80. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2022 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareak ekipamendua erosteko dirulaguntzen 2022ko deialdia. DDBN identifikazioa: 619112.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari atxikitako Nafarroako Gazteriaren Institutua arlo hauen gaineko eskumenak bere gain dituen erakunde autonomoa da: gazteria; gazteentzako zerbitzuen eta jardueren garapena bultzatzea gazteek gizartean parte hartzeko eta beren egoera alderdi guztietatik hobetzeko; genero berdintasuna sustatzea; bizi-ohitura osasungarriak eta balioen garapena sustatzea; gazteen arteko lankidetza eta elkartasuna; eta Nafarroako gazteen eskakizunei erantzuten dieten gainerako arloak.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honako hau dio “Gazteriaren arloko berariazko politikak” izeneko 14. artikuluan: “Gazteentzako informazioa eta aholkularitza, hau da, gazteei orientazioa eta aholkuak modu integralean ematea, horrela aukera gehiago sortuz eta garapen pertsonalerako erabaki libre eta arduratsuak hartzen lagunduz. Hori guztia gazteentzako informazio zerbitzu onartuen bitartez”.

Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautu zen, eta onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuek dirulaguntzen deialdian parte hartzen ahalko dutela ezarri zen.

Bestalde, 2020-2023 aldirako Gazteen Foru Estrategiak azpimarratzen du gazteen informazioa lehen urratsa izan dela eta izaten jarraituko duela biztanleriaren sektore horren parte-hartzea bultzatzeko eta garapen integrala lortzeko. Eta planteatzen du gazteentzako informazioa eskuratzeko kanal instituzionalak berriz definitzeko unea dela, kontuan hartuta informazioaren teknologia berriak eta horiek gazteentzat planteatzen dituzten erronkak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, 18. artikuluan, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari esleitzen dio Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea eta informaziorako eta parte hartzeko beste programa batzuk kudeatzeko eginkizuna.

Onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarearentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriaren Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du deialdi bat onestea 2022. urtean zerbitzu horiei dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubidean, bateko eta besteko ekipamendua eros dezaten.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira haien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuek ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdia tramitatzea norgehiagokako araubidearen bitartez.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak aurkeztu duen txostenean azpimarratu du Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareari ematen zaizkion laguntzen garrantzia.

Hortaz, bidezko da ebazpen bat onestea Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarearentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareak ekipamendua erosteko dirulaguntzen 2022ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, aurrekontu-kreditu hauen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

090002-09100-7819-232102: (E) Elkarteen Gazteentzako Informazio Sarerako dirulaguntzak.

2022

5.000,00

090002-09100-7819-232103: (E) Toki erakundeen Gazteentzako Informazio Sarerako dirulaguntzak.

2022

95.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 4an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareak ekipamendua erosteko dirulaguntzen araubidea ezartzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

2. Helburua.

Dirulaguntzen helburua da onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuei laguntzea, 2022an ekipamenduaren erosketak osorik edo partez finantzatuz. Izan ere, onura publikokotzat jotzen da gazteei beharrezko informazioa eta orientazioa ematea gizarte-bizitzan integratzeko eta parte hartzeko, eta informazioa sarean zehar dabil. Horregatik, onura publikoko kontua da gazteentzako informazio bulego eta guneak edukitzea, behar bezala funtzionatzeko behar den ekipamendu informatikoz, altzariz eta materialez hornituak.

3. Onuradunak.

3.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarean –gazteentzako informazio bulegoak eta gazteentzako informazio guneak– sartuak dauden toki erakundeek eta elkarteek jasotzen ahalko dituzte deialdi honen xedeko dirulaguntzak, bat etorriz Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen duen abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuarekin.

3.2. Erakunde eta elkarte horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen duten unean:

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian baldintzak betetzen direla frogatzeko ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori (III. eranskina).

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauzkala frogatzeko, dirulaguntzaren eskabidean bertan adierazten ahalko da Nafarroako Gazteriaren Institutuari baimena ematen zaiola egoera hori frogatzen duten datuak kontsulta ditzan dirulaguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen den unean (II. eranskina).

4. Aurrekontu kreditua.

Deialdiari aurre egiteko erabilgarri dagoen aurrekontu osoa bi multzotan banatzen da:

–95.000 euro “(E) Toki erakundeen gazteentzako informazio sarerako dirulaguntzak” izeneko 090002 09100 7819 232103 partida ekonomikoaren kargura.

–5.000 euro “Elkarteen gazteentzako informazio sarerako dirulaguntzak” izeneko 090002 09100 7819 232102 partida ekonomikoaren kargura.

5. Kontzeptu diruz lagungarriak.

5.1. Ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten gazteentzako informazio bulego eta guneek ekipamendu informatikoaren, altzarien, tresnen eta material inbentariagarrien erosketa-gastuen kontzeptuarengatik eskuratzen ahalko dituzte dirulaguntzak.

Ekipamendu informatikoaren gastutzat hartzen dira beren jarduerak egiteko behar den materiala erostetik eratorriak: ordenagailuak, inprimagailuak, ekipoen eguneraketa, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, argazki- eta bideo-makina, USBak, GPSak eta beste gailu digital batzuk. Erositako ekipo informatikoek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.

Altzari eta tresna gastutzat joko dira honako material hauek erostetik eratorriak: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, etab.

Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun suntsiezinak, esate baterako: orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak...

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluaren arabera, toki erakunde eta elkarte onuradunek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, bi urtez gutxienez. Horretarako, bi urteko epea igaro ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta, bertan, adierazi beharko dute ezen, dirulaguntza eman zitzaien unetik, eskuratutako ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili direla (VI. eranskina).

5.2. Diruz lagungarriak izateko, erosketa-gastuak 2022an egin beharko dira, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Deialdiaren kreditu osoa bi multzotan banatzen da:

–Udal titulartasuneko gazteentzako informazio zerbitzuek ekipamendua erosteko dirulaguntzak: Dirulaguntza hauetarako, gehienez ere, 95.000 euro banatuko dira guztira.

–Elkarteen gazteentzako informazio zerbitzuek ekipamendua erosteko dirulaguntzak: Dirulaguntza hauetarako, gehienez ere, 5.000 euro banatuko dira guztira.

6.2. Udal titulartasuneko gazteentzako informazio zerbitzuentzako dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez ere %100 jasoko du ekipamendua erosteko dirulaguntza gisa.

Elkarteen gazteentzako informazio zerbitzuentzako dirulaguntzen kasuan, elkarte eskatzaile bakoitzak gehienez ere %100 jasoko du ekipamendua erosteko dirulaguntza gisa.

6.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, ezarritako multzo bakoitzean aurkeztutako eskaeren kopurua ikusita, multzo bakoitzerako finkatutako dirua nahikoa ez bada gehieneko dirulaguntzak emateko, dagoen kreditua dirulaguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den ehunekoan murriztuko dira.

6.4. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du behin ere gainditu diruz lagundutako materialaren eskuratze-kostua.

7. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Dirulaguntza-eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko “Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarearen ekipamendurako 2022ko dirulaguntzak” izeneko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

8. Eskaera eta dokumentazioa.

8.1. Ezarritako eranskinen arabera, zeinak Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko dagokion fitxan eskuragarri egonen baitira, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

8.1.1. Eskabide orokorra (II. eranskina).

8.1.2. Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak emana, edo, toki erakundeen kasuan, ziurtagiri bat, idazkari lanak egiten dituenak emana. Bertan adierazi behar da erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere (III. eranskina).

8.1.3. Erantzukizunpeko adierazpena, Aisialdiko Eskolak ondasunak 2 urtez erabiltzeko betebeharra beteko duela dioena (IV. eranskina).

8.1.4. Ekipamendua erosteko eskaerekin batera, enpresa hornitzaileen aurrekontuak aurkeztuko dira, non azalduko baita erosi nahi den materiala, baita txosten bat ere, erosketa 9.2 oinarrian zehaztutako balorazio irizpideei jarraituz eginen dela justifikatzen duena. (V. eranskina).

9. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

9.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

9.2. 6. oinarrian ezarritako multzoetako bakoitzari (udal titulartasuneko gazteentzako informazio zerbitzuak eta elkarteen gazteentzako informazio zerbitzuak) dagozkion dirulaguntza-eskaerak honako irizpide hauen arabera baloratzen dira:

Erosketak beharrekin bat datoz eta egokiak dira. Gehienez 50 puntu. Honako hauek baloratzen ahalko dira:

a) Erosteko beharraren justifikazioa edo arrazoia (gehienez 20 puntu).

b) Eskuratzeak zerbitzuaren funtzionamendurako duen garrantzia (gehienez 10 puntu).

c) Gazteentzako informazio gune edo bulego bat izatea (gehienez 10 puntu).

d) Zerbitzuan artatutako pertsonen bolumena (gehienez 10 puntu).

Zerbitzuak emateko baldintzak hobetzen dira. Gehienez 50 puntu. Honako hauek baloratzen ahalko dira:

a) Ekipamenduaren izaera berritzailea (gehienez 30 puntu).

b) Ekipamenduaz baliatuko diren pertsonen kopurua (gehienez 10 puntu).

c) Ekipamenduaz baliatuko diren pertsonen ezaugarriak (gehienez 10 puntu).

9.3. 5 puntuko gutxieneko balorazioa gainditzen duten informazio zerbitzu guztiek dirulaguntza jasoko dute.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

10.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da.

10.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako agirietan dagoen informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak eskatzaileei. Errekerimendu hori erakunde eskatzailearen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen da.

10.3. Era berean, aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

10.4. Epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak baztertuko dira, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere.

11. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

11.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala), eskaeren ebaluazioa ikusita, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunen zerrenda, lortutako balorazioaren hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

11.2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea da. Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

12. Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute egindako jarduketa (diruz lagundutako gastuaren %100):

12.1. Beranduenez ere 2022ko irailaren 30ean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta):

–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura edo frogagirien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. eta 7. oinarrietan ezarritakoarekin bat. Bertan, hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (VII. eranskina).

Gastuak justifikatzeko, dirulaguntza eskatzen duen toki erakundearen edo elkartearen alde egindako fakturak aurkeztuko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatzeko eta horretaz fede emateko.

Fakturak egin behar izatetik salbuetsirik egon arren ziurtagiriak egiten dituzten entitateek, ziurtagirian berean adierazi beharko dute zer arauren arabera dauden salbuetsirik, modu frogagarrian.

Faktura guztiek ordainketaren frogagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, entrega-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

12.2. Udal titulartasuneko gazteentzako informazio gune eta bulegoen kasuan, dokumentazio horren ordez, toki erakundeko idazkari lanak egiten dituen pertsonak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena (VIII. eranskina).

12.3. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

13.1. Frogagiriak aztertu ondoren, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak betetzen dituztela.

13.2. Ordaintzeko ebazpena Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eman eta jakinaraziko du, gehienez hilabete bateko epean, 12. oinarrian frogagiriak aurkezteko adierazten den azken egunetik hasita.

13.3. Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, egindako gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza.

13.4. Dirulaguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, ordaintzeko ebazpena onetsi eta gero.

14. Betebeharrak.

14.1. Dirulaguntzaren onuradunek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetarako erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

15. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten zerbitzuek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten zerbitzuek zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, alkate-udalburuak edo ordezkariak sinatua, dirulaguntza guztien batura egindako gastua baino txikiagoa dela adierazteko.

16. Ebazpenen publizitatea.

Deialdi honen ondorioz dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko ematen diren ebazpenak Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dira, informazio ondorioetarako soilik.

17. Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.

18.2. Onuradunak betetzen ez badu ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko ezarri den epea, dirulaguntza itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren I. kapituluan ezarritako baldintzetan, lege horren 28.4 artikuluaren arabera.

18.3. Era berean, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

19. Gardentasun betebeharrak.

19.1. Erakunde onuradunek bete beharko dute bai irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan, bai Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa, horren bidez arautzen baitira gardentasun betebeharrak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ordaintzen diren dirulaguntzen onuradunenak barne (IX. eranskina).

19.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik erakunde onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak (IX. eranskina).

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 18. oinarrian ezarritakoak.

19.3. Atal honetan aipatzen den informazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendua.

19.4. Onuradunak informazio arloko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19.5. Nolanahi ere, erakunde onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua).

19.6. Erakunde onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2205084