82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “Generazinema Jaialdiak 2022” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 619153.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets daitezela “Generazinema Jaialdiak 2022” laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimen dadila 55.000 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Generazinema Jaialdiak 2022” izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: Generazinema: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2022

30.000,00

A20002-A2500-4816-334113: Generazinema Jaialdiak: elkarteentzako laguntzak zinema jaialdiak antolatzeko

2022

25.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

“Generazinema Jaialdiak 2022” dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31 arte (biak barne) egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatzeko enpresa eta profesionalentzako laguntzak arautzea.

1.2. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak dira zinema ekoizpena eta ikus-entzunezkoak Nafarroan sustatu eta hedatzeko asmoz egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketek izaera kultural edo artistikoa izan beharko dute, eta aurretik gutxienez bi edizio eginak izan beharko dituzte.

1.3. Aurreko edo ondoko faseak kontuan hartu gabe (prestatzeko fasea, baloraziokoa edo itxierakoa), jarduerak herritar guztientzat irekiak izanen dira eta denbora tarte zehatz batean egin behar dira, eta tarte hori ez da izanen hiru egunetik beherakoa edo bi hilabetetik gorakoa (elkarren segidakoak ez direnak).

1.4. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta erakunde hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

c) Elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean zinemagintzari eta/edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerak egitea agertu beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek, eskaera aurkezten den unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, dagokion erakundearenean, zinemagintzari edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerekin zerikusia duen edozein epigrafetan.

2.3. Onuradun izateko aukeratik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki-erakundeak, beren erakunde autonomoak eta Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeek partaidetza nagusia duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorretan laguntzaren eskaeraren xede den proiektua finantzatzeko partida izenduna duten entitateak.

c) Filmak erakusteko aretoen titularrak diren enpresak.

d) Sindikatuak eta lanbide-elkargoak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakarra izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Horren gain, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta erakundeak.

3. Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek 55.000 euro izanen ditu guztira, honako partida hauen kontura:

–2022ko aurrekonturako onartutako A20002 A2500 4709 334102 partida; “Generazinema: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak”: 30.000 euro.

–2022ko aurrekonturako onartutako A20002 A2500 4816 334113 partida; “Generazinema Jaialdiak: zinema jaialdiak antolatzeko elkarteentzako laguntzak”: 25.000 euro.

3.2. Laguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoaren %50 (laguntza eskatzen den jaialdiaren edizioa), ezta onartutako aurrekontuaren %70 ere (deialdi honetan diruz laguntzeko ezarritako denborari eta gastuen tipologiari buruzko mugekin). Gainera, proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duena izanen da, behin kendurik (bidezkoa denean) deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuak, eta, orobat, balorazio batzordearen iritziz, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez direnak.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaeran aurkeztutako aurrekontua berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak proposatzen den dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak aurrekontu berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaeraren aurrekontua berregitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, baita ezarritako balorazio-irizpideak ere.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.3. Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-festivales-2022).

4.4. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean aurreikusitako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria (dagokion udalak emana).

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

–Aurrekontu osoa: Proiektuaren (laguntzaren xede den jaialdiaren edizioa) guztizko aurrekontuaren zenbatekoa jasoko du

–Diruz lagungarria den aldiaren aurrekontua. Soil-soilik sartuko dira 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 5.1j, 5.1k eta 5.1l oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

–Soldata gastuak eta gizarte segurantzakoak: Aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 5.1k eta 5.2d oinarrietan ezarritako muga kontuan hartu gabe.

Oharrak: 5.1e) “Gonbidatuak” oinarrian jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietarako gastuak.

–Bermatutako finantzaketa: Proiektu bererako eskatutako eta jasotako laguntzen eta horien zenbatekoaren aitorpena jasoko du, baita proiektuaren bermatutako finantzaketa eta horren zenbatekoa ere.

Bermatutako finantzaketa egiaztatu beharra dago proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko puntuak lortzeko (7.1.4 oinarria).

Honako dokumentu hauek erabiltzen ahalko dira: emandako laguntzen ebazpenak, banku-abalak edo elkar bermatzeko sozietate batenak, kontu korrontearen banku-ziurtagiriak, banku-kredituak, inbertitzaile pribatuen ekarpenen ziurtagiriak.

–Onartutako aurrekontua: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak hori berretsiko du, azterketa teknikoa egin ondoren.

I.A eranskina (Eskaera); PDF formatuan aurkeztu beharko da.

I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

Aukeran, “Memoriari erantsitako materiala” izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da. Formatu librean eginen da, eta argazkiak, ilustrazioak eta abar jasoko ditu, bai eta proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko garrantzitsutzat jotzen den oro ere.

d) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala aurkeztu beharko da.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdiren batean parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko oinarriaren b) apartatuan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.7. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun naturaleko epean akatsa zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean izaten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Filmen kudeaketa: Erakusteagatiko eskubideen gastuak, kopien azpitituluak egiteko gastuak, kopiak garraiatzekoak, erakustaretoak alokatzekoak.

b) Argitalpenen edizioa: programaturiko jardueren programak editatzeko gastuak.

c) Komunikazioa eta prentsa: Prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

d) Argitalpena eta zabalkundea: Publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak.

e) Gonbidatuak: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, muga hauekin:

–Mantenua: Gehienez 40 euro pertsonako eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

–Joan-etorriak: norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometro bakoitzeko 0,33 euro ordainduko da. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Ostatua: Gehienez, 75 euro gau bakoitzeko. Fakturan gaua igarotzen duen pertsonaren datuak jaso beharko dira.

f) Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

g) Online jarduerei eta digitalizazio prozesuei lotutako gastuak:

–Online jardueretarako plataforma birtualak erabiltzeko alokairuaren gastuak;

–Programatutako jardueretan hautatutako proiektu edo profesionalekin lotutako edukien ostatatze birtualaren gastuak.

–Jarduerei, marketin-azterlanei, bertaratutako publikoari testak egiteari eta publiko berriak hautemateari adimen artifizialaren teknologia aplikatzea.

h) Jasangarritasunari eta kontziliazioari lotutako gastuak:

–Hirugarrenekin kontratatutako kontziliazio eta jasangarritasun planekin lotutako gastuak.

–Jasangarritasunaren arloko prestakuntza jarduerak.

–Erakunde aitortuek jasangarritasun ziurtagiriak lortzea.

–Ziurtagiri ekologikoa duten mezularitza zerbitzuen hornitzaileak kontratatzea.

–Edukiontziak eta garbiguneak instalatzea, birziklapena eta berrerabilpena errazteko.

–Jarduera diruz lagungarriak ingurumenean duen inpaktua konpentsatzeko ekintzak egitea.

i) Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola talde artistikoaren ordainsariak eta tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

j) Jaialdiari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren gastu orokorrak. Gastu horiek aurrekontuan sartu beharko dira, eta ezin izanen dute gainditu a) apartatutik i) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %5.

k) Erakunde onuradunak kontratatutako langileen soldata kostuak eta gizarte segurantza, proiektua abian jartzeko behar direnak, beren arduraldiaren proportzioan. Gastu horiek ez dute gaindituko a) apartatutik g) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %15.

l) Proiektuaren garapena finantzatzeko maileguek sortzen dituzten finantza-interesak eta negoziazio gastuak, a) apartatutik i) apartatura bitartean jasotako zenbatekoen baturaren %20ko mugara arte.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, erakundeak berreskura ditzakeenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Jaialdira gonbidatutako talde artistikoa alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

g) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.

h) Diruzko sariak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarri bezala.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Zinemagintzaren eta/edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 2 pertsona, eta Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea: Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea: Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko. Fase honetan, I.A eranskinaren, dagokion laukian, hala adierazi duten eskatzaileek beren proiektuak defendatzen ahalko dituzte balorazio batzordearen aurrean, gehienez 15 minutuko azalpena eginez.

3. fasea: Batzordea bildu eginen da, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 7. oinarrian eskatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren, azken onuradunari dagokion dirulaguntza eskatu duena baino txikiagoa bada, 3. oinarriaren 5. apartatuan aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituz.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea: Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak, balorazio batzordeak emandako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

7.1.1. Eskatzailearen eta jaialdiaren ibilbidea (gehienez 15 puntu).

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorean: jarduera-urte osoak ikus-entzunezkoen sektorean (gehienez 5 puntu).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

5 puntu

15 urte gehienez

4 puntu

10 urte gehienez

3 puntu

5 urte gehienez

2 puntu

3 urte gehienez

1 puntu

b) Jaialdiak egindako edizio kopurua (5 puntu gehienez):

EDIZIO KOPURUA

HAZTAPENA

10 edizio baino gehiago

5 puntu

10 edizio arte

3 puntu

4 edizio arte

1 puntu

c) Enpresa edo profesional eskatzaileak ikus-entzunezkoen sektorean azken hiru urteetan egindako beste zabalkunde eta prestakuntza jarduera batzuk, laguntzaren xede den jaialdiari lotuta ez daudenak (1 puntu egiaztatutako ekintza bakoitzeko, gehienez 5 puntu)

7.1.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu gehienez).

a) Interes kulturala, kontuan hartuta jaialdiaren kalitatea, berezitasuna, berrikuntza eta espezifikotasuna, bai eta Espainiako zinema-jaialdien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna ere (gehienez 15 puntu).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (5 puntu gehienez).

c) Erronka demografikoari ekarpena egitea, zinema eskaintza txikiko eremuak dinamizatuz (1 puntu egiaztatutako ekintza bakoitzeko, gehienez 5 puntu).

d) Jaialdiak edo lehiaketak beste batzuekin egiten dituen lankidetza ekintzak, baldin eta beren eragin-eremuan bertan egotea eta jarraitzea bermatzen badute, ekitaldiak egiteko data zehatzetatik harago (1 puntu egiaztatutako ekintza bakoitzeko, gehienez 5 puntu).

e) Zirkuitu nazionalean presentzia txikia duten eta gure herrialdean kultura aniztasun handiagoa lortzen laguntzen duten zinema lanak zabaltzea (1 puntu baldintza hori betetzen duen film bakoitzeko, gehienez 5 puntu).

f) Nafarroako zinemagileak eta euskarazko filmak sustatzea (1 puntu baldintza hori betetzen duen film bakoitzeko, 5 puntu gehienez).

g) Jasangarritasunari laguntzea, emakumeen benetako berdintasuna sustatzea sektorean, publiko berriak erakarri eta prestatzea, eta desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzea (1 puntu egiaztatutako ekintza bakoitzeko, gehienez 5 puntu).

7.1.3. Hedapen, prestakuntza eta irisgarritasun estrategiak (gehienez 30 puntu).

a) Komunikazio ekintzak.

Baloratuko dira prentsako kanpainak eta hedabideetako publizitate kanpainak, hainbat euskarritako argitalpenen edizioa, ekitaldia zabaltzeko bideoen edo ikus-entzunezko piezen edizioa, kartelak eta sustapen-materiala, bai eta seinale eta dekorazio euskarriak ere (1 puntu egiaztatutako ekintza bakoitzeko, 10 puntu gehienez).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak.

Tailerrak antolatzea, bitartekaritza ekintzak, topaketak, solasaldiak, ikasle guztientzako proiekzioak, talde espezifikoentzako bisita gidatuak, erakusketak eta abar baloratuko dira. (1 puntu egiaztatutako ekintza bakoitzeko, 10 puntu gehienez).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden ikus-entzuleak jaialdira hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza horien barruan sartzen dira arkitektura-oztopoei erreferentzia egiteaz gain, edukiak eskuratzeko berdintasuna bultzatzen duten guztiak (1 puntu egiaztatutako ekintza bakoitzeko, gehienez 10 puntu).

7.1.4. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (10 puntu gehienez).

Proiektuaren aurrekontu osoaren gainean bermatutako finantzaketaren portzentajea, behar bezala egiaztatua.

BERMATUTAKO FINANTZAKETAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%75etik gora

10 puntu

%61 eta %75 artean

7,5 puntu

%46 eta %60 artean

5 puntu

%15 eta %45 artean

2,5 puntu

Puntu horiek lortzeko, finantzaketa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

7.2. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.3. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskaera-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

8.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: cine@navarra.es

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina (Mezenasgoaren Erantzukizunpeko Adierazpena) bete beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez bete eta izapidetzen ahalko baita.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Onuradunak hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

10.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek (pertsona fisikoak izan ezik) III. eranskina aurkeztu beharko dute telematika bidez, dirulaguntzen onuradunei buruzko gardentasun betebeharraren gaineko aitorpenarekin, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.3. Onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak erakunde eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.5. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal dira: (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala) eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

10.6. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko apartatuan deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsultatzen ahal da: “Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”).

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1.1. Ordainketa.

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jardueraren gastua egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2022ko urriaren 31 izanen da (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Justifikazioa egiteko, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

–Fakturen zerrenda: Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotako zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

–Nominen zerrenda: Proiektuari lotutako langileen nominen zerrenda zenbakiduna, berariaz adierazita zenbateko gordina, gizarte-segurantza eta PFEZa: Era berean, proiektuari aplikatutako ehunekoa eta Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zatia adieraziko dira.

–Finantzaketa-iturriak: Finantzaketa-iturrien eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

–Azken memorien datuak: Epigrafe honetako c eta d apartatuetako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko apartatuko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria bat. Bertan, filmen emanaldiei eta programatutako jarduera guztiei buruzko informazioa ez ezik, bertaratutakoen adinaren eta sexuaren arabera segmentatutako bertaratze datuak ere jasoko dira. Halaber, memoriak izan beharko du proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta. Jasangarritasuna eta kontziliazioa errazteko neurriak hartu badira, horiei buruzko informazioa sartu beharko da.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Jaialdiak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Jaialdiko taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

11.1.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2022ko irailaren 30a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, eskaera idazki bat aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da, V. eranskineko eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).

–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.

–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.1.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2022ko abuztuaren 31rako, egun hori barne, aurrerakina eskatzeko VI. eranskina (Aurrerakina eskatzea) aurkeztu beharko da, behar bezala beteta. Bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak; eta zehaztuko da dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela.

11.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak xede eta helburu bererako 2022an eman dezakeen beste batekin.

12.2. Aurrekoa gorabehera, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2022. urtean, xede eta helburu bererako lortutako beste edozein dirulaguntzarekin.

12.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.4. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen direnak, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Informazio tekniko eta ekonomikoa.

I.A eranskina.–Eskaera.

I.B eranskina.–Proiektua azaltzen duen memoria.

II. eranskina.–Mezenasgoaren erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena.

IV. eranskina.–Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena.

V. eranskina – Konturako ordainketaren eskaera.

VI. eranskina.–Aurrerakina eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2204949