86. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

71/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortzarako deialdia egiten duena.

Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzea garatzeko konpromisoa hartu du, batetik, demokratizatzeko eta jendartera irekitzeko eta hurbiltzeko bitartekoa delako eta, bestetik, laneko metodologia bat delako, aukera ematen duena elkarrizketa eta deliberazio publikoa sustatzeko gobernantza publikoaren funtsezko baliabideak diren aldetik.

Nafarroako Gobernu Irekiaren I. Planean (2021-2023), konpromisoak eta neurriak jasotzen dira herritarren parte-hartzeari buruzko prestakuntzako, sentsibilizazioko, informazioko, aitortzako eta sustapeneko ekintzak sustatzeko. Esparru horretan, aurreikusten da gobernu irekiaren arloko jardunbide egokiak aitortzea, eta herritarren parte-hartzea da arlo horretan jasotako eremuetako bat.

Aipatutako plan horretan aurreikusitako neurrietako bat da herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzak egitea.

Hala, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren urriaren 20ko 44/2017 Foru Aginduaren bidez, deialdia egin zen Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokiak aitortzeko, 2016an eta 2017an herritarren parte-hartzerako ekimenen bat egiteagatik, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 23ko 198/2019 Foru Aginduaren bidez, 2018 eta 2019rako deialdia egin zen Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokiak aitortzeko.

Orain dagokigu aitortza egitea 2020. eta 2021. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako ekimenei.

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen 45.e) artikuluan xedatuarekin bat, herritarren parte-hartze kontuetarako unitate espezializatuari dagokio sustatzea herritarren parte-hartzearen arloko prestakuntzako, sentsibilizazioko, informazioko, aitortzako eta sustapeneko ekintzak.

Horretarako, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak aurreikusi du deialdi publikoa egitea, aitortza hori eskuratu nahi dutenek hautagaitzak aurkez ditzaten.

Ondorioz, ikusita espedientean dagoen Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren proposamen txostena, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzarako deialdia egitea, honako hauei zuzendua: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki erakundeak, banaka edo mankomunatuta, tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak, betiere 2020. eta 2021. urteetan herritarrek parte hartzeko ekimenen bat egin badute.

2. Aitortzarako deialdia arautzen duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Aitortzarako deialdi honen oinarrien eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 4an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

I. ERANSKINA

Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2020. eta 2021. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako jardunbide egokien aitortza egitea.

2. Deialdi honen ondorioetarako, herritarren parte-hartzearen jardunbide egokia honako baldintzak betetzen dituen esperientzia izanen da:

–Aipatutako urteetan bukatu eta izan dituen emaitzak ebaluatu dituena.

–Demokrazia parte-hartzailea hobetzeko ezagutzak eta bitartekoak ematen dituena.

–Oinarri hauen 3. apartatuan zehaztutako xedeetakoren bat duena.

–Deialdi honen bigarren oinarrian zehaztutako kalitate irizpideen %60 behintzat betetzen duena.

–70 puntu lortu dituena, gutxienez.

3. Aipatutako aitortzarekin herritarren parte-hartzearen jardunbide egokiak saritu nahi dira, deialdi honetara aurkeztu eta helburu hauetako batzuk betetzen badituzte:

–Herritarrak indartzea Nafarroako gizartearen arazoei erantzun instituzionalak edo sozialak emateko, herritarrei eskubide gehiago emanda, eta baita demokrazian aritzeko askatasun eta ardura berriak ere.

–Proposamenak egitea, dinamizatzea eta/edo bermatzea Nafarroako administrazio publikoek esku hartu dezaten; hausnarketa eta ekintza guneak sor daitezen, herritarrak eta gizarte entitateak elkartu eta inplikatzeko ondasun amankomunen defentsan, tokiko eta herrialdeko garapen jasangarrian eta gure Komunitatearen elkarbizitzaren hobekuntzan.

–Gobernantza eta kalitate demokratikoa hobetzea, eta baita botere publikoen zilegitasuna eta horiengan herritarrek duten konfiantza ere, parte-hartzea, deliberazio publikoa eta gardentasuna laguntzen duten ekintzak bultzatuta erabaki hauek hartzerakoan: planak, programak, araudiak, zerbitzu publikoen kudeaketa, eta politika publikoen ebaluazioa ere bai.

–Berdintasun maila handiagoak lortzea, inplikatutako eragile guztiak barne hartuta, haien ahalmenak indartuta eta gizarte berdinzaleagoa, justuagoa eta inklusiboagoa sortuta.

–Berrikuntza soziala sustatzea eta baita garapenera eta gizarte arazoak konpontzera bideratutako enpresa arloko I+G+b-a ere, interesa duten edo ukitutako eragile instituzionalekin eta gizarte eragileekin batera diseinatua eta garatua.

–Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.

–Parte-hartzearen mesedetan herritarrak hezitzea, sentsibilizatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.

Bigarrena.–Kalitate eta hautagarritasun irizpideak eta puntuazioa.

Epaimahaiak aurkeztutako proiektuak baloratuko ditu irizpide eta puntuazio hauen arabera:

1. Berrikuntza: berrikuntzatzat jotzen dugu herritarren parte-hartzea hobetzen duen esperientzia, ezohiko parte-hartze tresnen bidez eta normalean gutxi parte-hartzen duten edo gizartean baztertuak gelditzeko arriskuan dauden biztanleria sektoreen parte-hartzea hobetuta. (15 puntu).

2. Erabilitako plangintza eta metodologiak: plangintzatzat jotzen dugu arrazionalki antolatutako eta elkarren artean lotutako urratsen multzo bat ezartzea, nahi diren emaitzak lortzeko, esku-hartze eremu bakoitzerako metodologia egokienak erabiliz. (10 puntu).

3. Proiektuaren garapenean herritarren (elkarteen bidez antolatuak eta antolatu gabeak) parte-hartze aktiboa eta erantzunkidetasuna. (10 puntu).

4. Aliantzak eta sareak sortzea inplikatutako eragile instituzionalen eta/edo gizarte eragileen artean. (5 puntu).

5. Ingurunearen gaineko eragina eta ingurunearen aldaketa: aurretik ezarritako helburuen lorpena eta jarduketaren eremuan lortutako eragin behagarria. (10 puntu).

6. Transferitzeko modukoa izatea: ea esperientzia baten oinarrizko osagaiak beste testuinguru batean errepika daitezkeen, arrakasta izateko aukera handiarekin. (10 puntu).

7. Jasangarritasuna eta generoa: esperientzia hauek kontuan hartzen dituzte jarraitutasunerako inguruko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-alderdiak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak. Era berean, beharrezkoa da geroan ere garapena izatea eta bere aplikazioan eraginkorra izaten jarraitzea. (10 puntu).

8. Informazioa itzultzea: parte-hartze prozesuaren fase ezberdinen informazioa emateko ezarritako mekanismoak eta, bereziki, lortutako azken emaitzen eta hartutako konpromisoen berri ematekoa. (10 puntu).

9. Proiektua garatzean, eraginkortasunez erabiltzea baliabideak (giza baliabideak, ekonomikoak eta materialak). (10 puntu).

10. Ebaluazioa: hartutako neurriak ebaluatzeko sistema eta jarduera horiek aurreikusitako helburuetan izandako ondorioak kontrolatzekoa, helburuak eta neurriak berriz definitzeko, behar izanez gero. (10 puntu).

Hirugarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honetan parte har dezake nortasun juridiko propioa duen edozein entitate edo erakundek, multzo hauetako kidea bada: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki-erakundeak banaka edo mankomunatuta, tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak.

Laugarrena.–Aitortzak ebazteko aurreikusitako kategoriak.

Deialdi honetan aurreikusitako aitortzak ebazteko kategoria hauek ezarri dira:

–Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan Nafarroako Gobernuko Departamentuentzat eta/edo haren enpresa publikoentzat.

–Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan toki erakundeentzat.

–Aitortza publikoa parte-hartze sozialaren arloan tokiko ekintza taldeentzat, unibertsitate eta ikerketa taldeentzat, ikastetxeentzat, fundazioentzat, GKE-entzat, herritarren erakunde eta elkarteentzat, lanbide elkargoentzat, sindikatuentzat eta hedabideentzat.

–Aitortza publikoa parte-hartze sozialaren arloan enpresa pribatuentzat, enpresa elkarteentzat eta kooperatibentzat.

Kategoria bakoitzean epaimahaiak egoki irizten dion adina aitortza eman ditzake, goienaz 3 kategoriako, eta bete gabe uzten ahalko da aitortzaren kategoriaren bat edo denak, arrazoitutako erabaki baten bidez, irizten duenean bakar batek ere ez duela hori merezi, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Bosgarrena.–Aitortzaren edukia.

Epaimahaik hautatutako ekimen edo esperientzia partehartzaileak egin dituzten entitateek, honako ordain publikoak jasoko dituzte:

–Emandako aitortza egiaztatzen duen diploma jasotzea.

–Hautatutako jardunbide egokia aurkeztea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak antolatuko duen aitortza jardunaldian.

–Aitortza jasotzen duen jardunbide egokia Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak kudeatuko duen Parte-hartzearen Jardunbide Egokien Bankuan sartuko da, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko.

Seigarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

1. Aitortza kudeatu eta baloratzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonek konfidentzialtasunari eutsiko diote egiten diren ebaluazioen emaitzei dagokienez.

2. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bidez, deialdiaren oinarrien gaineko informazioa emanen du, tramiteen katalogoko kasuan kasuko fitxan.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/reconocimiento-de-buenas-practicas-de-participacion-ciudadana-realizadas-en-2020-y-2021-en-navarra

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

1. Lanak ebaluatuko dituen epaimahaia honela osatuko da: burua Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia izanen da; gainerako kideak, honakoak: NAPIko zuzendari kudeatzailea, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria edo hark eskuordetzen duen pertsona, Nafarroako Unibertsitateen ordezkari bat, horiek proposatua, eta Nafarroako Soziologoen eta Politologoen elkargoko ordezkari bat, horrek proposatua.

Idazkaritza Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Atalaren ardura izanen da.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak jarraituko die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen II. tituluko IV. kapituluaren arauei.

3. Ebaluazio prozesuan, epaimahaiak kontuan izanen ditu deialdi honen hirugarren oinarrian azaldutako kalitate eta hautagarritasun irizpideak.

4. Epaimahaiak proiektuak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak posta elektroniko bat emanen du.

5. Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari, aitortzaren kategoriei buruzko erabakiarekin batera.

Zortzigarrena.–Hautagaitzak aurkeztea.

1. 2020. eta 2021. urteetan egindako herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortza jasotzeko beraien esperientziak eta ekimenak aurkeztu nahi dituzten entitateek, deialdi honen II. eranskinean ezarritako formatuan egin beharko dute. Eskatutako informazioa osatzeko, bultzatu gogo da interesgarritzat jotzen diren eranskinak bidaltzera (irudiak, bideoak, argitalpenak, dokumentuak...).

2. Proposamenak telematikoki aurkeztuko dira hiru aukera hauetako edozeinen bidez:

–Tramiteen katalogoan gaitutako fitxa. https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/reconocimiento-de-buenas-practicas-de-participacion-ciudadana-realizadas-en-2020-y-2021-en-navarra

–Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzura zuzenduta; berariaz jaso beharko da “Herritarren Parte-hartzearen Jardunbide Egokien Aitortza 2020-2021”.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

–Helbide elektroniko honetara: participacionciudadana@navarra.es

Berariaz jaso beharko da “Herritarren Parte-hartzearen Jardunbide Egokien Aitortza 2020-2021” mezuaren gaian.

3. Proiektuak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bederatzigarrena.–Deialdia onartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarriak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten hautagai guztiak haien mende egotea.

Hamargarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

II. eranskina.–2020. eta 2021. urteetan Nafarroan egindako herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortza jasotzeko aurkezten diren hautagaitzek jaso beharreko edukiak

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204962