko zaizkie, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

6. Ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedura amaitzeko ebazpena, hiru hilabeteko epean gehienez. Epe hori igaro eta berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, aurkeztutako eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

7. Ebazpena hauei jakinaraziko zaie: titularrari, instalazioa dagoen udal-mugarteko udalari eta txosten loteslea eman duten gainerako organoei. Halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8. Ingurumen baimen integratua aldatzeko ebazpenean ezarritako baldintzek indarra izanen dute ebazpen hori ematen den egunetik aurrera, eta, hala balegokie, ebazpenean berariaz zehaztutako egunetik aurrera.

3. ATALA

Ingurumen baimen bateratuen aldaketak

36. artikulua. Ingurumen baimen bateratuaren aldaketa.

1. Ingurumen baimen bateratua behar duten instalazioetan egiten diren aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke, eta araubide hau izanen dute:

a) Instalazioaren titularrak ingurumen baimen bateratua behar duen instalazioan proiektatzen den jardueraren edozein aldaketa jakinarazi beharko dio ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoari, dela ekoizpen-prozesuan dela ingurumen emaitzekin lotutako alderdietan gertatutakoa, eta adierazi beharko du, arrazoituz, funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, bere iritziz.

b) Hilabeteko epearen barruan, ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak berariaz zehaztu beharko du jakinarazitako aldaketa funtsezkoa den ala ez.

c) Instalazioaren titularraren iritziz jakinarazitako aldaketa ez-funtsezkoa denean, gauzatzen ahalko du, baldin eta ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak kontrako irizpenik eman ez badu hilabeteko epean. Hala ere, obra-lizentzia edo beharrezkoak diren bestelako baimenak izapidetu beharko dira.

d) Instalazio titularrak edo ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak aldaketa funtsezkoa dela ulertzen badu, aldaketa ez da gauzatzen ahalko harik eta ingurumen baimen bateratua 38. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez aldatu arte.

e) Ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak aldaketa mota zehazteko ematen duen ebazpenak hamar hilabeteko indarraldia izanen du. Epe hori igarotzen bada titularrak aldaketa egiteko prozedura hasi gabe, ebazpenak eraginkor izateari utziko dio, eta titularrak berriro jakinarazi beharko du aldaketa.

2. Ingurumen baimen bateratuaren funtsezko aldaketa egiteko ingurumen eraginaren ebaluazioa behar bada, 30. artikuluan ezarritako prozedura beteko da.

37. artikulua. Ingurumen baimen bateratuaren funtsezko aldaketa.

Funtsezko aldaketa da instalazioan egiten den edozein aldaketa, ondoren aipatutako inguruabarren bat badakar, besteak beste:

a) Edozein handitze edo aldaketa, berak bakarrik Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskinean ezarritako ahalmen atalaseetako bat gainditzen badu, halako atalaserik badago, edo ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egiteko prozedura egin behar bada arlo horretan Estatuan indarrean dagon araudiarekin bat etorrita.

b) Jardueran edo instalazioan, produktu unitateetan neurtuta, ekoizteko ahalmena % 50 baino gehiago handitzea. Hondakinak kudeatzeko baimendutako zentroen kasuan, ekoizteko ahalmena kudeatutako hondakinen unitateetan zehaztuko da. Abeltzaintzako instalazioen kasuan, ekoizteko ahalmena ustiapenaren ekoizpenaren ildoa definitzen duten abereen plaza kopuruaren bidez eta aziendaren unitateen kopuruaren (AzLU) bidez zehaztuko da.

c) Uraren, lehengaien edo energiaren kontsumoan baimendutako kopuruak % 50 baino gehiago handitzea.

d) Ingurumen baimen bateratuan ageri diren airearen kutsatzaileetatik edozeinen masa-emisioa edo foku igorle bakoitzean sortutako aireratze guztien masa-emisioa % 25 baino gehiago handitzea, baita Airea Kutsa Dezaketen Jardueren Katalogoko A edo B taldeetan sailkatutako foku igorle berriak sartzea eta kutsatzaile berriak sartzea adierazgarriak ez diren kopuruetan.

e) Ingurumen baimen bateratuan agertzen den edozein kutsatzaileren masa-emisioa edo isurketen kontzentrazioa edo isurketaren emaria % 25 baino gehiago handitzea, eta kutsatzaile berriak sartzea adierazgarriak ez diren kopuruetan.

f) Ingurumen baimen bateratuan ageri den uren araudiaren araberako lehentasunezko edozein substantziaren masa-emisioa edo isurketaren isuri-kontzentrazioa edo isurketaren emaria % 25 baino gehiago handitzea.

g) Hondakin arriskutsuen sorrera urtean 4 tonatik gora handitzea, betiere prozesuaren aldaketa estrukturala egiten bada, eta guztira sortutako hondakin arriskutsuen % 25etik gorako gehikuntza bada, hondakin arriskutsuak sortzeko baimendutako gehieneko kopuruaren gainean kalkulatuta.

h) Hondakin ez-arriskutsuen sorrera urtean 20 tonatik gora handitzea, betiere hondakin ez-arriskutsu guztien % 50 baino gehiago bada, hondakin geldoak barne, hondakinak sortzeko baimendutako gehieneko kopuruaren gainean kalkulatuta.

i) Airera egindako emisioen edo hondakin uren tratamendurako sistemen aldaketa adierazgarriak, edo, hondakinak kudeatzeko instalazioen kasuan, prozesuen aldaketa adierazgarriak.

j) Produktu kimikoak, substantzia arrisku garrantzitsuak eta hondakinak biltegiratzeko ahalmen osoa % 40 baino gehiago handitzea, gaien eta produktuen unitateetan adierazita.

k) Instalazioaren edo establezimenduaren edozein handitze, bera bakarrik 1.000 m² eraikitik gorakoa bada. Handitzeak jarduketa bat baino gehiago badu, guztien baturaren azalera eraikia hartu behar da.

l) Abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako Establezimenduetako Suteen aurkako Segurtasun Erregelamenduaren I. eranskineko 1.3 taulan ezarritako 8 mailekin edo indarreko araudiarekin bat etorrita, suteen sektorearen berezko arrisku maila aldatua handitzea.

m) Erregelamendu honen II. eranskinean ezarritako instalazio edo jarduera berri bat sartzea dakarren edozein handitze edo aldaketa.

n) Biltegiratu, banatu eta/edo aplikatzeko instalazioetako bioziden toxikotasunaren kategoriak gora egitea dakarren edozein handitze edo aldaketa.

2. Aurreko apartatuan adierazitako irizpide kuantitatiboen eta kualitatiboen zerrenda ez da mugatzailea. Nolanahi ere, ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak irizpide murriztaileagoak ezartzen ahalko ditu kasu batzuetan, sartu nahi den aldaketaren inguruabar zehatzen ondorioz.

3. Instalazio batean ondoz ondoko aldaketa ez-funtsezkoak egiten badira, funtsezko aldaketatzat joko da artikulu honen lehenengo apartatuan ezarritako irizpideetako bat betetzen duten aldaketa ez-funtsezko bi edo gehiagoren batuketa.

38. artikulua. Ingurumen baimen bateratua funtsezko aldaketa bat egiteko prozedura.

1. Funtsezko aldaketa bat egin nahi duen instalazioaren titularrak instalazioan funtsezko aldaketa hori egiteko eskabidea aurkeztu beharko du ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoaren aurrean. Eskabidearekin batera, aldaketaren proiektu teknikoa eta jardueraren aldaketak ukitu ahal dituen baldintzei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko ditu.

2. Aldaketaren ondorioz ingurumen baimen bateratua emateko prozeduran ezarritako hirigintzako txostenean aintzat hartutako hirigintzako inguruabarrak aldatzen badira, titularrak udalaren aldeko beste txosten bat aurkeztu beharko du hirigintzako bateragarritsunari buruz. Txosten horretan soilik aztertuko da proiektua ba ote datorren bat eskabidea egiten denean instalazioa kokatuta dagoen, edo kokatuko den, lurzatietan aplikatuko beharreko araudiarekin. Udalak ez badu txostena egiten hogeita hamar eguneko epean, nahikoa izanen da eskaeraren kopia aurkeztea.

Nolanahi ere, hirigintzako txostena negatiboa bada, edozein unetan eman dela ere, baina ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak prozedurari amaiera emateko ebazpena eman aurretik jaso badu, organo eskudunak ebazpena emanen du, ebazpen hori eragin duten arrazoiak azalduz, prozedurari amaiera emateko eta jarduketak artxibatzeko.

3. Ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak errekerimendua egiten ahalko dio baimenaren titularrari, hamar eguneko epean eskabidearen akatsak zuzen ditzan edo behar den dokumentazioa aurkez dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

4. Ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du aldaketaren espedientea, gutxienez hogei egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta.

5. Jendaurreko aldia amaitu ondoren, ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak espedientearen kopia eta jasotako alegazioak eta oharrak helaraziko dizkie instalazioa kokatuko den lekuko udalari eta beren eskumenen arloko gaiei buruzko erabakiak hartu behar dituzten organoei.

6. Halaber, jendaurreko izapidean jasotako alegazioak eta oharrak sustatzaileari bidaliko zaizkio, hamabost eguneko epearen barruan egokitzat jotzen duena adieraz dezan.

7. Aldaketak ingurumen baimen bateratua emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie udalari eta organo eskudunei. Txosten hori hilabeteko epearen barruan eman beharko da.

8. Proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa egin ondoren, ebazpen proposamen bat idatziko da aldaketa egiteko eskabideari buruz. Ebazpen horrek eman diren txosten lotesleek eragindako baldintzak jasoko ditu, eta gainerako txostenei eta planteatutako gaiei buruz erabakiko du. Ebazpen proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epearen barruan alegazioak egin eta egoki irizten dieten dokumentuak eta justifikazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

9. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkeztu badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, aurreko izapideetan txosten lotesleak emateko eskumena duten organoei helaraziko zaizkie alegazioak, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

10 Ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen ingurumenaren arloko organoak eman eta jakinaraziko du prozedura amaitzeko ebazpena, hiru hilabeteko epean gehienez. Epe hori igaro eta berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, aurkeztutako eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

11. Ebazpena hauei jakinaraziko zaie: titularrari, instalazioa dagoen udal-mugarteko udalari, txosten loteslea eman duten gainerako organoei eta, aldaketak loturarik badu Estatu Administrazio Orokorrak kudeatutako arroetako ur kontinentaletara egindako isurketekin, arroko erakundeari. Halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

39. artikulua. Instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoa.

Aldaketa ez-funtsezkoa da instalazioan egiten den eta erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera funtsezkotzat jotzen ez den edozein aldaketa.

Instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoaren ondorioz ingurumen baimen bateratua aldatu behar bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, iragarki baten bidez.

40. artikulua. Ingurumen baimen bateratua ofizioz aldatzeko prozedura.

1. Ingurumen baimen bateratua ofizioz aldatzeko prozedurak baimena emateko eskumena duen organoaren ebazpen bidez hasiko da, eta hartan aldaketarako arrazoiak eta aldatu gogo diren baldintzak zehaztu beharko dira, baita hura ezartzeko epea ere. Epe horrek zentzuzkoa izan beharko du.

2. Aldaketak ingurumen baimen bateratua emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie organo eskudunei.

3. Egokitzat jotzen badu, ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du aldaketaren espedientea, gutxienez hamabost egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta.

4. Ebazpen proposamena eta, egiten bada, jendaurreko aldiaren emaitza ingurumen baimen bateratuaren titularrari helaraziko zaizkio, hogei eguneko epearen barruan egoki irizten dien alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

5. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkezten badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, alegazio horiek organoei eskudunei helaraziko zaizkie, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

6. Ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedura amaitzeko ebazpena, hiru hilabeteko epean gehienez. Ebazpen hori hauei jakinaraziko zaie: titularrari, instalazioa dagoen udal-mugarteko udalari, txosten loteslea eman duten gainerako organoei eta gainerako interesdunei. Halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7. Ingurumen baimen bateratua ofizioz aldatzeko ebazpenean ezarritako baldintzek indarra izanen dute ebazpen hori ematen den egunetik aurrera, eta, hala balegokie, ebazpenean berariaz zehaztutako egunetik aurrera.

41. artikulua. Ingurumen baimen bateratua titularrak eskatuta aldatzeko prozedura.

1. Eskabidea ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztu beharko da, eskatutako aldaketak azaltzen dituen memoria tekniko batekin eta, eskatutako baldintza berriei esker, instalazioak aplikatzekoak zaizkion teknika erabilgarri onenekin (TEO) bat etorrita funtzionatzen ahalko duela justifikatzen duen azterlanarekin batera.

2. Aldaketak ingurumen baimen bateratua emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie organo eskudunei. Halaber, lurzoru urbanizaezinerako baimen berri bat beharko da lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian aurreikusitako kasuetan.

3. Egokitzat jotzen badu, ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du aldaketaren espedientea, gutxienez hamabost egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta.

Kasu horretan, jendaurreko aldiaren emaitza ingurumen baimen bateratuaren titularrari helaraziko zaio, hamabost eguneko epearen barruan egoki irizten dien alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

4. Eskatutako aldaketen ingurumen eraginaren ebaluazioa egin ondoren, ebazpen proposamena idatziko da eta interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epearen barruan alegazioak egin eta egoki irizten dieten dokumentuak eta justifikazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

5. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkezten badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, alegazio horiek organoei eskudunei helaraziko zaizkie, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

6. Ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoak emanen du prozedura amaitzeko ebazpena, hiru hilabeteko epean gehienez. Epe hori igaro eta berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, aurkeztutako eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

7. Ebazpena hauei jakinaraziko zaie: titularrari, instalazioa dagoen udal-mugarteko udalari eta txosten loteslea eman duten gainerako organoei. Halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8. Ingurumen baimen bateratua aldatzeko ebazpenean ezarritako baldintzek indarra izanen dute ebazpen hori ematen den egunetik aurrera, eta, hala balegokie, ebazpenean berariaz zehaztutako egunetik aurrera.

III. TITULUA

Ingurumen ukipenen ebaluazioa

42. artikulua. Ingurumen ukipenen ebaluazioa egiteko eskabidearen aurkezpena.

1. Ingurumen ukipenen ebaluazioa egiteko eskabidea jarduerarako baimen substantiboa emateko eskumena duen organoari aurkeztuko zaio, eta organo horrek ingurumen ukipenei buruzko txostena egiteko eskumena duen organoari bidaliko dio.

2. Ingurumen ukipenen ebaluaziorako epea eskabidea aurkeztu den egunean hasiko da zenbatzen, betiere eskabidearekin batera hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten bada. Hala ere, horrek ez dio eraginen aurkeztutako dokumentazioa administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera zuzentzeko eskubideari.

43. artikulua. Ingurumen ukipenen ebaluazioa egiteko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien edukia.

Ingurumen ukipenen ebaluazioa egiteko eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da, gutxienez:

a) Jarduera edo instalazioa zehatz deskribatzen duen dokumentu teknikoa. Hauek sartuko dira:

–Proiektuaren xedearen deskribapen tekniko laburra.

–Egon daitezkeen aukeren azalpena.

–Hasierako eta amaierako egoeraren plano topografikoa.

–Gauzatzeko eta funtzionamenduan jartzeko epeak.

b) Ingurumen ukipenei buruzko azterlana, non ingurumenean izan ditzaketen ondorioak identifikatu eta ebaluatuko baitira. Ingurumen ukipenei buruzko azterlanak proiektuaren edo jarduketaren tamainara eta eremuko ingurumeneko egoerara egokitu beharko dira. Hori dela eta, inguruabar horiek aintzat hartuta, gehiago edo gutxiago zehaztu beharko da dokumentazioa. Ingurumen ukipenei buruzko azterlanean alderdi hauek garatuko dira, oro har:

a. Proiektatutako jarduketaren eragina izan dezaketen balio ekologikoen eta ingurumenekoen deskribapena eta ebaluazioa. Landaredi naturalaren, flora eta fauna bereziaren edo mehatxatuaren identifikazioa eta ezaugarriak eta lekuak haientzat duen garrantzia. Geologia, ekologia eta paisaiaren aldetik bereziak diren elementuen identifikazioa. Jarduketa Natura 2000 sareko espazio baten edo naturagune babestu (NGB) baten barruan edo haren inguruan badago, kapitulu berezi batean sartu beharko dira espazio horiek ingurumen aldetik dituzten balioen gaineko ukipenak.

b. Kulturaren arloko eskumenak dituen departamentuaren txostena, eremuan izan litezkeen aurkikuntzei edo aztarnategiei buruzkoa. Interes kulturaleko elementuen identifikazioa.

c. Lehen aipatu diren ingurumeneko balioak eta balio kulturalen kartografia egokia.

d. Proiektuak gorago identifikatutako alderdi bakoitzaren gainean ustez izan ditzakeen ingurumen ukipenen azalpena eta balorazioa. Eta, bidezkoa bada, aldaketa klimatikoan izan ditzakeen ukipenen azalpena eta balorazioa. Proiektuak inguru horretan garatutako beste jarduketa batzuekin batera izan dezakeen inpaktu metatua baloratu beharko da ere.

e. Babes neurriak eta neurri zuzentzaileak. Hala badagokio, egon daitezkeen konpentsazio neurriak.

f. Obrak egiteko fasean eta ustiatzeko fasean jarduerak hala behar duenean ingurumena zaintzeko programa.

44. artikulua. Ingurumen ukipenen ebaluazioaren aldaketa.

Ingurumen ukipenen ebaluazioa behar duen proiektu baten ezaugarriak aldatzen direnean, aldaketa hori, bera bakarrik, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 2. eranskinean ezarritako atalaseetara iristen bada, ingurumen ukipenen ebaluazio berri bat beharko du.

IV. TITULUA

Jarduera sailkaturako lizentzia

45. artikulua. Jarduera sailkaturako lizentziaren eskabidearen aurkezpena.

1. Jarduera sailkaturako lizentzia lortzeko eskabidea jarduera kokatuko den udal-mugarteko toki entitatean aurkeztuko da, eta proiektu tekniko bat erantsi beharko da.

2. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko epea eskabidea aurkezten den egunean hasiko da zenbatzen, betiere proiektu teknikoa eransten bada hurrengo artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

3. Eskabidean instalazioaren titularraren edo titularren identitatea adierazi beharko da. Titularra da instalazioa osorik edo partzialki ustiatzen duen edo haren jabea den pertsona fisikoa edo juridikoa.

46. artikulua. Proiektu teknikoaren edukia.

1. Proiektu teknikoaren edukiak alderdi hauek garatuko ditu, gutxienez:

a) Jardueraren azalpena. Hauek zehaztuko dira: instalazioak, okupatutako azalerak eta azalera eraikiak, ekoizpen-prozesuak, lehengaien kontsumoak, makinen zerrenda eta eskaintzen den produktu edo zerbitzu mota.

b) Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal den jarduera denean, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko araudian aurreikusitako dokumentazio teknikoa. Hala dagokienean, Nafarroan industrialdeak eta industria jarduerak ezartzeko galdatzen den dokumentazioa ere aurkeztuko da.

c) Lurzoru urbanizaezinean garatutako jarduera bat denean, jarduerak izan ditzakeen ingurumen ukipenei dagokien dokumentazioa.

d) Airera, uretara eta lurzorura ustez eginen diren isuri guztien identifikazioa, baita zarata eta dardarena ere, haien jatorria eta isuritako substantzia kutsagarrien isurien muga-balioak eta instalazioak sortutako kanpoko zarataren maila adierazita.

e) Jardueran sortzen diren hondakin mota guztien zerrenda zehatza, haien LER kodea eta sortutako kantitateak edo estimatzen direnak adierazita. Halaber, haietako bakoitzerako, instalazioetan egindako kudeaketa prozedura eta kudeaketaren kodea eta azken eragiketa zehaztuko dira.

f) Sortzen diren isurketa eta hondakinetarako aurreikusitako neurri zuzentzaileak eta arazketa sistemak, eta uraren eta energiaren erabilera eraginkorrerako neurriak.

g) Hala dagokionean, eranskin berezi bat, non, hondakinen arloan indarra duen araudiarekin bat, hondakinen sortzailearen edo kudeatzailearen baimena jasotzeko beharrezkoa den dokumentazioa jasoko baita.

h) Kontrolatu eta zaintzeko sistemak: isuri eta hondakinak kontrolatzeko sistema eta prozedurak, haiek neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.

i) Suteen kontrako berariazko neurriak, aplikagarria den araudiarekin bat aurreikusiak.

j) Erregelamendu honen II. eranskinean ezarritakoarekin bat etorrita, instalazioak edo jarduerak osasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena behar duen ala ez berariaz justifikatzen duen dokumentua. Txosten hori behar izanez gero, eranskin berezi bat sartuko da, non bereizita deskribatuko baitira alderdi sanitario hauek, kasu bakoitzean dagokionaren arabera: giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionellosiaren prebentzioa, hileta-osasuna, biozidak, tatuajeak eta piercinga, tabakoaren arloko osasun arauak, uraren aisialdiko erabilera eta osasun hondakinak.

k) Erregelamendu honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorrita, instalazioak edo jarduerak babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena behar duen ala ez berariaz justifikatzen duen dokumentua. Txosten hori behar izanez gero, eranskin berezi bat sartuko da, non, aplikatzekoa den legeriarekin bat, suteetatik babesteko aurreikusitako neurriak deskribatuko baitira.

l) Abeltzaintzako instalazioen proiektuetan, martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren (abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen ditu) 13. eranskinean ezarritako dokumentazioa.

m) Kokapena lehengoratzeko neurriei behar bezala erantzuteko behar den fidantza ekonomikoaren zenbatekoa zehaztu ahal izateko behar den informazio teknikoa eta ekonomikoa, bidezkoa den kasuetarako.

n) Instalazioan izandako istripuek edo funtzionamendu okerrak ingurumenerako edo pertsonen osasunerako sor ditzaketen ondorio kaltegarriak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguruaren kalte-ordainen muga zehazteko behar den informazio zehatza, hori bidezkoa denean, eta, hondakin arriskutsuen sortzaileen kasu berezian, hondakinen arloko indarreko legerian ezarritakoaren araberako aseguruarenak.

ñ) Kasu bakoitzean aplikatzeko den araudi sektorialak eskatutako beste edozein informazio edo agiri.

2. Proiektu teknikoak agiri hauek izan beharko ditu:

a) Aurreko puntuan jasotako alderdiei buruzko memoria.

b) Fluxu-diagrama, jardueraren prozesua eta garapena etapa guztietan zehaztuta.

c) Memorian kontuan hartutako alderdiak azaltzen dituen dokumentazio grafikoa, honako plano edo diagramak biltzen dituena, gutxienez: jardueraren lekua eta kokapena, prozesua eta instalazioak, hondakin uren eta euri-uren sareak, neurri zuzentzaileak eta arazketa sistemak, ingurumen ukipenak eta suteen kontrako babes neurriak.

d) Proiektuan sartutako ingurumena babesteko neurri guztien kostua jasotzen duen aurrekontu ekonomikoa.

47. artikulua. Izapidetzeko onartzea.

Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak jarduerarako lizentzia ez onartzea erabaki dezake, berariaz eta arrazoituta, hamabost eguneko epearen barruan, hirigintzako plangintzan edo udal ordenantzetan oinarrituriko udalaren eskumenen arloko arrazoiak erabiliz.

48. artikulua. Jendaurreko aldia eta entzunaldia.

1. Jarduera sailkaturako lizentzia lortzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia osatu ondoren, jendaurreko aldi bat zabalduko da, hogei egunekoa gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, udalaren oholean iragarkia jartzen denetik eta proposatutako kokalekuaren ondoko finken jabeei eta okupatzaileek zuzenean jakinarazten zaienetik zenbatuta, jarduerak ukitzen dituela uste dutenek egoki irizten dieten alegazioak aurkez ditzaten. Udalerri konposatuetan, kasuan kasuko kontzejuei ere jakinaraziko zaie.

2. Jarduerak beste administrazio baimen substantiboren bat behar badu, baimenaren jendaurreko izapidea baimen horren izapidearekin batera egiten ahalko da.

3. Jendaurreko izapidetik salbuetsita egonen dira jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak konfidentzialtzat jo dituen datuak. Indarreko xedapenek ezarritakoarekin bat etorrita ezarriko du konfidentzialtasuna, sustatzaileak eskatu ondoren.

4. Jendaurreko izapidean jasotako alegazioak eta oharrak sustatzaileari bidaliko zaizkio, hamabost eguneko epearen barruan egokitzat jotzen duena adieraz dezan.

49. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen txostenak.

1. Jendaurreko aldi amaitu ondoren, toki entitateko zerbitzu teknikoek behar diren txostenak emanen dituzte, eta espedientearen kopia bat helaraziko zaie, jasotako alegazioekin eta oharrekin batera, beren eskumenen arloko gaiei buruzko erabakiak eman behar dituzten administrazio publiko guztiei.

2. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak ezartzeko edo aldatzeko proiektuek lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena behar dutenean, lizentzia eman aurretik, espediente osoa bidali beharko da lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen departamentura, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko indarreko legerian xedatutakoarekin bat etorrita.

3. Nolanahi ere, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenak dituen departamentuak lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena ukatzen badu, jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak ebazpen arrazoitua emanen du, eta prozedurari amaiera emanen dio eta jarduketak artxibatuko ditu.

4. I. edo II. eranskinean sartutako proiektuek, jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak ezartzeko edo aldatzeko direnek, gai horietan eskumena duten departamentuen txostena beharko dute, pertsonen osasunean edo pertsonen edo ondasunen segurtasunean eta osotasunean izan ditzaketen arriskuei dagokienez. Zehazki, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuak edo erakunde publikoak txostena eman beharko du suteen aurka babesteko eta, ezbeharren bat izanez gero, ebakuaziorako neurriei buruz.

5. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak ezartzeko edo aldatzeko proiektuak irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartuta daudenean (Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako), babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena beharko dute.

6. Artikulu honetan aipatutako txostenak aginduzkoak eta lotesleak izanen dira toki entitateentzat lizentziak ematen direnean.

7. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko organoek jarduera sailkaturako lizentzia izapidetzean eman behar dituzten txostenak hilabeteko epearen barruan eman beharko dira, jendaurreko izapidearen emaitza jasotzen denetik zenbatuta. Ez da epe hori bete beharko txosten horiei aplikatu beharreko araudiak epe luzeagoa ezartzeko aukera ematen badu, epe hori bete beharko baita.

Epe hori iraganik, eman eta jakinarazten ez badira, tramitazioak jarraituko du.

50. artikulua. Abeltzaintzako instalazioak.

Abeltzaintzako instalazioen proiektuetan, martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan (abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen ditu) ezarritakoarekin bat, titularrak aurkeztutako dokumentazioa abeltzaintzako baimena emateko eskumena duen organoari bidali beharko dio udalak.

51. artikulua. Kolektorera isuriak egiteko baimena.

Hala badagokio, jarduera sailkaturako lizentziak Nafarroako Foru Administrazioak edo toki entitateek edo haien mendeko entitateek kudeatutako saneamenduko sare publikora isuriak egiteko baimenari dagozkion baldintzak jasoko ditu, isurien arloko indarreko legerian ezarritakoarekin bat etorrita.

Hala badagokio, zerbitzuen mankomunitateei txostena eskatu beharko zaie jarduerarako garrantzitsuak diren alderdiei buruz, eta kolektoreen sarean hondakin urak isurtzea eta jarduerak sortzen dituen hondakinak botatzea onartzen dutela adierazi beharko dute, hala erabakitzen badute.

52. artikulua. Ebazpen proposamena eta entzunaldia emateko izapidea.

1. Aurreko artikuluetan aipatutako oharrak, alegazioak eta txostenak kontuan hartuta, ebazpen proposamena eginen da. Ebazpenean nahitaez jaso beharko da aurkezturiko alegazioei dagokien erantzuna, eta berariaz aipatu beharko da hirigintzako eta ingurumeneko araudia betetzen dela, eta, hala erabaki bada, hondakin urak kolektore publikoen sarean isurtzea edo hondakinak etxeko hondakinak kudeatzeko udal zerbitzuetan botatzea onartzeko aukera sartuko da.

2. Ebazpen proposamena egin ondoren, entzunaldia emanen zaie lizentziaren eskatzaileari eta gainerako interesdunei, hamabost eguneko epean beren alegazioak egin eta egoki irizten dieten dokumentuak eta justifikazioak aurkeztu ahal izan ditzaten. Interesdunek txosten lotesleen gai izan diren alderdien gaineko alegaziorik egiten badute, alegazio horiek, ebazpen proposamenarekin batera, txosten horiek egiteko eskudun diren organoei helaraziko zaizkie, beren eskumeneko gaiei buruzko alderdien gainean, egoki irizten diotena esan dezaten, eta diotena loteslea izanen da.

53. artikulua. Ebazpena.

1. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedura amaitzeko ebazpena, eskaera osoa aurkezten den egunetik hasita lau hilabeteko epean gehienez. Lau hilabeteko gehieneko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, jarduera sailkaturako lizentziaren eskaria ezetsitzat jo beharko da.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da eta, nolanahi ere, izapidetzean aurkeztutako alegazioak eta haiei buruzko balorazioa jasoko ditu, eta Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 43. artikuluan ezarritako edukia izanen du.

3. Ebazpena jakinarazi beharko zaie instalazioaren titularrari, txosten loteslea eman duten organo administratiboei, informazio publikoaren epean alegazioak aurkeztu dituztenei eta prozeduran interesa duten gainerako pertsonei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

4. Udal konposatuen kasuan, emandako jarduera lizentziak igorri beharko dizkiete kasuan kasuko kontzejuei bost eguneko epean.

54. artikulua. Lizentzia arroko erakundeari jakinaraztea.

Jarduera sailkaturako lizentzia Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatutako arroetako ur kontinentaletara isuriak egitea dakarren jarduera baterako bada, jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak ebazpenaren kopia helaraziko dio arroko erakundeari, isurien zentsu nazionala behar bezala mantendu eta eguneratzeko lanetan elkarlanean aritzeko, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan ezarritakoarekin bat.

55. artikulua. Obra-lizentzia, jarduera sailkaturako lizentzia tramitatzen den bitartean.

1. Jarduera sailkaturako lizentzia tramitatzen den bitartean, obra-lizentziak ematen ahalko dira betekizun hauek betetzen dituzten instalazio eta jardueretarako:

a) Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenik behar ez izatea.

b) Pertsonen segurtasunerako arriskuren bat duten instalazioak eta jarduerak ez izatea.

c) Pertsonen osasunerako arriskuren bat duten instalazioak eta jarduerak ez izatea.

d) Abeltzaintzako baimenik behar ez izatea.

2. Kasu horietan, obrak gauzatzea titularraren erantzukizuna izanen da, ez beste inorena, eta horrexek ez du baldintzatuko jarduera sailkaturako lizentzia ematea edo ukatzea, ezta toki entitateak lizentzian adierazten dituen baldintzetara nahitaez egokitu beharra ere. Ondorio horretarako, udal konposatuek emandako jarduera lizentziak igorri beharko dizkiete beren kontzejuei bost eguneko epean.

56. artikulua. Jarduera sailkaturako lizentziaren xede den jardueraren hasiera eta lizentziaren iraungitzea.

1. Sustatzaileak abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duenean hasten ahalko da jarduera. Adierazpen hori Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat aurkeztu beharko da. Horrez gainera, jardueraren hasierako data zehaztu beharko da, eta jarduera sailkaturako lizentzian ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazi.

2. Epe hori igaro eta ez bada funtzionamenduan jarri, jarduera sailkatuaren lizentzia emateko eskumena duen organoak ebazpena emanen du, non berariaz adieraziko baitu jarduera sailkatuaren lizentzia edo lizentzia horren dagokion zatia iraungita dagoela, instalazioaren titularrari entzunaldia eman ondoren.

3. Jarduera sailkaturako lizentzia jabari publiko hidraulikora isuriak egitea dakarren jarduera baterako bada eta isuri hori egiteko arroko erakundearen baimena behar bada, abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, isuria egiteko baimena aurkeztu beharko da.

57. artikulua. Jardueraren edo instalazioaren aldatzeko araubidea.

Instalazioan aldaketa bat egiten dela ulertuko da hasieran emandako jarduera sailkaturako lizentzian aurreikusi gabeko aldaketa bat egin nahi denean, funtzionamendu baldintza normaletan, eta aldaketa horrek jardueraren edo instalazioaren ezaugarriei, ekoizpen-prozesuei, funtzionamenduari edo hedadurari eragiten badie.

Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten jarduera edo instalazioetan egiten diren aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke, eta araubide hau izanen dute:

a) Instalazioaren titularrak jarduera sailkaturako lizentzia behar duen jardueran edo instalazioan egin nahi den jardueraren ekoizpen-prozesuan edo jarduera horren ingurumenaren arloko emaitzekin lotutako alderdietan egindako edozein aldaketaren berri eman beharko dio jarduera sailkaturako lizentzia emateko organo eskudunari, eta arrazoitu egin beharko du funtsezkoa edo ez-funtsezkoan den.

b) Hilabeteko epearen barruan, jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak berariaz zehaztu beharko du jakinarazitako aldaketa funtsezkoa den ala ez.

c) Instalazioaren edo jardueraren titularraren iritziz jakinarazitako aldaketa ez-funtsezkoa denean, gauzatzen ahalko du, baldin eta jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak kontrako irizpenik eman ez badu hilabeteko epean. Hala ere, obra-lizentzia edo beharrezkoak diren bestelako baimenak izapidetu beharko dira.

d) Instalazio titularrak edo jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak aldaketa funtsezkotzat jotzen badu, aldaketa ez da gauzatzen ahalko harik eta jarduera sailkaturako lizentzia aldatu arte hurrengo artikuluan ezartzen den prozeduraren bidez.

e) Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak zer aldaketa mota den zehazteko ematen duen ebazpenak hamar hilabeteko indarraldia izanen du. Epe hori igarotzen bada titularrak aldaketa egiteko prozedura hasi gabe, ebazpenak eraginkor izateari utziko dio, eta titularrak berriro jakinarazi beharko du aldaketa.

58. artikulua. Jardueraren edo instalazioaren funtsezko aldaketa.

Funtsezko aldaketa da jardueran edo instalazioan egiten den edozein aldaketa, ondoren aipatutako inguruabarren bat badakar, besteak beste:

a) Edozein handitze edo aldaketa, bera bakarrik Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 3. eranskinean ezarritako ahalmen atalaseetara iriste bada, halako atalaserik badago.

b) Jardueran edo instalazioan, produktu unitateetan neurtuta, ekoizteko ahalmena % 50 baino gehiago handitzea. Hondakinak kudeatzeko baimendutako zentroen kasuan, ekoizteko ahalmena kudeatutako hondakinen unitateetan zehaztuko da. Abeltzaintzako instalazioen kasuan, ekoizteko ahalmena ustiapenaren ekoizpenaren ildoa definitzen duten abereen plaza kopuruaren bidez eta aziendaren unitateen kopuruaren (AzLU) bidez zehaztuko da.

c) Uraren, lehengaien edo energiaren kontsumoan baimendutako kopuruak % 50 baino gehiago handitzea.

d) Jarduera sailkaturako lizentzian ageri diren airearen kutsatzaileetatik edozeinen masa-emisioa edo foku igorle bakoitzean sortutako aireratze guztien masa-emisioa % 25 baino gehiago handitzea, baita Airea Kutsa Dezaketen Jardueren Katalogoko C taldean sailkatutako foku igorle berriak sartzea eta kutsatzaile berriak sartzea adierazgarriak ez diren kopuruetan.

e) Ingurumen baimen bateratuan agertzen den edozein kutsatzaileren masa-emisioa edo isurketen kontzentrazioa edo isurketaren emaria % 25 baino gehiago handitzea, eta kutsatzaile berriak sartzea adierazgarriak ez diren kopuruetan.

f) Ingurumen baimen bateratuan ageri den uren araudiaren araberako lehentasunezko edozein substantziaren masa-emisioa edo isurketaren isuri-kontzentrazioa edo isurketaren emaria % 25 baino gehiago handitzea.

g) Hondakin arriskutsuen sorrera urtean 4 tonatik gora handitzea, betiere prozesuaren aldaketa estrukturala egiten bada, eta guztira sortutako hondakin arriskutsuen % 25etik gorako gehikuntza bada, hondakin arriskutsuak sortzeko baimendutako gehieneko kopuruaren gainean kalkulatuta.

h) Hondakin ez-arriskutsuen sorrera urtean 20 tonatik gora handitzea, betiere hondakin ez-arriskutsu guztien % 50 baino gehiago bada, hondakin geldoak barne, hondakinak sortzeko baimendutako gehieneko kopuruaren gainean kalkulatuta.

i) Airera egindako emisioen edo hondakin uren tratamendurako sistemen aldaketa adierazgarriak, edo, hondakinak kudeatzeko instalazioen kasuan, prozesuen aldaketa adierazgarriak.

j) Produktu kimikoak, substantzia arrisku garrantzitsuak eta hondakinak biltegiratzeko ahalmen osoa % 40 baino gehiago handitzea, gaien eta produktuen unitateetan adierazita.

k) Instalazioaren edo establezimenduaren edozein handitze, berak bakarrik erregelamendu honen I. eranskinean ezarritako atalaseetako bat gainditzen badu. Handitzeak jarduketa bat baino gehiago badu, guztien baturaren azalera eraikia edo okupazioa hartu behar da.

l) Industrietan eta biltegiratzeetan, abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako Suteen aurkako Segurtasun Erregelamenduaren I. eranskineko 1.3 taulan ezarritako 8 mailekin edo indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita, suteen sektorearen berezko arrisku maila aldatua handitzea.

m) Erregelamendu honen II. eranskinean ezarritako instalazio edo jarduera berri bat sartzea dakarren edozein handitze edo aldaketa.

n) Biltegiratu, banatu eta/edo aplikatzeko instalazioetako bioziden toxikotasunaren kategoriak gora egitea dakarren edozein handitze edo aldaketa.

2. Aurreko apartatuan adierazitako irizpide kuantitatiboen eta kualitatiboen zerrenda ez da mugatzailea. Nolanahi ere, jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak irizpide murriztaileagoak ezartzen ahalko ditu kasu batzuetan, sartu nahi den aldaketaren inguruabar zehatzen ondorioz.

3. Jarduera edo instalazio batean ondoz ondoko aldaketa ez-funtsezkoak egiten badira, funtsezko aldaketatzat joko da artikulu honen lehenengo apartatuan ezarritako irizpideetako bat betetzen duten aldaketa ez-funtsezko bi edo gehiagoren batuketa.

59. artikulua. Jardueran edo instalazioaren funtsezko aldaketa egiteko prozedura.

1. Funtsezko aldaketa bat egin nahi duen jardueraren edo instalazioaren titularrak jardueran edo instalazioan funtsezko aldaketa hori egiteko eskabidea aurkeztu beharko du jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoaren aurrean. Eskabidearekin batera, aldaketaren proiektu teknikoa eta jardueraren aldaketak ukitu ahal dituen baldintzei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko ditu.

2. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak errekerimendua egiten ahalko dio lizentziaren titularrari, hamar eguneko epean eskabidearen akatsak zuzen ditzan edo behar den dokumentazioa aurkez dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

3. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du aldaketaren espedientea, gutxienez hamabost egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta.

Emaitzarik badago, jendaurreko aldiaren emaitza jarduera sailkaturako lizentziaren titularrari helaraziko zaio, hamabost eguneko epearen barruan egoki irizten dien alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

4. Aldaketak jarduera sailkaturako lizentzia emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie organo eskudunei. Txosten hori hilabeteko epearen barruan eman beharko da.

5. Proiektuaren ebaluazioa egin ondoren, ebazpen proposamen bat idatziko da aldaketa egiteko eskabideari buruz. Ebazpen horrek eman diren txosten lotesleek eragindako baldintzak jasoko ditu, eta gainerako txostenei eta planteatutako gaiei buruz erabakiko du. Ebazpen proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epearen barruan alegazioak egin eta egoki irizten dieten dokumentuak eta justifikazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

6. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkeztu badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, aurreko izapideetan txosten lotesleak emateko eskumena duten organoei helaraziko zaizkie alegazioak, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

7. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedurari amaiera emateko ebazpena, hiru hilabeteko epean. Ebazpena hauei jakinarazi zaie: instalazioaren titularrari, txosten loteslea eman duten organo administratiboei, jendaurreko izapidean alegazioak aurkeztu dituztenei –alegaziorik aurkeztu bada– eta prozeduran interesa duten gainerako pertsonei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

60. artikulua. Funtsezko aldaketa funtzionamenduan jartzea.

1. Funtsezko aldaketa egiteko prozedura ebatzi ondoren, titularrak bi urteko epea izanen du, gehienez ere, aldaketa gauzatzeko, ebazpenean beste epe bat ezartzen ez bada.

2. Aldaketa ez da funtzionamenduan jartzen ahalko titularrak ez badu aurretiaz aurkezten funtzionamenduan jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoaren aurrean, erregelamendu honetan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorrita. Horrez gainera, jardueraren hasierako data zehaztu beharko da, eta funtsezko aldaketaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazi.

61. artikulua. Instalazioaren funtsezko aldaketaren eraginkortasuna.

1. Instalazioan funtsezko aldaketa egiteko ebazpenean ezarritako baldintzak abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten den datatik aurrera aplikatuko dira.

2. Aurreko artikuluan ezarritako epea igarotzen bada funtzionamenduan jarri gabe, ulertuko da funtsezko aldaketa egiteko baimena iraungita dagoela eta eraginik ez duela.

3. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak ebazpena emanen du, non berariaz adieraziko baitu funtsezko aldaketaren iraungita dagoela, instalazioaren titularrari entzunaldia eman ondoren.

4. Ez da obra-lizentziarik ematen ahalko jarduera sailkaturako lizentzia behar duen instalazioan funtsezko aldaketa egiteko prozedura ebatzi arte.

62. artikulua. Jardueraren edo instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoa.

Aldaketa ez-funtsezkoa da jardueran edo instalazioan egiten den eta erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera funtsezkotzat jotzen ez den edozein aldaketa.

Instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoaren ondorioz jarduera sailkaturako lizentzia aldatu behar bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, iragarki baten bidez.

63. artikulua. Jarduera sailkaturako lizentzia ofizioz aldatzeko prozedura.

1. Jarduera sailkaturako lizentzia ofizioz aldatzeko prozedura lizentzia emateko eskumena duen organoaren ebazpen bidez hasiko da, eta hartan aldaketarako arrazoiak eta aldatu gogo diren baldintzak zehaztu beharko dira, baita hura ezartzeko epea ere. Epe horrek zentzuzkoa izan beharko du.

2. Aldaketak jarduera sailkaturako lizentzia emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie organo eskudunei.

3. Egokitzat jotzen badu, jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du aldaketaren espedientea, gutxienez hamabost egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta.

4. Erabakia eta, emaitzarik badago, jendaurreko aldiaren emaitza jarduera sailkaturako lizentziaren titularrari helaraziko zaizkio, hamabost eguneko epearen barruan egoki irizten dien alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

5. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkezten badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, alegazio horiek organoei eskudunei helaraziko zaizkie, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

6. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedurari amaiera emateko ebazpena, hiru hilabeteko epean. Ebazpena hauei jakinarazi zaie: instalazioaren titularrari, txosten loteslea eman duten organo administratiboei, jendaurreko izapidean alegazioak aurkeztu dituztenei –alegaziorik aurkeztu bada– eta prozeduran interesa duten gainerako pertsonei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

7. Jarduera sailkaturako lizentzia ofizioz aldatzeko ebazpenean ezarritako baldintzek indarra izanen dute ebazpen hori ematen den egunetik aurrera, eta, hala balegokie, ebazpenean berariaz zehaztutako egunetik aurrera.

64. artikulua. Jarduera sailkaturako lizentzia titularrak eskatuta aldatzeko prozedura.

1. Eskabidea jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztu beharko da, eskatutako aldaketak azaltzen dituen memoria tekniko batekin eta, eskatutako baldintza berriei esker, instalazioak aplikatzekoak zaizkion teknika erabilgarri onenekin (TEO) bat etorrita funtzionatzen ahalko duela justifikatzen duen azterlanarekin batera.

2. Aldaketak jarduera sailkaturako lizentzia emateko prozeduran txosten lotesle baten gai izan ziren baldintzetako bati eragiten badio, aldaketari buruzko txostena eskatu beharko zaie organo eskudunei.

3. Egokitzat jotzen badu, jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du aldaketaren espedientea, gutxienez hamabost egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta.

4. Erabakia eta, emaitzarik badago, jendaurreko aldiaren emaitza jarduera sailkaturako lizentziaren titularrari helaraziko zaizkio, hamabost eguneko epearen barruan egoki irizten dien alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

5. Eskatutako aldaketen ingurumen eraginaren ebaluazioa egin ondoren, ebazpen proposamena idatziko da eta interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epearen barruan alegazioak egin eta egoki irizten dieten dokumentuak eta justifikazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

6. Aurreko apartatuan aipatutako entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkezten badira txosten lotesleen xede diren alderdiei buruz, alegazio horiek organoei eskudunei helaraziko zaizkie, ebazpen proposamenarekin batera, hamabost eguneko epean, beranduenez, egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten. Adierazitako hori loteslea izanen da organo horien eskumeneko gaietan.

7. Jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoak eman eta jakinaraziko du prozedura amaitzeko ebazpena, hiru hilabeteko epean gehienez. Epe hori igaro eta berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, aurkeztutako eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

8. Ebazpena jakinarazi beharko zaie lizentziaren titularrari, txosten loteslea eman duten organo administratiboei, informazio publikoaren epean alegazioak aurkeztu dituztenei –alegaziorik aurkeztu bada– eta prozeduran interesa duten gainerako pertsonei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

9. Jarduera sailkaturako lizentzia aldatzeko ebazpenean ezarritako baldintzek indarra izanen dute ebazpena ematen den egunetik aurrera, eta, hala balegokie, ebazpenean berariaz zehaztutako egunetik aurrera.

V. TITULUA

Ikuskapena eta kontrola

I. KAPITULUA

Komunikazio betebeharrak eta kontrolatzeko jarduketak

65. artikulua. Informazioa emateko betebeharrak.

1. Ingurumen baimen integratuen titular guztiek instalazioari dagozkion emisioei eta hondakinen isurketa eta transferentziei buruzko datuen urteko jakinarazpenean halakoak zehazteko erabilitako metodologia eta metodologia horren adierazgarritasuna egiaztatzeko behar besteko informazioa zehaztuko dituzte ere.

2. Ondoren aipatzen diren ingurumen baimen bateratuen titularrek instalazioari dagozkion emisioei eta hondakinen isuri eta transferentziei buruzko datuen urteko jakinarazpenean halakoak zehazteko erabilitako metodologia eta metodologia horren adierazgarritasuna egiaztatzeko behar besteko informazioa zehaztuko dituzte ere:

a) Errekuntza- eta energia-instalazioak.

b) Metalen ekoizpena eta eraldaketa.

c) Industria mineralak.

d) Paperaren, kartoiaren eta zuraren deribatuen industria.

e) Nekazaritzako elikagaien industriak.

3. Ingurumen baimen integratua behar duten instalazioek Isuri eta Iturri Kutsatzaileen Estatuko Erregistroaren bidez jakinaraziko dituzte datuak eta, hala badagokio, halakoak zehazteko erabilitako metodologia eta metodologia horren adierazgarritasuna egiaztatzeko behar besteko informazioa ingurumen baimen integratua emateko eskumena duen organoari bidaliko zaizkio, organo horrek ezartzen duen eran.

4. Ingurumen baimen bateratua behar duten instalazioek urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dizkiote urteko datuak ingurumen baimen bateratua emateko eskumena duen organoari, organo horrek halako instalazioetarako ezarritako formatuan eta eran. Ez dira jakinarazi beharko, datuak zehazteko ordezko prozedura bat ezarri delako, organo horrek jada dituen datuak.

5. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioek eta jarduerek urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen jakinaraziko dizkiote urteko datuak jarduera sailkaturako lizentzia emateko eskumena duen organoari, organo horrek ezarritako formatuan eta eran.

6. Entseguen laborategi batek edo ikuskapen-entitate batek egindako txostenak bi hilabeteko epean jakinarazi beharko zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta toki entitateetako organo eskudunei, laginak hartu ziren edo neurketa egin zen datatik zenbatuta.

66. artikulua. Titularraren, laborategien edo Egiaztatze Erakunde Nazionalak egiaztatutako entitateen ardurapeko kontrol lanak.

1. Kontrol lanen xedea da instalazioek aplikatu beharreko legezko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzea, eta, zehazki, ingurumen baimen bateratua, ingurumen baimen integratuan edo jarduera sailkaturako lizentzian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

2. Aldizkako kontrolak modalitate hauetakoren baten bidez egin daitezke:

a) Kanpoko kontrola: behar besteko eskumen duen enpresa batek egiten du, eta egiaztatu behar du instalazioak edo jarduera bat datozela baimendutako proiektuarekin, eta laginak hartzeko lanak, isuriak aztertu eta neurtzeko lanak eta ingurumeneko ikuskatzaileei ez dagokien beste edozein lan egin behar dituzte.

b) Barneko kontrola: instalazioaren edo jardueraren titularrak egiten du, autokontrolerako barneko sistema bat ezarrita.

3. Instalazioek eta jarduerek beren ingurumen baimenean edo jarduera sailkaturako lizentzian ezarritako aldizkako kontrolak egin beharko dituzte, eta, halakorik ezean, erreferentziako araudian ezarritako kontrolak.

4. Ingurumen kontrola eginen zaie ingurumen baimenetan eta jarduera sailkaturako lizentzian ezarritako determinazioei, eta, zehazki, hauei:

a) Airera egindako emisioei eta tratamendu sistemei.

b) Zarataren immisioei eta zarata murrizteko sistemei.

c) Isuriei eta instalazioei eta arazketa sistemen kudeaketari.

d) Emisioak, immisioak eta isurketak autokontrolatzeko sistemen funtzionamenduari, hala badagokio.

5. Instalazioen aldizkako kontrolaren emaitza ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuko edo toki entitateko organo eskudunari aurkeztu behar zaio, bi hilabeteko epearen barruan, jarduketa egiten denetik zenbatuta. Ingurumen baimena behar duten instalazioen kasuan, herritar guztiei emanen zaie emaitza horren berri, bitarteko digitalen bidez.

6. Jarduketa egiten den unean, laborategi edo ikuskapen-entitate egiaztatuak indarrean izan beharko du egiaztagiria aztertu beharreko eremurako.

II. KAPITULUA

Pertsonala eta ingurumen ikuskapenerako prozedura

67. artikulua. Ingurumen ikuskapena.

1. Ingurumen baimen integratua edo bateratua behar duten jarduerak egiteko erabiltzen diren instalazioetan, ingurumen ikuskapena arlo horretako eskumenak dituen organoari atxikitako ingurumeneko ikuskatzaileek eginen dute, ezertan galarazi gabe legeriak Foruzaingoko langileei eta Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuko (SEPRONA) langileei esleitzen dizkien ikuskapen-lanak. Beren eginkizunak betetzen ari direnean, ikuskatzaileek agintaritzako agentearen izaera izanen dute, ezertan galarazi gabe administrazio publikoek Egiaztatze Erakunde Nazionalak ziurtatutako ikuskapen-entitate batzuei ematen dizkieten zaindu eta kontrolatzeko ahalmenak.

2. Ingurumeneko ikuskatzaile dira, toki entitateen kasuan, toki entitateek jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak ikuskatzeko izendatzen dituzten langileak, udaltzainak barne. Ingurumeneko ikuskatzaileek beren eginkizunak betetzen ari direnean agintaritzako agentearen izaera izanen dute.

3. Ingurumeneko ikuskatzaileek aholkulari teknikoen laguntza izanen ahalko dute. Aholkulari horiek aholkuak emateko lana beteko dute, dituzten ezagutza teknikoetan oinarrituta, eta ez dute inoiz izanen agintaritzako agentearen izaera.

Aholkulari teknikoak eta izendatutako erakundeak behar bezala identifikatuta jardunen dute, organo eskudunak emandako identifikazioarekin, eta sekretua gorde beharko dute beren eginkizunak betetzean ezagutzen dituzten datu eta informazioen gainean.

4. Ingurumen ikuskapenak egiteko izendatutako langileek dagokien entitatearen edo organoaren egiaztagiria izan beharko dute.

5. Organo eskudunek kanpoko ikuskatzaileen laguntza izanen ahalko dute. Kanpoko ikuskatzaile horiek behar den gaitasuna eta kualifikazio teknikoa izan beharko dute aplikatu beharreko araudi sektorialak zehaztutako ikuskapenak egiteko, beren ikuskapen-programetan jasota egon zein ez.

68. artikulua. Ikuskapen-jardueraren hasiera.

1. Ikuskapen-lanak ofizioz hasiko dira beti, organo eskudunaren ekimenez edo goragoko nagusiaren aginduaren, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren edo salaketa baten ondorioz.

2. Ikuskapenari ekin aurretik, aurretiazko jarduketak egiten ahalko dira, kasu jakin horren inguruabarrak ezagutzeko eta ikuskapen-lanari ekitea komenigarria den ala ez erabakitzeko.

3. Ikuskatzen den instalazioaren titularrak betebehar hauek ditu:

a) Ingurumeneko ikuskatzaileei sartzeko baimena ematea, aurretiaz jakinarazi ez badute ere eta behar bezala identifikatuta badaude, baita aholkulari teknikoei eta, hala badagokio, izendatutako entitateei ere, ikuskatzaileekin batera doazenean.

b) Behar den laguntza ematea, horretarako eskatzen zaion informazio eta agiri guztiak emanez.

c) Laginak hartzeko edo edozein frogabide baliatzeko laguntza ematea.

4. Abeltzaintzako instalazioetan, ikuskapen-lana abereen osasunaren arloko araudian araututako mugen barruan eginen da, bai instalazioetara sartzeko, bai laginak hartzeko edo edozein frogabide baliatzeko.

69. artikulua. Ikuspen-jardueraren garapena.

Ikuskapen-bisita baino lehen, kontrolatutako instalazioari buruz dagoen informazio garrantzitsu guztia bildu beharko da, hala nola dauden baimenak, izapidetutako proiektu teknikoak eta autokontrolen emaitzak.

Instalazioetara egindako bisitan, egiaztatu beharko da ea betetzen diren ingurumenaren arloko legezko xedapenak eta nahitaezkoak diren gainerako aginduak, eta arau orokor gisa hartu beharko da ikuskapenaren ikuspegi integratua.

70. artikulua. Ikuskapenaren akta.

1. Ikuskapen-bisita bakoitzean ikuskapen-akta egin beharko da, zeinean determinazio hauek sartuko baitira:

a) Bisita egin duen ikuskatzailea.

b) Ikuskatutako jarduera edo instalazioa, haren titularra eta bisitan egon diren pertsonen identifikazioa. Berariaz aipatuko da ikuskapenean egoteko dagokien ordezkaritza edo duten izaera.

c) Ikuskapena egin den lekua, eguna eta ordua.

d) Bisitan egiaztatutako egitateak eta inguruabarrak, eta laginak hartzeko eta analisiak egiteko metodoak, halakorik egin bada.

e) Bertaratu direnek egindako oharrak, halakorik egin badute.

f) Bertaratuen sinadura, edo, akta sinatzeari uko egiten badiote, uko egiteko arrazoiak.

2. Aktaren kopia bat eman beharko zaio instalazioaren edo jardueraren titularrari, edo, titularra bisitan egon ez bada, ikuskapena ikusi dutenei.

Aktaren kopia hartzeari uko egiten badio, aktan agerraraziko da, baita uko egiteko arrazoiak ere, halakorik adierazi bada. Kasu horretan, aktaren kopia ondoko hiru egunen barruan bidaliko zaio instalazioaren edo jardueraren titularrari, egintza administratiboak jakinarazteko ezarritako bideetako bat erabilita.

71. artikulua. Ikuskapen txostena.

1. Ikuskapen txostenetan, dokumentu bidez jaso beharko da egindako ikuskapen bakoitza, eta erraz ulertzeko eta erabiltzeko moduan deskribatu beharko dira ikuskapenean hautemandako ebidentzia guztiak eta bildutako informazioa.

2. Ikuskapen txostenetan, egindako ikuskapenari buruzko balorazioak eta ondorioak jaso behar dira eta, hala badagokio, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 59. artikuluan ezarritako neurrien inguruko proposamena ere.

III. KAPITULUA

Ingurumen ikuskapenen plangintza eta ikuskapen motak

1. ATALA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak egindako ikuskapena.

72. artikulua. Ingurumena ikuskatzeko plana.

1. Ingurumena ikuskatzeko lanak egiteko, ingurumenaren arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko organoek bermatuko dute, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat, martxan jartzeko ingurumen baimen integratua edo ingurumen baimen bateratua behar izan duten instalazio guztiak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa hartzen duen ingurumena ikuskatzeko plan baten barruan daudela.

2. Ikuskapen plana lau urterik behin aztertu eta eguneratuko da, onesten denetik aurrera.

3. Ikuskapen planak alderdi hauek jasoko ditu:

a) Ingurumenaren gainean eragina duten jarduerekin lotuta, Foru Komunitatean dauden ingurumenaren arloko arazo garrantzitsuenen ebaluazio orokorra.

b) Planaren barruan sartzen diren instalazioen erregistroa.

c) Ingurumen ikuskapenen programak egiteko prozedurak.

d) Ingurumen ikuskapen programatuak eta programatu gabeak egiteko prozedura.

e) Hala badagokio, arroko erakundeekin eta ikuskapenak egiteko beste organo eskudun batzuekin izan beharreko elkarlanari buruzko xedapenak.

73. artikulua. Ingurumen baimen integratua eta ingurumen baimen bateratua behar duten instalazioak eta jarduerak ikuskatzeko programak.

1. Ikuskapen planekin bat etorrita, urtero onetsiko dira ingurumen ikuskapenerako programak, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez.

2. Ingurumen ikuskapenerako programak gutxieneko eduki hau izanen dute:

a) Programaren justifikazioa eta motibazioa.

b) Programaren indarraldia.

c) Eremu geografikoa.

d) Programaren helburuak. Programaren helburu estrategikoak eta urte bakoitzerako helburu zehatzak eta proiektuak bereiziko dira.

e) Programaren eraginpeko jarduera edo instalazioak eta/edo kokalekuak.

f) Ikuskapen bisiten maiztasuna.

g) Instalazioetako arriskuak ebaluatzeko metodologia.

h) Hondakinen mugaz haraindiko lekualdatzeen arriskuak ebaluatzeko metodologia.

3. Ikuskapen programetan ingurumen baimen integraturik edo ingurumen baimen bateraturik behar izan ez duten instalazioak sartzen ahalko dira, kutsatzeko aukera handia dutelako eta, beraz, beharrezkotzat jotzen delako indarreko legedia zenbateraino betetzen duten egiaztatzea.

4. Urte bakoitzeko ikuskapen programari memoria bat erantsiko zaio, non aurreko urteko ingurumen ikuskapenarekin lotutako informazio garrantzitsu guztia jasoko baita. Memoria horretan egindako ikuskapen-lanak eta haien emaitzak deskribatu eta baloratu beharko dira, baita ingurumen ikuskapenen plangintza zenbat bete den ere.

74. artikulua. Ikuskapen motak.

1. Ingurumen ikuskapenak programatuak eta programatu gabeak izanen dira.

2. Ikuskapen programatuak ikuskapen programen barruan egindakoak dira, eta helburu hauek dituzte:

a) Jarduera hasi ondoren, egiaztatzea baimenean ezarritako ingurumeneko baldintzak betetzen direla.

b) Baimendutako instalazioen edo jardueren baimenaren titularrari ezartzen zaizkion ingurumenaren arloko autokontrolerako betebeharrak betetzen direla egiaztatzea.

c) Ekoizpen-prozesuak eta arazketa sistemek denborak aurrera egin ahala duten bilakaera behatzea, jatorrizko baldintzetara eta ingurumenaren arloko legeriara egokitzen direla egiaztatzea eta, zaharkituta geratu badira edo funtsezko aldaketak izan badira, berritzea edo aldatzea.

d) Abian diren jarduera guztiek ingurumenari buruzko legezko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

3. Programatu gabeko ikuskapenak dira baimen edo txosten bat eman, berritu edo aldatu baino lehen egiten direnak, salaketa bati erantzuteko edo istripuak edo gorabeherak ikertzeko. Aurretiaz finkatu gabe egindako ikuskapenen helburuak izan daitezke:

a) Ofizioz egindako ikuskapenak, proiektua edo jarduera abian jartzeko. Proiektu, jarduera edo instalazio bat ikertzeko edo aztertzeko egiten dira, lehenbiziko baimenaren ingurumeneko baldintzak ezartzeko, edo ondorengo berrikuspen edo aldaketenak ezartzeko. Ofiziozko ikuskapenak dira, halaber, abian jarri eman aurretik, baimenean ezarritako baldintzak betetzen ba ote diren egiaztatzeko egiten direnak.

b) Ikuskapen akta baten edo salaketa baten ondorioz egindako ikuskapenak. Ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak jakin izan dituen egitate batzuk, arau-hauste administratibotzat har daitezkeenak edo aplikatzekoak diren legezko betebeharrak ez betetzea dakartenak, ikertzeko edo egiaztatzeko egiten dira.

75. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek egindako ikuskapena.

Ingurumenaren arloko esku-hartzearen mende dauden jarduerak baimentzeko aginduzko txosten lotesleak eman dituzten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek beren eskumenen arabera eginen dituzte ikuskapenak, txosten horien xede diren gaiei dagokienez.

2. ATALA

Toki entitateek egindako ikuskapena

76. artikulua. Toki entitateen ikuskapen planak eta programak.

Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten jardueretan toki entitateek egin beharreko ikuskapenak eta haien plangintza eta egiteko modua toki entitateek eurek zehaztuko dituzte, kasu bakoitzean.

Toki entitateek ingurumen ikuskapena egiteko planak eta programak onartzen ahalko dituzte, egokitzat jotzen badute, jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazio edo jardueretako. Horretarako, titulu honetan ezarritakoa beteko dute.

VI. TITULUA

Ingurumen arloko legezko egoerara itzultzea

77. artikulua. Ingurumen baimenik, ingurumen ukipenen ebaluaziorik edo jarduera sailkaturako lizentziarik ez duten instalazioak edo jarduerak legeztatzeko prozedura.

1. Administrazio eskudunak ingurumenaren arloko esku-hartzearen mendeko jarduera bat baimenik edo lizentziarik gabe ari dela dakienean, beharrezkoak diren jarduketak eginen ditu egoera jakin horren inguruabarrak ezagutzeko eta instalazioa edo jarduera legeztatzea bidezkoa den ala ez zehazteko. Horrek ez du eragotziko bidezkoak diren zehapen ekintzak egitea.

2. Instalazioa legeztatzeko edo behin betiko ixteko agindua ematen duen ebazpena jardueraren titularrari entzunaldia eman ondoren hartuko da, eta behin betiko itxi behar den ala ez zehaztuko du. Jarduera legeztatzeko agindua ematen duen ebazpenak zehaztu beharko du legeztatzeko erabili beharreko ingurumenaren arloko esku-hartzerako prozedura eta prozedura horri hasiera emateko dagoen epea.

Baimena emateko egin beharko liratekeen izapide berberak egin beharko dira.

3. Organo eskudunak erabakitzen badu instalazioa edo jarduera legeztatu behar duela eta instalazio edo jarduerak ingurumen eraginaren adierazpena edo ingurumen ukipenen txostena behar zuela, instalazioak edo jarduerak ingurumenean izan ditzakeen ondorio esanguratsuak murrizteko behar diren ingurumeneko baldintzak ezarriko dira. Kasu horietan, ingurumenari eragindako balizko kalteak konpentsatzeko neurriak ezartzen ahalko dira.

4. Instalazioa legeztatzeko edo ixteko agindua ematen duen ebazpenak determinazio hauek ere izan ditzake:

a) Jarduera eteteko agindua, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetan.

b) Aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko eta, hala badagokio, kalte-ordaina emateko betebeharren zehaztapena, ingurumenari kalterik egin bazaio edo errealitate fisikoan edo biologikoan baimendu gabeko aldaketa bat egin bada.

78. artikulua. Ingurumen arloko legezko egoerara itzultzeko fidantzak.

1. Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako neurrien bidez ingurumen arloko legezko egoerara itzultzea lortzeko, ezarritako kautelazko neurrien eraginkortasuna bermatzeko eskumena duten administrazio publikoek fidantza eta/edo bankuko abal bat jartzeko eskatzen ahalko dute, zeinak legezko egoerara itzultzeak duen balioa izanen baitu.

2. Fidantza eta/edo bankuko abala organo eskudunak bidezkotzat jotzen duenean itzuliko da, ingurumen arloko legezko egoerara itzultzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak bete direla egiaztatu ondoren.

3. Organo eskudunak antzematen badu fidantza edo banku-abala itzuli ezina dakarren ez-betetzeren bat gertatu dela, hurrengo artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

79. artikulua. Ingurumen arloko legezko egoerara itzultzeko ezarritako kautelazko neurriak betetzeko prozedura.

1. Legezko egoerara itzultzeko ezarritako kautelazko neurrien baldintzak ez direla bete hautematen denean, organo eskudunak ofizioz hasiko du titularrari hautemandako akatsak zuzentzeko eta, hala badagokio, behar diren neurriak behar bezala hartzeko eta aldatutako egoera lehengoratzeko eskatzeko prozedura.

2. Ebazpen hori interesdunari jakinaraziko zaio, eta epe bat emanen zaio (hamar egunetik gorakoa baina hamabost egunetik beherakoa) alegazioak eta egoki iruditzen zaizkion agiri eta justifikazioak aurkezteko.

3. Prozeduraren instrukzioa bukaturik, ebazpen proposamena eginen da, interesdun guztiei jakinaraziko zaiena. Ebazpen proposamenean prozeduraren berri emanen da, eta alegazioak egiteko eta bidezko agiri eta argibideak aurkezteko epea ezarriko da.

4. Prozedurari bukaera emateko ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, prozedura hasteko erabakiaren egunetik hasita.

5. Prozedurari amaiera emanen zaio, jarduketak artxibatuta, interesdunak hautemandako akatsak zuzentzen dituenean eta, hala badagokio, ingurumen arloko legezko egoerara itzultzen denean.

6. Prozeduraren instrukzioan ondorioztatzen bada bidezkoa dela arduradunak akatsak konpontzea, kalte-ordainak ordaintzea edo betearazpenen bat egin behar dela haren bizkar, ebazpen bat emanen da, zeinean ordaindu behar duen kopurua zehaztuko baita, eta hilabeteko epea emanen zaio borondatezko epean ordain dezan.

7. Epe horretan ez badira ordaintzen aurreko paragrafoetan ezarritako kopuruak, zorra derrigorrezko diru-bilketara igaroko da; Foru Komunitateko Administrazioaren kasuan, Nafarroako Tributuen Ogasunari, zeinak premiamenduaren bidetik kobratuko baitu, fidantza edo bankuko abala exekutatuta hala badagokio.

80. artikulua. Egoera lehengoratu eta kalte-ordaina ordaindu beharra ezartzeko prozedura.

1. Ingurumenari kalteren bat egin zaiola edo errealitate fisiko edo biologikoan baimenduta ez dagoen aldaketaren bat eragin dela frogatuz gero edo horren zantzurik hautemanez gero, Foru Komunitateko Administrazioko eta, hala badagokio, toki entitateetako organo eskudunek berariazko prozedura bat irekitzen ahalko du kalterik ba ote dagoen eta zenbaterainokoak diren egiaztatzeko eta aldatutako errealitate fisikoa lehengoratu beharra eta, hala badagokio, eragindako kalte eta galerengatik ordaina ordaindu beharra ezartzeko.

Prozedura hori ez da hasten ahalko baldin eta gertakari eta subjektu berberak ikertzeko beste zehapen prozedura bat irekita badago.

2. Egoera lehengoratzeko eta kate-ordaina ordaintzeko betebeharrak zehatzeko prozedura berezia ofizioz hasiko du ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuko organoak, edo, hala badagokio, toki entitateko organo eskudunak.

3. Prozedura administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz gauzatuko da; prozeduraren edozein unetan erregelamendu honetan aurreikusitako behin-behineko eta kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, betiere erantzuleei entzunaldia emanda.

81. artikulua. Lehengoratzeko eta kalte-ordaina ordaintzeko betebeharrei buruzko ebazpena.

1. Zigor arloko ebazpen irmoen bidez eta administrazio bidea amaitzen duten zehapen prozeduren ebazpenen bidez frogatutzat hartzen diren egitateak lotesleak izanen dira egoera lehengoratu eta kalte-ordaina ordaindu beharra ezartzeko berariazko prozeduran hartzen diren ebazpenetarako.

2. Egoera lehengoratzeari buruzko determinazioetan ukitutako ingurunea jatorrizko egoerara ekartzeko behar diren elementuak zehaztuko dira, baita lehengoratzeko modua eta metodoak eta neurri horiek gauzatzeko epea ere, eta, orobat, ohartaraziko da, erabakia bete ezean, nahitaez betearaziko dela, aurretik ohartarazita.

3. Kalte eta galerak eragitearen ondoriozko ordainen zenbatekoa edo kalte konponezinen ondoriozko ordainaren zenbatekoa finkatzen duen ebazpenak ordain hori borondatez ordaintzeko epea ezarriko du. Epe hori igaro ondoren, nahitaez betearazten ahalko da, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat.

4. Lehengoratzeko eta ordaina emateko betebeharrak zehazteko prozedura bereziaren ebazpena sei hilabeteko epean hartu eta jakinarazi beharko da, prozedura hasi zenetik zenbatuta. Epe hori igaro eta ebazpena hartu eta jakinarazi ez bada, prozedura iraungita dagoela ulertuko da, eta jarduketak artxibatu, eta inguruabar horren berri eman beharko zaie interesdunei.

VII. TITULUA

Ingurumen arloko ordezko zerbitzua

82. artikulua. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua.

1. Arau-hauste astunak edo arinak egiteagatik jarritako isunen ordez, zehatutako pertsonak nahi izanez gero, ingurumenari onura ekarriko dion ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza zerbitzua ematen ahalko da, isuna jarri zuen organo eskudunak zehazten duen eran eta ezartzen dituen baldintzak betez.

2. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua eskatzeak eta/edo egiteak ez du eraginik izanen eraldatutako egoera berrezartzeari edo arau-hausteak eragindako kalte-galeren ordaina zehazteari dagokienez.

83. artikulua. Ordezko ingurumen prestazioaren xedea.

Zehapen ekonomikoen ordez gizarte eta hezkuntza arloko jarduerak, komunitatearen onurarako lanak edo erreparazio sozialerako neurriak jarrita, helburu hauek lortu nahi dira:

a) Arau-hauslea komunitateari egin dio kalteaz jabetzea.

b) Jarreran aldaketak eragitea, bizikidetza komunitarioa errazteko.

c) Arau-hausleek administrazioaren aurrean duten jarreraren aldaketa sustatzea.

d) Arau-hausleengan ardura eta besteen eskubideekiko eta askatasunekiko errespetua sustatzea.

84. artikulua. Ingurumen arloko ordezko zerbitzuaren ezaugarriak eta betekizunak.

1. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua arrazoituta ezarriko da, egindako arau-haustearen arabera, eta proportzionatua izanen da zehapena eta jokabide arau-hauslea kontuan hartuta. Edonola ere, ezartzeko, hauek behar dira:

a) Erantzulearen adostasuna, eta, adingabeen kasuan, gurasoen edo legezko ordezkariaren adostasuna.

b) Arau-haustearen erantzuleak egitea. Erantzulea pertsona juridiko bat bada, zerbitzua pertsona horrek kontratatutako edozeinek betetzen ahalko du.

c) Zerbitzuari dagozkion lanak egiten dituzten pertsonek egunean gehienez 8 ordu erabiliko dituzte horretarako.

2. Ingurumen arloko ordezko zerbitzuaren xede diren prestazioek ez dute urratzen ahalko arau-hauslearen duintasuna, beti bermatu beharko baita.

3. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua ez da ordainduko, eta ez du lotura laboral edo administratiborik ekarriko baimena eman duen administrazioari edo zerbitzua egiten den entitateari dagokionez.

4. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua interesa duten entitateekin eta erakundeekin egiten ahalko da, aurretiaz hitzarmena eginda, ekimen honetan parte hartzen duten erakundeen edo elkarteen ingurumenaren eta boluntariotzaren arloko programen bidez.

85. artikulua. Organo eskudunak.

Ingurumen arloko ordezko zerbitzua egiteko eskabideen instrukzioa eta ebazpena zehapen prozedura ebazteko eskumena duten organoen ardura izanen dira.

86. artikulua. Eskabidea aurkeztea.

1. Isun gisako zehapenaren ordez ingurumenaren arloko zerbitzu bat egiteko eskabidea epe hauetan eskatzen ahalko da:

a) Zehapen prozedurari hasiera emateko ebazpenak alegazioak aurkezteko zehaztutako epearen barruan.

b) Edozein unean, zehapen prozedurari amaiera ematen dio ebazpena baino lehen.

c) Isun gisako zehapena ezartzen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epearen barruan.

d) Isun gisako zehapena ezartzen duen ebazpenaren aurka jarritako gorako errekurtsoaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epearen barruan.

2. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua zehapen prozedurari hasiera emateko ebazpenak alegazioak aurkezteko zehaztutako epearen barruan eskatzen bada, egitateak onartzea ekarriko du, eta % 30 murriztuko da zehapenaren zenbatekoa. Halaber, erantzukizunaren aitorpenak berekin ekarriko du zehapenaren aurkako ekintza edo errekurtso administratiboetan atzera egitea edo halakoak aurkezteari uko egitea.

3. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua zehapen prozedurari hasiera emateko ebazpenak alegazioak aurkezteko zehaztutako epea amaitu eta gero eta prozedura horri amaiera ematen dio ebazpena baino lehen eskatzen bada, egitateak onartzea ekarriko du, eta % 20 murriztuko da zehapenaren zenbatekoa. Halaber, erantzukizunaren aitorpenak berekin ekarriko du zehapenaren aurkako ekintza edo errekurtso administratiboetan atzera egitea edo halakoak aurkezteari uko egitea.

4. Eskabidean, interesdunak ingurumen arloko ordezko zerbitzuari buruzko proposamena egiten ahalko du eta, hala badagokio, justifikatu beharko du ingurumenari onura ekarriko dion ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza egintza edo jarduera bat dela. Eskabidearekin batera, zerbitzua egitea justifikatzen duen dokumentazioa eta, hala badagokio, zerbitzu hori beste entitate eta erakunde batzuekin egitea justifikatzen duena aurkeztuko da.

87. artikulua. Zehapenaren ordez ingurumenaren arloko zerbitzu bat eskatzeko prozedura.

1. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua egiteko eskabidea aurkeztu ondoren, isun gisako zehapenaren betearazpen epea eten dela adierazten duen ebazpena emanen da. Epe hori ingurumen arloko ordezko zerbitzuaren prozedura amaitzen duen ebazpena jakinarazi arte egonen da etenda. Zehapenaren ordez ingurumenaren arloko zerbitzu bat egiteko prozeduraren hasierak zehapenaren preskripzioa etenen du.

2. Ingurumen arloko ordezko zerbitzuari buruzko proposamen bat aurkezten bada, ingurumenaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko zerbitzuetara bidaliko da, edo, hala badagokio, toki entitateko zerbitzu teknikoetara, proposamenari buruzko txostena eman dezaten hamabost egun balioduneko epean. Horrez gainera, Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena denean, Ingurumeneko Basozainak zerbitzuko dagokion mugapera bidaliko da.

3. Interesdunak ez badu egiten ingurumen arloko ordezko zerbitzuari buruzko proposamenik, ingurumenaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko zerbitzuei, edo, hala badagokio, toki entitateko zerbitzu teknikoei eskatuko zaie ingurumen arloko ordezko zerbitzua zehazteko. Horretarako, kontuan hartuko dira eskatzailearen ezaugarriak eta esperientzia teknikoa eta profesionala, baita ezarritako isun gisako zehapenaren izaera eta zenbatekoa ere.

4. Zerbitzu teknikoek aurkeztutako eskabidearen aldeko txostena ematen badute, organo eskudunak ebazpena emanen du, non ingurumenaren arloko ordezko zerbitzua emateko baldintzak eta era zehaztuko baitira, eta zehapenaren ordez ingurumenaren arloko zerbitzu bat eskatzeko prozedura eten dela adieraziko baita.

5. Zerbitzu teknikoek aurkeztutako eskabidearen kontrako txostena ematen badute, edo zerbitzu horiek egiten badute ingurumen arloko ordezko zerbitzuari buruzko proposamena, ebazpen proposamen bat emanen da eta interesdunari bidaliko zaio, hamabost egun balioduneko epearen barruan, ebazpena jakinarazten denetik, alegazioak aurkez ditzan.

6. Interesduna ez badago ados ezarritako baldintzekin edo proposatutako ingurumenaren arloko zerbitzuarekin, prozedurari amaiera emateko ebazpena emanen da, eta adieraziko da ezarritako zehapena bete egin behar dela, eta, beraz, zehapenaren preskripzio epea zenbatzen hasiko da berriro.

7. Interesduna ados badago ezarritako baldintzekin edo proposatutako ingurumenaren arloko zerbitzuarekin, artikulu honen laugarren apartatuan ezarritakoa beteko da.

88. artikulua. Ingurumen arloko ordezko zerbitzuaren egiaztapena.

1. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua haren baldintzak ezarri dituen ebazpenean xedatutakoarekin bat etorrita egin ondoren, Ingurumeneko Basozainak zerbitzuak edo ingurumenaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko zerbitzuek, edo, hala badagokio, toki entitateko zerbitzu teknikoek txosten edo akta bat eginen dute, non adieraziko baita benetan egin dela ingurumen arloko ordezko zerbitzua.

2. Ingurumen arloko ordezko zerbitzuaren benetako prestazioari buruzko txostena edo akta aldekoa denean, baliogabetu eginen da isun gisako zehapena.

3. Ingurumen arloko ordezko zerbitzuaren benetako prestazioari buruzko txostena edo akta kontrakoa denean, organo eskudunak ebazpena emanen du eta bertan behera utziko da isun gisako zehapenaren betearazpen epearen etetea.

89. artikulua.

I. ERANSKINA

Babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena behar duten instalazioak eta jarduerak

1. Pertsonen segurtasunerako arriskua duten eta, suteen aurka babesteko eta, ezbeharren bat izanez gero, ebakuaziorako neurriei buruz, babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuaren edo erakunde publikoaren txostena, aginduzkoa eta loteslea, behar duten instalazioak edo jarduerak dira hauek:

A) Ingurumen baimen integratua behar duten instalazio eta jarduera guztiak, abeltzaintzako ustiapenak izan ezik.

B) Ingurumen baimen bateratua behar duten instalazio eta jarduera guztiak, abeltzaintzako ustiapenak izan ezik.

C) Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak, talde hauetako batean badaude:

–1. taldetik 14. taldera: Industriak eta biltegiratzeak, establezimenduaren azalera eraikia 1000 m²-tik gorakoa denean.

Ez dira sartzen 8. taldekoak (abeltzaintzako ustiategiak).

–15. taldea. Merkataritzako jarduerak eta zerbitzuak:

15.1.–Jendaurreko ikuskizunak eta josteta jarduerak, Establezimenduen, Jendaurreko Ikuskizunen eta Josteta Jardueren Katalogoaren (202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa) edo indarrean dagoenaren arabera, betiere eraikin, areto eta instalazio estaliak badira eta 100 pertsona baino gehiago sartu ahal badira.

Eremu pribatuko beste jarduera batzuk ere sartzen dira, jostetarako edo entretenimendurako direnak, hala nola lokal sozialak, sozietate gastronomikoak eta antzeko beste batzuk, 100 pertsona baino gehiago sartu ahal badira.

15.2.–Beilatokiak eta hildakoen beilak, 100 pertsona baino gehiago sartu ahal badira.

15.5.–Ostatatze turistikorako jarduerak (hotel-establezimenduak, ostatuak, aterpetxe turistikoak, mendiko aterpeak, oporretako zentroak eta udalekuak, bainuetxeak eta antzeko beste batzuk, landetxeak izan ezik), azalera eraikia 500 m²-tik gorakoa denean, eta kanpin guztiak.

15.6.–Merkataritzako jarduerak eta merkataritza-guneak, salmentarako gunearen azalera eraikia 750 m²-tik gorakoa denean.

15.8.–Pertsonen segurtasunean eragina duten beste jarduera batzuk:

–Osasun jarduerak:

  • Ospitaleratzea dutenak eta/edo eraikina ebakuatzeko laguntza behar duten pertsonek okupatzen dituztenean gehienbat, azalera eraikia 500 m²-tik gorakoa denean.
  • Aurreko puntuan sartuta ez dauden beste batzuk, azalera eraikia 1.000 m²-tik gorakoa denean.

–Bizitegierako jarduera publikoak, turistikoak ez direnak, hala nola adinekoen egoitzak, gazteentzako egoitzak eta antzekoak, 500 m²-tik gorako azalera eraikia dutenean.

–Ibilgailuen aparkalekuak, haien azalera eraikia, solairu berean dauden trastelekuak, lokal teknikoak eta antzekoak barne, 1.000 m²-tik gorako denean.

–Irakaskuntzako jarduerak, azalera eraikia 1.000 m²-tik gorakoa denean.

–Izaera administratiboa duten jarduerak, ikerketa zentroak eta antzekoak barne, haien azalera eraikia 2.000 m²-tik gorakoa denean.

–Kulturarekin eta erlijioarekin lotutako jarduerak, hala nola museoak, liburutegiak, artxiboak, dokumentazio zentroak, kultur etxeak, elizak, kulturako esparruak, parrokiak eta antzekoak, haien azalera eraikia 500 m²-tik gorakoa denean.

–Garraiorako azpiegiturak, hala nola garraiobideen geltokiak, aireportuak eta antzekoak.

2. Hauek izanen dira edukiera-okupazioa, azalera eta jarduera zehazteko irizpideak:

a) Okupazioa kalkulatzeko, indarrean dagoen EKT OS SS arauan edo dagokion araudi berezian, halakorik badago, adierazitako okupazioaren dentsitatearen balioak hartu behar dira.

b) Jarduera nagusi bat eta hari lotutako beste batzuk dituzten establezimenduetan, zirkulaziorako elementu komunak badituzte, establezimenduak eta jarduera nagusiak guztira hartzen duten azalera eraikia hartu behar da.

c) Jarduera bat edo gehiago dituzten establezimendu batzuk biltzen dituzten zentroetan, zirkulaziorako elementu komunak badituzte, zentroak eta jarduera nagusiak guztira hartzen duten azalera eraikia eta/edo edukiera hartu behar da.

II. ERANSKINA

Osasun publikoaren arloko eskumena duen departamentuaren edo erakundearen txostena behar duten instalazioak eta jarduerak

Pertsonen osasunerako arriskua duten eta osasun publikoaren arloan eskumena duten departamentuaren edo erakundeen txostena, aginduzkoa eta loteslea, behar duten instalazioak eta jarduerak dira hauek:

a) Produktu biozidak biltegiratu, banatu edo/aplikatzeko instalazio guztiak, salbu horrelako jarduerak jende orok erabiltzeko baimendutako biozidekin bakarrik egiten dituztenak.

b) Hiltegi berriak eraikitzea edo lehendik daudenak handitzea.

c) Osasun arlotik kanpoko establezimenduak, tatuajeak edo piercingak egiten dituztenak.

d) Ospitaleratze zerbitzua duten osasun zentroak eta egoitza diren zentro soziosanitarioak.

e) Ingurumen baimen integratua, bateratua edo jarduera sailkaturako lizentzia behar duen beste edozein jarduera, ekipamendu edo instalazio hauetakoren bat badu:

–Erretzaileen elkarteak.

–Uraren aisialdiko erabilera.

–Giza kontsumorako ura, hornidura publikoko sare batetik ez datorrena.

–Legionella hedatzeko arriskua duten instalazio hauek, legionellosiaren arloan indarrean dagoen legeria arabera:

  • Hozte-dorreak eta lurrun-kondentsadoreak.
  • Ur girotuko sistemak, agitazio konstantea eta birzirkulazioa dituztenak abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.
  • Hezetasuna eragiten duten zentral industrialak.
  • Legionellosi arriskua duen eta ospitaleratze zerbitzua duten zentroetan edo egoitza dira zentro soziosanitarioetan dauden instalazioak.
  • “Lehentasunezko eraikinetako” etxeko ur beroaren sistemak, eraikin horiek etxebizitzarako ez diren erakin handiak edo lokalak direnenean eta urarekin lotutako arriskuen eraginpean egon daitezkeen erabiltzaile ugari dituztenean, batez ere kontsumorako uren araudiaren arabera erabilera publikoko lokal handiak.

–Ur araztua (ur berritua) berrerabiltzea edo/eta ur birziklatzea jardueran bertan.

Iragarkiaren kodea: F2204702