8. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 3koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2022. urterako garatzen baita balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua.

Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 68. artikuluak arautzen du araubide berezi erraztuaren edukia, eta ezartzen du erregelamendu bidez garatuko dela.

2020ra arte, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta balio erantsiaren gaineko zergari buruzko araudiek aurreikusten zuten batera eta koordinaturik aplikatzea PFEZaren zenbatespen objektiboa eta BEZaren araubide berezi erraztua, eta horrenbestez, urtero onesten zen bi araubideak garatzeko foru agindua. Nolanahi ere, halaxe xedatzen baitu Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzeko abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legeak, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera kenduta dago pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan etekin garbia zehazteko zenbatespen objektiboaren araubidea. Horregatik, foru agindu honek arautzen du, soilik, nola aplikatu BEZaren araubide erraztua.

Estatuan, abenduaren 1eko HFP/1335/2021 Aginduaren bidez garatu ziren, 2022rako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua.

Nafarroan, PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidea bertan behera utzi ondoren, aipatutako abenduaren 1eko HFP/1335/2021 Aginduaren edukia aplikatu behar da, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari dagokionez 2022an.

Dena dela, foru agindu honek beharrezko egokitzapenak egiten ditu Estatuko araudia Nafarroan aplikatu ahal izateko.

Hala, 1. artikuluan ezartzen du Nafarroan balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua aplikatuko zaiela HFP/1335/2021 Aginduaren 1.1 artikuluan jasotako jarduerei, agindu horren edukiaren arabera, baina zenbait salbuespen edo argibiderekin.

Lehendabizi, HFP/1335/2021 Aginduaren 1.1 artikuluak 653.2 epigrafea biltzen du araubide erraztua aplikatzen duten jardueren artean: “Material eta tresna elektrikoen, elektronikoen, etxetresna elektrikoen eta argindarra ez den beste energiaren batekin ibiltzen diren etxerako beste tresna batzuen eta sukalderako altzarien txikizkako merkataritza”. Bestalde, HFP/1335/2021 Aginduaren 2.1 artikuluak epigrafe bera biltzen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboan sartzeko moduko jarduera gisa, eta, kasu horretan, BEZaren baliokidetasun-errekarguaren araubidea da aplikatzekoa. Zehaztu behar da, eta horregatik argitzen du foru agindu honek, ezen 653.2 epigrafearen kasuan, BEZaren araubide erraztua aplikatuko zaiola jarduera honi soilik: “Bere jarduerako artikuluen konponketa, 653.2 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariek egina”. Hala dago jasota HFP/1335/2021 Aginduaren II. eranskinean ere, non ezartzen baitira balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuko indizeak eta moduluak.

Bestalde, ez dira berdinak maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen lehen ataleko 6. saila (foru lege horren bidez, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea arautzen dira) eta irailaren 28ko 1175/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 6. saila (legegintzako errege dekretu horren bidez, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea onesten dira). Beraz, beharrezkoa da HFP/1335/2020 Aginduaren 1.1 artikuluaren edukia egokitzea Nafarroako EJZri buruzko araudian jasotako epigrafe eta izenetara.

Zehazki, Nafarroan, 673. epigrafea bakarrik dago, “Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak” izenekoa, Estatuko araudian ez bezala, non epigrafea bitan bananduta baitago: 673.1 “Kategoria bereziko kafetegiak eta tabernak” eta 673.2 “Bestelako kafetegiak eta tabernak”. Foru agindu honek ezartzen du BEZaren araubide erraztua aplikatuko zaiola 673. epigrafeari (“Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak”) eta aplikatzekoak izanen dituela 673.2 epigrafeari dagozkion indizeak eta moduluak.

Bestalde, 675. epigrafea (“Kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak”), Nafarroako zein Estatuko EJZri buruzko araudian, honela deitzen da: “Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokatutako kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak”. Hortaz, komenigarritzat jo da izen zehatza aipatzea, EJZren tarifak arautzen dituen foru araudian jasotzen dena.

Era berean, Nafarroako 681. epigrafeak hau jasotzen du: “Hoteletako ostatu zerbitzuak”, baina Estatuko araudian motelak ere barnean hartuta daude; edonola ere, BEZaren araubide erraztua izar batekoei edo bikoei baino ez zaie aplikatuko.

Bukatzeko, 683. epigrafea (“Ostatu eta apopilo-etxeetako ostatu zerbitzua”), Nafarroan, “Landetxeetan ostatua hartzeko zerbitzua” baino ez da.

Bigarrenik, kontuan hartu behar da Estatuan PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubideari eusten zaiola eta araubide horretatik baztertuta gelditzeak BEZaren araubide erraztutik baztertuta gelditzea dakarrela. Horregatik, zabaldu behar dira HFP/1335/2021 Aginduan zenbatespen objektiboari dagokionez aurreikusitako baztertze arrazoiak, Nafarroako subjektu pasiboak lurralde komuneko inguruabar berberetan baztertuta geldi daitezen BEZaren araubide erraztua aplikatzetik, nahiz eta PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubiderik ez izan.

Hala, magnitude baztertzaileak zenbatesteko, zenbatetsi behar dira subjektu pasiboak, ezkontideak, ondorengoek eta aurrekoek eginiko jardueren eragiketak edo magnitudeak, baita haietako edonoren partaidetza duten errentak eratxikitzeko araubideko entitateak ere, jarduera berdinak edo antzekoak direnean, eta zuzendaritza bateratua dutenean. Modu berean zenbatetsiko dira errentak eratxikitzeko araubideko entitateak direnean.

Bukatzeko, HFP/1335/2021 Aginduaren III. eranskinak arau amankomunak ezartzen ditu jarduera guztietarako, eta, zehazki, 4. eta 5. apartatuek balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak biltzen dituzte. 4. apartatuak jasotzen du, besteak beste, inbertsio-ondasunak eskuratu edo inportatzeagatik 1998ko urtarrilaren 1a baino lehenago jasan edo ordaindutako kuotak erregularizatzeari buruzko araua; Nafarroan, 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen jasan edo ordaindutako kuotei aplikatuko zaie.

5. apartatuan, arautzen da indizeak eta moduluak murrizteko eskatzen ahal dela baldin suteek, uholdeek, hondoratzeek eta abarrek nabarmen aldatzen badute jardueren garapena, eta 30 eguneko epea ezartzen du, fenomeno horiek gertatzen direnetik aurrera, murrizte hori eskatzeko.

Dena dela, ulertzen da 30 eguneko epe hori, oso maiz, ez dela behar adinakoa ohiz kanpoko gertaera horien ondorioak zehazteko. Beraz, 2016tik aurrera finkatutako epeei eusten zaie Nafarroan; hala, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte aurkez daitezke murrizte eskaerak, salbu eta urteko azken hilabetean gertatzen badira kalteak; halakoetan, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkez daiteke eskaera.

Aurreko paragrafoetako ñabardurekin, foru agindu honetan jasotzen dira HFP/1335/2021 Aginduaren III. eranskinean jasotako jarduera guztientzat komunak diren arauak, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, eta araudiko aipamenak egokitzen dira Nafarroako araudira (edukia berdina da Estatuko araudian).

2. artikuluak jasotzen duenez, subjektu pasiboak bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen direnean eta BEZaren araubide erraztuan tributatzen dutenean, eska dezakete garraio elementuak eskuratzeagatik kenkaria izan dezaketen kuotak itzul daitezela, eskurapena egin ondoko hilabetearen lehendabiziko 20 egun naturaleko epean.

Bestalde, 3. artikuluan zehazten da zer betebehar formalek ematen duten bide araubide erraztua aplikatu eta kudeatzeko balio erantsiaren gaineko zergan.

Bukatzeko, jasotzen da zer epe eta prozedura dagoen uko egiteko eta errebokatzeak egiteko balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari.

Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko foru araudiak ematen dizkidan gaikuntzengatik, honako hau

Agintzen dut:

1. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua 2022rako.

Subjektu pasiboek abenduaren 1eko HFP/1335/2021 Aginduaren 1.1 artikuluan bildutako jarduerak egiten dituztenean, horretan ezarritakoa aplikatuko dute balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari dagokionez, salbuespen hauekin:

1. 653.2 epigrafean (“Material eta tresna elektrikoen, elektronikoen, etxetresna elektrikoen eta argindarra ez den beste energiaren batekin ibiltzen diren etxerako beste tresna batzuen eta sukalderako altzarien txikizkako merkataritza”), BEZaren araubide erraztua aplikatuko da honengatik: “Bere jarduerako artikuluen konponketa, 653.2 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariek egina.”

2. 673. epigrafeak (“Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak”) 673.1 epigrafea (“Kategoria bereziko kafetegiak eta tabernak”) eta 673.2 epigrafea (Bestelako kafetegiak eta tabernak”) ordeztuko ditu.

8 enplegatu hartuko dira 673. epigrafearen (“Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak”) berariazko magnitude baztertzailetzat.

Honako hauek izanen dira 673. epigrafeari (“Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak”) dagozkion indizeak eta moduluak:

JARDUERA: KAFETEGI ETA OSTATUETAKO ZERBITZUAK

EJZ-KO EPIGRAFEA: 673

DEFINIZIOA

UNITATEA

URTEKO KUOTA UNITATE BAKOITZEKO (eurotan)

1

Enplegatutako langileak

Pertsona

2.577,52

2

Potentzia elektrikoa

kW kontratatua

47,83

3

Mahaiak

Mahaia

56,69

4

Barraren luzera

Metroa

62,89

5

“A” motako makinak

“A” motako makina

177,15

6

“B” motako makinak

“B” motako makina

655,45

7

Loterien eta kirol apustuetarako makinen komisioen zenbatekoa

Euroak

0,21

Eragiketa arrunten gutxieneko kuota: eragiketa arruntengatik sortutako kuotaren %6.

Oharra: aurreko zeinu eta moduluak aplikatu ondoan suertatzen den kuotaren barnean, nolanahi ere, hauetatik ateratzen den etekina ere sartzen da: billarra, mahai-futbola, dardoak eta horrelako josteta makinak, zinta, bideo, compact-disc direlakoen erakustokiak, bolak saltzeko makinak, haurrentzako josteta makinak, compact-discak eta bideo musikalak irakurtzeko makinak, loteriak, kirol apustuen makinak eta telefonoa erabiltzeko zerbitzua, jarduera horiek jarduera nagusiaren osagarri bezala egiten badira.

%2koa izanen da hiruhilekoko konturako diru-sarrera kalkulatzeko aplikatu beharreko portzentajea.

3. Hauxe izanen da 675. epigrafearen izena: “Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak”.

4. Hauxe izanen da 681. epigrafearen izena: “Izar bateko edo biko hoteletako ostatu zerbitzua”.

5. Hauxe izanen da 683. epigrafearen izena: “Landetxeetan ostatu hartzeko zerbitzua”.

6. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiborako magnitude baztertzaileei dagokienez HFP/1335/2021 Aginduaren 3. artikuluan ezartzen diren arauak baldintza beretan aplikatuko dira balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren ondorioetarako.

7. Honako honek ordeztuko du HFP/1335/2021 Aginduaren III. eranskineko (“Jarduera guztietarako arauak”) edukia, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez:

a) Araubide erraztuaren ondoriozko kuota handitu beharko da, zenbateko kuotak sortu diren Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B artikuluak aipatzen dituen eragiketengatik, horrenbeste; eta murrizten ahalko da, zenbateko kuotak jasan edo ordaindu diren jarduera garatzeko aktibo finkoen eskurapen edo inportazioagatik, horrenbeste. Ondorio horietarako, aktibo finkotzat hartzen dira ibilgetuko elementuak eta, bereziki, erosteko aukera duten finantza errentamenduko kontratuez baliatuz edukitakoak, erosteko aukera loteslea izan nahiz ez.

Tributuaren sorrerako hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioan jaso beharko dira 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B artikuluan zehaztutako eragiketei dagozkien kuotak (ondasunen Europar Batasunaren barneko eskurapenak, subjektu pasiboaren inbertsioa duten eskurapenak eta aktibo finkoen eskualdaketak). Nolanahi ere, subjektu pasiboak kuota horiek likidatzen ahalko ditu ekitaldiko azken likidazio aldiari dagokion aitorpen-likidazioan.

Aktibo finkoen eskurapen edo inportazioagatik jasan edo ordaindutako kuotak kendu ahal izanen dira, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritako arau orokorrekin, haiek jasan edo ordaindu diren likidazio aldiari dagokion aitorpen-likidazioan edo hurrengoetan, artikulu hartan ezarritako mugekin. Halere, subjektu pasiboak ekitaldiko azken zergaldiko aitorpen-likidazioan likidatzen dituenean aktibo finkoen Europar Batasunaren barruko eskurapenei dagozkien kuotak, edo aktibo horien eskurapenei dagozkienak, subjektu pasiboaren inbertsioa tarteko, kuota horien kenkaria ezin izanen da egin kuotak likidatzeko egiten den aitorpen-likidazioa baino lehenagoko batean.

Ekitaldiko azken hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioan, halaber, erregularizatzen ahalko da, kasua bada, araubide erraztuari atxikitako jarduerei lotutako inbertsio ondasunen eskurapen edo inportazioagatik 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen jasan edo ordaindutako kuoten kenkaria, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 53. artikuluan xedatutakoarekin, baldin eta agindu horretan zehaztutako erregularizazio aldia iragan ez bada. Ondorio horietarako, ulertuko da zero dela araubide erraztuaren menpeko jardueren kenkarirako hainbanaketa 2021eko urtarrilaren 1era arte, salbu eta 2021eko urtarrilaren 1era arte araubidetik baztertutako higiezin, ontzi eta aktibo immaterialen eskurapen edo inportazioagatik jasan edo ordaindutako kuotei dagokienez.

b) Araubide erraztua aplikatu behar zaien enpresa jardueretan suterik, uholderik, hondoratzerik edo ekipo industrial horietan matxura handirik edo gisako ohiz kanpoko inguruabarrik gertatzen bada eta horrek jarduerari gorabehera larriak ekartzen badizkio, ohiz kanpoko gorabehera horiek direla-eta indize edo moduluak murriztea nahi dutenek zerga arloko eskumena duen departamentuari eskatzen ahalko diote urte bakoitzeko abenduaren 31 arte, eta, aldi berean, bidezkoak iruditzen zaizkien frogak aurkeztuko dituzte. Gorabeherak urteko azken hilabetean gertatuz gero, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkezten ahalko da eskaera.

Eraginkortasuna egiaztatu ondoren, zerga kudeatzen duen atalak indizeen edo moduluen murriztapena erabaki dezake, eta aplikagarri izanen den aldia zehaztu.

Gainera, aurreko paragrafoetan adierazitako prozedura berari jarraikiz, zilegi izanen da indizeen edo moduluen murriztapena eskatzea jardueraren titularra aldi baterako ezintasun egoeran edo jarduteko legez desgaiturik egon bada 30 egun natural baino gehiago jarraian, eta, betiere, bi kasuotan, beste enplegatu bat ez badauka. Horixe bera eskatzen ahalko da jarduera geldiarazten bada ezinbesteko arrazoiengatik ondoz ondoko 30 egun natural baino gehiago. Aurreko kasuetan, murriztapena eskatzeko, 30 egun naturaleko epea izanen da, adierazitako egoera horietako batean 30 egun natural jarraituko epea igaro eta biharamunetik hasita.

2. artikulua. Kenkaria izan dezaketen kuotak itzultzea bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen diren subjektu pasiboei.

1. Martxoaren 8ko 83/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 20. artikuluan ezarritakoa gorabehera, subjektu pasiboak bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen direnean, zergaren araubide erraztuan tributatzen dutenean eta aipatutako erregelamenduaren 20.3 artikuluko 2. eta 3. puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean, baldin eta zergaren kuota kengarriak jasan badituzte jarduera horiei lotutako garraiobideak eskuratzegatik, kuota kengarri horiek itzul daitezela eska dezakete garraiobidea eskuratu ondoko hilabeteko lehendabiziko 20 egun naturaletan, zerga arloan eskudun den departamentuaren titularrak ezartzen duen moduan.

Aurreko paragrafoko garraiobideak, salgaien errepide-garraioan aritzen diren subjektu pasiboek eskuratu dituztenak, N1 kategorian egonen dira eta 2.500 kiloko baimendutako gehieneko masa izanen dute gutxienez, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/858 (EB) Erregelamenduaren 4.1.b) artikuluko N2 eta N3 kategorietan.

2. Artikulu honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko subjektu pasiboei, baldin eta aipatutako kuota kengarriak jasotzen badituzte kasuan kasuko aitorpen-likidazioetan, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.C) artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoarekin.

3. artikulua. Betebehar formalak.

1. Araubide erraztuari atxikitako subjektu pasiboek jasotako fakturen erregistro liburu bat eraman behar dute, non jasoko baitituzte ondasunen eta zerbitzuen eskurapen eta inportazioei buruzko fakturak eta dokumentuak, baldin ondasun eta zerbitzu haiengatik zerga jasan edo ordaindu bada eta ondasun eta zerbitzu horiek erabiltzekoak badira araubide berezi hori aplikagarri duten jardueretan. Erregistro liburu horretan jaso beharko dira, behar bezala bereizita, 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B) eta C) artikuluan aipatzen diren aktibo finkoen inportazioak eta eskurapenak, eta, halaber, azken horiei dagokienez, erregularizazioak egiteko behar diren datu guztiak, erregularizaziorik egin behar bada.

Subjektu pasiboek araubide erraztua aplikatzekoa ez duten beste jarduera batzuk egiten dituztenean, jaso beharko dituzte, behar bezala bereizita, jardueraren sektore bereizi bakoitzari dagozkion eskurapenen fakturak.

Subjektu pasiboak araubide erraztuari atxikita badaude diru-sarreren bolumenaren araberako indize edo moduluak dituzten jarduerak egiteagatik, erregistro liburu bat ere eraman beharko dute, jarduera horietan egindako eragiketak jasotzeko.

2. Araubide honi atxikitako subjektu pasiboek gorde egin beharko dituzte aplikatutako indizeen edo moduluen egiaztagiriak.

4. artikulua. Uko egiteak eta errebokatzeak.

1. Araubide berezi erraztua 2022. urtean aplikatzeari uko egiteko epea, baita ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko hori errebokatzekoa ere, hasiko da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2022ko martxoaren 31n.

Dena dela, Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren paragrafoari jarraikiz, uko egin zaiola ulertuko da, orobat, baldin eta araubide orokorra aplikatuz ondorioak sortuko dituen urte naturalaren lehen hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioa epearen barruan aurkezten bada. Jarduera hasia bada, uko egin diola ulertuko da, halaber, jarduera hasi ondoren subjektu pasiboak aurkeztu behar duen lehenbiziko aitorpena aurkezten bada araubide orokorra aplikatuz dagokion epearen barruan.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren paragrafoan ezarritakoa kenduta, ukoak eta errebokatzeak tributuen arloan eskumena duen departamentuak horretarako onetsitako F-65 eredua betez eginen dira.

Xedapen iragankor bakarra.–Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua 2022an aplikatzea.

Salgaien errepide-garraioko jarduera garatzen duten subjektu pasiboek 2022an aplikatuko dute, uko egiten dutenean izan ezik, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erraztua, 2021ean ez badituzte gainditu Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 24ko 30/2020 Foru Aginduaren 3.1 artikuluan jarduera horretarako ezarritako mugak. Foru agindu horren bidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua garatzen dira 2020. urterako.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022. urterako izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 3an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2200065