82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

Deialdia, oposizio-lehiaketaren bidez bete dadin familia-langilearen lanpostu bat, lanaldi partzialean aritzeko

Lanpostu huts bat dago Erronkariko Ibaxaren Batzordearen plantilla organikoan, eta, hala, Erronkariko Ibaxaren Batzordeak honako hau erabaki du:

Deialdi honen oinarriak onestea, xedea izanik oposizio-lehiaketaren bidez betetzea familia-langilearen lanpostu bat, %68,83ko lanaldiarekin, aritu dadin Erronkariko Ibaxaren Batzordearen zerbitzura, zehazki Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Etxeko Laguntzako Programaren zerbitzura. Zerbitzuaren beharrengatik, eta kontratatutako langilearekin adosturik, lanaldia handitu egin daiteke.

Deialdia gauzatuko da jarraikiz aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea familia-langilearen lanpostu bat, D mailakoa, plantilla organikoan 5 zenbakiarekin identifikatua, %68,83ko lanaldia duena, aritu dadin Erronkariko Ibaxaren Batzordearen zerbitzura, zehazki Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren zerbitzura, Etxeko Laguntzako Programaren barnean; orobat, xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, lanpostu horretan aritu daitezen aldi baterako, absentziak izaten direnean, edo eritasunaren kasuan, edo bestelako inguruabarrengatik beharrezkoa denean zerbitzuko familia-langileak ordeztea, edo zerbitzuak dituen aldi baterako beharrei erantzutea.

Lanpostuaren zeregina da etxeko laguntza-zerbitzua ematea Erronkaribarko zazpi hirietako etxe partikularretan, zeinak egonen baitira Erronkariko Ibaxaren Batzordeko Izabako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren jarduketa esparruan. Horretarako, joan-etorriak egin beharko dira eskualdeko gizarte zerbitzuen egoitzatik (Erronkari) lan egiteko leku zehatzetaraino; langile bakoitzak bere kabuz egin beharko ditu joan-etorriak; Batzordeak kilometro-ordaina ordainduko du, Nafarroako Gobernuak une oro xedatutakoaren arabera.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da. Epe horren barrenean, alde batek nahiz besteak desegin dezake kontratua, alde bakarreko erabakia hartuta. Baldin, kontratuaren indarraldian, langile kontratatuak kontratua hutsaldu nahi badu, horren berri eman beharko dio Batzordeari, gutxienez ere hamabost egun lehenago.

1.2. Kontratatzen den langilea bilakatuko da Erronkaribarko Ibaxaren Batzordeko langile lan-kontratudun finkoa, eta, beharrezkoa denez eskola-graduatuaren baliokidea den titulazioa, sartuko da D maila edo taldean, eta jasoko ditu plantilla organikoan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako ordainsari eta osagarriak, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kide eginen da eta alta emanen zaio hartan, araubide horren babespean. Erronkariko Ibaxaren Batzordeko lan-kontratudunei aplikatu beharreko araudiaren araberakoak izanen dira ordutegia, oporrak eta gainerako ezaugarriak.

1.3. Beharrezkoa izanen da kontratatzen dena bere kabuz mugitu ahal izatea; hartara, Nafarroako Gobernuak ezarritako kilometro-ordaina jasoko du.

1.4. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, baldin uste badu izangaietatik bakar batek ere ez duela gutxieneko mailarik lanpostuan aritzeko.

1.5. Hautaprobetako emaitzak erabiliko dira zerrenda bat eratzeko, eta Erronkariko Ibaxaren Batzordeak zerrenda hori erabil dezake lanpostu hutsak bitarteko langileekin betetzeko, bitarte baterako ordezkapenak egiteko, laneko bajengatik nahiz oporrengatik, eta bestelako behar puntualengatik beharrezkoa denean zerbitzuak sendotzea, eta zerrenda hori lehenetsiko da egun Batzordean dauden zerrenden aurretik.

1.6. Deialdiaren oinarriak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan, haren web-orrian eta Batzordea osatzen duten udaletako iragarki-tauletan.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta kopien bidez frogatu beharko dira:

–Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

–16 urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

–Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, lanpostuaren eginkizunak betetzeko.

–Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Eskola-Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

–Honako titulu hauetako bat izatea:

  • Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).
  • Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).
  • –Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).
  • Salbuespenezko gaikuntza nahiz behin-behineko gaikuntza lanbide kategoria hauetan: gerokultoreak, zaintzaileak eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileak eta laguntzaile pertsonalak, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetarako, jarraikiz martxoaren 13ko 1653/2018 Ebazpenari.
  • Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

–Era berean, izangaitzat onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

–Gidabaimena izatea B1 motako ibilgailuak gidatzeko, eta ibilgailua ere izatea, edo, bestela, izangaiaren konpromiso sinatua, azaltzen duena bere kabuz egin ditzakeela joan-etorriak.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aipatutako baldintza horiek, eta eutsi egin behar zaie prozedurak iraun bitartean, harik eta Erronkariko Ibaxaren Batzordeak izendatzen duen arte eta kontratua sinatu arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Erregistro Orokorrean, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Ez bada aurkezten Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Erregistro Orokorrean, baizik beste bide bat erabiliz, horren berri eman beharko da helbide elektroniko honen bitartez: juntageneral@vallederoncal.es. Eskabideak aurkezteko epearen barnean komunikatu beharko da hori, Batzordearen administrazio-lanak errazteko.

Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jartzeko, ziurtatu baino lehen. Era berean, mezu elektronikoa igorriko da arestian adierazitako helbidera, inguruabar horren berri emateko, aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako. Helbide elektroniko hori Batzordera igorriko da eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Eskabideak, edukiari dagokionez, deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

3.2. Izangaiek helbide elektroniko bat eman beharko dute jakinarazpenak jasotzeko.

3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte deialdi honen seigarren oinarriaren arabera kalifikazio epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak.

3.4. Alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira enpresa ziurtagiriekin, lan-bizitzaren ziurtagiriarekin eta lan-kontratuekin. Behar bezala konpultsatutako agiriak aurkeztu beharko dira, bestela ez aurkeztutzat joko baitira. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.5. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

–NANaren fotokopia.

–Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

–Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak, deialdi honen zazpigarren oinarriari jarraituz.

–B-1 motako gidabaimenaren fotokopia, edo izangaiaren konpromiso sinatua, azaltzen duena bere kabuz eginen dituela joan-etorriak, eranskineko ereduaren arabera.

3.6. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.7. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Batzordeko buruak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, eta argitaratuko da Erronkariko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan, web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hiru egun baliodunetan, izangai baztertuek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte eta egindako akatsak zuzendu. Ezarritako epean ez bada erreklamaziorik, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, epaimahaiburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Eneko Egiguren Ruiz, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko burua.

–Ordezkoa: José Javier Echandi Sarriés, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko buruordea.

Batzordekidea: Jone Alastuey García, Gizarte Ongizate, Hezkuntza, Musika Eskola, Euskara, Kultura eta Kiroleko Batzordeko burua, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen barnean.

–Ordezkoa: Elena Calvo Petroch, Burgiko ordezkaria eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Kudeaketa Taldeko kidea, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen barnean.

Batzordekidea: María Jesús Mandacen Elizalde, Izabako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-langilea.

–Ordezkoa: Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitate bateko gizarte-langile bat.

Batzordekidea: Amaia Larumbe Torrano, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako administrari laguntzailea eta ordezkari sindikala.

–Ordezkoa: Miren Saldías Sáez, Izabako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-hezitzailea.

Idazkaria: Asier Gil Artuch, Batzordeko idazkaria, edo hark eskuordetzen duena.

–Ordezkoa: Idoia Anaut Mayo, Burgiko, Bidankozeko eta Gardeko idazkaria.

5.2. Hautapen probak hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Epaimahaia eratzeko kideen gehiengo osoak egon beharko du bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta laguntza emanen diote epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Proba bi fasetan eginen da; lehenik merezimenduak baloratuko dira, eta, gero, ariketa teoriko-praktikoa eginen da.

6.1. Proba teoriko-praktikoa (70 puntu gehienez):

Proba teoriko-praktiko baten bidez eginen da hautapen-prozesua. Proba horretan gehienez 70 galdera erantzun beharko dira, idatziz, eta 70 puntu lor daitezke gehienez. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Proba gainditzeko, beharrezkoa izanen da 35 puntu gutxienez erdiestea.

Galderak II. eranskinean bildutako gai-zerrendari buruzkoak izanen dira.

Ariketa hasi aurretik zehaztuko da haren iraupena.

Plika itxien sistema erabiliko da probak egiteko.

Dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

Proba teoriko-praktikoa egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.

Proba teoriko-praktikoaren emaitzak argitaratuko dira Erronkariko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan.

6.2. Merezimendu-lehiaketa.

Deialdi honetako izangai guztiek, uste baldin badute badituztela merezimenduak, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu beharko dituzte, eskabideak aurkezten dituztenean (4. oinarria).

Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek aurkeztutako merezimenduak, ondoko baremoari jarraikiz eta, osotara, ez da inoiz emanen 30 puntu baino gehiago, honako irizpide hauekin bat:

6.2.1. Laneko esperientzia (25 puntu gehienez):

Laneko esperientzia baloratzeko, nahitaezkoa izanen da honako hauen bidez frogatzea: lan-bizitza, eta lana egin den enpresaren eta/edo entitatearen kontratuak eta/edo ziurtagiriak, agertzen dutenak lanaren hasiera eta bukaera egunak eta betetako lanpostua. Ziurtagiriek informazio argia eta zehatza behar dute agertu, baloratzea ahalbidetzen duena. Bestela, aurkeztu ez balira bezala jokatuko da.

Laneko esperientzia hori honela puntuatuko da:

  • 3 puntu, familia-langile gisa egindako urte bakoitzeko, udal baten etxeko laguntza-zerbitzu batean.
  • 1,5 puntu, familia-langile gisa egindako urte bakoitzeko, etxe pribatu bateko laguntza-zerbitzuan.
  • 0,75 puntu, klinikako laguntzaile gisa egindako urte bakoitzeko, osasun etxe batean eta/edo ospitale batean, edo gerontologiako laguntzaile gisa egoitza-zentro batean.

6.2.2. Espezializazio edo hobekuntza ikastaroak (5 puntu):

Familia-langileari dagozkion arloetako ikastaroak:

–5 eta 15 ordu bitartekoak: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–15 ordu baino gehiagokoak: puntu bat ikastaroko.

Ez dira kontuan hartuko 5 ordutik beherako ikastaroak.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

6.2.3. Euskaraz jakitea (2 puntu gehienez).

Frogagiri ofizialen bidez baloratuko da euskararen ezagutza. Gehienez 3 puntu lor daitezke, eta, horretarako, beharrezkoa izanen da frogatzea badutela egiaztagiri ofiziala, ziurtagiri ofiziala aurkeztuta.

EUSKARA

(GEHIENEZ: 2 PUNTU)

C1 maila

2,0

B2 maila

1,5

B1 maila

1,0

A2 maila

0,5

A1 maila

0,0

Laneko esperientziaren eta euskara jakitearen balorazioaren emaitzak argitaratuko dira Erronkariko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan. Emaitza horien aurrean, alegazioak aurkez daitezke bi egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, eskabidea aurkeztuta Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Idazkaritzan.

Behin alegazioak baloraturik, behin betiko emaitzak argitaratuko dira Erronkariko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, agiriak aurkeztea eta dokumentazioa eramatea.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeran, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioko ariketetan lortutako kalifikazioak, eta organo deitzaileari igorriko dio izendapen proposamena, puntuaziorik handiena duen izangaiaren alde.

7.2. Behin epaimahaiak ebatzi ondoren aurkezten diren erreklamazioak (halakorik bada), izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Erronkariko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan eta web-orrian, eta buruari igorriko dio zangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, ebazpena eman dezan.

7.3. Izendapen proposamena Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean jabetu beharko du proposatutako lehiatzaileak adjudikatutako lanpostuaz, salbu deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen badu ebazpen horretan.

7.4. Aipatutako epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, adjudikaziodunak ez baditu aurkezten 3.5 puntuan aipatutako jatorrizko agiriak, ezin izanen da izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte egin dituen jarduketa guztiak; horrez gain, leporatzen ahalko zaio eskabidea faltsutzeagatik dagokion erantzukizuna.

7.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, organo deitzaileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuan aipatutako zerrendan agertzen diren izangaiekin (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Izangai horiekin jokatuko da aurreko apartatuetan ezarritako moduan.

8. oinarrian.–Nola kudeatu gainditu duten izangaien zerrenda.

8.1. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrenda lehenetsiko da egungoen aurretik, eta indarra izanen du harik eta kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta azken hori eginez gero, orduan eratzen den zerrendaren osagarria izanen da. Halakorik gertatu ezean, zerrenda onetsi eta gehienez ere 5 urtez egonen da indarrean.

8.2. Ordezkapenetarako zerrendan daudenei dei egiten ahal zaie Erronkariko Ibaxaren Batzordeko premien arabera, jarraituz deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

Deiak honela eginen dira:

a) Lokalizaturik egon daitezen, zerrendako izangaiek Erronkariko Ibaxaren Batzordeari emanen dizkiote harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat, gutxienez, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.

b) Kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira zerrendako izangai bakoitzarekin, hark emandako bideak erabiliz, eta deiak 48 orduko epean eginen dira.

c) Zerrendako izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangai batekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan duen postuari eutsiko dio. Kontratazio zerrendak kudeatzeari dagokionez, deialdi honetan xedatutako gabekoetan eta Erronkaribarko Ibaxaren Batzordeak onetsi gabekoetan, aplikatuko da abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana.

8.3. Zerrenda indarrean den bitartean, kudeatuko da jarraikiz Batzordeak 2021eko martxoaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiari.

8.4. Izangairen batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari edo kontratuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.

c) Zaindu beharra 3 urte baino gutxiagoko haurra.

d) Zaindu beharra bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (lege horrek hizpide du bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoa), balio bereko egoeran sartu berria, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Beste lan-kontratu baten frogagiria aurkeztea.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenbiziko apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek komunikatuko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.5. Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, baldin ez badira gertatzen B letrako kasuak.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko da eta bertan kidetuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

9. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Erronkariko Ibaxaren Batzordea da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hauxe da oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: Kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko; eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

–Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Erronkariko Ibaxaren Batzordeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Erronkarin, 2022ko martxoaren 21ean.–Batzordeko burua, Eneko Egiguren Ruiz.

I. eranskina.–Eskabide orria (DOC).

II. ERANSKINA

Deialdiaren gaitegia

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

3.–Erronkaribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko erabakiak. Eskaera egin daiteke honetara joz: juntageneral@vallederoncal.es

4.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide duena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran daudenak zaintzea.

5.–Etxeko laguntza-zerbitzua, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen esparruan.

6.–Familia-langilea etxeko laguntza-zerbitzuan: lanaren eginkizunak eta ezaugarriak. Lanbideko etika.

7.–Hirugarren adina eta osasuna. Ohitura osasungarriak eta higiene pertsonala. Etxeko laguntza-zerbitzuaren beharra duten egoerak.

8.–COVID-19aren kontrako jarduketa protokoloak eta prebentzio/babes materialak etxeko laguntza-zerbitzuan.

Iragarkiaren kodea: L2205066