85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

269/2022 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2022an abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 622461

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduaren bidez, arauak ezarri ziren abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak ematearen gainean.

Arau hori onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Nafarroako Foru Komunitateak igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.45058 (2016/XA) laguntza zenbakiarekin.

Abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 24. artikuluaren 2. puntuan kokatzen dira. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Laguntzen araubide honek 2020ko abenduaren 31ra arte izanen du indarra, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat etorriz. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Aplikazio aldia gorabehera, kontuan harturik NPEa berritzeko legegintza prozedura ez dela bukatu, eta denbora pixka bat joan dela esparru juridikoa onartu arte (horren ondoriozko ekintza eskuordetuak eta betearazleak barne), 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko abenduaren 8ko 2020/2008 (EB) Erregelamenduaren indarraldia (erregelamendu horren bidez 702/2014 (EB) Erregelamendua aldatu zen, aplikazio aldiari dagokionez).

Nafarroako Foru Komunitateak, 2020ko abenduaren 31n iraungi ziren estatuko laguntzetarako tresnak eta araubideak luzatu direla ikusirik, 2022ko ekitaldian behar den deialdia egiteko asmoa du, abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak emate aldera.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022an abeltzaintza lehiaketen antolaketarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Laguntza horien onuradun diren toki-erakundeek ez dituzte bete beharko aipatutako maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako gardentasun betebeharrak, ez eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen arabera sor daitezkeenak ere.

4. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Ebazpen honen gastu-konpromisoei aurre egiteko, 30.000 euroko gastua baimentzen da, 2022ko Nafarroako aurrekontu orokorren “Abere azokak eta lehiaketak” izeneko 710004 71300 4609 412200 partidaren kargura.

6. Deialdi honetan aplikatzekoak dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduan ezarritako arauak. Foru agindu horren bidez, abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko apirilaren 21ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2205798