86. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2022 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuen 2022ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 620077.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak helburu du, besteak beste, lankidetza sustatzea eta ikerketaren ezagutzaren transferentzia egiten laguntzea Nafarroako I+G+b Sistematik (SINAI) sare produktibora, sare sozialera eta gizartera, oro har.

Gainera, lege horrek Nafarroako I+G+b sistema antolatzen du ezagutzaren sorrera, garapena eta aprobetxamendu partekatua sustatzeko, kalitatearen eta berdintasunaren parametroetan. Horretarako, Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan.

Bestalde, Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriak (2021-2025), 4. Erronkarekin (SINAI eragileen eta enpresa-sarearen arteko lotura handitzea) lotutako neurrien artean, neurri bat jasotzen du helburua duena lehen zegoen bonu teknologikoen eskemari berriz heltzea, ETEak SINAI eragileetara errazago hurbiltzeko.

Neurri horri “Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak” deituko zaio, eta haren funtsa da aurrez ezarritako kopuru bat izanen duten laguntzak ematea enpresek SINAIren eragile gisa akreditatutako unibertsitateei, zentro teknologikoei eta ikerketa zentroei ezagutza eta teknologia transferitzeko zerbitzuak kontratatu ahal izateko.

Laguntza emateko tresna honen bidez, bultzatu nahi da ikerketa zentroetan, zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan sortutako ezagutza eta teknologia enpresa sareari transferitzea. Nafarroako I+G+b Sistemaren eta enpresen arteko harremana sustatu nahi da, eta bultzada horri esker bilatzen da enpresek beren barne-berrikuntza prozesuak sistematizatzea eta kanpoko zerbitzu espezializatuetara jotzea, I+G proiektu erradikalagoei ekiteko erraztasunak emanez, bai eta beren proiektuen bideragarritasuna goiz ebaluatzea ere.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuen 2022ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 120.000 euroko gastua baimentzea “Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak” izeneko G20001 G2100 7701 467302 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

“Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak” izeneko G20001 G2100 7701 467302 partida

2022

120.000

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko apirilaren 7an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako I+G+b Sistema indartzea, ETEen jarduera berritzailea areagotzeko motor gisa, jakintza zientifikoa, teknologikoa edo berritzailea transferitzeko jarduketak kontratatuz unibertsitateekin, teknologia zentroekin eta ikerketa zentroekin.

Gero, ezagutza hori enpresek erabiltzen ahalko dute berrikuntzak egiteko, produktuan, prozesuan edo zerbitzuan, edo etorkizuneko I+G+b proiektu bateko aurretiazko fase gisa.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten entitateek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta zentro horretan egitea diruz lagundutako jarduerak.

b) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Ez egotea jarduketa egiten duen zentro teknologikoarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa zentroarekin elkartuak edo hari atxikiak, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean termino horiei buruz ezarritako definizioaren arabera.

2. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzeko akreditatutako eragileak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Entitate eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpenarenaren bidez frogatuko da baldintza guztiak betetzen direla.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira SINAIren Erregistroan halakotzat akreditatutako zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batek egiten dituen jarduketei dagozkienak, haien asmoa baldin bada enpresari ezagutza zientifikoa, teknologikoa edo berritzailea transferitzea; besteak beste, honako jarduketa hauek:

a) Zaintza teknologikoa.

b) Bideragarritasun azterlanak.

c) I+G+b-ari laguntzeko zerbitzuak.

d) Aholkularitza teknologikoa.

e) I+G proiektuen edo konponbideen diagnostikoa eta orientazioa.

f) Eragile horien I+G azpiegiturak edo ekipamenduak erabiltzea.

Jarduketa horiek jarduera osoak izan daitezke, edo irismen handiagoko jarduketa batzuen fase partzialak.

2. Ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen enpresen ohiko jarduerak, produktuen kalitatea hobetzeko direnak edo jadanik badiren produktuak nahiz produkzio produktuak aldatzeko edo egokitzekoak, baldin eta funtsezko berrikuntzarik ez badakarte. Zehazki, honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Nahitaezko arauak betetzea.

b) Kalitateko, ingurumeneko, jardunbide egokietako eta antzeko arloetako ziurtapenak eta EE marka ezartzea.

c) Ohiko analisi, entsegu edo karakterizazioak.

d) Prestakuntza orokorra.

e) Softwarea eskuratzea edo garatzea.

f) Negozio planak eta balorazio ekonomikoak.

g) Web orriak garatzea.

h) Merkatu azterketak.

i) Lege, patente, zerga eta prestakuntza arloen gaineko aholkularitza eta laguntza.

3. Eskaeraren egunetik hasi eta 2022ko azaroaren 30era bitarte egin beharko dira diruz lagundutako jarduketak.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gehieneko dirulaguntza gastu diruz lagungarriaren %60 izanen da (BEZa kanpo), jarduketa bakoitzeko 10.000 euroko muga gainditu gabe.

2. Eskatzaile bakoitzak 2 jarduketatarako laguntza jasotzen ahal du gehienez. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz lagundu daitezkeen jarduketen kopurua handitzen ahalko da: gehienez ere hiru jarduketa entitate onuradun bakoitzeko.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Jarduketa egiten hasi baino lehen aurkeztu beharko da laguntzaren eskaera.

3. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez.

6. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 12. oinarrietan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Enpresaren aurkezpen agiria, honako hauek izanen dituena:

–Deskribapen laburra: egiten duen jarduera, produktuak, erabilitako teknologiak, instalazioak, etab.

–Hautatutako zentro teknologikoarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa zentroarekin egin beharreko jarduketaren beharra, abiapuntua edo ebatzi beharreko problema, eta jarduketak entitateari dakarkion berrikuntza maila.

–Behar bezala justifikatu beharko da zergatik aukeratu den eragilea, dituen baliabideei (materialak edo giza baliabideak), lanen irismen teknologikoari eta abarrei dagokienez.

–Zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batekin ohikotasunez lan egiten bada, azaldu beharko da zein den eta zertarako eta zenbateko maiztasunez egiten diren lan horiek.

–Enpresa oinarri teknologikoko enpresa berritzaile bat bada, justifikatu beharko da eskatzaileak enpresa berritzaile eta/edo teknologikotzat jotzeko 2. eranskineko 5. irizpidean zehaztutako baldintzak betetzen dituela.

c) Kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak egindako eskaintza teknikoaren kopia, non behar bezain zehatz azalduko baita egin beharreko jarduketa, ezagutza enpresara transferitzeko. Honakoa sartu behar du:

–Zerbitzua kontratatuz zer ziurgabetasun tekniko ebatziko den.

–Egin beharreko jarduerak eta erabili beharreko teknologia.

–Aurreikusitako kronograma, hasierako eta bukaerako datak eta, behar izanez gero, jarduera xehakatuak.

–Egin beharreko lanen aurrekontu xehakatua.

d) Enpresaren tamaina kalkulatzeko inprimakia eta azken 2 ekitaldietako kontuak (itxiak eta Merkataritza Erregistroan gordailatuak), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak.

e) Entitateak, laguntzaren xedeko jarduera egin behar den lantokian, 2021. urtean izan duen batez besteko plantilla frogatzen duen agiria.

f) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 3. ebaluazio irizpidea baloratzearren.

g) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana laguntza eskatzen den egunaren aurreko hilabetean zehar, 4. ebaluazio irizpidea baloratzearren.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean gehienez, errekerimendua jakinarazten denetik hasita, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 2. eranskinean ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak aplikatuko zaizkie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. 2. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira eskaerak. Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2., 3., 4., 5., 6. eta 7. irizpideak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atala) eskaerak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatzen ahalko die entitate eskatzaileei.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako balorazioaren hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

9. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, baita dagozkion gastuak eta ordainketak ere, 2022ko azaroaren 30a baino lehenago, hori barne.

2. Honako hau da telematika bidez eta laguntzen fitxaren bidez aurkeztu beharreko justifikazio dokumentazioa, fitxa horretan eskura dauden ereduak erabiliz:

a) Jarduketa laburbiltzen duen fitxa.

b) Zerbitzu teknologikoak egin dituen zentro teknologikoaren, unibertsitatearen edo ikerketa zentroaren fakturaren fotokopia.

c) Ordainketaren frogagiriaren fotokopia.

d) “Jarduketaren bukaerako txostena” dokumentua, kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak emana. Bertan jarduketaren hedadura, helburuak noraino bete diren edo izandako zailtasunak zehaztuko dira.

3. Frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hilabete bateko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

4. Dirulaguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak enpresa onuradunaren instalazioak bisitatzen ahalko ditu, dirulaguntza jaso duen jarduketa egin dela egiaztatzeko.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, laguntzen fitxaren bidez telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, fitxa horretan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Jarduketaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

f) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

12. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

1407/2013 Erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, erakunde onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. ERANSKINA

Proposamenak ebaluatzeko irizpideak

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1. Lantokiko batez besteko plantilla

15

2. Lurralde kohesioa

15

3. Berdintasun neurriak

15

4. Desgaitasuna duten langileak

15

5. Oinarri teknologikoko enpresa berritzaile gazteak

15

6. SINAIko eragileen spin-offak

15

7. Lehen lankidetza 5 urtean

10

GUZTIRA

100

1. Lantokiaren batez besteko plantilla 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 bitarte. 15 puntu gehienez.

–1 langiletik 9ra bitarte: 15 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 10 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 5 puntu.

2. Lurralde kohesioa. 15 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea Iruñerrikoa ez den udalerri batean egotea: 8 puntu.

–Entitatea 1.500 bizilagun baino gutxiagoko biztanlegune batean egotea: 7 puntu.

Irizpide hau NaStat-Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

3. Berdintasun neurriak. 15 puntu emanen dira baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago dituztenean.

–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

4. Desgaitasuna duten langileak. Honako kasu hauetan, 15 puntu emanen dira:

–Baldin eta entitate onuradunaren guztizko plantillan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik %4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute.

–Gainerako entitateetan, plantillan desgaitasuna duen pertsona bat badago gutxienez.

5. Entitatea oinarri teknologikoko enpresa berritzaile bat bada, eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera sortu bada: 15 puntu.

Horren ondorioetarako, oinarri teknologikoko enpresa berritzailetzat hartuko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Teknologia sortzeko gauza izan behar dira.

–Enpresaren jarduera ezagutza zientifikoan eta teknologikoan oinarritu behar da.

–Enpresaren jarduera kualifikazio handiko zientzialarien eta ikerlarien lanean oinarritu behar da.

–Enpresaren jardueraren bidez produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortu behar dira, gero merkaturatzeko, eta beren ikerkuntza-lanetan edo ikerkuntza-entitateen jardunean sortzen den ezagutza enpresan txertatu behar da.

–Negozio estrategiaren eta garapen lerroen oinarriak teknologien garapena eta teknologien erabilera intentsiboa izan behar dira.

–Jardueraren funtsa izan behar da enpresak berak sortutako teknologiak edo unibertsitate edo ikerketa zentro publikoek zein pribatuek edota enpresek garatutakoak ustiatzea.

6. Entitatea SINAIko eragile baten (unibertsitatea, zentro teknologikoa edo ikerketa zentroa) spin-off bat bada: 15 puntu.

7. Enpresak SINAIko eragile jakin horrekin azken 5 urteetan izan duen lehen lankidetza bada: 10 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2205237